Sareak

☉ Etxebarri

Oier Asla: “Durangoko Azoka kultur plazarik nagusiena da, eta gure diskoa bertan aurkeztea ikaragarria da”

Asla musika taldeak bere lehen diskoa argitaratu du azaroan: ‘Nire eguzkia’. Durangoko Azokan aurkeztuko dute, abenduaren 10ean. Oier Asla taldeko kidearekin berba egin dugu.

|

Oier Asla, Asla taldeko kidea // Geuria

Musikak betidanik hartu du bere bizitzaren zati garrantzitsu bat Oier Asla etxebarritarrarentzat (Bilbo, 1978). Gaztea zenean hasi zen gitarra jotzen eta Maldan taldean izan zituen hastapenak. Beste talde batzuen bertsioak abestu ditu, bere abesti propioak konposatu ditu eta gaur egun Asla taldean aritzen da. 2016an sortu zuen taldea eta gaur egun bost kidek osatzen dute: Oier bera, Gurutze, Danel, Asier eta Andres. Pop-rocka egiten dute eta azaroan publikatu dute euren lehen diskoa, ‘Nire eguzkia’. Durangoko Azokan aurkeztuko dute diskoa: abenduaren 10ean Plateruenan.

‘Nire eguzkia’ lehen diskoa kaleratu berri duzue Asla taldekoek.
Bai. Azaroa bukaeran kaleratu dugu gure lehen diskoa, ‘Nire eguzkia’. Benetan oso pozik gaude emaitzarekin. Diskoaren prozesu guztia nahiko luzea eta gogorra izan da. Arazo asko izan ditugu eta nahi genuena baino gehiago luzatu egin da prozesua. Hala ere, oztopoak oztopo, oso emaitza ona aterako dugu. Oso pozik gaude egindako lanarekin.

Durangoko Azokan izango zarete eta gainera Plateruenan aurkezpen kontzertua emango duzu. Aukera ezin hobea ezagutzera emateko, ezta?
Oso berezia, bai. Taldekide guztiontzat oso berezia. Ni pertsonalki urtero joaten naiz Durangoko Azokara eta Ahotsenean kontzertu ugari entzun izan ditut. Argi dago Euskal Herriko kultura plazarik nagusiena dela, eta bertan gure diskoa aurkezteak kriston ilusioa eragiten digu. Plateruenan kontzertua emango dugu abenduaren 10ean, larunbatez, 13:20etik 13:50era.

Danel, Andres, Gurutze, Asier eta Oier dira Asla taldea // Utzitakoa

Hamar abesti biltzen ditu diskoak. Zer helarazi nahi duzue abestiekin?
Hamar abesti daude eta denak musikalki desberdinak dira. Eta, noski, letrak ere desberdinak dira elkarren artean. Diskoaren abestietan istorio pertsonalak eta gai sozialak nahasten ditugu. Anitza da diskoa. ‘Nire eguzkia’ abestiak, adibidez, istorio pertsonal bat dauka atzetik eta abesti honek izena ematen dio diskoari. Bestetik, gai sozialak ere jorratzen ditugu. Esaterako, abesti bat daukagu gerraren aurkako letrarekin.

‘Nire eguzkia’ abestiak istorio pertsonal bat islatzen duela diozu.
Bai. Nire aita 2016. urtearen bukaeran hil egin zen minbiziak jota. Nahi gabe eta bilatu gabe, handik hilabete batzuetara abesti bat konposatu nuen bere omenez. Barrutik atera zitzaidan, Gurutzeri gustatu zitzaion eta hunkitu egin zen. Orduan, abesti hori lantzen hasi ginen, eta, behin banda osatuta, erabaki genuen abesti hori diskoan sartzea eta nire aitari omenaldi moduan diskoari ‘Nire eguzkia’ izena jartzea.

Taldearen izenak ere zure abizena du: Asla.
Hala da. 2016an sortu nuen Asla proiektua. Bakarlari bezala hasi nintzen, eta nire amaren abizena jarri nion proiektuari. Bakarlari izatetik orain talde bat gara, baina izena mantentzea erabaki genuen. Laburra da izena, originala, erraz esateko… Orduan mantentzea erabaki genuen. Azken finean, proiektu pertsonal bezala abiatu zen Asla, baina gainontzeko taldekiderik gabe ezinezkoa izango zen hau aurrera ateratzea. Nire abizena taldearen izena izan arren, banda bat gara. Lauroba taldean ere gauza bera gertatu zen. Hasieran, Lauroba anaiak zeuden, baina gero taldekide berriak batu ziren proiektura, eta hala ere, taldearen izena mantendu zuten. Hau antzeko zerbait izango litzateke. Azken batean abestiak denon artean landu ditugu eta banda moduan funtzionatuko dugu.

Hamar abesti eta denak euskaraz. Euskarak ahotsa behar du?
Bai, noski. Niri berez ateratzen zaidan gauza bat da. Euskara nire hizkuntza da eta euskaraz sortzen ditut abestiak. Orain modan jarri da eta jendeari gustatzen zaio hizkuntzak nahastea… Nik oso argi daukat euskaraz egin behar nituela abestiak.

Oier Aslarekin batu gara Etxebarrin eta solasaldia izan dugu berarekin // Geuria

Zeintzuk dira lehen disko berri honen inguruan dituzuen espektatibak?
Gu ez gara talde gazte bat, baina nolabait hasi berriak gara lehen diskoa atera dugulako. Agian ez dugu egiten modan dagoen musika estiloa. Beraz, ez dugu inolako espektatiba handirik egiten. Espero dugu diskoak onarpen eta harrera ona izatea, kontzertuak eman ahal izatea baldintza duinetan eta denok disfrutatzea. Ez dugu espektatibarik jarri nahi, bestela gauza oso zaila jartzen da. Egunean egunekoa bizitzen joango gara.

Musika estiloa aipatu duzula, nola definituko zenuke Asla Taldea?
Orokorrean, pop-rockaren barruan mugitzen garela esango nuke, baina abesti nahiko desberdinak ditugu eta abesti bakoitzak bere istorioa du. Batez ere, doinuei eta ahotsei ematen diegu garrantzia. Gitarrak ere garrantzia dauka gure taldean.

Kontzertuak egin nahi dituzuela ere aipatu duzu.
Bai. Eta non baino, ametsetako kontzertua izango litzateke publikoa entregatuta dagoen kontzertu bat. Musika entzuten, zurekin abesten eta zurekin gozatzen. Hori garrantzitsuagoa da lekua baino. Publikoarekin konexioa sortzean, hori izan liteke nire ametsetako kontzertua.

Zer da musika zure bizitzan, Oier?
Txikitatik beti nirekin egon den zerbait da musika. Aita oso musikazalea zen. Orduan, etxean edo autoan edozein lekutara joaten ginenean beti zegoen musika jarrita. Azken finean, bizitzako beste parte bat izan da niretzat musika. Egun, nire bizitzaren parte oso garrantzitsua da: musika egiteaz gain, kontzertuetara joaten naiz eta musika asko entzuten saiatzen naiz.

Noiz hasi zinen musikaren munduan murgiltzen?
Apur bat trastetzen hasi nintzen institutuko bigarren edo hirugarren mailan, aitak gitarra jotzen zuelako. Eta, hasieran, betikoa, etxean daukazu eta ez diozu kasu handirik egiten. Gero, poliki-poliki hasi ginen trastetzen anaia eta biok, baina ez oso serio. Serioskiago unibertsitateko lehenengo edo bigarren urtean hasi nintzen gitarrarekin.

Beste euskal-taldeen bertsioak abesten hasi zinen. Zeintzuk dira zure erreferenteak?
Erreferenteak baino, gustukoak. Estilo ezberdinak entzuten ditut, baina euskal musikan oso presente egon dira nire gaztaroan Su Ta Gar baita Berri Txarrak ere. Talde asko aipatu ditzaket. Kerobia ere oso gustuko izan dut, baina zerrenda oso luzea da egia esan.
Horrez gain, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), kriston gitarjole ona dela iruditzen zait. Oso-oso ona. Agian ez da erreferente bat niretzat bere musika estiloa egiten ez dudalako, baina gitarjole moduan asko gustatzen zait.

Zure lehenengo kontzertuaz galdetuko banizu.
Unibertsitateko lehenengo urteetan talde bat sortu nuen nire anaiarekin eta institutuko beste lagun batzuekin. “Maldan” deitzen zen taldea eta hiru urte inguru egon ginen jardunean. Maketa bat atera genuen, lokalean grabatutakoa eta hogei bat kontzertu egin genituen. Nire lehenengo kontzertua Maldan taldearekin izan zen, Bilborocken.

Bilboko Aste Nagusian edo Bira kultur gunean jo duzu, besteak beste. Zein izan da zuretzat kontzerturik bereziena?
Larrabetzuko Gaztetxean emandakoa adibidez oso polita izan zen. Ugaoko Jane Jauregian egindakoa ere ederra izan zen.

// Geuria

Maldan desegin eta gero, kontzertu parte-hartzaileak eta bertsioak egiten hasi zinen. Gero, Gurutze Etxebarriarekin egin zenuen topo eta elkarrekin abesten egon zineten.
Asla bezala nik bakarrik eman nuen lehen kontzertua 2016an, baina berehala Gurutze Etxebarria elkartu zen nirekin eta biok batera kontzertu ugari eman ditugu 2020ra arte. Gurutzek asko eman dit, dudarik gabe. Azken batean hasieran ni bakarrik nengoen gitarrarekin eta niretzat ahotsa oso inportantea da. Gurutzek oso ahots ona du, eta berarekin beste maila batera pasa ginen.

Gaur egun bost kidek osatzen duzue Asla taldea, eta horrek ere hobetuko zuen taldea bera, ezta?
Hala da. Danel Marinek (bateria eta perkusioa), Asier Bardezik (baxua), Andres Tejok (gitarra), Gurutze Etxebarriak (ahotsa) eta nik neuk (ahotsa eta gitarra) osatzen dugu Asla taldea. 2020an Danel batu zen taldera eta berarekin hasi ginen abesti berriak lantzen. Gero etorri ziren Asier eta Andres. Boskote izateak ere hobetu egin du taldea bera, noski.

Taldekide gehienak Etxebarrikoak zarete.
Bai. Danel, Andres eta hirurok Etxebarrikoak gara, Gurutze Zeanurikoa da eta Asier Zallakoa. Etxebarrin entsaiatzen dugu, bertan daukagun lokal batean.

Bertsioak eta bakarrik abestetik, taldean abestera. Nola izan zen salto hori?
Nik abestiak konposatzen nituen, eta Maldan taldea desegin eta urte batzuetara bertsioak egiten hasi nintzen. Urte asko eman nituen bertsioak egiten, baina nire abestiak berriro azaleratzeko gogoa sortu zitzaidan. Orduan, 2016an ausartu nintzen eta nire kantak abesten hasi nintzen berriro, nire gitarraz lagunduta. Gustura nengoen eta erabaki nuen aurrera egitea ibilbide horretan.

Eta orduan Gurutze eta gainontzekoak batu zitzaizkizun.
Bai. Abesti propioak banituen, baina nire abestiek eskatzen zuten banda formatuan jotzea. Eta hori beti izan da nire ametsa: jendea bilatu, banda osatu eta beste eremu batera eramatea abestiak. Betidanik izan dut helburu hori eta gaur egun betetzen ari dela esan dezaket, poz-pozik.

Zeintzuk dira zuen erronkak 2023rako?
‘Nire eguzkia’ diskoa azaroa bukaeran argitaratu dugu. Diskoaren aurkezpen bira txiki bat prestatu nahi dugu eta kontzertuak lotu. Gero, ahalik eta leku gehienetan diskoa aurkeztea, eta kontzertuetan disfrutatzea. Apurka-apurka erronka berriak joango dira azaleratzen. Adibidez, ez dugu astirik izan bideoklip bat lantzeko eta beste erronka bat izan daiteke hori.

☉ Etxebarri

#M28 | Etxebarriko EAJk kultur etxe berria eraiki gura du Bekosolon

Aipatutako proposamenen artean garrantzi handia eskaini diote gizarte politikako proposamenei eta adinekoen jardueretarako aurrekontua eta baliabideak handitzea horien artean ageri da

|

Etxebarri // Geuria

Hauteskundeen atarian, Etxebarriko jeltzaleen alderdiak euskara eta kulturaren aldeko apustua egin du gazteek sortutako edukiez osatutako udal irrati bat sortuz eta Euskaltegidun kultur etxe bat eraikiz Bekosolon.

Gainera, aipatutako proposamenen artean garrantzi handia eskaini diote gizarte politikako proposamenei eta adinekoen jardueretarako aurrekontua eta baliabideak handitzea, zaintzaileen lan-poltsa sortzea edo itzuli beharrik gabeko partida ekonomiko berria sortzea ageri dira 135 puntuz osatutako programan.

Proposamen deigarriak

Hirigintza

– Kultur etxe berria eraikitzea Bekosolon. Areto balioaniztuna izango du zinema/antzerkia emateko, estudioko gelak, erabilera anitzeko aretoak, euskaltegia eta udal liburutegi berria jarriko dira
– Kirol anitzeko instalazio ireki bat egiteko inbertsioa egitea, estalki eta aldagelekin, Metacal zaharraren lurretan
– Bekosoloko kirol anitzeko zelaia eta petanka-jokoen gunea birmoldatzea
– Zintururiko futbol-zelaiko zorua hobetzea, ur-putzuak saihesteko

Gizarte politika

– Adinekoen jardueretarako aurrekontua eta baliabideak handitzea
– Elikagai galkorrak entregatzeko laguntza % 30 handitzea
– Zaintzaileen lan-poltsa sortzea
– Itzuli beharrik gabeko partida ekonomiko berri bat sortzea, beharra duten familiei edo hirugarren adineko pertsonei Etxebarriko lan-poltsaren zaintzaileak kontratatzen laguntzeko
– Bullying-a pairatzen duten eta pairatu duten familiei eta gazteei laguntzeko unitatea sortzea

Inklusibitatea

– Komun inklusibo bat ipintzea Etxebarriko kiroldegian eta beste bat Elkartegunean

Berdintasuna

– Berdintasuna sustatzeko jarduerak sustatzea: aurkezpenak, zineforuma, hitzaldiak udalerriko elkarteekin batera
– Berdintasunaz sentsibilizatzeko kanpainak abiaraztea

Mugikortasuna

– Etxebarribusaren doakotasuna ezartzea Gizatrans paseetan

Kultura

– Euskara, kultura, merkataritza eta ostalaritza sustatzeko udal irratia sortzea, Etxebarriko gazteek sortutako edukiekin
– Jaietarako aurrekontuaren % 50eko igoera
– Eskualdeko musika taldeentzako maketa lehiaketa sortzea
– Bizkaiko Trikitilari Gazteak txapelketaren antolaketa

Kirola

– Goitibeherak lehiaketa antolatzea Inertziako Kirol Federazioarekin batera

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

#M28 | Etxebarri | Herriaren Ahotsa beti indartsu

#M28 | Etxebarri | Udal hauteskundeak 2023 | Emaitzak. Hautagaiak, alderdiak, boto kopurua, zinegotziak, datu historikoak, aurreko hauteskundeak.

|

Duela 30 urtetatik LVP (Herriaren Ahotsa) alderdia dago agintean Etxebarrin, herritarren plataforma. Aurten Iker Lopezek ordezkatuko du Loren Oliva alkategai bezala. EAJren hautagaia Eneko Lekue da, egungo alderdi jeltzaleko bigarrena. EH Bilduren hautagaia Ane Etxebarria da, aurpegi berria alderdian. PSEn Iñaki Martínez aurkeztuko da berriro eta PPk Luis Miguel Arroyo hautatu du.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarri BHIk STEAM Euskadi Sarien bigarrena jaso du “Galaxiaren Zaindariak” proiektuarekin

Etxebarriko institutua 80 ikastetxe baino gehiagoren artean nagusitu eta 2.000 euroko saria jaso du STEAM Eukadi sarien hirugarren edizioan

|

Ainhoa Artesano, STEAM saria jasotzen // Etxebarri BHI

Etxebarriko BHIko institutuko DBHko 3. mailako ikasleek III. STEAM Euskadi lehiaketako bigarren saria jaso dute Ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak kategorian, klima aldaketaren inguruko lan osotu batekin. 4. mailako ikasleek 2.000 euroko saria jaso dute Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren eskutik. Sailburuarekin batera, Hezkuntza Begoña Pedrosa sailburuordeak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak ere hartu dute parte ekitaldian.

“Pozarren pozez gaude jaso dugun sari berezi hau jaso izanagatik”, azaldu dio Ainhoa Artesano Etxebarri BHIko zuzendariak GEURIA komunikabideari. Artesanoren arabera, DBHko ikasleek ez zuten espero saririk irabaztea: “Ikastetxe ugarik hartu dute parte lehiaketan eta irabaztea ez zegoen gure aukeren artean, egia esateko”, azaldu du harrituta institutuko irakasleak. Euskadiko STEAM sarien hirugarren edizio honetan 80 ikastetxe baino gehiagok hartu dute parte.

“Bigarren sariaren ostean izen handiko ikastetxe pribatuen izenak ikusi ditugu eta hori benetan garrantzitsua da Etxebarriko insititutu publikoarentzat”

“DBHko ikasle eta irakasleak oso ekintzaileak dira eta benetan harro gaude lorpen honengatik”, dio Artesanok. “Bigarren sariaren ostean izen handiko ikastetxe pribatuen izenak ikusi ditugu eta hori benetan garrantzitsua da Etxebarriko insititutu publikoarentzat”.

STEAM sariak // Etxebarri BHI

Galaxiaren zaindariak

Etxebarri BHIko ikasleek erronka zehatz bati erantzun diote Disneyko izen bera daraman ‘Galaxiaren Zaindariak’ tituludun proiektuarekin: estralurtar batzuk ikastetxearekin harremanetan jarri dira lur planetaren egoera ezagutzeko. Ikasleek diagnostiko bat egin eta klima-aldaketak Etxebarrin duen eragina aztertu dute.

Bost irakasgaitan landu dute azterketa hori: fisika eta kimika (CO2arekin lotutako laborategiko praktikak); bio-geo (klima-aldaketaren ondorioak); matematika (CO2 kontzentrazio-grafikoak eta tenperatura-balioak egitea eta interpretatzea); teknologia (energia berriztagarriei buruzko 3D maketa bat eta sentsoredun estazio meteorologiko bat egitea); arteak (proiektuaren ondorioz sortu den mezuaren leloa eta irudia diseinatzea).

Sariak Hezkuntza Sailaren STEAM Estrategiaren barruan kokatuta daude, eta zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arteei eta giza zientziei lotuta– bultzatzea dute helburu eta STEAM hitzak  Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics esan gura du, inglesez.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarriko San Antonio jaiek 60 ekitaldi baino gehiago ekarriko dituzte ekainean

Aurten oilar-jokoa, gazteentzako hirugarren egun bat eta orgen desfile dibertigarria bezalako berritasunak ikusiko dira jaietan, eta Play Back lehiaketaren itzuleraren lekuko izango dira auzotarrak

|

Auzotarrak, San Antonioko 2022ko jaietan // Geuria

Ekainaren 9tik 18ra ospatuko dituzte Etxebarriko San Antonioko jaiak eta, 60 jai-ekitaldi baino gehiago prestatu ditu San Antonioko Jai Batzordeak “san antoniotar guztiek gozatzeko, eta haiekin batera jai-giroaz gozatu nahi duten guztientzako”. Programa ofiziala faltan, honako aurrerapena egin dute Jai Batzordetik.

Aurtengo jaiak berritasunekin etorriko direla aurreratu dute: oilarren borroka, gazteentzako hirugarren egun bat, orgen desfile dibertigarria, edo Play Back lehiaketaren itzulera. “Azken bi jarduera horietan originaltasuna eta jatortasuna erakutsi beharko dute koadrilek ”, azaldu dute batzordetik.

“Kalejiran eta Play Back lehiaketan originaltasuna eta jatortasuna erakutsi beharko dute koadrilek”

Txupinazoan eta jaien amaieran bestelako sorpresak egongo direla aurreatu dute, “aurten ukitu desberdina, dibertigarria eta bereziarekin”. Hala ere, gauza batzuk beti bezala mantenduko dituzte: jaiak karparen azpian auzo oso bat biltzen duen Flying Free mitikoarekin amaitzea.

Zintururi, 2022ko jaietan // Geuria

Erritmoa galdu barik

Urtero lez, gastronomiak leku pribilegiatua izango du jaiegun guztietan zehar bere lehiaketa gastronomiko mitikoekin. Koadrilek Zintururi guztia kolorez eta sukaldaritzako artez betetzen dute eta gazteenetatik hasi eta beteranoenetaraino, ekitaldi honetan parte hartzea “benetan garrantzitsua” dela azpimarratu dute jai batzordetik.

Dantzaldiak, gurdien igoera, zezen sua, puzgarriak eta tailerrak, gynkana, herri-bazkaria… makina bat ekitaldi prestatu dituzte jaiegun guztietan erritmoa ez galtzeko: “San Antonioko jai batzordetik gonbidatzen zaituztegu gure nortasun zigilua definitzen duten egun hauek topera goza ditzazuen”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

#M28 | Etxebarriko LVPk Santa Anako blokeetako etxebizitzak gazteentzako alokairu partekatuak eta txandakakoak egitea proposatu du

La Voz del Pueblo plataformako ordezkarien arabera, gazteei zuzendutako etxebizitzaren inguruko proposamenak “ahalegin ekonomiko handia” ekarri duela azaldu dute

|

Loren Oliva Etxebarriko alkatea eta Iker López Hirigintza alkateordea // Geuria

Maiatzaren 28ko Udal hauteskundeei begira, etxebizitzaren alorreko proposamena luzatu dute La Voz del Pueblo (LVP) plataformatik: “Etxebizitza ez da Etxebarriko Udalaren eskumen zuzena. Gobernuan gaudenetik, babestutako 1.000 etxebizitza baino gehiago sustatu ditugu”, nabarmendu dute.

Auzotarren plataformaren asmoa da etxebarritarrei zuzendutako Begiratoki proiektuko babes ofizialeko 60 etxebizitza eta 35 etxebizitza tasaturen zozketa aurten bertan egitea da, baina ez hori bakarrik: Santa Ana inguruan 21 etxebizitza erostearen aldeko apustua egin du LVPk: “Etxebizitza gehienak logela bakarrekoak izango dira, alokairuan, eta etxebarritar gazteei zuzendutakoak”, azaldu dute plataformako ordezkariek, eta 35 urte bete arte eskuratu ahal izango dituzte etxebizitza horiek interesdunek.

“Ahalegin ekonomiko handia suposatuko du horrek, jabetza Udalarena izango baita”, azpimarratu dute LVPtik. Eusko Jaurlaritzak Udalak doan utzitako lurzoruan alokairuan eraikitzen dituen etxebizitzak etxebarritarrei esleituko zaizkie lehenik eta behin. Lehenengo bizilagun horiek etxebizitzaz aldatzen direnean, Eusko Jaurlaritza da, bere lehentasunen arabera, etxebizitza horiek berriro ere esleituko dituena”.

Eguzkilore Fundazioak kudeatutako etxebizitzak hobetzea eta horiek aldi batean gazteentzako txandakako alokairuko programa pilotu baterako aprobetxatzea dira gazteen emantzipazioa bultzatzeko beste proposamen batzuk.

Osorik irakurri