☉ Etxebarri
Alain Celaá etxebarritarrak egindako kartelak iragarriko ditu San Antonioko jaiak

Ekainaren 10etik 19ra bitartean izango dira San Antonioko jaiak, Etxebarrin. Oraindik egitaraua ez dute publiko egin, baina ospakizun egunak heldu bitartean, jaietako kartel lehiaketa martxan jarri zuen Jai Batzordeak martxoan. Atzo bertan lehiaketaren irabazlearen berri eman zuten sare sozialetan: Alain Celaá Murillo etxebarritarra izan da irabazlea. 150 euroan baloratutako gastronomia-bonua eta esperientzia-kutxa jasoko ditu Celaák.
“Erabakia ez da batere erraza izan, baina azkenean Alainen kartelak irabazi du kartel lehiaketa. Zorionak lehiakide guztiei eta eskerrik asko parte hartzeagatik”, diote Jai Batzordetik. Parte hartu duten kartel guztiak San Antonioko jaien programa fisikoan agertuko dira, eta ekainaren 11n Batzordearen txosnan jarriko dituzte, “putxeren lehiaketa gastronomikoan”.
San Antonioko jaiak 2022
Kartel lehiaketa
Irabazlea: Alain Celaá Murillo

☉ Etxebarri
Goma gaineko Bizkaiko txapelketa jokatuko da Etxebarrin azaroaren 29an

Bizkaiko Goma gaineko Sokatira txapelketa jokatuko da azaroaren 29an Etxebarrin.
Frontoian izango da 18:30ean eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak lehiatuko dira.
Abadiño, Gaztedi, Goiherri eta Forua taldeak dira lehiatuko direnak, 8×8 mistoa 580 kiloko kategorian.
Herri Kirol Federazioak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.
☉ Etxebarri
San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte Etxebarrin eta aldi baterako murrizketak iragarri ditu Udalak
Lehen fasean etorbideko zenbaki bikoitien aparkalekuak desgaitu dituzte eta bigarren fase batean zenbaki bakoitietan egingo dituzte obrak

Etxebarriko San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea guztiz eraldatzeko eta herritarrentzat irisgarriagoak, seguruagoak eta atseginagoak bihurtzeko lanetan murgilduta dabil Udala.
Birmoldaketa horri esker aparkaleku-sistema berrantolatuko dute —bateriatik lineara—, aparkaleku berriak jarriko dituzte, espaloiak zabalduko dituzte eta eliza ondoko autobus geltokiaren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetuko dute.
Obrak udan hasi zituen Ansareo enpresak eta dagoeneko Barrondo kalean egin behar zituzten lanak amaitu dituzte. Eta, behin lan horiek bukatuta, San Esteban etorbidean esku hartzen hasi dira aste honetan.
Lan berri hauek faseka burutuko dituzte. Hasteko, San Esteban etorbideko zenbaki bikoitietan jardungo dute eta, hortaz, bertako aparkalekuak desgaitu dituzte eta edukiontziak lekualdatu dituzte. Ondoren, zenbaki bakoitietan esku hartuko dute.
“Obrak egiten diren bitartean aldi baterako murrizketak egingo zaizkio oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari, esku-hartzearen fase bakoitzari egokituta. Hala ere, etxebizitza, garaje eta saltokietarako behin-behineko sarbidea bermatuko da”, zehaztu dute udal ordezkariek: “Udalak herritarren laguntza eskatzen du, baita kaltetutako eremuetan kontu handiz ibiltzeko ere”.
Etxebarriko Udalak guztira 564.000 euro bideratuko ditu eraldaketa integral honetara. Aurreikuspenen arabera, urte berriko lehen hiruhilekorako amaituko dituzte lanak.
☉ Etxebarri
Garagardotegi Eguna antolatuko du lehen aldiz San Antonioko Jai Batzordeak

San Antonioko Jai Batzordeak lehenengo Garagardotegi Eguna antolatuko du azaroaren 29an, larunbatez.
Kuadrillen arteko poteoa eta bazkaria izango dira egun horretan, eta Jai Batzordetik aurreratu dutenez, bazkaria Basauriko Txakoli Iñaki Garagardotegian izango da.
“Adi! Etorri Garagardotegi Egunera zure kuadrillako jantziarekin!”, animatu dituzte herritarrak Jai Batzordeko ordezkariek.
☉ Etxebarri
Etxebarrik zortzi pertsona kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko
Profil desberdinetako lanpostuak beteko dituzte eta hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko interesdunek Lanbiden eman behar dute izena azaroaren 18a baino lehen

Langabezian dauden zortzi pertsona kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak sei hilabetez lan egiteko % 75eko lanaldian.
Zehazki profil hauek dira kontratatuko dituztenak: bi agente zibiko Udaltzaingoarekin elkarlanean bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko; bi administrari-laguntzaile; bi komunikazio-dinamizatzaile; datu-baseetako analista bat; eta biltegiko laguntzaile bat.
Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, Lanbideren webgunean lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena eman behar dute interesdunek. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 18ra arte.
“Lanpostuak sortzeaz gain, enplegua sustatzeko tokiko ekintza horien helburua partehartzaileen inklusioa, prestakuntza eta egonkortasuna bultzatzea da”, diote udal ordezkariek.
Etxebarriko Udalak 89.500 euro bideratuko ditu 2025-2026 Enplegu Planera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak sustatutako dirulaguntzari esker.
☉ Etxebarri
Mendi irteera antolatu du Arpelak Etxebarrin, Alberto Lago ipuin kontalariarekin

Arpela Euskaltzaleen Elkarteak mendi irteera antolatu du azaroaren 9an.
Santa Marina ospitale zaharra, Iturritxualdeko lubakiak eta askaldia eta Leon askaldia bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.
Sei kilometroko ibilbidea izango da eta Alberto Lago ipuin kontalariak parte hartuko du.
Interesa dutenek izena eman behar dute; QR kodea udal webgunean dago.








