☉ Etxebarri
San Esteban etorbidean “eraldaketa integrala” egingo du Etxebarriko Udalak
Aparkaleku-sistema aldatzea, espaloiak zabaltzea eta eliza ondoko autobus geltokia hobetzea dakar birmoldaketak. Barrondo inguruan ere aparkalu berriak eraikiko dituzte

Etxebarriko bide nagusiak eraldaketa handia jasango du hemendik hilabete batzuetara. San Esteban etorbidearen eraldaketa integrala egingo du Udalak: oinezkoentzako espazio gehiago izango ditu eta autobus-geltoki berritua.
Obrak dagoeneko esleitu ditu Udalak eta birmoldaketa integral horretan barruan, San Esteban etorbideko aparkaleku-sistema aldatuko dute. Gaur egun atari bikoitien aldean ibilgailuek baterian aparkatzen dute, eta eraldaketarekin, linean aparkatuko dute.
Horrek esan nahi du aparkaleku kopurua murriztuko dutela kalearen alde horretan: gaur egun 20 ibilgailuk aparka dezakete, eta eraldaketarekin zazpi izango dira kalearen alde horretan aparakatuko dutenak. Zamalanetarako aparkalekuak mantendu egingo dituzte.
Ibilgailuak linean aparkatzeak beste aldaketa bat dakar: espaloiak zabaltzea. “Modu horretan, oinezkoak erosoago ibiliko dira”, diote udal ordezkariek.

Autobus-geltokia horrela egongo da kokatuta, obra eta gero // Etxebarriko Udala
Eta, beste aldaketa nabarmen bat izango da San Esteban kaleko autobus-geltokiari dagokiona; elizaren ondoan dagoena, alegia. Haren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetzeko, autobus geltokia errepideko eskumako erreietik baztertu egingo dute; hau da, plazaren zati bat hartuko du getoki berriak.
Aparkalekuak kendu; berriak jarri
San Esteban etorbidean aparkaleku kopurua murriztu egingo dute esku hartze horrekin, baina Udalak irtenbide bat emango dio ezabapen horri. Izan ere, Barrondo eta Amama eta Aititen kaleen elkargunean aparkaleku berri bat eraikiko dute.
Aparkaleku horrek 25 plaza izango ditu (San Esteban etorbidean 13 plaza kenduko dituzte), mugikortasun urriko pertsonentzat (MMP) egokitutako aparkaleku bat barne.

San Esteban etorbideko eta Barrondoko eraldaketako planoa // Etxebarriko Udala
“Gune berri horrek San Esteban etorbidean ezabatutako plazak konpentsatzeaz gain, inguru horretan aparkatzeko guztizko edukiera handituko du”, diote udal ordezkariek.
Duela sei urte, 2019ko maiatzean, aparkalekua eraikiko duten eremu horretan “600 metro karratuko berdegunea” egokitu zuen Udalak, eta urtebete geroago, 2020ko maiatzean, 21 zuhaitz landatu zituzten bertan. Obrarekin, berdegune hori Udalak aparkaleku bihurtzeko zementatuko duela salatu dute zenbait herritarrek.
Eraldaketa integralaren bitartez, Barrondo kalea “oinezkoentzako plataforma jarraitua” bihurtuko dela diote udal arduradunek, “Egetiaga Uribarri kalean egindakoaren antzekoa”. “Bertan, galtzada eta espaloiak maila berean egongo dira, irisgarritasun unibertsala bultzatuz eta oinezkoen joan-etorriari lehentasuna emanez”, diote.
Lanak apirila, maiatza eta ekaina bitartean hastea aurreikusi dute udal ordezkariek, eta sei hilabeteko epean bukatuko dituzte. Hau da, 2026. urte hasierarako obra bukatuta egotea espero dute.
Udalak ANS enpresari esleitu dizkio San Esteban eta Barrondo kaleak birmoldatzeko obrak, eta inbertsioa 563.000 eurokoa izango da.
“Esku-hartze honen bidez, udalerriko bide garrantzitsu hauetan mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea bilatzen dugu, hazten ari den biztanleriaren beharretara egokituz eta oinezkoen joan-etorrietarako espazio atseginagoak sustatuz”, diote, eta horrela, hiri-espazioak modernizatzeko konpromisoa berretsi du Udalak, “herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten eta oinezkoen eta ibilgailuen erabileraren arteko oreka sustatuko duten proiektuen alde eginez”.
☉ Etxebarri
Goma gaineko Bizkaiko txapelketa jokatuko da Etxebarrin azaroaren 29an

Bizkaiko Goma gaineko Sokatira txapelketa jokatuko da azaroaren 29an Etxebarrin.
Frontoian izango da 18:30ean eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriak lehiatuko dira.
Abadiño, Gaztedi, Goiherri eta Forua taldeak dira lehiatuko direnak, 8×8 mistoa 580 kiloko kategorian.
Herri Kirol Federazioak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.
☉ Etxebarri
San Esteban etorbideko obrak faseka egingo dituzte Etxebarrin eta aldi baterako murrizketak iragarri ditu Udalak
Lehen fasean etorbideko zenbaki bikoitien aparkalekuak desgaitu dituzte eta bigarren fase batean zenbaki bakoitietan egingo dituzte obrak

Etxebarriko San Esteban etorbidea eta Barrondo kalea guztiz eraldatzeko eta herritarrentzat irisgarriagoak, seguruagoak eta atseginagoak bihurtzeko lanetan murgilduta dabil Udala.
Birmoldaketa horri esker aparkaleku-sistema berrantolatuko dute —bateriatik lineara—, aparkaleku berriak jarriko dituzte, espaloiak zabalduko dituzte eta eliza ondoko autobus geltokiaren funtzionaltasuna eta segurtasuna hobetuko dute.
Obrak udan hasi zituen Ansareo enpresak eta dagoeneko Barrondo kalean egin behar zituzten lanak amaitu dituzte. Eta, behin lan horiek bukatuta, San Esteban etorbidean esku hartzen hasi dira aste honetan.
Lan berri hauek faseka burutuko dituzte. Hasteko, San Esteban etorbideko zenbaki bikoitietan jardungo dute eta, hortaz, bertako aparkalekuak desgaitu dituzte eta edukiontziak lekualdatu dituzte. Ondoren, zenbaki bakoitietan esku hartuko dute.
“Obrak egiten diren bitartean aldi baterako murrizketak egingo zaizkio oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari, esku-hartzearen fase bakoitzari egokituta. Hala ere, etxebizitza, garaje eta saltokietarako behin-behineko sarbidea bermatuko da”, zehaztu dute udal ordezkariek: “Udalak herritarren laguntza eskatzen du, baita kaltetutako eremuetan kontu handiz ibiltzeko ere”.
Etxebarriko Udalak guztira 564.000 euro bideratuko ditu eraldaketa integral honetara. Aurreikuspenen arabera, urte berriko lehen hiruhilekorako amaituko dituzte lanak.
☉ Etxebarri
Garagardotegi Eguna antolatuko du lehen aldiz San Antonioko Jai Batzordeak

San Antonioko Jai Batzordeak lehenengo Garagardotegi Eguna antolatuko du azaroaren 29an, larunbatez.
Kuadrillen arteko poteoa eta bazkaria izango dira egun horretan, eta Jai Batzordetik aurreratu dutenez, bazkaria Basauriko Txakoli Iñaki Garagardotegian izango da.
“Adi! Etorri Garagardotegi Egunera zure kuadrillako jantziarekin!”, animatu dituzte herritarrak Jai Batzordeko ordezkariek.
☉ Etxebarri
Etxebarrik zortzi pertsona kontratatuko ditu sei hilabetez lan egiteko
Profil desberdinetako lanpostuak beteko dituzte eta hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko interesdunek Lanbiden eman behar dute izena azaroaren 18a baino lehen

Langabezian dauden zortzi pertsona kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak sei hilabetez lan egiteko % 75eko lanaldian.
Zehazki profil hauek dira kontratatuko dituztenak: bi agente zibiko Udaltzaingoarekin elkarlanean bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko; bi administrari-laguntzaile; bi komunikazio-dinamizatzaile; datu-baseetako analista bat; eta biltegiko laguntzaile bat.
Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, Lanbideren webgunean lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena eman behar dute interesdunek. Izena emateko epea zabalik dago azaroaren 18ra arte.
“Lanpostuak sortzeaz gain, enplegua sustatzeko tokiko ekintza horien helburua partehartzaileen inklusioa, prestakuntza eta egonkortasuna bultzatzea da”, diote udal ordezkariek.
Etxebarriko Udalak 89.500 euro bideratuko ditu 2025-2026 Enplegu Planera, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak sustatutako dirulaguntzari esker.
☉ Etxebarri
Mendi irteera antolatu du Arpelak Etxebarrin, Alberto Lago ipuin kontalariarekin

Arpela Euskaltzaleen Elkarteak mendi irteera antolatu du azaroaren 9an.
Santa Marina ospitale zaharra, Iturritxualdeko lubakiak eta askaldia eta Leon askaldia bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.
Sei kilometroko ibilbidea izango da eta Alberto Lago ipuin kontalariak parte hartuko du.
Interesa dutenek izena eman behar dute; QR kodea udal webgunean dago.









