☉ Etxebarri
#M28 / Etxebarriko EAJk kultur etxe berria eraiki gura du Bekosolon
Aipatutako proposamenen artean garrantzi handia eskaini diote gizarte politikako proposamenei eta adinekoen jardueretarako aurrekontua eta baliabideak handitzea horien artean ageri da

Hauteskundeen atarian, Etxebarriko jeltzaleen alderdiak euskara eta kulturaren aldeko apustua egin du gazteek sortutako edukiez osatutako udal irrati bat sortuz eta Euskaltegidun kultur etxe bat eraikiz Bekosolon.
Gainera, aipatutako proposamenen artean garrantzi handia eskaini diote gizarte politikako proposamenei eta adinekoen jardueretarako aurrekontua eta baliabideak handitzea, zaintzaileen lan-poltsa sortzea edo itzuli beharrik gabeko partida ekonomiko berria sortzea ageri dira 135 puntuz osatutako programan.
Proposamen deigarriak
Hirigintza
– Kultur etxe berria eraikitzea Bekosolon. Areto balioaniztuna izango du zinema/antzerkia emateko, estudioko gelak, erabilera anitzeko aretoak, euskaltegia eta udal liburutegi berria jarriko dira
– Kirol anitzeko instalazio ireki bat egiteko inbertsioa egitea, estalki eta aldagelekin, Metacal zaharraren lurretan
– Bekosoloko kirol anitzeko zelaia eta petanka-jokoen gunea birmoldatzea
– Zintururiko futbol-zelaiko zorua hobetzea, ur-putzuak saihesteko
Gizarte politika
– Adinekoen jardueretarako aurrekontua eta baliabideak handitzea
– Elikagai galkorrak entregatzeko laguntza % 30 handitzea
– Zaintzaileen lan-poltsa sortzea
– Itzuli beharrik gabeko partida ekonomiko berri bat sortzea, beharra duten familiei edo hirugarren adineko pertsonei Etxebarriko lan-poltsaren zaintzaileak kontratatzen laguntzeko
– Bullying-a pairatzen duten eta pairatu duten familiei eta gazteei laguntzeko unitatea sortzea
Inklusibitatea
– Komun inklusibo bat ipintzea Etxebarriko kiroldegian eta beste bat Elkartegunean
Berdintasuna
– Berdintasuna sustatzeko jarduerak sustatzea: aurkezpenak, zineforuma, hitzaldiak udalerriko elkarteekin batera
– Berdintasunaz sentsibilizatzeko kanpainak abiaraztea
Mugikortasuna
– Etxebarribusaren doakotasuna ezartzea Gizatrans paseetan
Kultura
– Euskara, kultura, merkataritza eta ostalaritza sustatzeko udal irratia sortzea, Etxebarriko gazteek sortutako edukiekin
– Jaietarako aurrekontuaren % 50eko igoera
– Eskualdeko musika taldeentzako maketa lehiaketa sortzea
– Bizkaiko Trikitilari Gazteak txapelketaren antolaketa
Kirola
– Goitibeherak lehiaketa antolatzea Inertziako Kirol Federazioarekin batera
☉ Etxebarri
Etxebarriko Euskaltegian izena emateko epea zabalik dago urriaren 3ra arte

Etxebarriko Euskaltegian matrikulatzeko epea zabaldu dute. Eskolak urriaren 3an hasiko dituzte eta aurrez aurrekoak zein online eskolak eskainiko dituzte, aurreko ikasturteetan egin bezala.
Izena emateko epea irailean zehar dago zabalik. Interesdunek etxebarrikoeuskaltegia.com webgunearen bitartez egin dezakete matrikula.
Bestela, Euskaltegiko bulego-ordutegia zabalik dago irailaren 30era arte 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara.
Ikasturte berriari begira, A1 eta A2 oinarrizko mailetako ikasleek eta C1 mailan komunikatzeko gaitasuna hobetu nahi duten 16 eta 18 urte bitarteko gazteek doan dute matrikulazioa.
Gainerako mailetan, Udalak tasa eskuragarria eskaintzen du, eta gainera, dirulaguntzak eskainiko ditu, “zati batean edo osorik matrikularen prezioa berreskuratzeko”, diote.
☉ Etxebarri
Lezama Legizamon jauregiaren birsortze birtuala egingo dute aurten Etxebarrin, Ondarearen Europako Jardunaldietan
Ondarearen Europako Jardunaldietan Lezama Legizamon penintsula eta jauregia gertutik ezagutuko dituzte herritarrek urrian

Ondarearen Europako Jardunaldien 25. edizioa antolatu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Ohi bezala, urrian izango dira eta, besteak beste, Etxebarrik bat egingo du ekimenarekin.
Aurten ondare arkitektonikoa izango da hizpide eta Etxebarriren kasuan, Lezama Legizamon penintsula eta jauregia gertutik ezagutuko dituzte herritarrek.
Zehazki, jauregiaren eta haren inguruaren bisita gidatua eta birsortze birtuala egin ahal izango dituzte herritarrek.
“Gaur egun industrialdeak okupatzen du penintsula eta proiektuak penintsulako egungo aireko irudiak konbinatuko ditu, jauregiaren kanpoko egoerari arreta berezia eskainiz, bai eta itxura historikoaren birsorkuntza birtuala ere”, diote udal ordezkariek.
Bisita gidatuak eta birtualak urriaren 25ean eta 26an antolatu dituzte. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta, eskatuz gero, zeinu-hizkuntza bermatuta egongo dela adierazi dute.
Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute 944 267 005 telefono zenbakira deituta edo kultura@etxebarri.eus helbide elektronikora idatzita.
☉ Etxebarri
Euskara ikastaroak diruz laguntzeko 10.000 euro bideratuko ditu Etxebarriko Udalak
2024-2025 ikasturtean egindako ikastaroetako laguntza eskatzeko epea zabalik dago irailaren 30era arte

2024-2025 ikasturtean aurrez aurreko euskara ikastaroak, autoikaskuntza, barnetegiak, murgiltze-egonaldiak eta Udako Euskal Unibertsitatean (UEU) egindako ikastaroak diruz lagunduko ditu Etxebarriko Udalak.
Zehazki 10.000 euro bideratuko ditu dirulaguntza horietara. Deialdia Etxebarrin erroldatutako 16 urtetik gorakoei dago zuzenduta, eta arreta berezia eskaintzen diete familiei eta begiraleei, “euskararen transmisioa eta normalizazioa indartzeko eguneroko bizitzako arlo guztietan”, diote udal ordezkariek.
Laguntza horiekin, Udalak erraztu nahi du pertsona gehiagok prestakuntza euskaraz jaso ahal izatea, “oztopo ekonomikoak kenduz eta hizkuntza-maila hobetzea erabakitzen dutenen ahalegina babestuz”, diote.
2024-2025 ikasturtean egindako ikastaroetako laguntza eskatzeko epea zabalik dago irailaren 30era arte. Interesdunek udal webgunearen bitartez edo aurrez aurre CIMEra bertaratuz (08:00etatik 15:00etara) aurkez dezakete eskaera.
Informazio gehiagorako 944 267 005 telefono zenbakia eta euskarazerbitzua@etxebarri.eus helbide elektronikoa dute eskura herritarrek.
☉ Etxebarri
Sormena, ongizatea eta teknologia berriak landuko dituzte Etxebarriko udal-ikastaroetan
Ikastaroak urrian hasiko dira eta 16 urtetik gorako herritarrentzat daude zuzenduta. Izena emateko epea zabalik dago irailaren 9tik 19ra

Etxebarriko Udalak hamaika ikastaro eta tailer antolatuko ditu 2025-2026 ikasturtean 16 urtetik gorakoentzat.
Besteak beste, sukaldaritzari, arte sortzaileei, literaturari, zinemari eta norberaren zaintzari lotutako ikastaroak prestatu dituzte urritik aurrera.
“Sukaldaritza-tailerretan menu orekatuak egiten ikastea, patchwork, puntu edo kakorratz-teknikak perfekzionatzea, edo zinemaren munduan lehen urratsak ematea telefono mugikorra bakarrik erabiliz. Programazioak aukera ugari ditu aisialdiaz modu praktiko eta aberasgarrian gozatzeko”, diote udal ordezkariek.
Ongizatean oinarritutako jarduerei dagokienez, luzatze eta erlaxazio espazioak eskainiko dituzte. Era berean, altzariak zaharberritzeko ikastaroa eta birziklatzekoa ere antolatu dituzte.
“Irakurketarako eta elkarrizketa literariorako lekua ere egongo da, eta hilero topaketa bat izango da, hainbat lanen inguruko hausnarketa kolektibora gonbidatzen duena”, diote.
Udal-ikastaroen bitartez herritarren ikaskuntza, sormena eta ongizatea sustatu nahi ditu Kultura arloak.
Herritarrek ikastaro eta tailerretan izena eman dezakete irailaren 9tik 19ra bitartean CIMEra eta Kultur Etxera bertaratuz. Udal webgunearen bitartez ere izena eman dezakete interesa dutenek.
☉ Etxebarri
Programa | Kukullagako jaiak 2025
Irailaren 12tik 14ra bitartean izango dira Kukullagako jaiak. Egitaraua osorik jaso dugu albistean!

Irailaren 12tik 14ra bitartean izango dira Kukullagako jaiak, Etxebarrin. Haurrentzako jarduerak, gastronomia lehiaketak, musika eta beste hainbat ekintza antolatu ditu Kukullagakoak Elkarte Soziokulturalak Etxebarriko Udalaren laguntzarekin.
Egitaraua | Kukullagako jaiak 2025
Irailak 12, ostirala
18:30 Auzoan poteoa animazioarekin kiroldegiko tabernatik
20:00 Txupinazoa San Antonio etorbideko aparkalekutik
21:00 Herri afaroa San Antonio etorbidean
23:00 Dantzaldia San Antonio etorbideko aparkalekuan
00:45 Rool DJ
Irailak 13, larunbata
09:30 Indaba eta tortilla lehiaketen hasiera
11:15 Ginkana familiarra Eskenatoki plazatik
12:05 Haurrentzako puzgarriak eta jolasak Eskenatoki plazan
14:30 Indaba eta tortillak aurkeztea
18:00 Haurrentzako animazioa kiroldegian
19:30 Borroka ikuskizuna: Euskal Wrestling
19:30 Edaria eta hirugiharra Coto tabernan eta La Plaza tabernan
21:30 Kontzertua San Antonio etorbideko aparkalekuan: Calentando la Banda
23:30 Dantzaldia San Antonio etorbideko aparkalekuan: Melecia
00:30 Bingo herrikoia San Antonio etorbideko aparkalekuan
Irailak 14, igandea
09:30 Paella eta sangria lehiaketen hasiera
11:45 Hegazti harraparien erakusketa atzeko plazan
13:30 Apar jaia San Antonio etorbidean
14:30 Paella eta sangria aurkeztea
17:30 Igel lehiaketa San Antonio etorbideko aparkalekuan
18:30 Haurrentzako Euskal Jaia San Antonio etorbideko aparkalekuan
20:30 Sari banaketa San Antonio etorbideko aparkalekuan
21:30 Jaien amaiera eta su artifizialak