Sareak

☉ Galdakao

Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak ateak zabaldu dizkie ikasturte berriko dantzariei

Andra Mari dantza talde galdakoztarra haur, gazte eta helduen bila dabil ikasturte berriko dantza-ikastaroetarako. Matrikulazio epea zabalik, irailaren 30era arte izena eman dezakete dantzariek.

|

Andra Mari dantza taldeak, aurtengo Sokadantzan, Galdakaoko jaietan // Geuria

Andra Mari dantza talde galdakoztarra haur, gazte eta helduen bila dabil ikasturte berriko dantza-ikastaroetarako. Matrikulazio epea zabalik, irailaren 30era arte izena eman dezakete dantzariek.

Haur eta gazteentzako ikastaroari dagokionez, 2017an jaiotakoak eta nagusiagoek izena eman dezakete.

Gazte eta helduentzako dantza ikastaroetako lekuak mugatuak dira eta bertan 16 urte gorako lagunek izena eman dezakete. Klaseak barikuetan izango dira 18:30etatik 20:00ak arte eta ikastaro hauek hiru modulutan banatuta daude: lehena, urritik abendurakoa; bigarrena, 2023ko urtarriletik martxorakoa; hirugarrena, 2023ko apiriletik ekainerakoa. Modulu bakoitzeko prezioa 30 eurokoa da (bazkideek 20 euro ordaindu behar dute) eta hiru moduluena 70 eurokoa (bazkideentzat 50 euro).

Haur, gazte zein helduen ikastaroetan izena emateko e-posta bidali behar dute interesdunek info@andramaridantzataldea.com helbidera. Haurren ikastaroaren inguruko informazioa handitzeko 615 294 624 telefono zenbakia ahalbidetu dute. Gazte eta helduentzako ikastaroen inguruko informaziorako, ostera, 680 657 137 telefono zenbakira deitu behar dute dantzariek.

 

☉ Galdakao

Bideoa | “Indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezkoa da patriarkatuaren irakurketa estruktural bat egitea”

|

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Galdakaon Momoak talde feministak manifestazioa deitu du eta Andere Fuente Balado kidearekin berba egin dugu. Manifestazioko argazkiak hemen ikus ditzakezu.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | ‘Erreakzioari erantzun feminista’ lemapean manifestazioa egin dute azaroaren 25ean Galdakaon

|

Azaroak 25 indarkeria matxistan aurkako eguna da eta Galdakaon manifestazioa egin dute. ‘Erreakzioari erantzun feminista’ lemapean, eskuin muturraren eta erreakzioaren oldarraldiari erantzun irmoa eman diote. “Indarkeria matxistak aurpegiz aldatzen du zapalduak hala mantentzeko, eta argi esan nahi dugu: aurre egiteko prest gaude. Autodefentsa feminista izango dugu gure tresna eta aldarria, antola gaitezen!”, aldarrikatu dute.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Herritarrek identifikatutako beharrei modu kolektiboan erantzuteko sarea eratu dute Galdakaon

Zaintza modu kolektiboan erdigunean jartzeko Zeugaz izeneko foro soziosanitarioa martxan jarri dute Galdakaon

|

Galdakao Zeugaz proiektuan lanean egon den talde motorra // Geuria

Galdakao Zeugaz foro soziosanitarioa aurkeztu dute gaur herrian. Ekimenaren helburua da zaintza erdigunean jartzea eta herritarren ongizatea bilatzea, elkarzaintza oinarri hartuta. Eta horretarako, ekintza komunitarioak bultzatuko dituzte.

“Ekimenak zaintzaren eredua eraldatzea eta ongizatearen eredu ezberdin bat sustatzea du helburu, herritarren parte hartzea, eragileen arteko lankidetza eta zaintza ardatz gisa balioan jarriz”, dio Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkateak.

Zentzu horretan, herritarrek identifikatutako beharrei erantzuna eman nahi diote ekintza komunitarioen bidez: “Gauza txikietatik, indibidualismotik, kolektibotasunera”, dio Amets Iturbe Gizarte Ekintzako eta Berdintasunerako zinegotziak.

“Elkarri entzuteko eta elkarrekin ongizate arloan ditugun beharrei eta nahiei erantzun bateratua emateko espazioa da Galdakao Zeugaz”, dio Iturbek, eta zeregin horretan dinamika berritzailea abian jarri dutela adierazi du: “Herria eraldatzeko dinamika berritzailea jarri dugu martxan eta zaintza inoiz baino gehiago erdigunean jarri dugu”, dio Iturbek.

Eginkizunak eta erronkak

Proiektu honetan elkarlanean ari dira Udala eta Agirre Lehendakaria Center (ALC), herriko eragileekin batera.

ALCk gizarte-berrikuntzako prozesuak sustatzen ditu, sare komunitarioak, erakunde publikoak eta enpresak lotzen dituen lurralde-ikuspegiarekin. “Galdakaon harreman oso bereziak zeuden kolektibo desberdinen artean gu etorri baino lehen, baina bakoitzak modu isolatuan lan egiten zuten. Gure lana izan da herrian egiten diren hainbat ekimen sistematizatzea eta perspektiba komunitarioa indartzea”, dio Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak.

“Talde sendoa eratu dugu, helburu komun batekin: Galdakaon denok eroso, osasuntsu, oparo eta ondo bizitzea”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Aukerak biderkatu egingo dira: batzuek ezagutza eskainiko dute, beste batzuek esperientzia, hurbiltasuna eta herritarrekin harreman zuzena”.

Galdakao Zeugaz proiektuko talde motorra honakoek osatzen dute: Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak, Adinekoen Dinamizazio Zerbitzua, Erabide Emakume Elkartea, Kabia, herriko hainbat farmazia, Udaleko hainbat arlo, guraso elkarteak, pertsona nagusien elkarteak, EISE Zerbitzu Psikosoziala, Osakidetza, Caritas eta hainbat norbanako, hala nola, Kepa Lizarraga.

Talde motorra martxoan bildu zen lehenbizikoz, eta lehen eginkizuna mapeo bat egitea izan zen, Agirre Lehendakaria Centerrek bultzatuta.

Herritarrekin elkarrizketak egin zituzten euren beharrak ezagutzeko. “Entzute prozesua indartu genuen, zer egin behar genuen eta zergatik zehazteko”, dio Espiauk: “Prozesu oso dinamikoa izan zen”.

Eta, elkarrizketak egin eta herritarrak entzun ostean, hurrengo urratsa da ekimen berriak martxan jartzea era kolektibo batean.

Naroa Azurmendi Galdakaoko Udaleko Adineko Dinamizazio Zerbitzuko langilea da eta nabarmendu du “ehunka” proiektu eta erakunde daudela herrian. “Zeugazen lehenengo erronka izan da dagoeneko martxan dauden proiektu horiek eta elkarte eta erakundeak koordinatzea. Eta oraindik ere lanean ari gara arlo horretan”.

“Askotan modu isolatuan lan egiten dute herriko elkarte eta erakundeek eta proiektu honen helburua da denon artean lan egitea kolektibotasunaren mesedetan”, dio Azurmendik. Eta bide horretan, beste erronka bat dutela adierazi du: “Herritarrei informazio guztia helaraztea”.

Leyre Olabarrieta Osakidetzako medikua da eta talde motorreko parte ere bada: “Oso pozik gaude proiektu hau sortu delako. Izan ere, irtenbideak bilatzeko eta gure existentziari zentzua bilatzeko eratu da. Arazo, beldur eta sentimendu askori erantzuna emango die”.

Galdakao Zeugaz proiektuaren barruan Death Kafeak aipatu ditu Olabarrietak. Heriotzaren inguruan berba egiteko taldeak dira, eta Galdakaon dagoeneko talde bat eratu dute. Hileko azken ostegunetan batzen dira. “Talde bakarra dago Galdakaon, baina herritar gehiagok izena eman nahiko balu, talde gehiago sor ditzakegu”, dio Olabarrietak.

Eta, abenduan beste jarduera bat antolatuko du Galdakao Zeugaz proiektuko taldeak: ‘La silla vacia’ hitzaldia. “Doluaren ingurukoa izango da hitzaldia. Gabonak ate joka, gure etxeko mahaietan aulki bat hutsik egongo da, hil egin den gure senitartekoak betetzen zuena. Angel Pascual psikologoak eskainiko du hitzaldia”. Abenduaren 9an, asteartez, izango da hitzaldia Gandasegi ikastetxean 18:30ean.

Galdakao Zeugaz “garrantzia handiko” proiektua dela nabarmendu du Edurne Espilla jarduneko alkateak eta herriko kolektiboen ekarpena eskertu eta aitortu du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | “Euskal selekzioa-Palestina partida aitzaki, gure kaleak aldarriz bete ditugu”

|

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunartekoa jokatuko dute gaur San Mamesen. Hori aitzakia hartuta, Zizpak elkartasun ekintza antolatu du Galdakaon: eskailera margoketa. Malen Agirre Espilla zizpakidearekin berba egin genuen atzo ekintza honen inguruan.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko PSEk ez du 2026ko aurrekontua negoziatuko, “2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”

Aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute alderdi sozialistako ordezkariek

|

Maximo Moreno parkea eta Ibaizabal ibaiaren ertza berreskuratu eta hobetzeko proposamenak egin zituen PSEk // @PSEGaldakao

Galdakaoko Udalak oraindik ez du 2026ko aurrekontua onartu, baina PSEk dagoeneko aurreratu du ez duela negoziaziorik egingo gobernu taldearekin.

Arrazoia, honakoa: “Udal Talde Sozialistaren aldetik ezinbestekotzat jotzen dugu, 2026ko aurrekontuari buruzko edozein elkarrizketa eduki baino lehen, gobernu taldeak 2025eko aurrekontuan sartzea onartu zituen gure taldearen proposamenen egoeraren buruzko informazioa ematea”, diote talde sozialistatik.

“Ez zaigu oso serioa iruditzen 2026ko aurrekonturako proposamen berriei buruzko eztabaida hasteko planteamendua bultzatzea, 2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”, diote.

Eta adibideak eman dituzte: “Galdabusari buruzko edo negoziazioa azterlana, Ibaizabalen inguruko jarduketak, Maximo Moreno parkea eraberritu eta egokitzea edo Elexaldeko igerilekuak estaltzeko proiektua”.

“Beraz, jakinarazi nahi dugu ez dugula aurrekontu-negoziaziorik egingo Gobernuarekin, aurrez aipatutako gaiak konpontzen ez diren bitartean”, diote.

Negoziazioa ez, emendakinak bai

Alderdi sozialistako zinegotziek aurrekontua negoziatzeari uko egin dioten arren, emendakinak aurkeztuko dituztela esan dute.

“Bidezkotzat jotzen ditugun enmendakinak ohiko bideetatik erregistratuko ditugu, udalerriaren onerako zuzenketa horiek herritarrei ekar diezazkiekeen onuren arabera baloratuko direlakoan, eta ez jarrera errebantxisten, interes alderdikoien edo kontakizun politikoaren beharren arabera”, diote.

Osorik irakurri