Sareak

☉ Galdakao

Asier Martin: «Eroso sentitu behar gara: pertsona batengana euskaraz zuzentzen bazara, ez zara ezer txarrik egiten ari. Eskubidea duzu»

“Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza dan” kantatzen du Ruper Ordorikak. Estres linguistikoaren ertz ezberdinak aztertu ditugu Euskaraldiaren aurretik, Korrikaren ondoren eta Soziolinguistika klusterraren kale-erabileraren datuak eskuan

|

Asier Martin // Geuria

Geuria #087 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Gure Gerrak. Hego Uribe eskualdean ditugun aldarrikapen, hausnarketa eta ekintza ezberdinen solasaldiak”
Irakurri osorik PDFan

Agian GEURIAren aurreko paperezko edizioan ikusi zenuen Asier Martin (Galdakao, 1984), bertsolaritzaz berba egiten. Orain, berriro. Kasu honetan, euskaldunon estres linguistikoaren inguruan aritu gara Barandiaran euskaltegiko langilearekin. Euskaldunok argitasuna eta gardentasuna eskertzen dugulako, gakoak jaso eta horiek erabili, errealitateari heldu eta gure ahaleginak bide onean bideratu. Asier bidelagun ezin hobea da: ikastaroak jaso eta eman ditu, kaleko ekintzak antolatzen eta dinamizatzen trebea da, eta gure galderei bihotz onez erantzun die. Patxadaz, egun berotsu batean, Galdakaoko AEKren euskaltegiko terrazan, lasai.

Zer da estres linguistikoa?
Komunitate batean bi hizkuntza edo gehiago daudenean eta hizkuntza bat minoritarioa denean, beste batek nagusitasuna duenean… Euskal Herrian, bi hizkuntza dakizkigunok, elebidunok, jasaten dugun egoera anormal bat, espainola eta frantsesa maioritarioak direlako. Ez dakigu aurrean dugun pertsonak nola erantzungo duen; kontua ez da euskalduna izango den edo ez, ulertuko duen edo ez, baizik eta ze erreakzio izango duen… Horrek sentsazio deserosoak sortzen ditu, estresa ez da erosoa, ez da ona.

Euskaldun elebakarrak herri txikietan izango dira, haurrak batik bat, oso gazteak. Baina, Galdakaon, ez dut uste elebakarrik egongo denik adin nagusietan. Umeak, bai, ordea. Familia euskaldun askok ez diete seme-alabei espainolez egiten, eta espainola eskolan jasotzen dute. Kuriosoa da. Hortaz, haur horrek ez badu baliabiderik espainolez aritzeko eta inguruan dauzkan ikaskide gehienak espainolez ari baldin badira, ume horrek estresa jasango du, nahiz eta irakaslearen hizkuntza euskara izan. Baina ingurukoena, eta bere modukoena, gaztelania bada, saiatu behar gara inguru euskaldunak sortzen ume horientzat.

Estres linguistikoa berria al da? Euskaldunoi bat-batean gertatu zaigun zeozer al da?
Ea ba, datuzalea naiz. Adibidez, duela 200 urte Galdakaon erraz asko egingo zen euskaraz. Tartean, diktadura bat egon zen, eta hori estresa baino errepresioa izan zen. Inmigrazioarekin, ostera, herritar asko akonplejatuta bizi ziren: aldeanotzat hartzen zituzten baserritar asko, gazteleraz kili-kolo moldatzen zirenak. Euren burua ezjakintzat zuten. Ama-hizkuntza euskara zuten eta hizkuntza bakarra zuten horiek ere. Baina planteamendu ez dugu inoiz kontrara egiten, ezta?

// Geuria

Aspaldian egin zenuten ikastaro baten oroitzapen ona duzu.
Orain estres linguistikoari buruz ari gara, baina ez da kontu berria hezkuntzan eta irakaskuntzan. Adibidez, duela hamabi bat urte Erduzie Galdakaoko Euskaldunok euskara elkarteak bultzatutako TELP (Taller d’Espai Lingüistic Personal) ikastaro bat jaso nuen, estres linguistikoa jaisteko edo kontrolatzeko ikastaro bat. Oso oroitzapen onak ditut.

Finean, euskaldunok ahalduntzeko ikastaro bat izan zen. Tresnak eman zizkiguten hainbat egoeren aurrean nola erreakzionatu behar genuen jakiteko eta, batez ere, eroso sentitzeko. Eroso sentitzeko: pertsona batengana euskaraz zuzentzen bazara, ez zara ezer txarrik egiten ari. Euskal Herrian bizi zara, eskubideak dituzu. Horretaz jabetu behar gara. Ikastaroak terapiatik ere asko izan zuen. Bizipenak kontatu genituen: egoera honetan honek horrela erreakzionatu zuen edo hau gertatu zitzaidan… Egoera ezberdinak antzeztu genituen: “Zer egingo zenuke egoera honetan?”. Eta euskaltzale konbentzitua izan arren, “joe, ba kasu horretan erdarara joko nuke”, eta irakasleak, “zergatik?”. Eta zure buruari hainbat kontu galdetzen dizkiozu. Hasieran horren agerikoa zena, zalantzan jartzen zenuen.

Adibidez, orain Euskaraldiarekin egiten dena: aurrean duzun pertsonak euskaraz ez egiteak ez du esan nahi euskaraz ulertzen ez dizunik. Eta askotan hori da lehenengo barrera! Edo “niri hobeto gazteleraz” esaten dizutenean, hori da errazena, ezta? Gaztelerara jo beharrean, “bueno, lasai” eta gure jarrerarekin enpatia sortu. Finean, tresnak izatea.

Bide horretan, gazteekin EUSlider programa du AEK-k.
13 eta 14 urte bitarteko gazteen ahalduntzera bideratuta dago. EUSlider ordubeteko hiru saio dira, eta horri gehitu dakizkioke ekintza sozialari begira dauden beste hiru saio. Ikasle bat EUSlider izan daiteke konbentzituta dagoelako, euskara maite duelako, edo lidergoa duelako edozein esparrutan. Programak duen berezitasun bat da ikasleen arteko goitik beherako transmisio bat dela, hau da, hamalau urteko ikasleak jakintza, tresnak eta esperientzia lehenengo jasotzen ditu, ondoren berak hamahiru urteko ikasleari transmititzeko. Hartzaile izatetik, emole izatera pasatzen dira. Zergatik goitik beherako transmisioa? Adin tarte horietan, hamahiru urtekoak errespetua diolako hamalaukoari. Horrek indar handia du: “Nik baino urtebete gehiago duen ni moduko batek, nire afizio berdinak dituenak, hau eta bestea esaten dit”. Ez dizu zure aitak edo amak esaten. Horrela transmisioa bermatuta dago neurri handi batean. Ez da erraza, baina frogatuta dago eraginkorra dela.

Nik bi urte daramat EUSlider ikastaroa ematen, Portugaleten eta aurten Galdakaon. Hartzaileak eta emoleak trebatzen ditugu, biak, eta irakasle ezberdinekin. Ideia oso ondo pentsatuta dago. Atzean lan handia dago, unibertsitatean urteetan landutakoa. Ideia oso ona da. Ikastaro batekin ez dugu lortuko umeak euskaraz bizitzea, baina bai aldatzen zaie euskararekiko pertzepzioa.

Ikastaroaren kontu kurioso bat da datu bitxi asko ematen ditugula, jende askok ezagutzen ez dituen datuak. Euskararen alde positiboak agertzen ditugu horien bidez eta ikasleek sentitzen dute oso pertsona gutxik duten informazioa dutela. Aurreiritzi asko dago, gizartean txertatuta daudenak baina gezurra direnak. Gainera, ikasleei “ez kontatu ezer, eh!” esaten diegu, eta jakina, denek kontatzen dute ahal duten guztietan! Kar-kar-kar.

Gizartean, eta gazteengan ere, errealitatea erabat distortsionatuta dago, eta datu gutxi batzuk emanda, ikuspegia erabat aldatzen zaie. Orain badakite Galdakaon zenbat herritarrek ulertuko dieten euskaraz aritzen badira. Eurentzat ezusteko datuak dira horiek, ez baitute pertzepzio hori. Era berean, badira euskaraz ulertu ez arren euskararekiko jarrera positiboa agertzen dutenak, eta herritar horiek ondo erantzungo dizute, saiatuko dira euskaraz jasotzen. Adibidez, ariketetako bat da kaleko edozein pertsona ezezaguni galdetegi bat egitea, informazioa batetik bestera pasatzeko jarduera hori egon dadin. “Eta gazteleraz egiten badigute?”. Egoera horretarako trebatzen ditugu. Eta jakina, euskararen mundua ere erakusten diegu. Euskarak ‘molatzen’ duela, bai. Ondo pasatzen dugula. Zaila da gazteen munduan euskarazko mundua txertatzea, baina horretan ere eragiten dugu, eta gazteen erantzuna oso ona da.

Estres linguistikoa ez da nagusion kontua bakarrik.
Ezta gutxiago ere. Umeak, nerabeak eta gazteak bereiziko nituzke nik. Nire ustez, nerabeek eta gazteek, zoritxarrez edo, ez dute estres handirik izango, oso barneratuta dutelako erdarara pasatzea edo zuzenean lehen hitza erdaraz egitea. Nerabe eta gazte euskaldun kontzientziatu oso gutxi dago. Hamahiru urterekin euskaraz berba egin eta aurrekoak jarraitu ez arren elkarrizketari euskaraz eusten dion gaztea superheroi bat da.

Haurren kasuan, ostera, egoera oso ezberdina da. Adibidez, nire familia Salamancakoa da. Nire semeak sei urte ditu, euskaraz eta gazteleraz ondo moldatzen da eta badaki zeini euskaraz eta zeini gazteleraz egin. Baina bere gelan badaude gazteleraz kostata egiten dutenak, orain dela gutxi hasi zirenak. Demagun ikastetxeko gelako ikasle gehienek ez dakitela euskaraz edo jakin bai baina ez dutela erabiltzen. Euskaraz ondo moldatu eta gazteleraz gutxi egiten duen ume horrek sekulako estresa izango du, zalantzarik ez. Irakaslearekin bai, baina ikaskideekin ezin du ondo komunikatu.

Gaur egun, ikastetxeetan, ume euskaldunak gutxiengoa dira, eta gutxiengo horiek banatu egiten dira gela ezberdinetan. ‘Arnas Dezagun’ plataforma eremu horretan lanean dabil.
AEK euskararen aldeko edozein ekimenen alde egongo da, beti. Nik uste dut gai honen atzean ezjakintasun handia dagoela. Zalantza asko daude. Batzuk uste dute ‘Arnas Dezagun’ plataformak haur euskaldunak eta erdaldunak ez nahastea planteatzen duela, eta hori ez da proposamena. Hitzaldi batean egon nintzen eta argi eta garbi utzi zuten. Proposamena da haur euskaldunak ez banatzea, are gehiago, gutxiengo nabarmena diren egoeratan.

Herri euskaldun batean haur gehienak euskaldunak izango dira. Baina, demagun, ikastetxe bateko gela batean ume euskaldun bi daudela eta ume bakoitza gela batean jartzen dituzula. Ume euskaldun batek ez du gela osoa kutsatuko, eta lortuko duzun gauza bakarra da euskaraz egiten zuten bi horiek gaztelerara jotzea. Logika ukaezina dauka. Eta ume euskaldunen proportzioak oso altua izan beharko luke besteak kutsatzeko. Hortaz, ‘Arnas Dezagun’ek dioena da, egoera horietan, ez banatzeko, besterik ez. Ni neu horrekin ados nago.

Soziolinguistika klusterrak aurkeztutako azken txostenaren arabera, kale-erabilerak ez du ez aurrera ez atzera egin. Egindako ahaleginek eusteko balio izan omen dute.
Orain dela hamabi urte, Erduzie herriko euskaldunon euskara elkartekook kale-neurketa bat egin genuen. Emaitzak zion Galdakaon %10ak egiten zuela kalean euskaraz. Orain dela urte asko, UEMAk aterako datuak ere antzekoak ziren, %9,7an kokatzen zuten. Datuzalea naiz, herri guztietako datuak ditut excel batean, garrantzitsua da.

Eta puntu honetan dago erronka. Ezagutzatik erabilerara salto egitea. Ezagutzaren datuak ematen direnean, hartzailea eta emolea, %50ekoa bada, zer gertatzen da bidean? Galdakaon bezala, Bermeon, Ondarroan eta herri guztietan. Aldea ikaragarri handia da ezagutzatik erabilerara. Nik beti diot, euskara jaso ez duten belaunaldiak badaude oraindik gure gizartean, baina belaunaldi horiek joango dira eta belaunaldi berri guztiek euskara jaso dute. Denek jakingo dute euskaraz hitz egiten.

Nik euskaraz ikasi dut, ziklo guztietan unibertsitateraino. Eta nirekin ikasitako asko, euskara jaso badute ere, gaur egun ez dira gai euskaraz berba egiteko.
D ereduan, euskara jaso behintzat jaso duzu. Egia da diozuna. Baina egia da baita ere egoera ezberdina izango dela. Euskaraz egunero hainbat orduz jaso duen gizartea edukiko dugu, osorik. Berrogei urte barru, herritarren ehuneko ehuna euskaraz hitz egiteko moduan egongo da. Orduan, zer gertatuko da erabilerarekin? Berdin jarraitzen badugu, ezagutza eta erabileraren arteko aldea are handiagoa izango da. Zenbat egingo du gora erabilerak? Edo behera? Horrek erakutsiko du egoera zein den.

Buruan iltzatuta geratu zitzaidan esaldi bat, Jon Maiak Hamaika Telebistan esan zuena: atzerritik datozenek jakingo balute euskaraz jakiteak zenbaterainoko indarra daukan integratzeko…

Athleticekoa izatea ere integratzeko modu bat da. Errazagoa, euskara ikastea baino.
Bai, baina hori kamiseta bat jartzea besterik ez da, eta gainera, kamiseta jantzita ere konpromisoa gezurrezkoa edo iragankorra izan daiteke, hutsa. Gainera, gaur egun beste futbol kamiseta askorekin ere ikusten ditugu gazteak kalean. Euskararena ez da hutsa, mundu oso bat da, aberatsa.

Galdakaon, adibidez, beltz bat dabil kalean saltzaile. Niri Athleticen kamiseta bat saldu zidan eta beti euskaraz egiten dit. Gainera, oso jatorra da. “Ondo”, “txarto”, “zelan zaude, mutil?”, “ni, tira”. Hiru gauza esaten ditu, baina lehenengo momentutik.

Buruan aurreiritzi asko ditugu, jakina, eta aurreiritziak izatea ez da txarra. Baina askotan, eta niri ere gertatu zait, etorkin bat ikusi eta pentsatzen dugu: “Nola egingo diot euskaraz…”. Eta oso gauza itsusia esaten ari gara: zu beltza zarenez, zuk ez dakizu euskaraz. Arrazista izatea da. Erabat.

Beste adibide bat. Usansolon, lehen herriko taberna zenak orain Garoa du izena, “kolonbiarrak dira jabe berriak”. Korrika egunean bost hitz egin zizkidan eta denak euskaraz izan ziren: “Arratsalde on!”, “Zer nahi duzu?”, “Hamar euro”, “Eskerrik asko”. Hori bera, hemengo askok ez dute egiten.

Kafe amerikanoaren komiki-tira gordeta daukat, Zaldieroak Aizu! aldizkarian argitaratutakoa. Bikaina da. Bertan ikusten da neska erabat estresatuta, sutan zegoen. “Kafe amerikano”, “No te entiendo”. Zer ez didazu ulertu? Barregarria da, baina batzuetan hori gertatzen da. “Kaña bat”, “Qué quieres? Una caña?”. Ene, kaña bat eskatu dizut.

Kafe aerikanoaren komiki-tira // Zaldieroa

“Euskaldunok, euskaraz hitz egitean ez dugu ezer txarrik egiten”, diozu. Errua ez da gurea, baina estresa euskaldunok pairatzen dugu. Zenbateraino hartu behar dugu euskaldunok gure gain euskaraz hitz egiteko lehen pausoa, horrek suposatzen duen estresarekin?
Legea gure alde dago, euskara hizkuntza ofiziala da, bertako hizkuntza da, baina hauteskundeak datoz eta begira alderdi sozialistak zer dion, beste behin ere. Esz da kontu berria. Txarto ari garenak gu garela esango nuke. Baina kontrako ariketa egingo dugu: imajinatzen dugu administrazio publikoan gazteleraz moldatzen ez den langile bat? Nik ez dut imajinatzen. Baina kontrakoa erraz imajinatzen dugu, “total, gazteleraz ere badakizunez!”. Beti Kataluniara jotzen dugu, baina egia da bertan oso barneratuta dutela eskubidearena eta ulertuko dituztela. Guk, ordea, edozein aitzakia txiki eta “ez duzu ulertzen? Pasatuko naiz gaztelerara”. Euskaldunok, euskaltzaleok, euskara maite dugunok borrokatzen ez badugu, nork egingo du?

Ekainaren hasieran egindako agerpen publiko batean, Ramon Saizarbitoriak honakoa esan zuen, besteak beste: “Euskararen eta euskaraz berba egiten dugunon egoera ez da normala. Hizkuntzak maila ofiziala du, aldizkari ofiziala du… Gure burua normaltzat hartzen dugu, gure ghettoko ateak ireki eta plazara ateratzen gara. Baina egoera ez da normala”.
Diglosi batean bizi gara, jakina. Eta egoera horretan sortu da, adibidez, Euskaraldia. Nik uste dut txapa hori marabilla bat dela. Beste hainbat helbururen artean, estres linguistikoak behera egiteko ariketa ere bada Euskaraldia. Txapa urte osoan paparrean eramango bagenu… Kamiseta bat badaramazu ‘euskaraz bizi nahi dut’ dioena, hori letrero bat da, ados. Baina oso zaila da jakitea euskaraz nori bai, nori ez, lehen hitza gora eta behera.

Egunerokoan erabil ditzakegun tresna txiki praktikoak. Adibidez, “Egun on!”. Nik ez dut inoiz “Buenos días!” esaten, ezta inori ere, ez zait burutik pasatzen. Baina “Egun on!” eta besteari utzi erantzuten ea zein jarrera hartzen duen egun batean, hurrengoan eta hurrengoan… Norbaitek zakar erantzuten badigu, guk eskubidea izan arren, “ba agur Ben Hur”, nik ez dut zurekin eztabaidatu nahi. Beti baikortasunez, jarrera baikorra erakutsi behar dugu. Zebrabidearen adibidea oso ona da. Guk, oinezkook, keinu txiki batekin ikus dezakegu gidariak pasatzen utziko digun edo ez.

Baina zebrabidean arau bat dago: oinezkoa dagoenean, gidariak gelditu eta oinezkoari pasatzen utzi behar dio. Saltoki batean, ordea, egoera ez da hori.
Zebrabidean trafiko arauak daude, bai; eta gizartean ere arauak daude. Nik euskaraz zuzentzeko eskubidea dut. Hizkuntza ofiziala da. Zelan ez dut eskubidea izango kafe bat euskaraz eskatzeko? Eta kontutan izan behar da: komunikazioa bermatuta dago? Tematzen banaiz euskaraz eta euskaraz, baina bion arteko komunikazioa bermatuta ez badago, gatazka bat sortuko da. Eta guk hori ez dugu nahi.

Orain dela egun gutxiko eztabaida publikoa. “Euskara da euskaldun egiten gaituena”.
AEK-k oso argi nabarmentzen du eta horretaz oso harro nago: guk titulua lortzen laguntzen diegu denei, baina gure helburua ez da tituludunak ateratzea. Hori ere bai, jakina, baina guk jendeari euskararekiko maitasuna transmititu nahi diogu, eta konbentzituta gaude maitasun horretatik errazago lortuko dela titulua.

Titulua ere oso garrantzitsua da. Gu geu gara administrazioan euskaraz hitz egitea eskatzen dugunak. Baina irakasteko metodoa ezin da izan azterketa egin, titulua atera eta tiraderan gordetzea. Horrela lortuko ditugu tituludunak, baina AEKren helburua kalea euskalduntzea da: Basauri, Arrigorriaga, Zeberio, Galdakao… Ikustea besterik ez dago zenbat ekintza egiten ditugun herri guztietan! Garrantzia handia ematen diogu euskaraz gozatzeari, sentsazioa goxoa edukitzeari.

Ikaslea gelatik atera daiteke pentsatuz “gaur kaña sartu didate, baina ze ondo pasatzen dudan hemen”. Eta euskaltegitik ateratzen denean ez dadila titulua tiraderan gordeta geratu. Horretarako dira gurasolagunak, irteerak, mendia, sagardotegia, berbalagunak, barnetegia… Barnetegia zoragarria da: ikasi, disfrutatu eta erabili. Egungo gazteek dioten moduan, barnetegia 24/7 da. Erabateko erabilera. Euskaraz bizi, amets egin ere bai. Nola? Oso modu goxoan. Barnean sartuta dugu, horrelakoak gara.

☉ Galdakao

Argazkiak | Antzerkia, tailerrak eta edabe magikoa prestatu dituzte Galdakaon Gau Beltza ospatzeko

|

Gau Beltza ospatzen ari dira Galdakaon. Aurten lehen aldiz elkarlanean aritu dira Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoak eta hamaika ekintza antolatu dituzte: aurpegi margoketa, tailerrak, antzerkia, edabe magikoa, gaztain erreak, taloak eta edariak.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko bilketa pneumatikoko langileek grebari amaiera eman diote akordioa lortu ostean

Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean. Akordioari esker, besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan

|

Besteak beste, % 40ko igoera lortu dute soldatan // ELA Sindikatua

Galdakao, Barakaldo eta Laudioko hondakinen bilketa pneumatikoko langileek greba mugagabeari amaiera eman diote, euren baldintzak hobetzeko akordio bat lortu eta gero.

Akordioaren arabera, Envac Iberia enpresak % 40ko igoera izango dute soldatan 16 langileek.

“Lau urtean 530 euroko plus finko eta xurgaezina kobratzera iristiko da plantilla osoarentzat: 150 euro aurten, 260 euro 2026an, 395 euro 2027an eta 530 euro 2028an”, zehaztu dute ELA sindikatuko ordezkariek.

Era berean, hobekuntza hauek ere jasotzen ditu hitzarmenak:; urteko lanaldia 200 ordu murriztea (1.789 orduko jardunaldia izatetik 1.591 ordu izatera); txanda-kontraturako eskubidea bermatzea; lan-erreformaren aurkako klausulak onartzea; eguneko 100 euro jasotzea hoditerian sartzeagatik; jaiegunetan eta igandeetan lan egindako orduaren prezioa bikoiztea; batzarretarako urtean ordainpeko 8 ordu; norberaren gauzetarako egun bat (ordaindua); eta lanpostu hutsen bat dagoenean enpresak plantillari eskaintzea lanaldi partzialean daudenei eta aldi baterako kontratuak dituztenei.

“Akordioa posible izan da antolaketa eta borroka sindikalari esker. Sindikatuaren erresistentzia-kutxa funtsezkoa izan da hilabete hauetan guztietan grebari eutsi ahal izateko”, esan dute ELAko ordezkariek.

Zortzi hilabete zeramatzaten greba mugagabean hitzarmen propioa aldarrikatzeko. Orain arte enpresak Ingeniaritzako Estatuko Hitzarmena aplikatzen zuen.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Gau Beltza antolatuko dute aurten Galdakaon Eguzkibegi, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek elkarlanean

Urriaren 31n mozorroz eta misterioz beteko da Kurtzeko plaza Galdakaon. Hamaika ekintza antolatu dituzte elkarlanean Gau Beltza ospatzeko

|

Kurtzeko plazan ospatuko dute Gau Beltza Galdakaon urriaren 31n // Argazkia: Utzitakoa, Eguzkibegi Ikastola

Urriaren 31n Gau Beltza da eta Galdakaon hainbat ekintza antolatu dituzte elkarlanean Eguzkibegi Ikastolak, Gandasegi eta Urreta ikastetxeetako gurasoek eta Udalak.

Aurpegi margoketa, antzerkia, tailerrak, ipuinak, edabe magikoa, gaztain erreak, musika, taloak eta edariak egongo dira Kurtzeko plazan 18:15etik aurrera.

Mozorroak janzteko gonbitea ere egin dute antolatzaileek. Horretarako mozorroa prestatzeko erabilgarri izan daitezkeen aukerak zabaldu dituzte: baserritar-arrantzale gona eta prakak, azpigona, pololoak, baserritar galtzerdiak, abarkak edo espartinak, lastozko txapela, koadrodun edo loredun alkandora, artilezko jertse zaharra, arrantzale edo baserritar zapia, kriseilua, aurpegirako zapia, zaku-telaz egindako jantzia, fibra naturalezko sokak, mantillak edo manta zaharrak.

“Ekimenak herriko eskola publikoen eta ikastola kontzertatuaren arteko lankidetza balioan jartzen du, tokiko ohiturak bizirik mantenduz eta hezkuntza komunitate osoaren arteko bizikidetza sustatuz. Horrela, Kurtzeko plaza tradizioz eta magiaz beteriko gauaren epizentro bihurtuko da”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakao Gela TEk mendiko aulki egokitua entregatu dio Bizkaiko Mendi Federazioari

|

Galdakao Gela Txirrindulari Elkarteak bere bosgarren erronka solidarioa burutu du. Aurten mendiko aulki egokitua lortu dute eta atzo, urriak 29, aurkezpena egin zuten Gandasegin.

Proiektua Txirrindulari Elkarteak eta Ganguren Mendi Taldeak elkarlanean garatu dute, Galdakaoko Udalaren babesarekin. Halaber, Kirol Egokituko Bizkaiko Federazioak, Bizkaiko Mendi Federazioak eta Ibilki elkarteak ere parte hartu dute; haiek arduratuko dira aulkiaren erabilera kudeatzeaz eta behar gehien duten pertsonen eskura jartzeaz.

“Azken batean, inklusioaren eta irisgarritasunaren aldeko konpromiso kolektiboa da, eta horri esker aniztasun funtzionala duten haurrek zein nagusiek mendiaz eta naturaz segurtasunez eta autonomiaz gozatzeko aukera izango dute”, esan zuen Igor Anton Gela TEko arduradunak.

Aulki egokitua Bizkaiko Mendi Federazioari emateaz gain, hitzaldi interesgarriak egon ziren: Kepa Lizarraga, Gorputz Hezkuntzaren eta Kirolaren Medikuntzan espezialista eta mendizale galdakoztarra; Jose Rosales, iktus bat gainditu duen Malagako eskalada monitorea; eta Oier Aramendi, Basauriko kirolaria, istripu baten ostean bi hankak galdu arren eskalada egokituan lehiatzen dena.

Pedro Mari Aizarna Bizkaiko Mendi Federazioko presidentea (galdakoztarra hau ere) eta Aitor Gonzalez Bizkaiko Kirol Egitua Federazioko presidentea (Etxebarrikoa hau) ere egon ziren aurkezpenean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Erreportajea | Guzur Aretxak 40 urte: alaitasuna eta militantzia

Guzur Aretxa Kultur Elkarteak 40 urte bete ditu aurten eta urriaren 31n eta azaroaren 1ean egitaraua antolatu dute. Lau hamarkada hauetan elkarteak izan duen bilakaera eta gaur egungo erronkez berba egin dugu eurekin

|

Guzur Aretxako zenbait kide, aurtengo Santakurtzen hasieran // Utzitakoa

Elexaldeko aretx zaharraren azpian herriko arbasoak hitz eta pitz elkartzen zireneko espiritua mantendu du urtez urte eta hamarkadaz hamarkada Guzur Aretxa Kultur Elkarteak. Aurten 40 urte bete ditu elkarteak eta urriaren 31n eta azaroaren 1ean egitarau oparoa antolatuko dute.

Besteak beste, bakarrizketak, DJak, memoria antifaxistaren aldeko mendi ibilbide gidatua, umeentzako puzgarria, herri bazkaria eta kontzertuak izango dira Galdakaon urriko azken asteburuan. “Hasieratik argi izan dugun gauza bakarra formatua izan da. Ekitaldi eta anbizio handiko ikuskizunetaz urrundu eta gure inguruko jendearekin elkartu eta gozatzeko aukera izatea da gure asmoa. Eta horri begira hartu dira erabaki gehienak. Zentzu honetan, kantitatea baino kalitatea lehenesten saiatu gara, genero ezberdin zein genero disidentzien presentzia bermatuz, esaterako. Ane Lindane eta Raquel Torresen bakarrizketa izango dugu, Dj ezberdinak, Burdin Hesitik ibilbidea zapatu goizean, umeentzako puzgarriak, herri bazkaria, talde lokalak eta Samantha Hudson artista ezaguna, besteak beste!”, adierazi diote GEURIAri.

Azaroaren 1ean memoria antifaxistaren alde ibilaldi historikoa antolatu dute: “Guzur Aretxa beti egon da herrian sustraituta eta zentzu honetan, argi daukagu bidean aurrera egiteko nondik gatozen argi izan behar dugula. Helburu honekin, zapatu goizerako, burdin hesi ingurutik memoria antifaxista lantzeko bisita gidatua antolatu dugu herriko istorialari den Ander Aperribairen laguntzarekin. Benetan plazera izango da bere eskutik atzera begirada hori egitea eta gure arbasoek herriaren defentsan emandako guztia gurera ekartzea”, diote.

Batasunetik herria antolatzea

Guzur Aretxa Kultur Elkartea ez da soilik izen bat. Herri baten memoria, militantzia eta alaitasuna dira haren sustraiak. Lau hamarkada hauetan, errepresioari aurre eginez eta ospakizun kolektiboak sortuz, Galdakaoko bizitza sozial eta kulturalaren erdigunean egon da elkartea. “Guzur Aretxaren sorrera urtean, 1985ean, Euskal Herria krisi industrial gogor batek jotzen zuen, gatazka politikoa lehen lerroan zegoen eta GALek hainbat euskal herritar erahil zituen. Galdakaon, frankismo osteko testuinguru horretan antolatzen hasiak ginen, baita inguruko herrietan ere noski, baina oraindik ilegalizazio, jazarpen, atxiloketa eta gobernuaren konfiskazio politikaren mehatxua gainean genuela. Gure kideek ere, horrelakoak pairatu behar izan zituzten”, diote.

“Genero ezberdin zein genero disidentzien presentzia bermatuko dugu urteurreneko ospakizunetan”

Hutsune bat betetzeko sortu zuten elkartea: “Nazio ikuspegi ezkertiar konprometitu batetik, gizartearen espektro ezberdinak saretzera bideratutako ekintza herrikoiak eskaintzea, hain zuzen”, diote. “Garai haietan herria mugitzen hasia zen, eta Galdakaon elkarte batzuk martxan zeuden dagoeneko dinamika berriak egiten, hala nola, euskal dantzak edo futbola. Testuinguru horretan dena zegoen egiteko eta momentuan herrian somatutako hutsunea betetzera etorri zen Guzur Aretxa”.

Guzur Aretxa elkartearen helburuetako bat izan zen “herri proiektua osatzea”. Frankismoaren osteko testuinguru batean, askatasunaren beharra “uholdea” izan zela diote elkartekideek: “Hala ere, Francok “ondo lotuta utzitakoek” bere lanarekin jarraitzen zuten, eta errepresioa egunerokoaren parte zen: ilegalizazioak, atxiloketak, Intxaurrondo, La Salve… Egoera horretan, batasunetik herri bezala antolatuz erantzun zitekeela soilik argi genuen eta horretarako herri bezala sareak ehuntzera ekin genion. Herriaren erantzuna zentzu honetan ikaragarria izan zen eta kideen konpromiso eta sakrifizio maila, gaur egunera arte mirestekoa”.

“Azken 40 urteotan Euskal Herrian ezkerreko militante politikoa izateak prezio altua oraindu behar izatea suposatu izan du sarri eta Euskal Herri osoan gertatu modura, gure kide eta ingurukoek ere errepresioaren aurpegi guztiak ezagutu behar izan dituzte. Espainiako Audientzia Nazionalak Guzur Aretxa bera ilegalizatu zuen, besteak beste, jarduera kultural eta sozialarekin jarraitzeko elkartea birfundatzera derrigortzen”, esan dute. Ildo horretan, herriaren erantzuna “irmoa” izan dela gogorarazi dute: “Guzur Aretxaz haratago, ezker independentismoaren kontra izandako oldarraldi ezberdinen aurrean Galdakaok herri bezala irmotasunez erantzun izan du beti. Eta Guzur Aretxak ere, elkartasun militante horren beroa sumatu izan du. Horren aurrean, herriaren erantzuna elkartasuna izan da. Herritarron erantzunak posibilitatu zuen garai hartan, txanda eta lan boluntarioari esker, Herriko Taberna aurrera eramatea”.

Herri-ohiturak berreskuratzea

Galdakaoko Herriko Taberna 1988an sortu zuten, “Guzur Aretxako kideek egindako esfortsu pertsonal, ekonomiko eta militanteari esker”, diote. Era berean, elkartearen sorreratik hainbat eta hainbat ekintza antolatu eta antolatzen dituzte Guzur Aretxa elkartetik. “Konpromiso militante batetik antolatzen ziren ekintzak, baina ondo pasatzeko eta borroka alaitasunetik bideratzeko beharra zegoen, nola ez zen egongo ba! Zentzu honetan, Guzur Aretxak inauterietan aurrera eramaten zituenak ez ziren makalak izan! San Juan gaua —gaur egunerarte Mugurun mantendu dena, txokolatada barne—, Mugurun egiten ziren harezko gazteluen lehiaketak edota kaleetan zehar egiten ziren ur-guda zabalek herriko bazter guztiak aztoratzen zituzten”, diote.

Hamaika ekintza horiez gain, oraindik berreskuratu gabeko herri-ohitura bat dute buruan elkarteko kideek: “Guzurren Aretxa izena bera berreskuratzeke dugu oraindik. Elexalde inguruan herriko arbasoak txutxu-mutxuka aretxaren azpian elkartzen zireneko garaiari egiten dio erreferentzia izenak. Hizkimizki horiek, noski, euskaraz egiten ziren, behintzat euskaraz mintzatzearen arriskua handiegia ez zenean! Frankismoak, ostera, errepresioak, beldurrak, eta hizkuntzarekiko politika oso neurtuek, besteak beste, euskararen erabileran eragin zuzena izan zuten eta ukaezina da gaztelerak hein handi baten esparru zabalak irentsi dizkigula. Horretan, esaterako, talde eta herri modura, badugu oraindik premiazkoa den lan handia egiteko”, diote.

Gizartearen aldaketa

Lau hamarkada hauetan Galdakaok eta oro har Euskal Herriak aldaketa nabarmenak izan dituzte. Eta Guzur Aretxaren egitekoa 40 urte hauetan ere aldatu egin da. “Zoriononez eta borroka luzeen ondorioz, urte hauetan eta bereziki arlo zehatz batzuetan, gizartearen salto kualitatiboa nabarmena izan da eta honen adibide garbia da esaterako, Guzur Aretxak, bere lehentasunen artean, Transmaribibollo borroka ere hartu izana. Horrela, naziogintzan, kulturan edota gizarte esparru edo kolektibo ezberdinak artikulatzearen alde egiten ditugun ekarpenetaz gain, Galdakaon transfeminismoan ekarparpen errealak egiteko antolatzen ari gara. ‘Denak ala inor ez’ horren barruan, denak gaudelako”, diote. Elkarte bezala Guzur Aretxak herriari “eskaintza zabala” egiten diola nabarmendu dute elkarteko kideek: “Hor ditugu orain gutxi jaietan antolatutako ekintza sorta edo txosna bera, urtean zehar antolatutako hitzaldi, aurkezpen edo eztabaida irekiak, Agate Deuna, Euskal Presoen aldeko urtarrileko manifestazioari urtero egiten diogun ekarpena, Ekainak 28 eta esku artean dugun jaialdia, adibidez. Edozein kasutan, herriari egiten diogun ekarpenaren zati bat, beste eragile batzuentzat laguntzaile izaten saiatzetik datorrela uste dugu. Zentzu honetan, ditugun baliabideak aliatu bezala hartzen ditugun herri mugimendu ezberdinen esku uzten saiatzen gara”, diote.

Konpromisoaren balioa

Guzur Aretxa hamarnaka kidez osatuta dago gaur egun eta denentzat “konpromisoa, elkar-zaintza, saretzea, militantzia eta elkarlana” suposatzen du elkartearen parte izateak: “Momentu on asko bizi ditugu, eta askotan erantzukizun handia suposatu du guretzat pertsonalki Guzur Aretxako kide izateak”.

“40 urteotan ezkerreko militante politikoa izateak prezio altua ordaintzea suposatzen zuen: gure kide eta ingurukoek ere errepresioaren aurpegi guztiak ezagutu behar izan dituzte”

“Aurreko belaunaldiek egindako lanak ekarri du Guzur Aretxa gaur egunera arte eta lan horri, gaur eguneko testuinguru politiko eta sozialean jarraipena ematea, borroka ezinegon berriei ere bide emanez eta hurrengo belaunaldientzat borrokarako tresna erakargarria uzten saiatzeak erantzukizuna suposatzen digu sarri. Uko egin ezineko erronka”, diote.

Belaunaldi berriei zein balio transmititzen dizkioten ere galdetu diegu Guzur Aretxako kideei: “Transmititu nahiko genukeen baliorik nagusiena agian konpromisoa litzateke; herri aske batean bizitzera eramango gaituen borrokarekiko, kulturarekiko eta hizkuntzarekiko, transfeminismoarekiko, munduko askapen borroka ezberdinekiko, faxismo, arrazakeria eta kapitalismo basatiaren kontrako borrakarekiko konpromisoa, hain zuzen”, diote.

Ezkur berri bila

“Belaunaldi berriak zein belaunaldi zaharrak motibazioagatik mugitzen gara. Eta hor dago gure erronka. Eguneroko lanak sortzen du erakusleihorik handiena eta kideen arteko zaintza eta errespetuak definitzen ditu militanteon arteko erlazio eta egunerokoa. Hemen dago gakoa gure ustez. Orain dela 30 urteko dinamikek gaur egun zergatik ez duten funtzionatzen galdetzen diogu sarri gure buruari, eta gazteei inplikazio faltari egozten diogu. Belaunaldi berriek, eurak nahi duten hori egiteko espazioa behar izaten dute, ez besterik. Eta Guzur Aretxaren helburuetako bat hori da, belaunaldi berriei egin nahi duten hori egiteko beharrezkoak dituzten baliabideak euren esku jartzea. Gure erronka? Gure espazioa euren espazioa dela ikusaraztea. Balio dezala bozgorailu honek [GEURIAk] gurera hurbiltzeko gonbidapen ofizial modura”, diote. Oraindik elkartea ezagutzen ez dutenei hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute Guzur Aretxatik: “Etor daitezela konpromiso barik eta lagun gaitzatela sarea zabaltzen! Esaterako, urteurrenaren antolakuntzan edo txanda lanetan laguntzeko prest egonez gero, boluntario bila gaude eta besoak zabalik hartuko zaituztegu! Hurbildu gurera edo kontaktatu sareen bidez beldur barik”. Era berean, duela 40 urte lehehengo Guzur Aretxaren ezkurra landatu zutenak gogoan izan dituzte egun elkartean dauden kideek: “Gure miresmena eurei. Euren borrokak ekarri gaitu gaur egunera”. Eta belaunaldi berriarentzat ere mezua zabaldu dute: “Astindu dezatela Aretxa behingoz ezkur berri bila eta erein ditzatela enbor beretik kimu berriak”.

Osorik irakurri