☉ Ugao
Udalak martxoaren 9an zabalduko du Aste Santuko Hiri Kolonietarako izen-emate epea

Hurrengo astelehenean, martxoaren 9an, zabalduko du Ugaoko Udalak Aste Santuko Hiri Kolonietarako izen-ematea. Koloniak Ugaoko eskolan izango dira, apirilaren 6tik 17ra, 10:30etik 13:30era. Hauek 2009 eta 2015 urte bitartean, biak barne, jaiotako umeei egongo dira zuzenduta. Ekimen horren helburua udalerriko haurren denbora librea dinamizatzea da, euren gurasoei familia eta lan-bizitza uztartu ahal izateko laguntza emanez.
Kolonien zerbitzuaz gozatu nahi duten familiek 12,50 eta 25 euro bitarteko prezioa ordaindu beharko dute seme bakoitzeko. Ume bakarra dutenek 25 euro ordaindu beharko dute, bi seme-alaba eraman nahi dituztenek 19 euro eta hiru dituztenek 12,50 euro. Haurra Ugaon ez baldin badago erroldatuta, 87,50 euroko prezioa ordaindu beharko da.
Bestalde, “Goiztiarren” zerbitzua ere eskainiko da. Hau da, behar duten gurasoek 8:00etan edo 9:00etan utzi ahal izango dituzte beren seme-alabak eskolan. Zerbitzu hau aurrera eraman ahal izateko, 10 kideko taldea osatu beharko da, gutxienez. Horren prezioa izena emateko aukeraren araberakoa izango da: 8:00etatik 10:30etara 39 euro eta 9:00etatik 10:30etara 20 euro.
Izen-ematea martxoaren 23ra arte egongo da zabalik. Parte hartu nahi dutenek bi modu desberdinen bidez egin ahal izango dute inskripzioa: Jane Jauregiko lehen solairuan fitxa betez eta entregatuz, edo udal webgunean izen-emate fitxa deskargatuz eta e-postaz kultura.ugao@ortzadar.es helbidera bidaliz.
Lekuak banatzeko zozketa publikoa martxoaren 24an izango da, Jane Jauregian, arratsaldeko 16:00etan. Onartuen eta itxaron zerrendan daudenen izenak martxoaren 25ean argitaratuko dira Jane Jauregiko harreran.
☉ Ugao
Kairos eta Uda taldeek kontzertua eskainiko dute Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan
Kontzertu gaua azaroaren 28an antolatu dute, 21:30ean

Azaroaren 28an kontzertu gaua eskainiko du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak, Kairos eta Uda taldeen emanaldiekin. Kontzertuak 21:30ean hasiko dira.
UDA, Ander (ahotsa eta gitarra), Ibai (gitarra), Gaizka (ahotsa eta baxua) eta Unax (bateria eta koruak), osatutako Bizkaitik Euskaraz abesten duen Punk freshkoa dakarren taldea da. ‘Uda’ izeneko lehen diskoa 2022ko uda, udazken eta neguan grabatu eta nahastu zuten Corsarios Estudiosetan Loloren eskutik.
Kairos taldeak abesti bi kaleratu zituen 2024ko apirilean: ‘Perspektiba’ eta ‘Sua’.
☉ Ugao
Ugaobono kanpainara 16.000 euro bideratu ditu aurten Ugaoko Udalak
Guztira 3.000 Ugaobono banatuko dituzte eta kanpainak abenduaren 31ra bitarteko iraupena izango du, 2024an estreinatutako sistema digitala mantenduz

Aurten 3.000 UgaoBono banatuko ditu Ugaoko Udalak, “udalerriko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko” eta 16.000 euro bideratu ditu aurtengo ekimenerako.
3.000 bonu horietatik 1.000 30 eurokoak izango dira eta 20 euroan eros daitezke. Beste 2.000 bonuak 10 eurokoak izango dira eta 7,5 euroko prezioa dute.
“Tokiko kontsumoa bultzatzeaz gain, ugaotarren etxeetan aurreztea sustatzen du urteroko kanpaina honek”, azaldu dute udal ordezkariek. Kanpainak abenduaren 31ra bitarteko iraupena izango du eta 2024an estreinatutako sistema digitala mantenduko dutela nabarmendu dute, Bizkaidendak izeneko bonu aplikazioaren bidez: “Horri esker, 18 urtetik gorako pertsona bakoitzak bere bonuak zuzenean trukatu ahal izango ditu programari atxikitako establezimenduetan. Horretarako, nahikoa izango da erosketa unean NANa aurkeztea”.
Beherapenez gozatzeko, erabiltzaileak NANarekin identifikatu beharko du bere burua eta saltokiak Apparen bidez trukatuko du Ugaobonoa. Bonuak ‘Ugaobono 2025’ kanpainari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango direla azaldu dute udakl ordezkariek, eta saltokietako erakusleihoetan identifikazio-kartela jarriko dutela gehitu dute.
ugaobono.eus webgunean saltokien zerrenda eta bonuen eskuragarritasun zerrenda kontsultatu daiteke (berdez, eskuragarri, gorriz ez-eskuragari).
“Ekimen honekin, Ugaoko Udalak tokiko merkataritza indartzeko eta herriko etxeetan aurrezpena sustatzeko konpromisoa berresten du, auzotarrei sistema eroso eta erabilgarri bat eskainiz, udalerrian erosketak bultzatzeko”.
☉ Ugao
Ehun pertsona baino gehiago elkartu dira Ugaon, indarkeria matxistaren aurkako eguneko elkarretaratzean
“Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista!” lelopean, ehun lagun baino gehiago elkartu dira Herriaren plazan

“Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista!” lelopean, ehun lagun baino gehiago elkartu dira 19:00etan, Ugaoko Herriaren enparantzan deitutako elkarretaratzean.
Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunaren markoan jarduera nagusi bi antolatu ditu Emahots Talde Feministak Ugaon: atzo, azaroak 24, Mai, Ateneo Palestinarraren kideak “Siempre con la resistencia” izeneko solasaldia eskaini zuen Jane jauregian.


☉ Ugao
Musikaldia, magia eta kontzertuak prestatu dituzte Ugaon, Gabonei ongietorria emateko
Aurtengo programan berrikuntza bat ipini dute Udaletik: Urteko azken eguna, lehen aldiz egingo den ‘Agur 2025’ jaiarekin ospatuko da, goizez, abenduaren 31n

Hamaika jarduera prestatu dituzte Ugaon Gabonei ongietorria emateko.
Udalak, abenduaren 12tik urtarrilaren 5era adin guztietako herritarrentzako jarduerak programatu ditu: “Urtero bezala, Udalak kultur eta jai programazio berezia prestatu du, kaleak eta udal espazioak musikaz, antzerkiz, magiaz eta tradizioz beteko dituena, herri sena indartuz eta kalitatezko aisialdirako alternatibak eskainiz”, azaldu dute udal ordezkariek. “Gabonetako Musikaldea, Sarea Abesbatzaren kontzertua, Potx magoaren haurrentzako ikuskizuna…”
Abenduaren 24an, Olentzero 18:00etan iritsiko da Herriaren Enparantzara, umeei agurra emateko”, gehitu dute Udaletik. Aurtengo programan berrikuntza bat ipini dute Udaletik: Urteko azken eguna, lehen aldiz egingo den ‘Agur 2025’ jaiarekin ospatuko da, goizez, abenduaren 31n.
Urtarrileko jarduera nagusia Epifania eta erregeen kabalgata izango da, urtero lez. Urtarrilaren 5ean antolatu du Ugaoko Izarra elkarteak herriko kaleetan zehar.
“Une egokia da partekatzeko, familian gozatzeko eta herri gisa batzen gaituzten loturak indartzeko. Herriko kulturaz gozatzera, kaleetara irtetera eta garai hauetako ilusioa elkarrekin bizitzera animatzen zaituztegu”, adierazi du Ekaitz Mentxaka herriko alkateak, eta herritarrak jardueretan parte hartzera gonbidatu ditu.
Egitaraua | Ugaoko Gabonak 2025
Abenduak 12, ostirala
GABONETAKO MUSIKALDIA
12:30 Bartolome Deuna eliza
Abenduak 14, igandea
GORA KOPAK!
12.30 Jane jauregia
Abenduak 19, ostirala
SAREA ABESBATZA
19:30 Bartolome Deuna eliza
Abenduak 21, igandea
POTX MAGOA
12:30 Jane jauregia
Abenduak 24, asteazkena
OLENTZERO
18:00 Herriaren enparantza
Abenduak 26, ostirala
DJ BLESSIVE
23:00 Herriaren enparantza
Abenduak 31, asteazkena
AGUR 2025 JAIA
11:00 Herriaren enparantza
Urtarrilak 5, astelehena
EPIFANIA ETA ERREGEEN KABALGATA
Herriko kaleetan zehar
☉ Ugao
Ertzaintzak 25 urteko emakume bat ikertu du Ugaoko diskoteka batean droga trafikoagatik
Bestetik, 51 pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak, besteak beste, drogak eta arma zuriak edukitzeagatik

Ertzaintzak prebentziozko beste operatibo bat egin zuen igandean Ugaoko diskoteka baten inguruan.
Polizia-operazioan 25 urteko emakume bat ikertu zuten droga trafikoagatik: gramo erdiko 18 kokaina poltsa konfiskatu zizkioten. Osasun publikoaren aurkako delitua egotzi diote eta eginbideak ireki dizkiote.
Bestetik, 51 pertsona identifikatu zituzten ertzainek. Horietako 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoaren arabera zigortzeko proposatu zituen, 13 drogak edukitzeagatik eta beste 3 aizto bat eta bi labana edukitzeagatik.
Horrez gain, sei zigor administratibo ezarri zizkieten gidariei drogetan positibo emateagatik eta beste bi gidari alkoholemia-proban positibo emateagatik ere zigortu zituzten.









