Sareak

☉ Ugao

Programa | Ugaoko jaiak 2025

Udalak, Jai Batzordearekin batera 60 proposamen baino gehiago programatu ditu aurtengo Udiarragako Amabirjinaren omenezko jaietan 130.000 euroko aurrekontuarekin, “inoizko aurrekontu handiena”

|

Irailaren 7tik 15era bitartean ospatuko diren Udiarragako jaietako irtagarpena egin du Ugaoko Udalak, Jai Batzordeko kideekin batera.

Udalak, Jai Batzordearekin batera 60 proposamen baino gehiago programatu ditu aurtengo Udiarragako Amabirjinaren omenezko jaietan 130.000 euroko aurrekontuarekin, “inoizko aurrekontu handiena da aurtengoa; iaz baino 30.000 euro gehiago, hain zuzen ere (% 30eko igoera)”, nabarmendu du Ekaitz Mentxaka Ugaoko alkateak.

“Kultura, gastronomia, kirola eta kontzertuak egongo dira”, gehitu du.  Maite Olabarri zinegotzia, Arantza Castañiza Etorki Dantza Taldeko kidea eta Jai Batzordeko hainbat kide egon dira, Dominguez, Guinea eta Mentxakarekin batera.

“Urte berezia da aurtengoa, Ugaoko Hiribilduaren 650. urteak direlako”, gehitu du Mentxakak, “Gure historiaz eta identitateaz harro egoteko unea da honako hau”.

Ugaoko Txosnaguneak duela aste batzuk iragarri zuen jaietako programa, hemen irakurgai.

Ekaitz Mentxaka, iazko txupinazoa botatzen // Geuria

Egitaraua | Udiarragako Amabirjinaren omenezko jaiak 2025

Irailak 7, igandea
12:00 Harrera: azken urteetan jaiotako umeei jaietako zapia jartzea
12:30 Desfile parte-hartzailea eta kuadrilen jaitsiera, erraldoi eta buruhandiekin, Herriaren Enparantzara
13:00 Pregoia + Txupinazoa + aurreskua, Herriaren enparantza
13:30 Kale animazioa, herriko kaleetan zehar
13:30 Buruhandiak, herriko kaleetan zehar
18:00 Euskal Dantzak: Etorki Dantza Taldeko txikiak, Herriaren enparantza
18:30 Erromeria: Berriztu, Herriaren enparantza
19:00 Salbea, Udiarragako baseliza
21:30 Kale antzerkia: ‘Bidaiaren amaieran’ (Hortzmuga antzerki taldea), ermitako zabalgunea

Irailak 8, astelehena
11:00 Diana, herriko kaleetan zehar
11:00 Umeentzako parkea (Kulki): ‘Itsasoko kirolak’, Herriaren Enparantza
12:00 Meza nagusia, Udiarraga amabirjinaren baseliza
18:30 Kale animazioa: Sama-Siku fanfarrea, herriko kaleetan zehar
19:00 Buruhandiak, Herriaren enparantza
20:00 Folk kontzertua: Korrontzi + Etorki Dantza taldea, Gernika enparantza

Irailak 12, ostirala
11:30 Zapiak Eguneko Zentroko adinekoentzat
13:00 Udalerriko emakume eta gizon zaharrei omenaldia, jubilatuen egoitza
14:30 Jubilatuen elkarteko Herri bazkaria, institutuko pista
18:30 Kale animazioa, buruhandiekin, Herriaren enparantza
18:30 Txosnaguneko irekiera
19:00 CD Ugaoren aurkezpen ofiziala, Arandia futbol zelaia
19:00 Kontzertuak: CoCa + B.O.T.H., txosnagunea
20:00 Kale animazioa: Dunbots fanfarrea, herriko kaleetan zehar
21:30 Berbena: Formula 70-80 musika taldearen eskutik, Herriaren enparantza
22:00 Kontzertua: Ez Dok Bape, Gernika enparantza
23:30 Kontzertua: Delirium Tremens, Gernika enparantza
01:00 Erromeria: Gautegun, Txosnagunea

Irailak 13, larunbata
09:00 Gastronomia txapelketak: Marmitako eta tortilla, ermitako zabalgunea
11:00 Diana, herriko kaleetan zehar
12:00 Sari banaketa: gazteen tortillak
12:10 0,0 Koktel eta Gilda tailerra, nerabeentzat, ermitako zabalgunea
13:00 Kale animazioa: El Despiste fanfarrea, herriko kaleetan zehar
14:30 Sari banaketa: Marmitako eta tortilla, helduen kategoria, ermitako zabalgunea
15:00 Bazkari herrikoia + bazkaloste musikatua, txosnagunea
17:00 Karta txapelketak: mus tute eta briska, jubilatuen egoitza
17:30 Kale animazioa: buruhandiak, Herriaren enparantza
17:30 CD Ugaoren aurkezpen ofiziala (emakumeak), Arandia futbol zelaia
18:30 Dantza Festibala: Estilos d’Epila + Etorki, herriaren enparantza
18:30 Kale animazioa: OstiKda Elektrotxaranga
21:00 Musika Showa: Cresh + Kangri, Herriaren Enparantza
22:30 Kontzertuak: Zinkha + Arene 6 + Nafarroa 1512, txosnagunea
23:00 Orkestra Show: Diamante orkestra, Gernika Enparantza
03:00 DJ radiopatio, txosnagunea

Irailak 14, igandea
11:00 Diana, herriko kaleetan zehar
12:00 zirku tailerra: haurrentzako gunea, airekoak, malabareak eta oreka, Herriaren enparantza
12:00 Kale animazioa: Kokotean Kolpe fanfarrea, herriko kaleetan zehar
12:30 Gizon eta emakumezkoen herri kirolak, ermitako zabalgunea
17:30 Gaztefest, ermitako zabalgunea
18:00 Kale animazioa: Sama-Siku, herriko kaleetan zehar
20:35 Suzko zezena, Herriaren enparantza
21:00 Antzerkia: ‘Eros’ (IXO konpainia), Gernika enparantza

Irailak 15, astelehena
11:00 Diana, herriko kaleetan zehar
12:00 Hildakoen omenezko meza, Udiarragako amabirjinaren baseliza
12:00 Emakume Sortzaileen Azoka, txosnagunea
12:30 Kale animazioa: Beti Jai fanfarrea, herriko kaleetan zehar
14:30 Indaba jana
18:30 Kale animazioa: ‘Rock Kalean’ (Zo-Zongo), herriko kaleetan zehar
19:00 Parrillada + kontzertua: The Dolphiners, txosnagunea
20:00 DJ Bull, txosnagunea
20:30 Kontzertua: Gozategi, Herriaren enparantza
22:30 Bolari buelta: Ana Guinea, hiru hodiko iturria
23:00 Jai amaierako traka: FML piroteknia, ibaiondoko gunea

☉ Ugao

Ertzaintzak gizon bat ikertu du Ugaon asteburuan, droga trafikoagatik

Gainera beste 46 pertsona identifikatu dituzte. Horien artean 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak edukitzeagatik eta bi armak edukitzeagatik

|

Konfiskatutako droga // Ertzaintza

Ertzaintzak prebentzio-dispositibo bat egin zuen joan den igandean Ugaon eta 50 urteko gizon bat ikertu zuen “hainbat substantzia sorgorgarri, bere ibilgailuan hauts zuri bat zuten bi poltsa eta 20 bat pastilla” atzeman ostean.

“Ertzaintzaren baliabideek guztira 46 pertsona identifikatu zituzten, eta horietako 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak (kokaina, speeda, marihuana eta haxixa) edukitzeagatik eta bi armak (kuter bat eta ukabil amerikar bat) edukitzeagatik”, azaldu dute Ertzaintzatik.

Gau berean droga-kontrola egin zuten agenteek Ugaon eta zortzi gidarik positibo eman zuten substantzia sorgorgarrietan: “Esku-hartze horiek Ertzaintzak bide publikoan (oraingoan Ugaoko diskoteka baten ondoan), Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Kontrolatzeko Ekintza Planaren esparruan, egiten dituen prebentzio-lanen emaitza dira”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Beranduegi Erromeriak urtarrilaren 24an eskainiko du azken dantza, zazpi urteko ibileraren ostean

Azken emanaldia Bilboko Bilborock aretoan eskainiko dute. Ordua laster zehaztuko dute erromeriatik

|

Beranduegi Erromeriako kideak // Utzitakoa

Hego Uribeko erromeriak agur esango die ordu txikietako kontzertuei eta azken kontzertuaren data eta lekua iragarri dute: 2026ko urtarrilaren 24a, Bilborock aretoan.

“Hasieratik argi geneukan zein zen gure helburua: jendea dantzan, kantuan eta irribarrez jartzea”, azaldu dute erromeriatik. “Eta zuei esker, amets hori egia bihurtu da”.

‘Azken Erromeria Dantza’ izeneko azken bira hau joan den urriaren hasi zuten Izarran (Araba) eta harrezgeroztik Agurainetik, Bagatzatik, MallabiatikPortugaleteko EZK-FESTetik eta Zollotik igaro dira.

Ainize Perez Ipiña (Ugao, 1997) Beranduegiko abeslariarekin berba egiteko aukera izan zuen GEURIAk joan den otsailean, eta zazpi urteko ibilbidean denbora asko inbertitu dutela azaldu zuen: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”.

Ainize, Ugaon // Geuria

Proiektua martxan jartzeak lan asko eman zituen baina jo eta su ibili ziren, erromeriari forma emateko. Hasierako kontzertuetan urduritasuna nagusi zen eta “edozein baldintzetan” jo zutela aitortu zuen Ainizek: “Hau guztia apur bat aldatu da: orain ziurtasun handiagoa dugu eszenatoki gainean. Urduritasuna badago, baina lehenengo abestiko lehenengo akordeak entzun eta desagertzen doa. Hasieran gaztetxoak ginen eta hori ere nabaritzen da, urteekin esperientzia handituz joan gara. Aitortu behar dut nostalgia puntu batekin baina harrotasunez gogoratzen dudala Beranduegiren hasiera, niretzat egi bilakatutako ametsa izan da”.

Ainize Perez, Beranduegiko abeslaria: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”

Jendea dantzan eta kantutan jartzeaz gainera, taldeak erronka handi bati eutsi zion hasieratik: euskara kontzertuetako ardatz nagusia izatea, “euskal musika eta Euskal Herriko artisten sorkuntzak herri desberdinetara eramatea, hain zuzen”.

Festekin gertatzen den modu berean, bideari amaiera emateko ordua dela laburbildu dute Beranduegi Erromeriatik eta isilik egingo ez dutela azpimarratu dute. Azken dantza horien artean Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrenean eskaini beharreko kontzertua dago (Niere eta Tobogan taldeekin) eta azkena Bilboko Bilborock aretoan izango da.

“Eskerrik asko bihotzez, urte hauetan guztietan gure istorioaren parte izateagatik. Hau da agurra… Beti Beranduegi”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Apirilaren 11n egingo dute datorren urteko Ugaoko Gazte Eguna

Momentuz “data gordetzeko” eskatu diete herritarrei. Laster informazio gehiago iragarriko dute

|

Ugaoko Gazte Eguneko irudi bat, 2022an // Geuria

Ugaoko Gazte Eguna datorren urteko apirilaren 11n antolatu dute.

Hala iragarri dute @ugaokogazteeguna instagram kontutik. Momentuz “data gordetzeko” eskatu diete herritarrei. Laster informazio gehiago iragarriko dute.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko Udalak 15.000 euro bideratuko ditu herriko merkataritza bultzatzeko

Diru laguntzak abenduaren 31ra bitartean eskatu ditzakete interesdunek

|

Herritarrak, Udiarraga kalean // Geuria

Udalerriko ekonomia biziberritzeko eta herritarren kontsumo-ohiturak indartzea helburu, Ugaoko Udalak 15.000 euro bideratuko ditu tokiko merkataritzara.

“Deialdi hau 2025eko eta 2026ko ekitaldietan egindako inbertsioei dagokie, eta eskaerak aurkezteko epea 2026ko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik”, azaldu dute udal ordezkariek. Laguntzak jarduera ekonomikoa Ugaon garatzen duten negozioei bideratuko dizkiete “Ugaon establezimenduak, baita egoitza soziala beste udalerri batean dutenak ere, baldin eta beren jarduera hiribilduan garatzen badute”.

Laguntzak zuzenean eslaituko dituzte eta gehienez 2.000 eurokoa izango da bakoitza, egindako inbertsioaren % 50era artekoa. Diru horrekin era honetako gastuak estali ahalko dira:

– Establezimenduen hobekuntza orokorrera bideratutako inbertsioak: lokalaren
barruko eta kanpoko egokitzapen-lanak, oztopo arkitektonikoen ezabaketa
– Segurtasun-neurriak ezartzeko edo irisgarritasuna hobetzeko neurriak
– Makinaria, altzariak edo establezimenduaren erabilera esklusiboko ekipamendu
informatikoak (hala nola TPV-ak) erostea
– Kalitate arauak ezartzeko aholkularitza zerbitzuak eta salmenta-puntua
optimizatzeko jarduketak, hala nola argiztapena, erakusleihoak edo girotzea

Diru laguntzak abenduaren 31ra bitartean eskatu ditzakete interesdunek. Deialdia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu dute dagoeneko

Osorik irakurri

☉ Ugao

Emakumeak ahalduntzeko tailerra antolatu dute Ugaon

Hurrengo hitzorduan, azaroaren 11n, zoru pelbikoaren osasunari begiratuko diote

|

Neskatxo bat, M8an // Geuria

Udalak emakumeak ahalduntzeko prozesu berri bat ipini du martxan, talde-tailer baten bidez.

Helburua emakumeak indartzea, eta elkarren arteko zaintza eta ikuspegi feminista eta komunitariotik laguntza sareak sortzea da. Tailerra abenduaren 10era antolatu dute Jane jauregian. “Prozesuan zehar funtsezko alderdiak landuko dira, hala nola autoestimua, adierazpen emozionala, muga pertsonalak, sormena, komunikazioa edo osasun intimoa, besteak beste”, azaldu dute udal ordezkariek.

“Dinamika parte-hartzaileen, mugimenduaren, hitzaren eta adierazpen artistikoen bidez, norbere burua ezagutzeko, indartzeko eta elkarrekin bide berriak proiektatzeko espazio bat eraikitzea da helburua”. Lehen saioak azaroaren 4an eta 5ean izan ziren eta ahalduntzearen gaiari heldu zioten.

Hurrengo hitzorduan, azaroaren 11n, zoru pelbikoaren osasunari begiratuko zaio. Udalak azpimarratu du tailerrak “modu kolektiboan indartu, esperientziak partekatu eta norbera errekonozitzeko proposamen integrala” eskaintzen duela.

Osorik irakurri