☉ Ugao
Lidia Ugalde eta Asier Hamawy: “Familia txiki bat sortu dugu; taldeaz oso harro gaude”
Ugaoko Kickboxing Txapeldunak taldeak Euskadiko bigarren talderik onenaren saria irabazi du, eta Lidia eta Asier borrokalariek bertan egindako ahaleginak berretsi dituzte.

Lidia Ugalde (Zeberio, 2000) eta Asier Hamawy (Ugao, 1999) Ugaoko Kickboxing Txapeldunak taldean lehiatzen dira. Zeberiotarra Euskadiko txapelduna izatera heldu da eta ugaotarrak urrezko domina irabazi zuen 2019ko Euskadiko eta Espainiako txapelketetan. Haien lorpenak esfortzuaren, umiltasunaren eta batasunaren fruitu izaten ari dira, eta kirolaren inguruan sortu duten taldeari zor diote bidean ikasitako guztia.
Gazte-gaztetatik kickboxingarekiko zaletasuna duzue.
Asier Hamawy: Nik futbolean jokatzen nuen, baina 15-16 urterekin konturatu nintzen ez zela nire kirola, ez zitzaidala benetan gustatzen. Orduan, beste kirol bat aukeratzea gomendatu zidan aitak. Banekien Ugaon kickboxingean aritzen zen talde bat bazegoela, eurekin berba egin eta ordutik gaur egunera arte jarraitu dut.
Lidia Ugalde: Ni, ostera, lau urte nituela hasi nintzen, nire neba ere kickboxingean hasi zelako. Inbidiak jota, nik ere bertan egon nahi omen nuen. Beraz, betidanik egon naiz borroken saltsa honetan sartuta.
Zertan datza kirol-diziplina hau?
L.U.: Kontaktuzko kirol bat da kickboxinga. Arte martzial ezberdinak konbinatzen ditu, taekwondoa eta boxeoa, esaterako. Horren barruan hainbat modalitate existitzen dira, baina bitan banatu ohi da: tatamia eta ringa. Tatamian light contact, point fight eta kick light egiten dira, ez dutenak kontaktu handiegia suposatzen, eta gehien bat teknika askatzean datza. Ringean, ordea, kontaktua handiagoa da eta K.O-ak ere egon daitezke. Point fight egiten hasi banintzen ere, ondoen light contactean aritzen naiz.
A.H.: Modalitate bakoitzak helburu bat du. Tatamian, esaterako, ezberdintasun nagusia kick light-ean hanketan ere jo daitekeela da eta point fight-ean puntu bakoitzeko denbora gelditzen dela; puntu gehien lortzen duena, irabazle; bizpahiru eraso egiten dira. Nik hirurak probatu ditut eta beti izan naiz light contact borrokalaria, nahiz eta kick light-a ere gustukoa izan.
Zertan ari zarete pandemia egoeran?
L.U.: Ez dituzte borrokak antolatzen, baina Espainiako txapelketak, adibidez, aurrera jarraitu du. Guri ez zitzaigunez ondo iruditu, ez ginen Madrilera joan, gure burua kutsatzeko arriskuan jartzen genuelako, baita birusa are gehiago zabaltzeko ere. Entrenamenduak kalean egiten ditugu. Segurtasuna bermatze aldera, ez dugu kontaktuzko teknikarik erabiltzen, ez gara binaka jartzen, soilik fisikoa lantzen dugu.
A.H.: Dena geldituta dago, leku guztietan bezala. Otsailaren 13an, printzipioz, Euskadiko txapelketan egongo garela esan digute, baina oraindik ez da konfirmatu.
Gogoratzen duzue zuen lehen borroka?
A.H.: Desastre hutsa izan zen: oso urduri nengoen eta aste horretan zehar tripako min izugarria izan nuen. Derion izan zela uste dut eta Gonzalo izeneko lagun baten kontra borrokatu nuen. A zer nolako errepasoa eman zidan!
L.U.: Irabazitakoak ere ez ditut gogoan, batik bat gaizki egindakoak gogoratzen ditut. Horietatik guztietatik zerbait ikasten saiatzen naiz.
Zer sentitzen duzue tatamira bidean zaretenean?
A.H.: Urduritasun handia. Gero, borroka hasten denean, deskonektatu eta nerbio horiek joan egiten dira, baina lehen minutuetan tentsio handia dago. Borroka irabazteko teknikak nola burutu pentsatzen dut. Hasi aurretik, denon antzera, luzaketa eta beroketa ariketak egiten ditut, baina kaskoak jartzen ditut musikarekin erlaxatzen saiatzeko.
L.U.: Ni ere urduri jartzen naiz. Baina badakizu zerk lasaitzen nauen? Nire neba ondoan edukitzeak. Horrek erlaxatu egiten nau eta asko laguntzen dit. Urduritasunak ez zaitu ezertan laguntzen, beraz, borrokan buru belarri egoten saiatzen naiz. Nik ez dut musika erabiltzen, bestela bakarrik nagoen sentsazioa dut, eta ez da horrela.
Deskriba ezazue batak bestea.
A.H.: Lidia oso borrokalari teknikoa da, hankak dira bere indargunea eta boxeo ona egiten du. Nire ustez, gaur egun galtze bidean dagoen borrokalari mota bat da. Orain borrokak bortitzagoak dira eta ematen du horrek borrokalariak hobeak egiten dituela. Borroka galdu edo irabazi, hori pentsatzea akats oso larria da.
L.U.: Asierrek urte gutxi daramatza kirol honetan, baina epe laburrean bere ahaleginak oso nabarmenak izan dira. Hasi zenean ez zen batere elastikoa eta, tira, desastre hutsa zen, kar, kar, kar! Baina bere kemenaren eta ahaleginen ondorioz asko hobetu du. Egun, ondo moldatzen da eta nabarmenduko nuke oso defentsa eraginkorra lortu duela.
Borroka hitzak mutila dakarkit burura.
L.U.: Betidanik mutilen azpian egon garela uste dut. Neska batek kickboxingean aritzen dela dioenean, gizarteak ezohiko egoera irudikatzen du. Baina, kirol munduan gaudenok, badakigu neska pilo bat gaudela, eta beraz, ez da egia arraroa denik. Genero ezberdintasun bat nabarmendu beharko banu, esango nuke neskok gure artean dugun harremana hotzagoa dela mutilek euren artean dutenarekin alderatuta. Ematen du guk ez dugula astirik lagun arteko giroan ibiltzeko, topera aritzen garela eta harremanak bigarren mailan kokatzen ditugula. Eta kirolari erreparatzen badiogu, pisua eta muskulazioa alde batera utzita, nahiko paretsu gabiltzala esango nuke.
A.H.: Lidiak esan duenaren harira, esan nahiko nuke badaudela mutil askok baino indartsuago jotzen duten neskak. Neska zein mutiletan, onak eta txarrak daude, baita oso onak eta oso txarrak ere! Nire ustez, generoa alde batera utzita, egunero gogor entrenatuz gero, maila altua lor daiteke.
Zein borroka dituzue gogoan?
A.H.: Nire azkenengo borroka martxoaren 7an izan zen. Azterketak zirela eta ez nuen asko entrenatu. Hiru kilo galdu behar izan nituen borroka aurreko astean eta, borroka amaitu bezain pronto, biriketatik txarto sentitu nintzen. Egia esan, penagarria izan zen, ez nituelako ez burua ez gorputza izan behar nituen tokian.
L.U.: Gehien markatu nauen konbatea 2019ko Espainiako txapelketakoa izan zen: hainbat eraso egin behar izan nituen finalera iristeko eta nire ustez ez zen bidezkoa izan, nahiz eta nire aurkariak ere borroka ona egin. Egin nituen ahalegin guztiek ez zutela ezertarako balio izan ikusita, goibelaldi labur bat izan nuen. Orduan ohartu nintzen denetatik ikasi egin behar dela. Gurera bueltatuta, Euskadiko txapelketan berriz irabazi nuen. Nire mentalitatearen garrantziaz jabetu nintzen orduan.
Gorabeherak izan arren, urrun heldu zarete dagoeneko.
A.H.: Espainiako txapelketa ostiral batean izan zela gogoratzen dut, eta gosaltzen ari ginela, nire helburua domina lortzea zela esan nuen. Hori zen helburua.
L.U.: Nik Euskadikoa hainbatetan irabazi dut. Gurean, ia beti lehiakide berdinen artean aritzen gara. Gure teknikak zeintzuk diren ikasi egiten ditugu, gure ondokoa ondo ezagutzen dugu eta ez da aniztasun handirik egoten. Kanpora irtetean, lehiakide berriak ditugu eta ahalegina handiagoa da, jende pilo bat dagoelako parte-hartzen. Hala ere, zilarrezko domina irabaztea lortu nuen Espainiakoan.
Inoiz lesionatu zarete?
L.U.: Kirol hau konkatu zuzenekoa denez, normala da atzamarren bat apurtzea, han eta hemen beltzuneak agertzea… Askotan ukondoan dut min, baina ez diot garrantzirik ematen. Duela urte batzuk, Castron lehiaketa batean ari ginela, lesionatu egin nintzen: zuntz-urradura bat, baina ezin nuen ibili ere egin. Azkenean, fisio batengana joan behar izan nuen, ez nuelako lesioa ondo sendatu eta Espainiako txapelketan min handiagoa hartu nuelako.
A.H.: Etorri bezala joaten den mina da, baina beti hortxe dagoena. Iazko azaroan izandako open bateko entrenamenduan ostikada bat gaizki jo nuen, min hartu eta ezin nuen oina lurrean jarri, ezin nuen zapaldu. Ez da larria, baina ezin izan nuen azaroko lehiaketa horretan parte hartu.
Ugaoko Kickboxing Txapeldunak da zuen taldearen izena. Iazko urrian Euskadiko Open-eko Kickboxing eta Muay Thai bigarren talderik onenaren saria irabazi zuen.
L.U.: Eta oso harro gaude gure taldeaz, egindako ahaleginak bere fruitua eman duelako. Borrokalari apartak dira eta txapelketetan ikus daiteke. Talde moduan ondo funtzionatzen dugu, elkarri laguntzen eta animatzen. Adibidez, bi izen aipatzearren, Saioa Blanco eta Joseba Ugalde betidanik egon dira kickboxingean eta esfortzu handia egin dute. Orain, taldeko onenetarikoak dira.
A.H.: Familia txiki bat sortu dugu eta taldekide guztien jarrera txalotzekoa da. Joseba Ugalde, Lidiaren neba, nire ustez kickboxing praktikatzen duen pertsonarik hoberena da, egiten duena benetan miresgarria delako. Halaber, Saioa oso perfekzionista da eta horri esker Munduko txapelketan egoteko aukera izan du. Bestalde, eskerrak eman behar dizkiogu gure entrenatzaileari, bera barik hau guztia ezinezkoa delako. Carlosek bere gimnasioan hartu ninduen kirol honetaz ideiarik ere ez izan gabe.
Zerk motibatzen zaituzte hainbeste borroken ondoren lehiatzen jarraitzera?
L.U.: Taldeak. Hilabete txar batzuk izan ditut eta haiek kirol hau nire bizitzako kirola dela ikusten lagundu didate. Nire helburua ez da Munduko txapelketa batera joatea edo borroka garrantzitsuak irabaztea, oso zaila delako eta urte askotako bete-beteko ardura eskatzen duelako.
A.H.: Neure burua gainditzea. Gorputzak mugak dituela esan ohi da. Bada, horiek ezagutzea gustatuko litzaidake, ditudan helburu guztiak lortuz: ahal bezain borroka gehien irabaztea. Gainera, bi urte barru teknika ona eskuratzen badut ringera pasatzea gustatuko litzaidake. Horretarako denbora eta dedikazioa behar da.
Elkarren kontra borrokatu beharko bazenute, nork irabaziko luke?
A.H.: Tira, modalitatearen eta borrokaldiaren arabera. Entrenamenduetan egin dugun moduan, hankak bakarrik erabilita, Lidiak astindu ederra emango lidake. Seguru nago! Boxeo borrokaldia izatekotan, ordea, aukera gehiago izango nituzke irabazteko, pisu gehiago dudalako eta luzeagoa naizelako.
L.U.: Egia da esperientziak asko egiten duela. Bakoitzak gure indarguneak ditugu eta horretan trebeak gara. Ni, hankak erabili barik, defendatu eta ezer gutxi gehiago egingo nuke. Asierri beste horrenbeste gertatuko litzaioke: bere beso luzeak eta garaiera altua kenduta, larri!
☉ Ugao
Elkarretaratzea, antzezlanak eta hainbat jarduera antolatu dituzte Ugaon, A-25eko testuinguruan
Azaroaren 26an IV. Berdintasun Plana entzuteko gunea izango da ere, eta herritarren ekarpenak eta proposamenak ezagutzeko gune parte-hartzailea izango dela iragarri dute Udaletik

Ugaoko Udaleko Berdintasun sailak, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren testuinguruan, hainbat hezkuntza eta sentsibilizazio-jarduera antolatu ditu azaroaren 14tik 27ra.
Izan ere, aurten, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko elkarretaratzeaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Udaletik: Antzerki saioak, ikusgarritasun lesbikoari buruzko bideo proiekzioa eta mahai-ingurua, Berdintasunaren aldeko martxa herrian zehar…
“Ekimen honen helburua da indarkeria matxistaren aurkako borroka ikusaraztea eta herritarrek emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekiko duten konpromisoa indartzea”, azaldu dute udal ordezkariek.
Txiki eta gazteen programazioari dagokionez, jarduerak Ludotekan, Gaztelekuan eta Mirabatxon burutuko dituzte: “‘Pepuka y el monstruo que se llevó su sonrisa’ ipuin-kontaketa feminista, azaroaren 25, 26 eta 27an udal ludotekan egingo dute, baita Gaztelekuan eta Mirabatxo Klubean ere, hilaren 22an.
Azaroaren 26an IV. Berdintasun Plana entzuteko gunea izango da ere, eta herritarren ekarpenak eta proposamenak ezagutzeko gune parte-hartzailea izango dela iragarri dute Udaletik.
Antzerki saioetan, tailerretan eta berdintasunaren aldeko martxan izena eman nahi duten interesdunek e-posta idatzi beharko dute berdintasuna@ugao-miraballes.eus helbide elektronikora.
Egitaraua | A-25a Ugaon
Azaroak 14, ostirala
20:00 Antzerkia: Katana, Jane jauregia
Azaroak 20, osteguna
18:00 Ikusgarritasun lesbikoari buruzko bideo proiekzioa + mahai-ingurua
Azaroak 21, ostirala
20:00 Pituister, Jane jauregia
Azaroak 22, larunbata
11:00 Berdintasunaren aldeko martxa, herrian zehar
Azaroak 25, asteartea
12:00 Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko elkarretaratze instituzionala, Herriaren enparantza
Azaroak 26, asteazkena
18:00 IV. Berdintasun Planaren entzute gunea
☉ Ugao
Irakurzaletasuna bultzatzeko tailerrak antolatu dituzte Ugaon, euskara hutsean
Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da eta edukiera mugatua izango da: guztira 10 umeentzako lekua egongo da

Abenduaren 5ean, 12an eta 19an ipuin kontalarien ‘Sormen Tailerrak’ antolatu ditu Ugaoko Udalak, liburutegian, 17:30etik 18:15era.
Ekimen honen helburua haur txikiengan irakurzaletasuna bultzatzea eta irudimena lantzea dela azaldu dute udal ordezkariek: “Dinamizatzaile batek ipuin klasiko desberdin bat irakurriko du saio bakoitzean, eta ondoren haurrek ipuinarekin lotutako jarduera batean parte hartuko dute”.
Tailerrak euskara hutsean eskainiko dituzte eta guraso bakoitzak seme-alaba bakarra eraman ahal izango du. “Haur horrek, nahi izanez gero, hiru ostiraletan parte hartzeko aukera izango du”, gehitu dute Udaletik.
Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da. Edukiera mugatua izango da eta guztira 10 umeentzako lekua egongo da.
☉ Ugao
Ertzaintzak gizon bat ikertu du Ugaon asteburuan, droga trafikoagatik
Gainera beste 46 pertsona identifikatu dituzte. Horien artean 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak edukitzeagatik eta bi armak edukitzeagatik

Ertzaintzak prebentzio-dispositibo bat egin zuen joan den igandean Ugaon eta 50 urteko gizon bat ikertu zuen “hainbat substantzia sorgorgarri, bere ibilgailuan hauts zuri bat zuten bi poltsa eta 20 bat pastilla” atzeman ostean.
“Ertzaintzaren baliabideek guztira 46 pertsona identifikatu zituzten, eta horietako 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak (kokaina, speeda, marihuana eta haxixa) edukitzeagatik eta bi armak (kuter bat eta ukabil amerikar bat) edukitzeagatik”, azaldu dute Ertzaintzatik.
Gau berean droga-kontrola egin zuten agenteek Ugaon eta zortzi gidarik positibo eman zuten substantzia sorgorgarrietan: “Esku-hartze horiek Ertzaintzak bide publikoan (oraingoan Ugaoko diskoteka baten ondoan), Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Kontrolatzeko Ekintza Planaren esparruan, egiten dituen prebentzio-lanen emaitza dira”.
☉ Ugao
Beranduegi Erromeriak urtarrilaren 24an eskainiko du azken dantza, zazpi urteko ibileraren ostean
Azken emanaldia Bilboko Bilborock aretoan eskainiko dute. Ordua laster zehaztuko dute erromeriatik

Hego Uribeko erromeriak agur esango die ordu txikietako kontzertuei eta azken kontzertuaren data eta lekua iragarri dute: 2026ko urtarrilaren 24a, Bilborock aretoan.
“Hasieratik argi geneukan zein zen gure helburua: jendea dantzan, kantuan eta irribarrez jartzea”, azaldu dute erromeriatik. “Eta zuei esker, amets hori egia bihurtu da”.
‘Azken Erromeria Dantza’ izeneko azken bira hau joan den urriaren hasi zuten Izarran (Araba) eta harrezgeroztik Agurainetik, Bagatzatik, MallabiatikPortugaleteko EZK-FESTetik eta Zollotik igaro dira.
Ainize Perez Ipiña (Ugao, 1997) Beranduegiko abeslariarekin berba egiteko aukera izan zuen GEURIAk joan den otsailean, eta zazpi urteko ibilbidean denbora asko inbertitu dutela azaldu zuen: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”.

Ainize, Ugaon // Geuria
Proiektua martxan jartzeak lan asko eman zituen baina jo eta su ibili ziren, erromeriari forma emateko. Hasierako kontzertuetan urduritasuna nagusi zen eta “edozein baldintzetan” jo zutela aitortu zuen Ainizek: “Hau guztia apur bat aldatu da: orain ziurtasun handiagoa dugu eszenatoki gainean. Urduritasuna badago, baina lehenengo abestiko lehenengo akordeak entzun eta desagertzen doa. Hasieran gaztetxoak ginen eta hori ere nabaritzen da, urteekin esperientzia handituz joan gara. Aitortu behar dut nostalgia puntu batekin baina harrotasunez gogoratzen dudala Beranduegiren hasiera, niretzat egi bilakatutako ametsa izan da”.
Ainize Perez, Beranduegiko abeslaria: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”
Jendea dantzan eta kantutan jartzeaz gainera, taldeak erronka handi bati eutsi zion hasieratik: euskara kontzertuetako ardatz nagusia izatea, “euskal musika eta Euskal Herriko artisten sorkuntzak herri desberdinetara eramatea, hain zuzen”.
Festekin gertatzen den modu berean, bideari amaiera emateko ordua dela laburbildu dute Beranduegi Erromeriatik eta isilik egingo ez dutela azpimarratu dute. Azken dantza horien artean Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrenean eskaini beharreko kontzertua dago (Niere eta Tobogan taldeekin) eta azkena Bilboko Bilborock aretoan izango da.
“Eskerrik asko bihotzez, urte hauetan guztietan gure istorioaren parte izateagatik. Hau da agurra… Beti Beranduegi”.
☉ Ugao
Apirilaren 11n egingo dute datorren urteko Ugaoko Gazte Eguna
Momentuz “data gordetzeko” eskatu diete herritarrei. Laster informazio gehiago iragarriko dute

Ugaoko Gazte Eguna datorren urteko apirilaren 11n antolatu dute.
Hala iragarri dute @ugaokogazteeguna instagram kontutik. Momentuz “data gordetzeko” eskatu diete herritarrei. Laster informazio gehiago iragarriko dute.








