Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Ugao

‘Pulpolagarro’, Feos pero majos: «Gure espiritua zoramen puntua eta surrealismo tontoa dira»

Feos pero majos musika taldeak 20 urte beteko ditu aurtengo irailean. ‘Erótico Bajista’ eta ‘Pulpolagarro’ kideek Ugaoko berbena aitzindariaren nondik-norakoez hitz egin digute

|

'Erótico bajista' eta 'Pulpolagarro' // Geuria

Arrosaz jantzita, trikornioekin, “Gora España” abestuz eta, noizbait, bandera frankista batekin igo dira eszenatokira Ugaoko Feos pero majos (FPM) taldeko kideak. Oholtza gainean, maitasuna dute denentzat (eta gorrotoa ere bai, guztientzako dosi berean), baina probokazio puntu horretatik harago, ikuskizunean “lerro artean irakurtzea” eskatzen diote kontzertuetara hurbiltzen den “público mediocre” delakoari. Mundu paralelo bat balego eta Ugaok musika talde bat sortuko balu, onerako edo txarrerako, FPM taldea errepikatuko litzatekeela diote kideek, “Ugaotik eta Ugaorako sortutako produktua” baitira. Haiek izan dira herrian bertan grabatu eta kaleratu den zuzeneko DVD bakarra egin dutenak, eta Ugaoko talde zaharrena ere badira. Irailean 20 urte beteko dituzte, eta indaba-janean, urteurrena Kofradiarekin batera ospatu eta “suizidio artistikoa” herrian egitea gustatuko litzaiekeela kontatu digute bost kideetako bik: Erótico Bajistak (Ugao, 1980) eta Pulpolagarrok (Ugao, 1977).

Nortzuk osatzen duzue Feos pero majos (FPM) taldea?
Erótico bajista (E.B.): Talde erdia Ugaokoa da. Sei kide gaude eta horietatik hiru gara herrikoak, beste bi Orduñakoak eta Basauriko lagun bat ere badaukagu.

Taldekideen benetako izenak ez dituzue inoiz ematen.
E.B.: Baina ez ezkutatzeko helburua daukagulako. Gure artean erabaki genuen bakoitzak bere alter egoa izango zuela taldean, eszenatoki gaineko pertsonaia eta benetan garena banatzeko.
Pulpolagarro (P.): Hori da, kontzertuan gaudenean pailazoaren figura kaleko pertsona normalarengandik banatzen dugu ezizenekin.

Feos pero majos taldea, lagunekin // Utzitakoa

Eta zeintzuk dira pertsonaien izenak?
E.B.: Egia esan, hainbeste erabili ditugu, non gogoratu ere ez baikara egiten. Erótico Bajista izan da, agian, betidanik egon den bakarra, beste guztiak etengabe aldatzen joan baikara.

P.: Nik gezurretako olagarro bat janzten nuen buru gainean eta horregatik jarri nuen Pulpolagarro izena. Beste bati ere, antzeko: Txipiron deitzen diogu. Eta gitarrari Bonsai ezizena eman genion, rastak zituelako eta loreontzi moduko bat jartzen zuelako gainean; gainera, txikia ere bada.

E.B.: Eta Peru deitzen diogu beste bati. Baina, ez, ez da bere izena. Peru herrialdeko selekzioaren kamiseta bat jartzen zuelako jarri genion.

2003tik honaino aritu zarete musika jotzen (eta jarraitzen duzue). Nola sortu zenuten FPM?
P.: Hasiera egun zehatz bat izan zen. Amaiur erromeriak 2003ko Ugaoko jaietan, txosnetan, bertsioen kontzertu bat antolatzea erabaki zuen, eta horretarako, taldeko kideez gain, beste hiru abeslari deitu gintuzten. Abesti makarra guztiak hartu genituen, La Polla Records eta antzeko taldeenak, eta hauek hiru aldiz entseatu genituen. Gehiago, ez.

Praktikatzen ari ginela, norbaitek eszenaratzeko izena aukeratu behar zela esan eta entseguan esaten genuen lehenengo astakeria erabiltzea proposatu zuen. Halako batean, kide batek bota zuen: “Somos feos pero majos”. Eta horrela hasi zen taldea. Hain entsegu gutxiren ondoren, boloa gaizki irtengo zela pentsatu genuen, oso gaizki joango zela guztia, eta mozorrotuta irten ginen, badaezpada. Baina jendeari gustatu egin zitzaion, eta 2004an eta 2006an ere Ugaoko jaietan jo genuen. Hortik aurrera, herritik kanpo jotzera joateko eskatu ziguten.

Ordudanik asko aldatu da taldea?
P.: Ni naiz garai horretatik gelditzen den bakarra, apurka-apurka taldekideak aldatzen joan garelako. 2004an, abeslari bat joan zen eta 2006an, guztiz birformulatu genuen FPM.

E.B.: Ni ordutik nago taldean. 2008an, bateria sartu zen eta 2009an, gitarra berria, baina 2006tik hona aldaketa gutxi egin ditugu, eta azken hamar urteetan ez gara aldatu.

P.: Eta berdin jarraituko dugu.

Zuetako norbaitek prestaketarik badauka musika munduan? Ikasketaz musikariak zarete?
E.B.: Ez. Nik, adibidez, Fisika ikasi nuen.

P.: Nik diseinu ikasketak dauzkat. Beste bat autobus gidaria da; fabrikako langile bat dago; eta kristalak garbitzen dituen bat ere bai, nahiz eta berari artzain izatea gustatuko litzaiokeen. Baina ez gara musikariak, ez. Lagun artean jotzeko batu gara.

Garai batean esaten zen bezala, “Garajeko taldea” zarete.
P.: Gu zaharrak gara, eta gure belaunaldian horrela sortzen ziren talde guztiak. Egungo gazteak kontserbatorioan hasten dira instrumentuekin, eta 15 urterekin, guk baino askoz hobeo jotzen dute.

Baina prestaketa izan dezaketen arren, agian ez daukate ausardiarik eszenatokian jotzeko.
E.B.: Guk alderantziz egin genuen. Ausardia guztia geneukan, eta entsegu bakar batekin lau kontzertu jo genitzakeen. Mozorrotu eta aurrera!

Hasieran, praktika faltagatik edo lotsagatik. Baina orain, zer lortu nahi duzue mozorroekin?
E.B.: Agian, kontzertu bat eta musikariak zer diren desmitifikatzea. Tontakeriak egiten igotzen gara eszenatokira, eta ikuskizuna eskaintzen dugu. Seriotasun falta dauka kontzertuak, baina ez guk egiten duguna ez delako serioa (musika ondo jotzen dugu, beste edozein taldek bezala), baizik eta guk ez dugulako horrela erakutsi nahi.

P.: Musika gogorra jotzen dugu, punka eta metala, eta normalean, mota horretako kontzertuetara jendea serio doa, beltzez jantzita; pose horrekin, azken batean. Baina FPMn joera desmitifikatzen dugu, barregarri geratzearekin, apurtu egiten dugulako eskema. Musika gogorra egin eta aldi berean, arrosaz jantzita joaten gara.

Kontraste jokoa da, orduan?
P.: Guztiz. Uste dut, gainera, apurtzailea eta barregarria ere badela.

E.B.: Eta komodoa. Kamiseta batekin eta fraka motzekin jotzea oso erraza da. Gainera, oholtzara igotzerakoan, txipa aldatzen ere laguntzen dizu, pertsonaian sartzen.

Asko aldatzen da zuen izateko modua oholtza gainean eta kanpoan?
P.: Kantariak askoz ere demokratagoak eta toleranteagoak gara kontzertuetan kalean baino. Eszenatokian maitasuna da gure muina.

E.B.: Maitasuna, positibotasuna eta baikortasuna.

P.: Eta politikaren kasuan, kontzertuetan, eskuinerantz ere lerratzen gara zertxobait, herritar moduan bakoitzak bere ideologia daukalako, baina hor goian gaudenean, guretzako dena delako polita. Esango nuke, alde batetik, pailazo izate eta agresibitate puntu hori dauzkagula, eta bestetik, irudi ia instituzionala ematen dugula, demokratena, den-dena onartu behar dela esatean.

Hain zuzen, kontzertuetan bi alde horiek islatzea polita da, egunerokoan guztiok gaudelako kontrastez beteta: gauza bat esan eta beste bat egin. Ni, adibidez, batailatuta nago, jaunartzea ere egin dut, baina gero, guztiz ateoa naiz. Beraz, denok ditugu gure hipokresiak.

“Gora España” ere ohikatzen duzue kontzerturen batean, Lehendakaris Muertosen kantan bezala.
P.: Bai, gu bertsio talde bat gara. 1980ko hamarkadako punka eta 1990eko metala nahasten ditugu.

E.B.: Halere, ez daukagu galbaerik. Jotzen ditugun abesti gehienak bi hamarkada horietakoak dira, baina ez denak. Noizbehin ere jo dugu Patrulla Canina marrazki bizidunetako programaren kanta.

P.: Hori bai, jendeak ezagutzen dituen abestiak izan behar dira, popularrak edo folklorea. Soziedad Alkoholika, Cicatriz, La Polla eta antzeko taldeen kantak jo ohi ditugu, ikusleek gustuko dituztenak. Baina azkenean, berbena taldea garenez (ez erromeria, ez daukagulako trikitixarik), Amaiur, Hegan, Joselu Anaiak eta bestelako musikariak ditugu erreferente.

Galbaerik izan ez arren, punkaren aldera lerratzen zarete. Punkaren filosofiagatik?
P.: Punkaren intentzioarekin, baina berbena eginda. Gu 1990eko hamarkadan hazi ginen, eta gure belaunaldian, metala sortzeaz gain, 1980ek utzitako kutsua nabarmena zen, punk musikak jarraitzen baitzuen. Hala ere, gu nerabeak ginenean, gaizki ikusita zegoen 30 urte edo nagusiagoa zen norbaitek musika makarra jotzea, eta egun, gure zorterako, ez. Lekutxoa bilatu dugu, eta aldaketa ona da guretzako “zaharren kontu” honetan, makarrismoan, jarraitu ahal izatea.

Zuen publikoa, “Público mediocre” deitzen diozuena, “zaharra” da?
E.B.: Denetarik dago. Zaharrak, agian, gehiago daude, baina gazteak ere bai.

P.: Musika gustatzen zaienak etortzen dira ikustera, baina nik uste ikuskizunaren plusa ere ematen dugula.

E.B.: Alde horretatik nahiko interaktiboak gara: publikoaren jolasten dugu, gauzak bota… Pixka bat mespretxatu ere egiten ditugu batzuetan, haien atentzioa lortzeko.

P.: Baina beti edukazioz. Lehenengo, “eskerrik asko” esaten dugu eta ondoren hasten gara “Público mediocre” deitzen eta antzekoak botatzen: mendian, ardien artean, haiekin baino giro hobean gaudela, adibidez.

Egongo da norbait txantxa horiek gustuko ez dituena edo ikuskizuna ulertzen ez duena.
E.B.: Noski.

P.: Inor haserretuko ez balitz, gaizki egiten ari garen seinale. Gu probokatzen ari gara, baina jendeak horren bigarren irakurketa egiten jakin behar du, lerroen artean irakurtzen. Zu antzerki bat ikustera bazoaz, Macbeth, adibidez, eta norbait hiltzen badute, inork ez du pentsatzen aktorea hiltzailea denik. Bada, gurekin, berdin: eszenatokian guztietaz egiten dugu ondo hitz, guztiak maite ditugu, baina gu ez gara maite ditugun pertsona horiek bezalakoak; kontzertuetatik kanpo bakoitzak bere pentsatzeko modua dauka, ez oholtzan “maite ditugun pertsona” horiena.

E.B.: Eszenatokian nahi dugun guztia egiten dugu, baina oso agerikoa da ikuskizuna dela. Arrosaz jantzita goaz, trikornioarekin, pelukarekin, bandera frankista batekin, noizbait. Baina askok ez dute ulertzen, eta metxeroarekin etortzen dira.

P.: Azken kontzertuan, Orduñan, fregona batekin irten ginen. Taldekide bat izango balitz bezala zegoen eszenatokian, musika jotzen genuen bitartean, eta tipo batek kendu egin zigun. Geroago, bueltatu egin zuen, baina bigarrenez eraman zuen. Espero dut orain etxean izango duela, birziklatzeko.

Zein izan dira gogoan dituzuen probokaziorik handienak?
P.: Lotsagabekeria asko egin ditugu. 2013an, Iruñako jaietan ikurriña erraldoi bat zintzilikatu zuten udaletxearen parean, txupina bota baino lehen, baina guk urte horretan kontrakoa egin genuen. Auzo bateko jaietan jo genuen, handik gutxira, eta Espainiako bandera erraldoia jarri genuen.

E.B.: Gero, Zumaian, Erreala Bigarren Mailara jaitsi zenean, pegatina batzuk egin genituen: goian futbol taldearen armarria jarri genuen eta behean, “Feos pero majos, músicos de segunda”. Donostian ere (Gros auzoan), antzeko zerbait: Athletic-en eskudo bat erre genuen, eta ikusle guztiak algaraka hasi ziren. Baina gero, Errealarena atera genuen su emateko (Athleticena lehenengo erretzea, Errealarena erretzen hasteko maniobra izan zen). Orduan, guztiak isildu ziren, haserre. Ez zuten ulertu.

P.: Nafarroan eta Bizkaian badaukate umore kabroi hori, baina Araban eta Gipuzkoan gehiago kostatzen zaie jokoa harrapatzea. Baina guk umoarekin maitasuna erakusten dugu.

E.B.: Eta guztiak berdintasunetik gorrotatzea. Hori irakaspen polita da.

Maitasuna erakustea eta denok berdinak garela, ez da oso hippie-a?
P.: Punkarra guztiei min emango die, baina, bai. Halere, gure musika influentziak eta izaera ere hippiena baino gogorragoa da: gurea punka eta Ugaoko indaba-janeko espiritua dira, zoramen puntua eta surrealismo tontoa.

Indaba-jana herrikoia edo Kofradiarena?
E.B.: Kofradiarena: kristaua eta klasikoa.

Ugaoko produktua zaretela esango zenukete?
E.B.: Bai, guztiz. Ugaok balizko mundu batean musika talde bat sortuko balu, seguraski, gu izango ginateke.

P.: Ez dakit hori ona edo txarra den herriarentzako, baina ezingo litzateke ekidin. Ume bat izatea bezalakoa da: berdin da nolakoa den, maitatu egin behar duzu, eta kitto.

E.B.: Gainera, esango nuke Ugaoko musika talderik zaharrena ere bagarela.

P.: Kofradiarekin batera, ez dakit guk baino gehiago iraun duen talderik dagoen herrian. Aurten 20 urte beteko ditugu, irailean, eta polita izango litzateke haiekin batera ospatzea, herriko jaietan kontzertu bat antolatzea eta suizidio artistikoa bertan egitea.

☉ Ugao

Haurrentzako bost ipuin kontaketa antolatu dituzte Ugaon, irakurzaletasuna sustatzea xede

Liburutegi Publikoaren Egunean eta Euskararen Egunean saio bereziak egingo dituzte eskolarekin elkarlanean eta kontaketak euskaraz izango dira

|

Ugaoko Udalak bost ipuin kontaketa saio antolatu ditu azaroan zehar udal liburutegian, gaztetxoen artean irakurzaletasuna bultzatzeko.

Saio hauek ‘Irakurzaletasuna sustatzea’ izeneko proiektuaren parte da eta liburutegiak udalerriko
biztanleen artean irakurzaletasuna zabaldu eta sustatzea du helburu.

Lehen saioa urriaren 30ean egingo dute Liburutegi Publikoaren Eguna ospatzeko, euskaraz, eskolarekin elkarlanean.

Azaroaren 22an, 29an eta abenduaren 13an 3 eta 6 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako ipuin kontaketa saioak egingo dituzte: Leioak, hilaren 22an; Barruko Lehoia, hilaren 29an eta Beldar Txiki Jatuna, abenduaren 13an.

Gainera, abenduaren 4an Euskararen Eguna ospatzeko, eta eskolarekin elkarlanean ere, ipuin kontaketa berezia antolatu dute euskara hutsean.

Edukiera mugatua izango da, eta beraz, saioetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela iragarri dute udal ordezkariek: “Parte hartu nahi dutenek Udal Liburutegira hurbildu beharko dira interesdunek izena emateko”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Murgiako perretxikoen erakusketa egingo dute Ugaoko Jardunaldi mikologikoetan

Urriaren 26an irteera antolatu dute Murgiara eta hurrengo egunean Araban eskuratutako perretxikoen erakusketa klasikoa egingo dute Herriaren enparantzan

|

Onddoak // Geuria

Urriaren 26 eta 27an antolatu dituzte aurtengo Jardunaldi Mikologikoak Ugaoko Historia eta Ingurumena Ezagutzeko Zentroak eta Fungipediak.

19. edizio honetan egun osoko irteera egingo dute urriaren 26an Murgiako basoetara. Egunean zehar perretxikoak bilduko dituzte bertan. Parte-hartzaileak 08:00etan abiatuko dira Ugaoko Udalak debalde antolatuko duen autobus batean Arabarantz.

“Betiko moduan, mota ezberdinetako perretxikoak jasoko dira Murgian”, azaldu dute Ugaoko Udaletik. “Arratsaldean bertan, goizean jasotakoaren aukeraketa eta sailkapena egingo dute Jane Jauregian”.

Hurrengo egunean, hilaren 27an, mendizaleek egindako ekarpenen erakusketa mikologiko klasikoa egingo dute Herriaren plazan, 11:00etatik 14:00ak arte. “Jende ugari giro ezinhobean bilduko duen hitzordua izango da”, azaldu dute Udaletik.

Txangoan parte hartu nahi dutenek Jane jauregian izena eman beharko dute edo bestela 946 480 704 telefono zenbakira deituz zein kultura.ugao@ortzadar.es helbidera e-posta idatziz.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Gau beltzak ipuin kontalaria, ihes gela eta dantza saioa ekarriko ditu Ugaora

Haur eta gazteentzako programazioa osatu du Udalak urriaren 31n Jane jauregian, kultur etxean eta Herriaren enparantzan

|

Kalabazak // Euskaltzaleen Topagunea

Urtero lez, urriaren 31n Gau Beltza ospatuko dute hainbat herritan. Ugaoren kasuan, haur eta gazteentzako programazioa osatu du Udalak 17:00etatik 21:00ak arte herrigunean.

17:00etatik 17:30ak arte Beldurren Kalabaza izeneko ipuin kontaketa antolatu dute 5 eta 8 urte bitarteko haurrentzat Jane jauregian. Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da.

17:00etatik 19:00ak arte Hilketa anizkoitza ihes gela prestatu dute 9 eta 13 urte bitarteko gaztetxoentzat kultur etxean. Ipuin kontaketarekin bezalaxe, jarduera honetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da.

18:30etik 21:00ak arte Dantzatzeko Prest izeneko dantza-saioa prestatu dute Herriaren enparantzan. “Gau beltza, Arimen gaua, Hilen gaua, Halloween….mozorrotu zaitez eta ospatu gurekin!”, azaldu dute udal ordezkariek.

Izen emateak 946 480 704 telefono zenbakiaren bidez edo kultur-etxea@ugao-miraballes.eus helbide elektronikora idatziz egin daitezke.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Itxaso Aldecoa eta Ander Aguirre: «Gure helburu nagusia Lier ahalik eta autonomoen eta zoriontsuen izatea da»

Lier txikiak gaitz arraro bat dauka, Charge sindromea izenekoa. Akronimo bat da, eta letra bakoitzak ager daitezken arazoetako bat izendatzen du. Lierren gurasoek, Itxasok eta Anderrek, gaixotasun arraro hau ezagutarazi nahi dute, eta Euskal Herri mailan euren egoera berean egon daitezkeen beste familia batzuk ezagutu.

|

Lier, Itxaso, Ander eta Markel // Geuria

*Familiarekin harremanetan jartzeko: itxaso_aldecoa@hotmail.com

Lier jaio eta ordu batzuetara konturatu  zen bere ama, Itxaso Aldecoa (Ugao, 1984) zerbait ez zihoala ondo: “Begi bat ez zuela irekitzen konturatu nintzen. Goiza zen eta erizainei komentatu nien. Haiek, begia garbitzeko esan zidaten, baina nik hasieratik zerbait arraroa susmatu nuen”. Ondoren, pediatrak eta genetistak artatu zuten txikia, eta jaiotzetiko malformazio bat zeukatela argitu zioten, gehiago zehaztu gabe.  “Hurrengo aste eta hilabeteetan hainbat froga egin zizkioten Lierri, eta bederatzi hilabeterekin eman ziguten bere gaitzaren berri: Charge sindromea” zehaztu du bere aitak, Ander Aguirrek (Basauri, 1984). 

Zer da Charge sindromea?
Itxaso Aldecoa: Sortzetiko anomalia ezberdinen konbinazio bat bezala definitu dezakegu. Charge akronimo bat da, eta letra bakoitzak, ingelesez, ager daitezkeen arazo ezberdinen artean bat definitzen du. Arazo horiek larrienak direla esan daiteke, baina horien ondorioz beste batzuk agertu ohi dira. Lierren kasuan, kolobomak (irisean zulo edo pitzadura) ditu bi begietan eta horietako bat, gainera, mikroftalmikoa da. Horren ondorioz, begi batetik ez du ezer ikusten eta bestetik, oso gutxi. Atzerapen psikomotorra eta hazkunde atzerapena du; gainera, jaio zenenean hipotonia izan zuen. Genitaletan hipoplasia du eta belarri batetik entzumen galera bat dauka; horren ondorioz audifonoa darama. 

Ander Aguirre: Arazo horiek fisikoak direla esan daiteke baina gero hainbat ondorio ekar ditzakete; gure kasuan, adibidez, elikaduran eragina du. Lierrek orain arte, 3 urterekin, ez zuen elikagairik jaten, esne hiperkaloriko batekin soilik elikatzen zen, biberoiarekin. 

Bi hilabete daramatzagu purea edo fruta txikituak jaten, baina ez du elikagai solidorik irensten, ezta murtxikatzen ere.

Zelan bizi izan zenituzten lehen hilabete haiek?
I.A: Lehen hilabeteak oso gogorrak izan ziren, ospitalera mila buelta emanez eta mundu berri honetan zer egin behar genuen ikasten, Lierrek behar zituen baliabide guztiak lortzeko.

Egunero geneukan zerbait egiteko: medikuarengana joan, laguntzaren bat eskatu edo bideratu…. Pentsa, amatasun eta aitatasun bajak, egoera horretan egonda ere, aste bakarrez luzatu zizkiguten.

“Ume maitagarri eta alaia da Lier, lausengari hutsa eta, gainera, oso berbati dabil orain”

Eta gaur egun?
A.A: Gaur egungo egoera asko hobetu dela esan dezakegu. Lierrek aurrerapauso itzelak eman ditu, eta nahiz eta atzerapen bat izan oso ondo moldatzen dela uste dugu. Hala ere, zerbait lortzen duenean gehiago nahi duzu. Badakigu egin behar ez den zerbait dela hori, baina besteekin ez konparatzea oso zaila da. 

Denbora asko behar izan zuen zutik mantentzeko, hilabete horiek gogorrak izan ziren. Lierrek ibili nahi zuen baina gorputzak ez zuen mantentzen. Azkenean, eskorga ortopediko batekin proba egin eta bi urte eta hilabete batekin ibiltzen hasi zen. Elikadurarena oso zaila da, ulertzea zaila, nekagarria da, baina aurrerapausoak daude.

Lier, anaiarekin jolasean, Ugaon // Geuria

Zelakoa da zuen eguneroko bizitza?
I.A: Gure eguneroko bizitza borroka bat da, beti dago zerbait. Edozein familiak bezala, bi ume izateak dakartzan joan-etorriak ditugu baina lan askoz handiago batekin. Hilabetero hainbat mediku kontsulta ditugu eta, horrez gain, terapia ezberdinetara joaten gara; logopedarengana, terapeuta okupazionalarengana eta CRIra, urritasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabidetegia ikusteko. Elikadurarekin ere asko borrokatu behar dugu.

“Charge sindromea ezagutzera eman eta Euskal Herri mailan gure egoeran egon daitezkeen beste familia batzuk ezagutu nahi ditugu”

Zein da zuen helburua orain?
A.A: Gure helburu printzipala, Lier ahalik eta autonomoena izatea da. Gure esfortzu eta baliabide guztiak horretara bideratzen ditugu, aurrera egin dezan eta etorkizunean ere ondo konpondu dadin. Horri berebiziko garrantzia ematen diogu. 

I.A: Charge sindromea gaixotasun arraroen artean ezagutarazi nahi dugu eta egoera honetan beste familiaren bat ba ote dagoen ere jakin nahi dugu, bizipenak elkartrukatzeko eta, batez ere, laguntza eskaintzeko. 

Mundu berri honetan sartzea tokatzen zaizunean, beste familien bizipenak eta esperientziak dira gehien laguntzen zaituztenak, bakarrik ez zaudela sentitzeko.

Lierri buruz hitz egiten ari gara, baina…zelakoa da?
I.A: Ume oso maitagarria eta alaia da, lausengari hutsa da berak nahi duena lortu ahal izateko.

Oso berbati dabil azken aldian, eta badaki zer esan behar duen nahi duena lortzeko. Eskolan dabilenean irakasle guztiak agurtzen ditu, guztiekin poz-pozik dabil.

“Markel (bere anaia) Lierren gidaria da, berari esker hasieran egin ezin zituen gauza asko egiten ditu orain “

Markel eta Lier, jolasean // Geuria

Zein da Lierren eta Markel bere anaiaren arteko harremana?
I.A: Lierrek eta Markelek elkar asko maite dute, baina, gertatu ohi den bezala, beren gatazkak dituzte. Markelek asko babesten du. Hasieran ez zuen onartzen inork bere anaia ikustea edo ukitzea; Markelek bi urte eta bost hilabete zituen Lier jaio zenean. 

A.A: Markel oso txikia zen eta bazekien zerbait gertatzen zela, baina ez zen gai ulertzeko. Etxean tristura, amorrua, negarrak ikusten zituen baina beti normaltasunez hitz egiten saiatu gara, ezer ez ezkutatzen, eta ahal zen neurrian guztia azaltzen, bai berari baita kalean ere. Markel Lierren gidaria da, berari esker hasieran egin ezin zituen gauza asko egitea lortu du; benetan uste dugu Markel aurretik egon izan ez balitz Lier ez zela gaur egun dagoen bezala egongo. Hala ere, Markelentzat askotan egoera zaila da, beharrizan bereziak dituen anaia bat edukitzeak arreta gehiago behar izatea dakar, eta txikia da egoera guztiak ulertzeko. Hala ere, Lier gaur egun hain ondo egotearen arrazoietako bat bere anaia nagusia dela uste dugu. 

I.A: Familiarentzako ere kolpe handia izan da, baina zorionez laguntza handia izan dugu. Zaila egiten da gure egoeragatik besteak sufritzen ikustea. Bizi duzun arte ezinezkoa da halako egoera eta bizipenak ulertzea, ez da egun batetik bestera desagertuko den arazo bat.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Arte Ederretako museoak haurtzaroa gogora ekarri du Ugaoko Herriaren enparantzara

Urriaren 13ra arte ‘Artearen Ibilbidea’ izeneko erakusketa ibiltaria ekarri dute BBK-k eta Bilboko Arte Ederretako museoak Herriz herri programaren bidez Ugaoko Herriaren enparantzara

|

'Haurtzaroa artean' erakusketako argazki bat // Bilboko Arte Ederren Museoa

Alonsotegi, Artea eta Sestaotik igaro ostean, urriaren 13ra arte aire zabaleko museo bihurtu da Ugaoko Herriaren plaza Artearen Ibilbidea erakusketa ibiltaria dela eta. BBK-k eta Bizkaiko Udalek bultzatutako Herriz Herri programaren parte da eta helburua gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten baterako ekintzak sustatzea da.

Gaur zabalduko dute erakuketa hau Ugaon eta BBKren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko elkarlanaren emaitza da: “Erakusketak artea eta kultura Bizkaira eta bizkaitarrengana hurbiltzea du helburu, espazio publikoetan kalitate handiko artelanen erreprodukzioen bidez. Ugaora bertoko udalarekin batera egindako lankidetzari esker iritsi da”, azaldu dute udal ordezkariek.

Proiektu honen parte da egun hauetan Herriaren plazan bertan ikus daitekeen ‘Haurtzaroa artean’ izeneko erakusketa: “Imajina dezagun barrea kutsakorra den mundu bat, fantasia mugarik gabekoa eta egun bakoitza abentura bat. Haurtzaroaren mundua da, askotan itzultzeko jomuga izatea nahi duguna edo akaso lurperatu egin nahi duguna. Gure oroitzapenetan, haurren bihotzak baino uler ez ditzakeen emozioek eta gertaerek egiten dute habia”, azaldu dute Arte Ederren museotik.

Ugaoko erakusketan haurtzaroarekin zerikusia duten zenbait artelan esanguratsuen erreprodukzioak ikus daitezke, lan originalak Bilboko Arte Ederren museoan topa daitezkelako. Interesdunek erreprodukzio horien audio azalpenak entzun ahal izango dituzte euskaraz, erdaraz, ingelesez eta frantsesez, telefonoaren bidez.

Herriz herri

BBK-k Herriz Herri proiektua martxan ipintzen duen bigarren aldia da honako hau: “Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaian ahalik eta udalerri gehienetara iristea da, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko”, azaldu dute udal ordezkariek. Momentura arte 52 udalerrik bat egin dute ekimen honekin.

Osorik irakurri