☉ Ugao
Urtzi Vera argazkilariak helduentzako ikastaro bat eskainiko du Ugaon
Izena emateko azken eguna urriaren 8a izango da eta prezioa 29 eurokoa

Urtzi Vera argazkilariak helduentzako argazkilaritza-ikastaro bat eskainiko du Ugaon, hurrengo hilabetean.
Ekimen hau Kultura arloko prestakuntza-programazioaren barruan kokatzen da, eta tresna praktikoak eskaintzea du helburu argazkigintza digitalean hasi edo ezagutzak hobetu nahi dituztenei, zaletasunagatik edo osagarri profesional gisa.
Ikastaroak 30 orduko iraupena izango du eta urriaren 15ean izango da lehen saioa, 17:00etatik 20:00ak arte. Izena emateko azken eguna urriaren 8a izango da eta prezioa 29 eurokoa. Edukiera mugatua izango da eta Ugaon erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute.
Izena emateko modu bi daude: Jane jauregian, aurrez aurre, edo inprimaki digital hau behar bezala betez. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago eskatzeko 946 480 704 telefono zenbakia eta kultura.ugao@ortzadar.es helbide elektronikoa ahalbidetu dute.
☉ Ugao
Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ albuma aurkeztuko du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenean
Kontzertua urriaren 2an antolatu dute, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da

Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernaren 10. urteurrenaren atarian, kontzertu berezia aurkeztu dute urriaren 2an.
Willis Drummondeko Jurgi Ekizak ‘Argitzala’ izeneko bigarren album aurkeztuko du egun horretan, 19:30ean, taldearen etenaldi mugagabea aprobetxatuz. “Album hori modu berezi batean aurkeztera dator: bakar bakarrik ezsenatokian, alde batetik kanta batzuk modu intimista eta gordin batean emanez baina bestetik, abesti batzuk modu apainduago batean proposatuz”.
Aukera berezia da orduan, disko berri hori zuzenean gozatu eta bizitzeko, baita artistaren ibilbidearen proiektu ezberdinetako kanten moldaketa bereziak primizian entzuteko. Sarrera doakoa da.
☉ Ugao
‘Mercedes, bakardade ikusezina’ erakusketak nahigabeko bakardadearen errealitatea ikusaraziko du Ugaon
Erakusketako protagonista, ‘Mercedes’ izeneko eskultura, Jane jauregian egongo da irailaren 26tik urriaren 1era bitartean

‘Mercedes’ eskulturak Ugao bisitatuko du irailaren 26tik urriaren 6ra.
BBK Fundazioaren eta Ugaoko Udalaren eskutik antolatutako erakusketa da ‘Mercedes, bakardade ikusezina’. Mercedesek, bertako protagonistak, gizartearen errealitate isil baten gainean arreta jartzea du helburu: nahigabeko bakardadea.
Mercedes 89 urteko emakume baten irudia da: eserita dago, banku batean, triste eta burumakur. Mexikoko Rubén Orozco artistaren obra da, eta izenburu hau du: “Bakardadean hildako azken pertsona”. Erakusketa Jane jauregian egongo da ikusgai.
“Errealismotik harago, eskulturak bozgorailu izan nahi du, herritarrak gaitz honen inguruan sentsibilizatzeko. Hain zuzen ere, milaka pertsonari maila fisikoan, emozionalean eta sozialean eragiten dien arazoa da, eta gure esku dago horiek saihesten laguntzea”, azaldu dute Ugaoko Udaletik.
Ekintza gehiago
Erakusketarekin batera, irailaren 29an mural kolektibo bat sortuko dute Ugaoko ikastetxeko ikasleek “bakardadearen arazoa gazteei hurbiltzeko eta horien artean ere gizarte-dimentsioaren gaineko kontzientzia pizteko”.
Urriaren 1ean kafe-tertulia bat antolatu dute ere 18:30etik 20:00etara bitartean: “Hausnarketak eta esperientziak partekatzeko gunea izango da, elkarrizketa eta parte-hartzaileen arteko loturak sustatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek.
☉ Ugao
Ugaoko irudi instituzional berria aukeratzeko prozesu parte-hartzailea martxan ipini dute
Ugaotar adin nagusikoek botoa eman dezakete urriaren 10era bitartean

Ugaoko Udalak proposamen bi egin ditu herriaren irudi instituzionala aldatzeko. Erabakia ugaotarrek beraiek hartuko dute gaur bertan abiarazi duten prozesu parte-hartzaile baten bidez. 18 urtetik gorako ugaotarrek botoa eman dezakete urriaren 10era bitartean.
“Ekimen honen helburua da ugaotarrei ahotsa ematea eta Udalaren identitate bisual partekatua eraikitzeko prozesuan zuzeneko inplikazioa sustatzea”, azaldu dute udal ordezkariek.
Botoa bi modutan eman daiteke: aurrez aurre, Jane jauregian (bertan, diseinuak plotter edo roll-upetan ikusi daitezke) edo online, inprimaki digital hau betez.
Bi proposamen grafiko horiek Ugao gaur egun “modu esanguratsuan eta nortasun propioarekin” irudikatzeko garatu direla azaldu dute Udaletik. “Biek Udalarentzat identitate bisual modernoa sortzea helburu duten arren, ikuspegi oso desberdinak eskaintzen ditu bakoitzak, bai maila kontzeptualean, bai estetikoan”.

Lehen aukera // Ugaoko Udala
Lehen aukera: Udalaren hitzetan, “Arima jariakorra duen irudi bat da, Nerbioi ibaiaren antzera. Arina, modernoa eta irakurketa sinboliko sendokoa. Proposamen hau lerro jarraitu, arin eta dotore batean oinarritzen da, sinadura bat simulatzen duena, hurbiltasuna, bizkortasuna eta malgutasuna gogora ekarriz. Lineak gure udalerria zeharkatzen duen Nerbioi ibaia sinbolikoki irudikatzeaz gain, “U” eta “M” letrak ere marrazten ditu — Ugao eta Miraballesen hasierakoak —, gure tokiko nortasunari egindako keinu grafikoa”.
“Marra kurbatu eta harmoniatsuak mugimendua eta dinamismoa inspiratzen ditu, eta naturaltasun eta hurbiltasun-sentsazioa transmititzen du. Tipografia garbi eta garaikideak modernitatearen eta irekitasunaren ideia indartzen du. Erakunde hurbila, berritzailea eta ugaotarren bilakaerarekin konprometitua irudikatzen duen aukera da”.

Bigarren aukera // Ugaoko Udala
Bigarren aukera: “irudi irmoa erakusten du aukera honek, sustrai instituzionalekoa. Eraikina bezain solidoa. Aukera horrek estetika instituzionalago eta sendoago baten alde egiten du. Erdiko sinboloak lore edo armarri bat gogorarazten du, forma geometriko sinplez osatua, eta udaletxeko eraikinaren arkitekturan inspiratua dago. Diseinuak egonkortasuna, zorroztasuna eta tradizioarekiko errespetua transmititzen ditu, baita edozein erakunde publikoren funtsezko balioak ere”.
“Lorea hazkundearen eta zaintzaren sinbolo gisa ere interpreta daiteke, ongizate kolektiboa zaintzen duen erakunde baten ideia indartuz. Serifa tipografiak kutsu solemnea eta atenporala ematen dio. Aukera hori egokia da toki-administrazioaren irudi formalagoa eta tradizionalagoa lehenesten dutenentzat, egungo diseinu garbiari uko egin gabe”.
☉ Ugao
Gastrougao azokak “gastronomiaren hiriburu” bihurtuko du Ugao Bizkaiko produktuekin
Ugaoko Udalak jardueraz betetako egun osoko programa prestatu du datorren urriaren 4ko hitzordurako

Urriaren 4an Gastrougao azoka antolatu du Ugaoko Udalak Herriaren enparantzan eta Jane jauregian.
Antolatzaileek adierazi dute ekimenaren helburua publikoari gerturatzea Bizkaian egiten diren produktuen kalitatea, baita ekoizleen tradizioa eta jakintza ere, eta horrez gain, produktuak dastatzeko eta dastaketa ekintzetan parte hartzeko aukera eskaintzea dela.
Inaugurazio ofiziala 11:00etan egingo dute eta bertan omenaldia egingo diote Zuriñe Suarez Moja bertako ekoizleari. Hortik aurrera ekoizleen produktuak (garagardo artisaua, gazta, hestebeteak, kontserbak…) eta familientzako gunea egongo da Familia Olgetan tailerrarekin.
Arratsaldean Troj eta Uriondo upategien dastaketak eta esperientzia pertsonalak, Amaia Torres chefaren showcookinga eta Ale & The Hops taldearen kontzertua prestatu dute.
“Azoka honekin, Ugaoko Udalak indartu egiten du bertako ekoizleei laguntzeko, kilometro 0 produktuak sustatzeko eta herriko bizitza kulturala zein ekonomikoa dinamizatzeko apustua”, azaldu dute udal ordezkariek.
Egitaraua | Gastrougao azoka 2025
Urriak 4, larunbata
11:00 Inaugurazio ofiziala
11:15 Ekoizleen postuak
12:00 Familia Olgetan
18:30 Dastaketak eta esperientzia gastronomikoak: Troj (Amurrio)
19:00 Showcooking: Amaia Torres
19:30 Dastaketak eta esperientzia gastronomikoak: Uriondo (Zaratamo)
21:00 Kontzertua: Ale & The Hops
☉ Ugao
Bideoa | DJ Pipi Galtzaluze: «Musika ona, energia eta publikoarekin konektatzea da ondo pasatzeko gakoa»
DJ Pipigaltzaluzeko hirukotea lanez gainezka dago 2023ko Ugaoko Gazte Egunean proiektua martxan jarri zutenetik. Udan ez dira gelditu eta plan berriak dituzte

Ane Bikandi (Zaratamo, 2003), Maite Otsoa (Ugao, 2003) eta Nerea Bajo (Ugao, 2003), dira ‘DJ Pipigaltzaluze’ proiektuko lemazainak. Gauak eta ospakizun bereziak alaitzeaz arduratzen da hirukote parrandazalea, proiektua 2023ko Ugaoko Gazte Egunean jaio zenetik. Helburua maite duten musika plazaratu eta jendea parranda giro horretan murgiltzea dela azaldu digute, eta azken saioa Bilboko Aste Nagusiko Txinparta Feminista konpartsan eskaini zuten, jendez lepo. Proiektuaren inguruan mintzatu gara eskualdeko neskekin.
DJak definitzeko modu asko daude, askotariko estiloko DJ asko daudelako gaur egungo panoraman. Zer da DJa izatea zuentzat? Gauaz disfrutatzeko beste modu bat da, parranda egitea, baina maite dugun musika aukeratuz. Gainera normalean lagunak eta herriko jendea dator gurekin disfrutatzera eta asko gustoko dugu ere.
Nola bereizi egiten dira zuen saioak gainontzeko DJenengatik? Lagunek eta ezagunek gurekin batera disfrutatzeko modu bat da. Horregatik ez dugu modan dagoena soilik jartzen, baizik eta guk gustuko duguna eta gure ingurukoek gustura entzuten dutena. Horrez gain, mikrofonoa erabiliz jendearekin harreman zuzena sortzea asko gustatzen zaigu, eta hori ez da DJ guztiek egiten duten zerbait.
Nolakoa izan da aurtengo uda zuentzat? Uda honetan goraino egon gara. Lehengo saioa lagun baten ezkontzan hasi, ondoren Ugaoko Herrikoan egon ginen, Arrigorriagako jaietan, eta joan den abuztuan Bilboko jaietan egoteko aukera izan genuen ere, Txinparta Feminista konpartxan. Leku guzti hauetan egotea plazer izugarria izan da.
Noiz eta nola jaio zen DJ Pipi proiektua sortzearen ideia? 2023ko Ugaoko Gazte Egunean jaio zen. Gaua bukatzeko DJ bat behar genuen eta hasieran Ugaoko gazteen arteko musika biltzea erabaki genuen, baina norbait eszenatokira igotzea ideia hobea iruditu zitzaigun, jendea gehiago animatuko zelako. Antolatzaileen artean bildu eta erabaki genuen gu animatzen ginela, lotsa gutxien geneuzkanak, hain zuzen ere.
Nola prestatu eta burutzen duzue saioak? Normalean playlistak sortzen ditugu eta musika jarri. Nahasketa-mahaia erabiltzen hastea gustatuko litzaiguke eta ikasten ari gara dagoeneko.
Nolako saioak izaten dira zuenak? Gehienetan herriko jaietan egin ditugu saioak eta aurten pare bat Gaztetxetan egon gara. Uda honetan lehen aldiz lagun baten ezkontzan egon ginen eta gure saiorik kuttunena izan zen. Leku itxietan egindako saioak nahiago ditugu, jendea gertuago dugulako eta mikrofonoarekin haiekin abestea asko gustatzen zaigulako.
Nolako osagarriak izan behar ditu DJ baten gauak arrakastatsua izateko? Garrantzitsuena da jendeak ondo pasatzea eta giroa sortzea. Horretarako beharrezkoak dira honakoak: musika ona, energia eta publikoarekin konektatzeko gaitasuna. Gure kasuan, lagunen presentzia eta mikroaren erabilera ezinbestekoak dira. Nonoz karaokeren bat inprobisatu dugu!
“Irailaren 19an Galdakaoko jaietan egongo gara, txosnetan. Eta Gorlizen izango gara ere. Hortik aurrera… batek daki nolako ikasturtea izango dugun!”
Uda igarota, zein izan da zuen setlistean falta ezin izan den abestia? Skabidean taldearen ‘Pipi’ abestia gure abestirik bereizgarriena dela esan daiteke. Saioen hasieran jartzen dugu jendea saioa hasi dela konturatzeko eta oholtzan nor dagoen jakiteko. Bestela, Shakira, Abba, edota Bad Gyalen edozein abesti… egia esateko denetarik jartzen dugu gure saioetan eta ezin dugu abesti bakarra aukeratu.
Udako gauek ere istorio asko ostantzen dituzte. Ba al dago aztarna sakonik utzi duen pasarterik zuen gauetako saioetan? Uda honetan Bilboko Aste Nagusian egon ginen Txinparta feminista txosnan, eta itzela izan da, hainbeste jende ezagun ikustea jendetzaren artean itzela izan zen. Ahazten ez den momentu horietako bat. Bestalde, Ugaoko ezkontza batean pintxatu ahal izan genuen eta hura ere itzela izan zen!
Ba al dago pintxatu duzuen leku arraro aipagarririk? Lagun baten osabaren urtebetetzean egon ginen, hori da lekurik arraroena. Hala ere, konfiantza asko dugu gure lagunaren familiarekin eta ez zitzaigun batere arraroa egin bertan egotea. Oso ondo pasatzen dugu beti Becerra familiarekin.
Hiru neska zarete oholtzan. Zein da bakoitzaren betekizuna? Ez dugu betekizun ezberdinik, hirurek egiten dugu lana batera. Normalean hasierako abestiak adosten ditugu eta ondoren, gustatzen zaizkigunak eta eskatzen dizkigutenak gehitzen goaz. Hori bai, Maitek hobeto kontrolatzen du ordenagailua eta askotan berak egiten ditu aldaketak. Saioen kudeaketa eta musika aukeraketa bestela, hiruron artean egiten dugu.
Erreferenterik al dekozue DJen munduan? Gaur egun DJ asko daude baina hasi ginenean, gure lagunak ziren DJ Latxirongak baino ez genituen ezagutzen. Latxirongak Gasteizko Jimmy Jazz aretoan hasi ziren eta guri asko gustatuko litzaiguke bertara joatea. Laritxongak erreferente izan badaitezke, zalantza barik haiek izan zirela esan dezakegu.
Nora eraman nahiko zenukete zuen musika eta bizipoza? Apurka-apurka leku desberdinetan gabiltza baina gure helburua ez da Euskal Herri osotik mugitzea, baizik eta, parranda gustukoa dugun lekuetara joatea edo behintzat bat egiten dugun kausaren batengatik egiten diren ekintzetan parte hartzea.
“Gure helburua parranda gustukoa dugun lekuetara joatea edo behintzat bat egiten dugun kausaren batengatik egiten diren ekintzetan parte hartzea da”
Zelan azaltzen da ikasturtea saioei begira? Datarik itxi al duzue? Bai! Momentuz irailaren 19an Galdakaoko jaietan egongo gara, txosnetan. Eta Gorlizen izango gara ere. Hortik aurrera… batek daki nolako ikasturtea izango dugun! Baina beti Instagramen iragartzen ditugu gure hurrengo saioak, beraz jarraitzera gomendatzen dizuegu.
Besterik, neskak? Gure kuadrillako lagunei zein Ugaoko Txosnaguneari eta Gazte Egunari eskerrak eman nahi genizkieke, eskeinitako laguntza eta babesagatik.