Sareak

☉ Ugao

Argazkiak / Itzulia Womeneko neskek Ugaoko Herriaren plaza girotu dute

Gaurko etapa 116 kilometrokoa izango da eta Bizkaian hasi, Araban sartu eta Bizkaira itzuliko dira

|

Gaur Ugaoko Herriaren Plazan hasiera eman diote Itzulia Womeneko txirrindulariek lasterketako bigarren etapari.

Jarduerak ehun herritar ingururen arreta erakarri du gaurko goiz eguzkitsuan eta bigarren etapa puntual hasi da Ekaitz Mentxaka herriko alkateak, Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuarekin batera zinta moztu ostean.

Gaurko etapa 116 kilometrokoa izango da eta 13:20 eta 13:40ak aldera amaituko da Igorren, Orozko, Bikotxgane portua (565mt), Lamindao (379mt), Igorre, Lemoa, Gerekiz (174mt), Arrieta (189mt), Larrabetzu eta Lemoatik igaro ostean.

Etapa honetan, txirrindulariak Bizkaian hasi, Araban sartu eta Bizkaira itzuliko dira: lehen kilometroak Arrankudiagan, Aretan eta Laudion egingo dituzte Orozkora heldu baino lehen. 26,6 kilometroak bigarren etapako lehen portua hartiko du Bikotxgane (565mt). Hurrengo portu aipagarrienak 36,3 kilometroan kokatutako Lamindao (379mt), 71.ean kokatutako Gerekiz (174mt) eta 80,1.ean kokatutako Arrieta (189mt) dira.

Larrabetzu eta Lemoan esprint bereziak egiteko aukera izango dute kirolariek.

☉ Ugao

Lesv(i)sibles dokumentalaren proiekzioa eta elkarrizketa egingo dute Ugaon

Maiatzaren 20an proiektatuko du dokumentala Ugaoko Udalak, 19:00etan, Aldarte elkartearekin

|

Lesv(i)sibles // Utzitakoa

Datorren maiatzaren 20an ‘Lesv(i)sibles’ dokumentala proiektatuko du Ugaoko Udalak, Aldarte elkartearekin, Jane jauregian.

Filma Homofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatu dute, 19:00etan. Jarraian solasaldia egingo dute.

“Lesvisibles dokumentalak LGTBI+ memoria historikoa berreskuratzen du, frankismo garaian Euskadin nerabezaroa eta gaztaroa bizi izan zuten zazpi emakumeren testigantzen bitartez; hauek lesbiana eta feminista gisa sozializatu ziren, testuinguru errepresibo eta guztiz lesbofobo batean”, azaldu dute

Osorik irakurri

☉ Ugao

Photocalla, Mintzodromoa eta zeinu hizkuntza tailerra antolatu dute Ugaon, Euskaraldiaren testuinguruan

Jarduera guztien artean, Bego Gonzalez zeberioztarrak zeinu hizkuntzaren inguruko tailerra eskainiko du Jane jauregian

|

Bego Gonzalez, Zeinu Hizkuntza tailerra eskainiko duen zeberioztarra // Geuria

Maiatzaren 15etik 21era hainbat jarduera antolatu dituzte Euskaraldiaren haritik Ugaon.

Hilaren 15ean txapa janztearen jarduerarekin hasiera emango diote aurtengo ariketari. Hurrengo egunetan photocalla, trikitilariak, sagardo kupela eta Mintzodromoa antolatu dute.

Azken egunean, hilaren 21ean Zeinu Hizkuntza tailerra eskainiko du Bego Gonzalez zeberioztarrak Jane jauregian: “Zeinu -hizkuntzarekiko hurbilketa garrantzitsua da pertsona gorrekiko komunikazioa errazten dutelako eta pertsona horiek gizarteratzen laguntzen duelako. Gainera, ezagutza horrek pertsonen arteko komunikazioa bultzatzen du, memoria eta dimena hobetzen ditu eta inklusioa eta errespetua sustatzen ditu”.

Zeinu hizkuntzaren inguruan sakondu nahi izanez gero, GEURIAn ekarrizketa egin genion Bego Gonzalezi duela hilabete batzuk. Hementxe irakur dezakezu.

Egitaraua | Euskaraldia Ugaon

Maiatzak 15, osteguna
Euskaraldiaren hasiera ekitaldia: jantzi txapa!

Maiatzak 16, ostirala
18:30 Photocalla, trikitilariak, sagardo kupela eta luntxa, Herriaren enparantza

Maiatzak 20, asteartea
18:00 Mintzodromoa, Herriaren enparantza

Maiatzak 21, asteazkena
10:30 Zeinu Hizkuntza tailerra, Jane jauregia

Osorik irakurri

☉ Ugao

Aritza Kortajarena, Ugaoko Hockey Taldea: “Ez genuen pentsatzen Soriako txapelketa irabaziko genuenik”

Maiatzaren 3an Sorian jokatutako Hockey Txapelketa irabazi zuen Ugaoko taldeak eta Aritza Kortajarena ugaotarra izan zen eguneko golegile nagusia

|

Ugaoko hockey taldea, Sorian // Utzitakoa

Joan den maiatzaren 3an beteranoen Hockey Txapelketa jokatu zuten estatu mailako bederatzi taldek Soriako San Andres kiroldegian. Horien artean Ugao Miraballes Hockey Taldea zegoen, eta jokatu ez ezik txapelketa irabazi zuen.

70 jokalari baino gehiagok hartu zuten 36 partidatan eta Ugaoko taldeak honako garaipenak lortu zituen: CP Burgos (2-0), Laguna Negra (2-1), Cigales (3-0), Cubelles (2-0) eta Mundet (2-0). Gainera, Tuteraren aurka jokatutako partidan berdinketa eskuratu zuen (1-1) eta markagailuak hutsean mantendu zituen Alcala eta Montblanc taldeen aurka jokatutako partidetan.

Txapelketako golegile nagusia Aritza Kortajarena Ambelez (Ugao, 1983) izan zen, beteraroen taldeko jokalarien artean gazteenetakoa: guztira sei gol egin zituen eta beragaz egin dugu berba: “Ez genuen pentsatzen Soriako txapelketa irabaziko genuenik”, azaldu dio GEURIAri Ugaoko hockey jokalariak. Taldea urtero joaten da San Andres kiroldegian antolatzen duten txapelketan parte-hartzera eta momentura arte ez zuten inolako saririk jaso bertan. “Partidak jokatzen genituen heinean aurrera egiten ari ginela ikusi genuen eta ematen du zortea gure alde eduki genuela hasieratik!”.

Aritza Kortajarena: “Hockeyaren munduak aurrera egin ahala, Ugaoko taldeak ezin izan zion erritmoari eutsi eta taldea desagertu egin zen”

Aritza Kortajarenaren arabera, arratsaldeko partidei begira taldearen helburu nagusia “ez galtzea” zen (gozatzeaz gainera) eta posible izatekotan berdinketak lortu edo aurkariek huts egitea, ahal zen heinean. Azkenean, eta herriko taldearen zorionerako, txapelketa irabazi zuten Ugaokoek.

Sorian ateratako argazki bat // Ugao Miraballes Hockey Taldea

Ugaotarrak, Santutxun

Aritzak zortzi urte zituenean hasi zen hockeya praktikatzen Ugao Miraballes taldean. Duela 15 urte desagertu egin zen taldea, berez, praktikatu ahal izateko jendea falta zelako. Garai hartan Iñaki Mendibil zegoen. Berak kudeatzen zituen hockeyko kategoria guztiak. “Hockeyaren munduak aurrera egin ahala, Ugaoko taldeak ezin izan zion erritmoari eutsi eta taldea desagertu egin zen”, azaldu du Kortajarenak.

Taldea desagertu arren, bertako jokalariek kirola praktikatzen jarraitu gura zuten. Orduan, Ugao Miraballes talde hartako jokalari batzuek Santutxun egin ohi dituzte entrenamendu saioak, Txurdinagako kiroldegiko pistetan. “Izan ere Santutxuko taldearekin jokatzen dugu beteranoen liga, baina Soriako txapelketan Ugao Miraballes taldearekin hartzen dugu parte”, argitu du jokalari beteranoak. Ugaoko taldea herriko seipazazpi jokalarik eta kanpoko atezain batek osatzen dute.

Ugaoko jokalarien urteroko erronka nagusia irabazi berri duten txapelketa jokatzea dela azaldu diote GEURIAri. Izan ere, 2024an zazpigarren lotu ziren txapelketan. Beraz, esan daiteke helburua lortuta dagoela. Hurrengo pausua titulua berrestea izango da, hortaz.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ekaitz Mentxaka, Ugaoko alkatea: “Gure asmoa kale garbiketa eta lorezaintzako langileekin akordio batera iristea da”

Ugaoko Udala “kezkatuta” agertu da egoeraren aurrean eta Garbialdi eta langileen artean bitartekari lanak egiten ari direla jakinarazi dio GEURIAri

|

Kale garbiketarako ibilgailu bat // Utzitakoa

Hainbat hilabeteko negoziazioen ostean, ELA sindikatuak hilabeteko greba deitu du Ugaoko lorezaintza eta kale garbiketako langileen baldintzak hobetzeko. Langileen % 100eko babesa izan du deialdiak eta maiatzaren 26an hasiko dute.

Ekaitz Mentxaka, Ugaoko alkatea, “arduratuta” agertu da egoera honen aurrean: “Kezkatuta gaude. Azken batean oso zerbitzu berezia eta garrantzitsua da eta gure asmoa akordio batera heltzea da”. Gaur egun, lorezaintza eta kale-garbiketa zerbitzuak Udalarenak dira eta honek Garbialdi enpresaren bidez kudeatzen du. Zabor bilketa zerbitzua, bestalde, Nerbioi Ibaizabal Mankomunitateari dagokio.

“Negozioazioak Garbialdi enpresak egin behar ditu langileekin”, gehitu du Mentxakak. “Gure partetik prest gaude laguntza emateko eta alde biekin hitz egiten ari gara. Baina akordioa enpresa eta langileen artean lortu behar dute”.

Ekaitz Mentxaka: “Laguntzeko eta bitartekari lanak egiteko gaude, baina Udalak ez ditu eskaintzarik egiten”

ELA sindikatuaren arabera, Garbialdik KPIa eskaini du 2025-2028 epean, azken eskaintza gisa: “Badarik ere, langileek hobekuntza nabarmenak nahi dituzte, lan baldintzak oso txarrak izan direlako urte askotan, eta oso baxu daudelako. Hala, KPIa baino igoera nabarmenagoak nahi dituzte: ez soilik eros-ahalmena mantendu, baizik eta handitu ere”, gehitu dute sindikatutik.

Langileek soldaten igoera (20205ean KPIa; eta 2026an, 2027an eta 2028an % 5eko igoera, urtez urte), errelebu kontratua bermatzea, lanpostuak osatzeko akordioa erdiestea, urtean ordaindutako egun libre bat hartzeko eskubidea izatea eta asanbladak lanorduetan egiteko aukera izatea eskatzen dute.

Hilabeteko greba egiten eta akordiorik lortzen ez bada, langileek greba luzatzeko “borondade irmoa” azaldu dute.”ELAtik Garbialdi eta Ugaoko udala deitzen ditugu ganorazko edukiak eskaintzeko. Hala ez bada, greba egingo da”. Ugaoko alkateak azpimarratu du Udalak berez ez duela inolako eskaintzarik egin behar: “Laguntzeko eta bitartekari lanak egiteko gaude, baina Udalak ez ditu eskaintzarik egiten”.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Ugaoko lorezaintza eta kale garbiketako langileek hilabeteko greba hasiko dute

Maiatzaren 26an hasiko dute greba eta euren eskarien artean daude, besteak beste, langileek soldaten igoera edo errelebu kontratua bermatzea

|

Garbiketa sektoreko langileak, 2021eko greba batean // ELA sindikatua

Hainbat hilabeteko negoziazioen ostean, ELA sindikatuak hilabeteko greba deitu du Ugaoko lorezaintza eta kale garbiketako langileen baldintzak hobetzeko. Langileen % 100eko babesa izan du deialdiak eta maiatzaren 26an hasiko dute.

“Garbialdik KPIa eskaini du 2025-2028 epean, azken eskaintza gisa. Badarik ere,
langileek hobekuntza nabarmenak nahi dituzte, lan baldintzak oso txarrak izan
direlako urte askotan, eta oso baxu daudelako. Hala, KPIa baino igoera nabarmenagoak
nahi dituzte: ez soilik eros-ahalmena mantendu, baizik eta handitu ere”, azaldu dute sindikatutik.

Horiek horrela, honakoak dira sindikatuaren eskari nagusiak: soldaten igoera (20205ean KPIa; eta 2026an, 2027an eta 2028an % 5eko igoera, urtez urte), errelebu kontratua bermatzea, lanpostuak osatzeko akordioa erdiestea, urtean ordaindutako egun libre bat hartzeko eskubidea izatea eta asanbladak lanorduetan egiteko aukera izatea.

Hilabeteko greba egiten eta akordiorik lortzen ez bada, langileek greba luzatzeko “borondade irmoa” azaldu dute.

Osorik irakurri