☉ Ugao
Javi Bugallo: «Tituluetan arreta handia jartzen dute ikaslearen figura alde batera utzita»
Aukera faltak eta aurrera egiteko motibazioak Austriara joatera bultzatu dute Javi Bugallo ugaotarra. Bertan, Lanbide Heziketa duala ikasten ari da

Urtero ehunka gaztek atzerrira jotzen dute beren prestakuntzarekin jarraitzeko edota lan-aukera berriak bilatzeko. Izan ere, Espainiak gazteen langabeziaren buruan jarraitzen du Europan. Kasuetako bat Javier Bugallorena da (Ugao, 2000). Ugaotarra Kapfenbergera (Austria) joan da Lanbide Heziketa duala lau urtez ikastera, baina alde nagusi batekin: praktikak ikastun lan-kontratu bihurtzen dira, soldata batekin eta kotizatzen. Bere hitzetan, orain, ustez, goi-mailako heziketarako sarbide errazagoa dagoenez, curriculum osoa izatea eskatzen dute: “Halere, belaunaldi prestatuenetako bat izan arren, aukerak ukatzen zaizkigu eta frustrazioaren morroi bihurtzen gaituzte”. Horregatik, bakoitzak nahi duen bizitza eraikitzeko deia egiten du.
Nola ezagutu zenuen Bridge4Mobility proiektua eta zerk bultzatu zintuen izena ematera?
Atzerrira edo Espainiako beste toki batera lan egitera joateko gogoa nuen. Orduan, InfoJobseko plataforman bilatuz, iragarki bat aurkitu nuen non soldatapeko prestakuntza duala eskaintzen zuten Europako iparraldean. Nik lau urte neramatzan teleoperadore lanetan, eta izena ematea erabaki nuen, bereziki, ikasten jarraitzeko eta esperientzia ezberdin bat bizitzeko. Batxilergo teknologikoa amaitu ondoren, laborategiko goi-mailako gradu bat egiteko asmoa nuen, baina ez ninduten hartu. Orduz geroztik, lanean hasi eta denbora honetan guztian hainbat gradutara sartzen saiatu naiz, baina ezezkoak jasotzen nituen etengabe. Bridge4Mobility-rekin topo egin nuen arte. Lan-mugikortasuneko programan parte hartzeko, 26 urtetik beherakoa izatea eta batxilergoa edo izena eman duzun prestakuntzarekin lotutako zikloa izatea eskatzen zuten. Baldintzak betetzen nituen, motibatuta nengoen eta, elkarrizketa gainditu ostean, onartu egin ninduten.
Zeintzuk izan dira erronka eta aukera nagusiak?
Zalantzarik gabe, hizkuntza izan da erronkarik handiena. Ez nekien ezer alemanez, baina Austriara joan aurretik hilabete gutxiren buruan erdi-maila bat lortzeko, goizero 8 orduko ikastaro trinko bat antolatu ziguten. Hizkuntzaz gain, kultura eta ohiturak guztiz desberdinak dira. Harritu egin nintzen ia aisialdirik ez dagoelako; edo behintzat, zeharo ezberdina delako. Taberna eta denda guztiak oso goiz ixten dira, 18:00ak aldera iluntzen duelako. Beraz, bizitza normala izateko orduak mugatuagoak dira. Azken finean, ordutegia ez da aldatzen, baina zure errutina bai. Hotz handia ere egiten du, eta jendea ez da kalean geratzen berandura arte. Hala ere, zortea izan dut nire alemaneko kideak nire herri berera zihoazelako. Udan ezagutu genuen elkar, lekualdatu aurreko lehen bisitan; orduan, hutsetik hastea ez da hain gogorra izan. Gehien kostatzen ari zaiguna austriarren artean integratzea da, itxiagoak baitira.
Aukerek, ordea, erronkek baino pisu handiagoa dute. Horrek guztiak izugarrizko hazkunde pertsonala eta profesionala dakartza. Pertsonala, gurasoen etxetik irten eta nor bere buruaren jabe egiten delako. Zeure burua bakarrik ikustean ere, erlazionatzera, kulturara egokitzera eta jarduerak egitera behartzen duzu zure burua. Pentsamoldea irekitzera, hain zuzen. Baina, alde profesionalari dagokionez, lanbide bat ikasten ari naiz, enpresan bertan lana eta prestakuntza konbinatuz, eta modu independentean bizitzeko aukera ematen didan soldata bat jasotzen. Aukera horiek hemen ez ditugu aurkitzen. Gainera, beste ikasle batzuek azaldu digutenez, programak prestakuntza jaso ondoren enpresarako sarbide zuzena bermatzen digu.
Ez digute aukerarik ematen, eta lanpostu bat lortuz gero, gutxieneko soldata bat kobratzen dugu baldintza astunetan.
Gizarteratzea ere erraztu dizute, lekualdaketa guztia antolatuz.
Otsailaren bukaeran izena eman nuen, eta handik egun gutxira arduradunek deitu egin ninduten. Lehenengo fasean pixka bat ezagutu ninduten, ea eskatzen zuten profilarekin bat egiten nuen eta proiektuan benetan interesatuta ote nengoen. Gero, beste kide batzuekin batzar bat izan nuen bideo-deiez, non baldintza guztiak azaldu zizkiguten: kontratua, garraioa, ostatua…
Azkenik, elkarrizketa formala izan nuen, baiezkoa jaso, kontratua sinatu eta alemana ikasgairako sarbidea eman zidaten. Hiru hilabeteren buruan, B1 maila lortu behar nuen hutsetik abiatuta, hilero azterketa bat eginez. Nire kasuan, ez nuen azken hau gainditu, baina Austrian errepikatzeko aukera izan nuen, eta saiakera pare bat egin ondoren, lortu egin dut. Ez dizute trabarik jartzen titulurik gabe bidaiatzeko; izan ere, enpresak badaki zerotik hizkuntza erabat desberdina ikastea zer den, eta errendimendua eta motibazioa ere baloratzen ditu. Eta orain, han nagoela, klaseak jasotzen jarraitzen dut. Ekainean egin genuen lehen bidaia, eta hiru egun eman genituen bertan herria eta enpresa ezagutzeko, lanbidearekin lehen hartu-eman praktikoa izateko eta benetan gustatzen zitzaigun ikusteko. Udaren amaieran joan ginen berriz, oraingoan bertan geratzeko, eta denak batera eraman gintuzten Vienatik Kapfenbergera taxi batean. Gero, autobusez etxez-etxe eraman gintuzten, eta gure pisua eta pisukidea aurkeztu zizkiguten. Nire kasuan Iñakirekin bizi naiz, mutil euskaldun batekin, eta oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Denak nola funtzionatzen zuen azaldu ziguten, birziklapenarekin, adibidez, oso zorrotzak direlako (isunak jartzen dituzte). Pare bat egun libre izan genituen antolatzen eta egokitzen joan gintezen, eta proiektuaren arduradunak herrian geratu ziren egun horietan izapide eta agiri guztiekin laguntzeko.

Nolakoa da zure egunerokoa?
Astelehenetik ostiralera 4:30ak aldera esnatu eta 5:45tan klasera sartzen naiz. Klasea enpresa bera da, eta prestatzen ari garenontzako espazio bat du. Beraz, 13:45era artekoa izango litzateke nire lan-ordutegia. Kapfenbergen ia % 80 Böhler enpresa dela esango nuke, eta hainbat nabe ditu. Nire kasuan, metala galdatu eta sortzen dut. Proiektu honen bidez, Austrian zeuden graduak industriara bideratuta zeuden gehienbat, eta Alemanian, industriaz gain, eraikuntza, ostalaritza, osasuna… ere badaude. Klasetik irtetean janaria prestatzen dugu, etxeko lanak egiten ditugu eta zerbait behar badugu erostera joaten gara, lehen esan bezala, dena goiz ixten dutelako. Asteazkenetan eta ostegunetan ere alemaneko klaseak ditut, eta orduan, enpresan klaseak amaitzean, han bazkaldu eta ikastera joaten naiz. Astean zehar ez dugu askoz gehiagorako astirik, baina larunbatetan eta igandeetan planak elkarrekin egiten saiatzen gara (orain ez, elur asko dagoelako) leku berriak bisitatuz, garraio publikoa oso ondo baitabil.
Lehenengo urtean, irailetik otsailera, enpresako nabe batean gaude, eta bertan benetako lana simulatzen ikasten dugu lanpostu ofizialera pasatu aurretik. Otsailetik apirilera barnetegi batera joango gara, eta han atal teorikoa jasoko dugu, soldata kobratzeari utzi gabe, eta bi hilabete horien ondoren enpresara itzuliko gara berriro, beste zeregin bat probatzera beste nabe batean.
Austriak langabezia-tasa oso txikia du, eta urteko batez besteko soldata Espainiakoaren bikoitza da.
Datu horiek gazte asko atzerrira jotzera bultzatzen ari direla uste dut. Espainiatik joaten ari dira bizi dugun egoeragatik. Ez digute aukerarik ematen, eta lanpostu bat lortuz gero, gutxieneko soldata bat kobratzen dugu baldintza astunetan. Horrela ezinezkoa da bizi-kalitate ona lortzea. Gure adinean ezinezkoa da independizatzea. Ezin dugu aurrera egin, eta kanpora irtetean konturatzen zara ez dugula horrekin konformatu behar. Austrian bizitza garestiagoa da, baina soldatekin guztiz orekatuta dago. Baldintza onak dituen aukera bat ikustean, prest gaude bidaiatzeko. Mugitzeko. Probatzeko. Gainera, hemen gero eta esperientzia handiagoa eskatzen digute. Ematen ez diguten esperientzia. Orduan, ahal dugun lekutik hartu behar dugu. Ezin diote bost urteko esperientzia eskatu ikasketak amaitu berri dituen norbaiti.
Unibertsitatea oso ondo dago graduei dagokienez, baina gaur egun ez dizu ezerk bermatzen lana izango duzunik. Beldur handia sentitzen dugu lan-prekarietatearen aurrean. Ezezkoak jasotzean uste dugu ez dugula ezertarako balio. Baina ez dugu denboraren aurrean etsi edo zapuztu behar. Gazteak kontratatzera arriskatzeak beldurra ematen diela uste dut, anbizioa dugulako. Baina noizbait erreleboa egon behar du, eta inoiz baino prestatuago gaude […]
Ez gara gu egokitu behar garenak, haiek baizik. Garaiak aldatzen ari dira. Bestalde, tituluetan arreta handia jartzen dute eta ikaslearen figura alde batera uzten ari dira. Austrian ikastun-kontratua existitzen da. Prestatu eta zurekin geratu nahi dute. Batzuetan, ikastun izatetik langile izatera aldatzen dizute, langileak behar dituztelako. Hemengo Lanbide Heziketa Dualaren antzekoa da, baina Austrian denbora guztian praktiketan zaude, ez bakarrik bigarren urtean, eta kotizatzeko aukera ematen dizun kontratua duzu. Eta LH Euskadin funtzionatzen ari da, nire ustez, daukagun industriagatik, baina Espainian oraindik ez dago erabat mamituta. Atzean geratzen ari gara.
Eta programa amaitzean, etxera itzuliko zara?
Uste dut denbora dezente geratzen zaidala kanpoan. Laguntza nahikoa ematen dizkigute, eta langile baten baldintza berberak ditugu. Oraingoz hiru urte eta erdi geratzen zaizkit prestakuntza amaitzeko, eta gero errentagarria egiten zait enpresan geratzea edo han nire kabuz zerbait bilatzea, lan dezente baitago. Jende finkoa bilatzen dute, baina auskalo. Euskal Herria ere faltan botatzen dut. Kultura-talka izugarria da ni bezalako pertsona batentzat, inoiz ez bainuen atzerrira bidaiatu. Baina helburu bat jarri diot neure buruari, eta hori lortzeko borrokatu nahi dut. Prozesuan dena ez da polita izango, baina motibatuta nago egiten ari nagoenarekin, eta egokitzen jarraitu beharko dut, bizitzaz gozatzen dudan bitartean.
☉ Ugao
Bideoa | El Kangri: «Egiten dudan rap-ak nire bizitza du oinarri, inor kaltetzeko asmorik gabe»
Ugaoko jaietan emanaldia eskaini zuen ‘El Kangri’ artistak. Horren haritik, bere proiektua ezagutzeko elkartu gara Udiarragako Amabirjinaren ermitaren aurrean

Duela urte batzuk ‘El Kangri’ musika proiektua martxan ipini zuen Asier Azpillaga Nuñez ‘El Kangri’k, (Ugao, 1986). Artista honek, rap melodikoa oinarri, bizipen propioak plazaratzen ditu mikro baten bidez eta DJ Kalibre eta Markel ‘Uri’ managerraren laguntzarekin. Musika eszenan tarte bat zabaltzeko gakoa emankortasuna dela dio Ugaokoak eta proiektua 2013an hasi zuenetik helburua urtero 12 abesti kaleratzea da (bideoklipak YouTuben eta abestiak bestelako plataformetan edo Instagrameko @elkangriiiii izeneko kontuan argitaratuz).
Bere musika rap klasikoaren aurreiritzietatik “urrundu” egiten dela aitortu dio GEURIAri artistak, “errespetutik” abiatuz betiere. El Kangrik bere bizipenetan oinarritzen ditu bere abestiak, bizitzak irakatsitako lezioetan oinarrituz. Proiektu honetan, Markel ‘Uri’ manager zaratamarra du bidelaguna. Proiektuaren inguruko gomendioak emateaz gainera, laguntza eman dio Ugaoko artistari eta emaitza modura lagunen arteko “familia” txiki bat sortu dute, musika profesionalak eta lagunak elkartzeko topagunea izan delako beraientzat.
El Kangri. Lehenik eta behin, azalduiguzu izen honen jatorria. Nire izen artistikoa berezia izatea nahi nuen. Ni naizen bezala identifikatu behar ninduen. Txikia nintzenean, lagunekin hondartzara joaten nintzenean ‘Kangrejo’ esaten zidaten, karramarroek gorputz zabala eta hanka luze eta meharrak dituztelako. Izan ere, hanketan karramarroen haginak ditut tatuatuta. Horrela ezagutzen nau mundu guztiak, ‘El Kangri’ ezizenarekin, eta hori mantentzea erabaki nuen.
Gaur egun Orozkon bizi bazara ere, 30 urte Ugaon eman dituzu. Nolakoa da herriarekin duzun harremana? Bertan nire ama eta anaia bizi dira. Kalean galdetzen didaten bakoitzean Ugaokoa naizela esaten dut beti, herrian lagun asko ditudalako. Lotura berezia daukat Ugaorekin.
Joan den irailarten 13an Ugaoko jaietan eskaini zenuen emanaldia. Herrian jotzeko gogo izugarria neukan eta aurten eduki dut ametsa egi bihurtzeko aukera. Duela hiru urte Aker tabernako plazatxoan jotzeko aukera izan genuen eta 400 lagun baino gehiago elkartu ziren bertan eta oilar-bataila eta guzti antolatu genuen. Harrera oso ona izan zuen eta horren haritik jaio zen aurtengo jaietan jotzearen ideia.
2013an hasi zenuen zure proiektuaren ibilbidea: El Kangri. Musikarekin 2013an hasi nintzen. Letrak idaztea betidanik izan dut gustuko eta entretenitzeko helburuarekin egiten nuen hasieran. Izan ere, eskola garaian, etxerako lanak egin beharrean idaztea gustatzen zitzaidan. “Zer ari zara idazten, Asier?”, galdetzen zidaten irakasleek. Nik nire istorio pertsonalak idazten ari nintzela esaten nien eta horrek zeharo harritu egiten zituen. Ondoren, horiei erritmoa jartzen hasi nintzen. Neure burua artista profesionaltzat jotzen dut eta aurretik lan asko dut egiteko. Horregatik beti diot bultzada txiki baten zain nagoela proiektua zazpi haizetara zabaltzeko. Egunez egun, astiro-astiro aurrera doa proiektu hau, ikusgarritasuna egunero landu behar den zerbait delako.

Nolako gaiak jorratzen dituzu zure lanetan? Azken boladan egiten ditudan abesti gehienetan desamodioa gailendu egiten da. Duela urte bi banandu nintzen eta gaur egun semearekin bizi naiz. Nire ustez, artista bakoitzak bizi duen egoera emozionalaren arabera idazten ditu bere letrak. Nire kasuan, egun txarrak igaro ditut. Hortik gai jakin batzuk landu izana.
Noiz idazten duzu? Edozein momentu da ona idazteko: kalean, haurrarekin parkean nagoenean… inspirazioa heltzen denean ideia edonon gorde eta etxera heltzen naizenean estudioan sartu eta konposizio lanak nire kabuz egiten hasten naiz. Bakarrik. Egia da asteburu askotan Markel ‘Uri’ managerrarekin elkartu egiten naizela proiektu eta ideia jakin batzuk lantzeko, baina ideia nagusiak bakarrik nagoenean heltzen dira burura.

Egoera emozionala edozein delarik ere, rap melodikoak lagunduta sortzen dituzu zure abestiak. Nire letrek bizi izandako egoeren barruak kanporatzea dute helburu. Bizi izandako eskarmentuak botatzen ditut abestien bidez, baina zuk esan bezala, rap melodikoaren bidez.
Zer esan nahi du horrek guztiak, baina? Rap klasikoan errespetu falta asko entzuten dira eta politika kontuetan murgildu egiten dira abeslariak. Nik ez diot errespetua galduko generoari edo beste abeslariei; rapa nire bizipenen inguruan eraikitzen dut, inori kalterik eragin gabe. Nire lehen entzulea semea da: YouTubera jo eta bere aitaren musika entzutea maite du. Nire lehen followerra da eta ikastolan behin baino gehiagotan esan du handitan bere aita bezala raperoa izan nahi duela (barreak).
“Nire musikarekin inspiratzen naiz. nire letrak nik neuk egiten ditut, bestelako inspiraziorik behar gabe”
Hala ere, eta zure estiloa ez bada ere, rap klasikoko erreferenterik izango duzu. Nire musikarekin inspiratzen naiz, egia esan behar bada. Hala ere, Estatu mailan Nadal 015, Grind, Lopes eta Natos y Waor edo El Jincho bezalako artisten musika entzun dut ere. Hala ere, nire letrak nik neuk egiten ditut, bestelako inspiraziorik behar gabe. Markel estudiora datorren bakoitzean, abesti jakin bati forma emateko gomendioak ematen dizkit batzuetan eta horrek asko laguntzen dit.
Rapak, edozein musika estilori gertatu lez, aldaketa sakona izan du sare sozialen ondorioz: duela urte asko, artistek lanak sortzen zituzten eta helburua diskoa kaleratu eta hori saltzea zen. Gaur egun folowerrak eta interakzioa sartu dira jokoan. Nola daramazu kontu hau? Bideo pare bat kaleratzen ditugu hilabetero. Nire asmoa urtean 12 bideo argitaratzea da. Sare sozialetan mugitu egiten da dena gaur egun eta nik, YouTube kanalaz gainera Instagram edo TikTok plataformak erabiltzen ditut eta nire sormenak jarraitzaile edo follower horiekin partekatzea gustuko dut. Azken batean horiek dira nire lanen kontsumitzaileak eta horiek daude argitalpen berrien zain dauden jarraitzaile nagusiak. Musika zabaltzeko YouTubeko kanala erabiltzen zen antzina. Gaur egun Distrokid plataforma digitala erabiltzen dugu horretarako. Horren bidez, nire abestiak Spotify, Amazon Music edo ITunes bezalako plataformetan dago entzungai.

Nolako lan-taldea dago El Kangriren atzean ekoizpen horiek egin ahal izateko? Abestia sortu eta grabatzeko lanak nik neuk egiten ditut, Markelen oniritziarekin. Azken urteetan entzuleen ohiturak aldatu egin dira eta lehen lau minutuko abesti batek ondo funtzionatzen bazuen ere, gaur egun denbora tartea erdira laburtu da. Istorio erakargarrienak laburrenak izan ohi dira. Hala ere, nire proiektuan sei pertsonak egiten dute lan: arlo bisualean Markel manager eta filmakerra dago. Gainera, Iban argazkilaria eta beste lagun batzuk ageri dira ere.
Datarik al duzue etorkizuneko emanaldiei begira? Datorren urteari begira Arkotxako jaietan jotzeko asmoa dugu. Arkotxako Jai Batzordeko kideak Ugaoko jaietako emanaldian egon ziren eta bertan eskainitakoa gustatu zitzaiela esan ziguten. Gainera, Arrigorriagako Madalenetan jotzea izugarri gustatuko litzaidake: azken batean rapa gustuko duen jende asko dago bertan.

Proiektua aireratzen doa. Non ikusten duzu zeure burua hemendik 10 urtera? Ez dakit noiz iritsiko den nire momentua, baina helduko dela ziur nago. Espero dut ordurako Estatu mailan kontzertuak egiten egotea: Madril, Bartzelona, Galizia, Asturias… eta batek daki, Estatu mailako erreferente bat izatea, gailurrera iristea eta familiari bizi-kalitate ona eskaintzea da. Momentuz esan dezaket eskerrak eman nahi dizkiedala bidean zehar laguntza eskaini didaten pertsona guztiei: jarraitzaileei, lantaldeari, gure lanaren berri ematen duten komunikabideei…
☉ Ugao
Elkarretaratzea, antzezlanak eta hainbat jarduera antolatu dituzte Ugaon, A-25eko testuinguruan
Azaroaren 26an IV. Berdintasun Plana entzuteko gunea izango da ere, eta herritarren ekarpenak eta proposamenak ezagutzeko gune parte-hartzailea izango dela iragarri dute Udaletik

Ugaoko Udaleko Berdintasun sailak, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren testuinguruan, hainbat hezkuntza eta sentsibilizazio-jarduera antolatu ditu azaroaren 14tik 27ra.
Izan ere, aurten, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko elkarretaratzeaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Udaletik: Antzerki saioak, ikusgarritasun lesbikoari buruzko bideo proiekzioa eta mahai-ingurua, Berdintasunaren aldeko martxa herrian zehar…
“Ekimen honen helburua da indarkeria matxistaren aurkako borroka ikusaraztea eta herritarrek emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekiko duten konpromisoa indartzea”, azaldu dute udal ordezkariek.
Txiki eta gazteen programazioari dagokionez, jarduerak Ludotekan, Gaztelekuan eta Mirabatxon burutuko dituzte: “‘Pepuka y el monstruo que se llevó su sonrisa’ ipuin-kontaketa feminista, azaroaren 25, 26 eta 27an udal ludotekan egingo dute, baita Gaztelekuan eta Mirabatxo Klubean ere, hilaren 22an.
Azaroaren 26an IV. Berdintasun Plana entzuteko gunea izango da ere, eta herritarren ekarpenak eta proposamenak ezagutzeko gune parte-hartzailea izango dela iragarri dute Udaletik.
Antzerki saioetan, tailerretan eta berdintasunaren aldeko martxan izena eman nahi duten interesdunek e-posta idatzi beharko dute berdintasuna@ugao-miraballes.eus helbide elektronikora.
Egitaraua | A-25a Ugaon
Azaroak 14, ostirala
20:00 Antzerkia: Katana, Jane jauregia
Azaroak 20, osteguna
18:00 Ikusgarritasun lesbikoari buruzko bideo proiekzioa + mahai-ingurua
Azaroak 21, ostirala
20:00 Pituister, Jane jauregia
Azaroak 22, larunbata
11:00 Berdintasunaren aldeko martxa, herrian zehar
Azaroak 25, asteartea
12:00 Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko elkarretaratze instituzionala, Herriaren enparantza
Azaroak 26, asteazkena
18:00 IV. Berdintasun Planaren entzute gunea
☉ Ugao
Irakurzaletasuna bultzatzeko tailerrak antolatu dituzte Ugaon, euskara hutsean
Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da eta edukiera mugatua izango da: guztira 10 umeentzako lekua egongo da

Abenduaren 5ean, 12an eta 19an ipuin kontalarien ‘Sormen Tailerrak’ antolatu ditu Ugaoko Udalak, liburutegian, 17:30etik 18:15era.
Ekimen honen helburua haur txikiengan irakurzaletasuna bultzatzea eta irudimena lantzea dela azaldu dute udal ordezkariek: “Dinamizatzaile batek ipuin klasiko desberdin bat irakurriko du saio bakoitzean, eta ondoren haurrek ipuinarekin lotutako jarduera batean parte hartuko dute”.
Tailerrak euskara hutsean eskainiko dituzte eta guraso bakoitzak seme-alaba bakarra eraman ahal izango du. “Haur horrek, nahi izanez gero, hiru ostiraletan parte hartzeko aukera izango du”, gehitu dute Udaletik.
Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da. Edukiera mugatua izango da eta guztira 10 umeentzako lekua egongo da.
☉ Ugao
Ertzaintzak gizon bat ikertu du Ugaon asteburuan, droga trafikoagatik
Gainera beste 46 pertsona identifikatu dituzte. Horien artean 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak edukitzeagatik eta bi armak edukitzeagatik

Ertzaintzak prebentzio-dispositibo bat egin zuen joan den igandean Ugaon eta 50 urteko gizon bat ikertu zuen “hainbat substantzia sorgorgarri, bere ibilgailuan hauts zuri bat zuten bi poltsa eta 20 bat pastilla” atzeman ostean.
“Ertzaintzaren baliabideek guztira 46 pertsona identifikatu zituzten, eta horietako 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak (kokaina, speeda, marihuana eta haxixa) edukitzeagatik eta bi armak (kuter bat eta ukabil amerikar bat) edukitzeagatik”, azaldu dute Ertzaintzatik.
Gau berean droga-kontrola egin zuten agenteek Ugaon eta zortzi gidarik positibo eman zuten substantzia sorgorgarrietan: “Esku-hartze horiek Ertzaintzak bide publikoan (oraingoan Ugaoko diskoteka baten ondoan), Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Kontrolatzeko Ekintza Planaren esparruan, egiten dituen prebentzio-lanen emaitza dira”.
☉ Ugao
Beranduegi Erromeriak urtarrilaren 24an eskainiko du azken dantza, zazpi urteko ibileraren ostean
Azken emanaldia Bilboko Bilborock aretoan eskainiko dute. Ordua laster zehaztuko dute erromeriatik

Hego Uribeko erromeriak agur esango die ordu txikietako kontzertuei eta azken kontzertuaren data eta lekua iragarri dute: 2026ko urtarrilaren 24a, Bilborock aretoan.
“Hasieratik argi geneukan zein zen gure helburua: jendea dantzan, kantuan eta irribarrez jartzea”, azaldu dute erromeriatik. “Eta zuei esker, amets hori egia bihurtu da”.
‘Azken Erromeria Dantza’ izeneko azken bira hau joan den urriaren hasi zuten Izarran (Araba) eta harrezgeroztik Agurainetik, Bagatzatik, MallabiatikPortugaleteko EZK-FESTetik eta Zollotik igaro dira.
Ainize Perez Ipiña (Ugao, 1997) Beranduegiko abeslariarekin berba egiteko aukera izan zuen GEURIAk joan den otsailean, eta zazpi urteko ibilbidean denbora asko inbertitu dutela azaldu zuen: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”.

Ainize, Ugaon // Geuria
Proiektua martxan jartzeak lan asko eman zituen baina jo eta su ibili ziren, erromeriari forma emateko. Hasierako kontzertuetan urduritasuna nagusi zen eta “edozein baldintzetan” jo zutela aitortu zuen Ainizek: “Hau guztia apur bat aldatu da: orain ziurtasun handiagoa dugu eszenatoki gainean. Urduritasuna badago, baina lehenengo abestiko lehenengo akordeak entzun eta desagertzen doa. Hasieran gaztetxoak ginen eta hori ere nabaritzen da, urteekin esperientzia handituz joan gara. Aitortu behar dut nostalgia puntu batekin baina harrotasunez gogoratzen dudala Beranduegiren hasiera, niretzat egi bilakatutako ametsa izan da”.
Ainize Perez, Beranduegiko abeslaria: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”
Jendea dantzan eta kantutan jartzeaz gainera, taldeak erronka handi bati eutsi zion hasieratik: euskara kontzertuetako ardatz nagusia izatea, “euskal musika eta Euskal Herriko artisten sorkuntzak herri desberdinetara eramatea, hain zuzen”.
Festekin gertatzen den modu berean, bideari amaiera emateko ordua dela laburbildu dute Beranduegi Erromeriatik eta isilik egingo ez dutela azpimarratu dute. Azken dantza horien artean Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrenean eskaini beharreko kontzertua dago (Niere eta Tobogan taldeekin) eta azkena Bilboko Bilborock aretoan izango da.
“Eskerrik asko bihotzez, urte hauetan guztietan gure istorioaren parte izateagatik. Hau da agurra… Beti Beranduegi”.









