☉ Ugao
Elizako arkupeak konpondu eta ibaiaren inguruko pasealekuak Ugao erdigunearekin lotuko dituzte
Udalak lizitaziora atera ditu obrak, 480.578 euroko (BEZ barne) guztizko aurrekontuarekin. Hasi eta gero, lanak zortzi hilabeteko epean bukatuko dituztela aurreikusi dute.

San Bartolome parrokiako arkupeak eta zoladurak konpondu eta elizaren eta ibaiaren inguruko pasealekuak herri erdigunearekin lotzeko lanak egingo dituzte Ugaon. Obrak irisgarritasuna hobetu eta bizilagunei aisialdirako espazioa eskaintzeko helburuarekin egingo dira.
Elizaren inguruak egokitzeko proiektua “Ugao-Miraballesko paisaiaren Ekintza Plana” txostenean dago bilduta eta San Bartolomeko parrokiarekin 2005ean sinatutako lankidetza-hitzarmenarekin ahalbidetu dute. Momentuz, Udalak lizitaziora atera ditu obrak, 480.578 euroko (BEZ barne) guztizko aurrekontuarekin.
Inbertsio horren barne egongo dira sakristia hartzen duten atzeko eta alboko arkupeetan egingo diren lanak. Arkupe horiek hustu egingo dituzte, parrokiaren inguruko pasealekua eta ibaiaren ondokoa herriaren erdialdearekin lotzeko. Hain zuzen, eliza inguruko bideak Udiarraga kalearekin, udaletxeko plazarekin eta ibaiaren ondoko oinezkoentzako bide eta espazioekin konektatzea da asmoa.

// Ugaoko Udala
Oinezkoei pasatzea errazteko, gainera, bide horietan dauden oztopo arkitektonikoak kendu eta zoladura aldatuko dute. Irisgarritasun eta mugikortasun parametroak betetzeko, sarbideetan arrapalak eta eskailerak eraikiko dituzte, eta hegoaldeko atalean, lurra luzatuko dute, ibaiko pasealekuara emango duen eskailerarekin lotzeko.
Fatxada berritzea
Era berean, elizako arkupeetako zein fatxadako egiturak berrituko dira, ahal dela, originalak mantenduz. Horman hondatuta dauden elementuak kendu egingo dituzte, baina kanpoaldean harlagintzazko harria agerian utziz. Alboetako arkupeak ere guztiz berregin beharko dira, baina atzeko arkupeetan egitura zaharrak mantenduko dituzte, guztiz aldatu beharreko eremuetan, egitura zaharraren neurria errespetatzen duten haritzezko piezak jarriz.
Aldaketa guztiak egiteko zortzi hilabete inguru beharko direla aurreikusi du Ugaoko Udalak. Lizitazioa deitu eta gero, enpresek eskaintzak aurkezteko epea urriaren 21ean amaituko da.
☉ Ugao
Ogi artisauak, mermeladak eta pateak egiteko ikastaro monografikoak egingo dituzte Ugaon
Hilabete honetan zehar antolatu dituzten ikastaroetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, edukiera mugatua izango delako

Hilabete honetan zehar ikastaro-monografiko bi prestatu ditu Ugaoko Udalak, Gabonetako oporren testuinguruan.
Lehenak ‘Ogi artisauak eta masa desberdinak’ izena du. Parte-hartzaileek ama masa lantzen ikasiko dute, baita ogi bereziak egiteko teknikak ere (moldeko ogia, hazidunak, tipuladunak…), eta masa italiarrak prestatzen ikasiko dute ere (pizza, focaccia, ciabatta…). Lehen ikastaro hau 10 ordukoa izango da eta abenduaren 9an, 16an eta 23an prestatu dute, 17:00etan, Jane jauregian. Prezioa 10 eurokoa izango da. Izena emateko azken eguna abenduaren 5a izango da.
Bigarren ikastaroa Gabonetako oporretara bideratuta dago. ‘Mermelada eta pateak Gabonetan’ izenekoa, hiru orduko tailer honetan kontserbak egiten ikasiko dute parte-hartzaileek. “Otordu berezietarako errezeta goxo eta originalak prestatuko dituzte bertan”, azaldu dute Udaletik. Saioa abenduaren 18an prestatu dute eta prezioa 5 eurokoa da. Izena ematekoa azken eguna abenduaren 12a da.
Batean zein bestean izena emateko aurrez aurre egin daiteke Jane jauregian edo formulario hau betez. Informazio gehiago nahi izanez gero 946 480 704 telefono zenbakira deitu dezakete interesdunek. Udal ordezkariek iragarri dute edukiera mugatua dela.
☉ Ugao
Etxebizitza eta gazte emantzipazioaren inguruko hitzaldia eskainiko dute gaur, Ugaon
Etxebizitzarako sarbideari buruzko informazio erabilgarria eta praktikoa eskainiko du ‘Etxebizitza eta gazteak: aukerak eta baliabideak ezagutu’ izeneko hitzaldiak

Ugaoko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin eta GAZ emantzipazio-prozesua hasi nahi duten gazteei zuzendutako informazio eta
laguntza zerbitzuarekin lankidetzan, gazteei zuzendutako hitzaldi bat antolatu du gaur bertan, 18:30ean, jane jauregian.
Etxebizitzarako sarbideari buruzko informazio erabilgarria eta praktikoa eskainiko du ‘Etxebizitza eta gazteak: aukerak eta baliabideak ezagutu’ izeneko hitzaldiak: “Ekimen berri hau Udalak etxebizitza hutsak alokairuko merkatura ateratzeko urteetan hartzen ari den neurri desberdinen barruan kokatzen da. Hitzaldi honen helburua gazteei emantzipazio-prozesuan laguntzea da, eskuragai dauden aukerak eta laguntzak aurkeztuz”, azaldu dute Udaletik.
Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da, esteka honen bidez.
☉ Ugao
Kairos eta Uda taldeek kontzertua eskainiko dute Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan
Kontzertu gaua azaroaren 28an antolatu dute, 21:30ean

Azaroaren 28an kontzertu gaua eskainiko du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak, Kairos eta Uda taldeen emanaldiekin. Kontzertuak 21:30ean hasiko dira.
UDA, Ander (ahotsa eta gitarra), Ibai (gitarra), Gaizka (ahotsa eta baxua) eta Unax (bateria eta koruak), osatutako Bizkaitik Euskaraz abesten duen Punk freshkoa dakarren taldea da. ‘Uda’ izeneko lehen diskoa 2022ko uda, udazken eta neguan grabatu eta nahastu zuten Corsarios Estudiosetan Loloren eskutik.
Kairos taldeak abesti bi kaleratu zituen 2024ko apirilean: ‘Perspektiba’ eta ‘Sua’.
☉ Ugao
Ugaobono kanpainara 16.000 euro bideratu ditu aurten Ugaoko Udalak
Guztira 3.000 Ugaobono banatuko dituzte eta kanpainak abenduaren 31ra bitarteko iraupena izango du, 2024an estreinatutako sistema digitala mantenduz

Aurten 3.000 UgaoBono banatuko ditu Ugaoko Udalak, “udalerriko merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko” eta 16.000 euro bideratu ditu aurtengo ekimenerako.
3.000 bonu horietatik 1.000 30 eurokoak izango dira eta 20 euroan eros daitezke. Beste 2.000 bonuak 10 eurokoak izango dira eta 7,5 euroko prezioa dute.
“Tokiko kontsumoa bultzatzeaz gain, ugaotarren etxeetan aurreztea sustatzen du urteroko kanpaina honek”, azaldu dute udal ordezkariek. Kanpainak abenduaren 31ra bitarteko iraupena izango du eta 2024an estreinatutako sistema digitala mantenduko dutela nabarmendu dute, Bizkaidendak izeneko bonu aplikazioaren bidez: “Horri esker, 18 urtetik gorako pertsona bakoitzak bere bonuak zuzenean trukatu ahal izango ditu programari atxikitako establezimenduetan. Horretarako, nahikoa izango da erosketa unean NANa aurkeztea”.
Beherapenez gozatzeko, erabiltzaileak NANarekin identifikatu beharko du bere burua eta saltokiak Apparen bidez trukatuko du Ugaobonoa. Bonuak ‘Ugaobono 2025’ kanpainari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango direla azaldu dute udakl ordezkariek, eta saltokietako erakusleihoetan identifikazio-kartela jarriko dutela gehitu dute.
ugaobono.eus webgunean saltokien zerrenda eta bonuen eskuragarritasun zerrenda kontsultatu daiteke (berdez, eskuragarri, gorriz ez-eskuragari).
“Ekimen honekin, Ugaoko Udalak tokiko merkataritza indartzeko eta herriko etxeetan aurrezpena sustatzeko konpromisoa berresten du, auzotarrei sistema eroso eta erabilgarri bat eskainiz, udalerrian erosketak bultzatzeko”.
☉ Ugao
Ehun pertsona baino gehiago elkartu dira Ugaon, indarkeria matxistaren aurkako eguneko elkarretaratzean
“Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista!” lelopean, ehun lagun baino gehiago elkartu dira Herriaren plazan

“Konplizitate sareen aurrean erresistentzia feminista!” lelopean, ehun lagun baino gehiago elkartu dira 19:00etan, Ugaoko Herriaren enparantzan deitutako elkarretaratzean.
Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunaren markoan jarduera nagusi bi antolatu ditu Emahots Talde Feministak Ugaon: atzo, azaroak 24, Mai, Ateneo Palestinarraren kideak “Siempre con la resistencia” izeneko solasaldia eskaini zuen Jane jauregian.












