☉ Ugao
Unai Mateos: “Ahal dudan guztietan erabiltzen dut bizikleta eguneroko bizitzan”
23 urte azpiko kategorian podium askotara igotzea lortzen ari da eta bizikleta bere bidelagun bihurtu da

Unai Mateos (Ugao, 1999) Garribikes talde basauriarreko mountain bike txirrindularia da eta 23 urte azpiko kategorian lehiatzen du. Azken bi urteetan urrezko domina irabazi du Bizkaiko txapelketan, baita 2018an Euskadikoan ere. Espainiako lehiaketan behin baino gehiagotan parte hartu du eta lehen 15en artean geratzea lortu du. Koronabirusaren ondorioz, duela gutxi itzuli da lasterketetara baina erritmo berari eusten dio. Euskadiko XCO txapelketan hirugarren gelditu ostean, Espainiakoan parte hartu du Euskadiko selekzioarekin, 17. postuan helmugara iritsiz. Duela pare bat aste, bigarrena heldu zen Kataluniako VolCAT lasterketan, beste lorpen bat Ugaora ekarriz.
Nola hasi zinen txirrindularitzan?
Txikitatik gustatu izan zaizkit bizikletak. Oraindik gogoratzen naiz lagunekin bizikletaz mendira joaten nintzenean, aldapetatik jaistera. Arandia parkean zeuden skate-pistetara jauziak egitera ere joaten ginen. Ikastolan nengoela, futbola eta txirrindularitza uztartzen hasi nintzen, 12 urtetik 14 urtera bitartean. Ziklo-krosarekin hasi nintzen eta zenbait errepide-lasterketa egin nituen, baina utzi egin nuen. Urtebetera, haurren-kategoriaren bigarren mailan, errepideko txirrindularitzan izena eman nuen berriro.
Eta gero Garribikesera aldatu zinen.
Lagun askok txirrindularitza utzi egin zuten eta errepidekoan bakarrik geratu nintzen. Ugaoko taldeak gazteen kategoriara arte besterik ez zuenez, nire osabak, Garribikesen jabeak, haiekin hastea proposatu zidan. Mountain bikeko lasterketa batzuk nire kontu eginak nituen dagoeneko, eta errepidekoa baino gehiago gustatzen zitzaidanez, Garribikes taldearekin hasi nintzen.
Zein izan zen zure lehen bizikleta?
BH Sierra Nevada bat, urkilan malguki batzuk jarrita zituena. Lauzpabost urte nituenean nire aitak eta osabak bizikletan ibiltzen irakatsi zidaten. Gure herrian geundela, Revilla de Pienzan (Burgos), bizikleta hartu, pixka bat askatu eta berehala ikasi nuen. Gero, bizikleta hori erosi zidaten eta leku guztietara joaten nintzen berarekin. Orain, gehien erabiltzen dudana MTB Scott Scale-a da, lehiaketetarako batez ere, baina beste mountain bike bat, errepideko bat eta BMX bat ere baditut. Nire eguneroko bizitzan ahal dudan guztietan erabiltzen dut bizikleta oraindik ere, lanera joateko adibidez.

Unai Mateos / Utzitakoa
Zure indarguneak eta ahuleziak?
Pedalei eragitea nire ahuleziarik handiena dela uste dut: lur lauan ibiltzea, igoera luzeak egitea… Horixe da, zalantzarik gabe, gehien kostatzen zaidana. Aitzitik, aldapa arriskutsuetan trebea naizela esan dezaket, baita oso biziak diren igoera laburretan ere. Hala ere, ez dut uste oso ona naizenik: bizikletan ibiltzea gustuko duen txirrindularia naiz, nola ez, baina badakit ez naizela horretatik biziko eta afizioagatik egiten dut.
Zein izan da zure inflexio-puntua?
Inflexio-puntua 23 urte azpiko lehen urtean izan zen, Garribikesen hasi nintzenean. Lehen, ez nuen hain serio hartzen. Ez nuen entrenatzeko gogo handirik, eta orain guztiz alderantzizkoa da. Hasieran entrenamenduak ez ziren hain espezifikoak eta osabak jartzen dizkidan ariketekin hasi nintzenean hobetzen hasi nintzen.
Urte berezia izan arren, ondo aritu zara.
Denboraldi hau bukatutzat eman dut, lasterketarik ez dagoelako. Beste urte batzuetan denboraldia irailean amaitu dut, Ugaoko jaietan, Espainiako Maratoi Txapelketan hain zuzen ere, baina aurten deuseztatu egin dute eta ezin izan dut gehiago egin. Urte honetan ez dut batere gaizki egin, baina iaz bezala ere ez naiz egon, indartsuago nengoelako. Ezohiko egoera izan da eta ez nekien zer prestatu. Konfinamenduan, entrenamenduak denbora-pasa moduan hartu nituen, egunean ordubete arrabolean eta listo. Ez nengoen lasterketetan zentratuta, banekielako ez zela lasterketarik egongo normaltasunera itzultzerakoan. Ez zuen zentzurik. Datorren urteari begira ere ez dakigu gauza handirik. Aste Santurako Andaluzia Bike Race lasterketa begiratuta daukat, nire osabarekin bikoteka parte hartzeko.

Unai Mateos Ugaoko plazan / Olaia Martin
Zer da zuretzat Euskal selekzioarekin aritzea?
Oso ondo egon da eta primeran pasatu dut; giro ezin hobea, lankide bikainak, mekanikari eta entrenatzaile handiak… Lasterketako zirkuitua ikusita, ez nuen gauza handirik egiteko itxaropenik, baina euria egiten hasi zen eta lokatzaz bete zen. Zoru delikatuan mugitzen naiz ondoen, eta hamazazpigarren postua lortu nuen. Beraz, poz-pozik. Espainiako XCO txapelketan hirugarren urtez aritu naiz haiekin. Lehenengo aldian, gazteen kategorian nengoenean, ilusio handia egin zidan. Lasterketa batean geundela gogoratzen naiz, eta mundu guztia hautatzailea zegoela esaten hasi zen. Oso urduri jarri nintzen. Nirekin hitz egin zuenean, ez nuen sinesten; ni paketetxo bat nintzen. Hor hasi zen benetan nire motibazioa.
Mendiko txirrindularitzaz gain, beste diziplina batzuk probatu dituzu.
S.C. Ugaorekin hasi nintzen errepidekoan eta ziklo-krosean, jende gehiena diziplina horietan mugitzen zelako, baina niri beti gustatu izan zait gehiago mountain bikea. Oso desberdina da: errepidean gehiago da gurpilera joaten jakitea, talde on bat izatea… Nik jarraitu ezin dudan erritmo batean doazela iruditzen zait ere. Mountain bikea ibiltzen jakitea da, oso indibiduala, eta nire ustez askoz dibertigarriagoa. Mendiko txirrindularitzaren barruan aukera ugari daude: XCO (Cross Country Olympics), XCM (Maratoia) eta XCUM (Ultramaratoia). Nik hirurak probatu ditut eta XCOn aritzen naiz gehienbat, lasterketa gehiago egiten direlako. Intentsitate handiko zirkuitu teknikoak dira batez ere.
Zein da kirol honek eskatzen duen sakrifiziorik handiena?
Nik ez dut presiorik, ezta sakrifizio handirik egiten ere. Horregatik nago hain pozik nire taldean; lasterketa bat irabazten badut ondo, eta bestela ez da ezer gertatzen, lasterketa hobeak egongo dira. Nik neuk neure burua presionatzen dudana baino gehiago ez nau inork presionatuko, azken finean dena erakutsi nahi dudalako lasterketa bakoitzean. Nerbioen esku ere badago. Denboraldian nagoenean eta lasterketa garrantzitsuak ditudanean, pixka bat gehiago zaintzen saiatzen naiz, baina ez naiz obsesionatzen. Ez dut dietarik egiten, baina gozoki eta janari lasterra kentzen ahalegintzen naiz. Profesionalki kirol honetan aritu nahi duenak askoz zorrotzagoa izan behar duela uste dut; elikadura zaindu, entrenamenduak zorrozki egin… Buruak ere badu horretan eragina.

Unai Mateos / Utzitakoa
Zein izan da txirrindulari bizitzan zehar izan duzun unerik zailena?
Urte hau izan da zailena ziur aski. Espainiako Ultramaratoi Txapelketa bertan behera utzi zutenean oso momentu latza izan zen niretzat. Pasa den urtetik egon naiz prestatzen. Algarven (Portugal) hasi genuen urtea, bi etapako lasterketa batean, eta nahiko ondo ikusi nuen nire burua. Gero, Logroñon, bigarren geratu nintzen maratoiko jeneralean eta lehenengoa 23 urte azpikoan. Indartsu eta prest ikusten nintzen. Espainiako txapelketa baino bi aste lehenago etxean sartu gintuzten, eta ez nuen aukerarik izan. Ikaragarri izorratu ninduen. Bestalde, unerik zirraragarriena, zalantzarik gabe, 2018ko Euskadiko Maratoi Txapelketa izan zen. Amurrion izan zen eta sub23 kategorian egin nuen lehena izan zen. Pixka bat izututa nengoen, banekielako maila handia zegoela. Lasterketa osoan Julen Rozasekin joan nintzen, asko lagundu zidan, eta helmugara lehenengoa iritsi nintzen. Ilusio gehien egin didan podiuma izan da.
Zeintzuk dira epe labur eta luzerako dituzun helburuak?
Espainiako Maratoi edo Ultramaratoi txapelketan parte hartzea. Urtero prestatzen ditut zorrozki eta aurten biak izorratu zaizkit; oraingoz, horixe da nire helburua. Datorren urtean, zortea badago eta ospatzen badira, podium bat egitea edo behintzat oso hurbil egotea gustatuko litzaidake. 23 urte azpiko lehen urtean zazpigarren postuan iritsi nintzen helmugara, eta Espainiako txapelketa batean podiumetik gertuen egon naizen momentua izan da. Ez da erraza izango, baina saiatu egingo naiz. Etorkizunean, elitea pasatuz, lehiatzen jarraitzeko asmoa dut, baina badakit ez naizela oso urrun iritsiko. Konplikatua da, txirrindularitzatik bizi diren profesionalen aurka lehiatzen zarelako, eta beste maila bat da. Ez nintzateke horra hurbildu ere egingo, baina parte hartu nahiko nuke behintzat. Ez dut bizikleta uzteko asmorik. Etorkizunean ere lehian ikusten dut nire burua, azkena geratuz bada ere.
☉ Ugao
Elkarretaratzea, antzezlanak eta hainbat jarduera antolatu dituzte Ugaon, A-25eko testuinguruan
Azaroaren 26an IV. Berdintasun Plana entzuteko gunea izango da ere, eta herritarren ekarpenak eta proposamenak ezagutzeko gune parte-hartzailea izango dela iragarri dute Udaletik

Ugaoko Udaleko Berdintasun sailak, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren testuinguruan, hainbat hezkuntza eta sentsibilizazio-jarduera antolatu ditu azaroaren 14tik 27ra.
Izan ere, aurten, Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko elkarretaratzeaz gainera, bestelako jarduerak antolatu dituzte Udaletik: Antzerki saioak, ikusgarritasun lesbikoari buruzko bideo proiekzioa eta mahai-ingurua, Berdintasunaren aldeko martxa herrian zehar…
“Ekimen honen helburua da indarkeria matxistaren aurkako borroka ikusaraztea eta herritarrek emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunarekiko duten konpromisoa indartzea”, azaldu dute udal ordezkariek.
Txiki eta gazteen programazioari dagokionez, jarduerak Ludotekan, Gaztelekuan eta Mirabatxon burutuko dituzte: “‘Pepuka y el monstruo que se llevó su sonrisa’ ipuin-kontaketa feminista, azaroaren 25, 26 eta 27an udal ludotekan egingo dute, baita Gaztelekuan eta Mirabatxo Klubean ere, hilaren 22an.
Azaroaren 26an IV. Berdintasun Plana entzuteko gunea izango da ere, eta herritarren ekarpenak eta proposamenak ezagutzeko gune parte-hartzailea izango dela iragarri dute Udaletik.
Antzerki saioetan, tailerretan eta berdintasunaren aldeko martxan izena eman nahi duten interesdunek e-posta idatzi beharko dute berdintasuna@ugao-miraballes.eus helbide elektronikora.
Egitaraua | A-25a Ugaon
Azaroak 14, ostirala
20:00 Antzerkia: Katana, Jane jauregia
Azaroak 20, osteguna
18:00 Ikusgarritasun lesbikoari buruzko bideo proiekzioa + mahai-ingurua
Azaroak 21, ostirala
20:00 Pituister, Jane jauregia
Azaroak 22, larunbata
11:00 Berdintasunaren aldeko martxa, herrian zehar
Azaroak 25, asteartea
12:00 Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguneko elkarretaratze instituzionala, Herriaren enparantza
Azaroak 26, asteazkena
18:00 IV. Berdintasun Planaren entzute gunea
☉ Ugao
Irakurzaletasuna bultzatzeko tailerrak antolatu dituzte Ugaon, euskara hutsean
Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da eta edukiera mugatua izango da: guztira 10 umeentzako lekua egongo da

Abenduaren 5ean, 12an eta 19an ipuin kontalarien ‘Sormen Tailerrak’ antolatu ditu Ugaoko Udalak, liburutegian, 17:30etik 18:15era.
Ekimen honen helburua haur txikiengan irakurzaletasuna bultzatzea eta irudimena lantzea dela azaldu dute udal ordezkariek: “Dinamizatzaile batek ipuin klasiko desberdin bat irakurriko du saio bakoitzean, eta ondoren haurrek ipuinarekin lotutako jarduera batean parte hartuko dute”.
Tailerrak euskara hutsean eskainiko dituzte eta guraso bakoitzak seme-alaba bakarra eraman ahal izango du. “Haur horrek, nahi izanez gero, hiru ostiraletan parte hartzeko aukera izango du”, gehitu dute Udaletik.
Izena emateko azken eguna azaroaren 29a izango da. Edukiera mugatua izango da eta guztira 10 umeentzako lekua egongo da.
☉ Ugao
Ertzaintzak gizon bat ikertu du Ugaon asteburuan, droga trafikoagatik
Gainera beste 46 pertsona identifikatu dituzte. Horien artean 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak edukitzeagatik eta bi armak edukitzeagatik

Ertzaintzak prebentzio-dispositibo bat egin zuen joan den igandean Ugaon eta 50 urteko gizon bat ikertu zuen “hainbat substantzia sorgorgarri, bere ibilgailuan hauts zuri bat zuten bi poltsa eta 20 bat pastilla” atzeman ostean.
“Ertzaintzaren baliabideek guztira 46 pertsona identifikatu zituzten, eta horietako 16 Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa ezarriz zehatzeko proposatu zituzten drogak (kokaina, speeda, marihuana eta haxixa) edukitzeagatik eta bi armak (kuter bat eta ukabil amerikar bat) edukitzeagatik”, azaldu dute Ertzaintzatik.
Gau berean droga-kontrola egin zuten agenteek Ugaon eta zortzi gidarik positibo eman zuten substantzia sorgorgarrietan: “Esku-hartze horiek Ertzaintzak bide publikoan (oraingoan Ugaoko diskoteka baten ondoan), Arma Zuriak eta Objektu Arriskutsuak Kontrolatzeko Ekintza Planaren esparruan, egiten dituen prebentzio-lanen emaitza dira”.
☉ Ugao
Beranduegi Erromeriak urtarrilaren 24an eskainiko du azken dantza, zazpi urteko ibileraren ostean
Azken emanaldia Bilboko Bilborock aretoan eskainiko dute. Ordua laster zehaztuko dute erromeriatik

Hego Uribeko erromeriak agur esango die ordu txikietako kontzertuei eta azken kontzertuaren data eta lekua iragarri dute: 2026ko urtarrilaren 24a, Bilborock aretoan.
“Hasieratik argi geneukan zein zen gure helburua: jendea dantzan, kantuan eta irribarrez jartzea”, azaldu dute erromeriatik. “Eta zuei esker, amets hori egia bihurtu da”.
‘Azken Erromeria Dantza’ izeneko azken bira hau joan den urriaren hasi zuten Izarran (Araba) eta harrezgeroztik Agurainetik, Bagatzatik, MallabiatikPortugaleteko EZK-FESTetik eta Zollotik igaro dira.
Ainize Perez Ipiña (Ugao, 1997) Beranduegiko abeslariarekin berba egiteko aukera izan zuen GEURIAk joan den otsailean, eta zazpi urteko ibilbidean denbora asko inbertitu dutela azaldu zuen: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”.

Ainize, Ugaon // Geuria
Proiektua martxan jartzeak lan asko eman zituen baina jo eta su ibili ziren, erromeriari forma emateko. Hasierako kontzertuetan urduritasuna nagusi zen eta “edozein baldintzetan” jo zutela aitortu zuen Ainizek: “Hau guztia apur bat aldatu da: orain ziurtasun handiagoa dugu eszenatoki gainean. Urduritasuna badago, baina lehenengo abestiko lehenengo akordeak entzun eta desagertzen doa. Hasieran gaztetxoak ginen eta hori ere nabaritzen da, urteekin esperientzia handituz joan gara. Aitortu behar dut nostalgia puntu batekin baina harrotasunez gogoratzen dudala Beranduegiren hasiera, niretzat egi bilakatutako ametsa izan da”.
Ainize Perez, Beranduegiko abeslaria: “Nik oso argi neukan aurtengoa nire azkenengo urtea izango zela eta asko hitz egin eta asko pentsatu eta gero, erabaki dugu itxiera on bat ematea merezi duela Beranduegik”
Jendea dantzan eta kantutan jartzeaz gainera, taldeak erronka handi bati eutsi zion hasieratik: euskara kontzertuetako ardatz nagusia izatea, “euskal musika eta Euskal Herriko artisten sorkuntzak herri desberdinetara eramatea, hain zuzen”.
Festekin gertatzen den modu berean, bideari amaiera emateko ordua dela laburbildu dute Beranduegi Erromeriatik eta isilik egingo ez dutela azpimarratu dute. Azken dantza horien artean Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrenean eskaini beharreko kontzertua dago (Niere eta Tobogan taldeekin) eta azkena Bilboko Bilborock aretoan izango da.
“Eskerrik asko bihotzez, urte hauetan guztietan gure istorioaren parte izateagatik. Hau da agurra… Beti Beranduegi”.
☉ Ugao
Apirilaren 11n egingo dute datorren urteko Ugaoko Gazte Eguna
Momentuz “data gordetzeko” eskatu diete herritarrei. Laster informazio gehiago iragarriko dute

Ugaoko Gazte Eguna datorren urteko apirilaren 11n antolatu dute.
Hala iragarri dute @ugaokogazteeguna instagram kontutik. Momentuz “data gordetzeko” eskatu diete herritarrei. Laster informazio gehiago iragarriko dute.








