☉ Usansolo
Tren bat errailetik irten da Usansolon: ez da zauritu larririk egon
Tren bat errailetik irten da Usansolon, geltokitik 300 metrora. Gertaera 13:10ak aldera jazo da, luizi baten ondorioz, eta momentu honetan Lemoa eta Usansolo arteko zerbitzua moztuta dago eta autobus bat jarri dute zerbitzua emateko, Euskotrenetik jakinarazi dutenez.
Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, ez da zauritu larririk egon eta bidaiariak trenetik irten eta oinez joan dira Usansoloko geltokiraino.
☉ Usansolo
Usansolo erdigunerako geltoki propioa aldarrikatu dute galdeketan parte hartu duten herritarren % 94,7ak
“Demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena da instituzioek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea”, esan dio Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak GEURIAri

Herri galdeketa egin zuten atzo Usansolon, herrirako zein tren-konexio nahi duten adierazteko. Eta emaitza, argia: herri erdigunean geltokia nahi dute herritarrek.
Datuak datu, 1.741 lagunek eman zuten atzo bozka, eta horietatik 1.648k geltokia erdigunean aldarrikatu zuten, hau da, bozken % 94,7a.
Tunel ibiltariaren alde 43 herritarrek bozkatu zuten (% 2,5) eta autobus-lanzaderaren alde 33k (% 1,9). Bozka baliogabeak 17 izan ziren (% 0,9).
Galdeketa ez da loteslea, baina Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kideak atzo eguerdian GEURIAri adierazi zionez, herritarren borondatea errespetatuko dute: “Guk plataforma bezala geltokia erdigunearen aldeko aldarrikapen horri eutsiko diogu eta ahotsa eramango dugu beste behin Eusko Jaurlaritzara, Bizkaiko Foru Aldundira eta egokitzen den leku guztietara”.
“Ulertzen dugu herri batek bozkatzen duenean eta erabakitzen duenean, demokrazia batean baldin bagaude, zuzenena dela instituzio horiek usansolotarron ahotsa entzutea eta ahots hori erabakigarri izatea martxan dagoen proiektuan”, esan zuen Atxutegik.
☉ Usansolo
Argazkiak | Galdeketa Usansolon: zein tren-konexio nahi duten bozkatzen ari dira herritarrak

Usansolotarrak kalera irten dira gaur adierazteko zer nahi duten herriko tren-konexioari dagokionez. Galdeketa antolatu du Geltokia Erdigunean plataformak, Usansoloko Udalaren babesarekin, eta eguerdian Unkina plazara bertaratu gara [ikusi bideoa hemen].
☉ Usansolo
Bideoa | Jon Atxutegi, Geltokia Erdigunean plataforma: “Oso pozik gaude herritarren erantzunarekin”

Galdeketa eguna dute gaur Usansolon. “Zein da zure ustez herriaren tren-konexio beharrizanak asetzeko aukera hobea?” galderari erantzuteko deituta daude herritarrak.
Eta erantzunerako hiru aukera: Usansolo erdigunerako geltoki propioa; 500 metroko tunel ibiltaria ospitaleko geltokira; edo, autobus-lanzadera bat ospitaleko geltokira.
Eguerdian bozkatzeko Unkina plazan jarri duten karpan izan gara, eta Jon Atxutegi Geltokia Erdigunean plataformako kidearen balorazioa jaso dugu.
☉ Usansolo
Usansoloko galdeketa metro geltokiaren inguruan: hauek dira bozkatzeko hiru aukerak
Usansoloko tren-konexiorako hiru aukeren artean bat hautatuko dute herritarrek urriaren 5eko galdeketan

Urriaren 5ean galdeketa egingo dute Usansolon. Metro geltoki berriaren inguruko kontsulta izango da: Geltokia Erdigunean plataformak sustatu du eta Usansoloko Udalak babestu egiten du.
Tren konexiorako hiru aukeretatik bakarra hautatu beharko dute igandean usansolotarrek. Eta aukerak hauek dira: Usansolo erdigunean geltoki propioa; 500 metroko tunel ibiltaria ospitaleko geltokira; eta, autobus-lanzadera bat ospitaleko geltokira eta 250 metroko tunela.
Unkina plazan jarriko duten karpan emango dute herritarrek bozka, 09:00etatik 20:00etara bitartean. Boto-paperak Usansoloko etxebizitzetako postontzietan banatuko dituzte, eta bozketa egunean ere eskuragarri egongo dira.
Galdeketarako bozka 16 urtetik gorako usansolotarrek eman ahalko dute. “Usansolon bizi diren guztiek eman dezakete bozka. NANean Usansoloko kaleren bat dutenek zuzenean bozkatuko dute; ez du axola NANean oraindik Galdakao udalerri bezala agertzea, kalea da garrantzitsua”, diote Geltokia Erdigunean plataformatik.
“Era berean, Usansolora berriki etorri direnek eta NANean oraindik beren kale berria ez dutenek ere bozka eman ahalko dute”, diote. Kasu horietan, errolda-agiria eskatu eta igandean aurkeztu beharko dute.
Urtebete martxan
Duela hiru urte, 2022ko abenduan, Loly de Juan Garraio Azpiegituren zuzendaria eta Julian Ferraz Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari ondokoak metroari buruzko hitzaldia eman zuten Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean, eta bertan adierazi zuten Usansoloko geltokia desagertu egingo zela.
Eta duela urtebete Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta ETSk erabaki hori baieztatu zuten. Orduan eratu zuten Usansolon Geltokia Erdigunean plataforma.
“Bizkaiko eta Usansoloko ospitalearen kohesioa hobetzeko obra batek, 350 milioitik gorako inbertsio publikoa duenak, Usansoloko bizilagunen trenbide-garraiorako sarbidea kentzen du. Kendu egiten da, gaur egun udalerrian tren-geltoki bat baitago udalerriaren erdigunean”, salatu dute askotan plataformatik.
Urte honetan zehar, plataformak hamaika aldarrikapen-ekimen egin ditu, hala nola, manifestazioak, elkarretaratzeak eta herri asanbladak, eta alderdi politikoekin eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin hainbat bilera egin dituzte.
“Guztietan argi utzi dugu zein den herritarren jarrera: Usansolok herriaren erdigunean geltoki bat izan behar du, gaur egun duen bezala. Aldarrikapen hori da usansolotarrok garraio publikoan kalitaterik ez galtzeko modu bakarra, zenbait datuk berresten baitute herritarrek defendatzen duten alternatiba dela udalerriaren beharretara ondoen egokitzen dena”, diote.
☉ Usansolo
Argazkiak | Tren geltokia Usansolo erdigunean mantentzearen aldeko manifestazioa egin dute herritarrek
Urriaren 5ean Metro geltokiaren inguruko herri galdeketa egingo dute Usansolon. Herri osoak bozkatzeko deia egin dute Geltokia Erdigunean plataformatik
Usansoloko herritarrek ez dute gaur egun erdigunean duten tren geltokia galdu nahi. Eta horren adibide da azken urteetan egin dituzten mobilizazioak. Azkena irailaren 27an: herritarrak kalera irten ziren beste behin ere eta manifestazioa egin zuten Usansoloko kaleetatik. Gainera, urriaren 5eko herri galdeketan “herri osoak” bozka emateko deia zabaldu zuen Geltokia Erdigunean plataformak.