Sareak

☉ Zaratamo

Zaratamoko Besopean Guraso Elkartea: «Haurrak ez daude emozionalki prest mugikorrak modu egokian erabiltzeko»

Zaratamo Eskolak ‘Altxa Burua’ ekimena martxan ipini gura du haurren begirada pantailetatik aldentzeko. Hori posible izateko herriko enpresen laguntza beharko luke

|

Digitalizazio prozesuak ezustean harrapatu gaitu eta gure ohiturak hankaz gora jarri ditu. Arin batean txorakeri bat dela pentsatu dezake batek baino gehiagok, baina minutu bateko hausnarketatxoa egiten badugu laster jabetuko gara digitalizazioak eguneroko bizitzan sortzen ari den eraginaz.

Zenbat urterekin ematen dizkiegu gailuak gure seme-alabei? Zenbat ordu ematen ditugu pantaila baten aurrean bideoak, storyak edo reelak ikusten? Zer dakar horrek guztiak? Horren inguruan berba egiteko Janire Martinez Espinosarekin (Zaratamo, 1981) eta Iñaki Urkiza Elorriagarekin (Igorre, 1967) elkartu gara. Janire Zaratamo eskolako Besopean Guraso Elkarteko kidea da eta Iñaki, zentroko zuzendaria. Egun hauetan Altxa Burua kanpaina martxan ipintzen ari dira eskolan, eta mugikorretatik nolabait “deskonektatzeko” aukeraz aritu gara. Horrelako proiektuak aurrera eraman ahal izateko bultzada ekonomikoa behar du Zaratamo eskolak, eta herriko enpresekin harremanetan jartzen ari dira.

Zer dela eta ipini gura duzue Altxa Burua kanpaina martxan Zaratamo Eskolan? Janire Martinez: Kanpaina hau Gipuzkoatik dator. Bertan hasi ziren jabetzen mugikor zein baliabide digitalek sortzen ari diren eraginaz, sare sozialen erabilerarekin lotutakoak bereziki. Pertsonen osasun emozionalean eta mentalean eragina dauka guzti honek. Altxa Buruan programatik detektatu zuten haurretan gero eta gazteago hasi zirela arazo hauek azaleratzen. Hasiera nerabezaroko kontuak ziren, baina denborak aurrera egin ahala mugikorra gero eta goizago ematen zaie umeei. Duela urte batzuk gaztetxo askori, institutua hasteko orduan telefono mugikorra ematen hasi zitzaien. Eta egoerak txarrera egin du gaur egun: umeei telefono mugikorrak bezalako gailu elektronikoak eskaintzen dizkiegu jaunartzea egiten dutenean. Ondorioz, arazoak gero eta arinago antzematen hasi dira. Hain gazteak izanda, haurrak ez daude emozionalki prest gailu hauek modu egoki batean erabiltzeko. Ez daukate gaitasuna beren garapen ebolutiboan ezta baliabide pertsonalik modu seguru eta orekatu batean gailu hori erabiltzeko, sare sozialetarako sarbide horrekin behintzat.

Noren ardura da hau guztia? J.M: Familiena, baina baita adituena ere. Horien arabera, telefono mugikorrak bezalako gailuek eragin batzuk dituzte. Izan ere, arazo larri honi ‘pandemia’ deitzen diote.

Gai hau lantzeko ZEOS programa antolatu dute duela aste batzuk Galdakao eta Arrigorriaga udalerrietan. J.M. Telmo Lazkanok eta Maitane Ormazabalek gidatzen ari diren programa da. Antza, hainbat Udal gai honetan esku-hartzen eta informazioa zabaltzen hasi dira inguruko herrietan. Gure kasuan, ideia hau aurreko ikasturtetik geneukan buruan eta ZEOS programa Arrigorriagara zetorrela ikusita, bertara hurbildu ginen. Formakuntza oso potentea jaso genuen. Helburua sentsibilizatzea eta informazioa ematea da. Azken batean, helduoi ere informazio asko falta zaigu: zer dago sareen atzetik, enpresa horien interesak zeintzuk diren… Alderdi emozionalaren aldetik gertatzen ari diren fenomenoen nolakotasuna azaldu ziguten, familia zein haurrei agertzen zaizkien arazoak azaleraziz: azken batean, enpresa horien produktuak nerabe eta haurren behar naturalak (onartuak izatearena, kasu) asetzeko erabiltzen dituzte, dependentzia sortuz. Kontu hau adikzioen esparruan bezala tratatzen dute. Ikuspegi oso zabala erakutsi ziguten.

Honek guztiak ondorio benetan kaltegarriak ekar ditzake. J.M: Bai noski. Familiaren dinamikak aldatzen ditu maila oso hurbilean, gure harremanak egiteko moduak eraldatzen ditu, gailuen presentzia gure eguneroko bizitzan izugarri hasi da eta helduoi ere denbora pilo bat kentzen digute seme-alabei arreta zuzena ipini behar diegunean… Helduok ere auto-hausnarketa egin beharko genuke kontu honekin.

Eta kasu hauek Zaratamon ikusten ari dira ere? J.M: Ez dugu familiek egiten dutena epaitu nahi, hori argi dago. Baina egia da gero eta gehiagotan ikusten ditugula urtebete baino txikiagoak diren haurrak mugikorrarekin “lasaitzen” dituztenak. Behar bat betetzeko baliabide desegokia da. Gurasook atseden momentuak behar ditugu eta baita haurrak entretenituta egoteko momentuak ere, baina ez horrela: ez gara kontziente erabiltzen ari garen tresnaz. Begiak zabaldu behar ditugu, gauzak beste modu batean egin daitezkeelako: agian, autoan goazenean pantaila piztu beharrean paisaia begiratu dezakegu, abestu, jolastuz… Badira beste aukera batzuk.

Gailu elektroniko eta digital ugari erabiltzen ditugu etxean eta egunerokoan gaur egun. Eskolan, duela urte gutxi bideo aparatuak eta proiektoreak zeuden gehienez jota. Zein da Zaratamoko eskolaren gaur egungo egoera? Iñaki Urkiza: Berdintsu xamar jarraitzen dugu baina goitik datorren “konpetentzia digitalak garatzearen kontu hori” bertan dagoenez hori ere landu behar dugu. 5. edo 6. mailako ikasleek Chromebookak dituzte beren lanak egiteko. Gainera, matematika metodologia berri bat martxan ipini dugu eta horrek plataforma digitalera sartzea eskatzen die ikasleei. Lan egiteko modu hau eguneroko bizitzarekin bateratzea zaila dela badakigu. Konpetentzia digitala txikitatik lantzen dugu haurrekin eta baten batek gehiegikeria dela uste badu ere eskolan oso neurtuta dagoen kontua da: denbora jakin bat dute ikasleek klaseko lanak burutzeko. Hala ere, eskolan ez dugu salto teknologiko handirik egin, 5. eta 6. mailara, egia esateko: lehen bideo aparatuekin egiten zena arbel digitalaren bidez proiektatzen dugu, esaterako.

Eta zer dio eskolak mugikorren inguruan? I.U: Printzipioz ikasleek ezin dute telefonorik ekarri eskolara. Hori bai, eskola guztietan, digitalizazio etiko eta arduratsuan oinarrituriko ikaskuntza testuinguru egoki eta seguru bat lortzen sortzen laguntzeko, iazko ikasturtetik, ikaskuntza delegaziotik jasotako jarraibideei kasu egin behar genien. Orduan, hezkuntza zentro guztiek arautu behar izan dugu mugikorren eta erloju adimentsuen erabilera, eskola esparruan behintzat.

Hala ere, gurean, horrela onartuta, familiek (eta salbuespen modura) eska dezakete haur batek telefonoa eskolara eramatea. Eskolak eskaera hori aztertuko du eta zuzendaritzak arrazoizkoa dela uste badu, baimena emango diote. Gainera, uste dugu seme-alabek duten telefonoaren “kontrola” izatea garrantzitsua dela familien partetik, askotan arazoak sortzen direlako: adibide modura, batzuetan WhatsApp taldeak sortzen dira eta gauza asko esaten dira bertan. Ondorio modura, kalean sortzen diren arazo horiek eskolara datoz bueltan. Horrelakoak gertatu zaizkigu eta kasu horietan esku-hartzeak egin behar izan ditugu.

Zer dio Altxa Buruak eskoletan mugikorrak erabiltzearen kontuari? J.M: Mugimendutik eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bezala “babesteko” eskatzen diote Hezkuntza Sailari eta hori eskola guztiei aplikatzea, gaur egun eskola bakoitzak bere egoeraren arabera kudeatzen duen kontua delako.

Janire Martinez: “Jendea gero eta sentsibilizatuago dago. Badakite familiek eta eskolek elkarren artean egin beharreko bidea dela, osasun digitalerantz”

Eta zer dio gizarteak gai honen inguruan? J.M: Jendea gero eta sentsibilizatuago dago. Badakite familiek eta eskolek elkarren artean egin beharreko bidea dela, osasun digitalerantz. Umeen hezkuntzaren alde handiena etxean bertan dago, eta hau ez da gauza berria: “Nola eta zenbat erabiltzen dituzte nire gurasoek mugikorrak?”, “Non daude mugikorrak afaltzen ari garenean?”, “Arazo bat konpondu nahi dugunean laneko e-posta bat erantzuten ari naiz edo semeari begietara begira egiten dut?”… Osasun digital horren atzean oreka dago: pertsonok orekatuak izan behar gara gure burua zein besteena babesteko, harreman osasuntsuak garatzeko… bat-batean etorri zaigun digitalizazio prozesu honek gu ez kaltetzeko.

Iñaki etra Janire, uretako jolasgunean // Geuria

Digitalizazioak sortzen duen menpekotasun horri aurre egiteko eta oreka hori lortzeko alternatiba interesgarriak izan daitezken jarduerak antolatu dituzue Besopean guraso elkartetik, Janire. Nolakoak dira? J.M: ekaina eta irailean ‘Jolas Txokoa’ antolatzen dugu guraso elkartetik eta ez hori bakarrik: eskolaz kanpoko ekintzak… espazio horiek mugikorrik gabekoak dira eta harremanak sortzeko aukera apartak eskaintzen dituzte. Oinarrira itzultzea: jolasak, elkartzea, parkera irtetea…
I.U: Duela gutxi 5 eta 6. mailako ikasleek hiru eguneko egonaldia egin dute. Ziur nago egun horietan ez dutela faltan izan
telefonoa

J.M: Telefonoa hartzean denbora betetzen dugu. Sormenari eta urruntzen diren pentsamendu horiei trabak ipintzen dizkio mobilak, besteak beste, eta bizitzako arazoei aurre egiteko benetan garrantzitsuak dira pentsamendu dibergente horiek.

Deskonexio digitalerako balio duten aukera horiek egin ahal izateko finantziazioa behar duzue eskolan, baina. J.M: Zenbat eta urrekontu handiagoa izan, guraso elkarteak azken egonaldi hau bezalako proiektuak burutzeko aukera gehiago izango ditu. Gainera, familia errealitate guztien beharrizanei erantzun nahi diegu, Zaratamon errealitate zeharo ezberdinak daudelako.

I.U: Errealitate horiek goranzko joera izan dute azken urte hauetan. Egoera sozioekonomiko ezberdina duten familia mota berriak heldu dira herrira eta gurean orain arte ez zeuden arazoak sortzen hasi dira: gastuei aurre egiteko arazoak, alegia. Zaratamoko egoera geografikoari erreparatzen badiogu, esaterako, eskolatik kanpo ezer antolatuz gero garraioa behar dugu eta urtero ahalegin garrantzitsu bat egiten dugu enpresei aurrekontu bat eskatzeko. Merkeenera jota ere prezioak benetan garestiak dira.

J.M: Igerilekuaren kasuan, ikasleak ostiralero Arrigorriagako igerilekuetara joan ohi dira. Hilean hiru aldiz beraz. Hiru eguneko zerbitzu horrek 440 euroko kostua dauka. Jarduera horrek 1.500 euroko gastua dauka guretzat, gutxi gorabehera. Familia gutxi dago eskolan eta horregatik ordaindu beharreko kopurua handiagoa da familia bakoitzeko.
I.U: Bertsolaritza klaseak ere baditugu euskararen erabilerarako eta umeentzako onuragarria delako. Astean saio bat dugu, ikasturte osoan zehar. Kostua ia 3.000 eurokoa da.

Iñaki Urkiza: ” Itota ibili ohi gara gure jarduerak garatu ahal izateko”

Bestelako proiektuak dituzue Zaratamoko eskolan ere. I.U: Eskolan aipatzekoa da Gure Ametsetako Jolastokia proiektua. Bertan askotariko jarduketak egin ditugu: ortua, jolasteko espazioak, urmaela… Egia da era honetako proiektuek denbora behar dutela guztiz gauzatzeko. Haurrek ilusio handia dute proiektua martxan jartzen denean baina egia da gero, denborak aurrera egin ahala hasierako ilusio hori zapuzten dela ematen duela. Hala ere, azken ikasturteetan itxura aldaketa oso polita izan du Zaratamoko eskolak.

J.M: Gainera, Ikasle eta familientzako berdintasuneko eta tratu onetako prestakuntza bezalako jarduerak ditugu eskolan, eta horren haritik emakumeak eta zientzia uztartzen dituzten jarduera praktikoak prestatzen ari gara, baina ez hori bakarrik: ikasleentzako eta haien familientzako sexu-hezkuntzako prestakuntza eta eskolaz kanpoko jarduerak ere antolatzen ditugu. Horregatik proiektu horiek posible egiteko aurrekontua izatea oso garrantzitsua da guretzat.

Hala da. Eta nola egiten dio aurre Zaratamoko eskolak gastu horiei? I.U: Hiru hankak osatzen dute gure finantzazio-egitura gaur egun: delegaritza, Udaleko diru laguntza eta familien ekarpenak. Delegaritzako laguntza ahul dabil, Udalekoa mantendu egiten da eta familiena bere horretan dabil, azken urteetan ordaindu beharreko kuota igo ostean. Laburbilduz, itota ibili ohi gara gure jarduerak garatu ahal izateko.

Laugarren hanka baten bila ari zarete beraz. Nora joko duzue falta zaizuen laguntza hori eskuratzeko? J.M: Zaratamoko enpresengana jo gura dugu, herrian parke industrial interesgarria dagoelako eta herriaren parte direlako. Enpresekin harreman hori sortuko bagenu hartu-eman horrek eragin positiboa izango luke modu bitan: lehena, eskolari lagunduko lioketela eta bigarrena, behar bat izatekotan, enpresa horiek herrian daudela jakingo dugu eta horiengana joko genukela.

Nolako erantzuna espero duzue Zaratamoko enpresen partetik? J.M: Batzuk erantzuten hasi dira. Momentura arte eskainitako laguntza zerbitzuen bidezkoa da: esaterako: batzuek Gabonetako loteria saldu digute, beste batzuek ur botillas eskaini dizkigute eskolako jairako, neguko azokarako frutak saltzen ditugu eta ekarpen bat jaso dugu… momentura arte jasota erantzuna ez da txarra izan eta horixe bera behar dugu: inplikazioa eta gutxienez 10 enpresa gu diruz laguntzeko prest egotea. Guk bueltan publizitate emango diegu eta bere zerbitzuak kontuan izango ditugu.

☉ Zaratamo

Arkotxako segurtasuna bermatzeko helburuei helduko die Zaratamoko Udalak irailean

Udako oporretatik bueltan, Zaratamoko Udalak joan den ekainean planteatutako lan lerroak martxan jarriko ditu auzoko bizikidetza arazoei irtenbidea eman ahal izateko

|

Arkotxako nabeak // Geuria

Zaratamoko Arkotxa auzoan azken hilabetean izan diren bizikidetza arazoak direla eta, Udalak azaldu du uda baino lehen iragarritako lau lan lerroak martxan ipiniko dituela.

“Alde batetik, elkarlana berrartuko dugu Ertzaintzarekin”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak. “Udatik bueltan programa bat ipiniko dute martxan ekintza deliktiboak saihesteko. Programa hori beste herri batzuetan garatu dute, emaitza nahiko positiboekin”.

Bigarren lan lerroari dagokionez, Galdakaoko Gizarte Zerbitzuetako migrazio teknikariekin harremanetan jarri ziren Zaratamoko udal ordezkariak, eta hilabete honetan bi udalerrien arteko elkarlan bat abiaraziko zutela adostu zuten, kronograma baten jarraipenarekin, nabeetan bizi diren pertsonak integratzea xede.

Hirugarren lan lerroa hirigintzaren ingurukoa da, egoerari irtenbidea emateko: “Arkotxako nabe horien jabeei 2019tik lursailak mantentzeko eskaera egin zien Udalak. Enpresek ez dute jaramonik egin eta joan den uztailean salaketa ipini zuen Zaratamoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailetan”. Ingurumen sailak interbentzioa hasi du dagoeneko eta enpresari errekerimenduak egin dizkio: “Zaratamoko Udalak aurkeztutako txostenekin ingurumen delitu aukerak egon daitezke eta Ingurumen sailak esku hartzeko aukera izango luke”.

Pertsonak bizi diren nabeen inguruak, Arkotxan // Geuria

Sutea, abuztuan

Tartean, joan den abuztuaren 7an sute bat egon zen Arkotxako 4. zenbakian: “Bertan behera utzitako eta hustutako eraikin batean izan da sutea”, azaldu dute Bizkaia Suhiltzaileen ordezkariek joan den irailaren 2an Zaratamoko Udalera helaraziko txosten batean. “Barruan etxerik gabeko pertsonak bizi dira. Aurreko batean bertan izandakoak gara eta barrualdea oso egoera txarrean dago, benetan arriskutsuak diren azpiko maila baterako jauziekin. Benetan arriskutsua bertan diren pertsonentzat zein bertatik igaro daitekeen edonorentzat”. Txostenaren amaieran suhiltzaileek lursailen jabeek “dagozkion neurriak hartzea” eskatzen dute, balizko kalteak saihesteko.

Laugarren lan lerroa EAJk planteatu zuen. Helburua batzorde bat sortzea da, Arkotxako egoerari buruzko diagnostikoa eta irtenbideak planteatzeko. Batzordean alderdi politikoek zein udan zehar sortutako auzo elkarteak parte hartuko lukete.

Udako oporrak igarota, Zaratamoko Udaletik “urratsak ematen arin direla” azaldu dute. “Ez da gertaera berezirik gertatu datu objektiboei begira, baina auzoko segurtasun faltaren sentsazioa hor dago”. Segurtasun faltaren sentsazio horri buelta ematea zaila izango dela azpimarratu du Zaratamoko alkateak eta horretarako denbora beharko dela gehitu du: “Hartu ditugun ildo horietatik jarraituz gero lortuko dugu arazoa bideratzea”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak bertan parte-hartzeko deia egin die herritarrei

Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak

|

Zaldiak, Zaratamo eskolako inguruetan. Artxiboko irudia // Geuria

Ikasturtea hasteko oso gutxi falta da eta Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak gonbidapena luzatu die herritarrei bertan izena emateko.

“Aurten Besopean elkartean parte hartu nahi baduzu, zure laguntza gustura hartuko dugu. Guregana hurbildu zaitez!”, azaldu dute.

Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak. Joan den apirilean Iñaki Urkiza Zaratamo eskolako zuzendariarekin eta Besopean elkarteko Janire Martinezekin izan ginen, eskolak eta guraso eelkarteak antolatzen dituen ekintzen inguruan berba egiten. Hementxe irakurri dezakezu.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ikasturte berriko kirol jarduerak iragarri dituzte Zaratamon

Eskabideak egiteko epemuga irailaren 24a izango da eta jarduerak urriaren 4an hasiko dira

|

Yoga // Unsplash

Zaratamoko Udalak Moiordin, Arkotxa eta Elexalde auzoetan antolatu dituzten kirol jardueren eskaintzak iragarri berri ditu, ikasturte berriari begira.

Askotariko kirol ikastaroak abiaraziko dituzte aurten: Total Fitness, Pilates, Zumba, dantza latinoak, Yoga, entrenamendu funtzionala, eta aurten, berritasun modura: arte eszenikoak (zirkua).

Eskabideak egiteko epemuga irailaren 24a izango da. Aurrez aurre egiteko asmoa dutenek Arkotxa eta Elexalde auzoetako liburutegietara edo udal bulegoetara jo beharko dute. Online egiteko aukera ere luzatu dute esteka honen bidez.

Ikastaroak urriaren 4an hasiko dira. Edukiera mugatua izango da.

Pilatesa egiteko pilotak // Geuria

Ikastaroak, auzoka

Moiordinen
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 20:00-21:00, Txokoa
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 20:15-21:15, Txokoa

Arkotxan
Zumba | Asteazkenetan, 20:00-21:00, Kultur Etxea
Dantza latinoak | Ostiraletan, 18:00-19:00 (7-15 urte) eta 19:00-20:00 (16 urte+), Kultur Etxea
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 18:45-19:45, Kultur Etxea
Yoga | Astelehenetan, 20:15-20:45, Kultur Etxea
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 19:00-20:00, Kultur Etxea

Elexalden
Zumba | Asteazkenetan, 18:45-19:45, gimnasioa
Entrenamendu funtzionala | Astearte eta ostegunetan, 10:30-11:30 (60 urte+), gimnasioa
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 17:30-18:30, gimnasioa
Yoga | Astelehenetan, 18:30-20:00, gimnasioa
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 17:45-18:45, gimnasioa
Arte eszenikoak (zirkua) | Ostegunetan, 17:00-18:30, eskola zaharrak

Informazio gehiagorako deitu 946 710 052 telefono zenbakira.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Arkotxako medikuaren etxe zaharra eraitsiko du Zaratamoko Udalak hurrengo asteetan

Eraikina funtzio gabe gelditu zen kontsultak frontoi ondoko eraikinera lekualdatu zituztenean, 90. hamarkadan

|

Medikuaren etxea, gaur egun // Geuria

Erabilera faltagatik eta bertan behera utzita egoteagatik, Zaratamoko Udalak Arkotxa auzoan, Kultur Etxearen ondoan kokatutako medikuaren etxea eraitsiko du datozen egunetan.

Eraikina funtzio gabe gelditu zen kontsultak frontoi ondoko eraikinera lekualdatu zituztenean, 90. hamarkadan. Medikuaren etxea eraikitzeko proiektua 1959an sortu zuten eta eraikitzea 1961eko apirilaren 15eko udalbatzan onartu zuten. Obra 295.000 pesetetan adjudikatu zuten eta lanak 1962ko urtarrilaren 10ean hasi zituzten.

Etxeak hiru finantzazio iturri zituen: Espainiako estatuaren plan probintzialarena (150.000 peseta), Bizkaiko Diputazioarena (10.000 peseta) eta Zaratamoko Udalarena (50.000 peseta). Eraikina eraistearen zenbatekoa 22.990 eurokoa izango da: aurrekontua, proiektua eta obra zuzendaritzaren kostua 4.114 eurokoa da eta eraistea bera 18.876 eurokoa.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamo, esku pilotaren gotorleku Bizkaian: Elezkanoren eta Urrutikoetxearen ondoren, zer?

Zein da Zaratamoko esku pilotaren etorkizuna, eta zein bere orain arteko arrakastaren sekretua?

|

1974ko,1975ko eta 2006ko Interpueblos txapelketa irabazi du Zaratamoko Upo Mendi taldeak // Geuria

“Esku pilotan aritu ez diren haur gutxi daude Zaratamon”. Danel Elezkanoren hitzak dira, joan den azaroaren 28an GEURIAri emandako elkarrizketan, eta ondo baino hobeto islatzen dute euskal kirol honek herrian betidanik izan duen errotzea.

Euskal Herriko txoko askotan futbola jaun eta jabe izan den bitartean, Zaratamon larruzko pilotak hartu du betidanik baloiaren tokia: Elizako kanpaiekin batera, frontoi paretaren kontra emandako pilotakaden hots errepikakorra izan da Elexaldeko auzotarren soinu banda belaunaldiz belaunaldi.

Adolfo Agirre Upo Mendi pilota eskolako entrenatzaile historikoak hiru hitzekin definitu zuen Zaratamo GEURIAn: “eskola, plaza eta frontoia”. Hiru elementuen arteko lotura agerikoa da, bere garaian eskola Elexaldeko plazaren alde batean baitzegoen, eta frontoia, aldiz, bestean. Mikel Urrutikoetxea bera ere ildo beretik aritu zitzaigun 2023ko elkarrizketa batean: “Eskola ere frontoitik hurbil geneukan eta jolastokiko tartea frontoian ematen genuen. Hor jaio zen nire zaletasuna. Zaletasuna piztu zitzaidan eta gaur egun arte iraun du”.

Pilotaren Galiar herrixkaren tankera hartu duen herri txiki honen nortasuna ulertzeko nahikoa litzateke datu bakarra nabarmentzea: joan den mendeko 60. eta 70. hamarkadan Zaratamokoa Bizkaiko frontoi estali bakarrenetarikoa zen, eta inguruko herrietako jende dexente hurbiltzen zen bertan esku pilotan edo palan aritzera.

Estalia bai, baina ez itxia; ohikoa zen pilotak frontoitik ihes egitea, inguruko ortuetan bukatzeko. Aukera baliatuta, Zaratamoko haurrek eta nerabeek azti jokatzen ikasi zuten, pilotariekin tratua eginez: pilotak batzen zituzten eskupeko baten truke.

Gerora, frontoia itxi eta harmaila eraiki zuten. Eskupekoak bukatu ziren, baina harmaila horietatik ikusi dute zaratamarrek euren pilotarien ospea handitzen, Urrutikoetxea-Elezkano bikoteak Hego Uribeko txoko ederra pilotazale guztien ahotan jarri duen arte.

Oraina eta geroa

Elezkano eta Urrutikoetxea ezagunenak diren arren, ez dira Zaratamoko pilotari profesional bakarrak izan. Esku pilotan Urkiza, Elorz eta Luke nabarmendu ziren bere garaian, eta palan Barandiaran, Zarraga, Morgado edo Kurto, besteak beste.

Talde mailan ere, ibilbide oparoa egina du Upo Mendik: Interpueblos txapelketa entzutetsuan protagonista izan da Zaratamo, 1974,1975 eta 2006ko txapelak irabazita. Bitxikeria moduan, Txemi Elorzen izena nabarmendu behar da: 1974ko eta… 2006ko txapelak irabazi zituen taldeen partaide izan da!

Zaratamoren izena Daneli eta Mikeli lotuta joan da ezinbestean azken hamarkada honetan. Behin Danelek erretiroa hartuta duela, eta Mikel hartzear dela, zein da Zaratamoko esku pilotaren etorkizuna?

Adolfo Agirreren elkarrizketara bueltatuz, atzoko eta gaurko kirolaren arteko alderaketa argia egiten zuen Upo Mendiko eskolako kirol arduradun ohiak: “Gaur egun ume askok gogotsu hasten dituzte esku-pilota klaseak, baina adinean aurrera egin ahala egoera zailtzen da. Baina denborak aurrera egin ahala ikasketetan murgiltzen dira, eta esku-pilota bigarren maila batean uzten dute. Gainera, gaur egun ez dut antzina ikusten nuen motibazio bera ikusten gazte gehienengan eta frontoian “mantentzea” zailagoa da”. 

Mikel Urrutikoetxearen ikuspegia, aldiz, baikorragoa litzateke:  “Afizio izugarria dago herrian eta pilota eskolak sendo aurrera jarraitzen du. Mutil ugari daude bertan eta, dagoeneko neskak ere ari direla esango nuke. Asko pozten naiz. Pilotarekiko zaletasunak bizirik jarraituko du herrian”.

Modu batean edo bestean, badirudi etorkizunean ere Elexalde auzoaren soinu banda frontoi paretaren kontra emandako pilotakaden hots errepikakorra izango dela, eta esaldi errepikatuena, honako hau: “erromatar hauek erotuta daude”.

Osorik irakurri