Sareak

☉ Zaratamo

Gorka Bilbao: “Entrenatzaile pertsonala eta dietista izatea luxua da; batzuetan, beharrezkoa”

Bizimodu osasuntsua izateko gomendio batzuk eman ditu Gorka Bilbao larrabetzuarrak. Kirolean eta nutrizioan aditua, profesionalen lana goraipatzen du, herritarren ohitura txarrak aldatzen laguntzeko behar-beharrezkoak baitira.

|

wellness eta nutrizioan aditua da Gorka Bilbao // Geuria

[Geuria #080 alean argitaratutako elkarrizketa] Osasuntsu egotea eta ongizatea lortzea bizitzako ardatzik garrantzitsuenak dira. Baina zuzenak al dira hartu ditugun ohiturak? Bizi-kalitate hobea lortzeko, kirola, nutrizioa, atsedena, itxura eta adimen emozionala izan ditu hizpide Gorka Bilbaok (Larrabetzu, 1982). Zaratamon bizi da Gorka, eta wellness eta nutrizioan aditua da. Gorputz Hezkuntza, TAFAD eta Dietetika eta Nutrizioa ikasi ondoren, lanari ekiteko behar adina ezagutza eskuratu du. Gaur egun Arrigorriagako gimnasioko monitorea eta Etxebarriko esku pilota eskola berriko entrenatzailea da. Larrabetzuarrak pisu perfekturik ez dagoela aldarrikatzen du, zenbaki bat baino ez dela, eta norbere buruarekin ondo sentitzea dela egokiena. Besteengan arreta berezia jartzeari utzi eta zoriontsu egiten gaituen horretan zentratzeko beharra azpimarratu du. 

Esku pilotaren bitartez izan zenuen kirolarekin lehen kontaktua.
Aitari asko gustatzen zitzaiolako hasi nintzen esku pilotan jokatzen. Sei urterekin frontoira eramaten ninduen nola jokatzen zuten ikustera, eta egun batean, berak ezer esan gabe, probatu nahi nuela esan nion. Hortik aurrera, aita ere entrenatzaile gisa hasi zen, Larrabetzun laguntzaile baten bila zebiltzalako. Geroago, Larrabetzuko esku pilota kluba mantentzeko sendotasun ekonomikorik ez zegoenez, desegin zen eta Lezamara joan nintzen 18 urte bete arte. 21 urterekin Garfe enpresarekin debutatu nuen eta 28 urterekin erretiratzeko erabakia hartu nuen, nahiz eta asko gustatzen zitzaidan. Nire aita hil egin zen eta ez nion zentzurik ikusten jokatzen jarraitzeari. Harmailetara begiratu eta bera ez zegoen han. Hutsune horrek tristatu egin ninduen, eta gozatu beharrean sufritzen ari nintzen. Hala ere, gaur egun hari lotuta  jarraitzen dut, hainbat taldetako entrenatzailea izan bainaiz. Oso gustura egon nintzen bai Zaratamoko Upo Mendi pilota taldean, bai Arrigorriagako Arguia Pilota Eskolan, eta aurten Etxebarrin hasi naiz. Nik kudeatzen dut kluba eta oso proiektu polita hasi dugu esku pilotaren aldeko apustua eginez. Etxebarrin guztion artean kirol hau indartzeko modua bilatzen ari gara.

Zergatik aukeratu zenuen entrenatzaile pertsonala izatea?
Batxilergo teknologikoa egin nuen, baina niri beti gustatu izan zait kirola eta gauza asko erakutsi dizkit. Hortaz, gurasoekin hitz egin nuen eta horretara animatu ninduten. Aitaren hitzak ez ditut inoiz ahaztuko: “Benetan maite duzun zerbait egin behar duzu, zure bizitzaren zatirik handiena lanean igaroko duzulako”. Ikasketa askotatik abiatuta prestatu naiz, eta dagoeneko hamabost urte daramatzat Arrigorriagako gimnasioan monitore moduan lan egiten. Horretaz aparte, bezero espezifiko batzuen entrenatzaile pertsonala ere banaiz. Nire ustez, entrenamendu pertsonalizatua luxu eskuragarria eta beharrezkoa da. Begiratzen dugun lehenengo gauza poltsikoa da, eta ez da garestia. Bestalde, bakoitzaren osasuna da eta bizitza-luzera markatzen du, egunerokotasunari aurre egiteko behar den indarra ematen duelako. Bakoitzak egitura eta helburu erabat ezberdinak ditugu, eta hori da entrenamendu pertsonalak ematen dizun abantailarik handiena: % 100ean zugan zentratzen da.

Zertan jartzen duzu arreta entrenamendu-errutina bat diseinatzeko?
Lehenik eta behin, azterketa sakona egin behar da balorazio orokor bat egin ahal izateko. Nik, normalean, mota guztietako metodoak erabiltzen ditut pertsona bakoitzaren egoera zein den jakiteko. Entrenatzaileak zenbat eta gehiago jakin bezeroari buruz, orduan eta gehiago lagundu ahal izango dio. Horrela, ezaugarri guztien araberako entrenamendua prestatzen dut; hau da, altuera, pisua, adina, lana, ohiturak eta helburua, besteak beste, kontuan hartuta. Haien beharretara egokitutako dietak ere prestatzen ditut. Hartu-emanak sustatzen ahalegintzen naiz, bezeroa errutina berrira nola egokitzen den jakiteko. Feedback hori egotea oso faktore garrantzitsua da. Kanporantz zuzentzeaz gain, barrura ere begiratu behar da. Beti gomendatzen dut egunean gutxienez 30 minutu hartzea norbere buruari eskaintzeko, eta beste 10 minutu hausnartzeko. Kirol pixka bat egin eta atseden hartu ezin duen pertsona bat, estres askorekin bizi da eta bere bizitza birplanteatu beharko luke.

// Geuria

Egunero apur bat eginda, nahikoa.
Zerbait egitea, edozein kirol mota dela ere, beti da onuragarria. Zure buruarekin ondo sentitzen lagunduko dizu eta gorputzak gero eta gehiago eskatuko dizu, bizimodu bihurtu arte. Hori bai, egun bakar batean egiteak ez du ezertarako balio. Konstantzia mantendu behar da. Bestela, erraz zapuztuko zara eta bertan behera utziko duzu. Gauza da epe laburrean emaitzak ikusi nahi ditugula, eta hori ezinezkoa da. Kirol-jarduera ez da estetikara bideratu behar, osasunera baizik. Horrela hartzen baduzu, aldaketak bakarrik iritsiko dira.

Ohiturak aldatzeak ahalegina eskatzen du. Zaila da bezeroak konbentzitzea?
Hor dago gakoa! Benetako profesional batek aldaketak pixkanaka nola bultzatu jakin behar du, gorputza ohitzen joan dadin. Horregatik diot etengabeko komunikazioa oso garrantzitsua dela, ea eroso sentitzen diren jakiteko eta, bestela, entrenamenduak edo dietak gustuen arabera moldatzeko. Utz ez dezaten lortu behar da, egunero bere burua gaindituz eta motibazioa galdu ez dezaten saiatuz. Edozein gizarte- eta kirol-esparrutan bezala, borondatea edo nahia ezinbestekoa da amore ez emateko.

Zeintzuk dira kirola egiteko dauden ereduak?
Nik hiru diziplina bereiziko nituzke: gimnasioa, crossfita eta kalistenia. Gimnasioaren alde ona da monitore bat duzula, gidatzen eta zuzentzen zaituena, eta hori funtsezkoa da. Gauza bat da osasunagatik kirola egitea, eta beste bat osasuna kirolagatik izorratzea. Crossfitean entrenatzailea ere badago. Antzinako entrenamendu militarraren antzekoa da, intentsitate handikoa, eta teknika oso garrantzitsua da. Bestalde, kalisteniarekin zure gorputzaren pisuarekin lan egiten duzu eta nahiko funtzionala da. 

Teknologia berriekin eta pandemiaren eraginarekin kirola irakasteko modu berriak ere sortu dira, YouTube edo aplikazio desberdinen bidez, esaterako. Online entrenamenduaren eta aurrez aurrekoaren arteko alderik handiena monitorearen funtzioa da. Onlinean ez dago feedback hori. Gainera, sareetara igotzen diren entrenamenduak pertsona jakin batzuek egiten dituztenak dira, eta ez dira egokiak mundu guztiarentzat. Pertsona bakoitza desberdina da eta ezin da beste batzuek egiten dutena imitatu. Duela hilabete batzuk YouTuben hasi nintzen ni ere, baina wellness-aren (ongizatearen) ikuspegitik ekarpenak egiteko. Interesgarriak iruditu zitzaizkidan bideo batzuk egin nituen, baina denbora faltagatik ezin izan ditut gehiago igo. Hala ere, berriz ekiteko asmoa dut. Instagram bidez hausnarketa batzuk egiten saiatzen naiz.

Jarduera fisikoaz gain, elikadura egokia eramatea ezinbestekoa da osasuntsu egoteko.
Afarian egiten dira akatsik ohikoenak. Eguneko azken otordua da, gorputza nekatuago dago eta horrek gauzak hain ondo ez egitera bultzatzen gaitu. Dieta arina egitea eta aurreko lau otorduak ondo kudeatzea da gakoa, egunean bost egin behar baitira. Noizean behin apeta batzuk onar daitezke, baina ohiturarik sortu gabe. Nire aitak esaten zuen bezala: “Dena bere neurrian”. Dieta bat hasi nahi bada, ezinbestekoa da dietista edo nutrizionista batengana jotzea. Dena dakigula uste dugu, baina mito asko faltsuak dira. Profesional batek elikadura hobetzeko beharrezko jarraibideak emango dizkizu: zer, noiz eta zenbat jan. Baina ezin dira gantzak, proteinak, karbohidratoak, gatzak, bitaminak eta mineralak falta gorputzak behar bezala funtziona dezan; hori guztia, jakina, pertsona bakoitzaren ezaugarriekin bat etorriz.

Nola aldatu da elikadura azken urteotan?
Gero eta janari prozesatu gehiago erosten da, erosoagoa delako. Baina ez da egokiena. Ezin duzu alderatu arraina arrandegi batean edo haragia harategi batean erostea supermerkatu batean dauden elikagai ontziratuekin. Bakoitzaren ekonomiak eta denborak ere asko baldintzatzen dute. Nik ulertzen dut ikasle askok supermerkatuetan erostea, baina bertan benetako elikagaiak aurki ditzakete, eta ez hain garestiak. Orain da gorputza zaintzeko garaia, bestela epe luzera faktura pasako du. Dena da negozioa. Esnea, adibidez, azukredun ura da. Benetako pozoia. Eta zenbat esne edaten da? Ba al dago herrialde hau hornitzeko adina ganadu? Nik ezetz uste dut. Diru eta denbora gehiago osasunean inbertitzea izango litzateke nire gomendioa, bakoitzaren bizitza-luzera markatuko duelako. Gaur egun batek bere burua zaintzen ez badu nahi ez duelako da, baliabide asko ditugulako denon eskura.

Nutrizio-gehigarriak pilula magikoak balira bezala hartzea modan dagoela dirudi.
Gehigarriak erabiltzen jakin behar da, tresna bat gehiago baitira. Zer hartu, zergatik eta zenbat. Galdera horiek funtsezkoak dira, eta espezialistek baino ezin dituzte erantzun. Gainera, ez dira beharrezkoak gabezia jakinik ez baduzu. Hobe da entrenatzaile pertsonal batean eta dietista batean inbertitzea nutrizio-gehigarrietan baino, behar horiek benetako janariaren bidez aseko dizkizutelako. Mundu guztiak hartu beharko lituzkeenak C bitaminazko kapsula bat, polibitaminiko bat eta omega-3 perla bat izango lirateke, gure gorputzak ez baititu hainbeste ekoizten. A-tik Z-ra bitaminak daude, eta elikadura oso ona eramanda ere, inoiz ez dituzu letra guztiak izango.

Atseden hartzea nutrizioa eta entrenamendua bezain garrantzitsua al da?
Jakina, hirurak eskutik doaz. Gure gorputza bizikleta baten antzekoa da: katearen maila bat hausten bada (kasu honetan, entrenamendua, dieta edo atsedena), ezin izango duzu bizikletan ibili. Jendeak ez du atsedenik hartzen, eta gelditzen ere jakin behar da. Gelditzea lagun batekin kafea hartzera joatea izan daiteke, mendira joatea… Bakoitzak une horretan egoki ikusten duena. Gauzak beste modu batera ikusiko dituzu eta egunari indartsuago aurre egingo diozu. Sei eta zortzi ordu bitartean lo egitea ere oso garrantzitsua da. Gaur egungo gizartean zaila dirudi daramagun bizitza erritmoagatik, baina denbora ondo kudeatu behar da. Lan espirituala egin behar da; hau da, ikusarazi eta fokalizatu. Horrela, egunean zehar lasaitasun handiagoa izango duzu, arazoei modu desberdinean aurre egingo diezu eta oraina biziko duzu. Etorkizunean pentsatzen baduzu, presioan, eta iraganean pentsatzen baduzu, aldiz, depresioa. Horrek blokeatu egiten zaitu eta ez dizu zoriontsu izaten uzten. Hemen eta orain bizi, hori da sekretua.

// Geuria

Irudiari garrantzi handiegia ematen zaiola uste duzu?
Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio. Lehen ez ginen fisikoaz hainbeste arduratzen, baina orain estimulu gehiago jasotzen ditugu. Ez dut gauza negatibo gisa ikusten. Denok atsegin dugu gure burua ondo ikustea, baina obsesiora heldu gabe. Duela urte batzuk modaren mundua gauza puntual bat bezala igaro zen nire bizitzatik. Esku-pilota profesionalean debutatu nuenean, gizon batek argazkiak egin zizkigun. Modelo lanerako balio nuela esan zidan eta Mr. Bizkaia lehiaketarekin harremanetan jarri ninduen. Azkenean, probatzeagatik izena eman nuen. Bigarren postuan geratu nintzen 2006. urtean. Handik aurrera, Mr. Euskadi lehiaketan parte hartu nuen eta hurrengo urtean Mr. Kantabria titulua lortu nuen. Mr. Espainia ekitaldira joateko kontratua bidali zidaten, baina une horretan erretiratzea erabaki zuen. Txapelketa horietako baloreak ez zetozen bat nire izaerarekin. Gainera, kirolaren munduan hain sartuta nengoenez, nahiago nuen horretan zentratu. Ongizatea lortzeak irudiaren gainetik egon behar du.

Jende asko kirola egiten hasten da bere burua ondo ikusteko. Epe laburrean ez dute aldaketa fisikorik ikusten eta orduan zapuztu egiten dira. Frustrazioaren bidez obsesioa edo abandonua iristen dira, eta hori ez da batere ona. Segurtasun gabezien eta depresioen zurrunbilo batean sartzen zara. Zeure buruarekin ondo sentitzen ez bazara, ez duzu zure burua inoiz ondo ikusiko. Garen bezalakoak onartu beharko ginateke. Autoestimu falta handia dago, eta horretan sare sozialek eragin handia dute. Hala ere, euskaldun gehienok osasunagatik kirola egiteko kontzientziatuta gaudela uste dut. Ez gara perfektu egotearekin obsesionatu behar, bestela ez gara inoiz zoriontsuak izango. Bizitza oso laburra da eta sarri euria egiten du. Gainera, zer da perfektu egotea? Nik uste dut perfekzioa ez dela existitzen. Bizitza oso aspergarria izango litzateke. 

Egiten duzunarekin gozatzea funtsezkoa da ez zapuzteko. Egoera honen aurrean autokritika egin beharko genuke, eta bakoitzaren mugak zeintzuk diren jakin. Azken finean, errealistak izan beharko ginateke. Ezin diegu besteei hainbeste begiratu, genetika ezberdinak ditugulako.

Adimen osasuntsua gorputz osasuntsua da, eta krisiak ez du laguntzen.
Osasun mentala fisikoa baino garrantzitsuagoa da, gorputzari seinaleak ematen dizkiolako. Oso lotuta daude. Horregatik mezu positiboak eman behar dizkiogu geure buruari. Barrutik ondo ez bazaude, ez zara inoiz kanpotik ondo egongo.  Kirola adimen emozionala ikasteko bitarteko bat da, zeure burua ezagutzen laguntzen dizulako. Emozioak ulertzen eta kudeatzen, motibatuta egoten, besteekin enpatia izaten eta porrotei aurre egiten ere laguntzen dizu. Baina norbere buruarengan konfiantza izatea funtsezkoa da. Helburu errealak finkatu behar ditugu. Ezin dugu helburutzat jarri Kim Kardashianen edo David Beckhamen antzera egotea, adibidez. Gaitasun horiek eskuratzen dituzten atletek beren kirol-errendimendua ere hobetuko dute. Ongizatea lortzeko osasun fisikoari, mentalari eta emozionalari erreparatu behar zaio. Oso garrantzitsua da pazientzia izatea, eta pandemiak motibazio falta handia ekarri du. Barneko lan handia egin behar dugula uste dut, eta, lehen esan dugun bezala, gelditzen jakin.

☉ Zaratamo

Tailer praktikoak, bideo-foruma eta gastronomia saioak antolatu dituzte Zaratamoko Elexalde eta Arkotxan

Jarduera guztiak doakoak izango dira eta bertan parte-hartzeko izena eman behar dela iragarri dute Zaratamoko Udaletik

|

Eskainiko dituzten jardueren artean aurretiazko borondateen dokumentuaren inguruko tailerra dago // Sollange Brenis, Unsplash

Zaratamoko Berdintasun Batzordeak hainbat jarduera prestatu ditu urteko azkenaurreko hilabeteari begira.

Lehen hitzordua azaroaren 12an eta 19an antolatu dute: testamentu bitalaren inguruko tailerra. Bizi-testamentua (edo aurretiazko borondateen dokumentua) formula juridiko bat da, eta testamentuaren titularrari aukera ematen dio bere tratamendu medikoei buruzko jarraibideak adierazteko eta helarazteko.

Dokumentu hori eskumena duen osasun-sailean erregistratzen da, eta pertsonak Osasun Publikoan duen historial klinikoan jasotzen da. Horrela, medikuek beren borondateak ezagutu eta bete ahal izatea errazten da. Hilaren 12an Elexaldeko kultur etxean egingo dute eta 19an Arkotxan. Saioak Zaratamoko erizainak eskainiko ditu.

Azaroaren 21ean ‘Ciudad Delirio’ zintaren inguruko bideoforuma antolatu dute Elexaldeko Kultur etxean Wayra elkartearekin: Javier, mediku espainiar lotsati eta erreserbatua, Calin Medikuntzako kongresu batera joango da eta Angie ezagutuko du, dantzari eta koreografoa, munduko saltsa ikuskizun ospetsuenaren parte izatea amesten duena: Delirio. Proiekzioa 18:00etan egingo dute eta jarraian solasaldia.

Hurrengo egunean, azaroaren 22an, gastronomia tailerra egingo dute Elexaldeko txokoan, 10:30etik 14:00ak bitartean. Izena ematea beharrezkoa izango da. Tailer hau ez da bakarra izango; udal ordezkariek azaldu dute Wayra elkarteak beste bi antolatuko dituela 2026ko urtarrilean eta otsailean.

Jarduera horiez gainera, Smartphonea eta tabletak behar bezala erabiltzeko tailer bikoitzak antolatu dituzte Arkotxa eta Elexalde auzoetan. Arkotxakoa azaroaren 19an eta 27an egingo dute eta Elexaldekoa, 10ean eta 18an. Saioak 12:00etatik 14:00ak bitartean antolatu dituzte auzo bakoitzeko KZ Gunean. Parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ipuin kontalaria, eskulanak eta gynkana antolatu dituzte Zaratamoko Gau Beltzan

Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte hilaren 31n, 18:00etatik gaualdera bitartean, Elexaldeko plazan

|

Sorgin bat, Arrigorriagako Gau Beltzan // Geuria

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak, Udalarekin batera, jardueraz betetako Gau Beltza prestatu du urriaren 31ko arrastian, etxeko txikientzat.

Ipuin kontalariak, eskulanak, gynkana herrian zehar eta diskofesta antolatu dituzte 18:00etatik gaualdera bitartean. Gainera, bokatak salduko dituzte Elexaldeko plazan.

Egitaraua | Zaratamoko Gau Beltza 2025

Urriak 31, barikua

18:00 Ipuin kontalaria eta eskulanak, Elexaldeko plaza
19:00 Gynkana herrian zehar
20:00 Diskofesta, Elexaldeko plaza

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Mila Koloredun Jaiak artez eta kolorez beteko ditu Zaratamoko eskolako hormak

Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute

|

Goiz eta arratsalderako egitaraua prestatu dute Mila Koloredun jaian // Geuria

Mila Koloredun Jaia ospatuko dute larunbat honetan, urriaren 25an, Zaratamoko eskolan. Zehatzago esateko, eskolako hormetan, helburua espazio horiek “bizitzaz eta kolorez betetzea” baita.

Horretarako, Euskal Herriko eta Kataluniako artistak elkartuko dira Zaratamon, eta “graffiti jam” batean parte hartuko dute.

Ez da hori, ordea, egunean zehar antolatu duten jarduera bakarra, egitaratu oparoa prestatu baitute: graffiti eta serigrafia tailerrak, DJ saioak, sormen gune ezberdinak eta horma-irudi parte hartzailea.

Hori horrela, Zaratamo “kolorez” jantziko dutela ziurtatu dute antolatzaileek, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Loraldiaren marea gora Zaratamoraino helduko da

Bai Ruperrek eta bai Itoiz taldeak lotura daukate Zaratamorekin, lehenak aspaldikoa eta bigarrenak egungoa ere

|

Loraldia Plazaren aurkezpena // Geuria

Loraldia Plaza Kultur Jaialdiaren laugarren edizioa antolatu dute Arrigorriagan eta Zaratamon urriaren 17tik 26ra. Sei egunetan zazpi jarduera ezberdin prestatu dituzte eskualdeko udalerri bietan, ‘Marea Gora’ lelopean.

Horien artean, esanguratsuenak dira ‘Itoiz, Udako sesioak’ dokumentalaren proiekzioa Elexaldeko Kultur Etxean, urriaren 17an, eta Ruper Ordorikaren kontzertua hurrengo egunean, Arkotxako elizan.

Bitxia bada ere, bai bakarlari oñatiar handiak eta bai 80.hamarkadan euskal musika irauli zuen taldeak badute lotura Hego Uriberekin. Eta baita Zaratamorekin ere, irakurleari harrigarria suerta dakiokeen arren . Lotura hori nondik datorren? Lau hamarkada atzerago jo behar dugu, Basauriko Pozokoetxe auzora.

Basaurin hautsi zen anphora

2015ean GEURIAri emandako elkarrizketa batean Ruper Ordorikak Basaurirekin zeukan loturaren nondik norakoak azaldu zituen: “Unibertsita­tean nenbilenean Bilbon, Pozokoe­txeko auzoan bizi izan nintzen bi urtez”. Bizi bakarrik ez, orduko gizartearen eta herriaren egunerokotasunean murgildu zen Ordorika: “Pozokoetxen antolatu ziren euskara eskola batzuk ematen aritu nintzen unibertsitate­ko ikasketak egiten ni­tuen bitartean. Lagun batekin batera irakas­ten nuen euskara gure kabuz, inolako erakun­deren parte izan gabe”.

Orduko Basauri uger eta kedarrez beteaz galdetuta, zera erantzuten du oñatiarrak: “Oso giro gatazkatsua bizi genuen: langile mugimendu oso indar­tsua zegoen Basaurin eta jende askok lotzen zituen askatasun gogo horiek euskal munduarekin. Gaur egun hori asko aldatu da”.

Sormenerako tartea ere izan zuen Ruperrek, garai hartakoa baita ‘Hautsi da Anphora’ diskoa: “80. hamarkadaren inguruan Ber­nardo Atxaga Bilbora bizitzera eto­rri zen. Orduan guztiz ezezaguna zen, baina nik ezagutu nituen bere poema batzuk eta pare bat musika­tu nituen. Pott Bandaren hasieretan (1980) harremanetan jarri ginen eta bertan esan nion bere poema batzuei musika jarri niela. Ez niz­kion erakusten, baina egun batean Basaurin azaldu zen Atxaga eta Pozokoe­txeko nire etxean, sukaldean, abestu nizkion. Diskoa bera Galdakaon grabatu nuen”.

Basauri eta Galdakao aipatu ditugu, baina ez Zaratamo. Hiru herriak lotzen dituen haria zein den ezagutzeko orain aldira salto egin behar dugu, aurtengo Loraldiaren aurkezpen prentsaurrekora, hain zuzen ere.

Alberto Ugarrizak, Zaratamoko alkateak, zera zioen: “Ruper Ordorikak ere harreman estua izan du Zaratamorekin: Oñatitik Basaurira etorri zenean, Basaurin, Alfontso Berazaren etxean hartu zuen ostatu eta harreman berezia izan zuen berarekin. Izan ere, Alfontsoren bikotea, orain bere alarguna, Carmen Uriarte, Zaratamokoa da. Duela lau urte Ruper herrira etorri zenean, oroitzapen oso bereziak izan zituen Zaratamon egindako kontzertu hartan”.

‘Alkolea’, Txabiri tabernan

Itoizi dagokionez, Zaratamo taldearen iraganean eta taldekideetariko baten orainean ageri da. Jo dezagun berriro Ugarrizak esandakora: ‘Alkolea’ hirugarren diskoaren grabaketa saioak amaitzen zituztenean, Zaratamoko Txabiri tabernara joan ohi ziren. Bertan mokadutxua egin eta tragoren bat hartzen genuen elkarrekin. Garai hartako oroitzapen onak dituzte”.

1982.urtean argitatu zuen “Alkolea” diska Itoizek, orain dela 43 urte, eta bertan “Marylin:sagardotegia eta jazzmana” bezalako abesti ezagunak aurki ditzazkegu. Baina zer zerikusi du arrosa eta krabelindun Marilynek egungo Zaratamorekin? Erantzuna aurkitzeko GEURIAra jo dugu berriro, 2022ko elkarrizketa batera.

Orduko hartan, Bostak eta Laurden taldeko kide Jose Garatek Hego Uribeko komunikabidearen galderei erantzun zien, beste taldekideekin batera. Zaratamon egiten du hitz ordua taldeak, astelehenero, eta 17:15etan, noski. Jose Garate, dena esate aldera, Itoiz taldeko kidea izan zen, ‘Foisis’ ezizenez ezagunagoa.

Urriaren 17an hurbilduko da Garate Juan Carlos Perezekin batera, eta dokumentalaren ostean solasaldia egingo dute. Jorratuko dituzten gaien artean, ziur hizpide hartuko dutela musika egitearen atzean dagoen barne bulkada edo pasioa. Garatek berak zera zioen 2022ko elkarrizketa hartan: “Musika jendeak entzuteko egiten da beti. Musika inoiz ez da egin izan lokal batean egoteko, hortik ateratzeko baizik”.

Ruperrek anphora hautsia atera zuen lokaletik, Itoizek alkolea, eta bi disko horien sorkuntzan, modu xume batean bada ere, presente egon ziren Hego Uribeko herriak.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Elexalde auzoan kutxazain bat jartzeko aukera aztertuko dute Berosi proiektuaren bidez

1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko

|

Kutxazain bat // Eduardo Soares, Unsplash

Gaur egun, Bizkaiko hainbat udalerritan ez dago kutxazain automatikorik eta Eusko Jaurlaritzak irtenbidea eman nahi dio arazo honi Berosi izeneko proiektuaren bidez.

Berosi 2030erako Landa Garapenerako Estrategiaren barruan kokatu beharreko proiektua da. 1,15 milioi euroko aurrekontua du Berosik 300 eta 500 biztanle arteko udalerrietan kutxazainak ipini, mantendu eta kudeatzeko, betiere hurbilen dagoen kutxazaina zortzi kilometro baino gehiagora badago.

Ereño, Gizaburuaga, Mendata edo Ea bezalako udalerri txikiek ez dute kutxazain automatikorik eta bertako herrtitarrek inguruetako herrietara jo behar dute. Hego Uribe eskualdean, eskualde osatzen duten zazpi udalerrietan kutxazainak dago, baina Zaratamoko Elexalde auzoan ez, ordea.

“Udalerria elkarren artean distantzia oso handiak dituzten auzoen artean banatuta dago”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”. Arkotxa auzoan kutxazain bat dago gaur egun eta Elexalderi dagokionez, bertan jarri beharko dela aurreratu du Ugarrizak “Eusko Jaurlaritzaren lizitazioan inor aurkezten bada eta entitate horrek Elexalden ipini nahi izatekotan”.

Alberto Ugarriza: “Elexaldeko herrigunearen inguruan bizi garenok Arrigorriagaraino edo Basauriraino joan behar dugu kutxazain automatikoa erabiltzeko”

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren arabera, Berosi proiektuaren arabera Euskadiko 22.000 pertsona baino gehiagok bazterkeria finantziarioa pairatzeari utziko diote. Ekimenaren arabera honako hauek dira, Zaratamoz gainera, bertan parte hartzeko ezaugarriak betetzen dituzten udalerriak: Ajangiz, Amoroto, Arantzazu, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Ea, Elantxobe, Errigoiti, Forua, Fruiz, Garai, Gatika, Kortezubi, Mendata, Mendexa, Meñaka, Murueta, Muxika eta Ziortza-Bolibar.

Osorik irakurri