Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Zeberio

Txema Añibarro: «Polita izango litzateke Zeberion neska-mutilen futbol taldea osatzea»

Txikitan herrian futbolean hasi zenetik, ibilbide profesional luzea egin du Txema Añibarro zeberioztarrak.
SD Eibarrekin Lehen Mailan jokatzeaz gain, azken urteotan Athletic-eko gazteen entrenatzaile ibili da.

|

Bizkaiko herriak turismoa egiten baino futbolarekin ezagutu dituela dio Txema Añibarro (Zeberio, 1979) futbolari eta entrenatzaile izandakoak. Nork esango zion Zeberion baloiari ostikoka ibiltzen zen umeari, 20 urtetik gorako ibilbidearen ondoren, Espainiako Lehen Mailan jokatzera helduko zela SD Eibarrekin. Añibarrok 2015eko udan utzi zion jokatzeari, baina, halere, futbolari lotuta jarraitu du orain arte, Athleticeko kategoria txikietan entrenatzaile ibili ondoren. Herrian emandako lehen pausoez, egun futbola ulertzeko dagoen moduaz eta etorkizunerako dituen asmoez hitz egin dugu zeberioztarrarekin.

Zure ibilbidean hainbat futbol taldetatik pasatu zara (Padura, Gernika, Sestao, Eibar). Baina, zelaietatik kanpo, noiz hartu zenuen baloia lehen aldiz?
Herrian txikitatik ibiltzen nintzen baloiarekin. Zeberion futbito taldea egoten zen, eta herriko jendeak jokatzen zuen bertan: polita zen herri mailan horrelako talde bat izatea. Oroitzen naiz frontoian ibiltzen nintzela pilotarekin, eta lagunekin ere bai, eskolan. Futbol taldekoek aste barruan entrenatzen zutenean ere, gazteok haiekin jolasten genuen. Egia esan, txikitatik, futbola baino baloia izan dut buruan, eta hanketan. Denbora guztian.

Familian ez duzu futbolera dedikatu den inor izan?
Anaiak ere gaztetan Zeberion jokatzen zuen futbolera, baina beraz gain, inor ez. Azkenean, egin dudan ibilbidea inork bultzatu edo behartu gabe egin dut. Gustatu egiten zitzaidan, eta nire bidea bilatu nuen. 12 edo 13 urterekin joan nintzen Padurara, Arrigorriagara: Zeberiotik amak eraman behar izaten ninduen astean hirutan edo. Gero, ibilbidea luzea izan da Bizkaiko taldeetan. Baina dena egin dut inork bultzatu gabe. Familian ez dut inor izan aurretik futbolean ibili denik, eta azkenean, presio barik ibili naiz, disfrutatzeko. Agian, egungo gazteek beste modu batean bizi dituzte gauzak orain: lehen gehiago zen futbolaz gozatzea; gaur egun, atzetik dagoen presioa ikusten da.

Futbolarekiko lehen zegoen zaletasuna dago Zeberion gaur egun?
Zaletasuna izugarria da. Athleticen jarraitzaileak asko dira hemen, eta futbolaz ere asko hitz egiten da. Pena da herri mailan ez izatea bere garaian egon zen futbito talderik, baina gizarte moduan ere moldatu egin behar gara: jendeak kirola uzten du, askok ez dute bide horretatik jarraitzen.

Herri txiki batean, gainera, zailtasun gehiago daude taldeak sortzeko.
Bai, askotan esaten da. Ni txikia nintzenean, futbol zelai bat egoten zen Ermitabarrin, eta erreka inguruan aldagelak eta dena zeuden. Bertan jokatzen genuen, goikoak behekoen kontra. Baina, orain zaila da horrelako zerbait egitea eta herriko talde bat sortzea. Jendeak beste herrietatik etorri beharko luke ona jokatzera, eta alderantziz egiten dugu: ondoko herrietara joaten gara beti, Igorrera, Ugaora edo Arrigorriagara. Polita izango litzateke zelaitxo bat egotea eta Zeberion neska-mutilen futbol taldea osatzea. Egia esan, zaila ikusten dut, baina ilusioa eduki behar da. Batek daki, hemendik urte batzuetara, agian, zelai bat egingo dute herrian.

Zeberiotik kanpo, bai, baina Euskal Herritik kanpoko taldeetan ez zara ibili. Inoiz pentsatu duzu atzerrira joatea?
Aukerak sortu zaizkit, baina beti geratu izan zait zintzilik. Gero, futboleko ibilbidea bukatzerakoan, pentsatzen hasten zara ondo egongo litzatekeela atzerrian esperientzia hori bizitzea. Baina, askotan, kanpora begiratzen dugu gauza onen bila, eta ez gara konturatzen etxean ere ondo gaudela. Ni gustura egon naiz egon naizen talde guztietan. Eibarrera joan baino lehen, Bizkaia mailan mugitu naiz, eta oso esperientzia ona izan da: jende asko ezagutu dut, jende ona, eta pertsona moduan ere asko eman dit hainbeste urtetako ibilbideak.

Euskal Herriko futbola eta zaleak desberdinak al dira atzerriarekin alderatuta?
Bereziak, azkenean, bagara. Desberdinak. Kalitate handiko taldeak ditugu, Espainiako Lehenengo Mailan jokatzen dutenak, eta nazioartean euskaldunak “talde gogor” moduan ikusten dituzte; zaleak “familia” bezala. Baina uste dut hori ere asko aldatu dela azkenaldian, bereziki, zaleei dagokionez. Gaur egun, gero eta zorrotzagoak gara taldeekin: guztiaz kexu gara eta ez gaude inoiz konforme. Asko aldatu gara. Desberdinak? Bai, baina lehen baino gutxiago. Garai batean gehiago animatzen zen, eta gauzak zailtzen zirenean, ez ginen hain pesimistak. Etxeko taldeak gutxiago errespetatzen ditugu kanpokoak baino, etxekoekin pazientzia gutxiago izaten dugulako, normalean, eta aldaketak eskatzen ditugu etengabe. Adibidez, hogeitik gora jokalari, ez, baina entrenatzailea aldatzea, pertsona bakarra, oso erraza izan ohi da.

Zu bi aldeetan aritu zara: jokalari gisa, baina baita entrenatzaile bezala ere. Zein aldaketa dago bata eta bestearen artean? Zein ikuspuntu eman dizu bakoitzak?
Guztiz desberdina da. Jokalari moduan, azkenean, norberak bere buruan pentsatzen du. Talde moduan ere bai, baina beti dago egoista puntu bat. Entrenatzailea zarenean, berriz, hogei jokalari baino gehiagorengan pentsatu behar duzu, gauzak modu globalean ikusi: kide bakoitzak zer daukan hobetzeko, zein trebetasun dituen, eta talde bezala hori nola aprobetxatu daitekeen. Jokalarien kasuan, egoismoak norbera ondo ikustera eramaten du, gauzak norberarentzat bakarrik ondo egin nahi izatera, eta horrela, batak besteen gainetik jarri nahi duenean, taldeko giroa ez da potentziatzen. Jokalari batek jokatzen ez duenean, adibidez, aurpegi txarrak ikusten dituzu entrenatzaile moduan, eta jende horri azaldu egin behar izaten diozu hori ez dela bidea. Guztien gainean egon behar duzu, baina baita denei aukera berdinak eman ere.

Atheticeko haurren taldea, kadeteena, eta azken denboraldian, gazteen B taldea zuzendu dituzu. Entrenatzaile moduan jarraitu nahiko zenuke?
2015eko udan futbola utzi nuenetik egon naiz Lezaman, 7 urtez. Txikiekin hasi nintzen, eta hortik egin nuen ibilbidea entrenatzaile moduan. Gustatzen zaidana egiten ibili naiz orain arte, eta ez dut jarraitzea baztertzen. Gauzak asko aldatzen dira egun batetik bestera, eta hemendik hilabetera edo urte erdira proiektu on bat ikusten badut eta joateko aukera badaukat, prest nengoke. Halere, inoiz ezin da pentsatu “entrenatzaile izan nahi dut”, eta helburu hori jarri. Futbolean, gutxienez, zaila da, jende on asko baitago. Dena den, ilusioa eta esperantza badauzkat. Futbolean hasi nintzenean ere ez nuen pentsatzen halako ibilbidea egingo nuenik! Bizitzan, etorri behar dana, etorriko da.

Jokalari moduan 35 urterekin egin zenuen debuta Lehen Mailan, SD Eibarrekin. Beranduegi izan al zen?
Denoi gustatuko litzaiguke debuta Lehen Mailan egitea, eta 20 urterekin izatea. Baina inoiz ez nuen pentsatuko gertatuko zenik. Egia esan, bere momentuan ez duzu behar bezala baloratzen. Gauza onak azkar pasatzen dira, eta egunean egunean, ez dira behar bezala kontutan hartzen. Alde negatiboarekin gelditu ohi gara, gehienetan. Baina orain pentsatuz gero, harro nago horretaz. Batzuei aukera ez zaie inoiz heltzen, eta alde horretatik, ni pribilegiatua izan naiz: berandu baino, agian, goiz heldu zitzaidan aukera.

☉ Zeberio

Zubialdeko frontoia itxi du Zeberioko Udalak, konponketa lanei ekiteko

Udalaren asmoa da Zubialdeko frontoiaren hezetasunak desagertaraziko dituen obra hauek Gabonetako oporrak baino lehen amaitzea da

|

Hezetasunak Zeberioko pilotalekuan // Geuria

Zeberioko Udalak Zubialdeko pilotalekua konpontzeko lanak hasi ditu gaur bertan eta frontoia itxi du. Urriaren hasieran GEURIAn azaldu lez, Udalaren asmoa da Zubialdeko frontoiaren hezetasunak desagertaraziko dituen obra hauek Gabonetako oporrak baino lehen amaitzea da.

Ekain Goti herriko alkateak duela aste batzuk iragarri zuen 65.000 euro bideratu dituela Udalak (BEZa kanpo) eta hezetasunak konpontzeaz gain margoketa lanak egin, bentilazio sistema berria ipini eta LED bonbila bidezko argiteria sistema ipiniko dutela pilotalekuan.

Lanek dirauten bitartean frontoia guztiz itxita egongo da eta Mandoia Pelota Klubeko entrenamendu saioak Ermitabarriko frontoira lekualdatu dituzte: “Asteburuko partidak egiteko frontoi txikiegia da Ermitabarrikoa da baina entrenamenduetarako balioko du”, ziurtatu zuen Gotik. “Asteburuko partidak Arrigorriagako pilotalekuan antolatuko dituzte, ondo bidean”.

Udaletik barkamenak eskatu dizkie herritarrei lan hauek sor ditzaketen eragozpenengatik.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko mendizaleek Ubideko Mendizale Egunean hartuko dute parte bosgarren aldiz

Mendizale Egunaren 23. edizioa da aurtengoa eta izena emateko azken eguna urriaren 23a izango da

|

Arrikurutze, Sikinotik // Rafael Hernandez Justel, Mendikat

Urriaren 27an Ubideko Mendizale Eguna antolatu dute eta Zeberioko Austarri Mendi Taldea bertan parte hartzera gonbidatu dute, Arratia, Otxandio eta Ubideko taldeekin batera. Bosgarren aldia da Zeberioztarrek Ubideko Mendizale Egunean.

Mendizale Egunaren 23. edizioa da aurtengoa eta izena emateko azken eguna urriaren 23a izango da. Egunean bertan 12 edo 17 kilometroko ibilbideak antolatu dituzte Siskino izeneko tontorrera (854mt) “bide barriek ezagutzeko” 09:00etan eta 13:30ean luntxa prestatu dute Ubideko frontoian bertan.

Parte hartzeko prezioa 5 eurokoa da. 14 urterainoko haurrek ez dute ordaindu behar. Izena emateko edo informazioa handitzeko 656 415 597 telefono zenbakia ahalbidetu dute.

Siskino tontorra

Izen horrekin ezagutzen da Gorbeia mendiguneko tontor txiki bat, Oketa edo Gorbeitxikitik oso gertu dagoena (1035 m). Hego-ekialderantz jaisten den erreka eta amildegia ere izen berarekin ezagutzen dira. Bere inguruan txabola dago. Beste izen bat Soliño da.

Gorbeiako mendigunearen zati bat da, ibai-ibilguek erabat markoztatua. Iparraldera, Zubizola erreka dugu, Ubiden, Undebe ibaia, mendi horiek ekialdetik mugatzen dituena. Hegoaldean Santa Engrazia urtegia dago, eta mendebaldean Zubialde erreka. Multzoaren altuerarik handiena Oketak du (1035 mt), Gorbei-txiki ere deitua bere formagatik, Gorbeiakoaren oso antzekoa baina proportzioetan oso txikia.

Gailur horren ipar-ekialdera, Ubiderantz, baso-koten sistema konplexu bat dago, eta horien artean nabarmentzekoak dira Harrikurutze (832 mt), Siskino (852 mt) eta Korroskibila (805 mt).

Gailurra, 1950eko mendi katalogoan, “Siskimo” izena agertu zen. Arabako gailurren zerrendako 161.a

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zoru pelbikoa lantzeko doako ikastaroa martxan ipini dute Zeberioko emakumeentzat

Guztira bost saio eskainiko dituzte eskola zaharrean: urriaren 23an, 30ean, azaroaren 6an, 13an eta 20an. Izena ematea beharrezkoa da

|

Fitballak // Geuria

Zeberioko Udalak zoru pelbikoa lantzeko ikastaroa abiarazi du herriko emakumeentzat. Guztira bost saio eskainiko dituzte eskola zaharrean: urriaren 23an, 30ean, azaroaren 6an, 13an eta 20an.

Saio bakoitzak ordu biko iraupena izango du, 18:00etatik 20:00ak arte eta edukiera mugatua izango dela iragarri dute Udaletik. Horregatik izena ematea beharrezkoa izango da 946 481 079 telefono zenbakira deituz urriaren 21a baino lehen.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Zeberioko txakurrak amorruaren aurka txertatzeko kanpaina abiarazi dute

Hurrengo hitzorduak Zubialden eta Arkulandan antolatu dituzte urriaren 23an eta 31n

|

Txakur bat, zaunka // Geuria

Zeberioko Udalak hiru saio antolatu ditu urrian zehar txakurrak amorruaren aurkako txertoa jartzeko betebeharra errazteko. Saioak Ermitabarriko txakurren txertaketekin hasi zituzten hilaren 15ean eta hurrengo hitzorduak Zubialden eta Arkulandan antolatu dituzte urriaren 23an eta 31n, hurrenez urren.

Txertaketa egin ahal izateko izena ematea beharrezkoa dela azaldu dute Zeberioko Udaletik eta gainera nahitaezkoa da txakurrek mikrotxipa izatea: “Mikrotxipak animaliaren identifikazio bakar eta iraunkorra ahalbidetzen du eta hori funtsezkoa da osasun-kontrolerako eta amorrua bezalako gaixotasunen prebentziorako”.

Zubialdeko txertoak aparkalekuan egingo dituzte urriaren 23an, 17:00ak eta 19:00ak bitartean. Arkulanda auzoaren kasuan urriaren 31n egingo dituzte txertaketak 11:00k eta 13:00ak bitartean.

Zeberioko Udala: “Mikrotxipak animaliaren identifikazio bakar eta iraunkorra ahalbidetzen du eta hori funtsezkoa da osasun-kontrolerako eta amorrua bezalako gaixotasunen prebentziorako”

Amorruaren aurkako txertoaren zenbatekoa 22 eurokoa da, baina laubaliokoarena (tetrabalentea, erdaraz) ipintzeko aukera ere dago. Bien zenbatekoa 44 eurokoa da.

Osorik irakurri

☉ Zeberio

Itxaso Atutxak ez du EAJren Bizkaiko buruzagitzan jarraituko

Hamabi urteko ibilbidearen ondoren erreleboa emango du azaroan eta enpresa pribatura bueltatuko da, bere “ziklo politikoa” bukatzat emanda

|

Onda Vascan jakinarazi du Atutxak ez duela bere burua berriro Bizkai Buru Batzarreko presidentzarako aurkeztuko // EAJ

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gaur jakinarazi du ez duela bere burua berriro Bizkai Buru Batzarreko presidentzarako aurkeztuko. Hala, Jose Antonio Susok Araban hartutako bide bera hartu du. Ikusteke dago Gipuzkoako Joseba Egibarrek gauza bera egingo duen edo ez.

Zergatiaz galdetuta, Onda Vascari emandako elkarrizketan Atutxak bere “ziklo politiko eta ibilbide publikoa” bukatutzat eman du,  enpresa pribatura bueltatuko dela zehaztuz. Bere garaian 3Koma ekoiztetxeko arduraduna izan zen zeberioztarra hainbat urtez.

2013an heldu zen Atutxa BBBren buruzagitzara, Andoni Ortuzarren ordez. Ordutik hona, alderdi mailako erabaki garrantzitsuetan parte hartu du, eta bi errelebo gidatu ditu Bizkaiko Foru Aldundian: Unai Rementeria Ahaldun Nagusi moduan Jose Luis Bilbaoren ordez, eta iaz Elixabete Etxanoberena Rementeria beraren ordez.

Osorik irakurri