☉ Galdakao
Auzoen arteko autobus zerbitzu propioa jarriko du Udalak jaietan, erasoak saihesteko asmoz
Auzoen arteko autobus zerbitzu propioa jarriko du martxan Galdakaoko Udalak, jaietako bi ostiraletan eta larunbatetan.

Eraso matxisten aurkako neurriak prestatu dituzte elkarlanean Udalak, Momoak Talde Feministak, Erabide Elkarteak, Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak Santakurtzetarako
Orduak baino ez dira falta Galdakaon jaiak has daitezen. Irailaren 13tik 22ra bitartean ospatuko dira Santakurtzak. Herriko jaiak direla eta, eraso matxisten aurkako protokoloa aurkeztu dute lehen aldiz elkarlanean Udalak, Jai Batzordeak, Txosna Batzordeak eta Mugimendu Feministek (Momoak eta Erabide). “Herriko instituzio nagusia eta herri mugimenduak, eskutik helduta, elkarlanean aritu gara eraso matxistei aurre egiteko”, dio Nerea Orozko Udaleko Berdintasunerako zinegotziak: “Gure herrian eraso matxista bakar bat ere ez egotea da helburu nagusia. Baina zoritxarrez, prestatuta egon behar dugu. Eta bagaude”.
Erasoak izateko arriskua gutxitzeko helburuarekin, auzoen arteko autobus zerbitzu propioa jarriko du martxan Udalak: “Emakumeen kontrako eraso matxistak saihestea da neurriaren helburu nagusia, baina edonork erabili ahal izango du zerbitzua”, dio Orozkok. Jaietako bi ostiraletan eta larunbatetan izango da erabilgarri, 01:00etatik 07:00etara. Juan Bautista Uriarte 30etik irtengo da orduro (01:00, 02:00, 03:00…), eta Urreta, Bengoetxe, Aperribai, Arkotxa, Zuhatzu eta Usansolo lotuko ditu. Ibilbidean zehar bezeroak eskatzen duen lekuan geldituko da autobusa, baldin eta gidariak posible ikusten badu. Ezinezkoa balitz, eskatutako lekutik ahalik eta hurbilen geldituko da.
Erasoen aurrean, arreta integrala
Erasoren bat gertatuko balitz, erasoa jaso duenari “arreta integral, arin eta egokia” emateko konpromisoa hartu dute neurriak prestatu dituzten eragile guztiek: “Gizarte zerbitzuetatik gertuko laguntza emango zaio biktimari lehen unetik azkenera, tramite guztiak amaitu arte. Ondoan izango gaitu biktimak, erasoari lotutako prozedura guztia burutu arte”.
Arreta berehalakoa izan dadin, 688 719 304 telefono zenbakia egongo da erabilgarri jaiek iraun bitartean, eguneko 24 orduetan: “Eraso matxistak jasan dituztenak artatzen aditua den psikologoa egongo da telefonoaren bestaldean, uneoro. Biktimari aholkuak emango dizkio telefonoz, eta erasotuak aurrez aurreko laguntza behar badu berarenganaino joango da beharrezko laguntza emateko prest. Udaltzaingoa ere biktimaren zerbitzura jarriko da eta abisua jaso bezain laster hari laguntzeko zeregina izango du”, dio Orozkok. Larrialdi zerbitzuetako 112 telefono zenbakia ere erabilgarri egongo da eraso matxisten berri emateko.
Protokoloa txosnagunean
Emakumeen aurkako indarkeria, sexu eta genero identitateen aurkako indarkeria eta migratzaile eta gutxiengo etnikoen aurkako indarkeria batzen dituen protokoloa egin dute aurten ere Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak.
Eraso baten aurrean, eta hura egiaztatu ondoren, Txosna Batzordeak erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du hurrengo egunean 20:00etan Iturriondo plazan. Era berean, txosnagunean sirena hotsak jo ondoren, 10 minutuko geldialdia egingo dute 24:00etan.
☉ Galdakao
Bost urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote Fernando Izagirreri, DYAren 2,9 milioi euro desbideratzegatik
Gainera, 10.800 euroko isuna ordaindu beharko du galdakoztarrak. Bizkaiko Auzitegiak ebatzi du egindako transferentziek “ez zutela inolako azalpen logiko eta enpresarialik”

Bost urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri diote Fernando Izagirre galdakoztarrari, DYAren presidente izan zen garaian (2016-2021) bidegabeko jabetzeagatik eta kontuak faltsutzeagatik.
Era berean, 10.800 euroko isuna ordaindu behar duela erabaki du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak.
Izagirreren bazkideari, Juan Diego Gallardori, lau urte eta erdiko kartzela-zigorra eta 8.100 euroko isuna ezarri dio Auzitegiak.
Epaiaren arabera, biek ala biek, “ados jarrita eta zilegi ez den onura lortzeko asmoz”, 2,9 milioi euroko zenbatekoarekin hainbat zenbateko transferitu edo transferitzeko agindu zuten DYA Bizkaiaren titulartasuneko kontu korronteetatik Emergentzia Plusera eta Ambulancias Barcelona SAren kontu korronteetara.
Bizkaiko Auzitegiak gaineratu duenez, diru-kopuru horren transferentziak “ez zuen inolako azalpen logiko eta enpresarialik”, eta dirua “itzultzeko asmorik gabe” transferitu zuten.
“Akusatuek ez dute azalpean bateraturik eman funts horiek transferitzeari dagokionez”, zehaztu du epaiak, eta azalpenak “erabat sinesgaitzak” direla esan du: “Ez dute inolako logikarik edo euskarririk, edo beste frogabide batzuen bidez ezeztatu ere egiten dira”.
Gainera, Auzitegiak erabaki du bi akusatuek batera eta solidarioki 2,9 milioi euroko kalte-ordaina ematea Bizkaiko DYAri.
Epaia ez da irmoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian helegitea aurkez dezakete akusatuek.
☉ Galdakao
Auzoakeko zinegotziek eta “batzarraren erdiak baino gehiagok” ez zuten sare sozialetan publikatu den komunikatuaren berririk
“Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri

“Harrituta”. Horrela daude Auzoak plataformako hainbat kide, tartean, Toño Gonzalez eta Monika Bailon zinegotziak.
Atzo, 2026ko aurrekontua onartzeko ez-ohiko bilkura baino bi ordu eta erdi aurretik, Auzoak Galdakao Facebook profilean komunikatu bat kaleratu eta herriko hedabide batzuk etiketatu zituzten, GEURIA barne.
Honakoa dio oharrak: “Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”.
Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.
Komunikatuaren berri izan orduko, Galdakaoko Udalean Auzoaken ordezkari diren zinegotziekin eta plataformako beste kide batzuekin jarri zen harremanetan GEURIA eta “harrituta” zeudela esan zuten.
Eta gauean euren erantzuna idatziz jaso genuen: “Auzoak osatzen dugun batzarraren erdiak baino gehiagok ez genuen Facebooken argitaratu dutenaz ideiarik ere ez. Harrituta gaude denok”, esan diote GEURIAri.
Zentzu horretan, “laster” bilera bat izango dutela esan dute, “gai honi buruz gehiago jakiteko”.
“Sare sozialen bidez jakin dugu Auzoakeko batzordearen kide garen hainbat eta hainbat pertsona. Plataformako kide batzuen aldetik ekitaldi koldar samarra izan dela uste dugu”, esan dute.
☉ Galdakao
Bideoa | Zein da euskarazko hitz politena? Galdakaoko Mintzodromoan galdera bota dugu!

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, gaur, abenduak 4, Mintzodromoa antolatu dute Galdakaon [hemen argazkiak!]. Bertan izan gara eta eguna aprobetxatuta, galdera bakarra bota diegu parte hartzaile batzuei: zein da euskarazko hitz politena? Entzun erantzunak!
☉ Galdakao
2026ko aurrekontua onartu dute Galdakaon gobernu taldearen aldeko botoekin
Oposizioaren “borondate falta” salatu du gobernu taldeak. EAJk eta PSEk adierazi dute gobernu taldearengan “konfiantza galdu” dutela

EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren kontrako botoekin onartu dute Galdakaoko 2026ko aurrekontua.
Guztira 47,6 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, eta aurrekontuak herritarren “benetako beharrizanei” erantzuten diela esan du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak, “galdakoztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin”.
Urtarrilaren lehen astetik aurrera indarrean egongo da aurrekontu berria, Edurne Espilla jarduneko alkateak ez-ohiko osoko bilkuran adierazi duenez.
Oposizioa kontran
EAJk eta PSEk kontran bozkatu dute gobernu taldearen aurrekontu proposamena.
Alfredo Olea jeltzaleak adierazi duenez, gobernu taldearen aurrekontu proiektua “kontinuista” da: “Gardentasunik eza, marketing politikoa eta autobonboa nabarmentzen ditugu”.
Ildo horretan, “oinarrizkoa betetzeko” aurrekontua dela adierazi dute, eta salatu dute gerora gobernu taldeak aurrekontu-aldaketak egingo dituela: “Datorren ekitaldian ziur makromoldaketak bozkatu beharko ditugula, gehiengoa gastu arrunta finantzatzeko”, esan du Oleak.
EAJk ez du emendakinik aurkeztu, eta arrazoia honakoa: “Iaz adostasuna lortu genuen, akordio batzuk lortu genituelako, baina orain errealitatea bestelakoa da, atsekabegarria da. Adostutako proiektu asko egin gabe daude; gure konfiantza eman genuen iaz, eta orain konfiantza hori hautsita dago”, esan du Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.
Kontran, PSEk zortzi emendakin aurkeztu ditu, milioi bateko balioarekin. Hala ere, ez dute bat bera ere onartu: gobernu taldeak kontran eta PSEk eta EAJk alde bozkatu dute.
“Izateko bokazioarekin eta oposizio konstruktiboa eginez analisia egin dugu. Emendakinak aurkezten ditugunean horiek baloratzea eskatzen dugu, baina ez da horrela izan gobernu taldearen aldetik”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.
Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamena “urria” dela deitoratu du alderdi sozialistako zinegotziak.
“Iaz abstentziora jo genuen 2025eko aurrekontuaren bozketan gobernu taldearekin proiektuak adostu genituelako, baina gaurdaino ez dira egin”, salatu du Trimiñok: “Ez dute gure konfiantza berriro merezi”.
Alberto Ealo EH Bilduko zinegotziak oposizioaren “borondate falta” salatu du: “Urriaren 24an jakinarazi genien proposamenak jasotzeko prest geundela —oraindik zirriborroa osatu gabe zegoenean, ekarpenak errazago txertatzeko moduan— eta horretarako bi aste eman genizkien. Epea amaituta, ez genuen proposamenik jaso. Ondoren, bi alderdiekin partekatu genuen aurrekontuaren zirriborroa, eta berriro ere ekarpenak egiteko aukera zabaldu genuen”.
“PSEk emendakinak aurkezteari ekin beharrean, prentsara jotzea erabaki zuen, marketing edo propaganda ariketa gisa; gainera, emendakinak epez kanpo aurkeztu zituen. EAJ alderdiak, ez du emendakinik aurkezteko saiakera ere ez egin”, esan dute EH Bilduko ordezkariek.
Zentzu horretan, negoziaketarako “eskua luzatuta” izan dutela argudiatu dute ezker koaliziotik, “nahiz eta udalbatzan gehiengoa izan”.
Eta adibide gisa azaldu dute 2021etik oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela: “Horietatik 13 eginda daude, eta beste bost bideratuta ditugu”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Egia da asko iaz onartutako proiektuak direla, baina egia da ere batzuk bideratuta daudela dagoeneko, bidean daudela”.
☉ Galdakao
Galdakaoko Auzoak plataforman desadostasunak daude 2026ko Udal Aurrekontua dela eta

EH Bilduk, UHk eta Auzoakek osatzen duten Galdakaoko gobernu taldeak 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan, arratsaldean ez-ohiko osoko bilkuran eztabaida egon aurretik.
Eta, bitarte honetan, Auzoak plataformak komunikatu bat argitaratu du sare sozialetan 14:00ak aldera, herriko hedabide batzuk etiketatuta, GEURIA barne.
“Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”, salatu dute Facebooken publikatu duten komunikatuan.
Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.
“Atzerapauso larria”
“Udalbatzan onartzeko tramiteak gure batzarraren onespena behar ez badu ere, Auzoaken egoera hau atzerapauso larria da Auzoak proiektuaren funtzionamendu parte-hartzailean eta espiritu asanblearioan”, gaineratu dute.
Auzoakeko bi zinegotziek “zer bozkatuko duten ez” dakiela esan du Auzoakeko batzordearen gehiengoak; “nolanahi ere ziur gaude gure auzoen eta auzotarren ongizaterako erabakirik onena hartuko dutela”.
GEURIAk udalbatzan ordezkaritza duten zinegotziekin hitz egin du eta euren balorazioaren zain gaude. Gainera, Auzoakeko beste kide batzuekin ere jarri gara harremanetan eta adierazi dute plataformako kide guztiak ez zeudela komunikatu horren jakinaren gainean.









