☉ Galdakao
Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea: «Kolektibotasunetik eta elkarzaintzaren printzipioetatik komunitatea josten dugu»

Duela zortzi urte sortu zuten Elkarlaguntza Sarea Galdakaon. Besteak beste, Ekoizpen komunalak eta Erosketa kolektiboak bezalako dinamikak lantzen dituzte sarean, helburu zehatz batekin: “Elikaduraren inguruan hausnartzea, antolatzea eta autonomia komunala eraikitzea”. Nerea Garcia Herrera (Galdakao, 1991) eta Gorka Meren Baceta (Galdakao, 1986) Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko kideekin berba egin dugu.
Urteak darama Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak martxan. Gorka Meren: Bai. Elkarlaguntza sarea orain dela zortzi urte sortu zen. Aurten zortzigarren urteurrena ospatu dugu. Aurretik zetorren dinamika batetik sortu zen, Komunala izenekoa. Hori Ortuondo Gaztetxearen inguruan sortutako dinamika politikoa izan zen. Elkarlaguntza sareak, bertatik edan zuela esan genezake. Hala eta guztiz ere, hasieran herri mailan asanbladak antolatu genituenean dinamikaren birplanteamentu bat egiteko ideia berriak agertu ziren, eta horietako bat sare irekiago bat egitea izan zen.
Hasieran zein helburu zituen Sareak? Nerea Garcia: Bi talde sortu ziren hasieratik, Ekoizpen komunalak eta Erosketa kolektiboak. Biak helburu zehatz batekin: elikaduraren inguruan hausnartzea, antolatzea eta autonomia komunala eraikitzea.
Eta gaur egun helburu horiek aldatu dira? N.G.: Gaur egun, hainbeste urteren ostean, taldearen helburuak aldatzen joan dira, partaideekin gertatu den bezala. Elikaduratik haratago, beste aldarrikapen batzuk ere jorratu ditugu, hala nola, etxebizitza edota soldatapeko lana. Gaur egungo helburuak, aldatu badira ere, oinarrian ideia berdinak sostengatzen gaitu: elkarlaguntzaz herri boterea eta komunitate politikoa eraikitzea.

Duela 8 urte jarri zuen martxan Erosketa Kolektiboak dinamika Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak // Geuria
Zeintzuk dira sarearen funtsezko balioak eta nola ziurtatzen duzue denboran zehar mantentzen direla? G.M.: Funtsezko balioei dagokionez, esango nuke izaki moduan gure beharrak asetzeko gaitasunak handitzen joatea badela balio handienetariko bat. Kapitalismoaren atzaparretatik irteteko, gure harremanak sendotu, behar doguna ekoiztu eta gaur egungo gizarteko gatazkei modu kolektiboan erantzutea.
Zuen jardunaren barruan Erosketa Kolektiboak dinamika duzue martxan. N.G.: Bai. Elkarlaguntza Sarea sortu zenetik dago proiektua martxan. Modu kolektiboan erosten dugu merkatu kapitalistan. Modu horretan indartsuagoak aurkezten gara sistemaren aurrean. Bitartekaritzarik gabeko erosketak direnez, familia nukleo bakoitzak diru gutxiago behar du produktu batzuk lortu ahal izateko.
Zein da funtzionamendua eta bere logika? N.G.: Irizpide batzuetan oinarrituta, hala nola, ekoizleekin harreman zuzena izatea, proiektuen edota enpresen langileek lan baldintza duinak izatea, emakumezkoek gidatutako proiektuak izatea, gertukoak, eta ekologikoak baina prezio aldetik eskuragarriak. Irizpide hauek asanbladan erabaki ziren eta errebisatzen ditugu, asanbladak horrela eskatzen badu.
Biltegi bat baduzue elikagai horiek erosteko. N.G.: Bai. Biltegi bat dugu Tximiolarre Goikoan. Astean behin zabaldu eta erosketak egiten ditugu. Modu horretan, gaur egungo kontsumo ereduaren kontra agertzen gara. Astean behin erosketak eginda ez dugu zertan kontsumoan ibili behar egunero.
Noiz zabaltzen duzue biltegia? N.G.: Biltegia ostegunero zabaltzen dugu, neguan 18:30etik 20:30era, eta udan 19:00etatik 21:00etara. Egun batean zabaltzeak zentzu bat du: normalean darabilgun bizi abiaduraren aurrean, sarri kontsumoari ere lotuta dagoena, astero-astero egoteko eta elkartzeko espazio bat sortu dugu. Erosketak egiteko momentua zaintzarako tartea ere bada horrela.
Nola antolatzen zarete logistika aldetik? G.M.: Alde batetik, sei pertsonako lantalde bat dago, batez ere diruzaintza, produktuen eskarien kontrola eta koordinazioa, eta komunikazio lanak egiten dituena. Bestetik, asanbladako kide batzuek ardura zehatzak hartzen dituzte. Ostegunero pertsona batek zabaltzen du biltegia eta egunean bertan egin beharrekoak egiten ditu. Produktuen eskariak kideen artean banatuta daude, esaterako, batek beti egiten du esnekiena, beste batek, zitrikoena, beste batek atunarena, eta abar.
Zeintzuk dira Erosketa kolektiboen barruan gehien erosten dituzuen produktuak? G.M.: Gehien erosten ditugun produktuak biltegian luze mantendu ditzakegunak dira: kontserbak (tomatea, orburu eta menestrak, zainzuriak, ilarrak, piperrak, olibak, atun latak eta abarrekoak), lekaleak (indabak, dilistak, garbantzuak), pastak, azukrea, gatza eta ardoa. Horrez gain, freskoak gero eta gehiago gabiltza erosten, normalean eskaripean: Bizkaiganeko esnekiak, Zeanuriko arrautzak edota Valentziako zitrikoak.
Eta gutxien? G.M.: Gutxien, oraingoz, bestelako produktu fresko batzuk dira, okela eta barazkiak modukoak, eta horiek sarriago izateko dinamika berriak sortuko ditugu.

Bitartekaritzarik gabeko erosketak dira eta horrela, diru gutxiago gastatzen dute erabiltzaileek // Geuria
Nola laguntzen dute Erosketa kolektiboek sareko kideen eta, oro har, komunitatearen bizi-kalitatea hobetzen? G.M.: Sarearen sarbide zuzena dela deritzogu, erosketak egitera datoz eta ezagutzen dute proiektua, eta horrek guk sinisten dugun ereduan sartzeko aukera oso ona dela uste dugu. Gure baldintza erlatiboak hobetzen ditugula uste dugu, Erosketa kolektiboak ez du planteamendu iraultzailea bere horretan, baina bai, sare baten parte izateak, komunitate politikoa eratzeko aukera ematen duela, eta horrek bakardadearen kontra egiten du, kontsumitzeko beste eredu baten alde eta elkarzaintzaren bitartez harremanak modu askeago baten ulertzera.
Galdakaoz gain, Hego Uribe eskualdean ere zabaldu duzue dinamika? G.M.: Eskualdean zabaldu da, bai. Beste elkarlaguntza sare batzuk ere sortu izan dira azkenengo urteetan Hego Uriben eta saretuta gaude elikadura zein etxebizitzaren inguruan lan egiten duten beste eragile batzuekin.
Zer eragin izan du Erosketa Kolektiboak dinamikak tokiko ekonomian eta nekazaritza ekologikoaren eremuan? N.G.: Esango nuke eraginik handiena bi ardatzetan koka daitekeela. Alde batetik, gure erosteko irizpideen artean badago ahal den heinean gertuko proiektuei —fisikoki zein ideologikoki— eta nekazaritza ekologikoan dabiltzan ekoizleei erosketak egitea. Freskoekin saiatzen gara, eta erosten ditugu, aipatu bezala, Errigoiti, Zeanuriko, edo Galdakaoko produktuak.
Bestetik, eta inpaktu handiagoa izan dezakeen ardatz bezala, bestelako dinamikak eta logikak lantzea dago. Hau da, herriko pertsonen, gurea bezalako inguruko taldeen eta ekoizpen logikak eraldatzen dabiltzan ekoizleen artean sareak ehuntzen goaz apurka-apurka. Gainera, kontsumitzerako orduan hartzen ditugun erabakiak aldatuz, era kolektibo batean erosketak beste modu batean eginda, bide zehatz eta praktika konkretu bat eraikitzen ari gara gauzak beste era batera egiteko.
Ekainean Elkarlaguntza Astea antolatzen duzue. G.M.: Orain dela zortzi urte hasi ginen Elkarlaguntza Astea ospatzen. Hasiera batean, gure arteko harremanak sendotzeko, elkar ezagutzeko eta elkarlaguntzaz bizitzeko aitzakia zen. Gaur egun, herriari zabaltzeko aukera ezin hobean bilakatu da. Gure ekimen politiko nagusienetarikoa da, bertan gure ideiak zabaltzeko plaza polita da.
Zer jarduera mota antolatzen dituzue? G.M.: Urtero aldatzen joan gara. Azkenengo urteetan Emakume artisauen azoka antolatu dugu, Mastertxef lehiaketa ortuko elikagaiekin, inpro show-a herriko artistekin, hitzaldiak, bazkaria komunala gure harremanak indartzeko eta beti ortuaren erritualarekin amaitzen dugu, suaren argitalpenarekin.

Biltegia Tximiolarre Goikoan du Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak // Geuria
Auzolanak ere deitzen dituzue. N.G.: Erosketa taldean auzolanak normalean biltegiari lotuta egon ohi dira, hobekuntza eta garbiketei lotuta. Aipatu bezala, Erosketa kolektiboez gain, Ekoizpen komunalak ere lantzen ditugu. Ekoizpenetan dozenaka auzolan egiten ditugu; lehenik eta behin, astearteetan Bekeako ortuan egiten dira auzolanak eta ostegunetan Lezamakoan. Bestalde, Elexaldeko Goikolarran, belarra moztu, fruta-arbolak jagon eta ardiak zaintzekoak egiten dira. Kiwien ekoizpenean lehengo egunean gure sareko eta Euskal Herriko beste sare batzuetako 60 kidetik gora elkartu ginen uzta jasotzeko goiz pasa eder batean. Horrez gain, Herri Gunea edo bestelako azpiegiturak berrizteko lanak ere auzolanen bitartez egiten ditugu.
Nola laguntzen dute lan horiek komunitatearen loturak sendotzen? N.G.: Auzolana da. Egitearen aldetik, Elkarlaguntza Sarean gure funtsetako bat. Auzolana ez da lan egite sinple bat; auzolana elkarlana da, elkarrekin proiektatu eta burutzen den ekintza bat. Auzolanetan aldatu nahi ditugun errealitate horiek eraldatzen ditugu, taldean, sarean. Eta egiteko, egitearekin bat, egiteagatik, komunitatea sortzen goaz.
Nola inplikatzen dira sareko kide aktiboak ez diren baina lankidetzan aritu edo parte hartu nahi duten pertsonak? G.M.: Afiliazioa dugu oinarri eta edonork parte hartzeko aukera du. Proiektuan parte hartu daiteke beste moduetako bat izanik. Bakoitzak nahi duen diru kopuru baten truke, proiektuaren parte izan, inplikazio aktiborik gabe.
Sarea sortu zenetik, aldaketarik sumatu al duzue erosketa-pentsamoldean edo -ohituretan Galdakaoko eta eskualdeko herritarrengan? N.G.: Gehien bat pandemiaren ostean, hurrengo bi urteetan nabaria izan zen aldaketa hori. Gaur egun, berriz ere, bere horretara bueltatu da eta kontsumoaren logika kapitalistan oinarritu da.
Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak zein erronkei egin behar die aurre gaur egun? G.M.: GESen errokak maila ezberdinetan ematen dira. Alde batetik, barne mailako erronkak ditugu, momentu honetan daukagun nagusienetakoa gure egoitza izan nahi duen Herri Gunea konpondu eta bertara Erosketa kolektiboen biltegia eramatea. Era berean, barne mailan ere, GESek dituen adar eta dinamika ugarien arteko lotura mantendu eta kideon arteko barne kohesioa indartu nahi dugu.
Bestalde, herri mailan eta maila sozialean ikusten ditugun erronkak ditugu. Krisi anitzen garaiotan (ekonomikoa, ekologikoa, kulturala…) ezinbestekoa ikusten dugu herria aktibatzea eta antolatzea, herri dinamikak indartzea (jai eredu herrikoia bultzatu, etxebizitza edo lan munduko gatazkak aktibatu, euskalduntzea bultzatu…) eta horien bitartez herri boterea eraikitzen joan pixkana-pixkanaka. Ezin dugu ahaztu GES eraldaketa soziala bultzatzeko tresna bat dela eta gure azken helburua mundu kapitalistaren aurrean jendarte justu eta aske bat eraikitzea dela.
Galdakaoko Elkarlaguntza Sareaz gain badago Hego Uriben beste sare bat: Batu. G.M.: Bai, sareratuta gaude, eta ekimen batzuk elkarlanaren ondorioa dira. Salaketa kanpainak, etxebizitza sindikatuen arteko hartu emana zuzena izan da urte hauetan. Gainera, ondare komunalak partekatzen ditugu, hala nola, furgoneta bat.
Nola ikusten duzue elkarlaguntza sare hauen etorkizuna bai Galdakaon bai Hego Uriben ekonomia sozial eta solidarioaren testuinguru zabalenean? N.G.: Orain arte maila ekonomikoan ez dugu askorik sakondu. Gurea bezalako antolakundeak lan militantean oinarritzen dira eta orain arte behintzat ez gara eragile ekonomiko bezala definitzen. Daukagun jarduera ekonomikoa auto-finantzaketarako da soilik. Hala ere, iaztik GES barruan “autoenplegurako” proiektuak garatu ahal izateko markoa eraikitzen hasi gara: hau da, lan baldintza duinak eta izaera eraldatzailea edukiko duten proiektu ekonomikoak garatzeko aukera. Oraindik ez dugu askorik sakondu adar horretan eta “ekonomia sozial eta eraldatzailea” bezala ezagutzen den hori ez dugu oso ondo ezagutzen, baina seguraski elementu asko ditugula komunean.
Zer eragin izatea espero duzue etorkizuneko belaunaldietan eta zer ondare utzi nahiko zenukete lan kolektiboarekin? G.M.: Herriak baduela bere burua antolatzeko eta askatzeko gaitasuna. Jendarte kapitalista, patriarkal eta kolonial honetan, mundua suntsitzen ari dena, zapalkuntzaz eta esplotazioz zeharkatzen gaituena, egiturazko joera bat inposatzen zaigu etengabe: pertsonon arteko lotura komunitarioak desegitea, gure bizitzetan gero eta modu isolatuago eta merkantilizatuagoan aurre egitera behartuz. Bada, horren aurrean guk argi dugu, eta historiak hala erakusten digu, hori ez dela jainkoen patua. Badagoela beste modu bat: kolektibotasunetik eta elkarzaintzaren printzipioetatik komunitatea josten hasi gaitezke, mundu berri baten alde antolatu eta borrokatu. Guk seguraski ez dugula mundu berri hori ikusiko, ez gara bidearen amaierara helduko. Baina bidea egiten hasiko gara.
☉ Galdakao
Bideoa | Palestina, Irlanda, Kurdistan, Italia, Gales eta Euskal Herriko musikariek kontzertua emango dute Galdakaon
‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoaren barruan, kontzertua antolatu dute Torrezabalen. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena jaso behar da

Musika eta kultura desberdinen topaleku izango da Galdakao azaroaren 28an. ‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ lelopean, Palestinako, Irlandako, Kurdistango, Italiako, Galesko eta Euskal Herriko musikariek oholtza partekatuko dute Torrezabalen.
Kontzertua doakoa izango da, baina interesa dutenek gonbidapenak jaso behar dituzte Torrezabalen, leihatilan zein online.
Emanaldian honako musikariek hartuko dute parte: Roisin El Cherif eta Nora Casey (Palestina-Irlanda); James Kennedy (Gales); Seyidxan Sevinç eta Roberto Awanari (Kurdistan-Euskal Herria); Nadt Orchestra (Italia-Kurdistan); Azibar Terreros eta Billy Espinaco (Euskal Herria); eta Huartan (Irlanda).
Roisin El Cherif kantautore irlandar-palestinarra da: ere jatorri arabiarra Irlandako musika tradizionalarekin uztartzen du. Eta Galdakaoko kontzertuan Nora Casey konpositore eta arpa jole irlandarrarekin arituko da; Irlandako musika tradizionala eta esperimentalaren arteko jolasean aritu ohi da musikaria.

Proiektuan parte hartu duten musikarietako batzuk, Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko zinegotziarekin // Geuria
James Kennedy Gales hegoaldeko rock musikaria da, bakarka, bere gitarrarekin aritzen dena. Erresuma Batuetan, Europa Iparraldean eta Canadan ehunka kortzertu eman ditu.
Seyidxan Sevinç artistak musika kurdua interpretatu eta konposatzen du, eta musika identitatea sortzeko modu gisa defendatzen du, eta kontzertuan Roberto Awanarirekin arituko da; Peruko Amazonian jaioa eta Amazoniako deforestazioaren kontrako borrokan aritua, Basaurin bizi da duela 15 urte [hona hemen GEURIAn 2022an egin genion elkarrizketa irakurgai].
Nadt Orchestra ensenble dinamikoa da, eta jazz, afrojazz, soul, world music eta elementu elektronikoak uztartzen ditu. Genero eta estiloak nahasten ditu Italiako eta Kurdistango zortzi musikariko taldeak: teklatua, saxofoia, tronboia, tronpeta, gitarra, baxua, bateria eta perkusioa.
Azibar Terrerosek eta Billy Espinacok txalaparta doinuak jarriko dituzte kontzertuan. Eta, Huartan taldeak, Irlandako musika tradizionala oinarri hartuta, berrinterpretatu egiten du, ikuskizun teatralizatu harrigarriak egiteko.
Mugarik Gabe erresidentzia
Galdakaoko kontzertuaz gain, beste bi emanaldi eskainiko dituzte Bizkaian: azaroaren 30ean Artean eta abenduaren 3an Bermeon.
Guztira 18 musikarik hartuko dute parte aurtengo ekimenean, eta denon artean ezagutzeko asmoz, aurten, lehen aldiz, elkarbizitza antolatu dute.
“Erresidentzia artistikoa” azaroaren 23an hasi zuten musikari guztiek Turtziozen, eta abenduaren 3ra arte elkarbizitzen arituko dira.
Orsola Casagrande proiektu honen atzean dagoen arduradunetako bat da, eta azaldu duenez, “Mugarik Gabe erabat kolektiboa den lana da, Turtziozen batuko gara elkar ezagutzeko eta zerbait komuna egiteko, eta ikusiko dugu zer aterako den”. Hori bai, hamar egunak “oso intentsoak” izango direla adierazi du Casagrandek.
Durangoko Azokan
‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoa Suargi eta Zutarri Kultur Elkarteak (Basauri) sortu zuten iaz. Kultura kurduei buruzko proiektu batekin hasi zuten, eta aurten zabaldu egin dute.
Iaz Durangoko Azokan aurkeztu zuten proiektua eta aurten ere lekua izango du proiektuak. Izan ere, duela urtebete grabatzen hasi ziren dokumentala (‘Mugarik Gabe. Musika, erresistentzia eta elkartasun bidaia bat’) estreinatuko dute Durangoko Azokan bertan abenduaren 5ean, Irudienean. Diskoa ere salgai egongo da.
Boris Guevara zinemagileak zuzendu du ikus-entzunezkoa iaz parte hartu zuten musikarien bizipenekin. Besteak beste, artista hauek parte hartu dute dokumentalean: Ingot taldea (Itziar Ituño, Roberto Awanari, Janire Egaña), Jon Maia, Ines Osinaga, Yado Uzun, Mizgin Tahir, Onur Kepenek eta Chris O’Shea.
☉ Galdakao
Bideoa | “Indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezkoa da patriarkatuaren irakurketa estruktural bat egitea”

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Galdakaon Momoak talde feministak manifestazioa deitu du eta Andere Fuente Balado kidearekin berba egin dugu. Manifestazioko argazkiak hemen ikus ditzakezu.
☉ Galdakao
Argazkiak | ‘Erreakzioari erantzun feminista’ lemapean manifestazioa egin dute azaroaren 25ean Galdakaon

Azaroak 25 indarkeria matxistan aurkako eguna da eta Galdakaon manifestazioa egin dute. ‘Erreakzioari erantzun feminista’ lemapean, eskuin muturraren eta erreakzioaren oldarraldiari erantzun irmoa eman diote. “Indarkeria matxistak aurpegiz aldatzen du zapalduak hala mantentzeko, eta argi esan nahi dugu: aurre egiteko prest gaude. Autodefentsa feminista izango dugu gure tresna eta aldarria, antola gaitezen!”, aldarrikatu dute.
☉ Galdakao
Herritarrek identifikatutako beharrei modu kolektiboan erantzuteko sarea eratu dute Galdakaon
Zaintza modu kolektiboan erdigunean jartzeko Zeugaz izeneko foro soziosanitarioa martxan jarri dute Galdakaon

Galdakao Zeugaz foro soziosanitarioa aurkeztu dute gaur herrian. Ekimenaren helburua da zaintza erdigunean jartzea eta herritarren ongizatea bilatzea, elkarzaintza oinarri hartuta. Eta horretarako, ekintza komunitarioak bultzatuko dituzte.
“Ekimenak zaintzaren eredua eraldatzea eta ongizatearen eredu ezberdin bat sustatzea du helburu, herritarren parte hartzea, eragileen arteko lankidetza eta zaintza ardatz gisa balioan jarriz”, dio Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkateak.
Zentzu horretan, herritarrek identifikatutako beharrei erantzuna eman nahi diote ekintza komunitarioen bidez: “Gauza txikietatik, indibidualismotik, kolektibotasunera”, dio Amets Iturbe Gizarte Ekintzako eta Berdintasunerako zinegotziak.
“Elkarri entzuteko eta elkarrekin ongizate arloan ditugun beharrei eta nahiei erantzun bateratua emateko espazioa da Galdakao Zeugaz”, dio Iturbek, eta zeregin horretan dinamika berritzailea abian jarri dutela adierazi du: “Herria eraldatzeko dinamika berritzailea jarri dugu martxan eta zaintza inoiz baino gehiago erdigunean jarri dugu”, dio Iturbek.
Eginkizunak eta erronkak
Proiektu honetan elkarlanean ari dira Udala eta Agirre Lehendakaria Center (ALC), herriko eragileekin batera.
ALCk gizarte-berrikuntzako prozesuak sustatzen ditu, sare komunitarioak, erakunde publikoak eta enpresak lotzen dituen lurralde-ikuspegiarekin. “Galdakaon harreman oso bereziak zeuden kolektibo desberdinen artean gu etorri baino lehen, baina bakoitzak modu isolatuan lan egiten zuten. Gure lana izan da herrian egiten diren hainbat ekimen sistematizatzea eta perspektiba komunitarioa indartzea”, dio Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendariak.
“Talde sendoa eratu dugu, helburu komun batekin: Galdakaon denok eroso, osasuntsu, oparo eta ondo bizitzea”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Aukerak biderkatu egingo dira: batzuek ezagutza eskainiko dute, beste batzuek esperientzia, hurbiltasuna eta herritarrekin harreman zuzena”.
Galdakao Zeugaz proiektuko talde motorra honakoek osatzen dute: Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak, Adinekoen Dinamizazio Zerbitzua, Erabide Emakume Elkartea, Kabia, herriko hainbat farmazia, Udaleko hainbat arlo, guraso elkarteak, pertsona nagusien elkarteak, EISE Zerbitzu Psikosoziala, Osakidetza, Caritas eta hainbat norbanako, hala nola, Kepa Lizarraga.
Talde motorra martxoan bildu zen lehenbizikoz, eta lehen eginkizuna mapeo bat egitea izan zen, Agirre Lehendakaria Centerrek bultzatuta.
Herritarrekin elkarrizketak egin zituzten euren beharrak ezagutzeko. “Entzute prozesua indartu genuen, zer egin behar genuen eta zergatik zehazteko”, dio Espiauk: “Prozesu oso dinamikoa izan zen”.
Eta, elkarrizketak egin eta herritarrak entzun ostean, hurrengo urratsa da ekimen berriak martxan jartzea era kolektibo batean.
Naroa Azurmendi Galdakaoko Udaleko Adineko Dinamizazio Zerbitzuko langilea da eta nabarmendu du “ehunka” proiektu eta erakunde daudela herrian. “Zeugazen lehenengo erronka izan da dagoeneko martxan dauden proiektu horiek eta elkarte eta erakundeak koordinatzea. Eta oraindik ere lanean ari gara arlo horretan”.
“Askotan modu isolatuan lan egiten dute herriko elkarte eta erakundeek eta proiektu honen helburua da denon artean lan egitea kolektibotasunaren mesedetan”, dio Azurmendik. Eta bide horretan, beste erronka bat dutela adierazi du: “Herritarrei informazio guztia helaraztea”.
Leyre Olabarrieta Osakidetzako medikua da eta talde motorreko parte ere bada: “Oso pozik gaude proiektu hau sortu delako. Izan ere, irtenbideak bilatzeko eta gure existentziari zentzua bilatzeko eratu da. Arazo, beldur eta sentimendu askori erantzuna emango die”.
Galdakao Zeugaz proiektuaren barruan Death Kafeak aipatu ditu Olabarrietak. Heriotzaren inguruan berba egiteko taldeak dira, eta Galdakaon dagoeneko talde bat eratu dute. Hileko azken ostegunetan batzen dira. “Talde bakarra dago Galdakaon, baina herritar gehiagok izena eman nahiko balu, talde gehiago sor ditzakegu”, dio Olabarrietak.
Eta, abenduan beste jarduera bat antolatuko du Galdakao Zeugaz proiektuko taldeak: ‘La silla vacia’ hitzaldia. “Doluaren ingurukoa izango da hitzaldia. Gabonak ate joka, gure etxeko mahaietan aulki bat hutsik egongo da, hil egin den gure senitartekoak betetzen zuena. Angel Pascual psikologoak eskainiko du hitzaldia”. Abenduaren 9an, asteartez, izango da hitzaldia Gandasegi ikastetxean 18:30ean.
Galdakao Zeugaz “garrantzia handiko” proiektua dela nabarmendu du Edurne Espilla jarduneko alkateak eta herriko kolektiboen ekarpena eskertu eta aitortu du.
☉ Galdakao
Bideoa | “Euskal selekzioa-Palestina partida aitzaki, gure kaleak aldarriz bete ditugu”

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko lagunartekoa jokatuko dute gaur San Mamesen. Hori aitzakia hartuta, Zizpak elkartasun ekintza antolatu du Galdakaon: eskailera margoketa. Malen Agirre Espilla zizpakidearekin berba egin genuen atzo ekintza honen inguruan.













































