Sareak

Herriak

Arrigorriagako Epifania antzezpenean parte hartzeko izen emateko epea zabaldu dute

Izen emateak Gaztegunean egin behar dituzte interesdunek

|

Arrigorriagako epifania, joan den urtarrilean // Geuria

Arrigorriagako Epifaniako antzezpenean parte hartzeko asmoa dutenek gaur edo bihar eman dezakete izena

Arrigorriagako Epifaniaren Aldeko Taldeak azaldu bezala, interesdunek Gaztegunera joan beharko dute (Ugertza parkea 1) azaroaren 25 eta 26an, 18:00etatik 20:00ak arteko ordutegian.

☉ Basauri

Iñaki Artola pilotariak eta Iker Iriarte botilleroak hitzaldia eskainiko dute bihar Basaurin

‘Kirolarien psikologia’ hitzaldia eskainiko dute bihar, azaroak 27, Artunduagako pilotalekuan. Sarrera doakoa izango da

|

Iñaki Artola pilotaria eta Iker Iriarte botilleroa // Baiko+Bertsozale

Esku Pilota profesionalaz berriro gozatzeko aukera izango da Basaurin. Aurten ere Basaurik pilota profesionalaren aldeko apustua egin du eta Binakako Txapelketaren jardunaldietako bat jokatuko da Artunduagako frontoian azaroaren 28an, ostiralez.

Peio Etxeberria lau t’erdiko txapeldunak jokatuko du Beñat Rezustarekin batera, eta aurkari izango dituzte Javi Zabala (lau t’erdiko txapeldunordea) eta Julen Marija.

Bigarren mailako partida ere jokatuko da Artunduagan Peña II-Salaverri eta Zubizarreta III-Aranguren bikoteen artean.

Partida profesionalen aitzakian, Bidebieta Pilota Elkarteak bihar, azaroak 27, 18:45ean jarduera bat antolatuko du Artunduagako pilotalekuan: Iñaki Artola pilotariaren eta Iker Iriarte botilleroaren hitzaldia, hain zuen.

“Iñaki Artola pilotari profesionala eta Iker Iriarte bere botileroa Artunduagara etorriko dira, nahi duten pilotari eta familia guztiekin arratsalde atsegin bat pasatzera”, diote. Hitzaldia euskaraz izango da eta ordu eta erdi inguru iraungo du.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Bideoa | Palestina, Irlanda, Kurdistan, Italia, Gales eta Euskal Herriko musikariek kontzertua emango dute Galdakaon

‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoaren barruan, kontzertua antolatu dute Torrezabalen. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena jaso behar da

|

Musika eta kultura desberdinen topaleku izango da Galdakao azaroaren 28an. ‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ lelopean, Palestinako, Irlandako, Kurdistango, Italiako, Galesko eta Euskal Herriko musikariek oholtza partekatuko dute Torrezabalen.

Kontzertua doakoa izango da, baina interesa dutenek gonbidapenak jaso behar dituzte Torrezabalen, leihatilan zein online.

Emanaldian honako musikariek hartuko dute parte: Roisin El Cherif eta Nora Casey (Palestina-Irlanda); James Kennedy (Gales); Seyidxan Sevinç eta Roberto Awanari (Kurdistan-Euskal Herria); Nadt Orchestra (Italia-Kurdistan); Azibar Terreros eta Billy Espinaco (Euskal Herria); eta Huartan (Irlanda).

Roisin El Cherif kantautore irlandar-palestinarra da: ere jatorri arabiarra Irlandako musika tradizionalarekin uztartzen du. Eta Galdakaoko kontzertuan Nora Casey konpositore eta arpa jole irlandarrarekin arituko da; Irlandako musika tradizionala eta esperimentalaren arteko jolasean aritu ohi da musikaria.

Proiektuan parte hartu duten musikarietako batzuk, Amets Iturbe Galdakaoko Udaleko zinegotziarekin // Geuria

James Kennedy Gales hegoaldeko rock musikaria da, bakarka, bere gitarrarekin aritzen dena. Erresuma Batuetan, Europa Iparraldean eta Canadan ehunka kortzertu eman ditu.

Seyidxan Sevinç artistak musika kurdua interpretatu eta konposatzen du, eta musika identitatea sortzeko modu gisa defendatzen du, eta kontzertuan Roberto Awanarirekin arituko da; Peruko Amazonian jaioa eta Amazoniako deforestazioaren kontrako borrokan aritua, Basaurin bizi da duela 15 urte [hona hemen GEURIAn 2022an egin genion elkarrizketa irakurgai].

Nadt Orchestra ensenble dinamikoa da, eta jazz, afrojazz, soul, world music eta elementu elektronikoak uztartzen ditu. Genero eta estiloak nahasten ditu Italiako eta Kurdistango zortzi musikariko taldeak: teklatua, saxofoia, tronboia, tronpeta, gitarra, baxua, bateria eta perkusioa.

Azibar Terrerosek eta Billy Espinacok txalaparta doinuak jarriko dituzte kontzertuan. Eta, Huartan taldeak, Irlandako musika tradizionala oinarri hartuta, berrinterpretatu egiten du, ikuskizun teatralizatu harrigarriak egiteko.

Mugarik Gabe erresidentzia

Galdakaoko kontzertuaz gain, beste bi emanaldi eskainiko dituzte Bizkaian: azaroaren 30ean Artean eta abenduaren 3an Bermeon.

Guztira 18 musikarik hartuko dute parte aurtengo ekimenean, eta denon artean ezagutzeko asmoz, aurten, lehen aldiz, elkarbizitza antolatu dute.

“Erresidentzia artistikoa” azaroaren 23an hasi zuten musikari guztiek Turtziozen, eta abenduaren 3ra arte elkarbizitzen arituko dira.

Orsola Casagrande proiektu honen atzean dagoen arduradunetako bat da, eta azaldu duenez, “Mugarik Gabe erabat kolektiboa den lana da, Turtziozen batuko gara elkar ezagutzeko eta zerbait komuna egiteko, eta ikusiko dugu zer aterako den”. Hori bai, hamar egunak “oso intentsoak” izango direla adierazi du Casagrandek.

Durangoko Azokan

‘Elkartasuna Mugarik Gabe’ egitasmoa Suargi eta Zutarri Kultur Elkarteak (Basauri) sortu zuten iaz. Kultura kurduei buruzko proiektu batekin hasi zuten, eta aurten zabaldu egin dute.

Iaz Durangoko Azokan aurkeztu zuten proiektua eta aurten ere lekua izango du proiektuak. Izan ere, duela urtebete grabatzen hasi ziren dokumentala (‘Mugarik Gabe. Musika, erresistentzia eta elkartasun bidaia bat’) estreinatuko dute Durangoko Azokan bertan abenduaren 5ean, Irudienean. Diskoa ere salgai egongo da.

Boris Guevara zinemagileak zuzendu du ikus-entzunezkoa iaz parte hartu zuten musikarien bizipenekin. Besteak beste, artista hauek parte hartu dute dokumentalean: Ingot taldea (Itziar Ituño, Roberto Awanari, Janire Egaña), Jon Maia, Ines Osinaga, Yado Uzun, Mizgin Tahir, Onur Kepenek eta Chris O’Shea.

Osorik irakurri

☉ Usansolo

Galdakao-Usansolo ospitaleko aparkalekua handitzeko lanak 2026an hasiko ditu Eusko Jaurlaritzak

Aparkalekua handitzeko lanak 2026an hastea aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak, “2028an plaza gehiago izateko helburuarekin”

|

Eusko Jaurlaritzak publikatu duen infografia // Irekia

Galdakao-Usansolo ospitaleko aparkalekua handituko du Eusko Jaurlaritzak.

Lanak 2026an hastea aurreikusi dute, “2028an plaza berriak izateko helburuarekin”: “Jarduketa azterketa teknikoekin eta obra-azterketekin hasiko da”, esan du gaur goizean Alberto Martinez Osasun arloko sailburuak.

Aparkaleku berriak ospitalearen inguruko titulartasun publikoko partzeletan eraikiko dituzte, eta partzeletako bat Osakidetzaren jabetzakoa da.

Gainera, sailburuak adierazi du ez dutela baztertzen bigarren eremu batean esku hartzeko aukera.

“Ospitaleetako beste obra handi batzuetan jasotako esperientziak erakutsi digu oso garrantzitsua dela zuhurtasunez planifikatzea, prozesu osoan irisgarritasuna bermatzeko”, esan du Martinezek.

Osasun Sailak 1,6 milioi euro bideratuko ditu aparkalua handitzeko.

Eraikin berri bat, aparkaleku gehiagorekin

Ospitaleko aparkalekua handitu ondoren, Galdakao-Usansolo ospitaleko Kanpo Kontsulten eraikin berriaren eraikuntza hasiko du Eusko Jaurlaritzak.

Duela bi urte iragarri zuen Osakidetzak Kanpo Kontsultetarako eraikin berria.

Orduan aurkeztu zuten proiektuaren arabera, heliportuaren eta Larrialdi zerbitzuan ondoan eraikiko dute, 58.000 metro karratuko azalera izango du eta bederatzi solairu izango ditu: lau solairu lurrazalean eta bost lurrazpian 1.129 aparkalekurekin.

Orduan adierazi zuten inbertsioa 93 milioi eurokoa izango zela, baina gaur 136 milioi euroko inbertsioa izango dela esan du Martinez sailburuak.

Osorik irakurri

☉ Ugao

Kairos eta Uda taldeek kontzertua eskainiko dute Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernan

Kontzertu gaua azaroaren 28an antolatu dute, 21:30ean

|

Kairos taldea // Utzitakoa

Azaroaren 28an kontzertu gaua eskainiko du Ugaoko Dorretxea Herriko Tabernak, Kairos eta Uda taldeen emanaldiekin. Kontzertuak 21:30ean hasiko dira.

UDA, Ander (ahotsa eta gitarra), Ibai (gitarra), Gaizka (ahotsa eta baxua) eta Unax (bateria eta koruak), osatutako Bizkaitik Euskaraz abesten duen Punk freshkoa dakarren taldea da. ‘Uda’ izeneko lehen diskoa 2022ko uda, udazken eta neguan grabatu eta nahastu zuten Corsarios Estudiosetan Loloren eskutik.

Kairos taldeak abesti bi kaleratu zituen 2024ko apirilean: ‘Perspektiba’ eta ‘Sua’.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Musika, kirola eta umorea Basaurin, Euskararen Nazioarteko egunaren harira

Ekintzak azaroaren 27tik abenduaren 12ra luzatuko dira, eta besteak beste, ‘Miñan’ antzezlana, PlayBack lehiaketa, hitzaldi musikatuak edo Baskot gaua antolatu dituzte

|

Iazko playback lehiaketa // Geuria

Basauriko Udalak Euskararen Egunaren bueltan antolatutako ‘Euskararen bide berriak’ ekintza sorta aurkeztu du. Azaroaren 27tik abenduaren 12ra bitartean, musika, antzerkia, kirola eta euskal kultura izango dira ardatz nagusiak, basauriarrei zuzendutako hamaika jarduerarekin.

Musika eta lehiaketei dagokionez, Playbacka izango da protagonistak: Laugarren Playback Herri Lehiaketa (8-12 urte) azaroaren 28an izango da Solobarrian.

Urtero bezala, Hitzaldi Musikatuak ere antolatu dituzte: Abenduaren 2an, Udal Musika Eskolako ikasleen emanaldi bereziarekin batera, Alex Sardui (Gatibu / Exkixu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) artistek hitzaldi musikatuak eskainiko dituzte Social Antzokian. Sarrerak doan jaso daitezke Musika Eskolan eta Social Antzokian.

Bada, antzerkia, kirola eta umorea era ez dira faltako, eta protagonismo handia izango du azaroaren azken astetik aurrera: Azaroaren 28an, ‘Miñan’ antzezlana taularatuko da Social Antzokian. Bestalde, azaroaren 30ean, ‘Bertso garbitzailea’ umore-ikuskizuna egingo da Basozelaiko Zortziko plazan, familia osoarentzat.

Kirolari dagokionez, azaroaren 27an, Iñaki Artola pilotari profesionalak eta Iker Iriarte bere botilleroak ‘Kirolarien psikologia’ hitzaldia emango dute Artunduagako frontoian. Egun bi geroago, azaroaren 29an, larunbatez, egun osoko plan zabala antolatu da: Eguerdian, Emoiok herriko trikitilari taldearen kalejira izango da, eta 12:30ean Solobarrian ‘Txakolin eta Gazta dastaketa’ (izen-ematea beharrezkoa da). Gauean, 21:30etatik aurrera, Oihan Vega DJaren euskarazko musika saioak jarriko du jai-giroa Solobarrian.

Eta bukatzeko, Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, ‘Basauriko Umeak Kantari’ ekintza egingo da herrian zehar. Azkenik, abenduaren 12an, Bolintxu AEK-k kudeatutako ‘Baskot Gaua’ euskal jaia ospatuko da San Jose ikastetxean, txano eta kapela bereziekin (gaia: Korrika).

Osorik irakurri