☉ Galdakao
Jesus Eguzkiza: “Hizkuntzara ez da ezer pasatuko aurretiaz berbetan egosi ez bada”
Dragoi Bolarekin hazi den edonori makina bat oroitzapen etorriko zaio burura Eguzkiri berba bi entzun orduko (Arrazola, 1946).

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista. Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan
Dragoi Bolarekin hazi den edonori makina bat oroitzapen etorriko zaio burura Eguzkiri berba bi entzun orduko, berea baita marrazki bizidun haietan entzuten genuen narratzailearen ahotsa. Denboratxoa bada erretiroa hartu zuela: eguraldi ona bada, basora, mendira edo solora jotzen du; eta txarra bada, Galdakaoko bere etxeko ezkatzean mahaia zabaldu, liburu eta orriz inguratu, eta batetik eta bestetik hartutakoa beretzea du gogoko. Euskararen arnasari buruz hitz egin digu Jesus Eguzkizak (Arrazola, 1946), kilometro zeroko euskarari buruz eta antzinakoa den baina gaur egungo euskaran sekula baino presenteago dagoen iruzur klasikoari buruz.
Gaur egun Euskal Herrian bizkoiketarako martxan dagoen estudio bakarra, estudio potente bakarra esan gura dugu, Bilboko Mixer da, Edertrackel eta Irusoinek bat egindakoan sortu zeneko Mixer hura. Zer gertatu da?
Ez dagoela merkaturik. Ideia aldaketa bat egon zen, honakoa zioena: guk lortu behar duguna da bertan produzitutako produktua, bertakoa bultzatu eta hauspotu behar dugu. ETBren politiketako bat da hori, eta horretan dabil gaur egun ere. Bikoizketa munduan, ostera, errepikatu eta errepikatu. Orain egun batzuk ikusi nuen Merlí telesaila, eta ez nion itxura txarrik hartu, egia esan. Zati bat bakarrik ikusi dut eta ez dut gehiagorako aukerarik izan, baina itxura polita hartu nion. Ikusiko dugu zer ematen duen. ETBko zuzendaritzaren jarrera da produktua merke ateratzea, normala den moduan, eta horren ondorioz produktorak zein bikoizketa etxeak dabiltza guztiz estututa. Izan ere, bikoizketa bera garestia da. Lehenengo eta behin antena eskubideak erosi behar dituzu, eta eskubide horiek telebista kate txiki batentzat oso karuak dira. Ezberdina da kate handien kasuetan: erosketa handiak egiten dituzte eta beharbada erosketa handi horietatik produktu bi edo hiru izango dira lehen mailakoak edo onak, baina gero eskura dituzu beste zazpi mila produktu zure eskaintza betetzeko balio dizutenak. Lehen nioen errepikapen horien adibide modura aipa genitzake, esaterako, Oesteko pelikulak; irudia ere jausi egiten zaie honezkero, eta eman eta eman jarraitzen dute. Edo Doraemon, edo Dragoi Bola…
Izan ere, Dragoi Bolako narratzailearen ahotsa zeurea da!
Baina pentsa ezazu noizkoa den hori! ETB3 katean gauez botatzen dute, ordurik onentsuenean. Ez dakit zenbat aldiz bota duten dagoeneko… Nik ez dakit konturatzen ote diren umeak ez direla tontoak, eta estetika ez dela berdina: gaur egungo estetika edo orain dela 40-50 urtekoa ezberdina da. Ni ez naiz horretan sartzen, baina uste dut oso luzaroan barrena jota ibili dela ETB, batez ere lehen katea. Horrez gain, gertatzen dena da euskarak ez daukala eragin politiko handirik, beraz, askoz errazagoa da gaztelaniazko katea pixka bat goratzea. Euskaraz nortasun gutxiko telebista egiten da, esan gura dizut: ken itzazu pilota partidak, ken itzazu aizkolariak, zer geratzen zaizu? Lehen programa polit bat egiten genuen, asko gustatzen zitzaidana, Euskal Herria: Lau haizeetara. Puntu berri bat ekarri zuen, goitik ateratako irudiekin, eta testuak ere nahiko polito landuta zeuden, bai gaztelaniaz eta bai euskaraz. Ahalegin bat egin zen eta nik uste dut programa duina zela. Edo beste bat esatearren, Euskaldunak munduan. Saio interesgarriak ziren, baina zu hasten bazara horiek errepikatu eta errepikatu, orain egiten den moduan, jendea nazkatu egiten duzu.
Bikoizketetan erabili den euskarak ere eman du zeresana behin baino gehiagotan.
Zentzu horretan, neuk egindako ahaleginetariko bat behintzat izan da erabili beharreko euskara ez dadila izan hain garbia, hain gramatikala, eduki dezala arnas freskoa. Bere momentuan, bai K2000an eta bai Irusoinen nagusitu zen ideia zen euskararen kalitatea kontrolgaitza edo kontrola ezina zela, neurtu ezinezkoa-edo zela, kalifikatu ezinezkotzat-edo jotzen zen. Eta neuk proposatu nuen hori neurgarria zela. Puntuazio bat jarri genuen, baita lau arlo desberdindu ere. Lehenengo eta behin itzulpena bera egokia zen edo ez, hau da, originalak “goizeko 10etan” badio, euskaraz ez dadila izan “goizeko 8etan”. Beste arlo bat zen euskara bera, honelatsu definitu nuena: esateko idatzi behar da eta entzuteko esan behar da, alegia, joan-etorriko bide hori egin behar du. Gu ez gaude hemen irakurtzeko edo errezitatzeko, guk esangarritasunari emango diogu garrantzia, eta horretarako, idazten duzun horrek, hau da, gidoiak, esangarria izan behar du. Bestela, hor geratzen da iruzur klasikoaren munduan. Eta hori sarriegi gertatzen den arazo bat da. Eta zein da iruzur klasikoa? Iruzur klasikoa da idatzia dela esateko eredu, ahozkoaren eredu idatzia dela. Horixe da iruzur klasikoa, eta antzinakoa da, ez da gaurkoa, baina gaur euskaran inoiz baino gehiago gertatzen da. Besteetara behar luke, nire ideia beste bat da: hizkuntzara ez da ezer pasatuko aurretiaz berbetan egosi ez bada. Orduan, zein da araua? Araua ahozkoa da, eta ahozkotik dator idatzia. Landuago, zehatzago, garbiago, zeuk nahi duzuna. Baina ahozkotasunean egosita ez badago, horrek ez du balio. Guk ‘berbetie’ esaten dugu bizkaiko arauz, bada, berbetie da inportanteena.
Beraz, zure ustez ba al du oinarririk jendeak dioen horrek, alegia, pelikulak euskaraz ez dituela ikusten arrotzak egiten zaizkiolako?
Nik uste autopistak daukala horren erantzuna. Hau da, zu zeure etxe txokoan bizi bazara eta inorako irteerarik ez baduzu, zeure etxekoa izango duzu zeure; gero zeure herrikoa izango duzu zeure; gero zeure eskualdekoa; gero lurralde batekoa izango duzu zeure; eta gero beste lurralde batekoa. Baina eman beharreko pausoa joan beharko litzateke txikitik handira. Edozein tokitan daukazu euskara oso ona, berezkoa. Nik horri deitzen diot, gaur egungo terminologia erabilita, Euskara kilometro zero. Produktuetan kontzeptu hori saltzen badugu, zergatik ez dugu antzeko kontzepturen bat erabiliko geurea esateko? Herri hizkeratik euskara jagiago baterako pausoa onartzen da, mailaka noski; onartzen ez dena da pausuo kilometrikoa ematea. Nik gaur egun eragozpentxoa daukat xuberotarrekin elkar ulertzeko, batez ere Xuberoako baserritarekin. Baina baxenafartarrekin ez daukat inongo arazorik, nafarrekin ez daukat, giputxekin ez daukat, Lapurdikoa gutxiago ezagutzen dut baina ez daukat eragozpenik. Hau da, komunikazio katea ez da eteten katebegitik katebegira zoazenean. Noiz eteten da? Salto handiak ematen direnean. Zu hemengo katebegian bazaude eta bat-batean hango katebegira salto egiten baduzu, arazoak sortzen dira, normala den bezala. Baina gaur egun gero eta gutxiago. Zergatik? Autopistarengatik. Gaur egun askoz ere komunikatuago gaude. Edo beste modu batera esanda, kotxeagatik. Nik uste inportantea dela kilometro zeroko euskarari ematen zaiona baino garrantzi handiagoa ematea irakaskuntzan, komunikabideetan… ETB ikustean arazoak dituela euskaldungoak? Nik hainbeste ez nuke esango. Ohitura falta daukala? Bai. Ezjakintasuna dagoela? Bai. 50 urtetik gorakoen artean ez dago euskal ezagutzarik euren ahozkotasunetik aparte.
Horren aurrean, bikoizketak nondik jo behar du?
Bikoizketak izan behar du, zelanbait esateko, beste maila batekoa. Hau da, baserritarrak oso ondo ulertzen du frantziskotarraren sermoia, meza amaitu ostean, sermoi garratz ikaragarria entzun ostean egiten duen komentario generala baita, “sermoi ederra!”. “Zer esan dik, ba?”, “Esan, esan, ezer ez baina…”. Baina apaizaren sermoian euskararen arnasa dago, eta euskararen arnasa komuna da, generikoa da, nahiz eta azentuazioa sarritan desberdina izan. Edo gehiago gura baduzu, esaldiaren inflexioa. Gauza polit bat gertatu zitzaidan. ETBren hasieran zen, beltz bat bikoizten nuen batuaz, eta halako batean herritar batek esan zidan: “Aurpegie polito baltzitu dok, baina ezagutu haut!”. Nire hausnarketa izan zen: bere irudimenerako, aurpegi beltza neu nintzen, baina nondik ezagutu ninduen? Ahotsetik, berbakeratik, arnasetik. Orduan, horri emango bagenio daukan indarra, eta testu esangarri bat aurrean bagenu, eta ez testu deszifraezin eta zurrunegi bat… Ez dago txarto idatzitako testu bat ondo esaterik. Orain, ondo idatzitako testu bat txarto esan liteke. Hortxe dago lehen aipatutako joan-etorriko bidea. Neurtu liteke, beraz, kalitatea? Bai, noski. Bai gidoiarena, bai esatariarena. Ahotsa pertsonaiari ondo egokitzen al zaio? Ondo idatzirik dagoena ondo esaten al du? Ondo dramatizatuta al dago, alegia, keinuetara ondo egokitzen al da testua? Ondo egokituta al dago testua mugimenduetara? Ez du egon behar soilik ondo euskaraz, egokituta egon behar du, beraz, ez da itzulpen soila, ez da bakarrik ondo itzulitako testua. Testuak egon behar du ondo egokituta. Umetxoak zelan ikasten du? Zuk giltzak erakusten dizkiozu bere zaratatxoarekin, ikusi, entzun eta ahoskatzen duzuna jarraitzen du berak. Prozesuak pixka bat hortik joan beharko luke.
Horretarako itzultzaile onak baino zerbait gehiago beharko da, noski.
Alde batetik behar dituzu oso itzul-egokitzaile onak, eta bestetik oso esatari onak, gauza benetan entzungarri, erraz, sinesgarria egiteko. Eta hori neurgarria da. Cirano de Bergerac gaztelaniazko bertsioan ikusten baduzu, kontxo, harritu egingo zara. Eta zerk harritzen zaitu? Hain ondo eginda egoteak. Euskaraz puntu hori lortuko bagenu, berbetan dauzkagun ezberdintasunak erraz gaindituko lirateke. Hain gauza gutxi dira bereizten eta aldentzen gaituztenak… Har dezagun adibide moduan Andoni Aizpuru, ETBko lehen katean eguraldia aurkezten duena, bere berba-jario errazarekin batu-gipuzkeraz egin arren, arnasa gipuzkoarra baitu. Gustatzen zait tarteka sartzen dituelako berba bi bakarra sartu beharrean: “Leku ospela da, anubia. Ospela erabiltzen ez den lekuan anubia erabiliko da. Noski, hori metodo bat da, eta niri hori gustatzen zait.
Gure amamak esaten zuen hori Aizpururen inguruan: “Eguraldiko gizonari ederki asko ulertzen diot, eta besteei ez”.
Noski! Arnasa dago hor. Arnasa gauza bizia da. Eta gero amets eragin behar duzu. Amets eragiteko gai ez bagara, frakasatu dugu. Eta zeintzuk dira gure eztaibaidak? Komunikatu bat ondarrutarrez idatzi daitekeen edo ez? Tira, tira… Heretikoen mailua larregi erabiltzen dugu. Nik ezin dut gipuzkeraz egin nahiz eta jakin. Zergatik? Gipuzkeraren arnasa falta zaidalako. Eta giputx batek ezin du bizkaierazko arnasarik ipini. Orduan, errespeta dezagun arnasa, eta errespeta dezagun kilometro zero, mesedez. Larregi erabili izan da heretikoen mailua, eta nik hori kritikatu egiten du. Orain ikusten duzu ahalegintzen direla, tarteka bizkaitarren bat sartzen… Horren ardura badute. Eta ardura hori nondik dator? Inkestetan argi ikusten delako euskaraz jakin askok dakitela, baina egin… Horrek ez du esan gura ETBn bizkaieraz egin behar denik, baina nahaste pixka bat sor dezakezu. Valdanok egiten duen gaztelania Valdanorena da eta inor ez da harritzen. Eta Mendibilbar euskaraz ari denean Berrizko euskara egiten du. Eta inor ez da harritzen. Eta Felipe Gonzalez ikusten duzu andaluzez berba egiten, Espainian presidente izandakoa, eta hori natural ikusten dugu. Eta beste gauza batzuk oraintsu arte ez ditugu hain natural ikusi izan.
Di-Da
Gordeta daukazun eta asko estimatzen duzun objektu bat. Lehengo arotzen bilduma polit bat, arotz tresneria
Egun libre bat duzunean, zer egiten duzu? Eguraldiaren arabera: kaxkarra bada etxean geratzen naiz, ezkatzean zabaldu mahaia, ipini hiruzpalau liburu eta folio, erdian orri zuri batzuk, eta batetik eta bestetik hartzen dudana neuretu eta idatzi. Ona bada, basora, mendira edo solora
Zure bertute bat. Apala eta baketsua naiz
Zure akats bat. Odolak irakin egiten didala sarritan neuk gura ez dudanean
Abesti bat. Goizian argia hastian
Pelikula bat. Akelarre
Besteengan miresten duzun bertutea. Irribarrea
Pertsonaia historiko bat. Altzoko Handia
☉ Galdakao
Ganguren Mendi Taldeak hamaika ekitaldi antolatu ditu Galdakaon bere sorreraren 80. urteurrenean
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da, baina azaroan Mendi Astearen barruan erakusketa, dokumentalak eta hitzaldiak antolatu dituzte

Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten, eta azaroa eta abendua bitartean ekintza bereziak antolatuko dituzte.
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da. ‘Iragana bihotzean, etorkizuna bidean’ lelopean, topaketa egingi dute Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Topaketa horretan, iraganeko pasadizoak gogoratuko dituzte, oraina ospatuko dute eta etorkizunera begiratuko dute.
“Topaketa xumea baina sentitua izango da. Bertan, klubaren azken 30 urteak laburbiltzen dituzten liburua eta bideoa aurkeztuko ditugu, eta ekitaldia mokatu baten bueltan bukatuko da”, diote.
Mendi Astea
Bestetik, ekitaldia nagusia baino lehen, Mendi Astea antolatuko dute.
Erakusketak, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, mendizaletasunaren arloan aditu diren profesionalen parte hartzea barne.
Pou anaiek, Txomin Uriartek, Elixabete Arbek, Joanna Maluendak eta Bego Gonzalezek hartuko dute parte jardunaldietan.
Hona hemen Mendi Asteko egitaraua:
Azaroak 3-28
Erakusketa Ganguren MTren egoitzan: ‘Everesterako lehen euskal espedizioa’
11:30-22:00
Azaroak 13, osteguna
MendiTour Mendi Film zirkuitua: ‘Hiru Haundiak. Taupadak eta Gailurrak’ eta ‘Of a Lifetime’ film luzeak eta ‘Red Rock Revolution’ film laburra
19:00 Torrezabal
Azaroak 20, osteguna
Dokumentala eta hitzaldia: GR11 ibilbidea. Elixabete Arbe, Joana Maluenda eta Bego Gonzalez
19:30 Ganguren MTren egoitza
Azaroak 29, larunbata
Dokumentala eta hitzaldia: ‘Bizitzari sokaz lotuta’. Eneko eta Iker Pou anaiak
19:00 Torrezabal
☉ Galdakao
Etxebizitza prefabrikatuak Urretan eraikitzeko lanek trafikoan eta aparkalekuetan izango du eragina, Galdakaon
Ganguren eta Ramon Rubial kaleak trafikoari itxita egongo dira abenduaren 19ra arte. Gainera, ezin izango da aparkatu eskuineko lerro osoan

Etxebizitza prefabrikatuak eraikiko ditu JIT Housing enpresak Galdakaon. Ekintza pribatua da eta Urreta auzoan eraikiko dituzte, Ganguren eta Ramon Rubial kaleen artean.
Moduluka eraikitzen dituzte etxebizitza mota hauek eta lanak azaroaren 14an, ostiralez, hasiko dituzte. Materialak ekarri eta jarriko dituzte, eta Galdakaoko udal ordezkariek adierazi dutenez, trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute obrek.
“Lehenengo fasea hilabete batez luzatuko da, abenduaren 19ra arte. Epe horretan, Ganguren eta Ramon Rubial kaleetan trafiko mozketak eta aparkatzeko murrizketak izango dira, makineria instalatzeko beharrezkoa den espazioa eta izango diren kamioien joan etorriak direla eta”, diote.
Zehazki ,Ramon Rubial kalearen sarreratik eta Ganguren kaleko 7. zenbakiraino sarbidea itxita egongo da abenduaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.
Era berean, ezin izango da aparkatu zirkulazioaren norabideko eskuineko aparkaleku lerro osoan.
“Bizkai kaleko 92, 94 eta 96. zenbakietako bizilagunei pasabidea baimenduko zaie. Horretarako, seinale emaileak egongo dira ibilgailuen pasabide txandakatua koordinatzeko, muntaketa lanen faseen arabera”, diote udal arduradunek.
Herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko, gunea behar bezala babestuklo eta seinaleztatuko dute.
☉ Galdakao
Galdakaoko Bengoetxe auzoan etxebizitzak egitea adostu dute aho batez: % 40a babes publikokoak izango dira
Eremu komertzial izatetik bizitegi izatera igaroko da, eta etxebizitzen %40a babes publikokoak izango dira

Galdakaoko udalbatzarrak ostiral goizean egindako ez ohiko osoko bilkuran puntu bakar bat eztabaidatu eta onartu zuen: Bengoetxeko lur eremu batean etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena egitea.
Eremu hori, orain arte komertzial gisa izendatua egon den arren, bizitegi eremu bihurtuko da aurrerantzean. Horrela, Galdakaoko Udalak Durruti XXI, Saema, Zeletxe 2005 eta Zuatzaurre enpresekin hitzarmena sinatuko du, etxebizitza libreak eta babes publikokoak eraikitzeko. Egingo diren etxebizitzen % 40a etxebizitza babestuak izango dira.
Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “helburua da UEBE-2 egikaritze unitateko eremu komertziala bizitegi eremu lez kalifikatzea, herritarren etxebizitza beharrizanei erantzuteko eta bizigune berriak sortzeko”. Egiraunek nabarmendu du, gainera, metroaren etorrerak bultzada eman diola egitasmoari, mugikortasun eta irisgarritasun behar berriak sortuko direlako.
Udalak adierazi du proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuta dagoela, urbanizazioaren eta eraldaketa urbanistikoaren kostu guztiak enpresek bere gain hartuko dituztelako. Horrez gain, lanen garapenarekin batera sortuko diren plusbaliak direla eta, 2,8 milioi euro inguru jasoko ditu Udalak, eta diru hori beste proiektu publiko batzuetan inbertituko du.
Egiraunek gogorarazi du neurriak udal gobernuak bultzatzen duen etxebizitza politikarekin bat egiten duela: “Gure helburua da Galdakaon babes publikoko etxebizitza gehiago sortzea eta gazteei zein familiei bizitzeko aukera errealak eskaintzea”.
Osoko bilkuran ez da kontrako iritzirik jaso, eta talde guztiek adostasuna adierazi dute. Koldo Goioagak, EAJko zinegotziak, egitasmoaren garrantzia nabarmendu du, eta etxebizitza politiketan denok “bultza” egiteko beharra azpimarratu du.
☉ Galdakao
Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak 50 urteko ibilbidea ospatuko du jai giroan igandean
Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik

Adiskide Pilota Elkarteak 50. urteurrena bete du aurten, eta ospakizun berezia antolatu du domekan, azaroaren 10ean, Kurtzeko frontoian, 10:30etik aurrera. Aurretik, gaur arratsaldean, 50.urteurreneko txapelketako finalak jokatuko dituzte: 19:00etan emakumeak arituko dira: Aldai-Gaminde Ibarrola-Capellanen aurka, eta ordubete geroago gizonezkoak: Victor-Urbisu alde batetik, Carregal-Merino II bestetik.
Igandeko ospakizunari dagokionez, belaunaldien arteko partidek emango dio hasiera egunari, eta ondoren bazkari herrikoia egingo dute.
Ez dira hauek, ordea, urteurrenaren harira egin dituzten ekitaldi bakarrak: argazki-erakusketa ere jarri zuten martxan Torrezabal Kultur Etxean, Adiskideren 50 urteko ibilbideko une eta oroitzapen garrantzitsuenak jasotzen dituena. Erakusketa gaur arte egongo da ikusgai.
Elkarteko presidente Gaizka Uriarte Zearrak GEURIAri emandako elkarrizketan aipatu bezala, taldeak betidanik argi izan ditu bere oinarriak: “euskara, auzolana eta esku pilota”.
Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik.
Egun handia izango dute domekan, Adiskideko kideentzat ez ezik, euskal pilotazale eta galdakoztar guztientzat ere.
☉ Galdakao
Auzolana eta musika oinarri, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak jaialdia antolatu du Basauriko Txarraska Gaztetxean
Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz

Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak (GES) jaialdi berezia antolatu du gaur, azaroaren 7an, ostirala, Basauriko Txarraska gaztetxean, 17:00etatik aurrera. Ekimena sarearen filosofia jarraituz antolatu dute, auzolanean eta autogestioan oinarrituta.
Jaialdian Burgoseko Escuela de Pueblos kolektiboa izango da gonbidatu berezi gisa, euren proiektua aurkezteko. Talde honek ere elkarlaguntzan eta komunitatearen indarrean oinarritutako jarduera sozialak garatzen ditu, eta horregatik gonbidatu dute Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko kideek.
Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz.
Jaialdian bildutako diru guztia Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea (GES) finantzatzeko erabiliko da, kolektiboak egiten duen elkartasun-lana bideragarri egiteko asmoz.








