☉ Arrigorriaga
Mandiaye Mbodje: “Ezin dut esan Senegalen gaizki bizi ginenik, egunean eta gutxirekin baizik”
Duela bi urte Senegal utzi zuen bizimodu hobe bat lortzeko asmoz. Orduz geroztik, Arrigorriaga bere etxea bihurtu da

Mandiaye Mbodje (Kayar, Senegal, 1997) 21 urterekin heldu zen Arrigorriagara Kayareko pobreziatik ihes eginez, bizi-maila altuagoa lortzeko itxaropenarekin. Gaur egun gaztetxea du bizitoki, herritarren ekimenaren bidez harrera-gune bilakatu dena. Migrazio-fluxuak gorakada nabarmena izan du azken urteetan eta Arrigorriaga laguntzeko prest agertu zen, Mandiaye bezalako etorkinek bizimodu egonkorra, duina eta erregulatua izan dezaten. Gazte Asanblada, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta hainbat boluntario elkarlanean aritu dira errefuxiatuen oinarrizko beharrei erantzuteko.
Nolakoa zen zure bizitza Senegalen?
Senegalen bizi nintzenean ez geneukan arazorik. Hamahiru urte bete arte ikasten egon ondoren, arrantzan lan egiten hasi nintzen. Aitarekin denbora asko ematen nuen familiako ontzian arrainak harrapatzen eta lortzen genuena saldu egiten genuen, janaririk falta ez zitzaigulako. Nire aitak bi emazte ditu, orduan, bost anai-arreba ditut nire amaren aldetik. Lehenengo biek nik bezala ikasi ahal izan zuten, baina beste hirurek txikitatik hasi behar izan zuten arrantzan, guztientzako eskola ordaintzea oso garestia zelako. Senegalgo bizimodua oso desberdina da; ez da gaizki bizitzea, egunean eta daukagunarekin bizitzea baizik. Familia osoa etxe berean bizi da, aitona-amonengandik hasiz bilobetaraino. Nire etxean, adibidez, hogeita hamar inguru bizi ginen. Arazo bakarra genuen: aurrera egiten ez zuen egoera batean geundela, eta egun batean nire anaia zaharrenak eta biok horri buruz hitz egin genuen.
Eta orduan hartu zenuen erabakia.
Bai. Nire anaiak esan zidan herriko jende asko Espainiara joaten ari zela bizimodu hobe baten bila eta ideia proposatu zidan, gertutasunagatik errazagoa delako hemen sartzea beste herrialde batzuetan baino. Bera ez zen etorri, emaztea eta alaba txiki bat dituelako eta ez zituelako han utzi nahi.
Zein ibilbide egin zenuen?
Senegaletik Marokora hegazkinez joan nintzen, eta gero Marokotik Espainiara pateraz. Nik ez nuen beldurrik izan Marokotik Espainiara igarotzeko, bizitza osoa itsasoan eman baitut eta oso ondo bainekien nola sartzen den, nola ateratzen den eta noiz egin behar den. Nire kasuan egun bat behar izan nuen ibilbide osoa egiteko, baina badago pasatzeko hilabeteak behar izaten dituen jendea ere. Bi lehengusu Espainian nituen dagoeneko, hortaz, haiek zituzten kontaktu guztiak bidali zizkidaten. Marokora iristean taxi bat deitu eta hark itsasotik gertu dagoen etxe handi batera eraman ninduen. Etxe horretan jendea ezkutatzen da pateran joan aurretik. Han nengoela, paterak erosten dituen mutilarekin harremanetan jarri nintzen, ordua lotu genuen eta ordaindu egin genion. Gure patera oso txikia zen eta abiatzeko prestatzen ari ginenean bi lagunek ez zirela etorriko erabaki zuten, olatu asko zeudelako. Bidaia betiko lagun batekin egin nuen. Guztira sei pertsona joan ginen eta nik antolatu nituen. Arropa kendu nuen eta igerian joan nintzen patera bultzatuz olatuak pasatu arte. Gero paterara igo eta hamaika ordu inguru egon ginen arraunean hondartzara iritsi arte. Cadizera heltzean Gurutze Gorrian hartu gintuzten eta astebetez egon ginen han. Jende asko etortzen hasi zenez, beste hiri batzuetara joateko aukera eman ziguten eta lehengusu bat Santoñan nuenez Bilbora etortzea erabaki nuen.
Jende askok bizia galtzen du beste herrialde batzuetara iristeko ahaleginean…
Bai, jende asko hiltzen da. Badut ezagun bat Marokon hil zena. Poliziaren autoak harrapatu zuen eta oso latza izan zen. Nik uste dut igaro ahal izateko lehenik eta behin nola egin jakin behar dela, ez baldin badakizu ziurrenik arazoak izango dituzulako. Gainera, paterak oso arriskutsuak dira, azkar zulatzen baitira. Plastikozkoak dira, beraz, arroparekin bakarrik bidaiatu daiteke, ezin da erlojurik ere eraman.
Nola heldu zinen Arrigorriagara?
Santoñan bizi izan nintzen bospasei hilabetez nire lehengusuaren etxean eta Arrigorriagara etorri nintzen Nagore izeneko Bilboko neska bat ezagutu nuelako. Madriletik bueltatzerakoan ezagutu nuen. Pasaportea egitera joan nintzen eta oso berandu zenez ez zegoen autobusik Santoñara bueltatzeko. Orduan, bera agertu zen, autobus-geltokitik gertu bizi zelako, eta nire egoera azaldu nion. Handik gertu zegoen leku batera eraman ninduen lo egitera, eta biharamunean Santoñara itzuli nintzen. Berak asko lagundu zidan eta eskertu nion. Harremana ez genuen moztu eta egun batean Bilbon bizitzeko proposamena luzatu zidan. Bere lagun baten etxera eraman ninduen eta han egon nintzen astebetez. Gero, Arrigorriagako gaztetxearekin hitz egin zuen, bertan lekua zegoela esan zioten eta hona etorri nintzen bizitzera.
Nolakoa da hemen zure egunerokoa?
DBH ikasten ari naiz Basaurin eta aurten ikasturtez igo naute, maila altuagoa dudala diotelako. Hala, etxerako lanak bidali dizkidate erritmoari eusteko. Era berean, Lubaki tabernan lan egiten dut arratsaldetan eta biltegiratze-ikastaro bat egiten ari naiz, hori ere Basaurin. Datorren urtean euskaltegian izena emateko asmoa dut, euskara ikasi ahal izateko. Gaztetxean hamar pertsona bizi gara eta orokorrean hasieratik etorri ginenak gaude oraindik ere. Batzuetan konplikatua da, gure artean tirabirak ere baditugu, baina oso ondo bizi gara eta ez zaigu ezer falta.
Beraz, Arrigorriagara etorri zinenetik gaztetxea izan da zure etxea.
Nire etxea gaztetxea da, baina beste leku batzuk ere baditut egon ahal izateko. Bilbon familia bat daukat, etxean hartu nauena. Haiei ere ama, aita, aitona, amona… deitzen diet eta han gera naiteke nahi dudanean. Bikotekidea ere badut… Baina eguneroko bizitza egiteko beti egon naiz gaztetxean Arrigorriagara iritsi nintzenetik.
Non dago orain zure familia? Haiekin kontaktua mantentzen jarraitzen duzu?
Noski, nire jatorrizko familia osoak Senegalen jarraitzen du eta egunero hitz egiten dut haiekin. Haiek beti gogorarazten didate han utzi dudan guztia jakin behar dudala, eta egoerak zaila izaten jarraitzen duela oraindik ere… Halaber, haiek badakite ni hemen ondo nagoela, asko maite nauen familia bat dudala, ez zaidala ezer falta, eta haiek poztu egiten dira horregatik. Oraingoz ezin naiz haiek bisitatzera joan, egoitza-baimena izan behar dudalako arazorik gabe itzultzeko. Nire anaia txikiak ere hona etorri nahi duela esan dit baina itxaron behar duela azaldu diot, oraindik hazi egin behar duelako eta benetan muga igarotzeak dakarren arriskua ulertu.
Nola ikusten duzu Senegalgo egoera?
Egoera konplexua dela uste dut. Are gehiago, zonalde batzuek ez dutela konponbiderik esango nuke. Gobernuari eta poliziari ez zaie ezer axola, nahi dutena egiten dute, eta herritarren egoera okerrera bultzatzen dute. Ezin dugu gehiago: pobreei lapurtzen diete, eurak aberasteko. Herritarrek botoa ematen dute, baina antolatzen duten gobernu bakoitza aurrekoa baino okerragoa denez, jendeak ez die kasurik egiten. Nik behin bakarrik bozkatu nuen Senegalen, baina ez zitzaidanez gobernuak egiten zuena inporta, denbora hori lanean ematea nahiago nuen, zerbait irabazi ahal izateko eta familia aurrera ateratzeko. Han egunean lan egiten da, egunean kobratu eta egunean jan, eta hurrengo egunean gauza bera errepikatzen da berriro. Ez dago ordutegirik, ez lanera sartzeko, ez irteteko. Egunerokoan bizi dira; baliteke egun batean bazkaltzeko dirurik ez izatea eta hurrengo egunean hilabete batekoa lortzea, eta hilabete hori amaitzen denean berriz hasi behar izatea. Hori bai, ezer ez dagoen garaietan beti dago laguntzeko prest dagoen norbait.

Mandiaye Mbodje Arrigorriagako Gaztetxea / Utzitakoa
Zer iruditu zaizu Arrigorriagako auzotarrek zuek eskuzabalik hartu izana?
Ez dut inoiz ahaztuko, egin duten lana benetan sinestezina izan delako. Herriko jendea oso atsegina da. Era berean, beharrezkoa dela uste dut; izan ere, herrialde batetik alde egitea eta beste batean hutsetik hastea ez da batere erraza, eta behar dugun laguntza hori emateko prest dagoen jendea badagoela ikusteak gauzak erraztu egiten ditu. Hemen egiten dugun guztia haiei zor diegu eta oso eskertuta gaude gugatik egin dutenagatik. Denda bat jarri dute Arrigorriagan bizikletak konpontzen lan egin ahal izateko, autoak garbitzen ere ari dira beste batzuk… Eskoletan matrikulatzen laguntzen digute, ikasten jarraitu ahal izateko. Nik ez dut astirik gauza gehiago egiteko, baina oso pozik gaude.
Zer plan dituzu etorkizun hurbilean? Arrigorriagan bizitzeko asmoa duzu?
Oraingoz, ikasten eta lanean jarraitu nahi dut, bizitza egonkor bat eduki ahal izateko. Beharbada hemen bizitzen geratuko naiz, edo agian ez. Bizimodu normala egin nahi dut eta azkenean berdin dit non, ahal dudan tokian. Ez dut uste hemen pisu bat erosiko dudanik; hau da, ez nago hemen bizitza osorako. Urte askotarako nago hemen, hori bai, baina noizbait erretiroa hartu behar izango dut eta ezin izango dut lanik egin, orduan ezingo naiz hemen egon. Familiarengana bueltatu beharko dut, haiekin ere egon nahi dudalako.
Eta nola lortu legez hemen bizitzea?
Legeak dio bizileku-baimena lortzeko hemen hiru urtez egon behar garela, eta, beraz, denboraldi horretan hezten eta gure jardueraren aztarna uzten ari gara. Hemen denbora asko daramaten eta oraindik etxebizitza bat alokatzeko aukerarik izan ez duten asko dago. Horrez gain, gauza gehiago hartu behar dira kontuan, eta lortzeko zailagoak diren hainbat baldintza eskatzen dituzte, ez da hemen hiru urtez egotea bakarrik: Delituen ziurtagiria, lanaldi osoko kontratua… Senegalera egoitzarik gabe itzuli den jende asko ezagutzen dut, hortaz, ezin dira hona itzuli ibilbide berdina errepikatu nahi ez badute.
☉ Arrigorriaga
Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan
Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.
Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…
Egitaraua | A-25a Arrigorriagan
Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan
Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja
Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena
Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’
Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita
Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak
Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”
Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena
Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30
☉ Arrigorriaga
Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean
Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.
Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.
Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.
Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.
Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena
Azaroak 29, larunbata
10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria
☉ Arrigorriaga
Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat.

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita herriko kale izendegian.
Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.
Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.






















☉ Arrigorriaga
Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala
Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.
Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.
Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.
Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.
Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.
Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.
12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.
☉ Arrigorriaga
Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin
Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.
Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.
Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.






































































