☉ Galdakao
Eduardo Rodriguez: «Inguruneari kalterik ez egiteko gakoa kudeaketa egokian datza»
Galdakaon egoitza duen Bizkaiko Basogintza Elkartea ingurunearen kudeaketa jasangarria sustatzeaz arduratzen da. Jabeei lursailen erabilera zuzena egiten laguntzea da haien eginkizuna, paisaiaren aberastasunari eusteko.

Bizkaiko azaleraren %70 basoek osatzen dute, eta baso-azaleraren erdia baino gehiago jabe partikularren esku dago. Eduardo Rodriguez Rubio (Alonsotegi, 1976) Bizkaiko Basogintza Elkarteko zuzendari eta baso-ingeniariaren arabera, faktore hori funtsezkoa da gure paisaia baldintzatzen duelako, aniztasun naturalari mesede eginez. Bizkaiko Basogintza Elkartea lur-jabeen batasunaren emaitza izan zen, haien interesak babesteko eta kudeaketan laguntzeko sortu zena. 40 urteko historiaren ondoren, 3.200 bazkidek baino gehiagok osatzen dute elkartea, inguruneko konposizioaren eragile garrantzitsu diren bazkideek alegia.
Gure lurraldearen xarma inguruan dugun paisaia naturalean datza.
Erliebe menditsua bere erakargarritasunetako bat da eta mosaiko formako paisaia dugu. Basoak lursail txikitan banatua daude, eta Bizkaian zati horien %75 jabetza pribatukoak dira. Eremu handia esku pribatuetan egotea gerren ondorioa izan da. Aspaldian udaletxeak mendi askoren jabe ziren, eta zorpetu egin zirenez, lursail horiek saldu behar izan zituzten. Bertan jabe bakoitzak nahi dituen espezieak landatzen ditu, eta aniztasun horrek ingurunea aberasten du. Europako iparraldean hektarea berdinak ikustera ohituta daude eta paisaiaren osaera ezberdinak erakartzen ditu. Mosaiko egiturak biodibertsitate gehiago sortzen du, eta klima ere oso faktore garrantzitsua da. Tenperatura leuna da eta prezipitazioak ugariak dira, eta horrek landaredia azkarrago hazten laguntzen du. Hegoaldean, aldiz, birsorkuntza naturala askoz motelagoa da, klimak muturrekoak direlako eta ur gutxiago dagoelako. Hala ere, populazio-dentsitate handiko lurralde txiki batean bizi gara, paisaia baldintzatzen duten azpiegiturak sortzea eskatzen duena.

Arantzelaiko presa airetik // Geuria
Zein da lehen sektoreak Bizkaian bizi duen egoera?
Lehen sektorea nekazaritzak, abeltzaintzak eta basogintzak osatzen dute, eta azpisektore bakoitzak bere arazo puntualak ditu. Baina lehen sektore osoa mehatxatzen duen arazo nagusia jarduera bertan behera geratzeko arriskua da. Sektore honetan errentagarritasuna lortzea zailagoa da, eta motibazio falta zabaldu egin da. Gure kasuan, horrek mendiak abandonatzea eragin dezake; hau da, kudeatzeari eta zaintzeari uztea. Horrek gizarteari kalte egingo lioke, naturak bere bidea jarraituko lukeelako, arriskuak prebenitzeari utziz eta aisialdia eragotziz. Gainera, herrialde garatuek sektore hau ahaztu egiten dute, baina gero tokiko produktuak eskatzen dituzte. Aztarna ekologikoa nahi badugu, bertan diharduten langileak zaintzeko estrategia bat garatu beharko dugu, gal ez dadin.
Gizartearen bilakaerarekin, badirudi belaunaldi berriak ez daudela lursailen jabetzak hartzeko prest.
Hau guztia lotuta doa. Jabeen motibazio faltak belaunaldi-erreleborik eza eragiten du. Ondorengoek ez dute baso-kudeaketarekin jarraitzeko interesik, eta horri buruzko ezagutza galtzen ari dira, baita baso-jabetzen mugei buruzkoa ere. Herrietan mundu guztiak daki zein den bere etxea, bere jabetza, baina mendian oinordekoek ez dute horren argi. Guk alderdi horien inguruan aholkularitza ematen dugu. Hala ere, ez da seinale ona. Lehen jende gehiago bizi zen baserritik, baina gero eta gizarte hiritarrago baten aurrean gaude. Gehiago lan egiten da industriaren eta zerbitzuen sektoreetan, ordutegi finkoko lanaldia nahi dugulako aisialdirako denbora gehiago izateko. Jabetzak beti dakar erantzukizuna, eta baserriek mantentzeko konpromisoa eskatzen dute. Etorkizuna ez da erraza izango, baina errelebo falta dagoen arren, mendiko produktuen eta zerbitzuen eskaria gero eta handiagoa da. Beraz, oreka lortzeko bideari heldu beharko zaio aurrera jarraitzeko.
Zer abantaila eta eragozpen ditu mendiak jabetza pribatukoak izateak?
Alderdi ekonomikoari dagokionez, mendi guztiak publikoak balira, gastua erabat publikoa izango litzateke. Modu honetan, lur-jabeen artean banatuago dago eta herritarren zerga kopurua txikiagoa da. Paisaiari dagokionez, baliteke eremu publikoak espezie emankorragoetara ez bideratzea, hala nola pinura eta eukaliptora, interes ekonomikoa ez delako hain beharrezkoa. Kontuan izan behar da jabetza pribatuko lursailetako inbertsioa eta bertan egiten den lana handia dela. Nire ustez bi aldeek dute haien garrantzia eta funtzioa.

Eduardo Rodriguez Bizkaiko Basogintza Elkarteko zuzendaria da // BBE
Espezie aloktonoen landaketari buruzko eztabaida handia dago orain.
Batzuek diote pinuak eta eukaliptoak espezie inbaditzaileak direla, baina ez daude espezie inbaditzaile gisa katalogatuta. Bizkaian ez dago zuhaitz-espezie inbaditzailerik. Belar- eta zuhaixka-espezieen artean, batzuk aurki ditzakegu, hala nola Panpako belarra, baina ez dago espezie horien inolako inbasiorik, horretarako plan bereziak bideratzen direlako. Guk beti esaten dugu ez dagoela espezie txarrik, kudeaketa txarra baizik. Arazoa da asko hitz egiten dela espezieaz, eta gutxiago kudeaketaz. Jabeek eukaliptoen eta pinuen aldeko apustu sendoa egiten dute, etekin ekonomikoa handiagoa delako, azkarrago mozten baitira. Horregatik dute hain ospe txarra, laborantza intentsiboagoa delako eta lurzoruko baliabide gehiago xurgatzen dituztelako. Gainerako espezieen alde ere egiten dute, noski, baina errendimendua epe luzeagoan lortzen da. Jabetza pribatuaren barruan landaketak askotarikoak dira: gaur egungo datuei begira %30 pinuak, %30 eukaliptoak, %20 hostotsu autoktonoak eta gainerakoak espezie ezberdinak dira.
Zuhaitz bat botatzea gaizki ikusia dagoela dirudi, eta jabeak ez dira gizartearen babespean sentitzen. Horrek basoak garbitzeko eta egurra lortzeko aukera ematen du. Material jasangarria da, CO2 hustubidea da eta gure klimarekin oso azkar hazten dira zuhaitz berriak. Mozten den zuhaitz bakoitzeko zortzi gehiago landatzen dira, eta jendeak ez du hori ulertzen. Mendia ez ukitzea zerbait ona bezala ikusten da, baina ikuspegi hori oso sinplea da. Gakoa modu egokian egiten jakitea da, ez kaltetzeko. Hemen, gainera, lurzoruan egiten diren jarduera guztiak kontrolatzen dituen ingurumen-araudiaren zerrenda luzea da. Honek ere kudeaketa zailtzen du, mugimendu bakoitzeko hainbat tramite egin behar direlako.
Zertan datza “banda marroiaren” gaixotasuna?
Aspaldiko gaixotasuna da: pinuen hostoak erasotzen dituen onddo bat da. Eraso honek azikulak suntsitzen ditu, eta eragina handia bada, oso marroiak jartzen ditu eta zuhaitzak ezin du fotosintesirik egin. Orduan, hil egiten da. Lehen ere esan dugu gure klima ona dela landaredia hazteko, baina baita onddoentzat ere, eta asko txarrak dira zuhaitzei eragiten dietelako, hauek lehortuz. 2018an Bizkaia mailan indarra hartzen hasi zen, batez ere Busturialdean eta Lea Artibain. Horrek zuhaitz asko moztu beharra ekarri zuen, eta sektorean galera handiak eragin zituen. Onddoei aurre egitea izurriteei baino zailagoa da, esporak ingurugiroan daudelako eta errazago hedatzen direlako. Hori kontrolatzeko metodoa babesa izaten da, zuhaitzak produktuekin zikinduz, esporak hostoetan sar ez daitezen. Baso-masa horiek babesteko aireko tratamendua egiteko eskatu zen, eraginkorrena baita, baina ministerioak ez zuen baimenik eman. Orduan, lurreko tratamenduak garatu dira gaixotasuna geldiarazteko asmoz. Kudeaketa ere faktore garrantzitsua da masak saneatuta izateko eta aireztapen gehiago egoteko, hezetasuna jaitsiz eta onddoaren ugalketa eragotziz.
Zeintzuk dira kudeaketa jasangarriaren oinarriak?
Jasangarritasunaren hiru hankak ekonomia, ingurumena eta gizartea dira. Ezin da soilik hanka ekonomikoan zentratu, beste biak alde batera utziz, adibidez. Oreka bat lortu behar da garapen iraunkorra lortzeko. Bizkaian mendi zati produktibo bat dago, egurra eskuratzeko eta tokiko produktuak ekoizteko alderdi ekonomikoari begiratzen diona. Gizartean ere badira aisialdiko jardueretarako bideekin gestionatutako baso-masak, eta egiten diren kudeaketa-kontrolekin ingurumena zaintzea bermatzen da. Ezinezkoa da arauarekin bat ez datorren mozketa- edo basoberritze-jarduketarik egotea. Guk bultzatzen dugun gauzetako bat jabeak baso-ziurtapeneko sistema batean sartzea da, mendiak modu jasangarrian kudeatu direla egiaztatzen duen ziurtagiria izateko: PEFC sistema. Kudeaketa-plan bat prestatu eta ikuskapen batetik pasatzen da. Horrela, basoan jardunbide egokiak sustatzen dira, eta baso-produktuak arauak errespetatuz ekoizten direla bermatzen da. Euskadin, azalera osoak ziurtagiri hori ez duen arren, ingurumen-araudiaren mende dago.
Industria eta natura elkarrengandik oso hurbil bizi diren bi faktore garrantzitsu dira.
Biztanle asko dituen industria-lurralde txiki batean bizi gara. Izan ere, gaur egun industriak hartzen ditu zuhaitzentzako lur aberatsenak; haranak, alegia. Basoei gainerakoa geratzen zaie, mendi-hegal eta altitude handiagoko eremuak. Hortaz, naturaren eta industriaren arteko bizikidetzaren lehen borroka horretan irabazle argia dago. Konposizio honen arrazoi nagusia ura da, herriak ibaietatik gertu eraikita daudelako.

Galdakaoko basoen diagnosia egin zuen iaz // Galdakaoko Udala
Nolakoa da Hego Uribeko paisaiaren osaera?
Hitz egin dugun guztia eskualde honetara estrapolatu daiteke, baso-azalerari buruzko datuak antzekoak direlako. Zeberioko ehunekoa, adibidez, Arrigorriagakoa baino askoz handiagoa da, baina herri guztiak kontuan hartuta, batez bestekoa azaleraren %70 ingurukoa da. Hala ere, jabetza pribatuaren ehunekoa handiagoa izan daiteke eremu honetan Bilbotik Enkarterrirako azalerarekin alderatuta. Galdakaotik hona, jabetza pribatuaren batez bestekoa %85-90eraino igo daiteke. Beraz, hainbat familiak gure inguruko lursailen zati handi bat kudeatzen dute eta espezie ezberdinen artean aukeratzeko ahalmena dute, ingurumen-alderdia alde batera utzi gabe. Eskualdean gizartearentzako garrantzitsua den baso-kultura dago, produktu jasangarriak ekoizten laguntzen baitute.
Galdakaok mendi publiko asko ditu, eta han pinudi dezente daude; izan ere, bere garaian, Udalak politika hori hartu zuen herriarentzako ekonomia sortzeko. Lursailak dituzten udal txiki batzuek ekimen honen aldeko apustua egiten dute diru-sarrerak sortzeko eta, adibidez, kultur etxeak eraikitzeko edo zinemak konpontzeko. Iaz, Udalak herri-basoak kudeatzeko plana aztertzeari ekin zion. Orain Galdakaok duen ekonomia handiagoa da, eta agian ez du hainbeste behar mendiak ematen dion ekarpena. Badirudi pixkanaka haritza eta pagoa bezalako tokiko espezieei ere leku gehiago egingo dietela.
Zeintzuk dira ekosistemak kontserbatzeko gakoak?
Zer izango litzateke gure ekosistema, adibidez, abeltzainik gabe? Zelaiak garbitzen eta zaintzen dituzten animaliarik gabe? Sastrakak kentzen eta haritz, pinu eta baserrien landa-mosaiko hau sortzen laguntzen dute. Ez da bakarrik eraikitzen. Paisaian eragina duten funtzioak uzten badira, mosaikoa desagertu egingo da. Ingurune berdea babesteko, funtsezkoa da kudeaketa egiten jarraitzea. Eta hori da gure bandera. Gizakia ere naturan dago, haren parte da, eta mendia betidanik kudeatu izan du hura kontserbatzeko.
☉ Galdakao
Ganguren Mendi Taldeak hamaika ekitaldi antolatu ditu Galdakaon bere sorreraren 80. urteurrenean
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da, baina azaroan Mendi Astearen barruan erakusketa, dokumentalak eta hitzaldiak antolatu dituzte

Ganguren Mendi Taldeak 80 urte bete ditu aurten, eta azaroa eta abendua bitartean ekintza bereziak antolatuko dituzte.
Ekitaldi nagusia abenduaren 4an izango da. ‘Iragana bihotzean, etorkizuna bidean’ lelopean, topaketa egingi dute Torrezabal Kultur Etxean (19:00).
Topaketa horretan, iraganeko pasadizoak gogoratuko dituzte, oraina ospatuko dute eta etorkizunera begiratuko dute.
“Topaketa xumea baina sentitua izango da. Bertan, klubaren azken 30 urteak laburbiltzen dituzten liburua eta bideoa aurkeztuko ditugu, eta ekitaldia mokatu baten bueltan bukatuko da”, diote.
Mendi Astea
Bestetik, ekitaldia nagusia baino lehen, Mendi Astea antolatuko dute.
Erakusketak, proiekzioak eta hitzaldiak eskainiko dituzte, mendizaletasunaren arloan aditu diren profesionalen parte hartzea barne.
Pou anaiek, Txomin Uriartek, Elixabete Arbek, Joanna Maluendak eta Bego Gonzalezek hartuko dute parte jardunaldietan.
Hona hemen Mendi Asteko egitaraua:
Azaroak 3-28
Erakusketa Ganguren MTren egoitzan: ‘Everesterako lehen euskal espedizioa’
11:30-22:00
Azaroak 13, osteguna
MendiTour Mendi Film zirkuitua: ‘Hiru Haundiak. Taupadak eta Gailurrak’ eta ‘Of a Lifetime’ film luzeak eta ‘Red Rock Revolution’ film laburra
19:00 Torrezabal
Azaroak 20, osteguna
Dokumentala eta hitzaldia: GR11 ibilbidea. Elixabete Arbe, Joana Maluenda eta Bego Gonzalez
19:30 Ganguren MTren egoitza
Azaroak 29, larunbata
Dokumentala eta hitzaldia: ‘Bizitzari sokaz lotuta’. Eneko eta Iker Pou anaiak
19:00 Torrezabal
☉ Galdakao
Etxebizitza prefabrikatuak Urretan eraikitzeko lanek trafikoan eta aparkalekuetan izango du eragina, Galdakaon
Ganguren eta Ramon Rubial kaleak trafikoari itxita egongo dira abenduaren 19ra arte. Gainera, ezin izango da aparkatu eskuineko lerro osoan

Etxebizitza prefabrikatuak eraikiko ditu JIT Housing enpresak Galdakaon. Ekintza pribatua da eta Urreta auzoan eraikiko dituzte, Ganguren eta Ramon Rubial kaleen artean.
Moduluka eraikitzen dituzte etxebizitza mota hauek eta lanak azaroaren 14an, ostiralez, hasiko dituzte. Materialak ekarri eta jarriko dituzte, eta Galdakaoko udal ordezkariek adierazi dutenez, trafikoan eta aparkalekuetan eragina izango dute obrek.
“Lehenengo fasea hilabete batez luzatuko da, abenduaren 19ra arte. Epe horretan, Ganguren eta Ramon Rubial kaleetan trafiko mozketak eta aparkatzeko murrizketak izango dira, makineria instalatzeko beharrezkoa den espazioa eta izango diren kamioien joan etorriak direla eta”, diote.
Zehazki ,Ramon Rubial kalearen sarreratik eta Ganguren kaleko 7. zenbakiraino sarbidea itxita egongo da abenduaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara.
Era berean, ezin izango da aparkatu zirkulazioaren norabideko eskuineko aparkaleku lerro osoan.
“Bizkai kaleko 92, 94 eta 96. zenbakietako bizilagunei pasabidea baimenduko zaie. Horretarako, seinale emaileak egongo dira ibilgailuen pasabide txandakatua koordinatzeko, muntaketa lanen faseen arabera”, diote udal arduradunek.
Herritarren joan etorriak ahalik eta gehien errazteko, gunea behar bezala babestuklo eta seinaleztatuko dute.
☉ Galdakao
Galdakaoko Bengoetxe auzoan etxebizitzak egitea adostu dute aho batez: % 40a babes publikokoak izango dira
Eremu komertzial izatetik bizitegi izatera igaroko da, eta etxebizitzen %40a babes publikokoak izango dira

Galdakaoko udalbatzarrak ostiral goizean egindako ez ohiko osoko bilkuran puntu bakar bat eztabaidatu eta onartu zuen: Bengoetxeko lur eremu batean etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena egitea.
Eremu hori, orain arte komertzial gisa izendatua egon den arren, bizitegi eremu bihurtuko da aurrerantzean. Horrela, Galdakaoko Udalak Durruti XXI, Saema, Zeletxe 2005 eta Zuatzaurre enpresekin hitzarmena sinatuko du, etxebizitza libreak eta babes publikokoak eraikitzeko. Egingo diren etxebizitzen % 40a etxebizitza babestuak izango dira.
Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “helburua da UEBE-2 egikaritze unitateko eremu komertziala bizitegi eremu lez kalifikatzea, herritarren etxebizitza beharrizanei erantzuteko eta bizigune berriak sortzeko”. Egiraunek nabarmendu du, gainera, metroaren etorrerak bultzada eman diola egitasmoari, mugikortasun eta irisgarritasun behar berriak sortuko direlako.
Udalak adierazi du proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuta dagoela, urbanizazioaren eta eraldaketa urbanistikoaren kostu guztiak enpresek bere gain hartuko dituztelako. Horrez gain, lanen garapenarekin batera sortuko diren plusbaliak direla eta, 2,8 milioi euro inguru jasoko ditu Udalak, eta diru hori beste proiektu publiko batzuetan inbertituko du.
Egiraunek gogorarazi du neurriak udal gobernuak bultzatzen duen etxebizitza politikarekin bat egiten duela: “Gure helburua da Galdakaon babes publikoko etxebizitza gehiago sortzea eta gazteei zein familiei bizitzeko aukera errealak eskaintzea”.
Osoko bilkuran ez da kontrako iritzirik jaso, eta talde guztiek adostasuna adierazi dute. Koldo Goioagak, EAJko zinegotziak, egitasmoaren garrantzia nabarmendu du, eta etxebizitza politiketan denok “bultza” egiteko beharra azpimarratu du.
☉ Galdakao
Galdakaoko Adiskide Pilota Elkarteak 50 urteko ibilbidea ospatuko du jai giroan igandean
Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik

Adiskide Pilota Elkarteak 50. urteurrena bete du aurten, eta ospakizun berezia antolatu du domekan, azaroaren 10ean, Kurtzeko frontoian, 10:30etik aurrera. Aurretik, gaur arratsaldean, 50.urteurreneko txapelketako finalak jokatuko dituzte: 19:00etan emakumeak arituko dira: Aldai-Gaminde Ibarrola-Capellanen aurka, eta ordubete geroago gizonezkoak: Victor-Urbisu alde batetik, Carregal-Merino II bestetik.
Igandeko ospakizunari dagokionez, belaunaldien arteko partidek emango dio hasiera egunari, eta ondoren bazkari herrikoia egingo dute.
Ez dira hauek, ordea, urteurrenaren harira egin dituzten ekitaldi bakarrak: argazki-erakusketa ere jarri zuten martxan Torrezabal Kultur Etxean, Adiskideren 50 urteko ibilbideko une eta oroitzapen garrantzitsuenak jasotzen dituena. Erakusketa gaur arte egongo da ikusgai.
Elkarteko presidente Gaizka Uriarte Zearrak GEURIAri emandako elkarrizketan aipatu bezala, taldeak betidanik argi izan ditu bere oinarriak: “euskara, auzolana eta esku pilota”.
Adiskidek 1975ean ekin zion ibilbideari, bost lagunen ekimenez, eta gaur egun 60 pilotari inguruk osatzen dute taldea. Urte hauetan zehar, Urrutikoetxea, Elezkano edo Larunbe bezalako pilotariak igaro dira bertatik.
Egun handia izango dute domekan, Adiskideko kideentzat ez ezik, euskal pilotazale eta galdakoztar guztientzat ere.
☉ Galdakao
Auzolana eta musika oinarri, Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak jaialdia antolatu du Basauriko Txarraska Gaztetxean
Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz

Galdakaoko Elkarlaguntza Sareak (GES) jaialdi berezia antolatu du gaur, azaroaren 7an, ostirala, Basauriko Txarraska gaztetxean, 17:00etatik aurrera. Ekimena sarearen filosofia jarraituz antolatu dute, auzolanean eta autogestioan oinarrituta.
Jaialdian Burgoseko Escuela de Pueblos kolektiboa izango da gonbidatu berezi gisa, euren proiektua aurkezteko. Talde honek ere elkarlaguntzan eta komunitatearen indarrean oinarritutako jarduera sozialak garatzen ditu, eta horregatik gonbidatu dute Galdakaoko Elkarlaguntza Sareko kideek.
Aurkezpenaren aurretik eta ondoren fj Muff, Tarisko, Vulcanizafas eta Marlon Random arduratuko dira musikaz eta festa girotzeaz.
Jaialdian bildutako diru guztia Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea (GES) finantzatzeko erabiliko da, kolektiboak egiten duen elkartasun-lana bideragarri egiteko asmoz.








