☉ Arrigorriaga
Bizikleten merkatua, ibai garbiketa eta trebetasun probak egingo dituzte Arrigorriagako Aste Berdean
Aurten, ekonomia zirkularra izango da gai nagusia: ahalik eta hondakin gutxien sortzeko, materialak eta baliabideak ekoizpen ziklora itzultzea oinarri duen metodoa

Apirilaren 28tik 30era bitartean ospatuko dute aurten Arrigorriagako Aste Berdea. Herriko hainbat elkartek eta eragilek, Udalarekin batera, hilabeteak daramatzate asteburuko ekintzak prestatzen, guztiak ekonomia zirkularra ardatz; hau da, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko, beste produktuak, materialak eta baliabideak ekoizpen ziklora itzultzea oinarri duen metodoa.
María Jesús Acedo Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotziak azaldu duenez, “Aste Berdearen asmoa ingurumenari buruz modu aktiboan kontzientziatzea da”, eta horretarako, ikaskuntza “dibertigarria izatea” lortu nahi dute herrian. “Ingurumena babestearen alde eta kontsumo-ohitura arduratsuen alde” antolatu dituzte aurtengo edizioko ekintza. Hauek dira ehundutako egitarauak biltzen dituen dinamikak:
ARRIGORRIAGAKO ASTE BERDEA, 2023 / PROGRAMAZIOA
Apirilak 28, ostirala
17:30-18:30. Arropa pertsonalizatzeko tailerra. Abusu Zentro Soziokulturalean.
19:00. Bizieskolaren bizikletak alokatzeko zerbitzu berriaren aurkezpena
Abusu Zentro Soziokulturalean
Apirilak 29, larunbata
12:00-14:30. Bigarren eskuko merkatua eta tailerrak
Plazan
17:30-20:00. Bizikleta eta patineteetarako trebetasun-probak eta Bigarren eskuko bizikleten merkatua
Plazan
Apirilak 30, igandea
11:00. Ibaiaren garbiketa
Udaletxean
11:30. Eraginkortasunez gidatzeko ikastaroa
Udaletxean
12:00-14:30. Bizikleta eta patineteetarako trebetasun-probak eta bigarren eskuko bizikleten merkatua
Plazan eta Abusuko frontoian
☉ Arrigorriaga
Padura Mendi Taldeak ‘Arrigorriagako Mendiak’ martxa herrikoia antolatu du elkartearen 75. urteurrenean
Urteurrenaren jarduera guztiak 2026ko urtarrilaren amaieran iragarriko dituzte Lonbo aretoan antolatutako ekitaldi ofizialean

Datorren urtean 75 urte beteko ditu Arrigorriagako Padura Mendi Taldeak eta urteko jardueren egutegia kaleratu berri du.
Baina jarraian irakurri daiteken egutegi hau aurrerapen bat baino ez da, urtarrilaren amaieran urteurrenarekin lotutako gainontzeko jarduerak iragarriko dituztelako ekitaldi ofizial batean. Momentura arte 2026ko maiatzaren 24an eta ekainaren 20ko ekintzak dira urteurrenarekin lotura duten jarduerak (beltzez nabarmenduta).
“Urteurrenaren gainontzeko jarduerak urtarrilaren 30ean aurkeztuko ditugu Arrigorriagako Lonbo aretoan egingo den 75. urteurrenaren aurkezpenean”, azaldu du Olatz Ruiz de Azua Mendi elkarteko kideak. Arratsaldeko 19:00etan ipini dute hitzordua eta luntx bat antolatu dute. “Herriko kirol-talde guztiei luzatuko jake gonbidapena aurkezpen berezi horretara gerturatu daitezan, baina herri guztiarentzako irekia izango da”, argitu du.
Urteroko hitzordua
Bestalde, Arrigorriagako aurtengo azken jarduera urtero antolatzen duten Xanpain Eguna da, datorren abenduaren 31n. Egun horretan igoera egingo dute Artandara. Argala enparantzan lotu dira herriko mendizaleak 09:30ean. Hortik abiatuko dira maldan gora eta 12:00etan hamaiketakoa eta brindisa egingo dute San Segismundo baselizan.
Egutegia | Padura Mendi Taldearen urteko irteerak 2026
Jarraian agertzen diren jarduerak urte osorako programatutakoak dira. Guztien artean, maiatzaren 24an antolatutako ‘Arrigorriagako Mendiak’ martxa herrikoia eta ekainaren 20an prestatutako Artanda mendira igoera eta bazkari herrikoia urteurreneko jarduera bereziak dira.
Urtarrilak 9, ostirala
Batzar orokorra
Otsailak 8, igandea
Castrovalnera
Martxoak 13-15
Asteburuko eski irteera Jakara
Apirilak 26, igandea
Orio-Zumaia zeharkaldia
Maiatzak 24, igandea [urteurrena]
Arrigorriagako Mendiak martxa herrikoia
Ekainak 5-7
Asteburuko irteera: Espigüete (Cervera de Pisuerga, )
Ekainak 20, larunbata [urteurrena]
Artandara igoera + bazkari herrikoia
Ekainak 28, igandea
Igoera San Pedroko jaietara
Uztailak 19, igandea
Igoera Upoko jaietara
Irailak 25-27
Asteburuko irteera Pirinioetara (Sallent de Gallego)
Urriak 31, larunbata
Gorbeialdea: Muruako harrobiak-Bikotzgane zeharkaldia
Azaroak 22, igandea
Aizkorri-Aratz
Abenduak 31, osteguna
Xanpai eguna
☉ Arrigorriaga
‘Battle Oilar’, film-laburrak bertso bihurtuko dituen ekintza dakar Umorea Labur jaialdiak
Aurtengoa 24. edizioa izango da eta abenduaren 15etik 20ra antolatu dute Arrigorriagako herrigunean

Gaur goizean Arrigorriagako Umorea Labur jaialdiaren aurkezpena egin dute Lanbarri Kultur Elkartearekin batera udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Aurtengoa 24. edizioa izango da eta abenduaren 15etik 20ra antolatu dute.
“Heldu, kurbak datoz eta! Humor en Corto estatuko komedia zinemaldi guztien aitona da, eta mundu osoko beteranoenetako bat”, horrela hasi dira motorrak berotzen jaialdiaren webgunean.
Gaurko ekitaldia Aitor Arenas Umorea Labur jaialdiko zuzendariak (Arrigorriaga, 1981) aurkeztu du, Maite Ibarra Arrigorrisagako alkatearekin eta Iratxe Rubio kultura zinegotziarekin batera.
“Beti esaten dugu urtetik urtera hurrengo edizioa aurrekoa baino hobeagoa izango dela. 2023ko jaialdia amaitzean, 24. edizioa trantsizio moduan planteatu nahi izan genuen, 2026koa 25. urteurrena delako”, azaldu du Arenasek. “Mende laurdena asko izango da eta aurtengo edizioa trantsizio modura planteatu bagenuen ere, ez dugu bete”, azaldu du barrez, jaialdiko estiloari eutsiz.
“Pausu handiagoa eman dugu”, jarraitu du arrigorriagarrak eta betiko estiloari eutsiz programazio onena osatzen saiatu direla gehitu du: urtero lez, atal ofizialean Espainiako film laburren ‘Jaja’, nazioartekoen ‘Haha’ eta euskarazko film laburren ‘KarKar’ atalak bereizi dituzte. “Programazio koherente eta indartsua sortzen saiatu eta lortu dugula esan genezake, antzinatik geneuzkan zenbait ekimen gauzatuz”, azpimarratu du jaialdiko zuzendariak.

Aitor Arenas, Umorea Labur jaialdiko zuzendaria // Geuria
Laburrez harago
Duela gutxi zendutako Jose Luis Cienfuegos Seminciko zuzendari ohiak zioen programazio on bat osatzea filmak programatzea baino gehiago zela: “Cienfuegosek esaten zuen jaialdi batean programazioaz gainera, paraleloan antolatutako jarduerak, erakusketak… egon behar zirela, eta horixe bera saiatu gara egiten Arrigorriagako Umorea Labur jaialdian.
Aurten #NoSoloPaja atala mantenduko dute ere, herriko eta eskualdeko sortzaileen lanei ikusgarritasuna emanez eta ‘The Artic Circle Trail’, ‘Gatz Arana’ edo ‘Eguneroko Egoerak’ bezalako laburmetraiak proietatuko dira Lonbo aretoan, abenduaren 15ean bertan.
Gainera, ‘JaJam Sessions’ atala finkatuko dute eta aurten Ane Lindanek bakarrizketa eskainiko du Txistu tabernan, besteak beste.
Abenduaren 12tik 20ra bitartean Sitges-en hasitako ‘Fun & Terror’ erakusketa ikusteko aukera egongo da Txokoa-meeting pointean (Urgoiti pasealekua, 7). Erakusketa Borja Crespok gidatuko du (Getxo eta Bartzelonako Komiki Erakusketako zuzendaria, El Correoko kritikoa…)

Jaialdiaren aurkezpena, medioekin // Geuria
Euskara, indartuta
Aurtengo berritasunen artean Battle Oilar atala egongo da. Bertan, laburmetrai batzuk programatuko dituzte eta ikusentzunezko lan horiek ipiniko dute jarraian agertuko diren bertsolarien gaia: “Bertsolariek laburmetraiak interpretatu eta bertsotan bihurtuko dituzte. Bertsolarien artean zirikadak ikusiko ditugu, umore klabean betiere”, azaldu du Arenasek.
Arrigorriagarren hala eskatuta, ‘Kontziliakzioa’ izeneko zerbitzua sortu dute aurten ere jaialdian. Atal hau film laburrak ikusi nahi zituzten baina ezin zuten gurasoei zuzenduta dagoela zehaztu du Arenasek. “Publiko kritikoarekin lan egitea gustoko dugula esaten dugunean haurrei buruz ari gara. Dinamizatzaile bat arduratuko da saioak gidatzeaz. Txikiek filmak ikusiko dituzte baina solasaldiak, tailerrak eta jolasak izango dituzte bertan ere. Helburua bertan zinemarekiko grina piztea da”. Kontziliakzioa Lehen Hezkuntzako lehen zikloari zuzenduta dago eta Kilimusi Eskaut taldeko kideen laguntza izango dute, herriko eragileen arteko laguntza bultzatuz.
‘Umorea Lab’ atala ere egongo da Arrigorriagan aurten, Edurne Garitazelaia Kultur Etxean, hain zuzen. Jarduera hau zinemagintza ikasten ari diren pertsonei zuzenduta dago eta film laburren pitchinga egiteko nozioak, mahai-inguruak eta Javier Aguayoren ()Sin Gluten) ‘¡Voy a venderlo todo! masterclassa antolatu dituzte, besteak beste.

Arenas, jaialdiaren aurtengo kartelarekin // Geuria
Aurreko urteetan ez bezala, jaialdiak ez du programaziorik sortu Arrigorriagako institutuarekin. Erabaki horren arrazoiaren inguruan galdetzean, GEURIAk egindako galdera “jaialdiko arduradunei ez zaiela egin behar” azaldu du Umorea Laburreko zuzendariak.”Lanbarri institutuko ikasle eta irakasle batzuen eskutik jaio zen gazteek asteburuetan aisialdiko jarduerak egiteko: txotxongiloak, poesia… denborak aurrera egin ahala jarduerak moldatzen joan ziren eta Lanbarriko jarduera nagusia ikusentzunezkoak egitea izan zen. Horren ondorioz jaio zen Umorea Labur jaialdia, Lonbo aretoaren jaiotzarekin batera”.
Hala ere, eta komunitatea sortzearen ideiari helduz, Arenasek nabarmendu du institutuak jaialdiaren ateak zabalik dituela hurrengo edizioetan elkarlana egiteko.
Umorea Laburrean jaialdiak osagarri berezi bi ditu: kalitatea eta arraksta”, laburbildu du Iratxe Rubio kultura zinegotziak. “24 edizioetan zehar bertan mantendu den jaialdia da eta erreferente bilakatu da”. Rubioren hitzetan, jaialdiak hiru ekarpen egiten dizkio udalerriari: kanpo proiekzioa, Arrigorriaga mapan kokatuz, kultur aniztasuna eta Lanbarri elkartearen konpromisoa.
“Urteetan Lanbarri elkarteko kideek lan nekaezina egin dute kulturaren eta artearen mundu honetan umoreari kalitatezko espazioa emateko”, azaldu du Maite Ibarrak. “Eta zalantzarik gabe lortu egin dute. Urte hauetan erakutsi digute umorearen bidez, ondo pasatzeaz gain kritika eta analisi sakonak egin daitezkeela. Munduari begiratzeko modu bate dela, alegia”.
☉ Arrigorriaga
Lan ikuskaritzak ebatzi du “lan arriskuen prebentzio neurriak ez direla bete” Arrigorriagako Arandia egoitzan
ELA sindikatuak jarritako salaketari erantzun dio Lan Ikuskaritzak, eta “langileen osasunari berehalako erantzuna emateko eta Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko legea betetzeko” eskatu dio zuzendaritzari

Arrigorriagako Arandiako adinekoen egoitzako langileek hiru eguneko greba egin zuten joan den abenduaren 2an, 3an eta 4an, “Zaintzeak gaixotasuna dakarrenean” lelopean. ELA sindikatuak greba “arrakastatsua” bezala definitu du.
Egoitzako langileek pertsona faltak eragindako “lan karga handiak” salatu dute eta ondorioz, arrisku psikosozialen ebaluazioaren arabera pairatzen dituzten osasun arriskuak azalerazi direla adierazi dute.
“Langileen arabera, enpresak ez du neurririk hartu lan osasunaren arloan, besteak beste, lantokian eskabiosia (‘sarna’ bezala ezaguna gazteleraz, larruazaleko infestazio kutsakorra, ‘Sarcoptes scabiei’ izeneko akaroak eragindakoa, azkura bizia eragiten duena) kasuetarako prebentzio egoeren aurrean”, azaldu dute ELA sindikatutik.
Horiek horrela, ELAk salaketa aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan: “Arandia egoitzako Domus VI taldeak ez du urrats nahikorik eta egokirik egin EAEko eskabiosiaren zaintza epidemologikoko protokoloan jasotako detekzio, babes kolektibo, indibidual eta gainerako jarduketetan”, azaldu dute sindikatutik. “Are gehiago, Bizkaiko Zaintza Epidemiologikoko Unitateak ezarritako jarraibideak ere ez ditu betetzen”.
ELA: “Arandia egoitzako Domus VI taldeak ez du urrats nahikorik eta egokirik egin EAEko eskabiosiaren zaintza epidemologikoko protokoloan jasotako detekzio, babes kolektibo, indibidual eta gainerako jarduketetan”
Txostenari helduz, Domus VI taldeak “arreta eredu kaxkarra” egiten duela “egiaztatu” dute ELAtik, eta gainera ikuskaritzak langileen osasunari berehalako erantzuna emateko eta Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko legea betetzeko eskatu dio.
“ELA sindikatuak Arandia Egoitzari exijitu dio berehala erantzun diezaiela langileen eskaerei eta ikuskapenaren errekerimendua betetzeari. Era berean, eskabiosia gaixotasun profesionaltzat hartzeko eskatu die ELAk administrazioei eta erakundeei.”

Salaketa “faltsuak”
Joan den abenduaren 4an Arandia egoitzako zuzendaritzarekin berba egin zuen GEURIAk langileek greban zehar egindako salaketak “faltsuak” zirela adierazi zuen (gutxieneko zerbitzuak neurrigabeak izan direla eta langileen mobilizazioen ondorioz egindako arrisku psikosozialen balorazioa ez duela osatu salatu dute, besteak beste).
Domus VI taldetik berretsi zuten “asistentzia-kalitatearekin, lan-taldeei laguntzearekin eta adinekoekiko eta beren familiekiko errespetuarekin” konpromisoa zutela.
☉ Arrigorriaga
‘Ez da kasualitatea’ bertso saio musikatu feminista antolatu dute Arrigorriagan
Abenduaren 14an, 19:00etan antolatu dute saioa. Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin igoko dira oholtzara

Lonbo aretoak ‘Ez da kasualitatea’ izeneko bertso saio musikatua hartuko du datorren abenduaren 14an, 19:00etan.
Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal eta Alaia Martin igoko dira oholtzara eta Maialen Mulas izango da gai-jartzailea. Aner Peritz eta Libe Goenaga dira msuikariak.
‘Ez da kasualitatea’ bat-bateko bertso saio musikatua da. Gitarra, biolin zein saxo-doinuen gainean inprobisatzen dute bertsolariek gai-jartzaileak proposaturiko gaiei buruz. Saioak ez-mixtoak dira: lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira beti. Umorea, jolasa, gogoeta, bertsolari feministen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa.
2009an egin zen aurrenekoz ‘Ez da kasualitatea’ bertso saioa. Berdintasun teknikari batek bertso saio feminista bat antolatzeko eskatuta elkartu ziren zenbait bertsolari, gai-jartzaile eta musikari; ustez, saio bakarrerako idean.
Geroztik, ehundaka ‘Ez da kasualitatea’ egin dira Euskal Herriko plazetan, hamarnaka emakume bertsolarik kantatu dute haietan eta erreferentziazko emanaldi bilakatu dira bertsozale, bertsolari eta gai-jartzaile feministen artean.
☉ Arrigorriaga
Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean lapurretak egin dituztela salatu dute Gazte Asanbladatik
Joan den azaroaren 29a bezalako “denontzako egunak” antolatzen jarraituko dutela azaldu dute Gazte Asanbladatik: “Gaztetxea gune seguru bat izatea gura dugu. Ez badakizu egoten, ez etorri”

Joan den azaroaren 29an Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatu zuten eta gauean lapurretak egin zituztela salatu dute Arrigorrigako Gazte Asanbladatik.
“Gaztetxearen urteurreneko gauan zenbait lapurreta egon ziren eta hau espazioan dagoen jendearen kontrako eraso zuzena da”, adierazi dute Gazte Asanbladatik. “Gogorarazi nahi dugu Arrigorriagako gaztetxean ez dugula inolako erasorik ezta lapurretarik ere onartzen”.
Joan den azaroaren 29a bezalako “denontzako egunak” antolatzen jarraituko dutela azaldu dute: “Gaztetxea gune seguru bat izatea gura dugu. Ez badakizu egoten, ez etorri”.











