☉ Basauri
Liztor asiatikoen habi bat kendu dute suhiltzaileek Basauriko etxebizitza batetik
Marienea ondoko etxebizitza batean zegoen tamaina txikiko habia, erlaitzan kokatuta. Liztor asiatiatikoen habiak ikusiz gero, batez ere udaberrian, udan eta udazkenean, udaletxera, udaltzaingora edo 112 zenbakira deitzea gomendatzen dute suhiltzaileek

Gaur eguerdian Kareaga Goikoa kaleko auzotarren dei bat jaso dute larrialdi zerbitzuek, Marienearen aurrean dagoen 143. zenbakiko etxebizitzan liztor asiatikoen habi bat zegoela esanez. Minutu batzuetan, 14:00ak aldera, bertara gerturatu dira Basauriko parkeko suhiltzaileak eskala kamioiarekin.
GEURIA komunikabideko kazetariak eurekin berba egiteko tartea izan du. “Liztor asiatikoen habi txiki bat kendu behar dugu eraikineko erlaitzetik”. Minutu batzuetan jarduketa horretarako jantziak ipini eta eskilaran zeuden zintzilik. Lanetarako errai baten zati bat moztu behar izan dute.
Liztorren berpiztea
Udaberrian, liztor langileak jaiotzen hasten dira eta horregatik hasi gara jada liztor gehiago ikusten. Udan zehar liztorren kolonia handitzen joaten da udazken hasieran bere maximora helduz. Momentu horretan erregina berriak jaoiko dira neguan hibernatu eta hurrengo udaberrian kolonia berria sortuko dutenak.
Liztor asiatiatikoen habiak ikusiz gero, batez ere udaberrian, udan eta udazkenean, udaletxera, udaltzaingora edo 112 zenbakira deitzea gomendatzen dute suhiltzaileek. Orduan, suhiltzaileek protokoloa aktibatu eta habia erregistratu, egiaztatu eta beharrezkoa balitz kenduko dute.
☉ Basauri
Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik
Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.
“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.
Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.
☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.
☉ Basauri
Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin
‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.
Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.
Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.
2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.
Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.
☉ Basauri
Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak
Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.
Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.
Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.
“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.










