Sareak

☉ Basauri

Euskal Asteak Mintzodromoa, dantzak, Festibas jaialdia eta pailazoak ekarriko ditu Basaurira

Maiatzaren 12tik 21era Euskal Astea antolatu du Basauriko Udalak, Bertsozale Elkartea, Kultur Basauri, AEK, Basauriko Udal euskaltegien, HEOIn, Zirt Zart Basauri eta BEAT Basauri elkartearen laguntzarekin

|

Mintzodromoa 2022ko Euskal Astean // Geuria

Maiatzaren 12tik 21era Euskal Astea antolatu dute Basauriko auzoetan. Jarduera mordoa prestatu dituzte 9 egunetan zehar adin guztietako ikusentzuleentzat: Mintzodromoa, bertso-poteoa, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Basauriko Musika Eskolako entzunaldia, Euskal soinu tresnekin disfrutatzeko ikuskizun interaktiboak… euskara herriko kale guztietan entzungo dute herritarrek.

Jarduera guztiak, Social Antzokian antolatuko dituztenak salbu, doakoak izango dira. Mintzodromoaren kasuan, parte hartzeko maiatzaren 15a baino lehen izena eman beharko dute interesdunek Basauriko euskaltegietan. Euskal Astea Basauriko Udalak antolatu du, Bertsozale Elkartea, Kultur Basauri, AEK, Basauriko Udal euskaltegien, HEOIn, Zirt Zart Basauri eta BEAT Basauri elkartearen laguntzarekin.

Maialen Ibarra, San Migelen // Geuria

Egitaraua / Euskal Astea 2023

Maiatzak 12, ostirala

18:00 – 20:00 ‘Euskoklipak’, San Migelgo Gaztegunean

20:00 ‘Lurtarrok’ (helduentzat), Social Antzokia

Maiatzak 13, larunbata

18:00 Festibas: Maialen Ibarra, Brokend eta Semejantes, San Isidro plaza

22:30 – 01:30 Urrats Erromeria eta Euskal Erromeria, San Isidro plaza

Maiatzak 14, igandea

13:00 Erromeria Ibiltaria, Zortziko plaza

Maiatzak 15, astelehena

09:30 / 11:30 / 15:00 Euskal soinu tresnekin disfrutatzeko ikuskizun interaktiboak, Social Antzokia

Maiatzak 16, asteartea

09:30 / 11:00 Euskal soinu tresnekin disfrutatzeko ikuskizun interaktiboak, Social Antzokia

19:00 Musika Eskolako entzunaldia, Musika Eskola

Maiatzak 17, asteazkena

10:00 Ikastetxeen arteko bertso-topaketa, Social Antzokia

Maiatzak 18, osteguna

10:30 – 12:00 / 18:30 – 20:00 Mintzodromoa, Solobarria plaza

Maiatzak 19, ostirala

19:00 Bertso-poteoa, Zortziko plaza

Maiatzak 20, larunbata

10:30 – 13:00 Familia euskaraz jolasean, Solobarria plaza

18:00 – 20:00 ‘Euskoklipak’, Basozelaiko Gaztegunea

20:00 Aukeran dantza: ‘Migratzaileak’, Social Antzokia

Maiatzak 21, igandea

16:00 / 18:30 Pirritx, Porrotx eta Marimotots: ‘Urteak bete, abenturak bizi’, Social Antzokia

☉ Basauri

Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

|

Herritarra, Social Antzokiko inguruko obrei begira // Geuria

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.

“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.

Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik

Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

|

Sidenor lantegiko sarrera Basaurin // Geuria

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.

Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.

Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.

Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.

Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.

Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.

Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.

Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.

Harremana etetea

Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.

Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.

Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak

Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

|

La Basconiako nabeak // Geuria

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.

“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.

Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.

“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.

Hiru gune

Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.

Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.

La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.

2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Haurren aurkako sexu abusuen inguruan solasaldia antolatu dute Basauriko Marienean, Maddi Ane Txoperenarekin

‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute urriaren 29an Marienean. Bertan izango da Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlea

|

Maddi Ane Txoperena 'Ez erran inori' nobelaren egilea urriaren 29an izango da Marienean // Geuria

Haurren aurkako sexu abusuei buruzko solasaldia antolatu dute Marienea Basauriko Emakumeen Etxean.

Sexu Informazio Bulegoarekin elkarlanean, ‘Ez erran inori’ liburuaren aurkezpena egingo dute eta solasaldian parte hartuko du Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak.

Urriaren 29an, asteazkenez, izango da hitzordua 19:00etatik 20:30era Marienean. Saioa doakoa da, baina bertaratzeko interesa dutenek esteka honen bitartez izena ematea gomendatu dute, bestela zuzenean Marieneara hurbilduz.

2022an kaleratu zuen nobela Txoperenak eta Lide du protagonista: haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen, etxean bertan, Donapaleun.

Aurretik, 2020an, Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak urtero antolatzen duten Igartza Saria irabazi zuen Txoperenak ‘Ez erran inori’ nobela proiektuagatik.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basozelaiko haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak

Lanak lau hilabetez luzatuko dira. Estalkia jartzeaz gain, gune horren ondoan erabilera anitzeko pista berria egingo dute

|

Haurren parkea estaltzeaz gain, futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute ondoan dagoen berdegunean // Geuria

Basozelaiko futbol zelaiaren ondoan dagoen haurren parkean estalkia jartzeko lanak hasi ditu Basauriko Udalak. Gainera, futbol-zelaiaren eta jolasgunearen artean dagoen orubean futbolean edota saskibaloian jolasteko erabilera anitzeko pista eraikiko dute.

Lanak aste honetan hasi dituzte eta lau hilabetez luzatuko dira. Udalak 619.520 euro bideratuko ditu esku hartze horietan.

Bestetik, Soloarteko futbol zelaiaren atzealdean dagoen eserleku-eremua estaltzeko lanei ekingo dio laster Udalak. Eta, horrez gain, Solobarria plazan estalkia jartzeko proiektua idazteko kontratua lizitazio-prozesuan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.

“Gure asmoa da udalerriko kirol-eremu eta atsedenleku gehiago estaltzen joatea, basauriarrek aisialdirako gune eta aukera gehiago izan ditzaten urte osoan zehar, baita eguraldi txarra dagoenean ere. Parke, kirol-kantxa, eskola-patio eta banku-eremu gehiago estaltzea izan zen basauriarrekin aginte-planean hartu genuen konpromisoetako bat, eta betetzen ari gara”, esan du Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.

Osorik irakurri