☉ Basauri
Emakume feminista zaharren taldea: «Zainketei buruz errurik gabe hitz egin nahi dugu, epaiketarik jaso gabe»
Emakume feminista zaharren taldea eratu dute Marienean hamar bat lagunek. Hamabostero biltzen dira interpelatzen dizkieten gaiak lantzeko

Feminismoak ez du adinez ulertzen. Feminista gazteak daude, baita feminista zaharrak ere. Eta ildo horretan sortu dute Basaurin Emakume feminista zaharren taldea.
Hamar emakume zahar biltzen dira hamabostero Marienean, eta interpelatzen dizkieten gaiak lantzen dituzte, hala nola, zaintzari dagozkionak. Irene Rodero, Conchi Gomez, Carolina Blanco, Bego Larrea, Delia Sarmiento, Emi Morales, Petra Casas, Itzi Aranbarri eta Maite Velez de Mendizabal dira Basauriko (eta San Migelgo, Galdakaoko eta Aperribaiko) emakume feminista zaharren taldea osatzen dutenak. Hala ere, taldea irekia da eta ateak zabalik dituzte feminista zahar gehiago hartzeko. Eurekin batu gara Marienean.
Emakume feminista zaharren taldea zarete. Noiz eta zergatik erabaki zenuten taldea osatzea? Adineko emakumeen talde gisa sortu zen, gizartean ezarritakotik haratago zahartzaroa nola eraiki eta bizi pentsatzeko. Hainbat gairi buruzko informazio- eta eztabaida-hitzaldiak izan genituen, hala nola, zaintzari eta ongi-bizi feministari, etxebizitza partekatuari buruz. Eta ikastaro hauekin amaitu ondoren, talde autonomo bezala jarraitzea erabaki genuen Marienean.
Zeintzuk dira taldearen helburuak eta lan-ildoak? Bost dira buruan ditugun helburuak: adineko emakume gisa interpelatzen gaituzten gaiei buruz hausnartzea; adineko emakumeak subjektu politiko aktibo gisa ikusaraztea; gure aldarrikapenak beste talde eta erakunde batzuetara eramatea; emakume zaharrei zuzendutako ekintzak antolatzea; eta beste emakume batzuei gure bizitza-esperientzietatik ekarpenak egitea.

Hamabostero batzen da Marienean Emakume feminista zaharren taldea // Geuria
Bada ondoko herrietan zuena bezalako talderik? Guk dakigula, ez. Talde hau Marienean bertan sortu zen eta ez dugu uste inguruko herrietan horrelako esperientziarik dagoenik. Ez dugu ezagutzen behintzat.
Askotan badirudi borroka feminista gaur egungo kontua dela, baina egia esan ez da horrela. Aldarrikapenak ere aldatzen joan dira. Hala da. Azken urteotan, batez ere, kontzientzia soziala lortu dugu. Kalean jarraitzen dugu, eta alderdi politikoek gai feminista beren agendan sartu dutela ere aipatu behar dugu.
Zuen aldarrikapenen artean dago zahartzaroaren egungo ikusmoldea desegitea eta kontrakoa eraikitzea. Zein da zahartzaroaren gaur egungo kontzepzioa? Etxean bertan emakume bat (alaba edo emaztea) zaintzaile izatetik beste eremu batzuetan aktibo izatera igaro gara. Orain oso indarrean dago zahartzaro aktiboa; erretiratuen, espontaneoen edo antolatuen talde asko daude, adibidez, aisialdia kirolari eskaintzeko edo kultur jarduerak egiteko. Zaharren etxeetan ere badira horretan aritzen diren animatzaileak.
Zer egin daiteke kontzepzio hori desegin eta kontrakoa eraikitzeko? Ez gara honekin bakarrik konformatzen. Oso ondo dago eta beharrezkoa da fisikoki sasoian egotea edo kultur jardueretan parte hartzea, hala nola, ikastaroetan, hitzaldietan eta tailerretan, baina ez gara horrekin bakarrik konformatzen. Gizartearen parte gara, eta uste dugu ekarpen handia egin behar dugula emakume militanteen ikuspegitik eta subjektu politiko aktibo garen aldetik. Zahartzaro aktibista eramatea da gure helburua, adineko emakume gisa zuzenean interpelatzen gaituzten gaiak lantzeko, aldarrikatzeko eta borrokatzeko.
“Emakume askok lan-karga handiak dituzte familia-ingurunean oso baldintza gogorretan zaintzen, eta zaintzak familietatik ateratzen direnean eta profesionalizatzen direnean, lan-baldintza oso prekarioak ikusten ditugu etxeko langileengan”
Zaintzari dagokionez, zuek “gauza asko” jartzen dituzue zalantzan egungo ereduari buruz. Zaintza oraindik ere emakumeon gaia izaten jarraitzen duela ikusten dugu. Ikusten dugu gizonak ez daudela eztabaida hauetan. Belaunaldien arteko eztabaida ere egin behar dela ikusten dugu. Zaintzeko betebeharra hautsi nahi dugu, emakumeak kontzientziatzeko prozesuak behar ditugu, gizartean eztabaida eta eraldaketa sakonak eta aurrera egin ahal izateko baldintza materialak. Zainketak ertz asko ditu. Emozio aldetik asko mugitzen gaitu. Zainketei buruz errurik gabe hitz egin nahi dugu, epaiketarik gabe, gai konplexua dela jakinda.
Zaintza ondasun kolektibo eta eskubide unibertsal gisa ulertu behar dela diozue, eta ez dela soilik emakumeen kontua. Emakume askok lan-karga handiak dituzte familia-ingurunean oso baldintza gogorretan zaintzen, eta zaintzak familietatik ateratzen direnean eta profesionalizatzen direnean, lan-baldintza oso prekarioak ikusten ditugu etxeko langileengan; batez ere, barne-erregimenean daudenengan. Bestalde, badira ezinbesteko enpleguak ere, hala nola, egoitzetako langileek edo etxez etxeko arreta-zerbitzuetako langileek egiten dutena, eta horiek dira okerren ordainduak eta aintzatetsiak daudenak.
Zainketak partekatzeko ideian irmo jarri nahi dugu. Zaintzeak ez du zertan emakumeena bakarrik izan. Noiz eta nola zaindu aukeratu nahi dugu, eta horretarako zainketak banatu behar ditugu. Gizonei eskatzen diegu has daitezela gai hau bere egiten, eta dagokien lekua har dezatela. Zainketen antolaketa soziala sakonki eraldatzeko unea da. Gizarte osoaren erantzunkidetasunean sakondu nahi dugu. Horretarako, beste itun sozial bat behar dugu emakumeen eta gizonen artean, belaunaldien artean, zainketak erdigunean jarri ahal izateko. Alternatiba posibleak eta askotarikoak eraiki behar ditugu zahartzaroa nahi dugun bezala bizitzeko eta gure bizitzei buruz eta behar ditugunean zainketak non eta nola jaso erabaki ahal izateko. Zaintza gai politikoa eta giza eskubideen ingurukoa da.
Alde horretatik, zer iritzi duzue adinekoen egoitza-ereduari buruz? Erakundeek zaintzarako eskubidea bermatu behar dute. Pertsonak beren bizi-ziklo osoan zaintzeko behar dituzten baliabideak eta zerbitzuak bermatu behar dituzte, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte. Argi daukagu zaintzak ezin direla negozio bat izan, ondasun publiko bat baizik. Enpresentzat garrantzitsuena zenbakiak dira, eta ezin da etekinik atera beharra eta eskubidea den gauza batetik. Ezin da etekinik atera pertsonen ongizatearen kontura. Administrazioak eginkizun bat du zerbitzu horien kontrolean: instalazioen egoeran, arreta-ereduaren kalitatean, langileen lan-baldintzetan eta kontratuak betetzean.
Marienean elkartzen zarete 15 egunean behin. Zertaz ari zarete? Adibidez, Basaurin bizi diren adineko emakumeen egoeraz hitz egiten dugu, baita cohousing dinamikaz, duintasunez hiltzeko eskubideaz eta aurretiazko borondateen dokumentuak lantzeko moduaz ere. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) araudia lantzen ari gara, Udalari proposamenak egiteko.
Zer eskaintzen dizue Marieneak maila pertsonalean zein taldean? Erabateko estaldura eskaintzen digu eta beste emakume-talde batzuekin gogoeta egitea errazten digu.
Adibidez, Kiskali Gazte Talde Feministarekin. Hala da. Oso harreman ona dugu haiekin, eta elkarrekin lan egiten dugu Basauriko Asanblada Feministan, M8a eta A25a prestatzen eta greba feministaren antolaketan.
M8ari begira, zer antolatu duzue? Martxoaren 21ean, 18:00etatik 20:30era ‘Emakume zaharren gorputzean jokatzen ari da berdintasuna’ hitzaldia antolatu dugu. Martxoaren 8ko elkarretaratzean ere parte hartuko dugu (13:00, Azaroak 25 plazan).
☉ Basauri
Herri Krosa izango da azaroaren 2an Basaurin: izena emateko epea gaur arte dago zabalik

Basauriko Herri Krosaren 43. edizioa izango da azaroaren 2an, igandez.
Irteera eta helmuga Artunduaga kiroldegia izango dira eta kategoriaren arabera irteera-ordutegi eta distantzia desberdinak egongo dira:
- 10:15. 2020-2025 urteetan jaiotakoak: 400 metroko lasterketa
- 10:30. Kategoria absolutua: 11 kilometro
- 10:35. 2014-2015, 2012-2013 eta 2010-2011 urteetan jaiotakoak: 3,5 kilometroko lasterketa
- 10:40. 2018-2019 eta 2016 eta 2017 urteetan jaiotakoak: 1,2 kilometroko lasterketa (atletismo pistari 3 itzuli)
Basauriko Herri Krosean parte hartzeko izena ematea zabalik dago kirolprobak.com webgunean gaur arte, urriaren 29ra arte, 23:59ak arte.
San Jose Ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak eta Kukurrustu Kirol Klubak antolatzen dute Basauriko Herri Krosa.
☉ Basauri
Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat lehiatuko dira larunbatean, Rockeineko finalean
Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz

Larunbat honetan, azaroaren 1ean, izango da Rockein lehiaketako finala, Basauriko Social Antzokian. Bertan, Azeituna con huesos, Keax, Reeler, Jaimones, Kruddö eta Silkat bandak lehiatuko dira. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapen bidez egingo da, Social Antzokiko webgunetik eskuratuz.
Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 13. edizioaren finala izango da aurtengoa.
Azeituna con Huesos talde gipuzkoarra (elektronika, popa, jazza); Keax hirukote bizkaitarra (The Owl Project taldeko kide ohiak, LCD Soundsystem edo Ratatat bezalakoen eraginekin); eta Bilbon egoitza duen Reeler rock alternatiboko laukotea, Bizkaiko, Poloniako, Ingalaterrako eta Irlandako musikariek osatua, dira Rockeinen 13. edizioko sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak.
Eskualdeko hautagaiak
Beste hiru talde finalistak Jaimones (70-80 hamarkadako rock amerikar laukotea, Basauriko kide batekin), Kruddö, rock gogor eta stoner bikotea, Jon Ander Santamaría bermeotarrak eta Txaber Miravalles etxebarriarrak osatua; eta dira Silkat, indie rock hirukotea, Bilbo eta Galdakaoko musikariekin eta The Cure edo Radiohead taldeen eraginekin.
Azken hiru talde hauek Hego Uribeko artistarik onenari saria lortzeko aukera izango dute, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat gutxienez duten proiektuak saritzen baititu.
“Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (‘Bizkaia saria’, ‘Artistarik onena euskaraz’ eta ‘Eskarabilera saria’, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak”, azaldu dute antolaketa taldetik. Rockeinen 2025eko edizioan 196 artistak eman dute izena, 10. urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.”
Emakumeen esperientziaren hitzaldia
Azaroaren 6an, MAZ Basauri jaialdiaren bezperan hain zuzen ere, ‘Emakumeak eta industria musikala’ topaketaren bigarren emanaldia hartuko du Marienean Basauriko Emakumeen Etxeak (Kareaga Goikoa, 54).
Iaz lehen edizioa izan zen eta Rockeinek, MAZ Basaurik eta Marieneak urtero antolatzen duten hitzaldia da, eta helburua musikaren industriako emakumeen esperientziak beste emakume batzuekin partekatzea da, “sektorean eta eszenatokietan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko”, hain zuzen ere.
Aurtengo gonbidatuak La Furia artista nafarra, Ibone Iza BIME Proko edukien arduraduna eta Maite Alaña MAZ Basauri eta Rockeineko zuzendaria izango dira eta Emilia Arias kazetari eta idazleak (TVE, Pikara Magazine) gidatuko du hitzaldia.
Egitaraua | Rockein finala 2025
Larunbata, azaroak 1
20.30 (ateak irekitzea)
Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 Silkat
21.30 Kruddö
22.00 Jaimones
Kategoria nagusia
22.40 Azeituna con huesos
23.10 Reeler
23.40 Keax
00.15 Sari-banaketa
☉ Basauri
Basauriko Social Antzokiko zubia itxiko dute ibilgailuentzat, San Faustoko obrengatik
Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute zubian

Urriaren 28tik (asteartetik) azaroaren 9ra bitartean ibilgailuen trafikoa moztuko dute Social Antzokiko zubian, San Fausto plaza berria eraikitzeko lanak direla eta.
“Egun horietan zehar, zubiko galtzada handituko dute, eta Autonomia kalekoa ere bai, elizaren eta A25 plazaren aurreko zatian”, azaldu dute udal ordezkariek. Hori dela eta, denbora tarte horretan ezingo da Autonomia kaletik udaletxerantz biratu, eta udaletxe eta Kareaga Goikoa kaleen arteko bidegurutzetik Arizgoitira jaitsi ere ez.
Gainera, Basauriko Udaletik iragarri dute azaroaren 4tik 9ra Autonomia kalean itxita egongo dela Begoñako Andra Mari eta Nagusia kaleen arteko zatia.
☉ Basauri
Sidenorreko presidentea ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik
Jose Antonio Jainaga ikertzeaz gain, zuzendaritzako beste bi kide ikertuko dituzte, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik

Jose Antonio Jainaga Sidenor enpresako zuzendaria eta beste bi kide ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Israelgo arma enpresa bati altzairua saltzeagatik.
Zehazki, kontrabandoagatik eta gizateriaren aurkako delituan parte hartzean konplize izateagatik ikertuko dituzte hiru enpresariak.
Ikerketa Francisco de Jorge epaileak zabaldu du, Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkartearen kereila baten ondorioz.
Hain zuzen ere, Sidenorrek Israel Military Industries (IMSI) konpainia israeldarrari altzairua saldu diolakoan zabaldu du epaileak ikerketa.
Epailearen ustez, Basauriko enpresako zuzendaritzako kideak “erabat jakitun” ziren saldutako materiala armak ekoizteko erabiliko zela.
Momentuz, ez dute Sidenor Aceros Especiales enpresa osoa ikertuko. Gertakariak Clerbil SL merkataritza-sozietateari ere egotz dakizkioke, sozietate horrek baitu Sidenor Holdings Europa sozietatearen administratzaile bakarraren kargua.
Hala ere, epaitegiak uste du oraingoz ez dela bidezkoa Sidenor Aceros Especiales SLU merkataritza-sozietatea pertsona juridiko ikertu gisa hartzea. Alegatutako arrazoia da enpresa horretako langileek zeregin aktiboa dutela eta salaketa publikoa egiten laguntzen dutela, bai eta ustezko delitu-jarduerarekin jarraitzea eragozten dutela ere.
Kasu horretan, epaileak Europako zuzentaraua eta arauhausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonen babesa arautzen duen legea aplikatzen ditu erabaki hori hartzeko.
Harremana etetea
Sidenorrek uztailean adierazi zuen salmentak eten zituela Israelekin. BDZ mugimenduaren (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) eta sindikatuen kritiken ostean eten zuen harremana Sidenorrek Israelekin.
Hain zuzen ere, ekainean GEURIAn eta beste hedabide batzuetan zabaldu genuenaren arabera, Sidenorrek 1.207 tona altzairu saldu zizkion IMI Systems armagile israeldarrari, 2024ko abuztutik.
Enpresaren arabera, Israelekin salmentak eten zituen, “joan den apirilean Espainiako Gobernuak herrialde horri salmenta-kontratua etetea erabaki ondoren”. Aurretik, ordea, Sidenorrek, epailearen autoaren arabera, ez zion salmentarako beharrezko baimenik eskatu Espainiako Gobernuari.
☉ Basauri
La Basconiako nabeen birgaitze-proiektua idazteko kontratazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak
Nabeak birgaitu ondoren, parte-hartze prozesua jarriko du martxan Udalak zehazteko zein jarduera kultural edo artistiko egin bertan

La Basconiako industria-nabeak birgaitzeko proiektua idazteko kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatzeko lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 220.825 eurokoa da, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa. Birgaitze-lanek Kultura Ministerioaren dirulaguntza jasoko dute; 4 milioi euro, zenbait urtetan banatuta.
“Nabeen eraikuntza-antolamendu egokia dela eta, proiektuak egitura metaliko errematxatua mantentzea aurreikusi beharko du. Zoladurari dagokionez, berria egingo dute. Eta, bestalde, fatxadak desmuntatu, eta berriak jarriko dituzte”, diote udal arduradunek.
Obren lehen faseari dagokionez, nabeak birgaituko dituzte: egitura sendotu, eta orubea zolatuko dute, plaza publiko estalia bihur dadin.
“Gero, analisi tekniko eta herritarren parte-hartze prozesu baten ostean, zehazkiago erabakiko da eremu hartan zein jarduera egingo diren, baina, edozelan ere, jardun kulturalak edota artistikoak izango dira”, diote udal ordezkariek.
Hiru gune
Hiru nabe birgaituko ditu Udalak: 125 metro luze eta 57 metro zabal. “Hiru nabeen azalera 7.125 metro karratu da, ia-ia San Mames futbol-zelaiaren bestekoa (7.140 metro karratu); beraz, azpiegituran gune desberdinak egon ahalko dira, erabilera kolektiboetarako”, diote.
Udalaren helburua da nabeak birgaitu ondoren sortuko den espazio berria lotunea izatea eremu hartan eraikiko dituzten etxebizitzen eta ekonomia-jarduerako gunearen artean, “eta basauriarrentzako erreferentziazko tokia ere bihurtu dadila”.
La Basconiaren industria-nabeak SEPESen lurretan daude. Erakunde horrek orubeok erosi zituen erabilera mistoko hirigintza-jarduketa abiarazteko, eta, horren barruan, eremu bi garatuko dituzte: ipar-mendebaldekoa, ekonomia-jardueretarako, eta ipar-ekialdekoa, etxebizitza- eta merkataritza-erabilerarako.
2024ko martxoan, SEPESek doan laga zizkion nabeak Basauriko Udalari. Erakunde biek sinatutako lagapen-kontratuak ezartzen du nabe horiek erabilera publikoko edo gizarte-intereseko xedeetara bideratuko direla. “Adibidez, tokiko artearen eta kulturaren zabalkundea, euskara, hezkuntza-jarduerak, gizarte-izaerakoak eta enplegua sustatzera zuzendutakoak”, diote.










