Elkarrizketak
Austarri Kultur Elkartea: «Herriaren ondarea, memoria, eta komunitatea lantzen ditugu Austarrin»
Aurtengo ospakizunaren helburua ‘Austarri’ hitzaren esanahia aztertzea izango da. Horretarako, Austarri Mendi Taldearekin elkarlanean, jarduera berezia prestatzen ari dira ikasturte berriari begira

Austarri-Korta Kultur Elkarteak mende laurdena bete du aurten, eta momentura arte egindako ibilbidea ezagutzeko elkartu gara bertako kideekin. Bidean argi ilunak egon badira ere balantzea “positiboa” dela azpimarratu dute Zeberioko elkartetik. Aurtengo ospakizunaren helburua ‘Austarri’ hitzaren esanahia aztertzea izango da. Horretarako, Austarri Mendi Taldearekin elkarlanean, jarduera berezia prestatzen ari dira ikasturte berriari begira.

Austarriko kideak, jaietako limonada prestatzen // Geuria
2000 urtean ipini zen martxan Austarri Kultur Elkartea eta aurten mende laurdena bete du. 25 urte asko dira Zeberio bezalako herri batean kultur ekintzak antolatu eta laguntza lanak egiteko. Nolako balantzea egiten dozue egindako ibilbideari begira? Austarri Kultur Elkartea eratzeko lehenengo urratsak 1997ko udazkenean hasi ziren. Zeberio herrian, garai hartako kultur eskaintza nahiko urria zela pentsatzen zen. Hori dela eta, deialdi zabal bat egin zen talde kultural eragile bat herri mailan antolatzeko asmoz.
Batzar horretan, gure elkarteak eduki behar zituen helburuak, ekintza motak, karguak, izena… lantzen hasi zen. Hiru urte beranduago, 2000 urtean, elkartea Zeberion eratu zen. 2001eko otsailaren 19an, Eusko Jaurlaritzak formalki onartu zuen Elkarte Errolda Nagusian sartzea Zeberioko Austarri-Korta Kultur Elkartea. Ikasturte honetan, 25. urteurrena ospatuko dugu. Balantzea egiterakoan, argi ilunak egonik ere, emaitza orokorra positiboa da. Urte hauetan, lanean aritu gara, ideiak proposatzen, jarduerak antolatzen, eta herriari ekarpenak egiten.
Austarri Elkartea, herrian erreferente kulturala da, oso ezaguna, aktiboa, eta herrigintzan inplikatutakoa. Ondarea, memoria eta komunitatea lantzen dituen elkartea gara, eta horretan jarraitzen dugu gaur egun ere, ilusioz eta gogoz. Urte hauetan, guk antolatutako ekintzetan, jendearen partaidetza eta babesa izan ditugu eta honek erakusten du gure ekimenek zentzua dutela. Horrez gain, Austarri, Zeberioko sare kulturala sendotzeko herriko beste erakunde, talde eta elkarteekin lankidetzan aritzen da.
Hasieran adostutako helburuak bete dituzue? Gure elkartearen helburu nagusiak bai lehen bai orain, ondoko hauek dira eta urte hauetan neurri handi baten bete direla pentsatzen dugu: Zeberioko ondare naturala eta kulturala berreskuratzea, gaurkotzea eta balioan jartzea; horrekin batera, ondare sozio-historikoa ikertzea eta ezagutaraztea; herrian, giza topaguneak sortzea komunitate-sarea sendotzeko; herritar guztiei zuzendutako jarduera kulturalak antolatzea; euskera eta euskal kultura giza-bizikidetasun tresna bihurtzea.
Elkarte bat beharrean “lagun talde bat bezala” lan egiten duzuela esaten duzue. Bai, hala da. Denborarekin harremanek eta lanek sortu duten lagun talde bat gara. Urte hauetako elkarlanak eta partekatutako momentuek elkartu gaituzte. Egun, esan genezake ez garela soilik elkarteko bazkideak, baizik eta elkarrekin gozatzen duen talde bat.
Horrek ere, elkartearen giroan eta proiektuen arrakastan eragin zuzena izan du, izan ere, giro on eta konfiantza giro batean lan egiteak gauzak askoz errazago egiten ditu. Partaidetza giro eta eredu honek herrian eragina duela pentsatzen dugu.
Zenbat kidek osatzen dute elkartea gaur egun eta nolakoak dira pertsona horiek? Gaur egun, Austarri Elkartea 55 familia inguruk eta norbanakoek osatzen dute, eta profilak anitzak dira. Denak Zeberiokoak, denak euskerarekiko eta kulturarekiko sensibilitatea daukatenak. Kuoten bidez, ekonomikoki, Elkarteari laguntza luzatzen diote. Azpimarratzekoa da urtero bizpahiru bazkide berrik izena ematen dutela.
Bi motako ekitaldiak egiten dituzue: ohikoak eta ez-ohikoak. Azaldu zeintzuk diren horiek eta zeintzuk diren bakoitzak dituen berezitasunak. Lehenengo urteetan, galderan agerten direnak ziren ohikoenak, esaterako, Santa Ageda eskean, zenbait auzotako ekintzak, Zeberioko herri-mugarriak ikustatzeko ibilbidea, bertso-bazkariak, eta abar. Gaur egun, bi eratako ekarpenak egiten ditu Austarrik: batetik, berak bakarrik eraturikoak (perretxiko erakusketa, txosna montatzea abenduko azokan, Austarri Jaia, ibilbide naturala-kulturalak, hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak, umeei zuzendutako ekintzak), eta bestetik, Zeberioko beste taldeekin elkarlanean antolatutakoak (karnabalak, Korrika, Euskararen Eguna, Abendu Kulturala).

Pregoia irakurri dute aurtengo sandonietan // Geuria
Jarduera ez-ohikoen artean, joan den uztailean Zeberioko sorgiñen memoria historikoa lantzen zuen ibilbidea antolatu zenuten Areiltzatik Zeberioganara. Nolako jarduera izan zen? Aurtengo uztailaren 6an, igandean, orain dela lau urte egindako ibilbidea errepikatzeko eskatu zigun auzokide talde batek, eta ‘Zeberioko sorginen ondare historikoen ibilbide kulturala’ antolatu genuen. Jarduerak harrera ezin hobea izan zuen, 60 pertsonak parte hartu zutelako.
1556an sorgintzat joak izan ziren Zeberioko 23 personen kontrako auziari buruzko dokumentuen aurkezpena egin genuen: sorgintzat salaturiko pertsonen identifikazioa, gainerako inplikatuak (salatzaileak, lekukoak), delituen zerrenda, baserrien eta lekuen izenak, orduko ohiturak… Ondoren, auzian agertzen diren auzo batzuetako pasarteak ezagutzeko aukera egon zen: salaketa zehatzak, ondasunen bahiketa, pertsonak atxilotzea eta Bilboko kartzelara eramatea. Azken batez, argi gelditu zen ondare “sorgindua” gaiak herrian interesa pizten duela.
Nolakoa da elkartearen jarduerak programatzeko prozesua? Gure jarduerak programatzeko prozesua elkarlanean oinarritzen da. Batetik, kulturgintza arloko eskaintzak eta prezioak ikusten ditugu; bestetik, inguruko herrietako kultur-programazioaz ohartzen gara, hau da, beste leku batzuetan egiten diren jarduerak ere begiratzea gustatzen zaigu. Azkenik, elkartu eta bakoitzak bere ideiak proposatzen ditu. Batzuetan zaila da ekintza berriak, bariatuak eta motibagarriak bilatzea. Baina gure batzarretan horiek bilatzen aritzen gara. Taldean pixkanaka-pixkanaka, adosten da urteko programazioa, eta ia hilabetero zerbait egiten saiatzen gara. Hala ere, beti ez da posible aurretik programatutakoa guztiz betetzea, eta askotan, urtean zehar aukera berriak sortzen dira: interesgarriak iruditzen zaizkigunak, eta gure helburuekin bat datozenak, aurrera eramaten ditugu. Baina beti, edo gehienetan, saiatzen gara herriarentzat eta parte-hartzaileentzat zentzua duten ekintzak proposatzea.
“Beti, edo gehienetan, saiatzen gara herriarentzat eta parte-hartzaileentzat zentzua duten ekintzak proposatzea”
Nolakoa da Udalaren inplikazioa zuen proiektuak gauzatu ahal izateko? Azken 25 urteetako balantzea egiten ari garenez, ulertu behar da tartegune luze honetan udal-legegintzaldi bakoitzeko alkate eta zinegotzien kulturarekiko sentsibilitatea ez dela berdina izaten, eta inoiz, kontrakoa ere bai. Eta jakina, horrek eragiten du Udalaren inplikazio desberdindua izan dela. Edozein modutan, Udalaren ardura erabatekoa da Zeberio bezalako herri txiki bateko kulturgintza eremuan: diru-laguntza garaiz luzatzea, lokalak erraztea, gainerako baliabide materialak eskura uztea… hori guztiori, gure urteko plangintza aurrera eramateko garrantzitsua da.
Beraz, Udalari dagokionez, batetik, laguntza ekonomikoa ematen digu, eta bestetik, Udalak kudeatzen dituen lokalak uzten dizkigu gure jarduerak egin ahal izateko, eta hori oso lagungarria da guretzat. Eta horrez gain, urtero, behin baino gehiagotan, oso ederra izaten da Udalaren, Austarriren eta herriko gainerako elkarteen arteko lan komunean jardutea: ihauterietan, jaietan, euskara egunean, Korrikan, Abendu kulturalean…2023-27 legegintzaldi honetan, Udaletik babes osoa sentitzen dugu, haren hurbiltasuna eta babesa erakusten dizkigu. Hori guztia oso eskertzekoa da, eta uste dugu elkarrekin lan eginez gero, gauzak askoz hobeto ateratzen direla.
Nolako harrera dute Austarrik antolatutako ekitaldi horiek herritarren artean? Oro har, herrian gure jarduerek harrera ona dute, batez ere ondarearekiko loturik dauden ekintzak: hitzaldiak, erakusketak, irteerak… Eta bereziki arrakastatsuak, umeei zuzenduriko ekitaldiak: magoak, zirkoa, tailerra, ipuin-kontalaria… Austarrik lortu du herrian ezaguna izatea, jendeak gure lana baloratzea eta gainera gure jardueretan parte hartzea. Urte hauetan zehar, presentzia eta konfiantza irabazi ditugu, eta hori nabari da.
“Gure jarduerek harrera ona dute herrian, eta bereziki arrakastatsuak dira umeei zuzenduriko ekitaldiak”
Nolako jarduerak prestatu ditu Austarri Kultur Elkarteak ikasturte berriari begira? Austarri Elkartearen 25 urtemuga denez, Austarri Mendi Taldearekin elkarlanean egingo dugun jarduera garrantzitsu bat, eta da, elkartearekin identifikatzen den ‘Austarri’ izenaren jatorria azaltzea izango da. Austarrirekin batera, Gorbeia-Ganekogorta bitartean dauden 200 kortabasoei buruzko hitzaldia eta argazki erakusketa egongo da. Agian, argitarapen bat edo. Horrez gain, hurrengo egunean, Zeberioko eta Arteako dozena erdi bat kortabasoetatik ibilbidea burutuz, euren austarriak ikustatzeko aukera egongo da. Beharbada, ikasturte honetako ekimenik garrantzitsuena izango da.
Zeintzuk dira urtean zehar antolatzen dituen jarduera arrakastatsuenak? Jendearen parte-hartze handiena duten jarduerak, eta gure ustez garrantzitsuenak ere bai, Zeberioko historia, bizilagunak edo gure inguruko ondare naturala azaltzen dituztenak dira: irteerak, hitzaldiak edo erakusketak, esaterako. Jendeari asko gustatzen zaio Zeberiori buruzko gauzak jakitea, eta uste dugu horrela bertako balioak azpimarratzen ditugula. Askotan, altxor handiak ditugu gure inguruan, baina oharkabean pasatzen dira, eta jarduera hauek balioa ematen diete, eta herritarrek begirada berriz jartzen dute gertukoan. Horrek lotura sortzen du herriarekin, eta horregatik, jarduera horiek izaten dira arrakastatsuenak eta esanguratsuenak guretzat.

Zein izan da zuentzat momentura arte antolatutako jarduera bereziena? Ez da erreza Austarriren mende laurdenaren ibilbidean bakarra aukeratzea: ehundaka ekintza antolatu ditugu eta jarduera bakarra aukeratzea zaila da. Haurrak eurei zuzendutakoak aipatzearen aldekoak dira, batez ere, magoen lilura. Beste askorentzat, berriz, menditik astoarekin opariz beteta datorren Olentzeroren jaitsiera da une disdiratsuena.
Jendearen arabera, nabarmendu beharreko jarduera bat 2008ko urriaren 8an egindako Zeberioko errege galtzadatik egindako ibilbidea izan zen. Ugaoko Harrizkozubin hasi zen eta amaitu Arteako Sarasolako mugetan. Astoa, zaldiak eta gurdia eraman genituen. Eta bidez batez, umeentzat argazki lehiaketa bat eratu zen, errepideaz (‘erret’ eta ‘bidea’ berben nahasketa) dokumentuak azaldu eta irakurri ziren, eta 44 orriko liburuxka bat atera zuen elkarteak.
Ikuskizun modura, agian, bereziena, Upoko Armiñeta leizera egindako 30 lagunen jaitsiera izan zen: haitzulo osoa argiztaturik egon zen, eskailerak montatu, arnes, argi-frontalak, barru-barruko altuerak eta distantziak…
Mende laurdena igaro da elkartea jaio zenetik. Nolako aurreikuspena egiten duzue datozen 25 urteei begira? Austarri Elkarteak azken 25 urte hauetan Zeberio herriari egin dion kultura eskaintzan, ezaugarri jakin batzuk markatu eta sendotu ditu: formato txikiko ikuskizunak bultzatzea, hilabetero ekitaldi bat edo egotea, belaunaldi guztiei zuzenduak izatea, ekintzak dohainik ateratzea (zehazki baina ez soilik, umeei begira), edota, ahalik eta merkeenak montatzea, eskaintza zabala eta bariatua izatea (hitzaldi, irteera, tailer, ikastaro…).
Egia esan, gure artean egon badago, ideia mailan sikeran, hurrengo urteetan martxan jarri daitekeen proiekturik. Bereziki ondare kulturalari dagozkionak dira, baina horiek aurretiaz Elkartearen barruan proposatzea, eztabaidatzea eta adostea gustatuko litzaiguke.
Esaera zaharrak dioenez, “aurreak erakusten atzeak nola dantzatu” pentsatzen dugu, batetik, arestian aipaturiko ezaugarri horiek hurrengo urteeetako dinamikan ere kontuan hartzekoak direla. Bestetik, denborak, zaletasunak, modak eta abarrek garaian garaiko berezitasunak inposatzen dituzte, eta hor sartzekoak dira sare digitalaren aroa, bizitza pribatuari ematen zaion garrantzia eta bizitza komunitarioaren arteko osogarritasuna…
Azkenik esan, Austarriren kasuan, beste edozein giza-talde edo elkarte moduan, denboraren joan-etorriak zuzendaritza inguruko partaideak ere aldatu beharra inplikatzen duela. Ondo legoke hurrengo 25 urtetarako, gure herriko kultur proiektuetarako pertsona gazte, ilusio berritzaile eta motibaturik aurkitzea.
Bitartean, jarraituko dugu bai Zeberioko ondare naturala eta kulturala balioan jartzen eta ezagutarazten, eta bai, elkarrekin topaguneak sortzen eta gozatzen.
☉ Zeberio
Bideoa | Joserra Ortiz de Vallejuelo: «Gure elkarteak Estatu mailan eta nazioartean kokatuko du Zeberio»
CARBI irrati kontrol elektrikoko auto elkartea Arrankudiagan jaio zen eta Bilbotik igaro ostean Zeberioko Ermitabarri auzora heldu da. Proiektua aurrez aurre ezagutu dugu

Jose Ramon Ortiz de Vallejuelorekin (Bilbo, 1967) elkartu gara Ermitabarriko apartamentu turistikoen ondoko lursail batean urte hasieran montatu zuten Bilboko Erradiokontrol Automodelismo Klubaren inguruan berba egiteko. Zer da? Nondik dator? Zergatik Ermitabarrin? Jose Ramonek Zeberioko auzoko pistan hitzartu gaitu galdera horiei guztiei eta beste batzuei erantzuna emateko.
Elkartea 1995ean jaio zen, eta egoitzak Arrankudiagan eta Bilbon izan ostean nora eta zeberiora heldu da. Elkartearen ateak zabalik daude bertan parte hartu nahi duen edonorentzat.

Nola sortu zen irrati kontrol elektrikoko auto Carbi elkartea sortzeko ideia? 1995ean sortu zuen automobilismoa maite duen lagun talde batek, eta Eusko Jaurlaritzan legeztatzea erabaki genuen une hartan. CARBI hitzak ‘Bilboko Erradiokontrol Automodelismo Kluba’ esan nahi du (‘Club Automodelismo Radiocontrolado Bilbao’, erdaraz).
1/10tt eta 1/8tteco autoak erabiltzen dituzue. Zer esan nahi du horrek? Autoaren tamainainari egiten dio erreferentzia, benetako auto baten 1/1 eskala oinarri hartuta. Hau da, benetako auto bat baino 10 aldiz txikiagoak dira elkartean erabiltzen ditugun ibilgailuak.
Zuen elkarteko auto guztiak elektrikoak dira. Zergatik baztertzen dituzue gasolinazko RC klasikoak? Funtsean, ingurumen kutsadura, zarata eta emisio-gasak saihesteko. Zentzu horretan etorkizuna elektrikoetan dago.
Hasiera batean proiektua Bilbon sortu zen baina Zeberiora aldatu zen. Zergatik? Arrankudiagan hasi genuen gure proiektu hau, 1996an. 2001ean Bilbao Kirolak taldearen eskutik errekaldera lekualdatu ginen. 2008an, txurdinagako kiroldegira mugitu gintuzten, koronabirusak jarduera eten zigun arte. Kirol-jarduerak bilbon hasi zirenean, instalazioak hondatuta zeuden eta Bilbao Kirolakek ez zituzten eraberritu nahi izan. Orduan, beste kokapen bat bilatzea eta proiektua gure kabuz kudeatzea erabaki genuen. Zeberio aukeratu genuen, Ermitabarri auzoko lursail bat alokatzeko aukera eskaintzen zigutellako, eta kokapena ezin hobea iruditu zitzaigun.
Kontraste handia dago Bilbo eta Zeberio artean. Zein ekarpen egiten dio Ermitabarri auzoak zuen jarduera garatzeko orduan? Argi dago kontrastea dagoela, batez ere mugikortasunari dagokionez, Bilbon metroaren sarrera zirkuituaren ondoan genuelako. Ermitabarrin, aldiz, lasaitasun handiagoa dago eta bandalismoaren arrastorik ez dago Bilborekin alderatuta. Gainera, inguru zoragarria da.
Zer da Ermitabarrin muntatu duzuena, zirkuituaz gain? Irrati-kontrol elektrikoko zirkuitu bat da, eta modulu bat ipini dugu bertan. Modulu hori pilotuentzako kronometraje-etxola eta box estaliak dira.
Nola hartu zaituzte herri berri honek? Oso ondo, zeberioztarrentzat elementu ezezaguna ginen, baina orain jendea pozez zoratzen dago udalerrian kirol-jarduera bat gehiago izateaz, haurrak eta ez hain haurrak kirol polit honetaz gozatzera eraman ahal izateko.
Nolako jarduerak egiten dituzue bertan? Gure klubean Espainiako txapelduna eta 1/10tt kategoriako Europako txapeldunordea izateko zortea dugu. Bertan entrenatzen eta prestatzen ditu bere nazioko eta nazioarteko lehiaketak, eta Bizkaiko txapelketa ere egiten dugu.
Ermitabarriko instalazioez gain, pistetatik kanpo egin daitekeen zaletasuna da da honako hau, edo araudi espezifikoren bat dago? Autoak leku gehiagotan erabil daitezke, baina egokiena horrelako instalazio batean egitea da, segurtasunagatik eta ahalik eta gozamen handienarekin.
Zer ekitaldi eta lehiaketatan parte hartu duzue elkartea sortu zenutenetik? Espainiako 15 txapelketa eta Europako bat antolatu ditugu 2009an txurdinagako kiroldegian. Bertan 18 herrialdetatik etorritako 300 pilotu baino gehiago bildu ziren. Benetan arrakastatsua izan zen, bai Bilborentzat eta baita, eragin mediatikoari dagokionez: estatu mailako hainbat hedabidetan emititu zen Bilbon bizitako esperientzia hura.
Zure kasuan, Joserra, nolakoa izan zen zaletasun honekin izan zenuen lehen kontaktua? 1996an erosi nuen nire lehen irrati-kontroleko autoa eta harrezgeroztik nabil mundu honetan murgilduta. Zoragarria izan zen Fernando Alonso pilotoa tamaina txikian emulatzea. Esan behar dut gustatuko litzaidakela zaletasun honi denbora gehiago eskaintzea, baina gaur egun asteburuekin konformatzen naiz.
Edonorentzat eskuragarria al da zaletasun hau? Hobby hau bizikleten munduarena bezalakoa da: bertan 150 eurotik aurrerako inbertsioak egin daitezke. Mugak erabiltzaileak berak zehazten ditu.
Zein da CARBIren helburua gaur egun? Gure jarduera zabaltzea eta praktikatzeko leku bat izatea.
Elkartea zabalik al dago kide berrientzat? Bai, noski! bazkideek 120 euroko kuota ordaindu behar dute eta horrekin instalazioetarako sarbidea dute.
Diru horrekin instalazioaren mantentze- eta alokatze-gastuei aurre egiten diegu, gastu guztiak guk ordaindu behar ditugulako eta hasierako inbertsioa handia izan delako: moduluak, hesiak, belar artifiziala, hodiak etab.
Aurrera begira, zer nolakoa da ikasturte honetarako egutegia? Hilean behin, Bizkaiko Txapelketaren lasterketa bat antolatzen dugu. Bertan, pilotuak etortzen dira beste probintzietatik, Frantziako hegoaldetik… Hori dela eta, honek guztiak herriko ostalaritzari mesede egiten dio, eta gainera Estatu mailan zein nazioarteko mapan kokatzen du Zeberio. Azken, batean, publizitatea da herriarentzat. Laburbiltzearren, uste dut ona dela herriarentzat gu bertan egotea.
Elkarrizketak
Paula Camison Quintana: «Airean flotatzen duzula sentitzean zure pentsamendu guztiak desagertzen dira»
Paula Camisonek aireko akrobazietan aurkitu du bere gorputzaren eta buruaren arteko oreka. Gizarte-hezitzailea lanbidez, trapezioan eta oihaletan aurkitzen du askatasuna

Txikitatik tximino moduan ibiltzea gustatzen zitzaion, eta orain, trapezioan kulunkatzen da Paula Camison Quintana (Basauri, 1996).
Argentinan ezagutu zuen aireko akrobazien mundua, eta ordutik artearen eta kirolaren arteko diziplina horretan aurkitu du bere espresio modurik sakonena.
Paularen hitzetan, “airean flotatzen duzula sentitu eta zure pentsamendu guztiak desagertzen dira”. Hori da akrobazia bakoitzaren magia bere ustez, eta magia horrek harrapatuta bizi da ordutik hona, lurraren eta airearen artean.
Aireko akrobaziak egiten dituzu, Paula. Nola hasi zinen mundu honetan eta zergatik? Txikitatik gustatu zait tximino moduan zintzilikatzea. Eskalda egin nuen txikitan, gurasoek gustoko zutelako eta teknika ondo ikasteko. Behin baino gehiagotan joan nintzen “Cirque du soleil” ikustera eta txundituta, maiteminduta geratu nintzen akrobazia horiekin. Gainera, Argentinan Erasmusean nengoela duela zazpi urte, lagun bat ezagutu nuen aireko akrobazia irakaslea dena, eta noizbait probatzera eraman gintuen. Hor mundu berri bat ezagutu nuen.

Aurtengo San Migeleko jaietan // Utzitakoa
Orduan, Argentinan izan zenuen zure lehen esperientzia. Hori da. Probatu nuen lehengo aldia Argentinan izan zen. Bertan zirku eskola ugari daude. Euskal Herrira itzuli nintzenean, nire amaren lagun batek aireko akrobaziak egiten zituen, eta berarekin elkartu nintzen. Berak esan zidan zer eskola nituen gertu probatu ahal izateko, eta ez nuen zalantzarik izan.
Zer izan zen gehien erakarri zintuena akrobazietara? Adierazpen artistikoa gorputzarekin, indarrarekin eta malgutasunarekin konbinatu ahal izatea. Airean flotatzen duzula sentitu eta zure pentsamendu guztiak hor goian desagertzen direla. Momentu hori deskribaezina da niretzat.
Gogoratzen duzu zure lehenengo aldia oihal edo trapezio batean? Nire lehen aldia Argentinan izan zen, oihal batekin. Gogoan dut asko kostatzen zitzaidala oihalari heltzea. Sentsazio bitxia zen ez baita barra bat hartzearen bezalakoa, zure behatz guztiak estutu eta tenkatu egiten dira. Zapuztu egiten ninduen, trikimailuak ez zitzaizkidalako erraz ateratzen. Hurrengo egunean gihar-mina izaten nuen. Baina berriro saiatzeko gogotsu nengoen, eta ez nuen etsi.
Esan didazu Argentinan zirku eskola ugari daudela. Zer aurkitu zenuen bertan, hemen falta dena? Zirkuaren munduan murgilduta zegoen jende asko aurkitu nuen, kalean eskola irekiak egiten zituzten autodidaktak. Eskaintza handia zegoen Argentina osoan, baita Latinoamerikako beste herrialdetan ere, hala nola, Txilen edo Brasilen. Zirku eskola asko daude, hemen baino ezagutza gehiago edo behintzat kontzientzia handiagoa dute arte honi buruz, askoz barneratuago daukate.

Argazkia: Utzitakoa
Zirku giroaz gain, zer beste gauza egin zenituen Argentinan? Zer ikasi zenuen bertan? Kultura salteñoa (tradizio indigena eta hispanoen mestizajea da, bere espiritualtasun bereizten dena) sakonean ezagutu nuen, Argentinako iparraldekoa. Klase eta borroka kontzientzia, baita hezkuntzaren eta kolektiboaren balioa ikasi nituen.
Euskal Herrira bueltatu zinenean eta zure amaren lagunarekin berba egin ostean, Zirkozaurren eman zenuen izena. Bai. Kirol eta arte hau bete-betean probatzeko gogoak bultzatu ninduen izena ematera. Ipurterre samarra naiz eta kirol desberdinak eta ezohikoak direnak esperimentatzea gustatzen zait, betidanik, eta aukera bikaina iruditu zitzaidan.
Zein helburu zenituen hasiera haietan: afizio modura izan zen ala ordurako bazenuen helburu artistiko edo pertsonal zehatz bat? Zaletasun bat zen, baina baita helburu pertsonal bat ere; ikuskizunetan hainbestetan ikusitakoa eta inbidia ematen zidana azkenean frogatzea zen. Zentzu horretan
Ez dakitenentzat, zer da Zirkozaurre? Nolakoa da bertako eskola, komunitatea eta entrenamendu giroa? Zirkozaurre adin guztientzako zirku eskola bat da. Bertan, aireko akrobazia eskolak emateaz gain, zoruko akrobaziak (bertikalak, etab.) eta zirkuaren munduko beste diziplina batzuk ere ematen dira, hala nola, malabareak. Entrenamendu giroa oso ona da, denon artean elkar ezagutzen dugu eta talde on bat sortu izanak gure kabuz entrenatzera joatea bultzatu gaitu, eskoletara joateaz aparte.
Hasieran trapezioan sakondu zenuen eta orain oihalekin berriro hasi zara. Hala da. Bi disziplina desberdin dira. Trapezioak min handiagoa ematen du, barra zurruna da eta gorputza horretara ohitu behar da; sokak ere gogorragoak dira eta ez dira oihalak bezain atseginak. Esan dezakegu oihalak estetikoki bisualagoak direla, irudi sinple bat polita geratzen baita. Gorputza ere estutzen dute, baina hobeto jasan daiteke. Egia da niretzat behintzat heldulekua ezohikoagoa dela, eta horretara modaltu behar naiz.
Uztailarekin ere hasi zara orain. Teknika desberdina behar da disziplina hau lantzeko? Elementu bakoitzak bere teknika du, baina egia da ariketa batzuk elementu guztietara eraman edo egokitu daitezkeela. Trapezioan eta uztailan, adibidez, oso antzekoak diren irudiak egin daitezke.

Argazkia: Utzitakoa
Trapezioa, oihalak eta uztaila. Batekin geratu beharko bazenu, zein litzateke? Zergatik? Kamaleonikoa naizen arren eta diziplina guztiak pixka bat jakitea gustatzen zaidan arren, trapezioarekin geratzen naiz. Nire konfort-eremua da eta maitasun berezia diot. Renato nire lehen irakasle trapezista zen, eta berak elementu honekiko sentitzen zuen ilusio hori transmititu ninduen. Gainera, sentimenduak alde batera utzita, trapezioan kulunka ibiltzea gustatzen zait, horri eusteko eta ez erortzen uzteko izan behar den indarra sentitzea.
Nolakoak dira entrenamenduak? Oso entretenigarriak eta bete-beteak. Lehen zatia, 30 eta 45 minutu artekoa, beroketa eta entrenamendu fisikoa da indarra eta elastikotasuna lortzeko, ondoren elementuan aplikatuko dena. Irakaslearen arabera gogorragoa da, eta aparatua bera erabiltzen da atal fisikorako (abdominalak, trapezioarekin dominadak…). Gero, aparatuetara joaten da eta elementuaren arabera ariketak eta sekuentziak ikasten dira. Amaitzeko 15 minutuko luzaketak egiten dira gorputza erlaxatzeko tentsioaren ondoren. Eskolek 2 ordu irauten dute.
Entrenamendu fisikoaz gain, burua ere entrenatu beharko da aireko akrobazietan. Pixka bat bai. Truko batzuetan beldurraren faktoreak eragiten du: erortzeko beldurra, min hartzeko beldurra edota gai ez izateko beldurra, hain zuzen. Truko bati beldurra hartzen zaionean, hobe da berriro saiatzea, batzuetan burua blokeatu egiten delako eta ez delako berriro saiatzen.
Aireko akrobaziak arte modutzat ikusten dituzu? Zer du diziplina honek artistikotik, eta zer du kiroletik? Noski baietz, arte-adierazpen bat dira. Konexioa duzu aparatuarekin, musikarekin eta zure gorputzarekin. Kirol arloari dagokionez, indarra eta elastikotasuna asko lantzen dira.
Iaz Basauriko jaietan egin zenuen emanaldia Artista Lokalen Egunean, eta aurten San Migeleko jaietan. Bai! Urduritasunarekin baina emozioz bizi nituen bi emanaldiak. Jende ezagun asko egongo zela uste nuen eta nire akrobata taldearekin dena ondo ateratzeko ardura nuen, harrera ona izan zezaten. Aldi berean, aukera bat izan da inoiz zirku-ikuskizunik ikusi ez duen jendeari diziplina artistiko hau ezagutarazteko eta, beharbada, gazteren bat motibatuta senti daiteke arte eta kirol hau probatzeko, oso ezaguna ez dena.

Basauriko jaietako Herriko Artisten Egunean parte hartu zuen Paulak iaz // Herriko Taldeak
Airean zaudenean, zer sentitzen duzu? Zer gertatzen da zure barnean? Gorputzak gidatzen zaitu ala buruak? Hasieran urduritasun pixka bat dago eta pentsamendu gehiegi egingo dudana errepasatzen, baina nire kasuan musikarekin gora igotzea da eta dena jalgiten doa, bat-batean zerbait ahazten bazait jarraitu egiten dut. Nahiago dut musika sentitu, inguruan daukadanaz pentsatzea baino, gorputzak gidatu nazala.
Eta publikoaren erreakzioak zer ematen dizu? Jendearen aurrean nire burua rakusten jarraitzera motibatzen nau, egiten dakidana erakutsiz eta ikuskizun bat emanez. Ez dut niretzat egiten, gainerakoei erakusteko egiten dut. Era berean, egiten dudana gustuko dutela sinesten jarraitzea laguntzen dit, jendea harritu egiten dela, nahiz eta beste gehiagotan ikusi nauen.
Zer esan nahi du zuretzat aireko akrobaziak egiteak? Niretzat nire gorputza eta burua proba moduan jartzea da, egin daitezkeen gauzez harritzea, muturreko momentuetan ateratzen zaizun indarraz harritzea… Bide luzea da, ez duzu hasi eta jarraian lortuko, baina egia esan merezi du
Askotan diote trapezioan edo oihaletan “denbora gelditu egiten dela”. Eta hala da. Zerbait gustatzen zaizunean eta bete-betean harrapatzen zaituenean denbora hegan pasatzen da. Pasio kontua da!
Etorkizunean, aireko akrobaziak aisialdirako ikusten dituzu ala zure bidea profesionalizatzera bideratu nahi duzu? Afizio eta errutinaren ihesbide gisa ikusten dut. Egia da Basaurin eta San Migelen aritu garen nire akrobata taldearekin (Kolla Zirkeroa) motibatuta gaudela ikuskizun gehiago egiten jarraitzeko, baina ez profesionalizatzeko moduan.

Argazkia: Utzitakoa
Ametsik betetzeke duzu aireko akrobazien munduan? Egia esan, ez. Nire helburua edo bete nahi nuen ametsa nire herrian, San Migelen, antzeztu ahal izatea zen eta hori beteta dago; nahiz eta gehiagotan bete ahal izatea espero dudan! (barreak)
Eta azkenik, zer aholku emango zenioke lehen aldiz aireko akrobaziak probatu nahi dituen norbaiti? Gorputz, genero eta adin guztientzako kirola da, hori da abiapuntua. Nire irakasle Renatok zioen bezala, zirkuak min ematen du, ez dut gezurrik esango, baina gainditze eta poztasun pertsonalerako une asko ekartzen ditu, bai zure burua bai zure gorputza zer egiteko gai den deskubritzen duzunean. Esperientzia hori ahaztezina da, egia esan!
Elkarrizketak
Sara Diaz Reyes: «Petanka niretzat pasioa da eta munduko onenen artean egotea harrotasuna eta poztasuna da»
Sara Diaz galdakoztarra munduko txapeldunordea da petankan; zehazki, zehaztasun-jaurtiketan. Bere esperientziaz berba egin dugu berarekin: txapelketez, osasun mentalaren garrantziaz eta emakume gazteek petankan duten lekuaz

Askok oraindik jubilatuen aisialdiarekin lotzen dute petanka, baina errealitatea askoz ere zabalagoa da: diziplina, estrategia eta burua uztartzen dituen kirol konplexua da. Hori ondo daki Sara Diazek (Nazaret, Lanzarote, 1997).
Galdakaon bizi da, Mozoilo Petanka Klubeko bazkide da eta Etxebarriko Petanka klubean lehiatzen da.
Urrian Munduko txapeldunordea titulua lortu zuen kirol honetan; zehazki, zehaztasun-jaurtiketan.
Berarekin hitz egin dugu txapelketaz, buruaren indarraren garrantziaz eta emakume gazteek petankan duten lekua eta etorkizunaz.
Lehenik eta behin zorionak Munduko zilarrezko dominagatik! Eskerrik asko! Oso pozik nago ezarritako helburuetako bat lortu dudalako: domina bat eskuratzea Munduko txapelketan. Bi probatan lehiatu nintzen arren (zehaztasuneko jaurtiketan eta hirukotean) zilarrezkoa lortu nuen zehaztasun-jaurtiketan. Txapelketa guztiak erronka gisa hartzen ditut, bakoitza guztiz ezberdina delako. Eta kasu honetan, maila handiko lehiaketa da, mundu osoko 48 herrialdek parte hartu dute, eta partida erdiko sentsazio txiki batek txapelketa osoa baldintza dezake.

Munduko txapelketako zilarrezko dominarekin // Geuria
Espero zenuen podiumera igotzea? Bai, beti joaten naiz txapelketetara podiumera igotzeko mentalitatearekin. Hori da nire helburu nagusietako bat, izan nazioarteko txapelketa, Espainiakoa, Europakoa, Mundukoa edo Mediterranear Jokoak. Podiumean egoteko aukerak gero eta handiagoak izan ziren lehiatzeko pistara heldu nintzenean: motibazioa izugarria izan nuen.
Nerbioen kudeaketa izugarria egin behar izango zenuen. Kudeaketa mentala funtsezkoa da egoera horietatik ateratzeko. Izan ere, ikara izan dezakezu eta hori nik ez nuen sentitu. Nire buruari hitz egin nion eta egin behar izan nuen gauza bakarra gozatzea zen, gertatzen ari zenaz ahaztea eta irabazteko konfiantza osoa izatea.
Finalean emaitza oso estua izan zen (26-28) Thailandiako jokalariaren aurka. Zure ustez, zer izan zen erabakigarria partida horretan? Zehaztasuna erabat erabakigarria izan zen. Thailandiak bi karroux jarri zizkidan eta gero berak nik baino bi bolitxe gehiago atera zituen. Batez ere ni baino zehatzagoa izan zen finalean.
Eta nola sentitu zinen finalean? Alde batetik, oso harro sentitu nintzen, eta, beste alde batetik, denbora bat igaro den honetan, finalean askoz gehiago egin nezakeela uste dut. Tiro-erronda hasi zenetik izan nuen pentsamolde bera izan nuen.

Sara Munduko Petanka Txapelketan // Utzitakoa
Nolakoa izan zen zure prestakuntza Munduko txapelketarako, entrenamenduei eta taktikari dagokienez? Nire prestakuntza ez zen desberdina izan beste txapelketa batzuetatik. Hori bai, nire psikologoarekin eta osteopatarekin saio gehiago egin nituen. Psikologoarenera gehiago joan nintzen bukle batean ez nuelako sartu nahi; nire ogibidearekin, prestakuntzarekin, entrenamenduekin eta nire buruarekin estutzen hasi nintzen. Eta osteopatarenera ere sarriago joan nintzen mina nuelako ezkerreko sorbaldan, trabatu egiten zitzaidan, lehiaketaren aurreko tentsio osoa zela eta.
Prestakuntza mentala ere ezinbestekoa izango da lehiatzeko. Erabat. Prestakuntza mentala da garrantzitsuena atleta batentzat eta, oro har, bizitzan.
Gizartean petankari buruzko aurreiritziak daude oraindik. Hau aldatzen ari dela uste duzu? Oraindik lan asko dago egiteko. Hala ere, mundu honetan sartuta gaudenok etorkizuna dagoela ikusten dugu, ikastetxeekin lan egiten ari baita, eta irakasleek petanka interesgarria dela uste dute, motrizitatea, talde-lana, taldeetako liderrak identifikatzea, estrategia sustatzea eta abar lantzen direlako, eta, batez ere, oso kirol inklusiboa delako eta ikasle bakar bat ere ez dagoelako parte hartzetik baztertuta.
Nolakoa da zuretzat, emakume gaztea izanda, kirol honen parte izatea eta munduko onenen artean txoko bat izatea? Munduko onenen artean egotea harrotasuna eta poztasuna da, urte guzti hauen atzean sakrifizio garrantzitsu bat baitago nire bizitzan: alde batetik oporrak, eta bestetik, familiarekin, lagunekin eta mutil-lagunarekin egoteko denbora. Jakina, hori guztia Espainiako Petanka Selekzioarekin egindako deialdiei esker da, eta Bizkaigar enpresak (lan egiten dudan enpresa) lehiaketetara joateko askatasuna ematen dit.

Argazkia: Utzitakoa
Sumatu al duzu estereotipo edo hesirik gazte izateagatik edo emakume izateagatik kirol honetan? Emakume izateagatik. Azkenean ez dugu partida batean gizon batek adina bistaratze sortzen. Partidak desberdinak dira. Hala ere uste dut hori aldatzen ari dela; ez da hain gehiegizkoa.
Lehiaketaz haratago, zer ematen dizu petankak zure egunerokoan? Petankak lehiaketatik haratago ematen dit beste herrialde bateko kirolari gehiago ezagutzea, bidaiatzea eta beste ingurune batzuetan lehiatzea. Baina ni bezalako pertsonentzat, oso lotsatia nintzen txikitan, lotsa galtzen lagundu dit. Nire ustez, petankak eman didan ekarpenik handiena da, baita nire mutil-laguna ezagutzea ere; berak ere petankan jokatzen du.
Noiz eta zergatik hasi zinen petankan? Gaztetan hasi nintzen aitaren urratsak jarraitzen, zortzi edo bederatzi urte nituela.
Eta zerk erakartzen zaitu gehien kirol honetatik? Adimenaren botereak. Kirolari batek, bere kontzentrazio gorenean dagoenean, gauza harrigarriak egitea lortzen du. Nabarmentzekoa da, halaber, kirol inklusiboa dela eta ez dagoela adin-mugarik.
Nola definitzen duzu zure jokalari estiloa? Nire ustez, jokatzeko estiloa bakarra daukat (barreak)
Zer esango zenuke dela beste lehiakideengandik bereizten zaituen ezaugarria? Nire izaera.
Zein erreferente dituzu petankaren munduan? Petankaren munduan hainbat erreferenteak ditut. Eurengandik ezagutzak xurgatzen ditut: nola jokatzen duten, zein taktika duten, zeintzuk diren euren mugimenduak, egoera bakoitzean nola jokatzen duten… Hori guztia praktikatzen dut eta nire estilora egokitzen dut.
Hego Uribe eskualdean zenbait petanka klub daude: Galdakaon, Etxebarrin eta Basaurin, adibidez. Mozoilo klubeko bazkidea naiz eta haiekin entrenatzen naiz askotan. Eta Etxebarriko klubean jokatzen dut. Galdakaoko klubean ekimen ona egiten dute: gero eta gehiago daude txapelketetan eta etorkizun handiko gazteak fitxatu dituzte. Gainera, guraso asko ari dira petankan animatzen, esaterako, seme-alabak entrenatzera eramaten dituztenean. Asko federatu eta lehiatzen hasi dira Espainiako txapelketak jokatu ahal izateko! Eta esan behar dut, eskualdeko klubetatik aparte, ikastetxeetara jo behar dela berriro petankako euskal harrobia sustatzen jarraitzeko.

Argazkia: Utzitakoa
Nola uztartzen dituzu entrenamenduak eta lehiaketa lana eta bizitza pertsonalarekin? Askotan galdera bera egiten diot neure buruari. Petanka niretzat pasioa da, eta edozein momentu bilatzen dut entrenatzeko, izan igandea, izan astean zehar, izan gauean, baita euripean ere! (barreak) Zorionez, nire mutil-laguna ere lehiatzen da eta elkarrekin entrenatu gaitezke! (barreak)
Gaur egun bizi al daiteke petankatik? Ez, petankatik bakarrik bizitzea ezin da bizi, ez baitu beti pertsona berak irabazten. Egia esan, ez dakit zer behar den petankatik bakarrik bizitzeko, ekonomikoki laguntza gutxi jaso dut. Gaur egun, ordea, nire proiektua sortzeko erabakia hartu dut. Lehenengo urratsa nire YouTubeko kanala sortzea izan da (@sspetanca). Hasiberrientzako entrenamenduak, taldeko partidak eta banakakoak erakusten ditut kanalean. Urtean zehar 3.000 euro baino gehiago inbertitzen ditudala uste dut. Bidea jarraitzea kosta egiten da batzuetan.
Zer laguntza mota izan duzu eta uste duzu funtsezkoa dela gazte gehiagok kirol honekin bat egin eta hazteko? Inoiz falta ez den laguntza familiarena eta lagunena da. Kirol-materialetarako marken laguntza jaso dut, baita Espainiatik kanpoko goi-mailako lehiaketetara joateko bidaiak ere. Hori funtsezkoa da, batez ere motibagarria delako eta aukera desberdinak eskaintzen dizkizutelako.
Zer esango zenieke petanka ezagutzen ez duten edo hari buruzko aurreiritziak dituzten pertsona horiei, parte hartzera anima daitezen? Galderak adierazten duen bezala, kritikatzen hasi aurretik petanka praktikatzeko esango nieke, eta, batez ere, lehiatzeko. Txapelketan petanka erabat aldatzen da, asteburu batean 8 partida baino gehiago jokatzera iristen gara.
Munduko txapelketaren ondoren, ba al duzu epe labur, ertain edo luzerako beste lehiaketarik? Bai! Kluben ligako Espainiako txapelketa egiteke daukat eta emakumezkoen kategoria ohorezko mailara igotzeko borrokatuko dugu. Gero, open bat jokatuko dut Kanaria Handietan, baita Espainiako rankingaren azken zirkuitua ere. Eta azkenik, Euskal Selekzioarekin Salamancan lehiatuko naiz.
☉ Ugao
Bideoa | El Kangri: «Egiten dudan rap-ak nire bizitza du oinarri, inor kaltetzeko asmorik gabe»
Ugaoko jaietan emanaldia eskaini zuen ‘El Kangri’ artistak. Horren haritik, bere proiektua ezagutzeko elkartu gara Udiarragako Amabirjinaren ermitaren aurrean

Duela urte batzuk ‘El Kangri’ musika proiektua martxan ipini zuen Asier Azpillaga Nuñez ‘El Kangri’k, (Ugao, 1986). Artista honek, rap melodikoa oinarri, bizipen propioak plazaratzen ditu mikro baten bidez eta DJ Kalibre eta Markel ‘Uri’ managerraren laguntzarekin. Musika eszenan tarte bat zabaltzeko gakoa emankortasuna dela dio Ugaokoak eta proiektua 2013an hasi zuenetik helburua urtero 12 abesti kaleratzea da (bideoklipak YouTuben eta abestiak bestelako plataformetan edo Instagrameko @elkangriiiii izeneko kontuan argitaratuz).
Bere musika rap klasikoaren aurreiritzietatik “urrundu” egiten dela aitortu dio GEURIAri artistak, “errespetutik” abiatuz betiere. El Kangrik bere bizipenetan oinarritzen ditu bere abestiak, bizitzak irakatsitako lezioetan oinarrituz. Proiektu honetan, Markel ‘Uri’ manager zaratamarra du bidelaguna. Proiektuaren inguruko gomendioak emateaz gainera, laguntza eman dio Ugaoko artistari eta emaitza modura lagunen arteko “familia” txiki bat sortu dute, musika profesionalak eta lagunak elkartzeko topagunea izan delako beraientzat.
El Kangri. Lehenik eta behin, azalduiguzu izen honen jatorria. Nire izen artistikoa berezia izatea nahi nuen. Ni naizen bezala identifikatu behar ninduen. Txikia nintzenean, lagunekin hondartzara joaten nintzenean ‘Kangrejo’ esaten zidaten, karramarroek gorputz zabala eta hanka luze eta meharrak dituztelako. Izan ere, hanketan karramarroen haginak ditut tatuatuta. Horrela ezagutzen nau mundu guztiak, ‘El Kangri’ ezizenarekin, eta hori mantentzea erabaki nuen.
Gaur egun Orozkon bizi bazara ere, 30 urte Ugaon eman dituzu. Nolakoa da herriarekin duzun harremana? Bertan nire ama eta anaia bizi dira. Kalean galdetzen didaten bakoitzean Ugaokoa naizela esaten dut beti, herrian lagun asko ditudalako. Lotura berezia daukat Ugaorekin.
Joan den irailarten 13an Ugaoko jaietan eskaini zenuen emanaldia. Herrian jotzeko gogo izugarria neukan eta aurten eduki dut ametsa egi bihurtzeko aukera. Duela hiru urte Aker tabernako plazatxoan jotzeko aukera izan genuen eta 400 lagun baino gehiago elkartu ziren bertan eta oilar-bataila eta guzti antolatu genuen. Harrera oso ona izan zuen eta horren haritik jaio zen aurtengo jaietan jotzearen ideia.
2013an hasi zenuen zure proiektuaren ibilbidea: El Kangri. Musikarekin 2013an hasi nintzen. Letrak idaztea betidanik izan dut gustuko eta entretenitzeko helburuarekin egiten nuen hasieran. Izan ere, eskola garaian, etxerako lanak egin beharrean idaztea gustatzen zitzaidan. “Zer ari zara idazten, Asier?”, galdetzen zidaten irakasleek. Nik nire istorio pertsonalak idazten ari nintzela esaten nien eta horrek zeharo harritu egiten zituen. Ondoren, horiei erritmoa jartzen hasi nintzen. Neure burua artista profesionaltzat jotzen dut eta aurretik lan asko dut egiteko. Horregatik beti diot bultzada txiki baten zain nagoela proiektua zazpi haizetara zabaltzeko. Egunez egun, astiro-astiro aurrera doa proiektu hau, ikusgarritasuna egunero landu behar den zerbait delako.

Nolako gaiak jorratzen dituzu zure lanetan? Azken boladan egiten ditudan abesti gehienetan desamodioa gailendu egiten da. Duela urte bi banandu nintzen eta gaur egun semearekin bizi naiz. Nire ustez, artista bakoitzak bizi duen egoera emozionalaren arabera idazten ditu bere letrak. Nire kasuan, egun txarrak igaro ditut. Hortik gai jakin batzuk landu izana.
Noiz idazten duzu? Edozein momentu da ona idazteko: kalean, haurrarekin parkean nagoenean… inspirazioa heltzen denean ideia edonon gorde eta etxera heltzen naizenean estudioan sartu eta konposizio lanak nire kabuz egiten hasten naiz. Bakarrik. Egia da asteburu askotan Markel ‘Uri’ managerrarekin elkartu egiten naizela proiektu eta ideia jakin batzuk lantzeko, baina ideia nagusiak bakarrik nagoenean heltzen dira burura.

Egoera emozionala edozein delarik ere, rap melodikoak lagunduta sortzen dituzu zure abestiak. Nire letrek bizi izandako egoeren barruak kanporatzea dute helburu. Bizi izandako eskarmentuak botatzen ditut abestien bidez, baina zuk esan bezala, rap melodikoaren bidez.
Zer esan nahi du horrek guztiak, baina? Rap klasikoan errespetu falta asko entzuten dira eta politika kontuetan murgildu egiten dira abeslariak. Nik ez diot errespetua galduko generoari edo beste abeslariei; rapa nire bizipenen inguruan eraikitzen dut, inori kalterik eragin gabe. Nire lehen entzulea semea da: YouTubera jo eta bere aitaren musika entzutea maite du. Nire lehen followerra da eta ikastolan behin baino gehiagotan esan du handitan bere aita bezala raperoa izan nahi duela (barreak).
“Nire musikarekin inspiratzen naiz. nire letrak nik neuk egiten ditut, bestelako inspiraziorik behar gabe”
Hala ere, eta zure estiloa ez bada ere, rap klasikoko erreferenterik izango duzu. Nire musikarekin inspiratzen naiz, egia esan behar bada. Hala ere, Estatu mailan Nadal 015, Grind, Lopes eta Natos y Waor edo El Jincho bezalako artisten musika entzun dut ere. Hala ere, nire letrak nik neuk egiten ditut, bestelako inspiraziorik behar gabe. Markel estudiora datorren bakoitzean, abesti jakin bati forma emateko gomendioak ematen dizkit batzuetan eta horrek asko laguntzen dit.
Rapak, edozein musika estilori gertatu lez, aldaketa sakona izan du sare sozialen ondorioz: duela urte asko, artistek lanak sortzen zituzten eta helburua diskoa kaleratu eta hori saltzea zen. Gaur egun folowerrak eta interakzioa sartu dira jokoan. Nola daramazu kontu hau? Bideo pare bat kaleratzen ditugu hilabetero. Nire asmoa urtean 12 bideo argitaratzea da. Sare sozialetan mugitu egiten da dena gaur egun eta nik, YouTube kanalaz gainera Instagram edo TikTok plataformak erabiltzen ditut eta nire sormenak jarraitzaile edo follower horiekin partekatzea gustuko dut. Azken batean horiek dira nire lanen kontsumitzaileak eta horiek daude argitalpen berrien zain dauden jarraitzaile nagusiak. Musika zabaltzeko YouTubeko kanala erabiltzen zen antzina. Gaur egun Distrokid plataforma digitala erabiltzen dugu horretarako. Horren bidez, nire abestiak Spotify, Amazon Music edo ITunes bezalako plataformetan dago entzungai.

Nolako lan-taldea dago El Kangriren atzean ekoizpen horiek egin ahal izateko? Abestia sortu eta grabatzeko lanak nik neuk egiten ditut, Markelen oniritziarekin. Azken urteetan entzuleen ohiturak aldatu egin dira eta lehen lau minutuko abesti batek ondo funtzionatzen bazuen ere, gaur egun denbora tartea erdira laburtu da. Istorio erakargarrienak laburrenak izan ohi dira. Hala ere, nire proiektuan sei pertsonak egiten dute lan: arlo bisualean Markel manager eta filmakerra dago. Gainera, Iban argazkilaria eta beste lagun batzuk ageri dira ere.
Datarik al duzue etorkizuneko emanaldiei begira? Datorren urteari begira Arkotxako jaietan jotzeko asmoa dugu. Arkotxako Jai Batzordeko kideak Ugaoko jaietako emanaldian egon ziren eta bertan eskainitakoa gustatu zitzaiela esan ziguten. Gainera, Arrigorriagako Madalenetan jotzea izugarri gustatuko litzaidake: azken batean rapa gustuko duen jende asko dago bertan.

Proiektua aireratzen doa. Non ikusten duzu zeure burua hemendik 10 urtera? Ez dakit noiz iritsiko den nire momentua, baina helduko dela ziur nago. Espero dut ordurako Estatu mailan kontzertuak egiten egotea: Madril, Bartzelona, Galizia, Asturias… eta batek daki, Estatu mailako erreferente bat izatea, gailurrera iristea eta familiari bizi-kalitate ona eskaintzea da. Momentuz esan dezaket eskerrak eman nahi dizkiedala bidean zehar laguntza eskaini didaten pertsona guztiei: jarraitzaileei, lantaldeari, gure lanaren berri ematen duten komunikabideei…
☉ Basauri
Unai Lopez: «Kulturismo naturalak eta konbentzionalak diziplina bera eskatzen dute, baina bereizten gaituen bakarra laguntza exogenoak dira»
Unai Lopez Iriarte basauriarrak Kulturismo Naturalaren Munduko Txapelketan parte hartuko du azaroan Dubain. Espainiako Txapelketan sailkatu ondoren, ilusioz, umiltasunez eta diziplinarekin ekingo dio bere lehen mundialari

Norbaitek kulturismo hitza entzuten duenean, burura etortzen zaion lehenengo gauza gorputz hipermuskulatuak, muturreko errutinak eta ezinezko dietak dira.
Hala ere, estereotipo horren atzean, dirudiena baino askoz ere bertsio gizatiarragoa, hurbilagoa eta zorrotzagoa dago: kulturismo naturala, iraunkortasunean, elikadura orekatuan eta exogenorik gabe oinarritzen den diziplina.
Kulturismo naturalaren mundu horretan Unai Lopez Iriarte (Basauri, 1994) nabarmentzen da.
Sidenorreko mantentze-lanetako teknikaria eta online entrenatzailea izateaz gain, Unaik Dubain ospatuko den kulturismo naturalaren Munduko Txapelketarako sailkapena lortu du.
Ez du osperik ez dominarik bilatzen —anbizioa falta ez bazaio ere—, baizik eta sakrifizioarekin, koherentziarekin eta familiaren laguntzarekin lasterbiderik gabe urrun irits daitekeela erakustea.
Kulturismo naturaleko atleta, Dubaiko Munduko Txapelketarako sailkatuta zaude! Zorionak! Noiz da txapelketa? Txapelketa azaroaren 15ean eta 16an izango da. Egun batzuk barru hara joango gara esperientzia bizitzera! Oso pozik nago!
Zer espero duzu Munduko Txapelketaz? Nire lehen mundiala da, eta gozatzea besterik ez dut buruan, baina, nire nortasunagatik, nire onena ematera joango naiz, gerra ematera, eta ahalik eta sailkapenik onena lortzeko ahaleginduko naiz.
Nola jaso zenuen Munduko Txapelketarako sailkatu zinen albistea eta zer esan nahi du zuretzat mundu mailan lehiatzeak? Espainiako Txapelketan jakin nuen sailkatu nintzela Munduko Txapelketa jokatzeko. Aurtengo eta iazko lanaren ondorio izan da. Nire ahalegin eta inguru hurbilaren saria da.
Ezagutzen ez dutenentzat, zer da kulturismo naturala? Kulturismo naturala, kulturismo konbentzionala bezala, gainontzeko atletekin eszenatokian posatzen eta alderatzen saiatzen da.
Eta zertan bereizten da kulturismo konbentzionaletik? Gaur egun eztabaida handia dago gai honekin, baina bi modalitateek dedikazio eta diziplina bera eskatzen dute. Bereizten gaituen gauza bakarra laguntza exogenoak dira.
Nola hasi zen zure harremana kirol honekin? Crossfitetik nentorren. Belaunetan lesio garrantzitsu bat izan nuen, boxeatzen hasi nintzen eta, gimnasioa itxi zutenean, Basauriko beste gimnasio batean entrenatzen hasi nintzen.
Munduko txapelketa baterako prestaketa ez da erraza izango. Egia esan, gehiago kostatzen ari zait. Denboraldia irailean hasi nuen, baina prestaketa maiatzetik dator. Oso gantz maila baxuarekin nago aspalditik, eta dena gogorrago ari da izaten.
Nolakoa da zure egunerokoa entrenamenduetan? Entrenamenduei dagokienez, duela hilabete batzuetatik hona ez ditut aldatu. Egia da errendimendua jaitsi egin dudala, baina saio bakoitzean % 110 ematen saiatuko gara, eta hori egoera edozein dela ere ez da aldatzen.
Arlo fisikoaz gain, mentalki ere prestatzen zara? Fisikoa bera da prestatzeko errazena, lesioak kenduta. Benetan zaila dena arlo mentala da, batez ere bizimodu normala egiten saiatu nahi baduzu. Hori da: etxean ez isolatzea, zure lagunekin eta familiarekin harremanetan jarraitzea eta eurekin ahalik eta gehien disfrutatzea. Jakina, antsietate edo larritasun uneak badaude, baina une horietan egin dudan lan guztia dut gogoan, baita nire emaztea eta gurasoak, eta noski, ni neu; hortzak estutzen ditut aurrera egiteko.
Kulturismo naturalaren bide honetan zein izan da erronkarik handiena? Emozioak kudeatzea, zalantzarik gabe. Une batzuetan gauza asko molestatu egiten dizute, ez duzu maitekor egoteko gogorik, jendeari gustatzen zaizuna jaten ikusten diozu… Baina hau nire bigarren urtea da lehiatzen, eta dena askoz gehiago kontrolatzen ikasi dut.
Emaitzez haratago, zer eskaintzen dizu kulturismoak? Egunerokotasunean errutinak ematen dizkit —lehen nahiko zoroa nintzen—, nire helburuak betetzean gogobetetzea, eta norberaren hobekuntza fisikoa eta mentala eskaintzen dizkit. Baina, batez ere, nire pasioaz gozatzeko aukera ematen dit nire hurbilekoekin. Lehiatzen naizenean, egun batzuk lehenago familian joaten gara, eta hori da onena.
Zeintzuk dira zure helburuak etorkizunerako? Senar hobea izatea, aita ona izatea —urtarrilean aita izango naiz— eta kirol mailan aurrera egiten jarraitzea bizitzak uzten didan arte, betiere nire familian eragin negatiboa ez badu.
Zer mezu helarazi nahi diezu kulturismo naturalean hasten ari diren gazteei? Pazientzia izan dezatela. Benetan balio duten gauzak ez dira lortzen goizetik gauera. Euren buruarengan sinets dezatela, nahiz eta jendeak merezimendua kentzen saiatu. Ez diezaietela kasurik egin esames eta txutxumutxuei, eta borroka dezatela euren ametsen alde. Hori litzateke zabaldu nahi dudan mezua.



















