☉ Zeberio
Zaratamon Upotik Mandoiara doan bidetik garraitu nahi dituzte Feroskana parke eolikoko aerosorgailuak
Mandoiako kordalean ipini beharreko aerosorgailuak mendiraino eramateko sei jarduketa egin beharko dituzte eta sarrera Zaratamotik egin gura dute, Moiordin atzean utzi eta BI-3702 errepidetik jarraituz Upora doan bidetik

Aurtengo apirila-maiatza aldera, Zeberioko ‘Feroskana Parke Eolikoa’ proiektua jendaurrean aurkezteko eta ekarpenak egiteko epea zabalduko dute, 30 egunekoa. Asmoa informazioa publikoa izatea da eta enpresa eskatzaileak (Ferosca Windek) aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gehigarria aztertzea.
Mandoiako kordalean sei aerosorgailu eraikitzeko asmoa du Feroska Wind enpresak: bost Zeberioko lurretan eta bat Bediakoetan. Aurrerapausoak ikusita, Zeberioko Udalak aholkularitza enpresa bat kontratatu du, parke eolikoaren proiektua kudeatzeko. Arankoa enpresa energia berriztagarrien eta jasangarritasunaren esparruan da aditua, besteak beste.
“Gai potolo bat da esku artean daukaguna Zeberion, eta horrelako aholkularitza izatea beharrezkoa dela pentsatzen dugu”, azaldu du Ekain Goti alkateak. Gotiren arabera litekeena da aholkularitza enpresak azterketa egin bezain pronto herritarren aurrean informazio bilera bat antolatzea.
“Feroska Wind enpresak egindako ikerketa pasa diegu eta aholkulariek lana burututakoan ikusiko dugu zelan antolatu bilera, momentuz ezer gutxi dakigu eta”.
Sarrera, Zaratamotik
Feroskanak argitaratutako oinarrizko proiektuaren arabera, kordalean ipini beharreko aerosorgailuak mendiraino eramateko sei jarduketa egin beharko dituzte, eta sarrera Zaratamotik egingo dute, Moiordin atzean utzi eta BI-3702 errepidetik jarraituz, Upora doan bidea erabiliz. Hauek izango dira egin beharreko sei jarduketa horiek:
Lehena AP-68 autobideko irteeran. Bertan seinale bertikalak eta BI-625 errepidera sartzeko maniobra oztopa dezaketen bideko gainerako elementuak desmuntatu beharko dituzte
Bigarren jarduketa BI-625 errepidearen eta BI-3702 errepidearen arteko lotunean, aldi baterako maniobra-eremu bat (abanikoa) eraikiko dute, sartzeko maniobra bideragarria izan dadin
Hirugarrena BI-3702 errepidean, 9+040 kilometro puntuan, aldi baterako zabalera bat eraiki beharko dute, bidearen ezkerraldean, bihurgunean biraketa-erradioa handitzeko
Laugarren jarduketari dagokionez, BI-3702 errepidean kokatutakoa (9+260Kp), aldi baterako zelai bat eraiki beharko dute, bidearen ezkerraldean, palak eta osagaiak blade lifter-era garraiatzeko.
Bosgarren jarduketa BI-3702 errepidean egingo dute ere (9+560 Kp), aldi baterako zabalera bat eraikiko dute, bidearen ezkerraldean, bihurgunean biraketa-erradioa handitzeko.
Azken jarduketa BI-3702 errepidean egingo dute (10+620 Pk), bidearen eskuinaldean dagoen sarbidea egokitu behar da, garraioak lehendik dagoen bidean sartu ahal izateko, sarbide gisa erabiliko baita.
“Puntu horretatik aurrera, sarbidea lehendik dagoen bide batetik doa. Bide hori proiektuaren zehaztapenen arabera baldintzatuko da, zabalera erabilgarriari, kurbadura-erradioei eta sestrei dagokienez, parkearen barneko bideen ezaugarri eta sekzio tipo berberekin”, azaldu dute Feroskanatik.
Kontuan izan beharrekoa da kordalean ipini gura dituzten Aerosorgailu bakoitzaren bujeak 113 metroko garaiera. Pala bakoitzaren luzeera 194,5 metrokoa izango da eta aerosorgailuekin batera 113 metroko estazio meteorologiko bat eraikitzeko asmoa dute, parkeko eragiketa-fasean eguraldiaren jarraipena egiteko. Ekain Gotik nabarmendu du enpresak momentura arte emandako pausuak “oso sendoak” izan direla.

Oiz mendian koatutako aerosorgailuak // Jon Goikouria Larrabeiti
Aerosorgailuak EAEn
Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako mendietan lau parke eoliko daude gaur egun, horien artean Oiz mendian eraikitakoa. Bizkaian Enkarterrietako guneak jasango du eragin handiena, bertako itsasertzeko mendiguneetan hainbat zonalde identifikatu dituztelako. Gipuzkoan, herrialde osoan daude instalazio eolikoak jartzeko kokalekuak, oro har.
Aerosorgailu baten batez besteko ahalmen elektrikoa bizpahiru megawattekoa (MW) da. Horri esker, urtean 6 milioi kilowatt orduko (kwh) elektrizitate ekoiztu ditzake. Etxe batek urtean 3.500 kWh kontsumitzen ditu batazbesteko, hau da, 400 megawatt orduko gutxi gorabehera.
Azaroan Feroskana Parke Eolikoaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenari buruzko ebazpena egingo dute.
☉ Zeberio
Datorren urteko aurrekontua zehazteko bilera irekia egingo dute Zeberion, ostegunean
Hitzordua 18:30ean antolatu dute plazako ermita zaharrean

Datorren azaroaren 20an, osteguna, 18:30ean, 2026ko aurrekontuaren inguruko bilera irekia egingo dute Zeberion.
Hitzordua Zubialdeko plazako ermita zaharrean antolatu dute. Udaletik herritarrak gonbidatu dituzte hitzorduan parte hartzera.
☉ Zeberio
Zeberioko Austarri elkarteko mendizaleak Gantzorrotzera abiatuko dira hilaren 15ean
Ibilaldia amaitu ostean indabak bazkalduko dituzte mendizaleek Zornotzako jatetxe batean

Gantzorrotz Bizkaian kokatutako mendia da eta bertara abiatuko dira Austarri Mendi Taldeko mendizaleak azaroaren 15ean.
Irteera 08:00etan egingo dute udaletxeko plazatik. “Bere mutur zorrotzari zor dio ‘Gantzorrotz’ izena mendi honek, piramide baten itxurakoa baita gainaldea, baina gain erraza da, nonahitik igotzeko modukoa, arreta pixka bat jarriz gero, haitz eta elorri artean ez trabatzeko”, azaldu dute mendi taldetik.
Ikuspegi zabala eskaintzen du Legarmendiko karstaren gainean, izan ere karst eremuaren erdian gelditzen da eta ez dago goien bista galarazten duen zuhaitzik. Bertara joanez gero, antzeko beste tontor batzuk ere nahiko gertu gelditzen dira, Urtemondo esaterako Man, Betzuenburu eta beste asko, Ean.
Belatxikieta mendia Aramozko mendilerroaren tontorrik garrantzitsuenetakoa da. 661 metroko garaiera du. Belatxikietan mendiaren tontorrean mugarri handi bat dago. Garai batean, tontorrean zazpi artzain txabola zeuden eta, 1949an, eurek erabaki zuten gailurraren magalean ermita bat eraikitzea. Saninazioetan, erromeria egiten da bertan.
Ibilaldia amaitu ostean indabak bazkalduko dituzte mendizaleek Zornotzako jatetxe batean.
☉ Zeberio
Mendi irteera, bertsopoteoa eta elkarretaratzea antolatu dituzte Zeberioko Azaro Feministan
Hilaren 30era bitartean hitzaldiak, sukaldaritza tailerra, mendi irteera, bertsopoteoa eta bakarrizketak bezalako jarduerak antolatu dituzte Zubialden

Hilaren 30era bitartean Azaro Feminista antolatu dute Zeberion, askotariko jarduerekin: hitzaldiak, sukaldaritza tailerrak, mendi irteera, bertsopoteoa, bakarrizketak…
Egitaraua | Zeberioko Azaro Feminista
Azaroak 10, astelehena
18:00 Sukaldaritza tailerra, eskola zaharra
Azaroak 14, barikua
19:00 Bertsopoteoa: Andoni Egaña + Oihana Bartra, plaza
Azaroak 15, zapatua
08:00 Mendi irteera: Artaungan-Gainzorrotz, plaza
Azaroak 19, eguaztena
16:00 ‘Zaintzailean zainduz’, eskola zaharra
Azaroak 21, barikua
18:30 Emanaldia: ‘Nor da Maurizia?’
Azaroak 25, barikua
13:00 Elkarretaratzea, udaletxe aurrean
Azaroak 26, eguaztena
17:00 Hitzaldia: ‘Saber decir que no’, Plazako ermita zaharra
Azaroak 28, barikua
18:30 Bakarrizketak: BostOK!, Plazako ermita zaharra
Azaroak 30, domeka
10:00 Azoka
☉ Zeberio
Zeberioko Udala UEMAko kide izango da abendutik aurrera
Zeberioko euskara indizea % 80,2koa da, baina UEMAko datuen arabera ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 45,82) eta etxeko erabileraren (% 33,92) datuak behatuz gero

Urdiaingo Udalarekin batera, Zeberiok UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatearen erabakia hartu du joan den osoko bilkuran.
Zeberioko Udalak joan den azaroaren 6an egindako osoko bilkuran iragarri zuen UEMAko kide izatearen erabakia, EH Bilduko bost zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko zinegotzi biren abstentzioarekin.
Zeberioko euskara indizea % 80,2koa da. Hala ere, UEMAko datuen arabera, Zeberion ere ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 45,82) eta etxeko erabileraren (% 33,92) datuak behatuz gero: “Zeberio ere euskararen ezagutza altuko udalerria da, beraz, baina euskararen nagusitasun argirik gabeko udalerria. Horregatik, kontzientziazioan eta herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko beharra ikusi dute Zeberion ere”.
“Horren jakitun erabaki du Zeberioko Udalak UEMAko kide izatea, besteak beste herritarren ahalduntzean eta erabileran eragiteko UEMAren esperientzia bidelagun izango dutelakoan”, gehitu dute mankomunitatetik.
Zer da UEMA?
1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten UEMA, 19 udalek, Aizarnazabalen egindako batzarrean. Harrezkero, Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira mankomunitatea osatzen duten udalak, baina guztiek badute elkartzen dituen zerbait: udalerri euskaldunak dira guztiak. Zehazki, UEMAko kide diren herri guztietan, biztanleen %70etik gora euskalduna da.
UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea udalerri euskaldunei eta euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita.
Abenduan, mankomunitatearen kide
Abenduaren 13an egingo du UEMAk urte amaierako Batzar Nagusia Etxarri Aranatzen. Ordutik aurrera izango dira Urdiain eta Zeberio mankomunitateko kide.
Zeberio eta Urdiain gehituta, 120 udal izango ditu UEMAk. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
☉ Zeberio
Mauriziaren omenaldiak eta domekako azokak emango diete hasiera Zeberioko Abendu Kulturalari
Udalak Escape Room bat, bakarrizketak, Maurizia Aldeiturriagari omenaldia, neguko azoka eta beste horrenbeste jarduera prestatu ditu neguari ongi etorria emateko helburuagaz

Zeberioko Abendu Kulturala atejoka dabil eta Udaleko Berdintasun Batzordeak azaroko jarduerak aurreratu dizkio GEURIAri, programa guztiz osatuta ez badago ere, jarduerak, urtero lez, 2026ko urtarrilera bitartean luzatzen direlako.
Abendu Kulturalaren ekitaldien programa hilabetearen erdialdean hasiko da: izan ere, azaroaren 14an bertsolarien saioa programatu dute. Azaroaren 21ean Maurizia Aldeiturriagaren bizitzaren inguruko emanaldi berezi bat prestatu dute. Gainera, Escape Room-a egingo dute eskolan. Azaroaren 25ean elkarretaratzea deitu Udaletik Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunean.
Azaroaren 28an BostOK!-en bakarrizketak programatu dituzte: “Badira ikuslea pertsona hobe eta jantziago bat bilakatzen duten ikuskizunak. Nabarmen, Bostok! ez da horren adibide. Litekeena da emanaldiaren ondoren ikusleak lehen baino lotsagabeago irtetea. Izan ere horixe da bostOK! Bost umoregilek Ondutako Klima”.
Hilabetea behar bezala bukatzeko Domekako Azoka antolatu dute azaroaren 30ean, bertako produktuekin. Gorbeialdek Zeberioko Udalaren babesarekin prestatu du Zeberioko Zubialde auzoko plazako aterpean, 10:00etatik 15:00ak arte. Bertan, Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu lez, “eskualdeko eta inguruetako ekoizleen nekazaritza eta artisautzako produktuetaz gozatu ahalko dute herritarrek”. Gorbeialde saltokien zerrenda osatzen ari da hilabetean zehar.
Abendu Kulturaleko gainontzeko jarduerak zehazteke daude oraindik. Behin betiko zerrenda osatzean GEURIAn iragarriko dugu, urtero egiten den era berean.











