Sareak

☉ Arrigorriaga

Europako Arkeologoen Kongresura eramango dute Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua

Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europako Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan

|

Abrisketako Done Peri baselizaren proiektua zeresana ematen ari dira azken aldian, are gehiago VII eta X. mendeen artean kokatu daitekeen Nekropolia aurkitu ostean. 

Abuztuaren bukaeran, proiektuak Hego Uribeko eta Euskal Herriko mugak gaindituko ditu, eta Arrigorriagako ermitaren berri izango dute Erroman, Europar Arkeologoen Elkarteak antolatzen duen kongresuan.

Europako Arkeologoen Elkartea (AEA) (ingelesez: European Association of Archaeologists, EAA) irabazi-asmorik gabeko elkartea da, arkeologoei edo arloan interesa duen pertsona eta erakundeei irekia. 1994an sortu zen Eslovenian, eta ordutik hona urtero kongresu edo meeting entzutetsu bat antolatzen dute. Aurten, gainera, 30.urteurrena ospatze aldera, kongresua arkeologiaren sorlekuetako batera eramango dute abuztuaren 28tik 31ra, Italiako hiriburura.

“Iaz, kasurako” azaldu dio GEURIAri Teresa Campos arkeologo eta proiektuko arduradunak, “3000 lagun batu ginen Belfasten”. Pozik dago Campos, Europako Arkeologoen Elkarteak euren proposamena onartu duelako: “antolatuko diren sinposioetako batean parte hartuko dugu”.

Sinposio horietan mundu osoan garatzen ari diren proiektuen berri ematen dute, eta Done Peri horien artean egoteak erakusten du egiten ari diren lanaren garrantzia.

☉ Arrigorriaga

Programa | Abusuko jaiak 2025

Pregoia Abusuko Auzo Elkarteak egingo du hilaren 4an, 20:00etan, herriko plazan

|

Abusuko jaiak, 2023an // Geuria

Uztailaren 2tik 6ra jardueraz betetako jaiak prestatu ditu Abusuko Jai Batzordeak, Arrigorriagako Udalaren babesarekin.

Musika, lehiaketak, haurrentzako jarduerak, apar jaia, txokolate banaketa… Jaiak bihar hasiko dituzte frontenis eta igel txapelketekin, besteak beste. Pregoia Abusuko Auzo Elkarteak egingo du hilaren 4an, 20:00etan.

Egitaraua | Abusuko jaiak 2025

Uztailak 2, asteazkena
19:30 Frontenis txapelketako finalerdiak eta finala

Uztailak 3, osteguna
19:30 Igel txapelketa (talde-fasea)

Uztailak 4, ostirala
19:30 Animazioa: Coda txaranga. Frontoitik hasita
20:00 Pregoia, herriko plaza
20:30 Gazta eta txakolin dastaketa, herriko plazan
22:00 Mini-hanburgesa banaketa, musikarekin. Santa Isabel frontoia
23:00 Pop-Remember gaua + Tolín

Uztailak 5, larunbata
11:00 Dardoak, zezen mekanikoa eta tute azkar lehiaketak + haurrentzako parkea, Santa Isabel parkea
14:00 Pintxo lehiaketa (atuna) + postreak, Santa Isabeleko plaza berria
14:30 Herri bazkaria
16:00 Tolín mariachia
19:00 Dantzak (Sua taldea), herriko plaza
20:30 Txorizo banaketa
22:00 Salseo jaia: makilajea + kotoia + krispetak + photocall

Uztailak 6, igandea
10:00 Leku eta mahai banaketa, Santa Isabel frontoia
11:00 Haurrentzako jolas parkea, Santa Isabel plaza berria
11:30 Tortilla eta paella lehiaketak
12:00 Igel txapelketako amaiera fasea
13:00 Apar jaia
14:45 Sari banaketa eta herri bazkaria, Santa Isabel frontoia
16:30 Karaokea
19:00 Txokolatada eta musika. Jaien amaiera

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako airearen kalitatea berriro neurtuko dute, azken egunetako “usain txarren” jatorria ikertzeko

Udala Arrigorriagako inguruko industria enpresa batzuekin eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin harremanetan ipini da, “jarduera bateratuak koordinatzeko helburuarekin”.

|

Ibai inguruko enpresak, Arrigorriagan // Geuria

Arrigorriagako Udaletik jakinarazi dute azken egunetan udalerrian “usain txarrak” atzeman dituztela herritarrek, gauetan bereziki. Egoerari konponbidea emateko prozesua martxan ipini dute Udaletik.

“Arazoaren jatorria identifikatzeko lanean ari gara, ahalik eta arinen konponbidea bilatzeko”, azaldu dute udal ordezkariek. Horretarako, Udala Arrigorriagako inguruko industria enpresa batzuekin eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin harremanetan ipini da, “jarduera bateratuak koordinatzeko helburuarekin”.

Hainbat dira Arrigorriagan edo udalerritik hurbil topa daitezken industrialguneak: Atxukarro, Landetxe, Martiartu, Zaratamoko Barrondo auzoan kokatutakoa, eta Basauri aldean, Sidenor lantegia, besteak beste. Udala hipotesi ezberdinak aztertzen ari da eta erakunde zein agintari eskudunek eguneko ordu ezberdinetan ikerketa teknikoak eta datu bilketak egiten ari direla azaldu dute ordezkariek.

Bigarren neurketa

Udalak, bere partetik, Arrigorriagako airearen kalitatea berriro neurtzeko azterketa eskatu du, “egungo datu fidagarriak eskuratu eta ikerketari ekarpena egiteko”. Izan ere, Arrigorriagako Udalak, 2020an, udalerriko airearen kalitatea neurtzeko eskaera egin zion Ingurumen Sailari. “2012an udalerrian zegoen neurketa-estazioak funtzionatzeari utzi ziolako, eta hurbilen zeuden estazioek Arrigorriagako egoerari buruzko benetako daturik ezin zutela eman iritzita”.

2022an neurketa bi egin zituen unitate mugikor batek. Emaitzak 2023an iragarri zituzten eta udalerriko airearen kalitatea, garai hartako udal ordezkarien arabera, “positiboa” izan zen: “Kasu guztietan, indarrean dagoen airearen kalitateari buruzko araudian ezarritako mugen barruan dago”, azaldu zuen Idoia Molina Ingurumen eta Jasangarritasun zinegotziak.

Arrigorriagako Udalak eskerrak eman die prozesuan parte hartzen ari diren enpresei, Eusko Jaurlaritzari eta Zaratamoko Udalari, emandako prestutasunagatik. Halaber, kexak helarazi dituzten herritarrei eskerrak eman dizkie Udalak ere.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Maria Torres ‘Maruja’ Arrigorriagako Adiskideak CDko sortzaile eta lehendakari historikoa zendu da

Adiskideak taldea “kluba baino askoz gehiago” dela azpimarratzen zuen Maruka Torresek: “Jokalariak nire ‘alabak’ izan dira nolabait: hazten ikusi ditut, askok familia osatu arte”

|

Maruja, duela urte batzuk egin zioten omenaldi batean // Utzitakoa

Joan den ekainaren 29an zendu zen Maria Torres, ‘Maruja’, Abusuko Adiskideak CD taldeko sortzaile eta presidente ohia. “Atsekabe handiz hartu dugu Maria Torres ‘Maruja’ Adiskideak CDko presidentearen heriotza. Gure doluminik sentikorrenak bere familia eta lagunei. Goian bego”, azaldu dute Bizkaiko Futbol Federaziotik.

Maruja Bizkaiko emakumezkoen futbolean aitzindari izan da. Adiskideak emakumezkoen Kluba erronka batetik jaio zen, senarrek luzatutako apustu bat onartu ostean: “Ezetz praka motzak jantzi eta partida bat jokatu?”. Esan eta egin: partida bakarra ez, Adiskideak CD taldea sortu zuten.

1982-1983. denboraldian Sondikarekin batera federatutako lehenak izan ziren neska horiek. Torresek ilusioz gogoratzen zuen emakume batzuk elkartu eta beraientzat hain “dibertigarria” zen “zaletasun” hura.

Maruja, jokalariei azalpenak ematen // Adiskideak CD

Garai hartan 42 urte zituen Torresek, ezkonduta zegoen eta lau seme-alaba zituen. Gainera, etxekoandrea zen. Bere taldekideekin batera bide berri bat urratu zuen emakumeen kirolarentzat, aurreiritzi askori aurre eginez. “Lehenengo botak semeak erosi zizkion lehen soldatarekin” azaltzen zuen askotan.

Torresek irribarrez azaltzen zuen futbola “sukarra bezalakoa” izan zela berarentzat. “Hasi eta jarrain ikusi genuen lan egin ahala hobetzen gindoazela, eta hori oso pozgarria izan zen guretzat”.

Adiskideak klubeko neskak, Ollargango Santa Maria eskolan, 1996an // Adiskideak CD

Maruja Torres: “Jokalariak nire ‘alabak’ izan dira nolabait: hazten ikusi ditut bertan, mutilak izaten eta batzuek familia osatu zuten ere”

Adiskideak taldea “kluba baino askoz gehiago” dela esaten zuen: “Jokalariak nire ‘alabak’ izan dira nolabait: hazten ikusi ditut, askok familia osatu arte”.

1982an sortu zuen Marujak Ollarganeko Adiskideak taldea: “Benetako futbol taldea sortu genuen”, azaldu zuen duela urte batzuk. “Berekoikeriak ez du tokirik izan gurean. Neskek hazi eta hezteko toki bat aurkitzen zuten, eta gainera primeran pasatzen zuten”.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Maskotekin bizikidetza hobetzeko kanpaina abiarazi dute Arrigorriagako Udaletik

Kanpaina honen helburu nagusia bizikidetza, animalien jabetza arduratsua eta espazio partekatuarekiko errespetua sustatzea da

|

Xabi Gonzalez, Julen Garcia eta Mikel Fuentes, txakurrekin, Mendikosolo parkean // Geuria

Arrigorriagarren kontzientziazioa sustatzeko kanpaina berri bat jarri du martxan Udalak, pertsonen eta animalien arteko bizikidetza hobetzeko eta herri-inguruneen zaintza bultatzea xede. «Zure txakurrak ezin du, zuk bai. Jaso ezazu!» lelopean, ekimenak herritarrak espazio publikoak egoera onean mantentzeko ardura partekatuan inplikatzea helburu duela azaldu dute udal ordezkariek.

Aste honetan bertan ipini dute martxan kanpaina eta hainbat neurri ditu:
– Ur eta ozpinaz betetzeko botilatxo berrerabilgarriak banatuko dituzte
– Txakurren gorotzak botatzeko paperontzi gehiago ipiniko dituzte kaleetan
– Iturriak egokituko dituzte txakurrek ura edan ahal izateko
– Informazio panelak ipiniko dituzte

Kanpaina honen helburu nagusia bizikidetza, animalien jabetza arduratsua eta espazio partekatuarekiko errespetua sustatzea da. Txakurren gorotzak jasotzea eta txakurrak lotuta eramatea bizikidetzaren eta gainerako herritarrekiko errespetuaren erakusgarri izateaz gainera, betebehar legala ere bada: “Udalak badaki txakurrak paseatzen dituzten gehienak arduratsuak direla eta ondo ezagutzen dituztela betebehar zibikoak, eta eskerrak eman nahi dizkie gure ingurunea zaintzeagatik”, gehitu dute udal ordezkariek.

Arrigorriagan, txakur gehienak

GEURIAk 2023an egindako erreportaje batean azaldu modura, Hego Uribe eskualdean 100.183 herritar eta 11.968 txakur bizi dira gaur egun. Arrigorriagan zehazki 12.160 pertsona eta 1.500 txakur bizi dira gaur egun.

EAEko Animaliak Identifikatzeko Erregistro Orokorraren (AIEO) datuen arabera, 2013an 664 txakur zeuden erroldatuta udalerrian eta kopuru horri 836 txakur gehitu zaizkio 2023an, % 225,9ko igoera sortuz. Gainontzeko herriei dagokienez, Basaurin 3.833 txakur bizi dira gaur egun, Galdakaon 3.882, Etxebarrin 1.230, Ugaon 525, Zaratamon 527 eta Zeberion 471.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako La Mutual eta Osasun eta Higiene auzoetako argazki zaharren bila ari dira Malmasingo Lagunak elkartekoak

Auzo horietako argazkiak edo testigantzak dituzten herritarrek Edurne Garitazelaian utz ditzakete uztailean edo irailean

|

Osasun eta Higiene auzoa // Geuria

Malmasingo Lagunak elkarte arrigorriagarra antzinako argazki bila dabil, urrian, Europako Ondarearen Jardunaldietan arkitekturaren inguruko ekitaldi batzuk antolatu ahal izateko.

“Etxe Merkeak deiturikoak eraikitzeko mugimenduaren barruan, Arrigorriagan 1926an ‘La Mutual’ auzoa sortu zen eta 1927an ‘Osasun eta Higiene’, azaldu dute Malmasingo Lagunak elkartetik. “Urrian, arkitekturari buruzko Europako Ondarearen Jardunaldien testuinguruan honen inguruko ekitaldi batzuk egingo ditugu eta auzi bi horien argazkiak eta testigantzak behar ditugu”.

Horretarako, informazio historiko hori daukaten interesdunek proiektuan parte hartu ahal izateko bide bi ahalbidetu ditu Arrigorriagako elkarteak: alde batetik malmasingolagunak@gmail.com helbidera e-posta bidaltzea (eta bueltan informazioa jasoko dute).

Beste aukera bat, eskatutako dokumentuak Edurne Garitazelaia kultur etxean uztea da: “Elkartekoek dokumentuak hartu, eskaneatu eta ondoren itzuliko dituzte”. Dokumentu horiek uztailean utzi daitezke (goizeko ordutegian edo irailean (arratsaldeko ordutegian).

Osorik irakurri