Sareak

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Jai Batzordeak askatasunez lan egin duela aldarrikatu du gaurko Osoko Bilkuran

Maite Ibarra herriko alkateak Jai Batzordeak urtero egiten duen lana nabarmendu du eta Vulkano orkestraren harira sortu den polemikak Madalenak baldintzatu ez ditzala eskatu die arrigorriagarrei

|

Ane Agirre, Jai Batzordeko kidea // Geuria

Jakina denez, azken egunetan zalaparta handia sortu du Vulkano orkestra Arrigorriagako jaietako kontzertuen egitarautik kendu izanak.

Gaur, uztaileko udalbatza egin dute Arrigorriagan eta gela jendez lepo egon da. Bertara hurbildu diren herritar guztien artean Arrigorriagako Jai Batzordeko kideak izan dira. Galde eskeen ostean, Maite Ibarra herriko alkateak hitza eman dio Ane Agirre Jai Batzordeko bozeramaileari.

“Arrigorriagako Jai Batzordea herritarrei irekia den erabaki organo autonomo eta burujabea da”, azpimarratu du Agirrek. “Bere jardunean erabakiak kontsentsuaren bidez hartzen dira, iritzi anitzak entzun eta adostasunak bilatuz”.

Madalenen egitarauari dagokionez, zera nabarmendu nahi izan du: “programatutako jarduera bakar batean ere ez dela inolako kontraturik hautsi, eta kontzertuen eta gainerakoen inguruko erabakiak Jai Batzordean hartu dira: ez dira Udalak inposatutako erabakiak izan”.

Jai Batzordea: “Erabaki guztiak jai batzordeak hartu ditu, ez dira Udalak inposatutakoak izan”

Horrela, Jai Batzordetik, herritar guztiei luzatu diete gonbidapena bertan parte hartzera: “ekarpenak egin eta udalerriko jaien antolakuntzan modu aktiboan inplikatzeko”.

Udalari dagokionez, Maite Ibarrak Jai Batzordeak urtero egiten duen lana nabarmendu du: “Gobernu taldearen izenean, Jai Batzordearen lanari gure babesa eta aitortza adierazi nahi diogu: lan boluntarioa, eskuzabala eta batzuetan konplexua egiten du, baina ezinbestekoa, aldi berean, jai bizia, anitza eta parte-hartzailea izan dezagun. Herritar guztiei luzatzen diegu gonbidapena jaiak antolatzen parte hartzera, Batzordearen parte izatera eta euren ideiak eta proposamenak ekartzera. Ateak irekita daude jai herrikoi eta inklusiboak eraikitzeko modurik onena parte hartze aktiboa delako”.

“Denok elkarrekin lan eginez bakarrik lortuko dugu nahi ditugun jaietara hurbiltzea: berdintasuneko jaiak, errespetuzkoak eta anitzak, pertsona guztiek bere burua eroso eta ordezkatua senti dezaten eta guztion artean eraikitzen ari garen bizikidetza eta berdintasun balioekin bat etor daitezen. Horregatik, egoera honek, Madalenak baldintzatu ez ditzala eskatzen dugu, jaiak elkarrekin partekatzeko, gozatzeko eta gure komunitateko loturak sendotzeko unea baita”.

Arrigorriagako alkateak hausnarketa batekin amaitu du bere ekarpena: “Egunotan zentsuraz hitz egin duzuenoi, titularretatik edo irakurketa azkarretatik harago begiratzea proposatzen dizuegu. Gure ustez, askoz eraikitzaileagoa izango litzateke eztabaida gure jaiak denon artean hobetzen jarraitzeko moduan zentratzea: izan ere, jaiak parte hartuz, batuz eta elkarrekin lan eginez eraikitzen dira; ez polemiken bidez edo kanpotik kritikak eginez”.

Joana Etxeberria Berdintasun zinegotziak, bere aldetik, ekaineko osoko bilkuran emandako datu bat zuzendu nahi izan zuen: “Vulkano orkestra egitarautik kanpo utzi izanaren erabakia ez zen aho batez onartu, baina gehiengo zabal batek babestu zuen proposamena”.

Oposizioaren arabera, “moral bikoitza”

Oposizioaren partetik, “hausnarketa egitera” gonbidatu ditu herritarrak Ainara Saez jeltzaleen bozeramaileak: “Kontu honekin ez dugu polemika gehiago sortu nahi eta gauzak egiten ditugun eraren inguruan hausnarketa egitea gustatuko litzaiguke”, zehaztu du EAJko bozeramaileak.

“Kasu konplexua da esku artean daukagun hau, eta gizarte moduan hausnarketa eskatzen du. Gure ustez, berdintasun-politikei lotutako erabakiak ezin dira zuriak edo beltzak izan; dakizuenez, mendeetan zehar hedatu den kultura patriarkal batetik gatoz. Beraz, ezin dugu pentsatu pertsonen pentsamoldea gauetik goizera alda daitekeenik. Horregatik, pedagogian jarri behar dugu arreta, gizabanakoak eta kolektiboak eraldatzeko, eta ez zentsuran, hori baita jendeak ulertu duena”.

“Guk horrela ulertu genuen, uste dut jendeak ere horrela ulertu duela: sare sozialak ikusi besterik ez dago. Ni ez naiz ezer asmatzen ari. Era berean, horrelako neurri batek herritarrengan eta musika-taldean izan dezakeen eragina neurtzen jakin behar dela uste dugu”.

Jeltzaleen arabera, erabakiak herritarren artean “polarizazioa” sortu du. “Eta, horren ondorioz, moral bikoitz antzeko bat sortu da: alde batetik, emakumeen itxurak, jarrerak eta janzkerak aurrez ez epaitzeko mezua zabaldu da jaien programan, eta bestetik Vulkano ez ekartzea erabaki duzue, “emakumeen hipersexualizazioa dela eta”.

☉ Arrigorriaga

Jardueraz betetako programa prestatu dute azaroan Arrigorriagan, A25eko testuinguruan

Hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza bezalako jarduerak prestatu dituzte datozen egunetan

|

Martxa feminista, joan den martxoaren 8an, Arrigorriagan // Geuria

Azaroaren 28ra bitartean jardueraz betetako programa antolatu dute Arrigorriagan, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren testuinguruan.

Jarduerak Arrigorriagako Udalak eta Lamiaena emakumeen etxeak antolatu dituzte herrigunean: hitzaldiak, tailerrak, Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, A-25eko elkarretaratzea, Garrasidromoa, argazki erakusketa…

Egitaraua | A-25a Arrigorriagan

Azaroak 10, asteazkena
17:00 Indarkeria matxistaren aurkako erakusketa (Carolina Zuluaga), Lamiaena.
Inaugurazioa, azaroaren 12an, 18:00etan

Azaroak 11, astelehena
18:30 Zineforuma: La Virgen Roja

Azaroak 18, asteartea
18:00 Solasaldia: Emakumeak eta arrisku kardiobaskularra, Lamiaena

Azaroak 21, ostirala
Mural ibiltaria: ‘Elkarrekin isiltasuna hausten dugu’

Azaroak 23, igandea
12:00 Indarkeria matxistaren kontrako martxa eta lore eskaintza, udaletxetik hasita

Azaroak 25, asteartea
19:30 Elkarretaratzea, udaletxeko plaza
20:00 Garrasidromoa: “Oihukatu indarkeria matxistaren aurka!”
Panel informatiboa: 2010-2015 bitartean eraildako emakumeak

Azaroak 26, asteazkena
18:00 Tailerrak: Erresistentziaren Ahotsak “Eta zure ahotsa irudietan kontatu ahal izango balitz?”

Azaroak 27, osteguna
18:00 Solasaldia: ‘Indarkeria matxista eta negazionismoa: erantzun feminista eta juridikoak atzerapausu legalen aurrean’, Lamiaena

Abenduak 12 – urtarrilak 30
17:00 Argazki-erakusketa: ‘Irregulartasuna indarkeri anizkoitza eta desentralizatua da’, Lamiaena
Inaugurazioa: abenduak 12, 17:30

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Bazkaria, kontzertuak eta mendi martxa antolatu dituzte Arrigorriagako Gaztetxearen urteurrenean

Azaroaren 29an antolatu dute urteurrena eta egun osoan zehar jarduerak antolatu dituzte Gaztetxean eta inguruetan

|

Bost Axola Potxola taldea, Zeberion // Bost Axola Potxola

Arrigorriagako Gaztetxearen zortzigarren urteurrena ospatuko dute azaroaren 29an, eta hainbat jarduera antolatu dituzte egunean zehar.

Lehen jarduera mendi martxa izango da. Urteurren guztietan lez, asmoa igoera Artandara egitea da, “baina euria egitekotan bertan behera geratuko da jarduera”, azaldu dute Gaztetxetik.

Mendi martxaz gainera bazkaria eta bazkaloste musikatua antolatu dute Gaztetxean ‘Bost axola potxola’rekin. Bazkaltzeko prezioa 13 eurokoa izango da.

Arrasti aldera Joseto ta Alayak-en elektrotxaranga egingo dute herrian zehar eta gaualdean Gaztetxeko kontzertuei paso emango diete Niere, Tobogan eta Beranduegi Erromeriarekin.

Egitaraua | Arrigorriagako Gaztetxearen VIII. urteurrena

Azaroak 29, larunbata

10:00 Mendi martxa Artandara
15:00 Bazkaria + bazkaloste ‘Bost axola potxola’ taldearekin Gaztetxea
18:00 Elektrotxaranga: Joseto ta Alayak
22:00 Kontzertuak: Niere + Tobogan + Beranduegi Erromeria

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak / Enriqueta Hortalak badu bere kalea eta herritarren merezitako omenaldia Arrigorriagan

Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertara hurbildu direnentzat. 

|

Enriqueta Ortala kalean batu dira herritarrak // Geuria

Eguraldia lagun izan ez arren, asko izan dira gaur goizean Enriqueta Hortala kalera hurbildu diren arrigorriagarrak. Gaurtik aurretik izen berri hori ere presente egongo baita  herriko kale izendegian.

Ekitaldian, antolatzaileek nabarmendu dute “musikaren munduan herrian erreferente izan zen emakumeari” eskaini zaiola kalea, “besteak beste emakumezkoen abesbatzaren sortzaile izan zelako”.

Musikak protagonismo berezia izan du Artizarra eskolaren eta Hortalak bere garaian sortutako abesbatzaren eskutik, eta hunkigarria izan da oso bertaratu direnentzat.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Kale izendegiari beste emakume izen bat gehituko diote Arrigorriagan larunbat honetan: Enriqueta Hortala

Joana Etxeberria, Politika Feministetako zinegotziak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari

|

Udal ordezkariak Enriqueta Hortala kalean // Geuria

2021ean Kultur Etxe berriari Edurne Garitazelaia izena emanda hasitako bideari (2023an Teodosia Ortega parkearen txanda heldu zen) jarraipena emango dio Arrigorriagako Udalak larunbat honetan, Kultur Etxe atzeko kaleari Enriqueta Hortala Cimiano izena emanez. Helburua, udal ordezkariek azaldutakoaren arabera, “emakumeei espazio publikoan euren tokia ematea da”.

Helburu hori aurreko legealdian finkatu zuten Arrigorriagan: “izen hauek guztiak bere momentuan Berdintasun Kontseilutik abiarazi genuen prozesu parte hartzailean aipatuenak izan ziren. Horien arten Enriqueta Hortalarena izan zen boto gehien jaso zuenetariko bat” gogorarazi du Etxeberriak.

Zergatik, baina, aitortza hau Hortalari? “Artista polifazetikoa izan zen Hortala, betiere musika munduari lotutakoa. Pianojolea izateaz harago, irakaslea ere bazen, eta egun Albaraka izena duen abesbatzaren sortzailea ere izan zen”.

Bere hitzartzeari amaiera emateko, Etxeberriak aurreratu du urtea bukatu baino lehen Maruja Torres izena jarriko diotela Montefuerteko futbol zelaiari: “Azken finean, emakume hauek ekarpen handia egin diote gure kulturari, kirolari, euskarari eta bizitzaren sostenguari”.

Maite Ibarra alkateak, bere aldetik, “gure herriaren historian ekarpen funtsezkoa egin zuen emakumea” izan zela nabarmendu du.

Bukatzeko, Lourdes Perosanz Berdintasun teknikariak larunbateko ekitaldiaren xehetasunak eman ditu, eta herritarren parte hartzea funtsezkoa dela nabarmendu du.

12:00etan hasiko da omenaldia, eta bertan parte hartuko dute Aritzberri Dantza Taldeak, Artizarra Musika Eskolak, eta Hortalak sortutako abesbatzaren oinordekoa den Albaraka taldeak, hurrenez hurren. Bukatzeko mokadutxoa egingo dute Azokea aretoan.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Argazkiak | Sorginek eta mamuek Arrigorriagako Gau Beltza hartu dute etxeko txikiekin

Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek

|

Mozorratutako neskatxo bat, Arrigorriagan // Geuria

Heldu da urriaren azken eguna eta horrekin… Gau Beltza. Azken urteetan ikusi denez, Hego Uribeko udalerri askotan antzinako tradizio hau berreskuratzen joan dira herritarrak eta Arrigorriagan ez dira gutxiago izan.

Izan ere, Arrigorriagako Gau Beltza etxeko txikientzat eta gazteentzat prestatu dute Arritxikerrak dinamikako kideek 17:30ean. Udaletxeko arkupeetan Euskal sorginen inguruko tailer sentsoriala antolatu dute, sorginen txano eta sendabelarren artean. Ondoan, kalabazak apaintzeko eta aurpegiak margotzeko eta eskulan-tailerra prestatu dute.

Orduek aurrera egin ahala, herritarrak udaletxeko plazara hurbiltzen hasi dira, askotariko mozorroekin jantzita eta jolas eta koreografiak egin dituzte bertan. Amaitzean kalejira antolatu dute herriko kaleetan barrena.

Osorik irakurri