Sareak
[the_ad_group id="3890"]

☉ Basauri

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketak 750 euro banatuko ditu bere zazpigarren edizioan

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren zazpigarren edizioa martxan da. Euskarazko ipuin laburrak bidaltzeko epea zabalik dago martxoaren 15era arte

|

Ipuinak gehienez 100 hitzekoak izango dira eta euskaraz // Geuria

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketaren zazpigarren edizioa abiatu du Zirt Zart Basaurik. Martxoaren 15era bitartean jasoko dituzte euskarazko ipuin laburrak, gehienez 100 hitzekoak, zirtzart.basauri.eus webgunearen bitartez.

Aurten “Haur bat bezala…” izango da ipuinek izan behar duten hasiera, antolatzaileek hala erabakita, eta esaldi horretatik abiatu beharko dituzte lanak.

Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta eta asmoa da idazmenean interesa dutenen talentua aurkitzea.

Guztira bost sari banatuko dituzte: lehen sailkatuak 200 euroko bonua jasoko du, biharrenak 150 euroko bonua, hirugarrenak 100 euroko bonua, Elkar sariaren zein Basauri sariaren irabazleek bakoitzak 150 euroko bonuak jasoko dute.

Elkar sarian 12-17 urte bitartekoen proposamenak baino ez dituzte aintzat hartuko eta Basauri sarian herrian erroldatua egon beharko da parte hartzailea. Lehen sailkatuaren eta Elkar sariaren ipuin laburrak GEURIAn argitaratuko ditugu.

Basauriko Udalaren Gazteria arloak antolatzen du lehiaketa eta Elkarren eta GEURIAren laguntza du. 2018an jarri zuten martxan lehiaketa eta urtetik urtera hazi egin da, ez bakarrik Basaurin, baizik eta Euskal Herri mailan ere.

Datuak datu, eta lehiaketak izan dituen formatu desberdinak tarteko, lehenengo edizioan 89 kontakizun jaso zituzten, bigarrenean 83, hirugarrenean 54, laugarrenean 204, bosgarrenean 288 eta seigarrenean 149.

Iaz honako hauek izan ziren sarituak: Aroa Elortza Payros (Bergara), Ainhoa Beldarrain Iraola (Ordizia), Sara Mantxola Akizu (Oñati), Aran Goti Sanchez (Zeberio) eta Olatz Flores Corral (Basauri).

☉ Basauri

Sanfaustoetan 16.300 euro bildu dituzte Basauriko kuadrillek Aneren eta Gaizkaren alde

Iazko zifra gainditu dute. Ane Etxebarriaren alde antolatutako ekimen solidarioetan guztira 13.700 bildu dituzte, eta Hauspoak kuadrillak Gaizkarentzako 2.600 euro jaso ditu

|

Herriko Taldeakeko 16 kuadrillek antolatu dituzte ekimen solidarioak sanfaustoetan // Herriko Taldeak

Basauri herri solidarioa da eta San Fausto jaietan ere hori erakutsi du herriak. Aurten bi umerentzako bildu dute dirua Basauriko jaietan: Ane Etxebarria eta Gaizka Hernandez.

Jaietan zehar antolatu dituzten ekimen solidarioetan guztira 16.300 euro bildu dituzte Herriko Taldeakeko 16 kuadrillek, iaz baino 2.800 euro gehiago. Zehazki, Anerentzat 13.697,58 euro batu dituzte eta Gaizkarentzat 2.600 euro.

Ane 9 urteko sanmigeldarra da, Zigorrak kuadrillakoa, eta oraindik diagnostikorik ez duen afektazio neurologikoa du. Baldintza horrek bere neurogarapenari eragiten dio, maila motorrean, kognitiboan eta hizketaren mailan. Egunero joaten da Hezkuntza Bereziko ikastetxe batera, eta, gainera, hainbat terapia jasotzen ditu bere bizi-kalitatea hobetzen eta ahalik eta ahalmen handiena garatzen laguntzeko.

Bestetik, Gaizkak 10 urte ditu eta Angelman sindromea du. Urtero Hauspoak kuadrillak Elkartasun Azoka eta zozketa antolatzen ditu sanfaustoetan bere alde.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Eskarabilera Zestoan agertu da, hegaldia hasi eta ordu batzuetara!

Eskarabilerak atzo galdu zuen burua, baina ordu batzuk bakarrik: Zestoan agertu da gaur goizean!

|

Zestoako mendi batean topatu dute gaur goizean aurtengo Eskarabilera // Herriko Taldeak

Agertu da aurtengo Eskarabileraren burua! Ez du ezta egun oso bat pasa zerutik bueltaka: atzo 21:00ak inguru hasi zuen hegaldia eta gaur bertan agertu da Zestoan (Gipuzkoa).

“Hegaldi laburra izan da aurtengoa, atzo Aldatxa kuadrillak zeruratutako Eskarabilera gaur goizean agertu da Zestoako mendi batean!”, adierazi dute Herriko Taldeaketik sare sozialetan.

Aldatxa kuadrilla arduratuko da Eskarabileraren burua berreskuratzeaz. Oraindik ez dute zehaztu noiz, baina bidaia prestatu beharko du Basozelaiko kuadrillak!

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Agur, Eskarabilera! 2025era arte agurtu dute jaietako ikurra Basaurin

|

Bukatu dira Basauriko jaiak. Eskarabilerari agur esan diote Arizgoitiko plazan batu diren ehunka herritarrek. Aurten Trastorna2 tokiko taldeak jarri du agurrerako soinua: Exkixuren ‘Agur’.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Zein izan da aurtengo zurrakapoterik onena Basauriko jaietan? Eta txarrena? Herritarrek erantzun dute!

|

Basauriko jaietako edaberik magikoena da: zurrakapotea. Herriko Taldeakeko kuadrilla guztiek bere zurrakapotea prestatzen dute eta egunero doan eskaintzen dute euren lonjetan.

Basauriarrek ondo baino hobeto ezagutzen dute zein den zurrarik onena eta zein txarrena, eta horregatik GEURIAko mikrofonoa kalera atera eta inkesta egin dugu, Alaiak kuadrillak urtero jaietan antolatzen duen dastatze itsu-itsuan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Basauriko jaietako Goitibehera lasterketako pilotuekin berba egin dugu!

|

Bigarren urtez jarraian Goitibehera lasterketa izan da Basauriko jaietan. Euskal Inertzia Kopak eta Herriko Taldeakek antolatu dute batera jarduera: kuadrillen arteko txapelketa izateaz gain, pilotu profesionalak ere ikusi ahal izan ditugu Basozelaitik maldan beheran.

Kuadrillen arteko txapelketan irabazle izan da Ontzak, bigarren Basatiak eta hirugarren Zoroak.

GEURIAn Basauriko pilotu batzuekin berba egiteko aukera izan dugu, baita boluntarioekin ere! Aupa Gaizka, Unai, Iratxe eta Lorea, eta Jokin!

Osorik irakurri