☉ Basauri
Prezioen igoerak San Migelgo aparkalekua eta beste lau obra gelditu ditu Basaurin
Basauriko Udalak bost obra publiko lizitatu beharko ditu bigarren aldiz. Horietako lau hutsik gelditu dira; San Miguel auzoko aparkalekuaren eraikuntza esleitu zaion enpresak kontratuari uko egin dio kostuen igoeragatik

Basauriko Udalak bost obra publiko lizitatu beharko ditu bigarren aldiz. Horietako lau hutsik gelditu dira; San Migel auzoko aparkalekuaren eraikuntza esleitu zaion enpresak, berriz, kontratuari uko egin dio kostuen igoeragatik.
Basauriko Udalak adierazi duenez, inflazioak kontratazio guztiei eragin die: “Prezioen igoera azkarren eraginez, lehiaketa hasi zenean errentagarriak izan zitezkeen obrek errentagarritasuna galdu dezakete enpresentzat lizitazio prozesuan”. San Migelgo obren kasuan, 2021eko urrian hasi zen lizitazioa, 170.500 euro ingurukoa, 29 aparkaleku eta auto elektrikoak kargatzeko elektrolinera bat eraikitzeko. Orain, kontratua lortu duen enpresak uko egin dio obrari, eta adjudikazioan hurrengo postuetan gelditu diren lau enpresek ere ezezkoa eman dute. Aurkeztu diren beste hiru enpresen erantzunaren zain dago Udala.
Hutsik gelditu diren obren artean, berriz, lau dira enpresen interesik izan ez duten lehiaketak. Foruak kaleko igogailua, Jacinto Benavente kaleko saneamendurako obrak, jaietako eszenatokiak eta karpak jartzea esleitzeko lehiaketa eta Artunduaga kiroldegiko erabilera anitzeko pista eraikitzeko lizitazioa dira horiek.
Basauriko Udalak adierazi du kostuen kalkulua egungo prezioetara egokituko duela, eta bigarren lehiaketa publikoa “ahalik eta azkarren” deituko duela. Hala ere, Gobernu Taldeak “kezka” agertu du etorkizunean inflazioak izan dezakeen eraginagatik: prezioen eskalak maila horretan jarraituz gero, egoera errepikatu egin daitekeela esan dute.
☉ Basauri
2026ko aurrekontuan txertatzeko sei proiektu bozkatuko dituzte basauriarrek
2026ko aurrekontuan txertatzeko 18 proposamenetik 6 bozkatuko dituzte basauriarrek. Bozkatzeko epea zabalik dago abenduaren 14ra arte

Gabonetako argiztapena auzoetan hobetzea; bide publikoan eskalada-murru bat sortzea; ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea; euskararen paisaia handitzea, horma-irudien bidez; igerilekuetan jolas-instalazioak jartzea; Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, bertako espezieak landatuta; bide-segurtasuneko kanpaina martxan jartzea, ‘Resquar’ sorospen-etiketak erabiltzea sustatzeko; maskoten jabeentzako kontzientziazio-kanpaina abiaraztea; udalerriko hainbat puntutan berdeguneak sortzea; barandak jartzea irisgarritasuna hobetzeko; hilerriaren atzealdeko sarbideak hobetzea; adinekoentzako gimnastika-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea; lerroan aparkatzeko edo, baterian aparkatuta, espaloia ez inbaditzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak instalatzea; Basauriko kaleak izendatzen dituzten tokiko pertsonaiei balioa ematea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko areto-futbol eremua birmoldatzea; udal-liburutegiak helduentzako nahiz haurrentzako liburu gehiagoz hornitzea; eta udalerriko zenbait leku biziberritzea, horma-artearen bidez.
Horiek dira 2026ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan finalista atera diren proposamenak.
Orain, herritarrek horietatik sei proposamen aukeratu ahal izango dituzte bozketa bidez, eta boto gehien jasotzen dituzten proiektuak 2026ko aurrekontuan sartuko dituzte, gehienez ere 400.000 euro osatu arte.
Herritarrek ados.basauri.eus webgunearen bitartez eman dezakete bozka abenduaren 14ra arte. Basaurin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek dute aukera bozketan parte hartzeko.
Online plataformaz gain, Udalak inprimakiak bidali ditu herritarren etxeetara eta hautestontziak jarri ditu udaletxeko eta San Migeleko HAZetan, Kultur Etxeetan, Artunduagako kiroldegian, Euskaltegian, Marienean eta Hernan Cortes plazan, baita metroaren sarbideetan ere.
Era berean, informazio karpak jarriko dituzte datozen egunetan Basauriko zenbait puntutan: abenduaren 9an Arizgoitin (goizez) eta Los Burrosen (arratsaldez); abenduaren 10ean Solobarrian (arratsaldez); eta abenduaren 11n Hernan Cortes plazan (goizez) eta Arizko elizako plazan (arratsaldez).
616 proposamen
2026ko aurrekontu parte-hartzaileak prozesuan 6161 proposamen jaso ditu Udalak. Herritarren proposamen horiek udal teknikariek aztertu dituzte, bideragarriak ote diren balioesteko eta, horien artetik, hainbat jardun-eremutako 18 proiekturi eman diete lehentasuna.
Proposamenak balioesteko garaian, honako alderdi hauek hartu dituzte kontuan: Basaurin bizi diren herritar guztien ongizateari eta interes orokorrari lehentasuna ematea, interes partikularren gainetik; dena delako proposamena dagoeneko martxan edo planifikatuta ez egotea; aurreko urtean aukeratua izan ez izana, eta espazio pribatuei ez eragitea.
☉ Basauri
Kareaga eta Basozelai lotzeko bost igogailuen kontratazioa martxan jarri du Basauriko Udalak
Enpresa interesdunek urtarrilaren 19ra arte dute euren eskaintzak egiteko epea zabalik. Udalak 6,1 milioi euro bideratuko ditu

Kareaga eta Basozelai artean bost igogailu eraikitzeko obren lizitazio-prozesua hasi du Basauriko Udalak.
Enpresa interesdunek urtarrilaren 19ra arte dute euren eskaintzak egiteko epea zabalik.
Epe hori bukatuta, teknikariek lehiaketara aurkeztu diren enpresen balorazioa egingo du eta behin obrak esleituta, lehenengo lau igogailuak eraikitzeko epea 20 hilabetekoa izango da.
Bosgarren igogailuaren kasuan, zortzi hilabeteko epean eraikiko dute.
“Hori bai, baliteke batera egitea azken igogailua eta aurrekoak egiteko lanak”, adierazi du Asier Iragorri alkateak.
Basauriko Udalak 6,1 milioi euroan jarri du lizitazioaren oinarrizko prezioa, BEZa barne.
“Luzea eta konplexua”
Kareaga eta Basozelai auzoen arteko irisgarritasuna hobetzeko eskaera aspaldi egin zuten auzotarrek. 2019an sinadura bilketa abiarazi zuten eta 2021ean igogailua bat eraikitzeko asmoa agertu zuen Udalak.
Eta, urtero auzotarrek euren aldarrikapenei eutsi diete. Basauriko udal ordezkariek askotan adierazi izan dutenez, eraikuntza prozesua motel joan da, erkidegoen oniritzia eta baimena behar zelako.
Baina, iaz Udalak egingarri izan zitekeen proiektu bat aurkeztu zuen jendaurrean, eta aurtengo martxoan behin betiko proiektua aurkeztu zuen.
Orduan aurreikusi zutenez, bost igogailuak eraikitzeko lizitazio prozesua ekainean hasiko zuen Udalak, baina atzeratu egin da gaur arte.
“Nahi genuena baino luzeagoa izan da bidea, eta, tarteka, konplexua ere bai; baina, igogailuen obrak adjudikatzeko izapideak abiarazita, pausu erabakigarria egiten ari gara, hala agindu baikenien bi auzootako herritarrei”, dio Iragorrik.
Kokapenak, zehaztuta
Udalak bost igogailu eraikiko ditu, zenbait eremutarako sarbidea emango dutenak. Lanak faseka eta modu sekuentzialean egingo dituzte.
Igogailuetako lauk Karmelo Torreko beheko eta goiko eremuak konektatuko dituzte: lehenengoa, kale horretako haur-jolasen gunetik abiatuko da, elizatik hurbil, eta, haren ostean, beste hiru egongo dira, bidegorrian gora egingo dutenak Jacinto Benaventeren atzealdetik, eta, handik, Axular kaleraino (Basozelai) —lehen igogailua Karmelo Torreko haur-jolasen gunetik irtetea auzotarrek proposatu zuten—.
Bosgarren igogailua elizaren atzealdeko bidegorritik eta Karmelo Torre 19 eta 21etik irtengo da, eta kale horretako 27 eta 29ra iritsi.
Era berean, beheko bidean, igogailu berrira sartzeko arrapala irisgarriak egongo dira (mendi-magalaren erdialdetik doa bide hori, eta Karmelo Torre 12 eta 14 zenbakiak eta Bidasoa kalea lotzen ditu).
“Bada, arrapala horiek eraiki ahal izateko, gaur egungo sestra aldatuko da 130 metrotan zehar, gutxi gorabehera, ibilbidea irisgarria izan dadin da hasieratik amaieraraino, % 6tik beherako maldarekin”, diote udal ordezkariek.
Igogailu bakoitzak hamahiru lagunentzako tokia eskainiko du, eta estetika bera izango dute denek.
☉ Basauri
Argazkiak | Basauriko Playback lehiaketak ehunka gazte euskararen bueltan batu ditu
Ekintzaren helburu nagusia euskara erdigunean jartzea da, euskal abestiak kantatuz eta herri giroan gozatuz. Erronka ez da makala, eta urtetik urtera helburua betetzeko ahalegin gehiago jartzen dute antolatzaileek. Euskararen Egunaren bueltan antolatzen den ikuskizuna da eta aurtengoa laugarren urtea du.

Basauriko Playback herri lehiaketak handitzen eta handitzen jarraitzen du. Aurten 30 taldetik gora igo dira taulagainera eta bi orduko ikuskizun ederra eskaini diote herriari. Ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako (LH) 3. eta 4. mailek osatu dute lehen kategoria eta 5. eta 6. mailek, bigarrena.
Urtetik urtera partehartzaileen mailak gora eta gora egiten du Eneko eta Sonia irakasleen laguntzaz, baita ikastetxe bakoitzeko irakasleen eta gurasoen partehartzeagatik ere. Baina herriko gazteak dira eskenatoki gainera igo eta playbackean abestu, dantzatu eta gozatu ederra hartzen dutenak.
Ekintzaren helburu nagusia euskara erdigunean jartzea da, euskal abestiak kantatuz eta herri giroan gozatuz. Erronka ez da makala, eta urtetik urtera helburua betetzeko ahalegin gehiago jartzen dute antolatzaileek. Euskararen Egunaren bueltan antolatzen den ikuskizuna da eta aurtengoa laugarren urtea du.
Honako hauek izan dira irabazleak:
1 kategoria:
1. saria: Kareaga Goikoa ikastetxea. 4.maila. Rapekoak. Abestia: Aldapeko (Kai Nakai)
2. saria: San Jose ikastetxea. 4. maila. Queens taldea. Abestia: Eguzkilorea (Zetak feat. Neomak)
2. Kategoria:
1. saria: Arizko ikastola. 6. maila. Lagunak betirako. Abestia: Paris (Izaro)
2. saria: Kareaga Goikoa ikastetxea. 5. maila. Mamuak. Abestia: Gure lema (Goazen)
Bideo-laburpena
30 taldetik gora. Bi orduko ikuskizuna. Den-dena, ahalik eta txukunen, laburbildu du @basauritarrak egitasmoak bere Instagram kontuan eskegi berri duen bideo-laburpenean. Zirrara nagusi publikoaren artean, ikuskizun apartaren adierazle.
Ver esta publicación en Instagram
Argazkiak
☉ Basauri
Danbolin Txistulari Elkarteak 40 urte bete ditu eta kontzertu berezia eskainiko du Basaurin
Gonbidatu bereziak izango dituzte kontzertuan. Besteak beste, Itziar Ituño aktore eta abeslari basauriarra

Basauriko Danbolin Txistulari Elkarteak 40 urte bete ditu aurten eta kontzertu berezi bat eskainiko du bihar, azaroak 29, Social Antzokian.
Kontzertu berezia, gonbidatu bereziekin. Izan ere, txistulariak ez dira bakarrik igoko oholtzara. Lagun izango dituzte: La Moncaina; Basauri Koral Elkartea; Zirzira; Agintzari; Basauritar; Edurre; Bizkaiko Gaiteroak; eta Ondalan.
Era berean, herriko zenbait musikarik ere parte hartuko dute. Besteak beste, Ibone Obieta, Aitor Aburto, Jose Ramon Pacorro eta Aritz Madariaga. Eta, Danbolineko ordezkariek adierazi dutenez, Itziar Ituño aktore eta abeslaria ere igoko da taula gainera.
Kontzertua 19:30ean hasiko da. Sarrera doakoa da, baina gonbidapenak jaso behar dituzte interesdunek Danbolinen lokalean (Ibaigane kalea z/g, Basauri Denon Eskolaren ondoan). Gaur da gonbidapenak jasotzeko azken eguna, 18:30etik 19:30era.
☉ Basauri
Bideoa | Indarkeria matxistaren biktimentzako “arreta duina” eskatu du Basauriko Asanblada Feministak

Indarkeria matxistaren biktimek eta bizirik atera direnek arreta egokia jasotzen ez dutela salatu du Basauriko Asanblada Feministak.
“Baliabide egokirik ez izateak dakarren berbiktimizazioa eta indarkeria instituzionala mahai gainean jarri nahi ditugu”, salatu dute.
Azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Basauriko Asanblada Feministak gutuna publikatu zuen GEURIAn [hemen irakurgai] eta atzo, azaroak 27, elkarretaratzea egin zuten Bentako plazan.































































































































































































