Sareak

☉ Basauri

‘Udaberriko Kontzertuak’ ekimenak musika klasikoko sei emanaldi hartuko ditu 25. urteurrenean

|

BOSeko hari-laukotea // BOS

‘Udaberriko Kontzertuak’ programak 25 urte beteko ditu. Musika klasikoa herritar gehiagorengana hurbiltzeko asmoz sortu zuen Udalak ekimena 1998an.

Aurten sei kontzertu antolatu dituzte, eta emanaldi guztiak maiatzean zehar izango dira. Besteak beste, Eresma Guitar Duo, Lorena Ferreiro, Basauri Koral Elkartea, Ugaoko Sarea Abesbatza, Edna boskotea (Musikene), Ellas eta Puccini entzun ahal izango dituzte herritarrek.

Kontzertuak San Migeleko Taberna Nagusian eta San Migeleko elizan izango dira, “eraikin horietan sortu baitziren duela 500 urte baino gehiago Basauriko lehen udaletxea eta lehen eliza”, diote udal ordezkariek. Social Antzokian ere kontzertu bat programatu dute.

“Kontzertu-zikloaz gain, Udaberriko Kontzertuak dibulgazio-programa bat ere bada, jarduera ugari antolatzen dituena haurrentzat eta familientzat. Gainera, ahalegin berezia egiten da emakumeek konposatutako lanak ezagutarazteko, oso gutxitan entzun baitaitezke ohiko programazioetan”, diote udal arduradunek.

Haurrentzako jarduerak euskaraz izango dira Basozelai Gizarte Etxean, Pozokoetxe Kultur Etxean eta Kareaga Gizarte Etxean.

Egitaraua / Udaberriko Kontzertuak 2024

Maiatzak 3, ostirala
‘Las dos caras de la guitarra’, Eresma Guitar Duo: Eva Calvo eta Alvaro Peón
20:00 Taberna Nagusia

Maiatzak 10, ostirala
‘Al son de la Belle Epoque’. Lorena Ferreiro (sopranoa) eta Iñaki Velasco (pianoa)
20:00 Taberna Nagusia

Maiatzak 18, larunbata
‘Acercándonos a los clásicos’. Jose Angel Robles (zuzendaria), Esther Garcia (sopranoa), Miriam Cepeda (pianoa), Basauri Koral Elkartea, Ugaoko Sarea Abesbatza eta Cuarteto Diverdi
20:00 San Migeleko eliza

Maiatzak 24, ostirala
Edna boskotea (Musikene)
20:00 Taberna Nagusia

Maiatzak 26, igandea
‘Ellas: mujeres compositoras del s. XIX francés’. Andrea Jimenez (soprano), Nestor Sutil (flauta) eta Marion Desjacques (arpa)
‘Puccini & Verdi’. Cuarteto de cuerda de BOS
19:00 Social Antzokia

☉ Basauri

SEPESek La Basconia garatzeko Plan bereziak aurkeztu dizkio Basauriko Udalari

La Basconiako lurzoruak bi erabilera izango ditu, zati bat jarduera ekonomikoetarako, eta bestea etxebizitzetarako. 392 etxebizitza kokatuko dira bertan, alokairu baxukoak

|

Basauriko Udalak SEPESekin sinatu zuen hitzarmena 2022an // Geuria

La Basconia berriaren proiektuak aurrerapauso garrantzitsua eman zuen joan den uztailaren 24an: SEPESek (Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministerioari atxikitako Lurzoruaren Enpresa Erakunde Publikoak) Basauriko Udalari bertako lurzoruetan edozein proiektu garatu ahal izateko funtsezkoak diren bi Plan Bereziak aurkeztu zizkion. Plan horietan proiektuak bete beharreko xehetasun urbanistiko, tekniko eta ekonomikoak jasotzen dira.

SEPESek 35 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu La Basconiako lursailetan, eta bi eremutan esku-hartuko du: Basconia ipar-mendebaldean eta Basconia ipar-ekialdian. Guztira, 137.300 metro kuadro. Basconia ipar-mendebaldea ibaiertzean dagoen lursaila da, Basconiako aparkalekutik gertuen dagoena, eta bertan hirugarren sektorea eta industria ezarriko dute (74.845 metro kuadro), eta Basconia ipar-ekialdea Sarratutik eta Etxebarrirako bidetik gertuen dagoen eremua da eta bertan 392 etxebizitza eraikiko dituzte (64.455 metro kuadro).

Etxebizitzak Espainiako Gobernuak sustatzen duen Etxebizitza Eskuragarrien Planari atxikita egongo dira, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren bitartez.

Bestetik, jarduera ekonomikoa garatzeari dagokionez, enplegua Basaurira ekartzea “lehentasunezkoa” dela adierazi zuen iaz Asier Iragorri alkateak: “Ez da duela urteetako industria ezarriko La Basconiako lursailetan. Gaur egungo industria eraldatu da, eta teknologia, digitalizazioa eta I+D+i bezalako kontzeptuak dira egungo industria. Horrelakorik ekartzea onuragarria litzateteke Basaurirentzat eta herritarrentzat”.

Bidea azkartu nahian

Planen aurrerapenak jaso ondoren, Basauriko Udalak aztertu eta tramitazioa azkartuko du, ahalik eta azkarren onar daitezen.

2022an, Basauriko Udalak eta SEPESek hitzarmen baten gehigarria sinatu zuten. Jatorrizko hitzarmena 2009an sinatu zuten bi erakundeek, baina bertan etxebizitzen aukera soilik aurreikusten zen, eta horri jarduera ekonomikoa helburu duten proiektuak jasotzeko bidea zabaldu zen.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Bidebieta Pilota Eskola Katalunian jokatu den Eskolarteko Topaketetan izan da

|

Asteburu ederra pasa dute Basauriko Bidebieta Pilota Eskolako kideek Katalunian. Uztailaren 20an eta 21ean izan dira XI. Eskolarteko Esku Pilota Txapelketan. Nafarrak, Soriatik etorritakoak, Madrildik, Zaragozatik, Katalaniatik… Euskaditik bi klubek parte hartu dute: Bidebieta Pilota Eskola eta Santurtziko Itsaslade.

“Orain dela 11 urte jaio zen honako topaketa. Helburua klub desberdinen artean elkartzea, esku pilotan jokatzea eta giro eta harreman onak sortzea da”, azaldu digu Mikel Karrillo arduradunak: “Casa de los Navarros – Nafarren etxea da Bartzelonako pilota eskola nagusia. 60 pilotarirekin sortu zuten kluba eta orain 150 inguru dituzte, Katalunia osokoak. Aurten eurek hartu dute antolakuntzaren ardura”.

Izan ere, Eskolarteko Topaketa Txapelketa urtero herri ezberdin batean antolatzen da. “Aurten izan da parte hartzen dugun lehen urtea, modu ofizialean, eta esperientzia polita izan da. Asteburu bateko kontua da eta urtetik urtera gehiago batzen gara. Aurten, klubeko 15 bat pertsona etorri gara Bartzelonara”.

Txapelketa formatuan egindako topaketa bat bada ere, lagunarteko giroa da nagusi. “Olinpiar jokoetan erabilitako Vall d’Hebron-eko frontoian izan gara, Nafarren etxeak klubak berak duen frontoi urdinean, txikia baina aire librean, oso berezia. Bertan euren instalazioak ikusi ditugu. Eta Bac de Rodan beste pare bat frontoietan ere egon gara”. Pilotariek ere sariak izan dituzte, hala nola, esku pilotarako materiala, arropa eta bazkari ederra.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Mecanizados Inde enpresako bost langileak kaleratu nahi dituztela salatu du ELAk

|

Mecanizados Inde enpresako bost langileak kaleratu nahi dituztela salatu du ELA sindikatuak // ELA sindikatua

Basauriko Mecanizados Inde enpresako langileek greba hasi dute, enpresak martxan jarri duen lan-erregulazio espedientearen kontra. ELA sindikatuak salatu duenez, enpresak bost langile ditu eta guztiak kaleratu nahi ditu zuzendaritzak.

Lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen propioa negoziatzeko eskaera egin zioten langileek zuzendaritzari, eta ostean jaso dute enplegu erregulazioko espedientea. “Errepresalia argia eta askatasun sindikalaren aurkako erasoa da”, salatu dute ELAtik. Uztailean zehar protesta gehiago egingo dituzte.

Mecanizados Inde Basauriko metalurgia enpresa bat da, Cervantes hiribidean kokatuta, eta Lantegi Batuakentzat lan esklusiboak egiten ditu.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gozategi, Kaotiko eta La Regadera dira Basauriko Jaietako kontzertuak 2024an

|

Gozategi, Kaotiko, La Regadera eta Cherry and The Ladies taldeez gain, Mi Gran Noche eta Urrats Erromeria izango dira Basauriko sanfaustoetan // Geuria

Azken urteotan ohitura bihurtu da uztailean Basauriko sanfaustoen kontzertuen zerrenda osoa herritarrei jakinaraztea. Hala egiten du Herriko Taldeakek.

Jakina da Herriko Taldeak osatzen duten hamasei kuadrillek musika taldeekin osatutako pack ezberdinen artean erabaki behar dutela eta hala egin dute. Honakoak dira aurtengo sanfaustoen kontzertu nagusiak:

 

Sanfaustoak 2024. Kontzertuak

  • Urriak 11, ostirala: La Regadera
  • Urriak 12, larunbata: Gozategi
  • Urriak 15, asteartea: Mi Gran Noche
  • Urriak 16, asteazkena: Urrats Erromeria
  • Urriak 17, osteguna: Cherry & The Ladies
  • Urriak 19, larunbata: Kaotiko
Osorik irakurri

☉ Basauri

Igor Oca basauriarrak ez du Ekuadorko Deportivo Cuencan entrenatzaile moduan jarraituko

Ekuadorko lehen mailan ari zen lanean Igor Oca. Ligaren lehen itzulian taldea jaitsiera postuetan hartu zuten, eta hamargarren utzi du

|

Igor Oca Deportivo Cuenca taldearen entrenamendu batean // Utzitakoa

Igor Oca futbol entrenatzaile basauriarraren Ekuadorko hirugarren esperientzia uste eta nahi baino lehenago bukatu da. Liga Proko (bertako lehen maila) Deportivo Cuenca taldean zebilen Oca, eta atzo klubak berak jakinarazi zuen ez zuela taldean jarraituko.

Ekuadorko futbol txapelketa bi txanpa ezberdinetan banatzen da, eta 43 urteko basauriarra apirilaren 22an heldu zen Deportivo Cuenca taldera, herrialde bereko Unibertsitate Katolikotik irten ostean. LigaPro mailan sei partida gidatu ditu, hiru garaipen, bi berdinketa eta porrot bat pilatuz.

Taldearen egoera nabarmen hobetu da Oca heldu zenetik, jaitsiera postuetan hartu eta 10.postuan utzi baitu. Egun txapelketako bigarren fasea prestatzen ari ziren, baina jabetza eta klubeko arduradunen arteko arazoek ez dute etenik izan.

Bere erabakia azaltzeko prentsaurrekoan aho bizarrik gabe aritu da Oca: “Argi eta argi identifikatu dugu ezin genuela baldintza hauetan jarraitu”. Ideia horretan sakonduz azaldu du “entrenamenduan eta lehiaketan eragina duten hainbat kontu gure kontroletik at zeuden, hala nola jokalarien fitxaketa edo irteerak, edo eguneroko beste hainbat kontu”

Osorik irakurri