Sareak

☉ Etxebarri

Julene Alonso etxebarritarra laguntzeko ‘Igeri eta lagundu’ kanpaina zabalduko dute herrian

|

Julene Alonso eta bere ama Teresa duela bi urte Etxebarriko udaletxean Maratones Javi Conde ekimeneko txeke solidarioa jasotzen // Geuria

Julene Alonso Rodriguez Rett sindromea pairatzen duen 7 urteko etxebarritarra da eta bera laguntzeko ekimen solidarioa martxan jarriko dute Etxebarrin.

Hain zuzen ere, ‘Igeri eta lagundu’ kanpaina sortu dute. Ekainaren 2an, igandez, izango da ekitaldi solidarioa (15:00-19:00) eta bildutako euro bakoitzeko, Etxebarriko igerilekuan lau luze egingo dituzte herritarrek.

Gainera, dohaintzak egiteko Julenett itsulapikoak jarriko dituzte kiroldegiko sarreran, eta kontu-korronte bat zabaldu dute (ES61 2100 4952 1122 0006 1025).

Bestetik, igeri egiteko txanoak salduko dituzte 3 euroan Etxebarriko kiroldegian.

Mutazioa genetan

Rett sindromea genetan gertatzen den mutazioa da. Ondorioz, haurrak behar bezala garatzeko arazoak ditu: haurrek berba egiteari uzten diote eta eskuen erabilera galtzen dute gehienetan, kasu bakoitzaren arabera.

“Jaio eta 8-9 hilabetera tonu muskularrik ez zuela ikusi genuen”, azaldu zigun duela bi urte Teresak, Juleneren amak. Orduan, 2022an Maratones Solidarios Javi eta Jon elkarteko Javi Conde eta Jon Salvador kideek 1.500 euroko txeke solidarioa eman zieten Juleneren senideei.

Neurologia espezialitatera eraman zuten gurasoek eta autismo mota bat zela esan zieten bertan. Eta 18 hilabete egin zituenean atzerapausu oso nabarmena jasan zuen Julenek: etengabeko zapladak ematen hasi zen, etengabe hitz egiten, katamarka egiteari utzi zion eta beste hainbeste sintomekin… urte bi igaro ostean ikerketaren emaitzak eman zizkieten gurasoei: Julenek Rett sindromea dauka.

“18 urteko ume bat izatetik haurtxo txiki bat izatera igaro zen berriro Julene”. Teresaren arabera, umea guztiz dependientea da eta zainketa lan guztiak egin behar zaizkio, haurtxo bat balitz.

☉ Etxebarri

Zaborren tasa hilean 1,70 euro gehiago ordainduko dute etxebarritarrek 2026an

Zabor-tasaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasa eta Euskaltegiko eta kiroldegiko tasak igoko dituzte 2026an

|

Urtean 20 euro gehiago ordainduko dituzte Etxebarrikoek zabor-tasan // Geuria

Bigarren urtez jarraian zabor-tasa igoko da udalerri gehienetan, Europak ezarritako neurri berrien arabera. Izan ere, zaborraren bilketaren gastua herritarrek eta enpresek hartu beharko dute beren gain.

Eta Etxebarrin, tasa 1,70 euro igoko da hilean, 2026ko urtarriletik. “Hori da, 20 euro gehiago urtean”, esan dute udal ordezkariek.

“Hondakinak biltzeko eta tratatzeko zerbitzua % 20 igoko da, eta Europako araudiak behartuta, zerbitzu hori erabiltzaileek osorik ordain dezaten eskatzen du, dirulaguntza publikorik gabe. Ildo horretan eragin handiena izan du zuzentarau hori bera aplikatuz Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu-zentroak finantzatzeari utzi diolako; izan ere, zentro horiek % 30 garestitu dira zenbait hondakinentzat, eta horrek desoreka handiagoa eragin du guztizko kostuetan”, diote.

Hego Uribe eskualdean, Etxebarri izan da lehen udalerria 2026ko tasak onartzen. Irailaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta zabor-tasaz gain, igoera izango dute honakoek: Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), zirkulazio-zergak, hilerri eta estolderia tasak, Euskaltegiak eta kiroldegiak.

OHZ, zirkulazio-zerga, hilerri eta estolderia tasei dagokeienez, % 2,5eko igoera izango dute datorren urtean. “Kasu gehienetan, urte arte KPIaren igoera baino % 0,3 txikiago”, diote udal arduradunek.

Euskaltegiko tasari dagokionez, bi urtez aldaketarik gabe egon ondoren, % 10 inguruko igoera izango du. “Hala ere, HABEren dirulaguntzei esker, pertsona askok matrikulak markatzen duena baino askoz gutxiago ordaintzen dute, eta kasu batzuetan kostua ia nulua da, udalaren dirulaguntza dela eta, hainbat kolektiborentzat matrikularen % 100 berreskuratzeko aukera ematen baitu”, diote.

Eta kiroldegian, bataz besteko igoera % 41,12koa izango dela diote Etxebarriko Udaletik, “KPIaren eta sektoreko hitzarmenaren igoeragatik”, diote, eta gaineratu dute: “Hala ere, sarrera solteek ez dute prezioa aldatzen, 10 sarbideko bonu batzuk % 10era jaitsiko dira eta gainerako tarifek % 2,5 eta % 6 arteko igoerak izango dituzte”.

Zergen eta tasen zenbatezkoez gain, Eusko Jaurlaritzaren edo gainerako erakunde publikoen alokairu-programa ofizialei lagatzen zaizkien etxebizitzek OHZn % 99rainoko hobaria izatea ere onartu du Etxebarriko udalbatzak. Neurri horren asmoa da alokairuko etxebizitzak gero eta gehiago izatea, prezio merkeetan.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Palestinaren aldeko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak

Urriaren 3an egingo dute elkarretaratzea Palestinako genozidioaren aurka eta herritarrak batzeko deia egin dute

|

Irailean Basaurin ere elkarretaratze isila egin zuten Palestinaren alde, Udalak deituta // Geuria

Genozidioaren aurka eta Palestinar herriaren alde adierazpen instituzionala onartu du aho batez Etxebarriko udalbatzak.

“Etxebarriko Udalak, bere herritarren izenean, publikoki adierazi nahi du kezka sakona eta gaitzespen irmoa Palestinako herriak bizi duen giza krisi larriaren aurrean, bereziki Gazako Zerrendan, Israelen eraso militarraren ondorioz”, adierazi dute.

Udaltalde guztiek “irmoki” gaitzetsi dute Palestinako herritarren aurka egindako genozidioa, “milaka hildako eragin dituena, horietako asko haurrak eta adingabeak, baita ospitale, eskola eta etxebizitzen suntsiketa sistematikoa ere”.

Era berean, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketak salatu dituzte, “hala nola, laguntza humanitarioaren blokeoa, gizarte zibil palestinarraren kriminalizazioa eta biztanleriaren desplazamendu masibo eta behartua”, diote.

Su-etena “berehalakoa eta iraunkorra” izatea eskatu dute, baita laguntza humanitarioa Gazara iristeko korridore seguruak irekitzea ere.

“Palestinako herriak bakean bizitzeko, bere Estatua sortzeko eta bere etxeetara itzultzeko eskubidea berretsi egiten dugu, Nazio Batuen 1947ko ebazpenen arabera”, esan dute.

Eta, Espainiako Gobernuari eta Europako erakundeei Israelekin duten lankidetza militar oro bertan behera uzteko eskatu diete, baita dituzten akordioak berrikustea eta gerrako krimenen inguruan nazioarteko ikerketen jarraipena babestea ere.

“Nazioarteko erkidegoari, eta bereziki, Europar Batasun osoari, bake iraunkorra ahalbidetuko duten konponbide negoziatuak bilatu eta babes ditzala eskatzen diogu”, diote.

Gauzak horrela, urriaren 3an, ostiralez, 10 minutuko elkarretaratze isila deitu du Etxebarriko Udalak udaletxeko plazan 19:00etan.

“Etxebarrik ezin du eta ez du nahi beste alde batera begiratzea. Gizarte justiziarekin eta giza eskubideen defentsarekin konprometitutako udalerri gisa, gure ahotsa altxatzen dugu basakeria honi amaiera emateko eta herri guztien duintasuna errespetatzeko”, diote.

Udaletik herritarrak deitu dituzte elkarretaratze isil horrekin bat egiteko, “baita Etxebarrin eta inguruko udalerrietan egiten diren manifestazio eta elkarretaratzeetan parte hartzeko ere”.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

3.000 eurora arteko isunak jarriko ditu Etxebarriko Udalak gizalegearen aurkako ekintzak egiteagatik

Besteak beste, espazio publikoak pintatzeagatik, kalean pixa egiteagatik edota ekintza bandalikoak egiteagatik zehapen-espediente berriak proposatu ditu Udalak

|

Santa Ana kaleko igogailuan pintadak egin dituzte azken orduetan // Argazkia: Etxebarriko Udala

Ekintza bandalikoengatik, pintaketengatik, bide publikoan pixa egiteagatik, txakurra gaituta ez dagoen eremuan lotuta ez eramateagatik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak muturrekorik gabe edota lizentzia gabe eramateagatik edo adingabeei edari alkoholdunak saltzeagaitik isun-espediente berriak proposatu ditu Etxebarriko Udalak.

Eta, jokabide horiengatiko isun ekonomikoak 50 eta 3.000 euro artekoak izan daitezkeela adierazi dute udal ordezkariek, “batez ere berrerortzeen edo kalte nabarmenen kasuetan”.

“Zigor horien azken helburua da herritarrak kontzientziatzea udalerriko bizilagunen arteko bizikidetza hobetzeko, udalerriaren irudiari eta zerbitzu publikoen erabilera desegokiari kalte egiten dioten jokabideak saihesten saiatuz”, esan dute udal arduradunek.

Esate baterako, Andaluzia kaleko arrapala mekanikoen kasua aipatu dute Udaletik: “Nahita gelditzeak bereziki eragiten die adinekoei eta mugikortasun murriztua dutenei, eta horiek dira, aldi berean, azpiegitura hori gehien behar dutenak, baina, gainera, konpontzeak eta martxan jartzeak kostu ekonomikoa dakarkie udal-kutxei”, diote.

Era berean, gaur bertan Etxebarriko Udalak bere Instagram kontuan zabaldu duenez, Santa Anako igogailuan pintadak egin dituzte, eta gogorarazi dute garbiketa etxebarritarren artean ordainduko dutela. “Egilea kameren bidez bilatzen saiatuko gara”, esan dute.

Udalak azpimarratu nahi du jokabide horiek, udal-arauak urratzeaz gain, bizikidetza-gatazkak eta mantentze-kostu gehigarriak sortzen dituztela Etxebarriko herritar guztientzat. “Horregatik, gizalegerako eta espazio publikoa errespetatzeko deia egiten dugu, bizikidetza harmoniatsurako oinarri gisa”, diote.

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebeer garagardo artisauen bigarren azoka antolatu dute irailaren 27an Etxebarrin

Laugar, Boga, Drunken Bross, Gross eta Baobeer euskal ekoizleak egongo dira Etxebarriko azokan. Gainera, taloak eta hanburgesak eta kontzertuak izango dira

|

Artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza eta kontzertuak egongo dira // Argazkia: Bence Boros, Unsplash

Iazko arrakasta izan ostean, aurten bigarren urtez antolatuko dute Etxebarrin Etxebeer garagardo artisauen azoka. Irailaren 27an, larunbatez, izango da udaletxeko plazan 12:30etik 01:00etara.

Basque Beer euskal garagardogileen elkartearekin lankidetzan, eta Stop Basque Whashing lelopean, bost euskal ekoizle izango dira Etxebarriko jaialdian: Laugar, Boga eta Drunken Bross bizkaitarrak eta Gross eta Baobeer gipuzkoarrak.

Gainera, artisau garagardoaz gain, gastronomia eskaintza ere izango da: Loiuko Events-en eskutik taloak eta hanburgesak egongo dira egun osoan zehar.

Eta giroa alaitzeko, kontzertuak ere antolatu dituzte: Tacon de Aguja, Kruddö eta Moonshine Wagon. 

Osorik irakurri

☉ Etxebarri

Etxebarrin 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa pilotua sustatuko du Jaurlaritzak

Programak “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi du Imanol Pradales lehendakariak

|

Ikasturte amaieran ebaluazioa egingo du Jaurlaritzak, programa Euskadiko beste udalerrietara hedatu behar duten jakiteko // Argazkia: Gaelle Marcel, Unsplash

Nerabeen ongizate emozionalerako programa pilotu bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak Etxebarrin, baita Araialdean, Irunen eta Gasteizen ere.

Euskadiko Osasun Mentaleko Federazioaren eskutik, 15 eta 18 urte bitarteko nerabeen ongizate emozionalari zuzendutako programa izango da eta, “entzuteko, laguntzeko eta babesteko ate berria” izan nahi duela adierazi zuen pasa den astean Imanol Pradales lehendakariak Politika Orokarri buruzko eztabaidan.

“Gazteek komunikazio- eta adierazpen-gune seguruak izango dituzte profesionalek lagunduta. Euren zalantzak, beldurrak eta kezkak adierazi ahal izango dizkiete profesionalei”, esan zuen lehendakariak.

Programa pilotua ikasturte honetan jarriko dute abian eta ebaluazioa ikasturte amaieran egingo du Jaurlaritzak: “Ebaluazioa egin ostean, ikusiko dugu Euskadiko udalerri gehiagotara hedatuko dugun programa”, zehaztu zuen Pradalesek.

“Gainera, udalekin lankidetzan, eta Kristalezkoak ekimenaren babespean, aholkularitza-zerbitzuak aktibatuko ditugu Euskadiko gazteei arreta emateko bulego guztietan”, adierazi zuen.

Halaber, lehendakariak iragarri zuen Lehen Mailako Arretan psikologiako profesionalak hedatuko dituztela, “osasun mentalean espezializatutako zerbitzuak arintzeko, eta kasurik arinenak eta terapia pribatuetara iritsi ezin diren biztanleak artatu ahal izateko”.

Osorik irakurri