☉ Galdakao
Sara Díaz, Galdakaoko Mozoilo Petanka Klubeko jokalaria: “Nire ametsa petankatik bizitzea da”
Galdakaoko Mozoilo Petanka Klubeko kide sortzaileak zazpigarren aldiz irabazi du Espainiako petanka txapelketa eta munduko txapelduna ere bada. Bere ametsa kirol honetan jolasten aritzea eta petanka eskola bat sortzea da

José Gómez 16 urteko petanka jokalari murtziarrak “ikasketetara itzuliko naiz, ezin da petankatik bizi” esaldia bota zuen 2010ean eta adierazpen horiek Espainian famatu bilakatu zuten. Horren haritik jendeak milaka meme sortu zituen. Gutxik ahaztuko dute argitalpen hura, umore klabean beti ere.
Sara Díazek (Nazaret, 1997) aurre egin dio 2010eko 16 urteko mutil horren erabakiari, Galdakaoko Mozoilo Petanka Klubeko kide sortzaileak zazpigarren aldiz irabazi duelako Espainiako petanka txapelketa. Eta ez hori bakarrik, Europako eta munduko txapelduna izandakoa da ere. Joan den asteburuan Bartzelonan antolatutako Petankako Espainiako Banakako Txapelketako garaile bilakatu zen Galdakaoko klubekoa eta gaur egun Euskadiko Federaziorako lehiatzen ari den jokalari kanariarra da. “Espainiako txapeldun izatean sentitzen dudana harrotasuna eta poza da, txapelketen aurretik ezarritako helburuak emaitza onekin bete direla ikusten baitut”, aitortu dio kirolariak GEURIA komunikabideari. “Irabazi arren, txapelketan egindako hutsegiteetan gogor egin behar dut lan”.
“Espainiako txapeldun izatean sentitzen dudana harrotasuna eta poza da”
Kanariarraren arabera, Espainiako txapelketa “gogorra da mentalki joko-estrategiagatik”: aurkari bakoitzak ezberdin jarduten du jokoaren arabera: askok jaurtiketan jokatzen dute eta beste batzuek hurbilketara jokatzen dute. “Nik jaurtitzaile perfila daukat, baina Espainiako txapelketako kasu zehatzean, eta jokalekua nolakoa zen ikusita, nire jokatzeko modua hurbilketakoa izan zen”, azaldu du Mozoilo klubekoak.

Sara, joan den asteburuan Bartzelonan jokatutako txapelketan // Sara Díaz
Sistema suitzarra
Txapelketa 5 partidako sistema suitzar batean garatzen da. Honek esan nahi du partida bakoitzaren iraupena 45 minutukoa dela eta bi esku estrak kontrolatzen dutela. Sistema hori amaitu ondoren zuzeneko kanporaketara jokatzen hasten dira jokalariak denborarik gabe: “Jokatzeko modua erabat aldatzen da, partida bakoitza jokatzeko nahi beste denbora duelako kirolariak, baina beti ere jokalari bakoitzari 60 segundoko bola bat jokatzeko dagokion denbora kontrolatuz”, zehaztu du txapeldunak.
“Munduko txapeldun izateko faktore asko hartu behar dira kontuan”, aitortu dio txapeldunak GEURIA komunikabideari. “Nire kasuan urte asko izan dira entrenatzen, txapelketak egiten eta mentalki hobetzen munduko txapelketa baten mailara iristeko. Bestetik, Selekzio Nazionaleko teknikariak konfidantza osoa izan du nigan txapelketa honetan parte hartzeko, munduan dauden zailenen artekoa, hain zuzen ere”.
Euskal Komunitatean fitxatu duen lehen aldia da Sararentzat, eta Galdakaoko klubean urte hasieratik darama: “Taldea jokalari onek osatzen dute eta gehien gustatzen zaidana da horietako bakoitzak ezaugarri propioak dituela da”, azaldu du kanariarrak. “Horrek talde ona osatzen du eta pozik nago bertako jokalariekin egoteaz, oso harrera ona egin baitidate. Aurten geratzen den guztia nola gauzatuko den jakiteko gogo handia dut eta ilusio handia daukat”.
“Dena ez da soilik petanka entrenatzera mugatzen; baita gimnasiora joatea, dieta orekatua egitea eta burua profesional baten laguntzarekin lantzea ere”
Entrenamenduez galdetzean goizez, arratsaldez eta gauez gustura arituko litzatekeela aitortu du Díazek baina astean zehar 1 eta 3 egun ematen ditu petankan, eguraldiak hala uzten badio: “Nabarmendu behar dut dena ez dela soilik petanka entrenatzera mugatzen; baita gimnasiora joatea, dieta orekatua egitea eta burua profesional baten laguntzarekin lantzea ere. Hori guztia txapelketetara joateko erraztasuna ematen didaten lanarekin uztartzen dut, eta txapelketa egunak oporretatik ateratzen ditut”.
Sarari betidanik gustatu izan zaio kirola, oro har, eta zaletasun hori aitak transmititu zion Kanarietako Bolaren bidez: “Txapelketetara joaten zenean berarekin joan ohi nintzen eta nire kabuz botatzen nituen bolak. Petankarekin hasi zenean gauza bera egiten nuen. Aitak kirol biak uztartzen zituen”. Denborak aurrera egin ahala, petankak irteera gehiago zituela ikusi zuen Sarak: txapelketak, Estatu mailako, Europako eta mundu mailako txapelketak… “Petanka Kanariar Bola baino askoz ezagunagoa da, azken hau kanariar uharteetan praktikatzen delako soilik”, argitu du Sarak.
“Nire ametsa, kirolari guztiek bezala, praktikatzen duen kirolean % 100 aritzea da. Nire kasuan, kirol honetatik bizi ahal izateko ametsa bete nahiko nuke, ez soilik jokalari gisa, baizik eta petanka eskola bat sortuz, gaztaroan petankaren mundua sustatu ahal izateko, ez baita soilik Petankan jokatzea: kirol honek ere diziplina landu behar du”.
☉ Galdakao
Bi gazte atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik
Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarra erabilita sartu ziren bart 19 eta 21 urteko bi gazte. Epailearen esku jarriko ditu Ertzaintzak

Ertzaintzak 19 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Galdakaoko Olabarrieta auzoko etxebizitza batean indarrez sartzeagatik.
Gertaerak bart gauerdian jazo dira: pertsona batek SOS Deiakera deitu du Olabarrietan dagoen eta une horretan hutsik zegoen aita-amaginarreben etxean indarrez sartu direla esanez, instalatuta zuten zaintza-kamera deskonektatu egin dutela konturatu baitira.
Orduan, patruila bat bertaratu eta argi bat piztuta ikusi zuten eta etxebizitzaren goiko aldean bi gazteak aurkitu dituzte.
Bi gazteak epailearen esku utziko dituzte dagozkion eginbideak amaitu ostean.
☉ Galdakao
Bideoa | Antzeko, Bertan Kaldo eta Dekantzekoz, Galdakaoko jaietako Playback lehiaketako onenak!

Playback lehiaketa mundiala da Galdakaoko jaietan eta atzo zuzenean bizi genuen! Txapeldun Antzeko izan zen: Mamma Miaren ‘Ai ama!’ bertsio euskalduna egin zuen kuadrillak. Euren amei omenaldi zoragarria egin zieten.
Bigarren Bertan Kaldo izan zen, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
GEURIAn lehenengo hiru postuetan sailkatutako ordezkariak elkarrizketatu zituen: Mirene eta Izaskun (Antzeko), June eta Ane (Bertan Kaldo), eta Ane eta Janire (Dekantzekoz). Aupa zuek!
☉ Galdakao
Argazkiak | Galdakaoko jaietako Playback lehiaketa 140 argazkitan!

Playback lehiaketa arrakastatsua da Galdakaoko jaietan. Eta aurten ere ez du hutsik egin, beste urte batez Zizpak antolatuta. Irabazle Antzeko izan da, euren Ai Ama! (Mamma Mia!) bertsioari esker, amei omenaldia eginez. Bigarren Bertan Kaldo izan da, hirugarren Dekantzekoz, laugarren Trikiriki eta bosgarren Erdu Mizketan.
☉ Galdakao
Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute Valentziako uholdeetan egindako lanengatik
Gaur Vienako udaletxean, Austrian, Innovation in Politics Awards sarien irabazleak emango dituzte jakitera, eta otsailean Zero Project sariak banatuko dituzte Vienan ere

Galdakaoko GBGE elkartea Europako bi saritan finalista hautatu dute, iazko urritik Valentziako uholdeek kaltetutako eremuetan egindako lanengatik.
Alde batetik, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan dituzte bi proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi humanitarioa.
Nave 51 izeneko proiektuan, Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk, “xahuketa minimizatuz eta jasotako laguntza guztia ahalik eta gehien aprobetxatuz, milaka boluntario eta militarri esker”, dio Ainhoa Crespo GBGEko ordezkariak.
Eta Garbitegi humanitarioa delakoan uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten, “balio praktiko eta emozional handiko doako zerbitzua eskainiz”, dio Crespok.
Innovation in Politics Awards sarien banaketa gaur, irailak 17, izango da Vienako udaletxean, Austrian.
Otsailean: Zero Project sariak
Beste alde batetik, GBGE finalista izendatu dute Zero Project sarietan, “Krisi-egoeretan desgaitasunaren aurrean inklusioa” kategorian.

GBGE elkarteko boluntarioak Valentziako hondamendian // GBGE
Ekintza humanitarioetan, larrialdietan eta hondamendietan inklusio-irtenbideak aitortzen ditu sariketa horrek, eta sari banaketa otsailean izango da Vienan ere; kasu horretan, Nazio Batuen egoitzan.
“Izendapen hauek nazioarteko aitorpena dira Valentziako Dana-ren ondoren izandako elkartasun uholdeari. Nabarmentzekoa da beste modu batean ere erantzun daitekeela hondamendiei: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik ere asko dagoelako berreskuratzera iristeko, baina pozik ere bai, pertsona askoren lan ikaragarriari egindako aitortza delako”, adierazi du Crespok.
☉ Galdakao
Emakumezkoen Bigarren Mailako Euskal Kopa jokatuko da asteburuan Galdakaon
GDKO Ibaizabal, HGB Ausarta Barakaldo, Mondagon Unibertsitatea Ointxe eta Iraurgi SB Elgoibar taldeak neurtuko dira Euskal Kopan

Euskadiko emakumezkoen saskibaloiaren topagunea izango da Galdakao asteburuan. Izan ere, Bigarren Mailako Euskal Kopa jokatuko da Urreta kiroldegian irailaren 19an eta 21ean.
Aurten GDKO Ibaizabal, HGB Ausarta Barakaldo, Mondagon Unibertsitatea Ointxe eta Iraurgi SB Elgoibar taldeek jokatuko dute Euskal Kopa.
Sarrera doakoa da eta Galdakaoko Udaletik eta Ibaizabal Saskibaloi Taldetik pabilioia betetzeko deia egin dute: “Zaleei dei egiten diegu pabilioia betetzeko eta txapelketa eder honetaz gozatzeko”, esan du Julene Royal GDKO Ibaizabaleko ordezkariak.
Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkateak adierazi duenez, hitzordu hau “aukera paregabea” da goi mailako kirolaz gozatzeko, baita Galdakaok emakumeen kirola sustatzeko duen konpromisoa indartzeko ere.
Ildo horretan, “emakumeek kirola praktikatzeko egunero egiten duten ahalegina” azpimarratu du Espillak, eta eskerrak eman dizkio Euskal Saskibaloi Federazioari “herrian halako ekitaldia abian jartzeko izan duen konfiantzagatik”.
Luis Sautu Federazioko lehendakariak Galdakaoko Udalaren laguntza eskertu du, “oso babes garrantzitsua delako”.
Txapelketari dagokionez, “denboraldia prestatzeko klubentzat oso lehiaketa garrantzitsua” dela adierazi du Sautuk, baita “emakumezkoen kirola sustatzeko” balio duela ere. Izan ere, baieztatu duenez, “emakumezkoen saskibaloia harrotasun iturria da Federazioarentzat; gero eta politagoa da kirol hau, eta potentzial ikaragarria dugu”.