☉ Zaratamo
Ertzaintzaren arabera, Zaratamoko Arkotxa auzoan gertatutako lapurretak ez dauka zerikusirik Outokumpun bizi den jendearekin
GEURIAk Zaratamoko auzoko hainbat bizilagunekin egin du berba gaiaren inguruan eta iritzi ezberdinak jaso ditu: batzuen arabera, auzoan bizi den egoera “betikoa” da eta azken egunetako gertakariak “gertakari isolatuak” izan dira. Beste batzuk, ordea, “oso kezkatuta” agertu dira

Zaratamoko Udala harremanetan jarri da Ertzaintzarekin aste hasieran Arkotxan gertatutako lapurretaren haritik eta momentura arte poliziak salaketa bakarra erregistratu duela azaldu diote Udalari: “Ertzaintzako ordezkarien arabera, erregistratuta dagoen salaketa bakarrak ez dauka zerikusirik Outokumpuko orube zaharrean bizi diren pertsonekin”.
Aste hasieran lapurreta bat eta auzoko zenbait eraikinetan indarrez sartu direla salatu dute Arkotxako herritar batzuek. Bertako bizilagunek GEURIAri azaldu diote astelehenean auzotar bati autoa indarrez zabaldu ziotela. Asteartetik astezkenerako goizaldean, aldiz, lapurreta bat egin zuten auzoko etxebizitza batean eta indarrez sartu ziren zenbait ataritan, zarrailak indarrez apurtuz.
GEURIAk Zaratamoko auzoko hainbat bizilagunekin egin du berba gaiaren inguruan eta iritzi ezberdinak jaso ditu: batzuen arabera, auzoan bizi den egoera “betikoa” da eta azken egunetako gertakariak “gertakari isolatuak” izan dira. Beste batzuk, ordea, “oso kezkatuta” agertu dira azken boladan herrira etorri diren pertsonengatik. Horien artean, Outokumpu enpresako lurretara bizitzera heldu direnak.
Azken egunetako gertakariekin kezkatuta agertu diren auzotarrek Whatsapp talde bat sortu dute Arkotxako gorabehera hauen inguruan eztabaidatzeko. Momentuz egoerari konponbidea emateko eskatu diote Zaratamoko Udalari, eta kartelak banatu dituzte auzo osoan zehar hurrengo mezuarekin: “Nazkatuta gaude! Arkotxako etxebizitzetan lapurretak egin dituzte, nabeetan pertsonak hasi dira bizitzen modu ilegalean eta delinkuentzia dago kaleetan. Konponbidea nahi dugu!”.
Modu berean, ‘auzo patruilak’ sortu dituzte. Ertzaintzak bilera bat egingo gaur Arkotxako auzotar kaltetuekin. Aste hasieratik gaur arte Ertzaintzaren presentzia areagotu da Zaratamoko auzoan.
☉ Zaratamo
Zaratamoko Arkotxako auzotar batzuek lapurreta bat eta zenbait ataritan indarrez sartu direla salatu dute
Ertzaintzako ordezkarien arabera, erregistratuta dagoen salaketa bakarrak ez dauka zerikusirik Outokumpuko orube zaharrean bizi diren pertsonekin

Aste hasieran lapurreta bat eta auzoko zenbait eraikinetan indarrez sartu direla salatu dute Arkotxako herritar batzuek. Bertako bizilagunek GEURIAri azaldu diote astelehenean auzotar bati autoa indarrez zabaldu ziotela. Asteartetik astezkenerako goizaldean, aldiz, lapurreta bat egin zuten auzoko etxebizitza batean eta indarrez sartu ziren zenbait ataritan, zarrailak indarrez apurtuz.
GEURIAk Zaratamoko auzoko hainbat bizilagunekin egin du berba gaiaren inguruan eta iritzi ezberdinak jaso ditu: batzuen arabera, auzoan bizi den egoera “betikoa” da eta azken egunetako gertakariak “gertakari isolatuak” izan dira. Beste batzuk, ordea, “oso kezkatuta” agertu dira azken boladan herrira etorri diren pertsonengatik. Horien artean, Outokumpu enpresako lurretara bizitzera heldu direnak.
Gertakarien haritik, Zaratamoko Udala harremanetan jarri da Ertzaintzarekin eta momentura arte salaketa bakarra dagoela azaldu du Alberto Ugarriza alkateak: “Ertzaintzako ordezkarien arabera, erregistratuta dagoen salaketa bakarrak ez dauka zerikusirik Outokumpuko orube zaharrean bizi diren pertsonekin”.
Azken egunetako gertakariekin kezkatuta agertu diren auzotarrek Whatsapp talde bat sortu dute Arkotxako gorabehera hauen inguruan eztabaidatzeko.
Momentuz egoerari konponbidea emateko eskatu diote Zaratamoko Udalari, eta kartelak banatu dituzte auzo osoan zehar hurrengo mezuarekin: “Nazkatuta gaude! Arkotxako etxebizitzetan lapurretak egin dituzte, nabeetan pertsonak hasi dira bizitzen modu ilegalean eta delinkuentzia dago kaleetan. Konponbidea nahi dugu!”.
Modu berean, auzo patruilak sortu dituzte.
Ertzaintzak bilera bat egingo du bihar, maiatzaren 16an, Arkotxako auzotar kaltetuekin.
☉ Zaratamo
Bilera informatiboa prestatu dute Zaratamon Mandoiako parke eolikoaren inguruko datuak plazaratzeko
Udalerrian ez dute aerosorgailurik ipintzeko asmorik, baina parkekoak eraikitzeko trafikoa Moiordin auzotik igaroko litzateke. Bilera Maiatzaren 14an antolatu dute Moiordineko txokoan

‘Feroskana Parke Eolikoa’ izeneko proiektua eraiki gura du Feroscana Wind enpresak Mandoiako kordalean. Guztira sei aerosorgailu aurreikusi dituzte: bost Zeberion eta bat Bedian.
Zaratamon ez dituzte aerosorgailurik ipintzeko asmorik, baina parke eolikoaren eragina pairatuko du udalerriak, Moiordin auzoa parkerako sarbidetako bat izango delako. Bertatik garraiatuko dituzte kamioiek elizeak eta bertatik igaro beharko dira parkeko mantenu-lanak egiteko ibilgailuak, tartean.
Egoera horren aurrean, Zaratamoko Udalak, herritarrak informatzeko helburuagaz, bilera informatiboa antolatu du maiatzaren 14an, 18:30ean, Moiordineko txokoan.
Izan ere, duela egun batzuk zuzenketak egiteko epe zabaldu zuen Udalak (30 egun dituzte herritarrek): “30 egun hauetan alegazioak aurkezten ahaleginduko gara”, izan dira Alberto Ugarriza Zaratamoko alkatearen berbak.
“Azken batean gauza bat aerosorgailu horiek non egongo diren da, eta beste bat horiek eraikitzeko ibilgailuak nondik igaroko diren: eraikuntza fasean udalerrian sortuko den errepide-trafikoak gora egingo du mendi ustiaketak egin beharko dira ere. Gainera, 30 urtez mantenu lanak egin beharko dira eta tartean aerosorgailuren bat matxuratuz gero trafikoa gure herritik igaroko litzateke berriro, horrek dakarren ondorio guztiekin”.

Mandoiako kordala, atzealdean // Geuria
☉ Zaratamo
Jose Inazio Basterretxea Polo: «Euskara da norbanako eta herriko egiten nauena»

Mundua euskara barik irudikatzea zaila edo ezinezkoa da Jose Inazio Basterretxea Polorentzat (Galdakao, 1959). Euskaraldiaren testuinguruan gure hizkuntzaz berba egiteko lotu gara beragaz eta baita mito batzuk eraisteko ere, herriko auzo ezberdinen arteko euskararen egoeraz galdetu diogunean. Lurraldetasunetik urrunduz, Basterretxeak euskara osasuntsu ikusten du, baina euskalduna, gaixo. Zer dela eta?
Nolako garrantzia dauka euskarak zure bizitzan? Ni, izatez, euskalduna naz, eta euskaltzalea. Niretzako, arnasteko oxigenoa da euskera: bizitzeko beharrezkoa. Neure-neurea sentitzen dot euskera. Etxean, lanean, plazan… hor egon da nire bizitzan euskera. Erderak ere hor egon dira, eta estimatzen ditut. Baina, neurea… neurea euskera da, neure-neurea egin dot etxerako, lanerako, plazarako. Zer natural bat da euskera nire bizitzan. Euskerak egiten nau norbanako eta herriko.
Zaratamon bizi zara, kontraste handiko udalerria hizkuntzari dagokionez. Nolako presentzia dauka euskarak bertan? Esaten da alde handia dagoela Elexalde eta Arkotxa auzoen arteko euskararen egoeraren artean. Hor-zehar esaten da Arkotxa erdalduna dela eta Elexalde dala euskalduna. Ez dot horrela ulertu gura hizkuntzen arteko talka, ez Zaratamon, ez Galdakaon, ez inon. Lekuak baino, pertsonak interesatzen jataz. Abiapuntu nagusi moduan, esan dagidan ez dodala ontzat hartzen estigmatizazioa. Eta Zaratamon, aitatzen dozun arlo horretan, estigmatizazio nabarmena dago. Ni Arkotxara banoa eta euskeraz egin gura badot -ez da erreza izango-, baina, badakit nor dan han euskaldun eta haregaz euskeraz egingo dot, niri gustatzen holan gustatzen jatalako, eta hareri bebai, alegia, hareri ere gustatu egiten jakolako euskeraz jardutea niri beste.
Zaratamon, euskeraren problema ez dago Arkotxan. Mito asko dabil gure inguruan, eta ez dot atsegin. Egiak erdizka esaten dabez mito pozoituak, eta inoiz guzurrak. Nik esango neuke kontu printzipala ez dala euskera eta territorioa -auzo bat edo bestea-, hori oso inportantea bada ere. Kontu zentrala da euskalduna eta harek egiten dauen hizkuntzen erabilpena. Begira, nik euskera osasuntsu ikusten dot. Baina euskalduna, gaixo. Elexalde balizko auzo euskaldunean, Arkotxan euki neikean zailtasun bera eukiko dot… euskeraz jarduteko, bilatu egin beharko dot euskeraz jardun gura dauen euskal hizketa-laguna. Euskera jakin dakien jende gehiago egongo da Elexalden. Bai. Seguru. Baina, egiten dauenik, proportzio zoragarrian, ez. Hartara, euskeraz egin gura ez badogu euskaldunen artean, zertarako estigmatizatu beste inor? Zeren eta noren mesedetan egiten da hori? Pozoia ikusten dot estigma horretan. Beste kontu bat da inoren auzoa ez gustatzea auskalo zein arrazoi sozio-politiko-ekonomikoa dala eta.
Euskarak ez al lituzke territorioak konkistatu beharko? Euskera bera da lurraldea. Euskeraz egiten dan lekuan dago euskeraren territorioa. Zer da territorio euskalduna, euskaldunak ez badau euskeraz egiten? Auzo biak erderaz bizi, eta Elexalde euskalduna da eta Arkotxa erdalduna? Euskeraz egin ahala eraikiko dogu euskeraren territorio fisikoa. Bestela pentsatzea magian sinistea da: umekeria bat. Zelan konbentzituko dozu inor euskera ikasteko baldin eta inork egiten ez badau, hizkuntza jakinda ere?
Batez ere, konkistatu behar doguna da euskaldunaren bihotza. Horixe da zentrala, horixe ardatza etorkizunari konfiantza minimo bategaz begiratu ahal izateko.
Arestian esan duzu euskara osasuntsu dagoela, baina, euskalduna, gaixo. Bai, ba. Euskera ikusten dot inoiz baino osasuntsuago. Noranahikoa da egun: soloetan legez, unibertsitatean egin dau euskerak bere kabia; etxean legez, telebista-irratietan, kazetatan… Osasun aparteko horretan, danean legez, argi-ilunak dagoz. Euskera, esan dagigun formala, indartsu dago, noranahikoa da. Halere, euskera informala, erren dabil: itanoak makuluak behar ditu; aisialdiak, gurpil-aulkitxoa; plazak, belaunean injertoa. Begira, euskaldunak gai gara doktore-tesiak euskeraz idazteko, baina, era berean, tabernako terrazan erderaz jarduteko lagun euskaldunakaz. Horra, paradoxa. Ez da erreza euskeraz bizitzea, jakina. Kasu askotan, ezinezkoa da. Baina, asko matizatu beharra dago euskararen egoera eta euskaldunen portaera deskribatzen ditugunean. Txirrita bertsolaria etortzen jat burura honetaz berba egitean.
Txirrita? Ze zentzutan, baina? Badauka Txirritak bertso-sorta bat Gure aurreko guraso zarrak aspaldi samar iltzian titulupean. Garai zaharrei buruz dihardu. Gerra zibil zaharraz: karlistak eta liberalak borrokan. Foruen galerari buruz. Lehengo Euskal Herriko ohitura zaharrez. Eta hor diño: “Erdera etzen bakarrik kapaz, euskerak lagundu diyo”. Alegia, euskararen konkurrentzia behar izan dauela erderak gure artean lekua irabazteko eta geure gainean jartzeko. Baina, kasu, ez dot fribolitatez hartu gura gaia. Euskararen liburu beltzak irakurri dituenak, badaki euskaldunen penitentziak zeintzuk izan diran eta badiran.
Bat da Txirritak deskribatzen dauen testuingurua, ordukoa. Oraingoagaz alderatuta, beste bat, nabarmen desberdina. Baina, arazoaren funtsa, oinarria, gureganatu egin daitekeela uste dot, eta euskeraren eta euskaldunaren etxeetara ekarri.
Horregatik, euskalduna, gaixo… Euskara baino, euskalduna dago gaixo. Zera, ez dakit ondo zer behar dauen euskaldunak euskaldunagaz euskeraz egiteko. Enigma bat da hori niretzat. Nire teoria da euskera ez dagoela modan. Nire teoria da babalore asko dagoela euskaldunetan . Eta lagun akonplejatu horreik interneteko izar baten bultzadaren beharra daukiela euskeraz egiteko. Alegia, influencer orojakile batek azaldu behar deutsola euskaldun mintzul horreri munduan milioi erdi lagunen eskuetan baino ez dagoen altxor baten jabea dala; eta, itxura batean, oraindino ez dala konturatu. Blogebrity ospetsu digital horrek esan behar deutso euskaldunari bere perfila aberastu leikeela instagramen, euskalduna dala erakutsita; tuneatu egin leikeala bere burua modu propio eta apartekoan, berezi-berezian, modu ia kopia-ezinean.
Modako kontakatilu batek esan behar deutso ezen beste askoren eskuetan ez dagoena bere eskuetan badagoela. Alegia, esan behar deutso euskalduna dala partaide komunitate batekoa, zeinak haitz-denborako hizkuntza zahar bat fisio nuklearra esplikatzeko baliagarri bihurtu dauen. Txirritaren berba zaharrak gaur egungo diskurtso honetara ekarrita: “Hau da txoriyak gari tartean gosiak egon biarra!”. Beren-beregi, gainera.
Beharrezkoa al da Euskaraldia bezalako ariketa bat euskarak bizi duen egoera hobetu ahal izateko? Dudarik ez da. Ez euskeragaitik, jakina. Euskaldunengaitik baino. Jendea animatu behar dogu Euskaraldian parte hartzeko. Zentzuzkoa da. Beharrezkoa. Erantzi egin behar dogu begiak estaltzen deuskuzan zapia. Ongietorria izan daitela horretara datorren oro. Euskaraldia? Ba, Euskaraldia. Ea iratzartzen garan…
Iratzargailua itzali nahi duenik ere badabil… Azken boladan, euskararen aurkako sententziak iragarri dituzte. Nolako ardura dakar horrek guztiak gure hizkuntzari begira? Handiak. Ardura handiak dakarz eraso sistematiko horrek. Ez dira barriak euskararen aurkako erasoak. Etxean entzun izan ditugu horreik. Liburuetan azaldu dira. Hedabideak begien aurrera ekarri deuskuez azken-azkenak. Aspaldian indarturik datoz. Berpiztu egin dira gainditutzat eta konkistatutzat genduzan hainbat kontu, eskuartean darabilgun hau barne. Epaile biboterre horreik diñoe euskera gatza dala, zaila. Epaile ipurterre horreik diñoe euskera baztertzailea dala. Alajaina!
“Zezena etxeko atarira ekarri deuskue, bere adar handi eta zorroztuak lepo indartsu eta guriaren gainean paraturik, Picassoren koadroan legez. Ez dago langa atzean egoterik, toreatu egin beharko da piztia”
Ez dago geldi egoterik, erasoen aurrean. Ezin da ikusle hutsa izan. Zezena etxeko atarira ekarri deuskue, bere adar handi eta zorroztuak lepo indartsu eta guriaren gainean paraturik, Picassoren koadroan legez. Ez dago langa atzean egoterik, toreatu egin beharko da piztia. Manifestazioak, aldarrikapenak, euskaraldiak… danak dira beharrezko. Baina, tresna bat badaukagu eskura aurrera egiteko. Merkea. Infaliblea. Eta tresna hori da hizkuntza, euskerea. Euskeraz zenbat eta gehiago egin, orduan eta ahulago izango da diskurtso erasotzaile hori. Garai txar asko gainditu ditu euskeraren komunitateak. Hau ere gaindituko dogu.
Urte askoz irakaslea izan zara Euskal Herriko Unibertsitatean. Zein iritzi daukazu euskarazko hizkuntza sistemaren inguruan? Faktu bat da sistema euki badaukagula. Beste kontu bat da euskarari eta euskaldunari begira eraikia izan ete dan. Gure historia modernoaren joan-etorrian, une jakin batean, irakaskuntzaren alorra sistematizatu beharra ikusi zan. Eta egin egin da sistematizazio hori. Hala moduz egin, seguramente. Baina, egin egin da. Administrazioak hala behar eban. Herriak berebat.
Orain kontua da badala garaia metodologiak eta edukiak sakon eztabaidatzeko. Mamuak uxatzeko. Argi berba egiteko. Nik ikusten dodana da irakaskuntza sistema horrek ez dituela euskaldunak egiten, espainiar euskal-halamoduzko-hiztunak baizik. Eta min handia emoten deust horrek.
Gure artean, zenbait umek eta gaztek -askok-, nagusiagoek berebat, ez dabe irakurri Lauaxetaren Arrats-beran liburuko poesia bakar bat ere. Gure artean, hainbat eta hainbat dira ez dakienak zergaitik diran garrantzitsuak Zuberoako Maskaradak. Gure inguruko hamaika laguni ez jakie inoiz azaldu behi urdinak ere badirala mendian. Gure umeei eta gazteei, fisika esplikatzeko, eskola-liburuetan esan jakie tren batek Malagatik urten dauela, halako abiaduran, eta beste batek Madriletik halakoan, eta galdetu jakie ea non egingo daben talka (errail beretik joanez gero, suposatzen dot).
Unibertsala eta lokala uztartu behar dira, jakina. Ardura, bildurra, emoten dauena da unibertsaltasunaren izenean unibertsaltzat jotzea espainiarra baino ez dana. Eta horretatik asko edan dau gure hezkuntza-sistemak. Eskolan. Institutuetan. Unibertsitatean.
Irakaskuntzaz gainera, zure kasuan euskarak balio handia izan du literaturan. Nobelak, saiakerak, eta ipuinak idatzi dituzu. Non zaude erosoen? Aldian aldian esango neuke. Une batean beharrezkoa iruditu izan jat unibertsitate-eskoletarako materiala sortzea, ez egoelako nik behar nebana. Eta sortu egin dot. Batzuetan bakarrik. Beste batzuetan ondoko irakasle-kideakaz batera. Gustura sentitu naz. Gustura egin dot. Eroso sentitu izan naz, konplikaziñoak konplikaziño. Irakasteko, norberak aurretik ikasi beharra dago, eta hori gauza handia da… horixe dago ikas-materiala sortzearen oinarrian.
Baina, beste une batzuetan, fabulatu beharra sentitu izan dot. Eta hor etorri dira nobelak eta ipuinak bide horretan laguntzera. Hor ere eroso sentitu izan naz. Horreri esker, ikasi eta gozatu egin dot.
Lan handia eskatzen dau paper zuria betetzeak. Izan eskola-saiakera, izan nobela historikoa, ardura handiko jarduera da gau-egunsentietan idatzitakoa plazara eroatea.
Etsigarria bada ere gure artean feedback dalakoa hain apala izatea, ederra da sortzea!
☉ Arrigorriaga
Mikel Urrutikoetxeak agur esango die arrigorriagarrei azken partida batekin
Maiatzaren 24an antolatu dute Pilota Jaialdia, Arrigorriagako udal kiroldegiko frontoian

Pilota Jaialdia antolatu dute Arrigorriagan maiatzaren 24an, udal kiroldegian.
17:00etan Eskolar eta Federatu mailen arteko partidak jokatuko dituzte, Arguia pelota eskolaren eskutik. Jarraian, 19:30ean, eskuz binakako partiden txanda izango da. Elastiko gorriz Urrutikoetxea eta Iztueta egongo dira eta urdinez, Jaka eta Imaz. Esku pilota partida hau berezia izango da Arrigorriagarrentzat, Zaratamoko pilotariak herrian eskainiko duen azkena izango delako.
Sarrerak 10 eurotan eskuratu ahal izango dituzte interesdunek webgune honetan. Ekitaldia Arrigorriagako Udalak antolatu du Baiko Pilota eta Aspepelota.eus enpresekin.
Agurraren bidean
Mikel Urrutikoetxea Azkuetak (Zaratamo, 1989) erretiroa hartzeko erabakia jakinarazi zuen joan den martxoaren 19an, komunikabideen aurrean Bizkaia frontoian egindako agerraldian. Bertan aurreratu zuen hortik aurrera ibilbide profesionalari amaiera emateko partidak jokatuko zituela irailaren 20ra arte.
Urte asko izan dira eta bidean oztopo ugariri aurre egin dio Zaratamoko pilotariak: entrenamendu saio asko, txapelketa inportante ugari… eta baita Urrutikoetxearen bizitzan eragin handia izan duten egoera pertsonal latzak ere.
“Upo Mendi Pilota Taldean hasi nintzen eta beti buruan nuen ametsa telebistan ikusten nituen pilotari erreferente horien kontra jokatzea zen”
“Eskerrik asko hain garrantzitsua den egun honetan hemen izateagatik”, berba horiekaz zabaldu zuen prentsaurrekoa. Bere ibilbidean zehar lagun izan dituen pertsona guztiei eskerrak eman ostean entrenatzaileei aipamena egin zizkien eta baita Adolfo Agirre eta Mikel Etxegiari ere.

Adolfo Agirre // Geuria
“Upo Mendi Pilota Taldean hasi nintzen eta beti buruan nuen ametsa telebistan ikusten nituen pilotari erreferente horien kontra jokatzea zen”, gogoratu zuen Urrutikoetxeak. “Telebistan ikusten nituen finaletako giro hori bizitzeko aukera izatea gura nuen”. Pilotariak azaldu du denborak aurrera egin ahala amets horiek egi bihurtzen hasi zirela: 16 urterekin Asegarcerekin entrenatzen hasi eta hortik gutxira Aimar Olaizola bezalako erreferenteekin buruz burukoak jokatzera deitu zuten. “Imajinatu nire adineko mutiko batentzat zer izan zen hura!”.
Izan ere, Urrutikoetxeak 2009ko ekainaren 13an egin zuen debuta profesionaletan, Arrigorriagako pilotalekuan. Ordutik, 16 urteko ibilbide oparoa izan du, eta hiru txapelketa handiak irabazi dituen pilotari bakanetako bat da: Buruz buruko Txapelketa, Lau T’erdikoa eta Binakakoa.
Horien artean 2025ean lortu zuen lehena, Buruz Buruko txapelketa, hain zuzen ere, gaur alboan izan duen Aimar Olaizola garaituta, hain zuzen ere (22-19). Urte berean lau t’erdiko txapelketa ere irabazi zuen. 2016an, aldiz, Binakako Txapelketa eskuratu zuen, atzelari gisa jokatuz, berez aurrelaria den arren.
Azken partida
Pilotan dauden helburu garrantzitsuenak lortu ostean pilotariaren asmoa ibilbide profesionala maila onean uztea eta bere buruarekin “gustura sentitzea” dela azaldu die Bizkaiko frontoira hurbildu diren hedabideei. “Gustura nago binakakoan eta uda ostean, urte amaieran, ibilbide profesionala uztea gustatuko litzaidake”.
Uda garaian, zaratamarra maitatua sentitu izan den herri horietan jokatzea gustatuko litzaioke, bere esker ona adierazteko. Zuriz jokatuko duen azken partida Bizkaia frontoian izango da datorren irailaren 20an, pilotari profesionalaren ibilbidea hasi zuen enpresa beragaz: Asegarcegaz: “Ez daukat, honen ondoren, zuriz jantzita partidarik jokatzeko asmorik”.
☉ Zaratamo
Arkotxako frontoi ondoko espazioa birgaitzeko 300.000 euro bideratuko ditu Zaratamoko Udalak
Proposamenak hainbat nukleo independente sortzea planteatzen du, hurbiltasunari eta berezitasunari esker, jarduera-eremuaren barruan ibilbide eta fluxu dinamikoak sor ditzaten

Zaratamoko Udalak itxura berria eman nahi dio Arkotxako frontoi ondoan dagoen espazioari. Helburua hiri-ingurunearen kalitatea hobetzea eta eskuragarri dagoen espazioaren erabilera optimizatzea da, lekuaren nortasuna errespetatuz.
Egun hauetan parkea konpontzen ari dira Udaleko brigadako langileek. Izan ere, momentura arte zeuden elementuak kentzen ari dira leku berean parke berria eraikiko dutelako. Alberto Ugarrizak azaldu du frontoi inguruko zonaldea birgaitu gura duela Udalak: “Jarduketak frontoi ondoko parkean egingo lirateke, baita gorago dagoen zonaldean ere”.
Horretarako, Udalak 311.716 euro inbertituko ditu bertan parke hori sortzeko: proposamenak hainbat nukleo independente sortzea planteatzen du, hurbiltasunari eta berezitasunari esker, jarduera-eremuaren barruan ibilbide eta fluxu dinamikoak sor ditzaten.
“Helburua da ingurunearen esplorazioa sustatzea, interesgune berriak aktibatzea eta espazioen arteko harremana erraztea”, azaldu dute udal ordezkariek. Elementu horiek gutxinaka gehituko dituzte frontoi inguruko espazioan.

Jolas eremuak, gaur egun, frontoia eta kontsultorioaren artean // Geuria
Udaletik azaldu dute eraikiko duten lehen multzoa jokoen espazioa izango dela, baina gehiago egongo dira, eta besteak beste irisgarritasuna bermatuko duen espazioa izango dela azaldu dute: azken batean, gaur egun errepide batek bereizi egiten ditu gune biak eta egin beharreko jarduketak, espazio bi horiek nolabait berdinduko lituzkela adierazi du Ugarrizak.