Sareak

☉ Zaratamo

Zaratamoko Berdintasun Batzordea: «Aurtengo jardueretan kalitatea lehenetsiko dugu, kopuruaren aldean»

Berdintasun Batzordeko Olatz, Maitane eta Izaskun kideekin elkartu gara urtebeteko ibilera egin ostean hausnarketa egin eta aurtengo asmoen inguruan berba egiteko

|

Joan den urtean Berdintasun Batzordea sortu zuten Zaratamon eta horren berri eman genuen GEURIAn. Urte batek askorako ematen du eta Batzordeko emakumeek jardueraz beteriko ikasturtea antolatu zuten: tailerrak, hitzaldiak, antzezlanak, film zikloak… Urte berriaren hasierarekin, berritasunen artean batzordearen finantziazio iturriaren aldaketa dago: aurten ez dute Foru Aldundiko diru laguntzarik jasoko. Diru iturri bakarra Zaratamoko Udalak egindakoa izango da eta horrek erabaki jakin batzuk hartzera bultzatu die Batzordeko kideei.

Horren inguruko hausnarketa-ariketa egiteko emakume taldeko hiru kidegaz elkartu gara Elexaldeko plazan: Olatz Ajuria (Zaratamo, 1983), Maitane Etxebarria (Galdakao, 1988) eta Izaskun Sotorekin (Zaratamo, 1995). Martxoa hasi berri dugu, Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian, eta herrian zer antolatu duten ezagutzea zen gure asmoa. Aurten, martxoaren 8a zapatuan izango da. Asteburuan izanik egun osoko jarduerak prestatu dituzte herri handi eta hirietan. Zaratamoko Berdintasun Batzordeak ez du bere Emakumeen Nazioarteko Egun propioa galtzeko aukera joaten utzi nahi izan eta herriko ekimenak martxoaren 7ra lekualdatu dituzte.

Urtebete igaro da Zaratamoko Berdintasun Batzordea sortu zenutenetik. Nolako urtea izan da? Esango genuke taldea martxan jartzeko eta gauzak probatzeko urtea izan dela. Batzordea herriko pertsona ezberdinek osatzen dugu: gizarte laguntzaileak, erizainak, udaletxeko, emakume talde bateko, eskolako, guraso elkarteko eta herritarren ordezkariak. Bakoitzak bere ikuspuntu eta berdintasunaren arloarekin lotutako beharrizanak azaldu ditu. Talde moduan funtzionatzen hasi gara eta honek etorkizunean emaitza interesgarriak emango dituelakoan gaude.

Zein nolako ekintzak antolatu dituzue herri mailan eta zeintzuk izan dira harrera onena izan duten horiek? Adin eta formatu ezberdinetako ekintzak antolatzen saiatu gara: zine eta antzerki feministak, gaurkotasuneko gaiei buruzko hitzaldiak (pornografia, gizonak parekidetasunaren bidean, lodifobia, amatasun feministak), serigrafia tailerrak, martxoaren 8ko adierazpena, mendi-orientazioa etab. Harreraren aldetik, zine eta antzerkiek oso ondo funtzionatu dute, baita gazteentzako serigrafia tailerrak ere. Hitzaldiei dagokienez, parte-hartzea desorekatua izan da. Arrazoiak aztertzen ari gara orain baina lehenengo irakurketa batean esan genezake proposatutako gaien inguruko interes faltagatik baino, hitzaldi batzuetan izandako parte hartze baxua agenda arazoa izan dela, antolatutako beste jarduera batzuekin talka egiten zutelako. Berdintasun taldearen eginkizunetako bat izango da koordinazioa hobetzea eta jarduerak ez gainjartzea beste erakunde edo batzordeenekin.

Zer lorpen lortu ditu Batzordeak urte honetan? Batzordeak denbora gutxi darama lanean baina azken urte honetan lortu dugu gure inguruan gai hauetan ohikoa ez den publiko batengana heltzea: gazteak eta gizon taldeak. Aurrerantzean, gazte eta gizon horien “taldetxoak” jendetsuagoak eta inplikatuagoak izatea bilatuko dugu.

Batzordearen egoera ekonomikoari dagokionez, 2025ak enfoke ezberdina izango du: ez du Foru Aldundiko diru laguntzarik jasoko. Zaratamoko Berdintasun Batzordeak ez du Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzarik jaso aurrekontua agortu egin delako; izan ere, 27 udalerri laguntzarik gabe geratu dira.

Batzordearen finantziazioa, Udaletik etorriko da berez aurten. Nolako jarduerak antolatu nahi dituzue 2025ean? Alde handirik dago 2024arekin? Berdintasun batzordeak 2025ean garatu ahal izango duen programak alde nabarmena izango du 2024koarekin. Ezin izango da horren zabala eta anitza izan. Gauzak horrela, programa eraginkor eta polita aurkezteko lanean hasi gara. Fokua kantitatean jarri beharrean kalitatean jarriko dugu eta iaz izandako esperientziak lagunduko digu horretan.

Martxoaren 8a bertan da. Zer prestatu duzue Zaratamon? Martxoaren 8a aldarrikapenak jai giroan egiteko egun aproposa da eta aurten, zapatuan ospatuko da. Kontziente gara Zaratamoko herritar askok deialdi jendetsuagoak egiten diren herri eta hirietara hurbiltzeko ohitura dutela. Hori dela eta, gure aldarrikapen eguna martxoaren 7an ospatuko dugu, ostiralean. Asmoa hurrengoa da; arratsaldeko 19:00etan Elexaldeko plazan batuko gara. Egun horretarako prestatu dugun manifestua irakurriko dugu eta “bertso-saio” bat egingo da.

Nolakoa izan da Martxoaren 8a Zaratamon gaur egun arte? Espero duzue berdintasun batzordean egindako lanaren ostean gaur egun arte izan duen ikuspegia aldatzea? Manifestu bat argitaratzen zen eta ezer gutxi gehiago. Hemendik aurrera, ikusgarritasun handiagoa eman nahi diogu egunari eta Zaratamoztarrei, berdintasunarekin duten konpromisoa plazaratzeko aukera eman.

Nola inplikatzen da tokiko komunitatea batzordeak antolatzen dituen ekimenetan? Inplikazio maila nahiko handia izan da kontuan harturik ibilbide laburra egin dugula talde antolatu bezala. Aurrerantzean gure erronketako bat izango da inplikazio hori maila handiago batera eramatea eta batez ere kontzientziazioa handitzea.

Zaratamo herri txikia izanik jende asko Arrigorriaga edo Basauri bezalako udalerrietara joan ohi da. Posible litzateke egoera hau inoiz aldatzea eta zaratamarrek udalerrian antolatutako ekintzetan parte hartzea? Bai, herri txikietan gertatzen den fenomeno bat da. Hala ere, aitortu behar dugu manifestazio eta elkarretaratze jendetsuagoetan parte hartzeak ikusgarritasun eta eragin handiagoa sortzen duela (neurri handi batean jarraipen mediatikoagatik) eta sentsazio desberdinak sortzen dituela norbanakoan. Aurten, martxoaren 8a larunbata izango denez, egun osoko jai giroko aldarrikapenaz gozatzeko aukera ematen du. Horregatik, gure apustua, Zaratamon Emakumeen Nazioarteko Eguna martxoaren 7an ospatzea izan da. Aukera bikoitza izango dute herritarrek berdintasunarekin inplikatuta daudela erakusteko!

Emakume eta batzordekide lez, zer lortu nahiko zenukete epe labur eta luzera zuen komunitatean genero-berdintasunari dagokionez? Ekintza ezberdinen bidez herritarrengana gai anitzak hurbiltzea. Gizartean pil-pilean dauden gaiak ezagutzeko, lantzeko eta eztabaidatzeko espazio seguruak sortzea, norberak ostean bere hausnarketa kritikoa egin dezan, eta elkarrekin Zaratamo hobea eraiki dezagun.

Herri txikia da Zaratamo eta auzo asko landa eremuan kokatutakoak dira. Bertan tradizioak pisu handia dauka. Aldaketarik izan du emakumeen bizimoduak herrian? Zaratamo herri txikia da baina ez isolatua, Bilbotik, esate baterako, 10 km eskasek banatzen gaituzte. Zaratamoko emakume gazteen bizimoduak, zentzu askotan, zerikusi txikia dauka duela bospasei hamarkadetako emakumeenekin. Esango genuke hemen eman diren aldaketak, orokorrean, euskal gizartean eman direnen antzekoak direla: ikasketa maila handiagoak, lan merkatuan sartzea, arlo publikoan parte hartzea, etab.

Banan-banan, zein izan da Berdintasun Batzordeko kide izateak pertsonalki eta profesionalki izan duen gogobetetasunik handiena zuentzat? Olatz: Zaratamoko Besopean Guraso Elkartearen ordezkari bezala parte hartzen dut taldean eta nire fokua talde honetan herriko neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean aurreratzea da. Esparru pertsonalean, bi umeren ama naiz, neskato eta mutiko batena eta sinistu nahi dut euren etorkizuneko ongizatean eta aukera berdintasunean nire hondar alea jartzen ari naizela.

Izaskun: Nik herritar gisa parte hartzen dut, eta niretzako Berdintasun Batzordea espazio aberasgarria da. Helburu konkretu batekin elkartzen garen arren, profil anitzeko pertsonok osatzen dugu taldea, eta bakoitzak bere interes, bizipen, jakintza, jakinmin eta desiotik ekarpenak egiten ditu, eta aniztasun horrek aberasgarri egiten du. Garrantzitsua bezain zaila da Zaratamo osatzen dugun herritar ezberdinengana iristea, eta niretzako hor dago erronka nagusia.

☉ Zaratamo

Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoetan aste bi daramatzate edateko urik gabe

Zaratamo eta Usansoloko Udalek Ur hornidura sistema berria ipiniko dute Lekuetik Urdinbide eta Gutioloraino. Aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da eta eman beharreko hurrengo urratsa Udaletako ordezkariek proiektu horri forma ematea da

|

Iciar, Partzuergoak eman dion zortzi litroko ur botilla baten ondoan // Geuria

Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoetako bizilagunak joan den irailaren 19tik daude edateko urik gabe. “Txorrotako ura ezin da erabili. Ez edateko ezta sukaldatzeko”, horrela dio Iciarren etxetik metro batzura kokatuta dauden postontzietan ipini duen kartel batek.

“Aste bi daramatzagu ur edangarririk gabe Gutiolon”, azaldu du Iciarrek. Arazoak dirauen bitartean, Ur Partzuergoko kamioi batek zortzi litroko botila edo txanbil bi eramaten dizkie bi auzoetako bizilagunei, eguneroko beharrizanei aurre egin ahal izateko.

Txorrotako ura ezin dugu edan edo sukaldatzeko zein fruta garbitzeko erabili”, gehitu du Gutioloko auzotarrak. Uraren kalitatearen zergatia aztertu arte iraungo du ez edatearen debekuak. Hala azaldu dute Zaratamoko Udaletik.

Arazoa ez da berria, auzotarren eta udal ordezkarien arabera: “Orain arte, arazoak egon direnean Udalera deitu dugu eta Udala Ur Partzuergoarekin harremanetan ipini ohi izan da. Irtenbiderik aurkitu izan ez denez, Gutioloko auzotar batek Bizkaiko Foru Aldundira deitu eta egun berean Foru Aldundiko zein Osasun saileko ordezkariak agertu ziren auzoan. Ordutik botiletan ekarritako ur hau edaten ari gara”, dio Gutiolokoak zortzi litroko botila bat erakutsiz.

“Irtenbiderik aurkitu izan ez denez, Gutioloko auzotar batek Bizkaiko Foru Aldundira deitu eta egun berean Foru Aldundiko eta Osasun saileko ordezkariak agertu ziren auzoan”

Aurreko urteetan, behin baino gehiagotan, ura uherra iristsi izan da etxeko txorrotara baina Partzuergoko ordezkariek “ezer gutxi” egin dutela dio Iciarrek. Udalak GEURIAri azaldu lez, lau urte daramatza arazo honen konponbidearen bila. Izan ere, Otzagarain airean dagoen ur biltegi bat dago, eta bertatik irteten da Gutiolo eta Urdinbide auzoak eta baita Arteta hornitzen dituen ur sistema.

Udalak Gutiolo eta Urdinbiden ipini dituen informazio-kartelak // Geuria

“Lau urte daramatzagu gur egungo ur hornidura sistema aldatzeko prozesuan”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”.

Zaratamoko Udala: “Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”

Azken bilera joan den irailaren 23an deitu zuen Osasun sailak. Bertan Zaratamoko eta Usansoloko udal ordezkariek eta Bizkaiko Ur Partzuergoko arduradunek hartu zuten parte. “Duela hiru urte konpromiso batzuk hartu zituen Zaratamoko Udalak kontu honetan Galdakaoko udal ordezkariekin batera, ur horniduraren sistemari azpiegitura berri bat egiteko helburuarekin”, azaldu du Zaratamoko alkateak.

Usansolotik Zaratamora

“Ur Partzuergoak hiru proposamen egin zituen 2022ko bilera hartan eta Zaratamo zein Galdakaoko Udaletako ordezkariek horietako bat aukeratu genuen. Orain exekuzio proiektu hura diseinatzen egon dira eta Ur Partzuergoko ordezkariek joan den maiatzean aurkeztu zuten. Baina, jakina denez, proiektu honetan Usansolo dago Galdakao beharrean”, argitu du Ugarrizak.

Martxan ipini beharreko proiektu berri honek gaur egungo sistema prekarioa gainditu beharko lukeela adierazi du Zaratamoko alkateak: “Proiektu berri honen ondorioz, uraren hornidura sarea Ur partzuergoarena izango litzateke % 100ean eta ibilbidea honakoa litzateke: Usansoloko Lekue partetik Artetara joango litzateke ura eta bertatik Zaratamoko Otzagaraira helduko litzateke hodi baten eta ur-ponpa sistema baten bidez. Bertan biltegi berria ipiniko lukete eta biltegi horretatik iritsiko litzateke ura Urdinbide eta Gutiolo auzoetara”.

“Proiektu berri honen ondorioz, uraren hornidura sarea Ur partzuergoarena izango litzateke % 100ean”

Ur hornidura sistema berriaren aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da (1.343.751 euro, zehazki, BEZa barne). “Eman beharreko hurrengo urratsa hauxe da: Usansolo eta Zaratamoko ordezkariok proiektu horri forma ematea. Obra handia baino luzeera handiko kontua da. Azken batean, hodia errepide ondotik ipintzea da asmoa biltegietara heltzeko, eta bertatik herriko auzoetara”.

 

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Mikel Atxa zaratamarrak Euskadiko ur-azpiko arrantza txapelketa irabazi du

Irailean, joan den asteburuan, motokroseko Mundu mailako txapelketan hartu zuen parte Atxak Hispanian, Agilar de Camponen eta sentsazio oso onekin itzuli da etxera

|

Mikel Atxa, arrantzarekin // Utzitakoak

Zaratamokoak Kobaronen antolatutako Euskadiko ur-azpiko Arrantza Txapelketa irabazi du, joan den irailaren 6an.

‘Kobarongo basamortua’ bezala ezagutua, Atxak hiru ordu eman zituen bertan arrantzan.

“Zonalde bereziki zaila da arrantza egiteko, arrain gutxi baitago bertan”, azaldu du Zaratamokoak. “Harrapa zitezkeen Korrokoi guztiak hartu nituen, baita hiru musarra, aker bat eta baita krabarroka bat ere”.

Motorrean ere, fin

Mikelek txapelketa ugaritan hartu du parte azken hilabeteetan. Izan ere, joan den apirilean Ourenseko A Peroxan antolatutako ‘Hard Enduro A Peroxa’ Txapelketan hartu zuen parte: “Txapelketa zoragarria izan zen eta Espainiako Txapelketako bost lasterketa egin zituzten bertan”. Yamaha YZ125 kros motor batekin lehiatu zen Zaratamokoa: “Gainontzekoekin alderatuta maila baxukoa izan zen, enduro motako 300cc-koekin aritu zirelako. Baina tira, lehenengo egunean “fin” aritu nintzen. Bigarrenean hutsegite batzuk izan nituen baina hala ere Junior kategoriako hirugarren postua eskuratu nuen”.

Mikel, Zaratamon // Geuria

Irailean, joan den asteburuan, Mundu mailako txapelketan hartu zuen parte Atxak Hispanian, Agilar de Campónen (Palentzia): “Azken lasterketa hau askoz garrantzitsuagoa izan zen, munduko motor-gidari onenekin”. Txapelketa honetan Yamaha YZ 250cc batekin batekin lehiatu da eta bere burua “eroso” ikusi duela azaldu dio GEURIAri. “Kronoan hirugarren parrillan irten nintzen eta 29. postua eskuratu nuen eta 5. postua Junior kategorian”.

Zaratamoko motozaleak azaldu du zonalde harritsua eta gune zail ugarikoa izan dela: “Zorionez, ura emanda bazegoen ere, ez zen lokatzik egon eta lasterketa polita egin nuen”.

Duela urte bi elkarrizketa egin genion Atxari Zaratamon. Hemen irakur dezakezu.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Argazkiak | Mikel Urrutikoetxea zaratamarrak azken esku pilota partida hunkigarria jokatu du Bizkaia frontoian

Gaurko behin betiko agurrean momentu hunkigarriak utzi ditu Zaratamokoak Bizkaia frontoian: senide eta lagunen maitasuna, zaleen berotasuna eta beste hainbeste sorpresa bizi izan dira bertan

|

Urrutikoetxea, Bilboko omenaldian // Geuria

Mikel Urrutikoetxea zaratamarrak azken partida jokatu du esku pilotari profesional lez, Bilboko Bizkaia frontoian.

Urte asko izan dira eta bidean oztopo ugariri aurre egin die Zaratamoko pilotariak: entrenamendu saio ugari, txapelketa garrantzitsu asko… eta baita Urrutikoetxearen bizitzan eragin handia izan duten egoera pertsonal latzak ere.

“Arin batean, ibilbide polit honekin harro nagoela esango nuke”, laburbildu zuen Urrutikoetxeak bere ibilbide profesionalaren amaiera iragarri zuenean, joan den martxoan. “Baina dena ez da beti hain polita izaten. Momentu txarrak ere bizi izan ditut”. Gaurkoan, ostera, momentu politak ekarri ditu Bizkaia frontoira: senide eta lagunen maitasuna, zaleen berotasuna eta beste hainbeste sorpresa.

Martxoan aurreratu lez, “zuriz jantzitako azken partida” izan da, eta ikuskizun paregabea utzi du Zaratamokoak pilotalekuan. Bere argazkia beste pilotari zaratamar batenaren ondoan eskegi dute Bizkaia Frontoiaren sarreran: Danel Elezkanorenarekin, hain zuzen ere.

Horra hor GEURIAk egindako argazki erreportajea.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Arkotxako segurtasuna bermatzeko helburuei helduko die Zaratamoko Udalak irailean

Udako oporretatik bueltan, Zaratamoko Udalak joan den ekainean planteatutako lan lerroak martxan jarriko ditu auzoko bizikidetza arazoei irtenbidea eman ahal izateko

|

Arkotxako nabeak // Geuria

Zaratamoko Arkotxa auzoan azken hilabetean izan diren bizikidetza arazoak direla eta, Udalak azaldu du uda baino lehen iragarritako lau lan lerroak martxan ipiniko dituela.

“Alde batetik, elkarlana berrartuko dugu Ertzaintzarekin”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak. “Udatik bueltan programa bat ipiniko dute martxan ekintza deliktiboak saihesteko. Programa hori beste herri batzuetan garatu dute, emaitza nahiko positiboekin”.

Bigarren lan lerroari dagokionez, Galdakaoko Gizarte Zerbitzuetako migrazio teknikariekin harremanetan jarri ziren Zaratamoko udal ordezkariak, eta hilabete honetan bi udalerrien arteko elkarlan bat abiaraziko zutela adostu zuten, kronograma baten jarraipenarekin, nabeetan bizi diren pertsonak integratzea xede.

Hirugarren lan lerroa hirigintzaren ingurukoa da, egoerari irtenbidea emateko: “Arkotxako nabe horien jabeei 2019tik lursailak mantentzeko eskaera egin zien Udalak. Enpresek ez dute jaramonik egin eta joan den uztailean salaketa ipini zuen Zaratamoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailetan”. Ingurumen sailak interbentzioa hasi du dagoeneko eta enpresari errekerimenduak egin dizkio: “Zaratamoko Udalak aurkeztutako txostenekin ingurumen delitu aukerak egon daitezke eta Ingurumen sailak esku hartzeko aukera izango luke”.

Pertsonak bizi diren nabeen inguruak, Arkotxan // Geuria

Sutea, abuztuan

Tartean, joan den abuztuaren 7an sute bat egon zen Arkotxako 4. zenbakian: “Bertan behera utzitako eta hustutako eraikin batean izan da sutea”, azaldu dute Bizkaia Suhiltzaileen ordezkariek joan den irailaren 2an Zaratamoko Udalera helaraziko txosten batean. “Barruan etxerik gabeko pertsonak bizi dira. Aurreko batean bertan izandakoak gara eta barrualdea oso egoera txarrean dago, benetan arriskutsuak diren azpiko maila baterako jauziekin. Benetan arriskutsua bertan diren pertsonentzat zein bertatik igaro daitekeen edonorentzat”. Txostenaren amaieran suhiltzaileek lursailen jabeek “dagozkion neurriak hartzea” eskatzen dute, balizko kalteak saihesteko.

Laugarren lan lerroa EAJk planteatu zuen. Helburua batzorde bat sortzea da, Arkotxako egoerari buruzko diagnostikoa eta irtenbideak planteatzeko. Batzordean alderdi politikoek zein udan zehar sortutako auzo elkarteak parte hartuko lukete.

Udako oporrak igarota, Zaratamoko Udaletik “urratsak ematen arin direla” azaldu dute. “Ez da gertaera berezirik gertatu datu objektiboei begira, baina auzoko segurtasun faltaren sentsazioa hor dago”. Segurtasun faltaren sentsazio horri buelta ematea zaila izango dela azpimarratu du Zaratamoko alkateak eta horretarako denbora beharko dela gehitu du: “Hartu ditugun ildo horietatik jarraituz gero lortuko dugu arazoa bideratzea”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak bertan parte-hartzeko deia egin die herritarrei

Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak

|

Zaldiak, Zaratamo eskolako inguruetan. Artxiboko irudia // Geuria

Ikasturtea hasteko oso gutxi falta da eta Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak gonbidapena luzatu die herritarrei bertan izena emateko.

“Aurten Besopean elkartean parte hartu nahi baduzu, zure laguntza gustura hartuko dugu. Guregana hurbildu zaitez!”, azaldu dute.

Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak. Joan den apirilean Iñaki Urkiza Zaratamo eskolako zuzendariarekin eta Besopean elkarteko Janire Martinezekin izan ginen, eskolak eta guraso eelkarteak antolatzen dituen ekintzen inguruan berba egiten. Hementxe irakurri dezakezu.

Osorik irakurri