Sareak

☉ Zaratamo

Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoetan aste bi daramatzate edateko urik gabe

Zaratamo eta Usansoloko Udalek Ur hornidura sistema berria ipiniko dute Lekuetik Urdinbide eta Gutioloraino. Aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da eta eman beharreko hurrengo urratsa Udaletako ordezkariek proiektu horri forma ematea da

|

Iciar, Partzuergoak eman dion zortzi litroko ur botilla baten ondoan // Geuria

Zaratamoko Gutiolo eta Urdinbide auzoetako bizilagunak joan den irailaren 19tik daude edateko urik gabe. “Txorrotako ura ezin da erabili. Ez edateko ezta sukaldatzeko”, horrela dio Iciarren etxetik metro batzura kokatuta dauden postontzietan ipini duen kartel batek.

“Aste bi daramatzagu ur edangarririk gabe Gutiolon”, azaldu du Iciarrek. Arazoak dirauen bitartean, Ur Partzuergoko kamioi batek zortzi litroko botila edo txanbil bi eramaten dizkie bi auzoetako bizilagunei, eguneroko beharrizanei aurre egin ahal izateko.

Txorrotako ura ezin dugu edan edo sukaldatzeko zein fruta garbitzeko erabili”, gehitu du Gutioloko auzotarrak. Uraren kalitatearen zergatia aztertu arte iraungo du ez edatearen debekuak. Hala azaldu dute Zaratamoko Udaletik.

Arazoa ez da berria, auzotarren eta udal ordezkarien arabera: “Orain arte, arazoak egon direnean Udalera deitu dugu eta Udala Ur Partzuergoarekin harremanetan ipini ohi izan da. Irtenbiderik aurkitu izan ez denez, Gutioloko auzotar batek Bizkaiko Foru Aldundira deitu eta egun berean Foru Aldundiko zein Osasun saileko ordezkariak agertu ziren auzoan. Ordutik botiletan ekarritako ur hau edaten ari gara”, dio Gutiolokoak zortzi litroko botila bat erakutsiz.

“Irtenbiderik aurkitu izan ez denez, Gutioloko auzotar batek Bizkaiko Foru Aldundira deitu eta egun berean Foru Aldundiko eta Osasun saileko ordezkariak agertu ziren auzoan”

Aurreko urteetan, behin baino gehiagotan, ura uherra iristsi izan da etxeko txorrotara baina Partzuergoko ordezkariek “ezer gutxi” egin dutela dio Iciarrek. Udalak GEURIAri azaldu lez, lau urte daramatza arazo honen konponbidearen bila. Izan ere, Otzagarain airean dagoen ur biltegi bat dago, eta bertatik irteten da Gutiolo eta Urdinbide auzoak eta baita Arteta hornitzen dituen ur sistema.

Udalak Gutiolo eta Urdinbiden ipini dituen informazio-kartelak // Geuria

“Lau urte daramatzagu gur egungo ur hornidura sistema aldatzeko prozesuan”, azaldu du Alberto Ugarriza Zaratamoko alkateak. “Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”.

Zaratamoko Udala: “Ur hornidurak arazoak ematen ditu urtero: ez da edangarria, zikin heltzen da etxera, behin baino gehiagotan egin izan diren analisi mikrobiologikoen emaitzak ez dira egokiak izan…”

Azken bilera joan den irailaren 23an deitu zuen Osasun sailak. Bertan Zaratamoko eta Usansoloko udal ordezkariek eta Bizkaiko Ur Partzuergoko arduradunek hartu zuten parte. “Duela hiru urte konpromiso batzuk hartu zituen Zaratamoko Udalak kontu honetan Galdakaoko udal ordezkariekin batera, ur horniduraren sistemari azpiegitura berri bat egiteko helburuarekin”, azaldu du Zaratamoko alkateak.

Usansolotik Zaratamora

“Ur Partzuergoak hiru proposamen egin zituen 2022ko bilera hartan eta Zaratamo zein Galdakaoko Udaletako ordezkariek horietako bat aukeratu genuen. Orain exekuzio proiektu hura diseinatzen egon dira eta Ur Partzuergoko ordezkariek joan den maiatzean aurkeztu zuten. Baina, jakina denez, proiektu honetan Usansolo dago Galdakao beharrean”, argitu du Ugarrizak.

Martxan ipini beharreko proiektu berri honek gaur egungo sistema prekarioa gainditu beharko lukeela adierazi du Zaratamoko alkateak: “Proiektu berri honen ondorioz, uraren hornidura sarea Ur partzuergoarena izango litzateke % 100ean eta ibilbidea honakoa litzateke: Usansoloko Lekue partetik Artetara joango litzateke ura eta bertatik Zaratamoko Otzagaraira helduko litzateke hodi baten eta ur-ponpa sistema baten bidez. Bertan biltegi berria ipiniko lukete eta biltegi horretatik iritsiko litzateke ura Urdinbide eta Gutiolo auzoetara”.

“Proiektu berri honen ondorioz, uraren hornidura sarea Ur partzuergoarena izango litzateke % 100ean”

Ur hornidura sistema berriaren aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da (1.343.751 euro, zehazki, BEZa barne). “Eman beharreko hurrengo urratsa hauxe da: Usansolo eta Zaratamoko ordezkariok proiektu horri forma ematea. Obra handia baino luzeera handiko kontua da. Azken batean, hodia errepide ondotik ipintzea da asmoa biltegietara heltzeko, eta bertatik herriko auzoetara”.

 

☉ Zaratamo

Mikel Atxa zaratamarrak Euskadiko ur-azpiko arrantza txapelketa irabazi du

Irailean, joan den asteburuan, motokroseko Mundu mailako txapelketan hartu zuen parte Atxak Hispanian, Agilar de Camponen eta sentsazio oso onekin itzuli da etxera

|

Mikel Atxa, arrantzarekin // Utzitakoak

Zaratamokoak Kobaronen antolatutako Euskadiko ur-azpiko Arrantza Txapelketa irabazi du, joan den irailaren 6an.

‘Kobarongo basamortua’ bezala ezagutua, Atxak hiru ordu eman zituen bertan arrantzan.

“Zonalde bereziki zaila da arrantza egiteko, arrain gutxi baitago bertan”, azaldu du Zaratamokoak. “Harrapa zitezkeen Korrokoi guztiak hartu nituen, baita hiru musarra, aker bat eta baita krabarroka bat ere”.

Motorrean ere, fin

Mikelek txapelketa ugaritan hartu du parte azken hilabeteetan. Izan ere, joan den apirilean Ourenseko A Peroxan antolatutako ‘Hard Enduro A Peroxa’ Txapelketan hartu zuen parte: “Txapelketa zoragarria izan zen eta Espainiako Txapelketako bost lasterketa egin zituzten bertan”. Yamaha YZ125 kros motor batekin lehiatu zen Zaratamokoa: “Gainontzekoekin alderatuta maila baxukoa izan zen, enduro motako 300cc-koekin aritu zirelako. Baina tira, lehenengo egunean “fin” aritu nintzen. Bigarrenean hutsegite batzuk izan nituen baina hala ere Junior kategoriako hirugarren postua eskuratu nuen”.

Mikel, Zaratamon // Geuria

Irailean, joan den asteburuan, Mundu mailako txapelketan hartu zuen parte Atxak Hispanian, Agilar de Campónen (Palentzia): “Azken lasterketa hau askoz garrantzitsuagoa izan zen, munduko motor-gidari onenekin”. Txapelketa honetan Yamaha YZ 250cc batekin batekin lehiatu da eta bere burua “eroso” ikusi duela azaldu dio GEURIAri. “Kronoan hirugarren parrillan irten nintzen eta 29. postua eskuratu nuen eta 5. postua Junior kategorian”.

Zaratamoko motozaleak azaldu du zonalde harritsua eta gune zail ugarikoa izan dela: “Zorionez, ura emanda bazegoen ere, ez zen lokatzik egon eta lasterketa polita egin nuen”.

Duela urte bi elkarrizketa egin genion Atxari Zaratamon. Hemen irakur dezakezu.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Argazkiak | Mikel Urrutikoetxea zaratamarrak azken esku pilota partida hunkigarria jokatu du Bizkaia frontoian

Gaurko behin betiko agurrean momentu hunkigarriak utzi ditu Zaratamokoak Bizkaia frontoian: senide eta lagunen maitasuna, zaleen berotasuna eta beste hainbeste sorpresa bizi izan dira bertan

|

Urrutikoetxea, Bilboko omenaldian // Geuria

Mikel Urrutikoetxea zaratamarrak azken partida jokatu du esku pilotari profesional lez, Bilboko Bizkaia frontoian.

Urte asko izan dira eta bidean oztopo ugariri aurre egin die Zaratamoko pilotariak: entrenamendu saio ugari, txapelketa garrantzitsu asko… eta baita Urrutikoetxearen bizitzan eragin handia izan duten egoera pertsonal latzak ere.

“Arin batean, ibilbide polit honekin harro nagoela esango nuke”, laburbildu zuen Urrutikoetxeak bere ibilbide profesionalaren amaiera iragarri zuenean, joan den martxoan. “Baina dena ez da beti hain polita izaten. Momentu txarrak ere bizi izan ditut”. Gaurkoan, ostera, momentu politak ekarri ditu Bizkaia frontoira: senide eta lagunen maitasuna, zaleen berotasuna eta beste hainbeste sorpresa.

Martxoan aurreratu lez, “zuriz jantzitako azken partida” izan da, eta ikuskizun paregabea utzi du Zaratamokoak pilotalekuan. Bere argazkia beste pilotari zaratamar batenaren ondoan eskegi dute Bizkaia Frontoiaren sarreran: Danel Elezkanorenarekin, hain zuzen ere.

Horra hor GEURIAk egindako argazki erreportajea.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Arkotxako segurtasuna bermatzeko helburuei helduko die Zaratamoko Udalak irailean

Udako oporretatik bueltan, Zaratamoko Udalak joan den ekainean planteatutako lan lerroak martxan jarriko ditu auzoko bizikidetza arazoei irtenbidea eman ahal izateko

|

Arkotxako nabeak // Geuria

Zaratamoko Arkotxa auzoan azken hilabetean izan diren bizikidetza arazoak direla eta, Udalak azaldu du uda baino lehen iragarritako lau lan lerroak martxan ipiniko dituela.

“Alde batetik, elkarlana berrartuko dugu Ertzaintzarekin”, azaldu du Alberto Ugarriza herriko alkateak. “Udatik bueltan programa bat ipiniko dute martxan ekintza deliktiboak saihesteko. Programa hori beste herri batzuetan garatu dute, emaitza nahiko positiboekin”.

Bigarren lan lerroari dagokionez, Galdakaoko Gizarte Zerbitzuetako migrazio teknikariekin harremanetan jarri ziren Zaratamoko udal ordezkariak, eta hilabete honetan bi udalerrien arteko elkarlan bat abiaraziko zutela adostu zuten, kronograma baten jarraipenarekin, nabeetan bizi diren pertsonak integratzea xede.

Hirugarren lan lerroa hirigintzaren ingurukoa da, egoerari irtenbidea emateko: “Arkotxako nabe horien jabeei 2019tik lursailak mantentzeko eskaera egin zien Udalak. Enpresek ez dute jaramonik egin eta joan den uztailean salaketa ipini zuen Zaratamoko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun sailetan”. Ingurumen sailak interbentzioa hasi du dagoeneko eta enpresari errekerimenduak egin dizkio: “Zaratamoko Udalak aurkeztutako txostenekin ingurumen delitu aukerak egon daitezke eta Ingurumen sailak esku hartzeko aukera izango luke”.

Pertsonak bizi diren nabeen inguruak, Arkotxan // Geuria

Sutea, abuztuan

Tartean, joan den abuztuaren 7an sute bat egon zen Arkotxako 4. zenbakian: “Bertan behera utzitako eta hustutako eraikin batean izan da sutea”, azaldu dute Bizkaia Suhiltzaileen ordezkariek joan den irailaren 2an Zaratamoko Udalera helaraziko txosten batean. “Barruan etxerik gabeko pertsonak bizi dira. Aurreko batean bertan izandakoak gara eta barrualdea oso egoera txarrean dago, benetan arriskutsuak diren azpiko maila baterako jauziekin. Benetan arriskutsua bertan diren pertsonentzat zein bertatik igaro daitekeen edonorentzat”. Txostenaren amaieran suhiltzaileek lursailen jabeek “dagozkion neurriak hartzea” eskatzen dute, balizko kalteak saihesteko.

Laugarren lan lerroa EAJk planteatu zuen. Helburua batzorde bat sortzea da, Arkotxako egoerari buruzko diagnostikoa eta irtenbideak planteatzeko. Batzordean alderdi politikoek zein udan zehar sortutako auzo elkarteak parte hartuko lukete.

Udako oporrak igarota, Zaratamoko Udaletik “urratsak ematen arin direla” azaldu dute. “Ez da gertaera berezirik gertatu datu objektiboei begira, baina auzoko segurtasun faltaren sentsazioa hor dago”. Segurtasun faltaren sentsazio horri buelta ematea zaila izango dela azpimarratu du Zaratamoko alkateak eta horretarako denbora beharko dela gehitu du: “Hartu ditugun ildo horietatik jarraituz gero lortuko dugu arazoa bideratzea”.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak bertan parte-hartzeko deia egin die herritarrei

Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak

|

Zaldiak, Zaratamo eskolako inguruetan. Artxiboko irudia // Geuria

Ikasturtea hasteko oso gutxi falta da eta Zaratamoko Besopean Guraso Elkarteak gonbidapena luzatu die herritarrei bertan izena emateko.

“Aurten Besopean elkartean parte hartu nahi baduzu, zure laguntza gustura hartuko dugu. Guregana hurbildu zaitez!”, azaldu dute.

Laster aurtengo izen-emateak egin ahal izateko dokumentazioa helarazi eta urtean zehar burutuko diren ekintzen berri emango du elkarteak. Joan den apirilean Iñaki Urkiza Zaratamo eskolako zuzendariarekin eta Besopean elkarteko Janire Martinezekin izan ginen, eskolak eta guraso eelkarteak antolatzen dituen ekintzen inguruan berba egiten. Hementxe irakurri dezakezu.

Osorik irakurri

☉ Zaratamo

Ikasturte berriko kirol jarduerak iragarri dituzte Zaratamon

Eskabideak egiteko epemuga irailaren 24a izango da eta jarduerak urriaren 4an hasiko dira

|

Yoga // Unsplash

Zaratamoko Udalak Moiordin, Arkotxa eta Elexalde auzoetan antolatu dituzten kirol jardueren eskaintzak iragarri berri ditu, ikasturte berriari begira.

Askotariko kirol ikastaroak abiaraziko dituzte aurten: Total Fitness, Pilates, Zumba, dantza latinoak, Yoga, entrenamendu funtzionala, eta aurten, berritasun modura: arte eszenikoak (zirkua).

Eskabideak egiteko epemuga irailaren 24a izango da. Aurrez aurre egiteko asmoa dutenek Arkotxa eta Elexalde auzoetako liburutegietara edo udal bulegoetara jo beharko dute. Online egiteko aukera ere luzatu dute esteka honen bidez.

Ikastaroak urriaren 4an hasiko dira. Edukiera mugatua izango da.

Pilatesa egiteko pilotak // Geuria

Ikastaroak, auzoka

Moiordinen
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 20:00-21:00, Txokoa
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 20:15-21:15, Txokoa

Arkotxan
Zumba | Asteazkenetan, 20:00-21:00, Kultur Etxea
Dantza latinoak | Ostiraletan, 18:00-19:00 (7-15 urte) eta 19:00-20:00 (16 urte+), Kultur Etxea
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 18:45-19:45, Kultur Etxea
Yoga | Astelehenetan, 20:15-20:45, Kultur Etxea
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 19:00-20:00, Kultur Etxea

Elexalden
Zumba | Asteazkenetan, 18:45-19:45, gimnasioa
Entrenamendu funtzionala | Astearte eta ostegunetan, 10:30-11:30 (60 urte+), gimnasioa
Total Fitness | Astelehen eta asteazkenetan, 17:30-18:30, gimnasioa
Yoga | Astelehenetan, 18:30-20:00, gimnasioa
Pilates | Astearte eta ostegunetan, 17:45-18:45, gimnasioa
Arte eszenikoak (zirkua) | Ostegunetan, 17:00-18:30, eskola zaharrak

Informazio gehiagorako deitu 946 710 052 telefono zenbakira.

Osorik irakurri