☉ Zeberio
Basoetako urre berdea, pentsaera berri baten bila
Zeberio osoan koniferoen baso-landaketak daude gaur egun, Pinus insignis espeziekoak, eta horrek esan nahi du ekosistema potentzialak sinplifikatu egiten direla, beraz, fauna-habitaten dibertsitate txikiagoa eta, ondorioz, biodibertsitate txikiagoa dagoela
Nekazaritza eta abeltzaintzarekin batera, negozio batek Zeberion benetako presentzia badu hori egurrarena da, zalantza barik. Bere momentu osasuntsuenean ez badago ere, egurraren industriak presentzia handia dauka Zeberion: egunean zehar hainbat kamioi ikus daitezke Bi-3524 foru errepide estuan barrena gora eta behera, enborrak hona eta hara eramaten.

Enborrak, Astondoa zerrategiaren ondoan // Geuria
Zeberioko udalerriaren 47,15 km karratuko azaleraren ehuneko handi bat zur-laboreen landaketek hartzen dute. Baso horiek, batez ere, udalerriaren hegaletan daude, eta tradizioz ezin izan dira nekazaritza-lanak egin, ganadua bazka zitekeen malda txikiagoko eremuetan izan ezik; Zeberio ibaiak osatzen duen haranaren ondoan daude lurzorurik onenak, eta, beraz, laborantza-eremuak eta abeltzaintzarako larre-eremuak. 2014ko datuen arabera, udal-azaleraren % 52 Pinus radiata espeziearen monolaborantzarako erabiltzen da.
2014ko datuen arabera, udal-azaleraren % 52 Pinus radiata monolaborantzarako erabiltzen da
Zeberioko HAPOren datuen arabera, udalerriko azalera osoaren % 75, 3.603 Ha, baso-landaketek hartzen dute. Landaketa horietatik, % 95 Pinus insignis espeziekoak dira (2.515 Ha), ondoren P. nigra dago ( % 3), eta gainerako % 2a hostozabalen landaketei (Eukaliptus, batez ere) eta Chamaecyparisi dagokie. Konifero-landaketen ia erabateko nagusitasun hori 30eko hamarkadan sortu zen, nahiz eta 50-60ko hamarkadatik aurrera, Bilbo handiaren industrializazioarekin, Ugaorena barne, asko hazi ziren, batez ere paper-industriaren eskariagatik.
Zeberioko udalerriko lurzoruaren erabilerak, tradizioz, udalerriaren nekazaritza eta abeltzaintzako izaeraren arabera definitu izan dira. Azken urteotan, jarduera eta diru-iturriak (baserria baratze, fruta-arbolak, ganadua, basoak eta abarren bateratze autarkiko gisa) ingurune hurbiletik kanpoko soldatapeko lanean oinarritutako kanpo-ekonomiara (industrializazioa eta Ugaoko eta Nerbioi itsasadarreko produkzio-zentroak Bilboraino) eraman zituen aldaketa ekonomikoarekin, erabilera horiek errotik aldatu dira, zur-azalerako azalera esponentzialki handituz eta baserria berehalako lurraldearen kudeaketa-unitate gisa diluituz.

Jon Etxebarria baso teknikaria // Geuria
XX. mendearen bigarren erdialdean azkartu zen aldaketa hori, jendea landa-eremuetatik hirietara joanez. Garai batean larreetarako erabiltzen ziren lur abandonuen kopuruak gora egin du, zur-laboreen azalera handituz eta laborantza-eremuak ia desagertzeraino murriztuz. Pinus insignis espezieko baso monoespezifikoen aldeko aldaketa horrek gaur egun arte jarraitu du. “Zeberioko baso-aprobetxamendua da pertsona gehien enplegatzen duen jarduera ekonomikoa eta jarduera ekonomiko handiena duena”, azaldu du Jon Etxebarria baso teknikari zeberioztarrak, eta Zeberioko basoetan topa daitezkeen zuhaitzen inguruan galdetzean zoru mota bi bereizten ditu: “Zeberioko baso-masari dagokionez, erabilera publikoko lurzorua eta titulartasun pribatuko lurzorua bereizi beharko genituzke: lehenengo kasuan, duela hamarkada batzuetatik hona, hostozabal autoktonoen baso-masak berreskuratzen ari dira, bai unada monoespezifikoetan, bai baso mistoko unadetan. Hala ere, hostozabal autoktonoen unadak ere badaude. Bigarren kasuan, titulartasun pribatuko lurzoruan, koniferoak dira nagusi, Pinus insignis espeziearen buruan, nahiz eta duela urte batzuetatik hona Pinus pinaster (itsas pinua) edo Japoniako Cryptomeria (japoniar zedroa) bezalako espezieak sartzen ari diren. Hostozabalei dagokienez, eukaliptoak ez du aurkaririk”.

Zeberioko Astondoa zerrategiko makina bat // Geuria
Atzerriko inbasioa
Antzina atzerritik ekarritako espezieak dira Pinus insignisa eta eukaliptoa eta egurraren industrian zuhaitz preziatuenak dira oso arin hazten direlako. Espezie bakarrez osatutako basoei, baso baino ‘monolaborantza basoak’ esaten zaie: “Argitu behar da monolaborantza ez doala biodibertsitatearen aurka edo ez dela oso jasangarria ‘per se’”, argitu du Etxebarriak. “Modu naturalean eta espontaneoan dauzkagu baso-masa monoespezifikoak, hala nola Euskadiko pagadiak edo hariztiak. Monolaborantzen arazoa hazkunde azkarreko espezie aloktonoak sartzen direnean sortzen da, behar hidriko eta mantenugai handiak dituztenak, lurzorua pobretzen dutenak eta laborantza-ziklo oso laburrak dituztenak. Insignis pinuaren baso-masen kasuan, haien estalkiaren azpian sortzen den biodibertsitatea askoz aberatsagoa da eukalipto-masen kasuan baino, eta hori ez da berria. Pinu-baso baten azpian paseatzen dugunean, erraz ikusten dugu zuhaixkak nola sortzen diren, hala nola hurritzak, erramuak, gorostiak, txorimaloak, boneteroak, zuhandorrak, haritzak, lizarrak eta abar”, azaldu du Zeberioko baso teknikariak.

Pinus insignis espezieko basoa, Zubialden // Geuria
Zeberio osoan koniferoen baso-landaketak daude gaur egun, Pinus insignis espeziekoak, eta horrek esan nahi du ekosistema potentzialak sinplifikatu egiten direla, beraz, fauna-habitaten dibertsitate txikiagoa eta, ondorioz, biodibertsitate txikiagoa dagoela. Espezie aloktono horiek, ekoizpen oso azkarra izateaz gainera, lurzorua sikatu eta bertako propietateak deuseztatzen dituzte denboraren poderioz. Hori bai, arin-arin hazten dira eta etekin ekonomikoa ateratzeko espezie ezin hobeak dira.
Zeberion, bertako basoetako zuhaitzez baliatzen diren zerrategi bi daude: Astondoa anaiena eta Bostak Bat izenduna (antzina Maderas Larrakoetxea bezala ezaguna). Astondoakoak, Zubialde auzoan kokatutakoak, ez dauka lehortegirik, eta Pinus radiata espezieko zuhaitzak eskuratzen ditu erabilera publikoko zein jabetza pribatuko lurzoruetatik. Ekoizpena eraikuntzen sektorerako, enbalajeak eta altzariak egiteko direla azaldu du Anton Astondoa jabeak.

Miren Josune Maiz, Bostak Bat zerrategiko instalazioetan // Geuria
Zeberioko lurretatik zuhaitzak lortzen dituen beste zerrategia Bostak Bat da. Bertan, Miren Josune Maiz kideak GEURIAri azaldu bezala, jabetza pribatuko lurzoruetatik Pinus insignis espezieko arbolak erabiltzen dituzte fruta, barazkiak eta arraina gordetzeko egurrezko kutxak egiteko lehen maila batean, eta baita bestelako azpiproduktuetarako ere: zerrautsa, besteak beste. Bostak Batek lehortegia du eta tankera gehiagoko produktuak egin daitezke bertan emaitza modura. Enborrak zerrategira heltzen direnetik xafla bezala irten arte 8 egun eman ditzake prozesu osoak (zuritu, moztu eta sikatu).
2021ean 14.647,07 Tm egur atera zituzten basoetatik Bostak Bat zerrategikoek eta 2022an kopuru hura 8.706,57 Tmra jaitsi da
Astondoa zein Bostak bat zerrategietako arduradunen arabera, egurraren industriak behera egin du: “Produkzioak erdira egin du hasierako urteekin alderatuz gero”, dio Josunek. 2021ean 14.647,07 Tm egur atera zituzten basoetatik Bostak Bat zerrategikoek eta 2022an kopuru hura 8.706,57 Tmra jaitsi da. Saldutako kopuruak ere behera egin du nabarmenki Bostak Baten: 2021an 1.712,42 Tmtik 2022ko 688,06Tmra. Josunek ez daki egoera hau antzinako zifretara bueltatuko den, baina Bostak Bat zerrategikoak ohituta daude momentu zailetan aurrera egitera: zerrategia duela 14 urte sortu zuten, krisi garaian. Berez, Maderas Larrakoetxean egiten zuten lan Bostak Bateko langileek, eta enpresa berpiztea lortu zuten aurreko jabeak zerrategia itxi ostean.

Bostak Bat zerrategiko langile bat // Geuria
Pentsamolde aldaketa
“Krisi klimatikoaren garaian gaude eta, beraz, mendia kudeatzeko eredua aldatzea planteatu beharko genuke”, aitortu du Jon Etxebarriak. “Pixkanaka, baso-aprobetxamendu iraunkorren eszenatokietara jo beharko genuke, hau da, baso-masa autoktonoen landaketetara, non bertan ahalik eta gutxien inbaditzen diren jarduerak”. Baina horra hor gakoa: erakargarria al da ideia hori egurraren industriatik bizi direnentzat? “Jende asko pinudien aurka agertzen da”, esan du Josunek. “Baso bat sortzean hasierako inbertsio bat egin behar da, eta urteek aurrera egin ahala mantenu-lanak egin behar dira, mozketak, entresakak… jendeak etekina nahi badu erabaki jakin batzuk hartu behar ditu”. Josuneren aita arotza zen, eta gaztainondo basoak ezagutu zituen antzina: “Haritzondoa baino politagoa da gaztainondoa nire ustez, egurra oso antzekoa bada ere. Baina pinuena beste kontu bat da”, dio Bostak Bat zerrategikoak: “Nork bere lurzoruan pinuak ipintzen baditu etekin ekonomikoa atera nahi duelako da, ez dago besterik”.
“Euskadin baso-erabilera duen azaleraren jabetza aztertzen badugu, ikusiko dugu erdia baino gehixeago pribatua dela eta, beraz, kasu honetan, berregokitzeko, jabe bakoitzaren edo jabe-erkidego bakoitzaren borondatea behar dela gehienbat” dio Etxebarriak. “Gure kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza-planak eta aholkularitza-planak ditu prozesu horri ekiteko. Baso-ustiapeneko ereduaren tradizio luzearen ondorioz, jabeek pentsamoldea aldatzea ez da erraza, prestakuntzarekin, denborarekin eta pedagogiaren bidez lortzen da. Ni baikorra naiz, eta uste dut belaunaldi berriek sektore honetara ere aldaketa giroa ekartzen dutela”.

Astondoa zerrategia // Geuria
Aldaketa klimatikoak espezie aloktonoetan izan duen eragina bistakoa da eta Zeberioko zein Euskal Herriko baso askok Banda Marroiaren gaitza jaso dute: tenperaturek behera eta hezetasunak gora egin duen momentuan onddoak agertu dira eta gure klimara ohituta ez dauden espezieei eraso diete, ehunka hektareetako pinudiak desagerraraziz eta egun ekoizle askok eta askok euren pinudiak eta lursailak saldu behar izan dituzte Euskal Herri mailan: “Zeberio ez da Bizkaiko zonalde kaltetuenetakoa, baina Banda Marroiak mendi batzuei eragin die”, dio Etxebarriak. “Monolaborantzaren ondoriozko arazoetako bat da, hain zuzen ere, banda marroiarekin gertatu dena, edozein izurritek edo gaixotasunek modu bortitzagoan eragiten baitie baso-masa monoespezifikoen etengabeko hedadurei”.
Jon Etxebarria: “Monolaborantzaren ondorioz edozein izurritek edo gaixotasunek modu bortitzagoan eragiten die baso-masa monoespezifikoen etengabeko hedadurei”
Bien bitartean, bertako espezieek gogor eusten diete aldaketa klimatikoak eragindako ondorioei, eta Zeberion asko dira topa daitezkeen bertako espeziez osatutako basoak: artadiak, pagadiak, harizti mistoak, gurbitzak… Inguratzen gaituen lurrak mugak dauzka eta hainbat aukera daude bizi dugun egoerari aurre egiteko. Gainontzekoa jarrera kontua da.

Errautsak // Geuria
☉ Zeberio
Datorren urteko aurrekontua zehazteko bilera irekia egingo dute Zeberion, ostegunean
Hitzordua 18:30ean antolatu dute plazako ermita zaharrean

Datorren azaroaren 20an, osteguna, 18:30ean, 2026ko aurrekontuaren inguruko bilera irekia egingo dute Zeberion.
Hitzordua Zubialdeko plazako ermita zaharrean antolatu dute. Udaletik herritarrak gonbidatu dituzte hitzorduan parte hartzera.
☉ Zeberio
Zeberioko Austarri elkarteko mendizaleak Gantzorrotzera abiatuko dira hilaren 15ean
Ibilaldia amaitu ostean indabak bazkalduko dituzte mendizaleek Zornotzako jatetxe batean

Gantzorrotz Bizkaian kokatutako mendia da eta bertara abiatuko dira Austarri Mendi Taldeko mendizaleak azaroaren 15ean.
Irteera 08:00etan egingo dute udaletxeko plazatik. “Bere mutur zorrotzari zor dio ‘Gantzorrotz’ izena mendi honek, piramide baten itxurakoa baita gainaldea, baina gain erraza da, nonahitik igotzeko modukoa, arreta pixka bat jarriz gero, haitz eta elorri artean ez trabatzeko”, azaldu dute mendi taldetik.
Ikuspegi zabala eskaintzen du Legarmendiko karstaren gainean, izan ere karst eremuaren erdian gelditzen da eta ez dago goien bista galarazten duen zuhaitzik. Bertara joanez gero, antzeko beste tontor batzuk ere nahiko gertu gelditzen dira, Urtemondo esaterako Man, Betzuenburu eta beste asko, Ean.
Belatxikieta mendia Aramozko mendilerroaren tontorrik garrantzitsuenetakoa da. 661 metroko garaiera du. Belatxikietan mendiaren tontorrean mugarri handi bat dago. Garai batean, tontorrean zazpi artzain txabola zeuden eta, 1949an, eurek erabaki zuten gailurraren magalean ermita bat eraikitzea. Saninazioetan, erromeria egiten da bertan.
Ibilaldia amaitu ostean indabak bazkalduko dituzte mendizaleek Zornotzako jatetxe batean.
☉ Zeberio
Mendi irteera, bertsopoteoa eta elkarretaratzea antolatu dituzte Zeberioko Azaro Feministan
Hilaren 30era bitartean hitzaldiak, sukaldaritza tailerra, mendi irteera, bertsopoteoa eta bakarrizketak bezalako jarduerak antolatu dituzte Zubialden

Hilaren 30era bitartean Azaro Feminista antolatu dute Zeberion, askotariko jarduerekin: hitzaldiak, sukaldaritza tailerrak, mendi irteera, bertsopoteoa, bakarrizketak…
Egitaraua | Zeberioko Azaro Feminista
Azaroak 10, astelehena
18:00 Sukaldaritza tailerra, eskola zaharra
Azaroak 14, barikua
19:00 Bertsopoteoa: Andoni Egaña + Oihana Bartra, plaza
Azaroak 15, zapatua
08:00 Mendi irteera: Artaungan-Gainzorrotz, plaza
Azaroak 19, eguaztena
16:00 ‘Zaintzailean zainduz’, eskola zaharra
Azaroak 21, barikua
18:30 Emanaldia: ‘Nor da Maurizia?’
Azaroak 25, barikua
13:00 Elkarretaratzea, udaletxe aurrean
Azaroak 26, eguaztena
17:00 Hitzaldia: ‘Saber decir que no’, Plazako ermita zaharra
Azaroak 28, barikua
18:30 Bakarrizketak: BostOK!, Plazako ermita zaharra
Azaroak 30, domeka
10:00 Azoka
☉ Zeberio
Zeberioko Udala UEMAko kide izango da abendutik aurrera
Zeberioko euskara indizea % 80,2koa da, baina UEMAko datuen arabera ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 45,82) eta etxeko erabileraren (% 33,92) datuak behatuz gero

Urdiaingo Udalarekin batera, Zeberiok UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatearen erabakia hartu du joan den osoko bilkuran.
Zeberioko Udalak joan den azaroaren 6an egindako osoko bilkuran iragarri zuen UEMAko kide izatearen erabakia, EH Bilduko bost zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko zinegotzi biren abstentzioarekin.
Zeberioko euskara indizea % 80,2koa da. Hala ere, UEMAko datuen arabera, Zeberion ere ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (% 45,82) eta etxeko erabileraren (% 33,92) datuak behatuz gero: “Zeberio ere euskararen ezagutza altuko udalerria da, beraz, baina euskararen nagusitasun argirik gabeko udalerria. Horregatik, kontzientziazioan eta herritarren hizkuntza ohituretan eragiteko beharra ikusi dute Zeberion ere”.
“Horren jakitun erabaki du Zeberioko Udalak UEMAko kide izatea, besteak beste herritarren ahalduntzean eta erabileran eragiteko UEMAren esperientzia bidelagun izango dutelakoan”, gehitu dute mankomunitatetik.
Zer da UEMA?
1991ko maiatzaren 5ean sortu zuten UEMA, 19 udalek, Aizarnazabalen egindako batzarrean. Harrezkero, Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Tamainaz zein izaeraz askotarikoak dira mankomunitatea osatzen duten udalak, baina guztiek badute elkartzen dituen zerbait: udalerri euskaldunak dira guztiak. Zehazki, UEMAko kide diren herri guztietan, biztanleen %70etik gora euskalduna da.
UEMAk gaur egun hainbat ildo eta zerbitzu ditu, euskaraz bizi nahi duten udalerrien beharrei erantzuteko. Udalen euskalduntzeaz gain, udalerri euskaldunen zaintza eta garapena, eta bertako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira nabarmenenak, horietan eragitea udalerri euskaldunei eta euskararen arnasguneei eusteko ezinbestekoa dela iritzita.
Abenduan, mankomunitatearen kide
Abenduaren 13an egingo du UEMAk urte amaierako Batzar Nagusia Etxarri Aranatzen. Ordutik aurrera izango dira Urdiain eta Zeberio mankomunitateko kide.
Zeberio eta Urdiain gehituta, 120 udal izango ditu UEMAk. Guztien artean 355.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
☉ Zeberio
Mauriziaren omenaldiak eta domekako azokak emango diete hasiera Zeberioko Abendu Kulturalari
Udalak Escape Room bat, bakarrizketak, Maurizia Aldeiturriagari omenaldia, neguko azoka eta beste horrenbeste jarduera prestatu ditu neguari ongi etorria emateko helburuagaz

Zeberioko Abendu Kulturala atejoka dabil eta Udaleko Berdintasun Batzordeak azaroko jarduerak aurreratu dizkio GEURIAri, programa guztiz osatuta ez badago ere, jarduerak, urtero lez, 2026ko urtarrilera bitartean luzatzen direlako.
Abendu Kulturalaren ekitaldien programa hilabetearen erdialdean hasiko da: izan ere, azaroaren 14an bertsolarien saioa programatu dute. Azaroaren 21ean Maurizia Aldeiturriagaren bizitzaren inguruko emanaldi berezi bat prestatu dute. Gainera, Escape Room-a egingo dute eskolan. Azaroaren 25ean elkarretaratzea deitu Udaletik Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko Nazioarteko Egunean.
Azaroaren 28an BostOK!-en bakarrizketak programatu dituzte: “Badira ikuslea pertsona hobe eta jantziago bat bilakatzen duten ikuskizunak. Nabarmen, Bostok! ez da horren adibide. Litekeena da emanaldiaren ondoren ikusleak lehen baino lotsagabeago irtetea. Izan ere horixe da bostOK! Bost umoregilek Ondutako Klima”.
Hilabetea behar bezala bukatzeko Domekako Azoka antolatu dute azaroaren 30ean, bertako produktuekin. Gorbeialdek Zeberioko Udalaren babesarekin prestatu du Zeberioko Zubialde auzoko plazako aterpean, 10:00etatik 15:00ak arte. Bertan, Ekain Goti Zeberioko alkateak azaldu lez, “eskualdeko eta inguruetako ekoizleen nekazaritza eta artisautzako produktuetaz gozatu ahalko dute herritarrek”. Gorbeialde saltokien zerrenda osatzen ari da hilabetean zehar.
Abendu Kulturaleko gainontzeko jarduerak zehazteke daude oraindik. Behin betiko zerrenda osatzean GEURIAn iragarriko dugu, urtero egiten den era berean.











