☉ Zeberio
Zeberioko Eusebio Aldekoa nagusien egoitza positibo barik lotu da

Osasun saileko azken txostenaren arabera, Covid-19ko positibo bi antzeman dituzte azken 14 egunetan Zeberion eta Ermitabarriko Eusebio Aldekoa egoitzak ez dauka inolako kasurik egun hauetan: “Eusebio Aldekoako zuzendariak benetan txarto pasa zuen duela aste batzuk Koronabirus agerraldia egon zenean”, azaldu du Karlos Idirin alkateak. Azaroaren 30ean 1.126,76ko inzidentzia tasa zegoen Zeberion. Egun bi ostean, abenduaren 2an, kopurua 2.159,62ra hazi zen.

Olentzeroren harrera, iazko abenduaren 24an, Zubialdeko frontoian // Geuria
Azken datuen arabera, 2020ko abenduaren 31tik urtarrilaren 6rako eragin-tasa 184,50koa da, eta egoera nabarmenki egonkortu da: “Azkenengo neurriak hartu zirenean eragin-tasak gora egin zuen Zeberion bat-batean”, azaldu du Idirinek: “Zeberion 1060 biztanle daude, eta sei positibo kasurekin kolore gorrian sartzen gara, 500eko eragin-tasa gaindituz. Agerraldia Eusebio Aldekoan izan zen”. Gabonetan olentzerori harrera egin zitzaion Zubialdeko frontoian segurtasun neurri guztiak era zorrotzean betez, eta harrez geroztik ez da inolako agerraldirik egon, azken 14 egunetako positibo biak salbu.
13 covid positibo diagnostikatu dituzte Zeberioko Eusebio aldekoa egoitzan
☉ Zeberio
Zeberioko Sandonietako 13. Kartel Lehiaketan parte hartzeko epea zabalduko dute hilaren amaieran
Interesdunek ekainaren 30etik uztailaren 18ra bidali ahalko dituzte lanak, helduen zein umeen kategorian

Ekainaren 30etik uztailaren 18ra zabalduko dute epea Zeberioko Sandonietako 13. Kartel Lehiaketan parte hartzeko. Helduen eta umeen lehiaketak egongo dira.
Helduen lehiaketari dagokionez, kartelaren helburua 2025eko Sandoniak iragartzea izango da. ‘Bardintasunerantz bideratuz’ programaren testuinguruan honako hauek izango dira balio-irizpideak: obraren edukia eta gaia, originaltasuna eta emakumezkoen eta gizonezkoen artean bazterkeria alboratzen eta berdintasuna sustatzen duten egoerak islatzea.
Egile bakoitzak lan bi aurkeztu ahalko ditu 50×70 zentimetroko mihisean, formatu bertikalean. Honako hau agertu beharko da testu modura: ‘ZEBERIOKO SANDONIAK abuztuaren 28tik irailaren 2ra’. Oinarriak Zeberioko Udalaren webgunean agertuko dira laster.
120 euro banatuko dituzte saritan: 70 irabazleari eta 50 euro, bigarren postua eskuratuko duenari.
Umeen lehiaketa
Umeen Kartel lehiaketaren helburua Zeberioko Jai Batzordeak eta Udalak 2025eko Sandonietako umeen ekintzak iragartzea izango da. Deialdi bi egongo dira: 9 urte artekoa eta 10-14 urte bitarteko gazteentzat sortutakoa.
Egile bakoitzak gehienez lan bi aurkeztu ahalko ditu A3 tamainan, formatu bertikalean. Parte-hartzaile bakoitzak oparitxo bat jasoko duela iragarri dute Udaletik.
Helduen lehiaketan lez, oinarriak zeberiokoudala.net webgunean iragarriko dituzte laster.
☉ Zeberio
Monografikoa | Etxe (eta) Bizitzak | Paula. S: «Okupazioari ez diogu beldurrik izan behar: ez da desagertuko, eta etxeak zabaltzen jarraituko dugu»
Bilboko Alde Zaharrean ezagutu zuen Okupazio mugimenduaren indarra eta duintasuna Paula.S zeberioztarrak. Ordutik hona bertan militatzen du

Unibertsitatean ikasketak egiten zituen bitartean hasi zen murgiltzen Paula. S (Zeberio, 1991) okupazioaren mugimenduan. Bizitzako gora-beherak direla eta, ahizparekin batera proiektu berri bat hasi zuen Bilboko alde zaharrean zabaldutako etxe batean, eta okupazioaren harreman sarearen berotasuna gertutik izan zuen lehen momentutik.
Hainbat bizipen izan zituen bost urte iraun zuen proiektu hartan eta mugimenduaren ardatzak errespetua eta harreman sare on bat izatea dela azaldu digu. Paula Zeberion bizi da gaur egun, alokairuan. Albaitaria da eta lana bukatzean Sestaora joan ohi da okupazio mugimenduaren sarean militatzera. Bere istorioa ezagutu dugu.
Zer esan gura du ‘etxea’ hitzak zuretzat? Etxea ‘Hogarra’ da niretzat. Ez da soilik lau hormaz osatutako leku bat; bizitzeko, elkarbanatzeko, esperientziez ikasteko leku bat da. Familia bat sortzea bezalako ideia da niretzat etxearena, aukeratutakoa edo ez aukeratutakoa bada ere.
Non bizi izan zara, Paula? Zeberion jaio nintzen eta gurasoak alokairuan bizi ziren. Alokairua amaitzean, etxe barik ikusi genuen gure burua. Garai hartan Leongo unibertsitatean nenbilen eta etxera bueltatzean etxerik ez nuelaz jabetu nintzen. Orduan, lagun batek bizitzeko leku bat laga zidan, eta ahizparekin batera proiektu berri bat hastea erabaki genuen. Etxean betidanik irakatsi izan digute ‘etxea’ bertan bizitzeko leku bat dela, landu beharreko espazio bat dela, bertan norekin biziko garen jakitea erabaki behar dela… lo egiteko leku bat izatea baino proiektu handiagoa dela, hain zuzen ere. Beraz, momentu hartan, okupazio mugimenduaren munduan murgiltzea erabaki genuen ahizpak eta biok. Elkarren artean konfiantza handia daukagu eta ondo baino hobeto ezagutzen dugu elkar.
Eta nolako hasiera izan zen? Harrera oso polita izan genuen. Bilbon izan zen eta sare oso polita eraiki genuen bertako komunitateko jendearekin. Bilbon, okupazioan hasteko lehen hastapenak eman zizkiguten, errespetuz eta modu egokian aukeratutako etxebizitzetan: hau da, gure asmoa ez zen espazio horiek behar zituzten jabeei kentzea, ezta gutxiago ere! Helburua okupatu beharreko leku horiek bankuenak edo elizarenak izatea zen. Lau urte eman nituen bizimodu horrekin, eta bertan bizitzeaz gainera beste etxebizitza batzuk zabaltzeko lanetan laguntzen egon naiz ere, tartean.
Okupazioaren mugimendua eta gaztetxeena eskutik helduta doaz. Nola bereiziko zenituzke? Nahasi egiten diren kontzeptu bi dira: Gaztetxea “danontzako etxea” da, ekintza sozialak egiten diren lekua izan ohi dira. Okupatutako etxe bat, ordea, pertsona baten ‘hogar’ hori da, nork bere proiektua garatzeko espazio hori. Esaterako, nik etxe bat zabaldu dezaket baina ez da zertan “nire etxea” izan behar: kudeatu behar duenak errespetuz kudeatu beharko du.
Eta Bilbotik nora igaro zinen? Zeberiora. Bilbora askotan joaten naiz, okupazio sarea bertan dagoelako. Eskualdean ere lagundu egiten dut: Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea bertan dago eta Zeberiora itzuli nintzenetik, gertuko sare batean aritzeko behar hori sentitu nuen. Ugao eta Zeberio bezalako herrietan zailagoa izaten da okupazioaren mugimendua behar bezala burutzea. Herri txiki batean kale gorrian geratuz gero zailagoa izaten da leku berri bat aurkitzea.
Etxea definitu duzun moduan, okupazio mugimenduak ere definizio asko izan ditzake, pertsonaren arabera. Nola ikusten duzu zuk? Erresistentzia proiektu bat da eta etxebizitza, pribilegiotik zein beharrizanetik, erdigunean ipintzen da bertan. Asko dira landu beharreko arloak eta horien artean gizarteari begira eskaintzen dugun irudi hori islatzea da. Jendeak nortzuk garen eta gure helburuak zeintzuk diren jakin beharko luke: nik ez dut etxe bat zabalduko eta apurtuko, nire helburua bertan bizitzea delako. Hori jendeak jakin behar du. Etxe bat zabaldu baino lehen bere istorioa aztertzen dugu: norena den, nolakoa den…
Errespetua aipatu duzu lehen, eta egia esateko hitz gakoa da okupazioa bezalako gizarte mugimenduetan. Denetarik egongo da, baina nola gogoratzen duzu Bilboko lehen proiektu hartan izandako bizikidetza bertako auzotarrekin? Egia esateko, eraikineko auzotarren lehenengo presidentearekin harreman oso ona geneukan. Gure etxera sartu zen, kafe bat edan genuen berarekin eta gure okupazioarekin arazorik ez zuela esan zigun. Bigarren urtean presidente berria ipini zuten eta arazoak heldu ziren: txirrina kendu ziguten, buzoietan eskutitzak kentzen zizkiguten… baina egoera horiez gainera salbuespenak ere badaude batzuetan.
Bizikidetzaren esparruan diozu? Bai! Gure etxetik parez pare Trini bizi zen, eta harreman berezia izan da gurea. Hasiera oso zaila izan zen. “Etxe hori ez da zuena!”, esaten zigun garrasika. “Okupatu duzue!”. Guk baietz esaten genion, tonu apalean beti: “Bai, andrea. Gabon, andrea”, errespetua alde batera utzi barik. Pandemia garaian, egun batean, keinu bat egin zigun. Zelan geunden jakin nahi zuen. Nire ustez, okupak izan arren, pertsonak ere baginela ulertu zuen Trinik. Egun hartatik aurrera erregulartasunez berba egiten hasi ginen berarekin eta etxearen inguruko pasarte ugari kontatu zizkigun, aurreko jabearenak bereziki. Etxea okupatzearekin batera berau zaintzen genuela ikusi zuen, eta lasai geratu zen andrea.
Nolakoa izan daiteke egun arrunt bat okupatuta dagoen etxe baten komunitate horretan? Pertsonen arabera funtzionatu ohi dute espazio horiek. Gure kasuan, astean behin edo bi asterik behin bilerak antolatzen genituen, hurrengo egunetan egin beharreko jarduerak prestatzeko, bai etxearen ingurukoak, baita militantziaren ingurukoak, guri lagundu gintuzten modu berean beste pertsona batzuei laguntzeko. Etxe barruko bizikidetza sanoa eta horizontala izaten zen.
Eta lasaitasuna? Lasai bizi daiteke pertsona bat horrela? Adibide modura, neguko hilabete batzuetan zehar etengabe moztu izan digute berogailuaren giltza. Aitzakia betikoa izan ohi da: “kalefakzioa ez dugula ordaintzen”. Guk betidanik izan dugu ura, elektrizitatea eta kalefakzio zerbitzua ordaintzeko asmoa, baldintza batzuk errespetatuz. Gauza asko aurpegiratu izan dizkigute lehen unetik eta hasieratik presidenteekin harremana izaten saiatu gara. Frustragarria da askotan, bai. Ez da egunero bizi dugun egoeraren adierazgarria, baina egia da antsietate momentu horiek bizi izan ditugula noizbehinka.
Okupazioaren alde txarrak ikusi ditugu. Eta onak? Okupatzea erresistentzia maila handia egitea da. Etxebizitza falta eta prekarietatea nabariak dira bizi garen gizartean. Egoera horri aurre egiteak eta beharra duten pertsonei laguntzeak asko motibatu egiten nau. Hutsik dauden etxebizitza ugari daude gure herri eta hirietan. Jabeek behar ez dituzten bitartean eman diezaiegun erabilera bat!
Egoera onak egon badaude, baina etxegabetzeen arazoa hor dago oraindik. Lan nekeza da eta egia da denboran luzatu egiten den kontua dela, dena atzeratu egiten delako. Etxegabetze bat ematen denean denborarekin jokatzen du poliziak eta Udalek, erresistentzia egiten duten pertsonak mentalki nekatzeko. Horregatik luzatu ohi dira prozesu hauek. Niretzat oso emozionala da erresistentzian jardutea, elkarren arteko zaintzaren sentimendu oso polita dagoelako atzean. Jende askok beldurra dio okupazioa jarduteari baina nik tentsio handiagoa izan dut unibertsitateko ikasketetako azterketatan edo amodio kontuetan (barreak). Tentsio momentuak egon badaude, baina joan eta etortzen dira. Ahizparekin bizi izandako esperientzian, esaterako, 15 egun eman genituen behin etxetik irten barik, erresistentzia lantzen. Okupazioari ez diogu beldurrik izan behar. Hemen egongo gara beti: okupazioa ez da hilko eta etxeak zabalduko ditugu.
Esaten da Zeberion “Gaztetxe” bat egon zela, edo behintzat proiektu bat sortzeko ahalegina egin zela. Hasierako ideia ortu bat okupatzea izan zen. Hasierako ideia hark erokeria zirudien. Gauza da herri mailan ikusi genuela proiektu bat behar genuela eta Gaztetxe bat egitea gehiegizkoa zela. Garai hartan ni ez nintzen herrian bizi eta gertuko pertsona baten etxea okupatu zuten. Etxea kiskalita zegoen eta jaio nintzenetik hutsik egon da, herriko beste hainbeste etxe bezala.
Nola ikusten duzu zure bizitza etorkizunari begira, okupazio mugimenduari dagokionez? Eztabaida hori ahizparekin eta neure buruarekin daukat. Amak 66 urte dauzka eta buruan etxebizitzaren gaia dauka. 60 urte arte ez du bat izan: alokairuan bizi izan da, horrela nahi izan duelako. Baina denborak aurrera egin ahala zahartu egiten gara eta erabakiak hartzeko garaia iristen da: kontraesankorra bada ere, lasai bizitzeko zerbait erosi beharko genioke? Hori egingo banu, nola jarraituko nuke etxeak zabaltzen? Alokairuaren prezioa basakeria da gaur egun eta 20 urterako alokairu-kontraturik eskaintzea pentsaezina da.
Eta zer dio amak, esaterako, zure bizimoduaren inguruan? Dena zalantzan ipintzen duen horietakoa da ama baina hala ere oso ondo ikusten du. Beste senide batzuei gehiago kostatu zaie nire bizimodu hau ulertzea: “Zergatik okupatu behar duzue etxe bat?”, “Etxe hori norbaitena da”… era horretako galderak egiten zizkiguten hasieran. Denborak aurrera egin ahala egoera ulertu dutela esango nuke.
Amaitzeko, nolakoa da okupazioaren mugimendua Hego Uribe eskualdean? Egon badago: Arrigorriagako Gaztetxea, Batu edo Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea… baina nire ustez indartsuagoa izan beharko litzateke mugimendua, oro har. Duela urte batzuk, adibidez, saiatu ginen Ugao, Arrankudiaga eta Zeberiokoen artean Gaztetxe bat sortzea, baina arrazoi ezberdinengatik ideia bertan behera gelditu zen. Azken batean, okupa mugimenduan murgiltzea erabakitzen duen pertsonak gauza asko aldatu behar ditu bere bizitzan: lana izatea, adibidez, baina etxera itzultzean proiektuari behar besteko denbora eskaintzea, besteak beste.
☉ Zeberio
Herritarren partaidetza eskatu dute Zeberioko hirugarren Berdintasun Plana egiteko
Galdetegia abuztuaren 1era arte bete ahalko dute herritarrek. Minutu gutxietan egin daiteken kontua da

Zeberioko Hirugarren Berdintasun Plana sortzeko prozesua abian ipintzen hasi dira Berdintasun Sailetik eta helburu nagusia bertan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da.
Horretarako, eta “herritar guztien errealitatearen isla izan dadin”, zeberioztarren iritzia jaso gura dute. “Zure bizipenak, beharrak eta Zeberion berdintasuna nola bizi dugun jakin nahi dugu: espazio publikoetan, kulturan, zerbitzuetan… Horregatik, galdetegi labur hau betetzera gonbidatzen zaitugu. Minutu gutxi batzuk beharko dituzu, baina zure ekarpena funtsezkoa izan daiteke”. Galdetegia abuztuaren 1era arte bete ahalko dute herritarrek.
Zeberiok 1.081 biztanle ditu 4.674 hektareatan (Eustateko 2024ko datuen arabera) eta 20 urte baino gutxiagoko 188 gazte daude gaur egun (biztanleria osoaren % 17,40). Berdintasun Plan berria herritar guztiengana helaraztea da helburua: beraz, gazte horiez gainera, heldu eta adinekoen partaidetza bilatzen ari dira.
Momentuz Negoziazio Batzordea eratu dute: “Herritar guztiek egin beharko lituzkete inkesta horiek, beren parte-hartzea oso garrantzitsua delako”, azaldu du Nerea Garcia Rebollo Udaleko berdintasun teknikariak.
☉ Zeberio
Arhane Mendibil zeberioztarrak Bizkaiko Esku Pilota Txapelketa irabazi du kadeteen gazte mailan
Duela lau urte sortu zuten Mandoia Pelota Kluba eta Arhanek Bizkaiko Txapelketako hiru finalak jokatzea lortu du

Mandoia Pelota Klubeko Arhane Mendibil Serrano pilotariak Bizkaiko Esku Pilota Federakuntzak antolatutako Bizkaiko Txapelketa irabazi du emakumeen lau t’erdiko kadeteen gazte mailan.
Finala Derion jokatu zuten joan den asteburuan eta Mendibilek Maialen Gastonen aurka lortutako garaipen honek Zeberioko pelota klubaren norabidea finkatu du: izan ere, lau urte igaro dira Mandoia Pelota Kluba martxan ipini zutenetik eta Arhanek Bizkaiko Txapelketako hiru finalak jokatzea lortu du.
“Eskuz banakakoa txapeldunorde izan zen Onintza Galdosen aurka jokatutako norgehiagokan eta binakakoan txapeldun izan zen Lemoako Malenegaz, Dimaren aurka”, azaldu du Beñat García Mandoia Klubeko entrenatzaileak.
Urteak dira Deriok Bizkaiko Txapelketa babestuten duela eta finalak bertan jokatzen dituzte pilotariek.
☉ Zeberio
Bideoa / Speedaren trafikoaren aurka Europan egin den operazio handienetakoa izan da Zeberiokoa

Zeberion droga sintetikoen laborategi handi bat desegin du Espainiako Poliziak eta 450 kilo speed konfiskatu dituzte. Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak gaur Basauriko kuarteletik adierazi duenez, speedaren trafikoaren aurka Europan egin den operazio handienetakoa izan da.
450 kilo speed konfiskatzeaz gain, 500 litro prekurtsore, 140 marihuana landare, 10 kilogramo marihuana kukulu baino gehiago, 7.500 euro eskudirutan, bost ibilgailu eta arma luze bat atzeman dituzte.
Polaris operazioaren barruan, zazpi pertsona atxilotu dituzte: 40 eta 53 urte bitarteko sei gizon eta emakume bat. Erakunde kriminaleko kide izatea eta droga-trafikoa egotzi diete.
Atxilotuetatik hiru espetxeratzeko agindua eman du Instrukzioko Bilboko 1 zenbakiko Epaitegiak: erakundeko burua, sukaldaria eta laborategi horretako bizilagunetako bat. Erakunde kriminaleko liderra enpresari arrakastatsua dela adierazi dute, hainbat sektoretan hainbat enpresa dituena.