Zutabeak
Iritzia I M8ko feminismoak
Zaharrak, gazteak, arrazalizatuak, mi- granteak…feminismo asko daude femi- nismoaren baitan

Zutabe honetako protagonistak esku artean daukazun martxoko Geurian agertzen diren emakume elkarrizketatuetako batzuk dira, eta bertan jasoko ditudanak euren esanen laburpen bat besterik ez.
Tania Martínez Portugal EHU-ko irakasleak pluralgilea itsatsi dio feminismo hitzari, eta zehaztu du “Feminismoen –pluralean aipatzea gustoko dut- aldarrikapenak ezberdinak eta ugariak dira, subjetu politikoa, emakumeak*, ezberdinak garelako, eta zapalkuntza ardatz ezberdinak gurutzatzen gaituztelako.
Ez da berdina emakume txuri, ekonomikoki autonomo eta heterosexual batek bizi dezakeen zapalkuntza esperientzia, edo emakume arrazializatu, migrante eta ekonomikoki arazoak duenarena, adibidez. “Horregatik”, borobildu du “garrantzitsua da tokian tokiko mugimendu feministak bere agenda politikoan egoera ezberdin hauei erantzuna eman ahal izateko ildoak jorratzea”.
Abiapuntu hori hartuta, zaharrak berri eta, esamoldea aldrebestua, berriak zahar gure eskualdean; Basauriren kasuan, emakume feminista zaharren taldea “gizartean ezarritakotik haratago zahartzaroa nola eraiki eta bizi pentsatzeko” sortu zuten, eta Zaratamon, aldiz, Ane, Izaro eta Miren gazteek aldarrikatu dute herri txikietan ardura handia dutela herritar guztiek, feminismoak aurrera egingo badu.
Zaharrak, gazteak, arrazalizatuak, migranteak… feminismo asko daude feminismoaren baitan, eta Izaskun Landaida ugaotarrak feminismoaren eremu instituzionala ezagutu eta aldarrikatzen du: “Egia da bidea dagoela egiteko baina aitortu behar da lan asko egin dela eta egiten ari dela esparru ezberdinetatik eta esparru ezberdinetan. Bestela atzera begiratu eta galdetu gure amama eta amei”.
Miren Beltran eta Ainhize Egiguren ama-alabak, ordea, egunerokotasunari lotu zatzaizkio, agerikoa dena agerian uzteko: “Herriko tabernetara joatean ikusten da nor dagoen traguak hartzen eta nor etxean bazkaria edo haurrak zaintzen”.
Zutabeak
Iritzia / Gastu militarraren igoeraren aurrean, herriak baditu bere armak

Hasi da 2024ko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kanpaina, eta honela, Bizkaiko Foru Aldundiak langile-klasearen baliabide-erauzketa gauzatuko du beste urte batez. Kapitalaren adar burokratiko eta errepresiboa finantzatzera ohituta gaudenez, konformatu egiten gara osasun eta hezkuntza sistema gero eta ahulagoekin, jakinda dekadentzia hori entitate berberen interesak asetzearen ondorioa dela.
Pentsiodunak bezalako gizarte-taldeen beharrei erantzuteko baliabideak ukatzen diren arren, badirudi haien intereseko arloetan gastuak nabarmen handitzeko baliabideak badaudela, hala nola, armamentu-industria edo gaizki deituriko “segurtasun-indarretan”. Hau da instituzioen benetako aurpegia, genoziden eta zapalkuntza-sistemari eutsi nahi diotenen arteko harreman ekonomikoa, beti ere, indarkeriaren monopolioaren bidez.
Horregatik, kudeaketa eredu honen aurka gaude, baliabide horiek herriaren ahaleginaren fruitu direlako, eta baliabide horiek bideratzen direlako, hain zuzen, baliabideok erauztea ahalbidetzen duen ordena mantentzera. Baita interes pribatuen onurarako ere, nahiz eta horretarako zerbitzu publikoak degradatu edo zuzenean beste herri batzuk hil behar diren.
Gure etsaia ez da errusiarra edo israeldarra, gobernatzen gaituzten eliteak baizik. Herriak gara gure gaitasunak hobetu behar ditugunak, autokudeaketa, elkarrekiko laguntza eta autodefentsa bultzatuz. Hain zuzen, gure autonomia areagotuko duten eta gure benetako premiak asetuko dituzten egitura sozial eta ekonomikoak eraiki behar ditugu. Gure segurtasuna gure beharrak asetuta izatearen araberako abaita; kalitatezko elikagaiak, etxebizitza duina, komunikabide propioak eta abar eskuratzearen araberakoa. Beste era batera esanda, gure segurtasunerako, indarkeria sistemikoa erabiltzen duen gizarte kapitalista, kolonialista eta patriarkala deuseztatu behar dugu.
Seguruago sentitzeko bidean, Galdakaoko Elkarlaguntza Sarean ziur gaude geure armetan inbertitu behar dugula. Horietako bat desobedientzia zibila da. Horregatik, gastu militarrari Eragozpen Fiskala egiteko kanpainarekin bat egitera animatzen zaitugu. Urte batzuk daramatzagu kanpaina honekin bat egiten, gure zergen zati bat kolektibo sozialetara desbideratzen. Herri indartsu bat eraikitzeko, garrantzitsua baita haien gerrak eta ordena finantzatzeari uko egin, eta baliabideak guri interesatzen zaigun lekuetan kokatzea.
“Gerrarik ez herrien artean, bakerik ez klaseen artean”
Zutabeak
Iritzia / Euskal Herriak behar duen hezkuntza aldarrikatzeko, M20an ikasleak kalera!

Ikama ikasle antolakundeak deituta, Hego Euskal Herriko ikasleak kalera aterako dira martxoaren 20an, Euskal Herrirako hezkuntza propio baten beharra aldarrikatuz.
Abenduan ezagutzera eman genuen Ikamaren proiektu politiko berria, Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa hain zuzen, eta, orain, papereko aldarriak kaleko oihu bihurtzeko eguna hurbiltzen ari gara.
Bi hilabete hauetan “Behar dugun hezkuntzarako, Independentzia” dinamikaren baitan lanean aritu gara, ikasleria borroka independentistara hurbiltzeko asmotan.
Izan ere, gaur gaurkoz Euskal Herriko hezkuntza sistemak espainiar eta frantziar estatuek inposatuak direla eta haien interesak betetzen dituztela salatu dugu.
Ikamatik diogunez, Euskal Herriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza lortu eta hezkuntza proiektu askatzailea eraikitzeko modua Euskal Hezkuntza Sistema Propioa erdiestea da, eta horretarako botere egitura nahikoa eskuratzeko Euskal Herriak independentzia behar du.
Hala ere, hezkuntza propio baten eta independentziaren alde egitea aldarri hutsetik haratago doala argi utzi nahi dugu; Euskal Herriak behar duen hezkuntza borrokatzeko mobilizatuko gara “Hezkuntza bat Euskal Herrirako” aldarripean.
Zapalkuntza ekonomiko, kultural eta politikorik gabeko hezkuntza bat izatea ezinbestekoa da, ikasketa prozesua baldintza duinetan egitea eskubide bat delako.
Aukera berdintasuna bermatzeko hezkuntza publikoa, doakoa eta ez-segregatzailea izan behar da eta baldintza material duinak eta kalitatezko zerbitzuak bermatu behar ditu.
Eta horretarako, ikaslea erdigunea izateko, ikasleen partaidetza aktiboa eta kontzientzia kritikoa sustatzea ezinbestekoa izango da.
Gainera, faxismoaren gorakadaren testuinguruan, borroka antifaxistak lehen lerroa hartu behar du, eta hori sistema kapitalista zisheteropatriarkala apurtzeko anbizioarekin lortzen da: euskal hezkuntza antikapitalista, feminista eta euskalduna izango da, sistemaren erreprodukzioa eten egingo duena.
Martxoaren 20an greba eguna izango dute ikasleek, eta Galdakaoko ikasleei ere Bilboko mobilizaziora joateko deia egiten diegu, 12:00tan Jesusen Bihotzetik hasiko dena.
Zutabeak
Iritzia / Azpikontratazioari ez!

Azpikontratazioa gero eta gehiago hedatzen ari den fenomeno orokorra da. Hainbat zerbitzu azpikontratatzen dira Basaurin, Galdakaon eta Hego Uribeko gainerako herrietan ere, hala nola, eraikinen garbiketa, bideen garbiketa, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua, kiroldegietako jarduerak eta baita osasun-arloko batzuk ere. Honekin batera, kontuan hartzekoa da praktika honek nola eragiten dien zerbitzu publikoen funtzionamenduari, langileei eta erabiltzaileei.
Instituzio publikoek, esaterako udalek, aldundiek edo Osakidetzak, hainbat sektoretako enpresa pribatuetara jotzen dute baliabideen optimizazio handiagoa eta eraginkortasunaren hobekuntza argudiatuz. Baina errealitatea oso bestelakoa da.
Izan ere, azpikontratatutako langileen egoeran murgiltzen garenean, lan – prekarietatea aurkitzeaz gain, prekarietate horrek zerbitzuaren kalitateari zuzenean eragiten diola ikus dezakegu.
Azpikontratatutako langileen borrokaren adibideak ugariak dira. Batetik, Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileen mobilizazioak 2020 eta 2023 artean; edo anbulantzia-zerbitzuarenak 2020 eta 2024 artean. Bestetik, kiroldegietako langileek grebara jo zuten iaz eta Basauriko eraikinen garbiketa-zerbitzuak borrokan dihardu momentu honetan.
Azpimarratzekoa da instituzio publikoek azpikontratazioen jarraipena egiteko betebeharra dutela, zerbitzuaren funtzionamendu egokia eta langileen lan- baldintzak bermatzeko. Baina ez dute egiten. Kontratatutako enpresari bakarrik egozten diote errua, beraien zuzeneko erantzukizuna hartu gabe. Horrela, politikari profesionalek eta enpresariek lan prekarietateari bidea errazten diote inpunitate osoz.
Kontratatutako enpresa horiek beren irabaziak handitzen saiatzen dira beti, lan- baldintzak okertuz: plantilla murriztuz eta langileei gehiegizko zamak jarriz, lanak egiteko behar den tresneria ukatuz, baita langileen osotasun fisikoa arriskuan jarriz ere. Ohikoak dira, era berean, nomina ez ordaintzea, edo ordaintzeko atzerapen jarraituak, hitzarmena ez aplikatzea, ibilgailuak ez mantentzea, lanpostu berean soldata-eskala desberdina izatea, etab. Baita lan- ezegonkortasuna ere, azpikontratatutako langile askok aldi baterako kontratuak edo aldizkako kontratu finkoak baitituzte; beste batzuk zigortuak edo kaleratuak izan dira antolaketa- edo sindikatu-arrazoiengatik. Hainbat instituzioei zerbitzuak ematen dizkieten sektore desberdinetako langileak eta, hala ere, azpikontratazioaren ondorio berberak jasaten dituztenak.
Hau guztia esanda, argi dago ezin dugula kasu bakoitza era indibidual batean hartu, baizik eta modu bateratu batean egin behar zaiola aurre. Azpikontratatutako langileen egoera prekarioak zuzenean eragiten dio ematen duten zerbitzuaren kalitateari. Guztion erantzukizuna da (langile eta erabiltzaileena) lan-baldintzen hobekuntzak defendatzea, aurrera eramaten diren borrokak babestea eta langile klasearen bizi-baldintzak argi eta garbi mehatxatzen duten azpikontraten hedapenari aurre egitea.
Horregatik, Hego Uribeko Laneko Autodefentsa Saretik, dei egiten diogu klase antolakuntza eta elkartasunari, guztiontzako kalitatezko lan-baldintza berdinen alde.
☉ Basauri
Iritzia / Mobilizatzeko arrazoiak ditugu oraindik

Basauriko Asanblada Feministatik, martxoaren 8an 13:00etan mobilizaziora deitzen dugu, “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak” lelopean.
Otsailaren 13an eta 14an, Basauriko Asanblada Feministak Marienean antolatutako hitzaldietan parte hartu genuen: “Dena aldatzera goaz! Feminismoa gaur: eztabaidak, alternatibak eta erresistentziak”. Bertan, gaur egun Mugimendu Feministarentzat funtsezkoak diren bi lan-ildo nagusiez hitz egin genuen: zaintza lanak eta indarkeria matxista. Bi gai hauek emakume* guztien bizitzak zeharkatzen dituzte eta sarritan uztartuta daude. Hori dela eta, berriz ere mahai gainean jarri eta elkarrekin hausnartu nahi izan genuen: zer egin dezakegu? Zaintzei dagokienez, mobilizazio eta greba prozesu luze batetik gatoz, eta horren mugarrietako bat 2023ko azaroaren 30ean deitutako Greba Orokor Feminista izan zen. Horren ondorioz, bai maila lokalean bai Euskal Herri mailan, hainbat batzar, mahai eta prozesu abiatu dira langileen lan-baldintzak hobetzeko eta ardura partekatuaren eta lanen banaketaren inguruko kontzientzia sortzeko. Historikoki ikusezina izan den gai bati fokua jarri zaio.
Indarkeria matxistari dagokionez, gaur egun arreta eta salaketa tresna ugari egon arren, ikusten dugu nola betikotzen eta forma berriak hartzen dituen. Hori dela eta, Mugimendu Feministarentzat ezinbestekoa da erantzun publiko bat ematea, salaketak egiteko moduak birpentsatzea eta, era berean, erakundeek arreta hobetzea eta beste eragile batzuek ere erantzunean parte hartzea. Azken finean, indarkeria matxistak gizarte osoa interpelatzen du eta ezin da soilik Mugimendu Feministaren agendan egon. Hori guztia kontuan hartuta, faxismoaren gorakadak bi gai horiek ere zeharkatzen ditu. Mugimendu Feministatik, faxismoari aurre egitea ezinbestekoa da ikuspegi intersekzionaletik eta fronte guztietatik. Azken urteotan, familia eredu tradizionalaren goratzea, emakumeen rol “tradizionalen” berreskuratzea, abortatzeko eskubidearen zalantzan jartzea, etxeko eta zaintza lanak emakume migratu eta arrazializatuek gehienetan bere gain hartzen dituzten lan prekario gisa mantentzea ikusten ari gara. Gainera, bizi-baldintzen orokorreko prekarizazioa nabaria da: etxebizitza, elikadura, zerbitzu publikoen falta, LGTBIQ* kolektiboaren kriminalizazio etengabea eta gorrotoa….
Kaleak berriro hartzeko arrazoiak soberan ditugu! Hori dela eta, martxoaren 8an 13:00etan Basauriko Azaroak 25 plazan gauzatuko dugun mobilizaziora deitzen zaituztegu. Eta, 18:00etan, Bilboko Mugimendu Feministaren deialdira batuko gara, Jesusen Bihotzetik abiatuta. Zatozte! Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! Gora borroka feminista!!
Iritziak
Iritzia / Erakundeen erantzunkizuna haurrak babesten
Haurren sexu-abusua ez da arazo isolatua, ezta urruna ere. Eta horren existentzia ukatzeak erasotzaileei bakarrik egiten die mesede. Prebentzioan, babesean eta justizian irmo jarduteko unea da

Getxoko Epaitegiak Europa ikastetxeko 4 urteko haurren kasua artxibatu izanaren berri izan dugu aste honetan. Horrek zera galdetzera garamatza: instantzia judizialak, polizialak… prest al daude haurren eskaerei erantzuteko? Benetan babesten al dira gure adingabeak horrelako indarkeria baten biktima direnean? Umeen aurkako sexu-abusuak ez dira fenomeno berria, baina orain dela gutxi kontzientzia hartzeari, ikerketei eta lekukotasuna ematera bultzatzen duten dinamikei esker konturatu gara horien benetako dimentsioaz.
Sexu askatasunaren aurkako delituei buruzko txostenak dioenez, 2023an Espainiako Estatuan 9.185 adingaberen biktimizazio egon ziren. Eta neurri handiagoan gertatzen dira adinekoekin alderatzen baditugu (Espainiako Barne Ministerioa, 2023).
Garrantzitsua da gogoraraztea datu horiek salatutako kasuei soilik dagozkiela. Kalkuluen arabera, haurren sexu-abusuen %15 baino ez dira iristen, estigma sozialagatik, zailtasun ekonomikoengatik, gehienetan erasotzailea familiarengandik hurbil dagoen pertsona bat delako edo, besterik gabe, prozesu judizialaren nekeagatik.
Gainera, legezko sisteman sartzen diren adingabeen aurkako sexu-indarkeriako kasuen %70, gutxi gorabehera, ez dira inoiz ahozko epaiketara iristen. Horixe izan da, hain zuzen ere, Getxoko neskatoen eta, besteak beste, Ugaoko adingabeen kasuek izan duten emaitza.
Funtsezkoa da ulertzea umeen aurkako sexu-abusuak ez dakarrela beti kontaktu fisikorik. Haur bat biluzik grabatzea edo eduki sexuala erakustea ere umeen aurkako indarkeria da. Ugaoren kasuan, Bilboko 6 zenbakiko Epaitegiak artxibatu egin zuen auzia, ustez 11-12 urteko haurrak udal aldageletan grabatu zituen gizon baten aurkako akusazioak babesteko froga nahikorik ez zegoela erabakita.
Kasua bi aldiz artxibatu zuten, hori gertatu zen, nahiz eta 11 pertsonaren testigantzak izan eta hilabete batzuk lehenago eskola-futboleko entrenatzaile batek gizon bera identifikatu, herriko jokalari kimuak grabatzen. Hala ere, epaitegiak ebatzi zuen ez zegoela froga nahikorik kasuarekin jarraitzeko. Horren aurrean familiek beren ezinegona adierazi zuten, eta akusatuaren etxebizitza eta gailu elektronikoak ere ez zirela erregistratu adierazi zuten. Paradoxikoki, ametako bat izan zen ustezko erasotzaileak inputatu zuena, eta kasu horretan bai heldu ziren ahozko epaiketara, baina azkenean emakumea absolbitu egin zuten.
Getxoko Europa ikastetxeko 4 urteko nesken kasuan, familiek adierazi dute epaitegiak ez zuela funtsezko frogarik onartu, hala nola Gurutzetako Ospitaleko pediatrek adingabeei arreta eman zietenek egindako adierazpenak, eta guraso batzuenak. Era berean, Espektro Autistaren Sindromea duen haur bati ez zitzaion aldez aurretik eratutako froga egin, eta amari ez zitzaion aukera eman berak aitorpena emateko; horrek urratu egiten du beste pertsona batzuen bidez hitz egiteko duen oinarrizko eskubidea. Eta ebidentziak ebidentzia, txosten medikoak eduki eta hainbat umek gizon bera seinalatu izan arren, kasu honetan ere epaileak kasua artxibatzea erabaki zuen momentuz.
Gaur egungo beste adibide bat Lea-Artibai eskualdean da, Bizkaiko Foru Aldundiaren haurren zerbitzu psikologikoak ohartarazi baitzuen bazeudela 5 urteko neskato bati egindako abusu posibleen adierazleak. Gernikako epaitegietan epaiketa azkar bat egin ondoren, gurasoek zaintza partekatuaren bisitekin jarraitzea erabaki dute.
Eraginpeko familiak bat datoz esatean sistema judiziala ez dagoela haurrei arreta emateko egokituta, eta diagnostiko hori bat dator hainbat azterlanekin. Bereziki, Save the Children-en (2023) arabera, prozesu judizialak luzeegiak dira, eta adingabeek hainbat aldiz deklaratu behar dute, kasu batzuetan hiru edo lau aldiz epaiketa baino lehen. Kasuen %24,9an bakarrik erabiltzen da aurrez eratutako froga, testigantza grabatzeko aukera ematen duena, berriz biktimizatzea saihesteko.
Gainera, parte hartzen duten profesionalak ez daude beti sentsibilizatuta edo gaituta kalteberatasun egoeran dauden adingabeekin tratatzeko. Protokolo egokien eta laguntza psikologikoaren ordez, prozesu judizial luzeak, testigantzen sinesgarritasunerako oztopoak eta etorkizuneko salaketak eragotzi ditzakeen babesgabetasun sentsazioa aurkitzen dituzte. Horrek are larriagoa egiten du abusuak biktimengan duen eragina (Haur eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal estrategia, 2022-2025).
Horren guztiaren aurrean, premiazkotzat jotzen dugu eremu judizialean adingabeak babesteko oinarrizko printzipioak ezartzen dituzten erkidegoko, nazioko eta nazioarteko araudiak kontuan hartzea, hala nola birbiktimizazioa saihestea, elkarrizketak ahalik eta gehien murriztea, elkarrizketa horiek profesional gaituek egiten dituztela ziurtatzea, froga gisa erabiltzeko grabatzea eta prozesuan biktimak akusatuarekin zuzeneko harremanik ez duela bermatzea.
Azken batean, adingabeak babesteko ardura dutenek ez dute beti lortzen behar duten babesa eta laguntza ematea, eta familiak ziurgabetasun eta etsipen egoeran uzten dituzte. Haur eta nerabeen ahotsak ez dira beti entzuten eta haien testigantzak askotan ez dira aintzat hartzen…
Funtsezkoa da gure erakundeak hobetzea eta errealitate horietara egokitzea. Salaketa judizialak, zigor funtzioa betetzeaz gain, erasotzaileak identifikatzea eta kasu berriak prebenitzea ere ahalbidetzen du. Baina haurren babesa ez da eremu judizialean amaitzen. Oraindik asko dago egiteko beste espazio sozial batzuetan, adibidez, haurren hipersexualizazioaren aurkako borrokan ikus-entzunezkoen industrian, komunikabideetan, modan…
Haurren sexu-abusua ez da arazo isolatua, ezta urruna ere. Eta horren existentzia ukatzeak erasotzaileei bakarrik egiten die mesede. Prebentzioan, babesean eta justizian irmo jarduteko unea da.
Oihane Artxetxe UPV/EHUko ikertzailea
Jennifer Osorio Haurtzaroan eta nerabezaroan aditua den gizarte hezitzailea