Sareak

☉ Basauri

Psikologoak jarriko ditu Osakidetzak Basauri-Kareagako anbulatorioan, Lehen Mailako Arretan

Osakidetzaren proiektu pilotua da eta Kareagako osasun zentroaz gain, osasun-psikologoak jarriko dituzte EAEko beste 12 anbulatoriotan

|

Besteak beste, Kareagako osasun zentroan jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak osasun-psikologoaren proiektu pilotua // Artxioboko irudia, Geuria

Lehen Mailako Arretako osasun zentroetan psikologoak jartzeko urratsa eman du Eusko Jaurlaritzak.

Proiektu pilotua izango da eta, hasteko, EAEko 13 osasun zentrotan garatuko dute. Besteak beste, Kareagako anbulatorioan, Basaurin.

Neurri horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Lehen Mailako Arretatik arreta emozionalaren irisgarritasuna hobetu nahi du.

“Lehen Mailako Arretan figura berri hori sortzeak aukera emango du pertsonei arreta arinagoa eta hurbilagoa emateko, haien ongizate emozionalean laguntzeko antsietatea, depresioa edo insomnioa bezalako arazoetan”, diote.

Osaun Sailetik adierazi dutenez, herritarrengandik hurbilen dauden baliabideak hartuko ditu, “pertsonen ongizate emozionalean laguntzeko eta osasun mentaleko nahasmendu larriagoak prebenitzen saiatzeko”.

Figura berria: osasun-psikologoa

Osakidetzan dagoeneko psikologoek lan egiten dute, ospitaleetan eta ospitalez kanpoko osasun mentaleko sarean. Hala ere, proiektu pilotu honen berritasuna da Lehen Mailako Arretako pazienteak artatzea.

“Lehen Mailako Arretan sartuko diren psikologoek eguneroko bizitzan eragina duten nahasmendu arinak edo ondoeza emozionalak artatuko dituzte, besteak beste, antsietatea, depresioa edo insomnioa, eta talde-interbentzio bidez artatuko dituzte, non arazo horiei aurre egin ahal izateko trebetasunak landuko diren”, diote.

Kareagako osasun zentroan proiektu pilotua garatzearekin batera, EAEko beste 12 anbulatorio hauetan jarriko dituzte psikologioak Lehen Arretan: Buenavista eta Repelega Portugaleten, Otxoarkoagan, Txurdinagan, Santutxu-Solokoetxen eta Gernikaldea, Bizkaian; Altzan, Pasai San Pedron, Beasainen, Irun-Dunboan, Gipuzkoan; eta Lakuabizkarran eta Salburuan, Araban.

☉ Basauri

Bideoa | Izaro abeslariaren ‘Libre’ kantatu dute Basaurin, A25aren testuinguruan

|

Indarkeria matxistaren aurka ekitaldia antolatu dute gaur Basaurin, Azaroak 25 plazan [hemen argazkiak]. Eta ekitaldian, besteak beste, Izaro Andresen ‘Libre’ abestia kantatu dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak | Indarkeria matxistak isilarazi dituen emakumeak oroitu dituzte gaur Basaurin

|

Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna da azaroaren 25ean eta Basaurin hainbat jarduera antolatu dituzte. Gaur, azaroak 22, adibidez, indarkeria matxistak isilarazi dituen emakumeak oroitzeko ekitaldia antolatu dute Azaroak 25 plazan.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko bazkariko babarrun platerean zizare bat aurkitu dutela salatu dute

Egun horretan dozenaka ikasle bazkaldu gabe geratu zirela ere salatu du Guraso Elkarteak. Ikastetxeak azalpenak eta erantzukizunak eskatu dizkio Eurest enpresari, baita Hezkuntza Sailari ere

|

Basozelai-Gaztelu ikastetxeko jantokia // Basozelai-Gaztelu ikastetxea

Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko Guraso Elkarteak komunikatu bidez salatu duenez, bazkariko plater batean zizare bat aurki zuen ikasle batek. Gertaerak astearte honetan, azaroaren 18an, jazo ziren: “Egun horretan jantoki-zerbitzua normaltasunez eman zen ikasle batek bere babarrun platerean zizare bat aurkitu zuen arte”, adierazi dute.

“Horrek arriskuan jartzen du gure seme-alaben osasuna, eta Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako Eurest catering enpresak eskaintzen duen zerbitzu ez-eraginkorraren beste adibide garbia da”, salatu dute.

Egun horretan dozenaka ikasle bazkaldu gabe geratu zirela ere salatu du Guraso Elkarteak: “Egun horretan dozenaka ikaslek ezin izan zuten behar bezala elikatu, eta horrez gain, litekeena da elikadura-infekzioa edota intoxikazioa izatea. Eta hori, onartezina da”, diote.

Guraso Elkartetik adierazi dutenez, ikastetxeak “zuhurki” jardun zuen eta zerbitzatutako indaba platerak kendu zituen. Gainera, bigarren txandan ez zizkieten indabak zerbitzatu ikasleei. “Catering zerbitzu berri bat ere eskatu zuen ikastetxeak, baina menu bera zenez, ez eskaintzea erabaki zuen”, zehaztu dute.

Ikastetxeak gertakari horren berri eman eta azalpenak eta erantzukizunak eskatu zizkion egun horretan bertan Eurest enpresari, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ere; “hala ere oraindik ez dute azalpenik jaso”, deitoratu dute.

“Nahiz eta ikastetxeak gertakari horren berri eman duen dagozkien bideetatik, IGE gisa gure betebeharra da berriro ere eskola-jantokien eredu honekin buka dadila eskatzea, berriz ere frogatu denez, eredu hori ez baita eraginkorra”, diote. Guraso Elkartetik salatu dutenez, ikasleek egunero jasotzen duten menua “ez da osasungarria”: “Kalitate baxukoa da eta kantitate eskasekoa”, diote.

Ildo horretan, eskola-jantokien eredua “benetan aldatzea” eskatu dute: “Gure haurren osasunak eta hezkuntzak merezi duten bezala zaintzeko neurriak hartzea aldarrikatzen jarraituko dugu”.

Eskola-sukaldearen proiektua ez dago martxan

Joan den ekainean, Eusko Jaurlaritzak Basaurin eskola-sukalde bat martxan jarriko zuela adierazi zuen Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak.

Zerbitzua aurtengo ikasturtean martxan egotea aurreikusi zuten, baina ez da hala izan, eta hezkuntza zentro bakoitza orain arteko cateringekin jarraitzen du.

Guraso elkarteen aldarrikapen historikoari Jaurlaritzak heldu zionean begi onez ikusi zuten herriko gurasoek. Baina ikasturtea hasi eta betiko martxan jarraitzen duela ikusi dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauri osoa eremu tentsionatu izendatzeko eskaera egingo dio Udalak Eusko Jaurlaritzari

Alokairu eskuragarriko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitoki berrien sustapenean arreta berezia jarri nahi du udal gobernuak

|

Pozokoetxe auzoa // Geuria

Basauriko udalerri osoa Bizitegi Merkatu Tentsionatuko Eremu (BMTE) izendatzeko eskaera egingo dio Udalak Eusko Jaurlaritzari.

Udalak Basauriko etxebizitzaren egoeraren azterketa egin du aurten, eta horren arabera “desorekak” antzeman dituzte etxebizitza parkean.

Horren ondorioz, alokairu eskuragarriko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitoki berrien (aldi baterako alokairu baxuko etxebizitzak) sustapenean arreta berezia jarri nahi du udal gobernuak.

“Gure udalerriak gainditzen du alokairuko etxebizitza ordaintzeko behar den ahaleginaren % 30eko maila, % 30,8ra iristen baita. Ondorioz, alokairu-prezioak geldiarazteko eta etxebizitza ordaintzeko egin behar den gehiegizko ahalegin ekonomikoa txikitzeko, ezinbestekotzat jotzen da udalerria tentsio-eremu izendatzeak dakartzan onurei heldu ahal izatea”, dio Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak.

Lau jarduerako plana

Etxebizitzaren inguruan dauden desorekak zuzentzeko, neurri espezifikoen plana egingo du Basauriko Udalak.

Eta planak lau jarduera-ardatz ditu: etxebizitza eskuragarria sustatzea; bizitegi-eraikinen parkea kudeatzea eta hiri-berroneratzea; prestazioen sistema, alokairu-laguntzak eta kolektibo zaurgarriak babestea; eta, erakundeen arteko koordinazioa, herritarrei informazioa ematea eta planaren jarraipena egitea.

Etxebizitza eskuragarria sustatzeari dagokionez, 2026-2029 aldian, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremua indarrean egongo den urteetan, udal gobernuak aurreikusi du 362 etxebizitza —% 73 babes publikokoak— eta 42 zuzkidura-bizitoki eraikitzen hastea Azbarren auzoan, Eusko Jaurlaritzak koordinatuta. “Aldi horretan, etxebizitza-eskaintza osoaren % 46, gutxienez, alokairura bideratuko da”, zehaztu du Goikoetxeak.

Horrez gain, alokairurako laguntza-programak sustatzen jarraituko du Udalak. Horiek dira: Bizigune eta Asap. “Gaur egun, Basaurik 52 etxebizitza ditu Asap programan eta 207 Bizigunen. Alokairu-merkatura bideratutako etxebizitza-kopuru handia da konparatuz gero beste udalerri batzuetan —hiriburuak barne— mobilizatutako etxebizitzekin”, dio Goikoetxeak.

Bizitegi-eraikinen parkeari eta hiri-berroneratzeari buruzko ardatzean, Basauriko Udalak dirulaguntzak ematen ditu udalerriko eraikin eta etxebizitzetan energia-efizientzia, irisgarritasuna eta birgaitzea sustatzeko. Ardatz horretan, planak planteatzen du etxebizitza turistikoak monitorizatzeko aukera, “bizitegi-erabilerako etxebizitzen kopurua murrizten dutelako”, dio zinegotziak.

Gazteen emantzipazioa

Planaren hirugarren ardatzaren helburua da Basauriko gazteei emantzipatzen laguntzen jarraitzea, “etxebizitza alokatzeko eta erosteko laguntzen baliabideak hobetuta, baita baliabide gutxien dituzten pertsonei eta familiei alokairua ordaintzeko ahalegina arintzen laguntzea ere”.

“Horretarako, planak proposatzen duen ekintzetako bat da Gaztelagun programa sustatzea, alokairurako laguntza ekonomiko bat emanez emantzipatu nahi duten gazteei. Gaur egun, laguntza hori jasotzen dute alokairu libreko etxebizitzetan bizi diren 188 gaztek”, dio Goikoetxeak.

“Ekintza-multzo horretako beste puntuetako bat da Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzaren laguntzen gaineko jarraipena eta informazioa, Emantzipa programaren bidez. Kasu horretan, Bidebik denbora luzea darama Basauriko gazteei programa horien bien gaineko informazioa eta orientazioa ematen. Bestalde, Basauriko Udalak gazteentzako informazio-saioak ere egin ditu, emantzipazio-prozesuari eta laguntzei buruzko”, dio.

Lokalak, etxebizitza

Bestetik, etxebizitza pribatua mobilizatzeko eta alokairu soziala sustatzeko neurri fiskalak hartu ditu Basauriko Udalak. “Hori planak bete beharreko beste helburuetako bat da. Izan ere, 2026ko urtarrilaren 1ean, neurri-sorta berriak sartuko dira indarrean. Neurri horiek konbinatuko dituzte % 99ko hobaria Biziguneko eta Asap programetako etxebizitzei (lehen % 50ekoa zen) eta % 150eko errekargua hutsik dauden etxebizitzei“, dio Hirigintza arloko zinegotziak.

Era berean, planak dio udalerriak ordenantza bat izan behar duela lokalak etxebizitza bihurtzea arautzeko, eta Basauriko Udalak dagoeneko badu horrelako ordenantza bat, 2021ean onartua. Udal-arduradunek azaldu dutenez, ordenantza hori eguneratzeko eta malgutzeko prozesua hasi dute, “mota honetako etxebizitzen kopurua handitzeko”.

Basauriko Udalak planaren jarraipena egin nahi du urtero, lehen hiruhilekoan. Asmoa dute txostenak egiteko eta herritarrentzako informazio-zerbitzuak indartzea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Itziar Ituño Basauriko Antzerki Eskolaz aritu da Argentinako telebista saio entzutetsu batean

‘Almorzando con Juana’ saioko elkarrizketan ere Iñaki Garcia Basauriko Antzerki Eskolako irakaslea -eta Kareagako auzotarra ere- aipatu zuen Itziar Ituñok

|

Itziar Ituño, 'Almorzando con Juana' telebista saioan // Argazkia: El Trece

Itziar Ituño aktore basauriarra Argentinan egon da azken egunetan, ‘Pensamiento lateral’ film argentinarraren aurkezpenean.

Mar del Platako Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu da thriller psikologiko hori, eta 2026ko martxoan estreinatuko dute Argentinako zinema aretoetan.

Ituño protagonista nagusia da filmean eta horregatik zenbait telebista-saioetan izan da pelikula promozionatzen.

Horien artean, El Trece kateko (Argentinan bigarren audientzia-maila altuenak dituen telebista katea) ‘Almorzando con Juana’ saioan izan zen Ituño joan den igandean, azaroaren 16an.

‘Almorzando con Juana’ saioan Ituñorekin batera egon ziren gonbidatuak // El Trece

Elkarrizketan zehar, aktoreak Basauriko Antzerki Eskola aipatu zuen, Juana Viale aurkezleak interpretazio munduan bere hastapenei buruz galdegin zioenean.

“Amak eta aitak asko eramaten ninduten txikitan zinemara eta antzerkira. Oso lotsatia nintzen, baina aldi berean nire ametsak nituen: aktore izatea. Eta batxilergoan kartel bat ikusi nuen, Basauriko Antzerki Eskolan matrikulatzeko epea zabalik zegoela zioena. Ni Basaurin bizi naiz eta bi lagun engainatu nituen nirekin eskolara etortzeko; haiek ez ziren itzuli, baina nik jarraitu egin nuen”, esan zuen Ituñok.

Bere beldurrei aurre egiteko “shock-terapia” bat izan zela eta “pixkanaka nigan konfiantza hartzen” hasi zela aitortu zuen aktore basauriarrak.

“Hala ere, Eskolako irakasle batek esan zidan ez nuela horretarako balio nik 14-15 urte nituenean. Behera etorri nintzen”, esan zuen Ituñok.

Orduan, Iñaki Garcia irakaslea aipatu zuen basauriarrak: “Jarraitzeko esan zidan. Eta, unibertsitatean nengoela —Soziologia ikasten ari zen— Iñakirekin egin nuen berriro topo, eta Eskolara berriro joatera bultzatu ninduen”.

Elkarrizketak bazkaltzen dauden bitartean egiten dituzte // El Trece

“Iñaki gainera nire auzokoa zen eta irakasle zoragarria. Izugarri maite dut, mundu honetan bideratu nauelako”, adierazi zuen Ituñok.

“Antzerki-mugimendu handia”

“Antzerki-konpainia bat zuen Iñakik: Tarima. Basaurin antzerki-mugimendu handia zegoen, baina Eskola itxi ziguten. Izugarria izan zen”, esan zuen Ituñok.

Aurkezleak, orduan, Eskola zergatik itxi zuten galdetu zion Ituñori, eta Ituñok zera erantzun: “Eskola gobernatu nahi zuen Udalaren eta dena bakarrik eratu zuen antzerki-konpainiaren arteko borroka izan zen. Erakundeak guztiaren jabe egin nahi zuen pixka bat, orduan gatazka sortu zen eta azkenean Eskola itxi egin zen. Pena handia izan zen, Eskola ona zelako. Nik han ikasi nuen dena”.

Duela zazpi urte GEURIAk ‘Berba eta irudia’ monografikoa kaleratu zuen [hemen PDFa osorik irakurgai], eta besteak bestek, Itziar Ituño [hemen elkarrizketa] eta Iñaki Garcia [hemen elkarrizketa] elkarrizketatu genituen. Urte hartan, 2018an, ‘Eduki onenari saria’ jaso zuen GEURIAk Tokikom Kazetaritza Sarietan ‘Berba eta irudia’ monografikoa lanarengatik.

Osorik irakurri