Sareak

☉ Arrigorriaga

Ollargan, Santa Isabel eta Olatxu auzoak omendu dituen horma irudia egin du Aztarnak-ek Arrigorriagan

“Oso polita litzateke Arrigorriagan margotutako bazterren ibilbide historikoak egitea egunen batean. Herriko historia beste modu batean ezagutzeko aukera izango litzateke”, azaldu dute Aztarnak-etik

|

Iñigo eta Andoni, Abusuko lanaren aurrean // Geuria

Aztarnak Muralismoko Andoni Ortizek (Ugao, 1987) eta Iñigo Modregok (Arrigorriaga, 1991) Abusuko Ollargan, Santa Isabel eta Olatxu auzoak omendu dituzte antzinako argazkiak eta margolanak uztartzen dituen horma irudi erraldoi batekin, Abusuko Zentro Soziokulturalaren atzekaldean.

Arrigorriagako Udalak egindako enkargu honetan Ollargango Auzo Elkarteak gordetako irudi historikoak ageri dira eta Aztarnak Muralismoko kideek grafitien bidez integratu dituzte irudiak RENFEko zubiaren egituraren oinarrian dagoen horman.

Argazkiak biniloetan muntatu eta horman itsatsi dituzte. Hortik abiatuta egin dituzte margolanak Iñigok eta Andonik: “Auzoetako jendea, edadekoa bereziki, horma irudiaren aurrean gelditzen da, lanari begira eta lekuak eta pertsonak identifikatzen”, azaldu du Andonik.

Eta horrela da: Iñigo eta Andonirekin proiektuaren inguruan berba egiten egon garenean RENFEko langileak igaro dira horma irudiaren aurretik, eta Ollarganeko trena agertzen den lanaren aurrean argazki bat egin dute, harrituta.

Andoni Ortiz: “Auzoetako jendea, edadekoa bereziki, horma irudiaren aurrean gelditzen da, lanari begira, lanari begira eta lekuak eta pertsonak identifikatzen”

Aztarnak Muralismoko kide bientzat proiektu berezia izan da honako hau, Santa Isabel auzokoak direlako Ortiz eta Modrego. Horregatik egin dugu argazkia beren auzoko irudiaren aurrean:

Andoni eta Iñigo, Santa Isabeleko irudiaren aurrean // Geuria

Egun biko lana izan dute margolariek argazkiak grafitien bidez horman integratzeko, euriaren mehatxupean: “Hasiera batean argazki soilak ipini gura zituen Udalak proiektu honetan, baina ideia horrek gris samar uzten zuen horma. Horregatik, kolorearekin jarraipena duten auzoko elementuak gehitu ditugu argazkietan”, azaldu du Modregok. “Antzinako irudiak izatean, bereizmen aldetik erronka handia izan da guretzat jatorriz tamaina txikiko irudi horiek metro biko irudi bilakatzeko”.

Iñigo Modrego: “Kolorearekin jarraipena duten auzoko elementuak gehitu ditugu argazkietan”

Iazko azken egunetan lau horma-irudi egiteko enkargua jaso zuten Aztarnak Muralismoko kideek Arrigorriagako Udalaren partetik: Lanbarketako tunelean, trenbide azpiko oinezkoen tunelean, Lamiaena emakumeen etxe ondoko igogailuaren fatxadan eta Aixarte tunelean. Horiez gain, bestelako artelanak egin dituzte Arrigorriagako artistek udal kiroldegian, Abusuko RENFEko karga-horman…

“Udalerrian egindako lan guztiek Arrigorriagako bazterren historiak kontatzen dituzte”, azaldu du Andonik. “Oso polita litzateke bazter horien ibilbide historikoak egitea egunen batean. Arrigorriagako historia beste modu batean ezagutzeko aukera izango litzateke, zalantza barik”.

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagan hasitako drogaren kontrako operazio batean 58 kilo kokaina atzeman ditu Espainiako Guardia Zibilak

Ikerketa iaz abiarazi zuten, Arrigorriagako AP-68ko ordainlekuan 58 kilo kokaina atzeman zituztenean kontrol batean

|

Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak atzemandako kokaina kopurua // Guardia Zibila

Espainiako Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak kokaina kopuru handiak garraiatzen zituen talde bat desegin dute.

Ikerketa iaz abiarazi zuten, Arrigorriagako AP-68ko ordainlekuan 58 kilo kokaina atzeman zituztenean kontrol baten ostean. Agenteek dozenaka pakete aurkitu zituzten ibilgailu baten atzealde bikoitzean ezkutatuta.

Polizia operazio honetan hiru pertsona atxilotu dituzte, Asturiaskoak. Droga-trafikoa eta erakunde kriminaleko kide izatea leporatu diete.

Beharrezko izapideak egin ondoren, atxilotuak Santoñako Guardiako Epaitegiaren esku utzi dituzte. Epaileak atxilotuetako bat espetxeratzeko agindua eman du, eta beste biei kautelazko neurriak ezarri dizkiete. Ikerketa oraindik ez dute itxi.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Boogie Riders, Uda eta Chuleria Joder! taldeek Arrigorriagako ‘Vispera del Cambio de Hora Fest’ jaialdian hartuko dute parte

Jaialdia Arrigorriagako Gaztetxean antolatu urriaren 24an, 21:30ean

|

Boogie Riders arrigorriagarrak // Boogie Riders

Neguko ordutegira salto egin baino lehen, Arrigorriagako Soinuarri elkarteak ‘Vispera del Cambio de Hora Fest’ izeneko jaialdia antolatu du Arrigorriagako Gaztetxean, urriaren 24an.

Boogie Riders, Uda eta Chuleria Joder! taldeek kontzertuak eskainiko dituzte bertan. “Soinuarrilari, entzun! 24AN Txispun!”, iragarri dute elkartekoek. “Bueltan gara eta denboraldia hasteko urriaren 24an ‘Uda’, ‘Chuleria, Joder!’, eta ‘Boogie Riders’ taldeak Arrigorriagako Gaztetxeko oholtzara gonbidatu ditugu”.

Uda, Anderrek, Ibaik, Gaizkak eta Unaxek, osatzen dute eta Bizkaitik euskaraz abestutako Punk “freshkoa” dakartzate. Momentura arte hiru lan kaleratu dituzte: ‘Badatoz ez direnak joan’, ‘Ekaitza’ eta Uda’.

Chuleria, Joder! duela urte batzuk beste musika-proiektu batzuetan aritutako musikariek osatutako banda da. Taldeak estudioko lehen diskoa grabatu berri du Haritz Harreguy soinu teknikariaren gidaritzapean, eta lana ‘La Urbe’ izenpean argitaratu da. Punk-rock estiloko euskaraz eta gaztelaniaz abestutako abestiak sortzen dituzte. Antxon, Miryam, Alda eta Iratxe dira taldeko kideek osatzen dute.

Boogie Riders eskarmentu handiko arrigorriagako ‘power trioa’ da. “A bluesrock n’ roll soul band from Red Stone Valley”, Horrelaxe definitzen du bandak bere burua. Momentura arte ‘Highway Dagger‘ (2014) eta  ‘Catch the wind’ albumak (2022) eta ‘Who’s gonna save your soul’ (2025) abestia kaleratu dituzte. Bidean geldialdi bi izan ditu bandak baina joan den uztailean iragarri zuten entsegu lokalean jo eta su ari zirela eta hirugarren album bat bidean dagoela.

Kontzertuak 21:30ean hasiko dira eta sarrerak 3 euroan daude salgai.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Gure Magalean Mendi Taldeak irteera egingo du Garrastatxuko inguruetara

Izena emateko epea urriaren 9ra bitartean zabaldu dute mendi taldekoek

|

Garrastatxuko inguruak // Jon Goikouria Larrabeiti

Urriaren 12an ibilbidea egingo dute Gure Magalean Mendi Taldekoek Garrastatxuko inguruetatik (Araba). Izena emateko epea urriaren 9ra bitartean zabaldu dute mendi taldekoek.

Garrastatxu, behin ikusiz gero ahantzi inoiz ez. Gorbeiako Parke Naturalaren barruan, Andere Maria Errukiñeren baseliza bertan nagusi, inguru alde eder-ederrean, ikuspegia ere halakoxea.

Amurriotik hamabost minutura, beribilez, Baranbion, eta handik hara ibilteko bideak nahi beste. Baseliza ondoan larrain zelai bat, aire zabalean mahaiak, jarlekuak, sutokiak… eta asteburu-jaiegunetan taberna zabalik: Garrastatxuko txosna.

Garrastatxutik ibilbide ugari irteten dira Gorbeiara.

Izen emateak Gure Magalean Guraso Elkartearen webgunean edo info@guremagalean.eus helbide elektronikora idatziz egin daitezke.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Padurako mendizaleek egun osoko irteera egingo dute Gorbeialdera

Arrigorriagako mendizaleak Muruako harrobiak, Gorbeiako gurutzea, Arraba, Itzina, Atxulo, Pagomakurre eta Bikotzganetik igaroko dira

|

Zaldiak, Gorbeian // gorbeiaeuskadi.com

Padura Mendi Taldeak Gorbeialdera antolatu du hurrengo egun osoko mendi-irteera. Hitzordua urriaren 26an izango da eta izen emateak urriaren 22ra bitartean zabaldu dituzte.

Arrigorriagako mendizaleak Muruako harrobiak, Gorbeiako gurutzea, Arraba, Itzina, Atxulo, Pagomakurre eta Bikotzganetik igaroko dira.

Irteera 07:30ean egingo dute Arrigorriagako osasun zentrotik abiatuko den autobus batean. Itzulera 17:00etan aurreikusi dute, “berandu lez”.

Hitzordua urriaren 26an izango da eta izen emateak urriaren 22ra bitartean zabaldu dituzte

Gorbeia mendia da Gorbeiako zerumuga definitzen duen gaina. Gailurretik, 1.481 metroko altueran, bista panoramikoak ikusgarriak dira eta bidean animaliak ikusteko aukera ematen du Gorbeia parke naturalak.

Han, Gorbeiako Gurutzea aurkituko duzu, euskal mendizaletasunaren erreferentzia puntua eta Euskadiren ikurra. 17 metro pasatxoko eraikina da eta Eiffel dorrea gogorarazten duen egitura da.

Itzinako biotopoa // gorbeiaeuskadi.com

Itzinako biotopoa

Beste mendi enblematikoetako bat, bere balio historikoagatik eta aniztasun naturalagatik, Itzinako mendigunea da. Katilu forma du, eta barrualdea labirinto harrigarri bat da, euskal mitologiako leize eta elezaharrez zipriztindua.

Itzinako mendigunea, airetik ikusita, ingurutik altxatzen den goi-lautada harritsu ikusgarria da, 1.000 metrorainoko altuera duten hormen gailur batez inguratua, barrualde hustua babestuz. Duela 110 milioi urte inguru itsaso bero eta ez oso sakonetan hazi ziren koralezko arrezifeak dira mendigunea osatzen duten kareharrien jatorria. Haitzak iragaztean pitzatzen dituzten euriak dira lurpeko kobazulo erraldoien erantzule; bertan, lurrazpian, estalaktita eta estalagmita ugari daude.

Barrualdean, harri-labirinto itzel bat leku malkartsuenetan hazten diren pagoekin nahasten da. Pago horiek baso txikiak osatzen dituzte, eta salamandrak, igel gorriak, muxar grisak eta azeriak babesten dituzte. Haitzetan harkaitz-sugandilak, sai zuriak, belatzak, belatxingak eta kobazulo eta zuloetan saguzarrak bizi dira.

Itzina babestutako ekosistema naturala da, eta katalogatutako 175 goroldio- eta hepatika-espezie biltzen ditu

Itzina babestutako ekosistema naturala da, eta katalogatutako 175 goroldio- eta hepatika-espezie biltzen ditu. Ikaztegien eta artzainen txabolen hondarrak, historiaurreko aztarnategien ondoan, dira gizakiaren lanaren lekuko. Elurtegi baten hondakinak ere badaude bertan; aurreko mendearen erdialdera arte Orozko izotzez hornitzen zen bertatik. Izotza, elikagaiak kontserbatzeko erabiltzen zuten.

Itzinan Supelegor leize ikusgarria dago, Mari euskal mitologiako jainkosaren bizilekuetako bat. Kondairen arabera, Marik ekaitzak leherrarazten ditu suzko suge itxura duen bere senar Sugaarrekin lur azpian elkartzen denean.

Osorik irakurri

☉ Arrigorriaga

Arrigorriagako Garrikoko Aitzol Portugalek eta Itxaso Hernandezek urrezko domina irabazi dute Iruñeako Nazioarteko Openean

Emaitza hauen ondorioz, Arrigorriagako Garriko Taekwondo Taldeak hirugarren postua eskuratu du taldekako sailkapen nagusian

|

Borroka modalitateko kirolariak // Garriko Taekwondo Taldea

Joan den asteburuan Iruñeako Nazioarteko Opena antolatu zuten Nafarroan eta bertan Arrigorriagako 16 kirolarik hartu zuten parte.

Borroka modalitatean Arrigorriagako klubeko Aitzol Portugalek irabazi zuen urrezko domina. Gainera, brontzezko hiru domina eskuratu zituzten klubeko Markel Garciak, Iago Garciak eta Paule Sagredok.

Teknikan urrezko domina eskuratu zuen Itxaso Hernandez borrokalariak; Iñigo Pereirak zilarrezko domina ba lortu zuen eta beste bat Ariane Martinezek, Itxaso Hernandezek eta Irati Veladak osatutako hirukoteak; Brontzezko dominak ere irabazi zituzten Ariane Martinezek, Elaia Garciak eta Iñigo Pereirak eta Elaia Garciak osatutako bikoteak.

Teknika modalitateko kirolariak // Garriko Taekwondo Taldea

“Emaitza hauen ondorioz, Garriko Taekwondo Taldea hirugarren postuan geratu zen taldekako sailkapen nagusian”, azaldu dute Arrigorriagako klubetik.

Osorik irakurri