☉ Basauri
3.000 biztanle galtzen ditu Basaurik hamakarda bakoitzeko, batez beste
Urtetik urtera, 300 bat herritar galtzen ditu Basaurik. 1986. urtetik mantendu den joera da. Orduan, 51.931 biztanle hartu zituen herriak; egun, 40.983 ditu

Urtetik urtera, 300 bat herritar galtzen ditu Basaurik. 1986. urtetik mantendu den joera da. Orduan, 51.931 biztanle hartu zituen herriak; egun, 40.983 ditu
Hego Uriben bi dira urtetik urtera biztanlerian gorabeherak izaten dituzten herriak: batetik Basauri eta bestetik Etxebarri. Azken honek gero eta herritar gehiago hartzen ditu lur eremu berrietan etxebizitzak eraiki baititu, eta horrela jende gaztea erakarri. Politika bera darama Basaurik, baina historikoki herri bakoitzaren ibilbidea oso desberdina izan da: Etxebarri txikitik ertainera badoa, Basauri erraldoitik handira ari da jaisten.
Datuak irakurtzea besterik ez dago interpretazioa egiteko: 1986an ia 52.000 biztanle zituen Basaurik; 30 urte geroago, 41.000 inguru. Zenbaitzuen buruan alarma gorria piztu dezakete zenbakiok, baina herrien ibilbide historikoak eta datu demografikoek arrazoiak azalarazten dituzte: batetik, 1940an 12.000 herritar bizi ziren Basaurin, baina La Basconia lantegia buru izan zuen industrializazioaren eraginez 1980an 52.000 biztanle izatera heldu zen. Bestetik, azken hogeita hamar urteetan beherakada etorri da. Horren arrazoietako bat zera da, orduan langileak izan zirenak egun zahartzarora helduta daudela. Datu adierazgarria da, gaur egun, 65 urtetik gorako adin-tartean 10.000 bat biztanle dituela Basaurik, hau da, herritar guztien laurdena.
Eskualdeko gainontzeko herrietan, hau da, Galdakao, Arrigorriaga, Ugao eta Zaratamoren kasuan, biztanleria bere horretan mantendu da azken urteotan.
☉ Basauri
Udaltzaingoaren egoera konpontzeko negoziatzeko prest agertu da Basauriko Udala
Agenteen % 60 baino gehiago bajan egotea Udalaren jardunari egotzi ezin zaiola adierazi dute udal ordezkariek: “Egoerak udal-kudeaketa gainditzen duten faktoreei erantzuten die”

Basauriko Udaltzaingoan jasaten ari diren “krisia” salatu du Erne sindiktuak. Agenteen % 60 baino gehiago bajan daudela, zerbitzuko ardunen falta dagoela eta barne-antolaketa eza salatu dute.
“Urteak daramatzagu ohartarazten arduradun funtzionarioen faltak eta barne desantolaketak langileen osasunean eta, ondorioz, herritarren segurtasunean eragina dutela”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek.
Erneren arabera, egoera “lehertu” egin zen azken herriko jaietan, “agenteen eskasiak langile falta kezkagarria eta bizilagunen artean segurtasun eza areagotu zuenean”, diote.
Ernek Basauriko Udalari eskatu dio “berehalako erantzukizuna” har dezala, “kudeaketa egitura egonkor bat bermatzea eta langileen ordezkariekin benetako negoziazio prozesu bat abiaraztea”.
“Arazoa ez da kasualitatea, urteetako utzikeriaren ondorio da: inprobizazioaren eta negoziazio ezaren ondorioa, hain zuzen”, salatu dute.
Basauriko udal ordezkariekin harremanetan jarri da GEURIA: “Bajen ehunekoa ezin zaio egotzi Udalaren jarduerari. Gure ustez, egoerak udal-kudeaketa gainditzen duten faktoreei erantzuten die”, diote.
Era berean, negoziatzeko prest agertu dira udal arduradunak: “Erantzukizunez eta zorroztasunez negoziatzeko borondatea agertzen dugu, bai langileei bai basauriar guztiei mesede egingo dieten konponbideak bilatuz”, diote.
☉ Basauri
Emakume bat harrapatuta geratu da Basauriko etxebizitza batean
Emakumea zorabiatuta zegoen eta etxebizitzako atea zabaltzeko zailtasunak izan dituzte senideek

Suhiltzaileek eta Basauriko udaltzaingoek jarduketa bat egin dute gaur goizean Basauriko Karmelo Torre kaleko etxebizitza batean: emakume bat zorabiatu egin da eta bere etxebizitzan harrapatuta geratu da.
Seinalerik ematen ez zuenez, senideek larrialdi zerbitzuetara deitu dute 10:00ak aldera eta bertara gerturatu dira Basauriko suhiltzaileen parkeko ibilgailu bi (eskala artikulatua eta 4×4 ibilgailu bat) eta udaltzainen patruila bat gerturatu dira. Minutu batzura anbulantzia bat iritsi da ere.
Azkenik, Basauriko Poliziak GEURIAri azaldu eta Segurtasun Sailak baieztatu lez, emakumearengana heltzeko arazorik ez da egon eta senideek beraiek zabaldu ahal izan dute etxebizitzako atea: “Zorionez susto txiki batean lotu da ezbeharra”, azaldu diote emakumearen senideek GEURIAri.
☉ Basauri
Basauriko Udaltzaingoaren % 60 baino gehiago bajan dagoela salatu du Erne sindikatuak
Ernek Basauriko Udalari eskatu dio “berehalako erantzukizuna” har dezala, “kudeaketa egitura egonkor bat bermatzea eta langileen ordezkariekin benetako negoziazio prozesu bat abiaraztea”

Basauriko Udaltzaingoan jasaten ari diren “krisia” salatu du Erne sindiktuak. Hain zuzen ere, agenteen % 60 baino gehiago bajan daudela salatu dute.
Sindikatuaren arabera, “langile gutxiko txandekin, etengabeko gainkargarekin eta duela 20 urte baino gehiagoko baldintzekin” jarraitzen dute: “Azken urteetan eza da modernizaziorik ez lidergo egonkorrik egon”, salatu dute.
Zerbitzuko arduradunen falta eta barne-antolaketa eza salatu dituzte: “Urteak daramatzagu ohartarazten arduradun funtzionarioen faltak eta barne desantolaketak langileen osasunean eta, ondorioz, herritarren segurtasunean eragina dutela”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek.
Erneren arabera, egoera “lehertu” egin zen azken herriko jaietan, “agenteen eskasiak langile falta kezkagarria eta bizilagunen artean segurtasun eza areagotu zuenean”, diote.
“Udalak berak egindako arrisku psikosozialen ebaluazioen arabera, Udaltzaingoa da lan-ongizateari dagokionez errendimendurik txarrena duen saila”, adierazi dute Erneko ordezkariek.
Udala, negoziatzeko prest
San Migeleko jaiak hasi aurretik, Erne sindikatuak bilera eskatu zuen Basauriko Udaleko Herritarren Segurtasuneko zinegotziarekin langileen eskaerak berriro adierazteko. Besteak beste, boluntarioen lan-poltsa bat urtero sortzea proposatu zuten, “langileen gabeziak estaltzeko eta hitzarmen kolektiboan zehaztutako gutxieneko zerbitzuak bermatzeko”, diote.
Ernek Basauriko Udalari eskatu dio “berehalako erantzukizuna” har dezala, “kudeaketa egitura egonkor bat bermatzea eta langileen ordezkariekin benetako negoziazio prozesu bat abiaraztea”.
“Arazoa ez da kasualitatea, urteetako utzikeriaren ondorio da: inprobizazioaren eta negoziazio ezaren ondorioa, hain zuzen”, salatu dute.
Basauriko udal ordezkariekin harremanetan jarri da GEURIA: “Bajen ehunekoa ezin zaio egotzi Udalaren jarduerari. Gure ustez, egoerak udal-kudeaketa gainditzen duten faktoreei erantzuten die”, diote.
Era berean, negoziatzeko prest agertu dira udal arduradunak: “Erantzukizunez eta zorroztasunez negoziatzeko borondatea agertzen dugu, bai langileei bai basauriar guztiei mesede egingo dieten konponbideak bilatuz”, diote.
☉ Basauri
Peio Etxeberria lau t’erdiko txapeldunak Basaurin jokatuko du Binakako Txapelketa
Rezustarekin jokatuko du Etxeberriak eta aurkari izango dituzte Zabala (t’erdiko txapeldunordea) eta Martija. Sarrerak dagoeneko salgai daude

Esku pilota profesionalaz berriro gozatzeko aukera izango da Basaurin: Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partidetako bat Artunduagako pilotalekuan jokatuko da, azaroaren 28an (20:45)
Peio Etxeberria lau t’erdiko txapeldunak jokatuko du Beñat Rezustarekin batera, eta aurkari izango dituzte Javi Zalaba (lau t’erdiko txapeldunordea) eta Julen Marija.
Bigarren mailako partida ere jokatuko da Artunduagan Peña II-Salaverri eta Zubizarreta III-Aranguren bikoteen artean.
Sarrerak salgai daude Artunduaga kiroldegiko sarreran 23,35 euroan. Era berean, entradasfronton.com webgunean ere eros daitezke 25 eurotik aurrera [momentu honetan ez dabil webgunea].
☉ Basauri
Haur kategoriako jokalari batek irain arrazistak jaso dituela salatu du Indartsu klubak
Indartsuko jokalariak ‘puto negro’ bezalako iraina jaso zuela esan diote klubeko ordezkariek GEURIAri

Haur kategoriako jokalari batek irain arrazistak jaso zituela salatu du Indartsu klubak. Gertaerak atzo, azaroak 16, jazo ziren Indautxuren aurka Bilbon jokatu zuen partidan.
Jokalariak ‘puto negro’ bezalako iraina jaso zuela esan diote klubeko ordezkariek GEURIAri. Partiduaren 62. minutuan izan zen hori.
Jokatzen jarraitu nahi zuen galdetu zion orduan Indartsuko entrenatzaileak bere jokalariari, eta honek baiezkoa eman zion. Erantzuna ezezkoa bazen, zelaitik irtengo zen taldea protesta bezala.
Partidaren aktan arbitroak zehaztu duenez, Arrazismoaren kontrako Protokoloa aktibatu zuen irainen berri izan ostean.
Zehazki, honakoa dio arbitroak idatzitako aktak: “62. minutuan, bi taldeetako jokalariak nigana hurbildu dira eta kexu dira aurkako taldeko jokalarien aldetik irain arrazistak entzun dituztelako. Egoera horren aurrean, eta nik ezer entzun ez dudanez, aulkietara jo dut eta egoera azaldu eta protokolo arrazista aktibatu dut, keinua eginez eta partida bertan behera utziko nuela ohartaraziz berriro ere antzeko zerbaiten berri ematen bazitzaidan”.
Indartsuko ordezkariek GEURIAri adierazi diotenez, irainak Indartsuko jokalariaren aurkakoak soilik izan ziren.

















