Sareak

☉ Basauri

Sakonean / Edurre, Alemanian dantzan

Ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean Spree-Neiseenen burutuko den Nazioarteko Dantza Jaialdian arituko dira Basauriko dantzariak.

|

Edurre Dantza Taldeko kideak, Alemaniara bidaiatzeko prest // Facebook: Edurre Euskal Dantza Taldea

Ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean Spree-Neiseenen burutuko den Nazioarteko Dantza Jaialdian arituko dira Basauriko dantzariak. 61 urteko historia du taldeak eta 110 dantzarik osatzen dute taldea egun.

Euskal dantzak Alemanian. Ez zaitez harritu oporrak han pasa behar badituzu eta, halako batean, txistuak eta danborrak entzun eta txapelak eta zapiak ikusten badituzu, guztiak dantzan. Edurre Dantza Taldekoak izango dira horiek, Alemaniara joango baitira ekainaren 29an, Spree-Neissen (Alemania ekialdea) barrutian ospatuko den Nazioarteko Dantza Jaialdian parte hartzera. Mundu osoko 14 herrialde batuko ditu uztailaren 2ra bitartean bertan egingo duten jaialdiak eta, besteak beste, Errusia, Japonia, Kanada edota Eskoziatik gerturatutako taldeekin arituko dira Edurreko dantzariak. Haientzat baina, ez da esperientzia berria: 2007an parte hartu zuten lehenengoz, dantza taldeak 50 urte bete zituenean, eta 2010an bidaia errepikatu zuten. Aurtengoa, beraz, hirugarrena.

basauri-edurre-dantza-taldea-2010-alemania-argazkia-facebook-edurre-dantza-taldea
2010ean Alemaniara ere bidaiatu zuen Edurre Dantza Taldeak // Facebook: Edurre Euskal Dantza Taldea

Han eta hemen dantza eta dantza aritu ondoren, ikasturtea bukatzeko abenturarik borobilena, agian, urtero legez, hamaika tokitan izan baitira Edurreko dantzariak aurten: Olentzeroren kalejirarekin agurtu zuten iazko urtea, otsailean inauteriak alaitu zituzten, San Jose ikastetxean San Jose egunean urtero antolatzen duten ekitaldian izan ziren martxoan eta maiatzeko hirugarren igandean, urtero bezala, Bizkaiko Dantzari egunean parte hartu zuten. Horiek, ikuskizun bakar batzuk aipatzearren. Eta noski, herri eta auzoetako jaiak ahaztu gabe: Basauri, San Migel, Finaga, Burbustu, Arrigorriaga, Usansolo…

Dantza taldea

Dantzatzeko dantzariak behar dira eta egun, 110 dantzari inguru ditu Edurre Dantza taldeak. Txikienak 6-10 urte bitartekoak dira eta 35 dantzari inguru daude adin tarte horretan. Beste horrenbeste daude ertainen taldean, 10-14 urte bitartekoak hauek. Nagusien taldea da handiena: 15 urtetik gorakoek osatzen dute eta 40 bat dantzari dira. Taldean jarraitzen dute Petok eta Cristik ere, “beti laguntzeko prest”: Cristi arroparekin eta Peto konponketekin. “Zenbat eta gehiago, hobe” dio Kepa Ogizak (Basauri, 1965), Edurre Dantza taldeko dantzari eta irakasleak. “Azken urteetan ume gutxiago batzen zaigu taldera, eta apuntatzen direnek, lehenago uzten dute dantza. Badirudi orain errazago aspertzen direla: dantza bat ikasi, behin dantzatu eta dantza berria eskatzen dute. Dena arinago doa eta aldakorragoa da orain”, azaldu du Kepak. Gainera, mutilak neskak baino gutxiago izaten direla nabarmendu du basauriarrak.

Iaz Edurre Dantza Taldearen 60. urteurrena ospatzeko jaialdian // Geuria

Ogizaren esanetan, taldera batzeko unerik onena 6 edo 7 urterekin da: “Edurren bai, behintzat. Nagusien dantza taldean gaudenok txikitatik hasi gara, oso kasu berezietan batu zaigu adineko jendea. Helduekin, tailerrak egiten ditugu erromeriako dantzak ikas ditzaten. Sagrario Alcoceba arduratzen da horretaz”. Ateak baina, ez daude itxita. Nagusiek taldera batzeko asmoa erakutsiko balute, onena taldeka aurkeztea litzatekeela dio Kepak, “pertsona bati dantzan erakusteak edo hamar bat pertsonari erakusteak antzeko esfortzua eskatzen duelako”.

Gogoak eta konpromisoa dira taldera batu nahi duen edonork bete behar dituen baldintza bakarrak: “Ez dugu dirurik eskatzen dantza irakasteagatik eta hori da eskatzen dugun gauza bakarra: gogoa eta konpromisoa. Batez ere, ekitaldietarako konpromisoa. Umeei, entseguetara etortzeaz gain, ekitaldietan parte hartzea ere eskatzen diegu”, azaldu du Ogizak. Izan ere, dantzari eta irakasle lanari bost ordu eskaintzen dizkio Kepak astero, gutxienez. Gainontzeko irakasleak bezala, ez du irakasteagatik sosik kobratzen. “Bilerak eta antolakuntzako lana egin beharra dagoenean, ezin jakin sartzen ditugun orduak”, dio basauriarrak. “Mendiarekin batera, nire pasio handiena da dantza, beraz, sartu behar diren ordu guztiak sartuko ditut”. Zazpi urterekin hasi zen Kepa dantzatzen eta 15 urterekin klaseak ematen. 46 urte pasa ditu dagoeneko taldean.

Edurre, 61 urteko dantza historia

Duela 61 urte jaio zen Edurre Dantza Taldea eta ehunka basauriar dira gaur egunera arte taldetik pasatu direnak. “800 bat, seguru”, dio Kepak. Iaz, taldearen 60. urteurrenean, taldean izandako 170 dantzari batu zituen Edurrek.

Sorreratik, jendartean eroso sentitu den taldea izan da Edurre. Urte hauetan guztietan Basaurin egindako ospakizunen argazkiak bilatuz gero, Edurre agertuko da horietako askotan, erraz: Basauriko jaietan, agurren bat dantzatu behar izan denean, erromerietan… Hor izan da beti Edurre: “1991. urtetik, San Fausto egunean, prozesioa eta meza egin ostean, Sokadantza edo Eguzki dantza egin ditugu urtero, hutsik egin gabe”, gogoratu du Ogizak.

Taldearen hastapenetan Arizko ermitan egiten zituzten entseguak, gero Arizko parrokiara pasatu ziren eta 1981. urtetik, Fernando Barkin plazan duten lokalean entseatzen du Edurrek, “beti Arizko auzoan”. “Entseguak plazan bertan egiten ditugu askotan eta ez dugu, orain arte, kexarik izan. Are gehiago: Urbiko auzokide batzuek plazaren kanpoaldean entseatzeko eskatu digute, barrurago sartu ezkero, ezin gaituztelako dantzan ikusi”, dio Kepak. Udalaren aldetik, lokala eta urtero dagokion subentzioa jasotzen du Edurrek.

Dantzen entziklopedia

Euskal kultura eta folklorearen osagai garrantzitsuak dira euskal dantzak, eta hauek zaindu eta jendartean zabaltzeko tentu handiz ibili da beti Edurre. Herri, eskualde edo lurralde batetik bestera mugitzean, dantzak aldatu egiten dira, eta urte hauetan guztietan, toki batetik bestera mugitu dira Edurre taldeko dantzariak ere. Euskal dantza ezberdinak bere sorterrian dantzatzen ikastea eta “merezi duten errespetuarekin zabaltzea” dira horren helburu nagusiak. “Bizkaian, sokadantzaren bat izan ezik, dauden dantza tradizional guztiak dantzatu ditugu. Gipuzkoako eta Arabako ezagunenak, Lapurdikoak, Nafarroa Beherekoak eta, batez ere, Nafarroako dantza asko ditugu gure errepertorioan”, azaldu du Ogizak.

Iker Etxebarriak (Basauri, 1982) 29 urte daramatza Edurren dantzatzen eta 14 urte Ane Ibarrolak (Basauri, 1995). Biak izan dira Keparen ikasleak, eta nagusien taldean elkarrekin dantzatzen dute orain. “Txikitan dantzatzen genituen sardinerak gogoratzen ditut. Izugarri gogoko genuen otzararekin dantza egitea”, dio Anek. “Zahagi dantza zen mutilen artean arrakasta gehien zuena. Tamalez, orain ezin dugu dantzatu, zahagia txikiegia geratu baita guretzat”, gogoratu du Ikerrek.

Tradizioz sexuak banatzen dituen dantzak daude euskal dantzetan, mutil dantzak eta neska dantzak, alegia. Hala ere, Edurren dantza mistoak nabarmentzen dira eta entseguak mistoak izaten dira gehienetan. Ikuskizunetara guztiak batera joaten dira beti eta dantza gehienak elkarrekin egiten dituzte. Azken finean, neskek mutilen dantzak ikasten dituzte askotan, eta mutilek neskenak, denei eskatzen zaie berdin, dantzariak baitira guztiak.

Dantza taldea, lagun taldea

Kepak, Ikerrek eta Anek bat egiten dute dantza taldean lagun onak egin dituztela esaterakoan, eta oro har, “giro bikaina” arnasten dela diote. “Dantzan hasi nintzenetik hona jende piloa ezagutu dut eta nirekin hasi ziren batzuk taldean jarraitzen dute oraindik. Jendearekin harreman berezia sortu da Edurren, ekitaldi askotan izan gara elkarrekin eta horien ondoren parranda asko bota ditugu” dio Kepak. “Beste kirol batzuetan ez bezala, neskak eta mutilak batera gaude taldean. Horrek ere giro berezia sortzen du gure artean”, gehitu du Ikerrek. “Seriotasuna, errespetua eta konpromisoa dago taldekideen artean. Beti gaude ikuskizun berrietan parte hartzeko prest eta gozatu behar denean, badakigu nola egin”, azaldu du Anek.

Gainera, Euskarari lotuta jarraitzeko “aitzakia ezin hobea” izan dela aitortu du Ibarrolak: “Badakigu Basauri ez dela herririk euskaldunena… Dantza talde honetan egoteak euskal kulturari lotuta egoteko aukera aparta eskaini dit beti. Asko ikasi dut euskal dantzaz, euskal musikaz eta euskal historiaz. Dantzarien topaketetan, herrialde guztietako pertsonak elkartu garenean, izugarrizko aberastasun kulturala bizi izan dugu”. Ikerrek, bere aldetik, interes “bertsuak” dituen jendea ezagutzeko tokia izan dela azaldu du: “Aisialdirako beste lagun kuadrilla bat egin dut Edurren. Afariak, bidaiak eta mendi irteerak egiten ditugu maiz”.

Hurrengo bidaia, hilaren bukaeran, Alemaniara. Hara eramango duten errepertorioa prestatzen ari dira orain. Eguna noiz iritsiko zain daude hirurak, “izugarrizko gogoarekin” eta hiru egunez ondoan izango dituzten mundu osoko dantzariak “ezagutzeko irrikaz”. Hura bukatuta, atseden hartzeko unea izango da, baina ez luzerako, irailean ate joka baitute Basaurin urtero ospatzen den Euskal Herriko Dantza Agerketa.

☉ Basauri

800 metro karratuko baso autoktonoa sortu dute Basaurin, nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzeko

Fruta-arbolak, usain-belarrak eta basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak ditu Iruaretxetako baso autoktonoak. Abendura bitarte lau tailer antolatu dituzte

|

Iruaretxetan dago Basauriko baso autoktonoa // Basauriko Udala

Baso autoktono jasangarria sortu dute Basaurin, Iruaretxetan. Guztira 800 metro karratuko azalera du basoak eta Udala aitzindaria izan da administrazio publikoen artean horrelako proiektu bat aurrera eramaten.

Basoak arbola, zuhaixka eta belar espezie ugari ditu: intxaurrondoak, arteak, haltzak, intsusak, artelatzak, haritzak, pinuak, hurritzak, pagoak eta abar landatu dituzte, eta, horiekin batera, sagarrondoak, madariondoak, aranondoak, limoiondoak eta laranjondoak; izpilikua eta erromeroa; eta marrubiak, ahabiak eta mugurdiak bezalako basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak landatu dituzte bertan. Gainera, txorientzako eta saguzarrentzako etxolak ere jarri dituzte.

“Baso jangarri sintropikoak dira basoko ekosistema naturalen egitura eta funtzioak imitatzeko diseinatutako nekazaritza- eta baso-sistemak. Ekoizpen, erresilientzia eta birsortze-gaitasun handia dute, eta, batez ere, gizakiontzat jangarriak era erabilgarriak diren espezieak hartzen dituzte. Ekologia eta elikadura-subiranotasuna uztartzen dituen nekazaritza birsortzaile eta jasangarri mota bat dira”, esan du Irene Garcia Basauriko Udaleko Ingurumen arloko zinegotziak.

Zentzu horretan, horrelako basoek “onura asko” dituztela adierazi du Garciak: “Leheneratze ekologikoa sustatzen dute, biodibertsitatea eta lurzoruaren osasuna hobetzen dute, klima-aldaketaren eraginak arintzen dituzte, karbonoa atzitzen dute, eta, finean, mikroklima ontzen dute”.

Baso autoktonoa herritarrek bozkatu zuten 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan, eta Udalak 2025ean zehar gauzatu behar zuen, “berdeguneak handitzeko”.

Tailerrak baso autoktonoan

Proiektuak nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzea eta horien zabalkundea egitea aurreikusten du, eta, horretarako, lau tailer antolatu ditu Udalak irailetik abendura bitartean, hilean bat.

Tailerren helburuak honakoak dira: herritarrak baso-kontzeptu horretara hurbiltzea lurzoruaren kudeaketa ekologikoaren alorreko oinarrizko teknikak aplikatuta (inausketa, konpostatzea eta landatzea); biodibertsitatea, erresilientzia eta tokiko elikadura bultzatzea, eta auzolana eta jakintza agroekologikoa sustatzea.

Irailaren 27an izango da lehen tailerra eta hizpide izango dute ‘Baso jasangarriak: hastapenak eta oinarrizko diseinua’. Hurrengoa, urriaren 25ean izango da: ‘Konpostatze ekologikoa eta zoru bizia zaintzea’. Hirugarren tailerra izango da ‘Inausketa, biomasa erabiltzea eta mulch bizia’ eta azaroaren 15ean antolatuko dute. Eta azkenik, abenduaren 13an ‘Udazkenean landatzekoak eta negurako prestaketa-lanak’ tailerra eskainiko dute.

Tailerretan izena eman nahi dutenek mezu elektronikoa bidali behar dute jurgivuriarte@hotmail.com helbidera. Udaletik zehaztu dutenez, 15 plaza baino ez dituzte eskainiko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Amaia Bonachera basauriarraren kartelak iragarriko ditu 2025eko San Fausto jaiak

|

Basauriko jaietarako atzera kontaketa hasi da. Urriaren 11n, larunbatez, hasiko dira sanfaustoak eta jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu dute gaur.

Sari nagusia Basaurin geratu da eta irabazlea Amaia Bonachera izan da. Basauriarrak 1.500 euro jaso ditu, ‘San Fausto zeruan’ izeneko lanagatik.

Tokiko mailan, Iñaki Zorriketa basauriarraren kartelari eman diote saria. Zorriketak ‘Bere alde ona’ izena jarri dio bere lanari eta 300 euroko saria jaso du.

Eta, Gazte eta Txiki kategorietan irabazle izan dira Unai Fernandez eta Asier Ortiz.

Zoroak kuadrillak herriko saltokietan erabiltzeko 50 euroko bonua eman dio Asierri, Txiki kategoriako irabazleari.

Unaik, Gazte kategoriako irabazleak 100 euroko bonua jaso du.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto plazako obrak azaroa bukaeran amaituko dituzte, Basaurin

Hainbat arrazoiengatik atzeratu da plaza irekitzeko momentua. Basauriko Udalak arrazoi horien berri eman du

|

San Fausto plazako obrak, aste honetan // Geuria

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.

Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.

Aurtengo udaberrirako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen iaz Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.

Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.

Jaietan erabiliezin

Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.

Baina aurten ere —iaz ere ezin izan zen erabili— ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.

Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Fausto plaza ez da Basauriko jaietarako bukatuta egongo

Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili

|

San Fausto plazako obrak, aste honetan // Geuria

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.

Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.

Baina aurten ere ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.

Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.

Azarorako bukatuta

Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.

Obrak iazko maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean erdi bukatuta egongo zela eta ordurako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.

Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Euskal Herriko folklorearen plaza bihurtuko da Basauri asteburuan Dantza Agerketari esker

Mendexako dantza taldea, Tolosako Udaberri, Gasteizko Indarra, Zuberoako Atharratzeko Dantzariak eta lehen aldiz Murchanteko herritarrek parte hartuko dute Basauriko 53. Euskal Herriko Dantza Agerketan

|

Irailaren 20an, larunbatez, izango da ekitaldi nagusia Bizkotxaldean // EHDA

Euskal folkloreak eta dantza tradizionalek lekua izango dute asteburu honetan Basaurin. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Dantza Agerketa izango da irailaren 19tik 21era bitartean.

Aurtengoa 53. edizioa da eta honako taldeek hartuko dute parte: Mendexako dantza taldea (Bizkaia), Tolosako Udaberri (Gipuzkoa), Gasteizko Indarra (Araba), Atharratzeko Dantzariak (Zuberoa) eta Murchanteko herritarrak (Nafarroa).

“Aurten aipatzekoa da Nafarroako Erriberako Murchanteko herritarrek ‘paloteoa’ ekarriko dutela lehen aldiz Basaurira. Urteak daramatzate herriko plazan ‘paloteoa’ egiten abuztuaren 15ean, San Roke patroiaren bezperan”, diote antolatzaileek.

Ekitaldi nagusia irailaren 20an, larunbatez, izango da, baina asteburu osoan zehar dantza plaza bihurtuko da Basauri: irailarne 19an, ostiralez, haurrentzako tailerrak, erromeria herrikoia eta Basauri Kantari izango dira, eta irailaren 21ean, igandez, Basauriko hiru dantza taldeek (Agintzari, Basauritar eta Edurre) emanaldia eskainiko dute.

Egitaraua | Euskal Herriko LIII. Dantza Agerketa

Irailak 19, ostirala
18:30 Haurrentzako tailerrak Solobarriako karpan: erraldoiak, txapak, marrazkiak margotzea, musika tresnak egitea… Gainera, buruko zapiak jartzeko tailerra ere izango da nagusientzat
18:30 Txorizo dastaketa sagardoarekin
19:00 Erromeria herrikoia Solobarriako karpan
20:30 Basauri Kantari Solobarria plazatik

Irailak 20, larunbata
18:00 Gonbidatutako taldeen kalejira Social Antzokitik
19:00 Euskal Herriko LIII. Dantza Agerketa Bizkotxalde parkean. Euria bada, Social Antzokian

Irailak 21, igandea
19:00 Basauriko dantza taldeen emanaldia Bizkotxalden: Agintzari, Basauritar eta Edurre. Euria bada, Social Antzokian

Osorik irakurri