☉ Ugao
“Askatasunaren alde borrokatu zutenen oroimenez”, Historia Astea ospatuko dute Ugaon
Ekainaren 9tik 14ra ospatuko dute Ugaon Historia Astearen VIII. edizioa. Burdin Hesia ardatz hartuta eta “askatasunaren alde borrokatu zutenen oroimenez”, hiribilduaren historiarekin lotutako jarduerez betetako lau eguneko egitaraua osatu dute.

Ekainaren 9tik 14ra ospatuko dute Ugaon Historia Astearen VIII. edizioa. Burdin Hesia ardatz hartuta eta “askatasunaren alde borrokatu zutenen oroimenez”, hiribilduaren historiarekin lotutako jarduerez betetako lau eguneko egitaraua osatu dute. Burdin Hesia Ugaon elkarteak eta Ugaoko Udalak elkarlanean antolutu dute aurtengo Historia Astea.
Besteak beste, Ugaoko Burdin Hesira txango gidatua egingo dute ekainaren 9an, Lubaki Bizia taldearen eskutik. Xabier Herrero, Ramon Zurimendi eta Fernando Obregon historialariek hitzaldiak eskainiko dituzte Jane Jauregian eta ekainaren 14an, ostiralez, Felix Urrutikoetxea Intxaurraga, Simon Agirre Sierra eta Gerra Zibileko biktima izan ziren ugaotarrei omenaldia egingo diete herriko enparantzan. Ekintza guztiak doakoak dira eta nahikoa da bertan azaltzearekin, aurretik izena eman gabe. Xabier Herreroren erakusketa ekainaren 19ra arte egongo da ikusgai Jane Jauregiko 2. solairuan.
UGAOKO VIII. HISTORIA ASTEA – EGITARAUA
Ekainak 9, igandea
11:00 Txango gidatua Ugaoko Burdin Hesira (Jane Jauregitik)
13:30 Eraskusketa: “Ezpata eta ezkurtua: babes pasiboa Bilbo metropolitarrean. 1936-37”, Xabier Herrero egilearen eskutik. Jane Jauregia
Ekainak 12, asteazkena
19:30 Hitzaldia: “Euskaldunak Kantabrian, Espainiako Gerra Zibilean”, Fernando Obregonen eskurtik. Jane Jauregia
Ekainak 13, osteguna
19:30 Hitzaldia: “Gerra Zibila Amurrio eta Urduñako fronteetan”, Ramon Zurimendiren eskurtik. Jane Jauregia
Ekainak 14, ostirala
11:30 Omenaldia Felix Urrutikoetxea Intxaurraga, Simon Agirre Sierra eta Gerra Zibileko biktima ugaotarrei. Herriko enparantza
☉ Ugao
Ugaok ‘Agur 2025’ izeneko jaiarekin agurtuko du urtea, lehen aldiz
Jaia abenduaren 31n antolatu dute 11:00etatik 14:00ak arte, Herriaren enparantzan, askotariko jarduerekin

Aurten ekimen berezia prestatu du Ugaoko Udalak 2025ari amaiera emateko: ‘Agur 2025’ jaia.
“Lehen aldiz, Ugaoko Udalak herriko familiei zuzendutako programa berezi bat antolatu du urteari amaiera borobila emateko”, azaldu dute Udaletik. Jaia abenduaren 31n antolatu dute 11:00etatik 14:00ak arte, Herriaren enparantzan.
Gominolen eta gusanitoen banaketa, aurpegi margoketa, puxikak askatzea, DJak zuzenean txikienentzat zein helduentzat… “eta kanpai-hots “oso bereziak” egingo dituzte ere Ugaoko haurrek Gabon zahar gaua aurreratuta, giro seguru, familiar eta alaitsuan bizi ahal izateko”.
Jaian parte hartuko dutenek jai-giroko konplementu bat eramateko gonbidapena luzatu die Udalak, “alaitasunez betetako gabon giroa sortzeko”: “Gabonetan ere Ugao herri bizia izatea nahi dugu, publiko guztientzat pentsatutako jarduerekin”, azaldu du Ekaitz Mentxaka herriko alkateak. Ekimen hau jarraipena izateko asmoarekin sortu dutela azaldu du Mentxakak, “eta plaza familiaz beteta ikusteko nahiarekin, urtearen amaiera elkarrekin gozatuz”.
Egitaraua | Agur 2025 Jaia
Abenduak 31, asteazkena
Herriaren enparantza
11:00 Gusanito eta gominola banaketa
11:00 Aurpegi-margoketa
11:00 DJ umeen saioa
12:00 Kanpai-hotsak
12:01 Puxika-askatzea
12:01 DJ helduen saioa
☉ Ugao
2026ko Ugaoko jaiak antolatzeko lehen bilera irekia prestatu dute Jane jauregian
Bilera abenduaren 17an prestatu dute, 18:00etan, Jane jauregian eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara

Datorren urteko Ugaoko jaiak antolatzeko lehen bilera irekia antolatu du Udalak.
Bilera abenduaren 17an prestatu dute, 18:00etan, Jane jauregian eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertara: “Jane jauregian egingo den bileran parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, guztion artean 2026ko jai egitaraua osatzeko”.
☉ Ugao
‘Aroa 2024-2034’ herri konpromisoak Ugaoko euskararen transmisio eta erabilerako “erronka nabarmenei” aurre egingo die
Hizkuntza ohituretan eta erabileran eragiteko tresna izango da AROA, eta herri osoa inplikatuko du, udal ordezkarien arabera

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, joan den azaroaren 27ko Ugaoko osoko bilkuran argi berdea eman zioten ‘Aroa 2024-2034’ planari.
“AROA —Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa— hizkuntza ohituretan eta erabileran eragiteko tresna izango da, eta herri osoa inplikatuko du”, azaldu dute udal ordezkariek. Helburua herri euskaldunago, bidezkoago eta inklusiboago baten alde lan egitea da, hizkuntza berdintasunean sakonduz.
Iaz Ugaon egindako diagnostiko baten arabera, herritarren % 44,4 euskalduna da, % 21,1 “ia euskalduna” eta % 34,2 erdalduna eta 2021eko datuen arabera, biztanleen % 14,2k euskara zuen lehen hizkuntza, % 70ak erdara eta % 11k biak.
Datu horien arabera, euskararen transmisioan eta erabileran “erronka nabarmenak” identifikatu dituzte Udaletik eta hurrengo konpromisoak hartu dituzte AROA planaren bidez 2034 urtera begira:
– Euskararen transmisioari eustea, belaunaldiz belaunaldi
– Hiztun komunitate kontziente eta aktibo bat sortzea, gizarteko arlo
guztietan
– Eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza indartzea
– Euskara zerbitzu, merkataritza, aisialdi eta harreman sozialetan txertatzea
– Gazteen gaitasun praktikoa eta adierazkortasuna sustatzea
– Aniztasunaren kudeaketa inklusiboa: herritar berriak euskarara hurbiltzeko
baliabideak sortzea
Plan osoa Ugaoko Udaleko webgunean irakurri daiteke.
☉ Ugao
Bideoa | Naiara Barcenas Perez: «Trena nahitaezkoa da C3 lineatik igarotzen den Ugao bezalako herri batentzat»

Renfeko C3 lineako gaur egungo segurtasun neurriak ez dira nahikoak, herritar batzuen arabera. Naiara Barcenas Perezek (Ugao, 1983) esperientzia traumatikoa bizi zuen 2024an. Urduñako jaietatik bueltan, C3 lineako tren batera igo zen bikotekidearekin eta umeekin batera, Ugaora itzultzeko.
Trenetik jaistean, ikusgarritasun faltagatik, ateak itxi egin ziren eta Naiara eta bere haurra harrapatu zituen hainbat alditan. Bere esperientzia ezagutu dugu eta Hego Uribe eskualdea zeharkatzen duen garraiobide nagusiaz mintzatu gara beragaz.
Nolako garrantzia dauka trenak Ugao bezalako herri batentzat? Trena nahitaezkoa da Ugao bezalako herri batentzat. Azken batean, C3 linea igarotzen den herrietan ez dago bestelako aukerarik hiriarekin konektatuta egoteko.
Nolakoak dira herritarrek C3 lineako trenetan dituzten arazoak? Arazo ugari eta ezberdinak izaten ari gara: alde batetik frekuentziaren arazoa dago. Tren piloa galdu ditugu azken boladan eta ordutegi puntetako trenen artean 30 minutuko denbora tarteak dituzte. Maiztasun oso eskasa da mugitzen dituzten jende kopurua ikusita. Herri jakin batzuetan alternatiba ia bakarra da trena.

Urduña noranzkoa duen tren bat, Arrigorriagan // Geuria
Beste alde batetik harrapaketen kontua dago. C3 linean harrapaketa ugari gertatzen dira ateak itxi egiten diren momentuan: trenak beteta datozenean gertatu ohi den arazoa da. Gainera, batzuetan tren geltokiak kurbetan kokatuta daude, Ugaon esaterako. Makinistek ez dituzte ondo ikusten atzeko bagoiak. Ni neu horren lekuko izan naiz: nik neuk horrelako harrapaketa bat jasan nuen behin. Eta arazo horiek ez dira segurtasunaren esparruan gertatzen; baita irisgarritasunarenean ere: Ugao bezalako geltokiak kurba batean eraikita egotean, trena eta nasaren arteko tartea handitu egiten da. Egia da azken hilabeteetan obrak egin dituztela eta egoerak hobera egin duela: nasak igo egin dituzte eta ondorioz egoerak hobera egin du. Hala ere, arazoa ez da guztiz konpondu: tarteak handiak izaten jarraitzen dute, trenetik jaisteko eskailerak erabili behar dira… ume txikiekin bidaiatuz gero kontu handiz ibili behar da, mugikortasun arazoak badaudelako.
Irisgarritasunari dagokionez, eskualdeko zenbait geltokitan obrak egin dituzte: nasetara heltzeko igogailuak ipini dituzte, baina esan beharrekoa da askotan matxuratuta daudela. Igogailua hondatuta badago eskailera piloa jaitsi eta igo behar da eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ezin dira bere kabuz trenera iritsi.

Zein izan da C3 lineako trenekin izan duzun arazorik handiena? Renfeko webgunearen kexen atalean iradokizun eta mezu ugari idazten ditut arazoak ditudan bakoitzean. Hala ere, arazorik larriena 2024an gertatutako harrapaketa bat izan zen.
Gau batean Ugaoko hiru familia Urduñatik gentozen bueltan. Azkenengo bagoiko azken atean egin genuen bidaia. Ugaora heltzen lehen bi familiak jaisten hasi ziren: lehen familiak ume ertain bat zeukan. Arazo barik jaitsi ziren nasara. Bigarren familia trenetik jaistera zihoanean aita izan zen lehena jaisten. Ondoren 7-8 urteko alabaren txanda izan zen. Jaisten hasi zenean ateak seinale akustikoak egiten hasi ziren. Neskak, izututa, laban egin eta tren eta nasaren tarte horretatik jausi zen. Aitak arin batean atera zuen zulotik. Neskatxoak mina hartu zuen bizkarrean.

446 serieko unitate bat, Arrigorriagara bidean // Geuria
Ni, bitartean, atean nengoen, lau urteko umearekin. Momentu horretan ateak ixten hasi ziren eta besoak erabili behar izan nituen, haurra eta ni harrapatzea ekiditeko. Ateak behin eta berriro itxi eta zabaltzen hasi ziren, guk botoi berdea sakatzen genuen bitartean. Oso frustrantea izan zen. Ohikua hasi ginen eta bagoian zegoen jendea begira hasi zen. Bidaiari batzuk makinistaren bila joan ziren, azken honek ez zuelako ez egin momentu horretara arte. Ateak lau aldiz itxi ziren nire besoetan. Azken saiakeran, bidaiari batek emergentziako palankari eragin zion eta, orduan bai, trena guztiz blokeatu zen.
“Ia ez nuen kalte fisikorik izan, baina harrapaketen ondorioz, haurrek bereziki susto handia hartu zuten”
Makinista trenetik jaitsi zen ateak guztiz blokeatuta zeudelako eta berarengana joan ginen, errieta egitera. Lehen harrapaketan ezer ez egitea ez da arraroa, baina lau kolpe izan ziren eta gidariak ez omen zuen begiratu ere egin. Erantzun modura, berak esan zigun botoi berdeari eman izan bagenio ateak zabalduko liratekeela. Baina, esan bezala, guk hori bera egin arren, horrek ez zuen inolako eraginik izan. Ia ez nuen kalte fisikorik izan, baina haurrek bereziki susto handia hartu zuten. Haurraren sustoak egun batzuk iraun zuen, eta hurrengo egunetan trenera igotzeko beldurra izan zuen.
Handik egun batzuetara, kexa idatzi nuen Renfeko webgunean eta enpresako erantzuna honakoa izan zen: alde batetik, Renfek ez zuela inolako intzidentziarik erregistratu: haien arabera ez zen inolako atzerapenik ez eta ezbeharrik gertatu egun hartan. Beste alde batetik, hurrengo batean makinista dagoen bagoian bidaiatzeko gomendioa eman ziguten, makinistak ondo ikusi ahal izateko. Nik ez dakit guk hau bidaiariek jakin beharreko zerbait den, egia esateko. Azkenik, seinale akustikoa dagoen bitartean ateetan egotea debekatuta dagoela esan zidaten. Beste hitz batzuetan: gertatutakoa gure erruagatik izan zela leporatu ziguten, azalpen guztiak batere gustatu ez zitzaidan doinu txar batekin.

Madrilera doan Alvia bat, Ugaotik igarotzen // Geuria
Bestelako kasurik ezagutzen al duzu? Kasu ugari daude, zoritxarrez. Ugaon, esaterako, duela hilabete batzuk tren baten ateek jakatik harrapatu zioten edadeko emakume bati. Trena martxan ipini zen eta horrekin batera emakumea arrastaka eraman zuen nasan, jakatik libratzea lortu arte. Zorte txarra izan zuen emakume hark: kolpeak hartu zituen eta besoa apurtu zitzaion ezbeharraren ondorioz. Erietxera eraman behar izan zuten. Bere egoera benetan larria izan zen.
Noiztik existitzen dira era honetako arazoak C3 lineako trenetan? Harrapaketak eta irisgarritasun arazoak betidanik egon dira eskualdeko linean. Egia da ezbehar horien ondorioz irisgarritasun obrak egin direla, baina arazoa hor egon da beti. Gainera, pandemiatik gaur egun arte, beste arazo batzuk areagotu dira: maiztasunari dagokionez, gero eta tren gutxiago ditugu gure trenbideetan edo iragarrita dauden trenen ordez merkantzia trenak igarotzen dira batzuetan eta “arazo tekniko baten ondorioz trena atzerapenarekin datorrela” iragarri izan dute geltokiko bozgoragailuetatik.
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ere GauJaia zerbitzua desagertu zen. Ordu erdiro eta bi orduro trenak genituen asteburuetako gauetan, gazteak Bilbotik bueltatu ahal izateko. Gaur egun tren horiek desagertu dira eta gazteak 23:30ean Abandotik irteten den azken trenean itzuli daitezke herrira. 04:00ak arte ez dago inolako zerbitzurik. Nola joango dira Bilbora gazteak kotxe barik lehen geneukan alternatiba bakarra kendu badigute? Ez da bidezkoa.
Nolako trenak dira zehazki irisgarritasunari begira? Nahiko zaharkituta dauden trenak dira, azken boladan ukitu batzuk eman dizkieten arren.

Bidaiariak, C3 lineako aldirietako tren batera igotzen // Geuria
Egoera ikusita, zer egin dute herritarrek arazoari irtenbidea emateko? Kexak ipintzen, etengabe: Renferen webgunetan, bestelako medioetan eta eskualdeko geltokietako bulegoetan. Edonon, egia esateko. Ugaori dagokionez, Udaleko ordezkari batzuek batzarrak egin dituzte Renfeko arduradunekin, egoerari irtenbide bat emateko. Hitzak oso onak izan ziren, eta harrapeketn inguran neurri jakin batzuk hartzeko eskaera egin zieten enpresako ordezkariei: geldialdi bakoitzean gehiago begiratzeko eta trena nasan denbora gehiago egotea, tartean. GauJaiaren inguruan, zerbitzua berrezartzeko eskaera kontuan hartuko zutela esan zuten ere. Momentuz ez dute ezer egin. Irisgarritasunaren esparruan, Ugao, Arrigorriaga eta Basauriko geltokietako lanak aipatu zituzten. Esandakoa: hitz politak baina momentura arte ez dute ezer egin.
Nolakoa izan da orain arte egindako lana? Momentura arte geltokietan egindako irisgarritasun lanak dauzkagu. Entzun dugu Madriletik tren berriak ekarriko dituztela gure eskualdera eta treneko sarbidea errazteko arrapalak izango dituztela. Ikusi beharko dugu.
☉ Ugao
Pentsiodun Mugimenduko 64 pertsonak irisgarritasuna aldarrikatu dute Ugaoko tren geltokian
Eskualdean 118 pertsona elkartu dira gaur egungo irisgarritasun arazoak salatzeko: 54 Basaurin eta 64 Ugaon

Bizkaiko eta Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduko 64 pertsona elkartu dira joan den abenduaren 1ean, Ugaoko tren geltokian, 12:00etan. Helburua Renfeko C3 linean irisgarritasuna aldarrikatzea izan da mugikortasun urriko pertsonentzat.
Ugaoko elkarretaratzeaz gainera, Basaurin, Urduñan eta Amurrion ere elkartu dira gaur egun bizi duten egoera salatzeko. Guztira 150 pertsona inguru elkartu dira Renfeko C3 lineako geltokietan, egoerari irtenbidea ematea eskatzeko. Eskualdean 118 pertsona elkartu dira: 54 Basaurin eta 64 Ugaon.
“Gaur, abenduak 1, desgaitasunaren egunerako bi egun baino ez direnean falta, hemen gaude garraiobide publiko, jasangarri eta irisgarri baterako dugun eskubidea eskatzeko”, azaldu dute Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileek. “Pertsona guztientzako aukera-berdintasunerako neurriak bultzatzeak ezabatu egin beharko luke desgaitasuna duten pertsonen presentzia integrala eragozten duen guztia. Adibide moduan: Renfeko aldiriakeko lineak erabili ohi dituztenek inoiz ikusi al dute pertsona bat gurpil-aulkian?”.

Erabiltzaile bat, C3 lineako tren batera igotzen // Geuria
Pentsiodunen mugimenduko bozeramaileen arabera, linea horiek, “kasu guztietan, irizgaitzak dira” mugikortasun urriko pertsonentzat. “Kasu batzuetan, geltokiak ez daudelako egokitu edo trenetara ezin delako sartu ibiltokiaren eta trenaren arteko distantzia luzea dela eta”.
Pentsiodunen Mugimendua: “Renfeko aldiriakeko lineak erabili ohi dituztenek inoiz ikusi al dute pertsona bat gurpil-aulkian?”
Pentsiodunen mugimendutik Renfeko C3 lineako trenen egoera goraipatu dute, tren motagatik alde batetik, eta horietara iristeko dauden arazoengatik, bestetik. “Oso zaila baita gende askorentzat trenetara sartzea: makila, makulu, haurren orgatxo dituzten familientzat eta, batez ere, gurpildun aulkietan dauden pertsonentzat”, kexatu dira pentsiodunen mugimendutik. “gure ezinegona helarazi nahi dizuegu, eta Eusko Jaurlaritzari eta eskumea duen erakunde orori eskatzen dizuegu badela garaia trenetan, nasetan eta sarbideetan egokitze-lanak egiteko, edonork zerbitzu publiko hau edo beste edozein zerbitzu erabil dezan. Eta haiek zer egin pentsatzen duten bitartean, Madrilera, Valentziara edo Valladolidera joan ahal izango gara baina ezingo gara Muskizera, Urduña edo Barakaldora joan”.
Renfeko C3 lineak eta bertako trenen egoerak oihartzuna izan du azken boladan Hego Uriben, eta eskualdetik igarotzen diren trenen eta horien irisgarritasun arazoak aztertu ditugu sakonean GEURIAn.








