Sareak

☉ Galdakao

Argazkiak / Mikel Larunbek omenaldi beroa jaso du Galdakaon, profesional gisa jokatu duen azken partidan

|

Mikel Larunbe galdakoztarrak agur esan dio esku pilota profesionalari non eta bere etxean, Kurtzeko frontoian. Senideak, lagunak, herrikideak, Adiskide Pilota Taldekoak eta pilotari profesionalak bertaratu dira Galdakaoko frontoira eta bakoitzak omenaldia egin dio Larunberi. Arkaitz Estiballes bertsolari galdakoztarrak ere bertsoa bota dio eta udal ordezkariek ere agurrean parte hartu dute.

Pilotari galdakoztarra maila profesionalean (2013-2022) agurtzeko jaialdia antolatu zuen atzo Adiskide Pilota Taldeak. Hiru partida jokatu ziren eta bertan jokatu zuten Beroiz-Ajuria, Bidaurre-Kantxo eta Atutxa-Varela Adiskideko beteranoek, Legorburu-Ibarron eta Carregal-Gorostiaga Adiskideko nagusiek eta Artola-Eskiroz eta Elezkano II-Larunbek (19-22). Jaialdiak emandakoak 80 argazkitan jaso dugu:

☉ Galdakao

Bideoa | Zein da euskarazko hitz politena? Galdakaoko Mintzodromoan galdera bota dugu!

|

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, gaur, abenduak 4, Mintzodromoa antolatu dute Galdakaon [hemen argazkiak!]. Bertan izan gara eta eguna aprobetxatuta, galdera bakarra bota diegu parte hartzaile batzuei: zein da euskarazko hitz politena? Entzun erantzunak!

Osorik irakurri

☉ Galdakao

2026ko aurrekontua onartu dute Galdakaon gobernu taldearen aldeko botoekin

Oposizioaren “borondate falta” salatu du gobernu taldeak. EAJk eta PSEk adierazi dute gobernu taldearengan “konfiantza galdu” dutela

|

Ez-ohiko osoko bilkura egin dute gaur Galdakaon 2026ko aurrekontua onartzeko // Geuria

EH Bilduren, Usansolo Herriaren eta Auzoaken aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren kontrako botoekin onartu dute Galdakaoko 2026ko aurrekontua.

Guztira 47,6 milioi euro kudeatuko ditu Udalak datorren urtean, eta aurrekontuak herritarren “benetako beharrizanei” erantzuten diela esan du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak, “galdakoztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin”.

Urtarrilaren lehen astetik aurrera indarrean egongo da aurrekontu berria, Edurne Espilla jarduneko alkateak ez-ohiko osoko bilkuran adierazi duenez.

Oposizioa kontran

EAJk eta PSEk kontran bozkatu dute gobernu taldearen aurrekontu proposamena.

Alfredo Olea jeltzaleak adierazi duenez, gobernu taldearen aurrekontu proiektua “kontinuista” da: “Gardentasunik eza, marketing politikoa eta autobonboa nabarmentzen ditugu”.

Ildo horretan, “oinarrizkoa betetzeko” aurrekontua dela adierazi dute, eta salatu dute gerora gobernu taldeak aurrekontu-aldaketak egingo dituela: “Datorren ekitaldian ziur makromoldaketak bozkatu beharko ditugula, gehiengoa gastu arrunta finantzatzeko”, esan du Oleak.

EAJk ez du emendakinik aurkeztu, eta arrazoia honakoa: “Iaz adostasuna lortu genuen, akordio batzuk lortu genituelako, baina orain errealitatea bestelakoa da, atsekabegarria da. Adostutako proiektu asko egin gabe daude; gure konfiantza eman genuen iaz, eta orain konfiantza hori hautsita dago”, esan du Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleak.

Kontran, PSEk zortzi emendakin aurkeztu ditu, milioi bateko balioarekin. Hala ere, ez dute bat bera ere onartu: gobernu taldeak kontran eta PSEk eta EAJk alde bozkatu dute.

“Izateko bokazioarekin eta oposizio konstruktiboa eginez analisia egin dugu. Emendakinak aurkezten ditugunean horiek baloratzea eskatzen dugu, baina ez da horrela izan gobernu taldearen aldetik”, adierazi du Victor Trimiño PSEko bozeramaileak.

Gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamena “urria” dela deitoratu du alderdi sozialistako zinegotziak.

“Iaz abstentziora jo genuen 2025eko aurrekontuaren bozketan gobernu taldearekin proiektuak adostu genituelako, baina gaurdaino ez dira egin”, salatu du Trimiñok: “Ez dute gure konfiantza berriro merezi”.

Alberto Ealo EH Bilduko zinegotziak oposizioaren “borondate falta” salatu du: “Urriaren 24an jakinarazi genien proposamenak jasotzeko prest geundela —oraindik zirriborroa osatu gabe zegoenean, ekarpenak errazago txertatzeko moduan— eta horretarako bi aste eman genizkien. Epea amaituta, ez genuen proposamenik jaso. Ondoren, bi alderdiekin partekatu genuen aurrekontuaren zirriborroa, eta berriro ere ekarpenak egiteko aukera zabaldu genuen”.

“PSEk emendakinak aurkezteari ekin beharrean, prentsara jotzea erabaki zuen, marketing edo propaganda ariketa gisa; gainera, emendakinak epez kanpo aurkeztu zituen. EAJ alderdiak, ez du emendakinik aurkezteko saiakera ere ez egin”, esan dute EH Bilduko ordezkariek.

Zentzu horretan, negoziaketarako “eskua luzatuta” izan dutela argudiatu dute ezker koaliziotik, “nahiz eta udalbatzan gehiengoa izan”.

Eta adibide gisa azaldu dute 2021etik oposizioaren 23 emendakin onartu dituztela: “Horietatik 13 eginda daude, eta beste bost bideratuta ditugu”, esan du Espillak, eta gaineratu du: “Egia da asko iaz onartutako proiektuak direla, baina egia da ere batzuk bideratuta dagoela dagoeneko, bidean daudela”.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaoko Auzoak plataforman desadostasunak daude 2026ko Udal Aurrekontua dela eta

|

Auzoak plataformako kideak, 2023ko udal hauteskundeen aurkezpenean // Auzoak Galdakao

EH Bilduk, UHk eta Auzoakek osatzen duten Galdakaoko gobernu taldeak 2026ko aurrekontu proposamena aurkeztu dute gaur goizean prentsaurrekoan, arratsaldean ez-ohiko osoko bilkuran eztabaida egon aurretik.

Eta, bitarte honetan, Auzoak plataformak komunikatu bat argitaratu du sare sozialetan 14:00ak aldera, herriko hedabide batzuk etiketatuta, GEURIA barne.

“Jakinarazi behar dugu EH Bilduk, Usansolo Herriak eta Auzoak osatzen duten gobernu taldeak gaur aurkeztuko duen aurrekontua ez dela gure Auzoakeko batzarrean ez proposatu, ez alderatu, ez eztabaidatu, ez bozkatu ez onartu. Auzoakeko batzarretik behin baino gehiagotan eskatu dugu parte hartzeko interesa, baina Auzoak ordezkatzen duten bi zinegotziek ez diote jaramonik egin gure eskaerari”, salatu dute Facebooken publikatu duten komunikatuan.

Adierazpena Auzoakeko Batzarra osatzen duen “gehiengoak” sinatu duela adierazi dute.

“Atzerapauso larria”

“Udalbatzan onartzeko tramiteak gure batzarraren onespena behar ez badu ere, Auzoaken egoera hau atzerapauso larria da Auzoak proiektuaren funtzionamendu parte-hartzailean eta espiritu asanblearioan”, gaineratu dute.

Auzoakeko bi zinegotziek “zer bozkatuko duten ez” dakiela esan du Auzoakeko batzordearen gehiengoak; “nolanahi ere ziur gaude gure auzoen eta auzotarren ongizaterako erabakirik onena hartuko dutela”.

GEURIAk udalbatzan ordezkaritza duten zinegotziekin hitz egin du eta euren balorazioaren zain gaude. Gainera, Auzoakeko beste kide batzuekin ere jarri gara harremanetan eta adierazi dute plataformako kide guztiak ez zeudela komunikatu horren jakinaren gainean.

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Argazkiak | Galdakaoko Mintzodromoak 120 lagun batu ditu gaur Kurtzeko frontoian

|

Mintzodromoa antolatu dute gaur Galdakaon. Berbalagunak, euskaltegietako eta Bengoetxe, Eguzkibegi eta Elexalde ikastetxeetako ikasleak, herriko elkarteetako ordezkariak eta norbanakoak batu dira euskaraz berba egitera Kurtzeko frontoian. Guztira 120 lagun elkartu dira euskaraz modu parte hartzaile eta lasaian aritzeko.

 

Osorik irakurri

☉ Galdakao

Galdakaok 47,6 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an

Inbertsioetara 4,6 milioi euro bideratuko ditu Udalak, eta bi proiektu estrategiko nabarmendu ditu Espillak: alde batetik, Emakumeen Etxea, eta bestetik, haurreskola berria

|

Udal gobernuko kideak, aurrekontuaren aurkezpenean // Geuria

Galdakaoko Udalak 47,6 milioi euro kudeatuko ditu 2026an, aurten baino % 3,08 gutxiago, Usansoloko Udalarekin egin beharreko kontuak direla eta.

“Usansolok oraindik ez ditu baliabide nahikorik eta zerbitzu batzuk trukean eskaintzen dizkiogu Galdakaoko Udaletik. Usansoloko Udalak zerbitzu horiengatik ordaindu egiten du Galdakaoko Udalak. Eta pixkanaka zor horiek desagertzen joango dira”, zehaztu du Alberto Ealo Ogasun arloko zinegotziak.

Udalkutxatik 22 milioi euroko jasoko ditu Galdakaoko Udalak: “Hori behin behineko kopurua da, eta datorren urte hasieran jakingo dugu zein izango den likidazioa”, dio Ealok.

EH Bilduren, UHren eta Auzoaken aurrekontu proposamen honek herritarren “benetako beharrizanei” erantzuten diela esan du Ealok, “galdakoztarren bizi kalitatea hobetzeko asmoarekin”.

Datuak datu, Zerbitzuak atalera 25,5 milioi euro bideratuko dituzte (% 54), Giza Baliabideetara 13,7 milioi (% 29), Inbertsioetara 4,6 milioi (% 10), Dirulaguntzetara 3,5 milioi euro (% 7) eta Finantza gastuetara 42.700 euro.

Zerbitzuei dagokienez, kirol zerbitzuen partida igo dela azaldu du Edurne Espilla jardungo alkateak: “Igoera bat egon da, Urreta kiroldegia berritzeko lanak direla eta. Aurreikusten dugunez, kiroldegiko obrak udazkenerako egongo dira bukatuta, iraila hasierarako”. Zerbitzu “osoago” bat eskainiko dutela dio Espillak, “eskaintza hobeagoarekin”.

Proiektu estrategikoak

Inbertsioetara 4,6 milioi euro bideratuko ditu Udalak, eta bi proiektu estrategiko nabarmendu ditu Espillak: alde batetik, Emakumeen Etxea, eta bestetik, haurreskola berria.

“Emakumeen Etxea prozesu oso luzea izaten ari da, baina 2026an ikusiko dugu obrak hasiko direla”, dio Espillak. Datorren urteko aurrekontuan 1,6 milioi euro gorde ditu gobernu taldeak.

Haurreskola berriari dagokionez, Agirre Lehendakaria plazakoa egokitzeko Urretan lokal batzuk erosi ditu Udalak, eta 2026an 500.000 euro bideratuko dituzte, “lokal horiek atontzeko”, dio Espillak.

Inbertsioak atalaren barruan ere honakoak daude: HAPOa berritzea (125.000 euro), saneamendua jartzeko lanak (500.000 euro), ur-hornidurarako lanak (500.000 euro), argiteria berriaren inbertsioak (60.000 euro), informatika ekipamenduak (106.000 euro) eta Urreta kiroldegiko azken lanak (milioi bat).

Oposizioaren emendakinik ez

Galdakaoko gobernu taldeak gaur goizean aurkeztu du aurrekontu zirriborroa, eta arratsaldean (16:30) osoko bilkuran eztabaidatuko dute.

Espilla jarduneko alkateak adierazi duenez, oposizioak ez du emendakinik aurkeztu. “Eskua luzatuta izan dugu hasiera-hasieratik, baina ez dugu oposizioaren ekarpenik jaso”, dio Espillak.

“Urriaren 24an, bozeramaileen batzordean, proposamenak egiteko eta euren lehentasunak adierazteko aukera luzatu genien EAJri eta PSEri. Aurten, zirriborroa egin aurretik euren asmoak ezagutu nahi genituen”, esan du Espillak.

Oposizioak azaroaren 6ra arte izan zuen epea proposamenak eta lehentasunak aurkezteko, baina erantzunik jaso ez zutela azaldu du Espillak.

“Eta azaroan EAJk adierazi zigun ez zuela proposamenik egingo zirriborroa esku artean izan arte”, dio Espillak.

PSEk azaroaren 14an jakinarazi zuen ez zuela 2026ko aurrekontua negoziatuko, “2025eko proposamen gehienak bete gabe dauden bitartean”.

Osorik irakurri